Iritzia: Emun

ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?

Azken hamabost urtean aurrerapen handiak egin dira lan munduan euskara txertatzeko bidean, eta horrek isla izan du batez ere azken hamar urteetan euskara plana duten enpresen kopuruan.

Euskara plana duten enpresetan ahalegin handia, ekonomikoa eta bestelakoa, egin dute eta egiten ari dira oraindik ere. Horri esker euskararen erabilerak nabarmen egin du gora enpresa horietako zenbait alorretan.

Dena den, Euskal Herri osoko enpresa guztiak kontuan hartuta, oso gutxik dute euskara normalizatzeko planik eta tipologia oso zehatzetakoak ari dira, batez ere mota hauetakoak: kooperatibak, eskualde euskaldunenetakoak, tamaina ertain edo handikoak.

Euskara plana duten enpresa askotan batez ere azaleko kontuetan eragiten da, eta oraindik ere sormen lan gehienak gaztelaniaz egiten dira, muga handiak baitaude hizkuntza gaitasunaren eta motibazioaren edo/eta hizkuntza ohituren aldetik. Gainera, euskara indartzeko enpresetan egin diren aurrerapen asko soilik enpresa barruan igartzen dira eta ez dira gizartera iristen.

Horren ondorioz, eta gaia landuko duen egitura berezirik ezean, euskara plana duten enpresa askok bakardade sentimendu handia dute.

Aurreko guztiaz gain, ez dugu ahaztu behar arlo sozioekonomikoan badirela beste zenbait eragile ere, sindikatuak eta enpresarien elkarteak esate baterako. Sindikatuen aldetik orain arte egin diren ahaleginak apal samarrak izan dira, eta enpresarien elkarteen aldetik, berriz, ez da egon mugimendu nabarmenik.

Beste eragile bat Administrazio Publikoa da, eta kasu honetan ere egiten dena EAEko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzara mugatzen da, eta ezer gutxi egiten da lan munduarekin zerikusia duten sailetatik. Nafarroan eta Iparraldean are larriagoa da hutsunea. Hala ere, ezin dugu ahaztu zenbait gizarte eragile, Kontseiluaren bultzadaz edo EBPNren ondorioz, udal batzuekin batera arlo honetan eragiteko egiten hasi diren lana.

Gizartearen eta bezeroen aldetik ere ez dago nahikoa presio gaia azkartzeko, eta sarritan euskararen presentziaren aurkako presioa egoten da (batez ere Espainian, baina baita Euskal Herrian bertan ere).

GERORA BEGIRAKO GOGOETA: NON ERAGIN BEHARRA, PREMIARIK LARRIENAK...

Zalantzarik ez dugu oraindik ere lan izugarria dugula lan munduan euskararen erabilera handitzeko. Lanik handienetako bat eskaria handitzekoa da: kontsumitzaileek eta bezeroek alde batetik eta langileek beste batetik euskarak presentzia handiagoa izan dezan nahi izatea lortu behar da. Horretarako, besteak beste, motibazioa handitzeko ekintzak egin beharko dira.

Gaiari zabalkunde handiagoa eman behar zaio (adibidez, kalitate sistemak bultzatzeko egiten den bezala) lan munduko eragileen agendetan euskararen normalizazioa ere sartu dadin.

Zenbait enpresatan lortu diren aurrerapenei eutsi egin behar zaie, izan ere, arriskua baitago atzerapausoak egoteko, prozesua luzea denez, jendea nekatzen joan daitekeelako.

Euskararen erabilera areagotzeko metodologia hobetu egin behar da eta euskara planen norabidea finkatu. Hori guztia ez da komeni arloko aholkularitza enpresen esku bakarrik egoterik, izan ere, euskararen normalizazio prozesua hori baino zabalagoa izan behar baita.

Alorreko eragile guztien arteko elkarlana eta koordinazioa bultzatu behar da, eta horretan Administrazio Publikoak eragite lan handiagoa egin beharko luke eta baliabide gehiago jarri beharko lituzke.

BAT aldizkaria: 
53. 2004ko abendua. Euskararen erabileraren bilakaera azken...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Emun Koop.E.
Urtea: 
2004