Euskararen erabilerari buruzko irakurketa. Aurrera begirako hausnarketa

Azken 20 urteotan euskararen ezagutzak izan duen bilakaera positiboa izan da oro har. Halere, egia da Euskal Herriko batez besteko irakurketaren ondorio dela baieztapen hori eta egoera oso bestelakoa dela lurralde batean eta bestean. Izan ere, 2001eko Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkestan jasotako emaitzen arabera, euskararen galera oraindik nabarmena izaten ari da Iparraldean, eta Nafarroan ia ez da aldaketarik egon azken 10 urteotan. Beraz, euskararen aurrerapena nonbait bada begi-bistakoa eta nabarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) da. Hori, gizarte-mailako babes handiaren eta 80ko hamarkadaren hasieran euskararen alde egiteko harturiko ekintza-neurri positiboen emaitza dela esan daiteke.

Erabilerari dagokionez ere bilakaera bertsua izaten ari da. Iparraldean euskararen erabilera gaur egun duela hamar urte baino txikiagoa da. Jaitsiera hori, gainera, erabilera-eremu guztietan gertatu da, bereziki etxean eta lagunartean. Nafarroan, berriz, hizkuntza-gaitasunarekin gertatu den bezala, oro har ia ez da aldaketarik izan azken hamar urteotan. Eremu formaletan euskararen erabilerak gora egin du zertxobait eta behera etxeko eta lagunarteko erabilerak. EAEn erabilerak gora egin du, eremu formaletan batik bat.

Euskal Herriko egoera, esan bezala, anitza da eta batez besteko irakurketak ez du errealitatea behar bezala islatzen. Beraz, EAE hartuko dugu oinarri euskararen erabilera zertan den eta zerk eragiten duen ikusteko. Izan ere, bertan dugu egoera aztertzeko eszenario aukerakoena.

EUSKARAREN EGOERAREN ADIERAZLE NAGUSIAK

Euskararen egoera EAEn nolakoa den zehazteko hiru aldagai nagusi hartu ditugu kontuan:

  • hizkuntza-gaitasuna (elebidunak)
  • lehen hizkuntza (lehen hizkuntza euskara dutenak)
  • euskararen erabilera (etxeko erabilera)

1991ko zentsuko datuen arabera, EAEko elebidunak biztanleriaren laurdena pasatxo (% 26,4) ziren 1991n. Adinaren arabera, elebidunen portzentajerik handiena 65 urtetik gorakoek (% 30,2) eta 25 urtetik beherakoek (% 32,4) zuten. Bestalde, 25 urtetik gorako elebidunen lehen hizkuntza euskara zen eta gehienetan euskara bakarrik, biak, hau da, euskara eta gaztelania zituztenak oso gutxi baitziren.

25 urtetik beherako elebidunen artean, aldiz, lehen hizkuntza euskara zutenen proportzioa nabarmen txikiagoa zen eta gero eta gehiago ziren lehen hizkuntza erdara bakarrik zutenak.

Aldi berean, 45 urtetik gorakoen artean galera txikiak zeuden, hau da, gehiago ziren lehen hizkuntza euskara bakarrik edo euskara eta gaztelania zutenak elebidun zirenak baino. 45 urtetik beherakoen artean, berriz, ez zegoen galerarik eta zenbat eta gazteago orduan eta irabazi handiagoak.

Etxeko erabilerari dagokionez, euskara gehien erabiltzen zutenak 65 urtetik gorakoak ziren (% 27). Adinak behera egin ahala, behera egiten zuen euskara erabiltzen zutenen proportzioak, nahiz eta gazteenen artean joera-aldaketa gertatu eta hazkunde txikia antzematen hasten zen. Dena dela, 25 urtetik gorakoen artean euskaraz zekitenen eta etxean erabiltzen zutenen aldea txikia zen eta are txikiagoa lehen hizkuntza euskara zutenen eta erabiltzen zutenen artean. Beste era batera esateko, euskaraz zekiten gehienek etxean jaso zuten euskara, eta hizkuntza hori erabiltzen zuten familiakoekin.

Gazteenen artean, berriz, ordura arte oso txikia zen talde bat indarra hartzen hasi zen. Talde hori lehen hizkuntza euskara ez zuten elebidunek, hau da, euskaldun berriek osatzen zuten. Aldi berean, elebidunen eta euskara erabiltzen zutenen arteko aldea handitzen hasi zen; beraz, gero eta elebidun gehiago zegoen etxean euskararik erabiltzen ez zuena.

1991ko egoera, hortaz, hizkuntza-ezaugarriei dagokienez eta adina kontuan hartuta, honela laburbildu daiteke:

25 urtetik gorako elebidun gehienek etxean jaso zuten euskara eta, horietako batzuk galdu bazuten ere, gehienek gorde ez ezik etxean erabili ere egiten zuten.

25 urte baino gutxiago zutenen artean, berriz, ez zegoen galerarik. Izan ere, gero eta gehiago ziren euskara etxetik kanpo ikasi zutenak. Baina etxean euskara erabiltzen zutenen eta zekitenen artean gero eta alde handiagoa zegoen.

 

2001eko zentsuko datuen arabera, elebidunak biztanleriaren herena dira (% 32,2), hamar urte lehenago baino 107.000 lagun gehiago.

Bestalde, 2001ean areagotu egin dira hamar urte lehenago gazteen artean antzemandako joerak. 45 urtetik gorakoen artean ia elebidun guztiek gurasoengandik jaso dute euskara eta oso gutxik galdu dute. Gainera, ia guztiek euskara erabiltzen dute etxean.

Baina, 45 urte baino gutxiago dituztenen artean, elebidunak gero eta gehiago dira eta horien artean gero eta handiagoa da euskara etxetik kanpo, eskolan edo euskaltegian, ikasi dutenen proportzioa, hau da, euskaldun berrien proportzioa.

Erabilerari dagokionez, gero eta gehiago erabiltzen da euskara, oro har. Baina ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzia gero eta handiagoa da. Izan ere, 25 eta 45 urtekoen artean etxean euskara erabiltzen dutenak elebidunen bi heren inguru dira, eta 25 urte baino gutxiago dituztenen artean elebidunen erdia baino gutxiago dira.

 

Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta etxeko erabileraren artean dagoen alde hori ulertzeko, erabileran eragiten duten faktore nagusiak aztertuko ditugu jarraian.

EUSKARAREN ERABILERAN ERAGITEN DUTEN FAKTOREAK

Euskararen erabilera bereziki eragiten duten faktoreak bi dira:

  • Faktore sozioestrukturalak, hau da, euskaldunen dentsitatea sarean, gune soziolinguistikoarekin batera.
  • Faktore psikolinguistikoak, hau da, hizkuntza batean ala bestean jarduteko erraztasun handiagoa ala txikiagoa.

Bi faktore horiek modu desberdinean eragiten dute erabilera-esparru batean eta bestean. Etxeko erabileran, adibidez, euskaldunen dentsitatea erabakigarria da hizkuntza-aukera egiteko orduan. Izan ere, etxean denek euskara dakitenean erabiltzen da euskara, baina nahikoa da norbaitek euskaraz ez jakitea etxean euskaraz nagusiki erdaraz hitz egiteko. Horrek azaltzen du, neurri handian, aurreko grafikoan adin-tramo gazteenean gaitasunaren eta etxeko erabileraren artean antzematen den jauzia.

 

Bestalde, gune soziolinguistikoa zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera. Gune batetik bestera dagoen aldea, gainera, oso nabarmena da. Hurrengo irudian ikus daitekeenez, lehenengo gune soziolinguistikoan (elebidunak <% 20) etxeko erabilera % 10 baino txikiagoa da adin-talde guztietan. Laugarren gunean (elebidunak > % 80), berriz, % 80 baino handiagoa da adin-talde guztietan.

 

Bigarren faktorea hizkuntza-gaitasun erlatiboarena da. Euskaraz hitz egiteko erdaraz baino erraztasun handiagoa duten elebidunek euskara erabiltzen dute etxean. Elebidun orekatuek, berriz, euskara zein erdara erabiltzen dituzte nagusiki eta erdal elebidunek, hau da, erdaraz hobeto moldatzen direnek erdara.

 

Euskararen erabileran bereziki eragiten faktoreak ikusi ondoren, azter dezagun jarraian zeintzuk diren gaur egungo elebidunek dituzten ezaugarri nagusiak.

ELEBIDUNEN EZAUGARRI NAGUSIAK

Gaur egun elebidun gehienak hiri-guneetan bizi dira. Izan ere, EAEko elebidunen bostena (% 21,9) hiru hiriburuetan bizi da eta beste horrenbeste (% 20,8) 20.000 biztanletik gorako udalerrietan. Beraz, elebidun gehienak gune erdaldunetan bizi dira, bereziki lehenengo eta bigarren gune soziolinguistikoetan. Hori dela eta, elebidun horien harreman-sarea oso erdalduna da eta euskaraz normaltasunez jarduteko duten aukera oso txikia.

Bestalde, esan dugun bezala, euskararen irabaziak gero eta handiagoak diren neurrian, euskara etxetik kanpo, bereziki eskolan, ikasi duten elebidunen proportzioa gero eta handiagoa da. Elebidunen artean, oraindik euskaldun zaharrak (% 57,2) euskaldun berriak (% 33,7) baino gehiago dira. Baina 30 urtetik beherakoen artean proportzioak alderantziz dira (% 36,5 euskaldun zaharrak eta % 51,4 euskaldun berriak). Gainera, zenbat eta gazteago orduan eta handiagoa euskaldun berrien proportzioa. Euskaldun berriek, oro har (% 84,1ek), erdara baino ez dute erabiltzen etxean. Erdararen erabilera areagotu egiten da 30 urtetik beherako euskaldun berrien artean (% 90).

 

AURRERA BEGIRA

Urteotan egindako ikerketek erakusten digutenez, egoera aldakorra eta konplexua da oso gurean. Ezer azpimarratzekotan, esan behar euskaldunen kolektiboan errotiko aldaketa kualitatiboa antzematen dela:

euskara bigarren hizkuntza duten gazte elebidunen inkorporazioaren eraginez, euskaldun zaharren pisua txikitzen ari da. Gazteenen artean euskaldun berriak euskaldun zaharrak baino gehiago dira dagoeneko.

Bi kolektiboak kualitatiboki oso ezberdinak dira; euskaraz edo gaztelaniaz mintzatzerakoan duten erraztasunari dagokionez ez ezik familia- eta gizarte-mailako beren harreman-sareetan duten euskaldun-kopuruaren arabera ere. Honek guztiak ikaragarri baldintzatzen du euskararen erabilera.

Hortaz, euskaldun berrien pisua gero eta handiagoa da elebidunen artean eta aldaketa kualitatibo horrek zuzeneko eragina du euskararen erabileran; elebidunek kontra baitituzte, kasu honetan, euskara ohiko hizkuntza gisa erabiltzeko baldintza objektiboak.

Orain arte esandakoa gogoratuz, gehienak gune erdaldunetan bizi dira, euskara eskolan ikasi dute, beraz guraso erdaldunak dituzte. Gainera, elebidunen artean oro har, baina euskaldun berrien artean bereziki, gero eta gehiago dira erdal elebidunak, hau da, hitz egiteko orduan erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoa dutenak.

Gazte elebidun gehiago izate hori hezkuntza-sistema euskaldundu izanari zor zaio; baina hiru elebidunetatik batek bakarrik du euskaraz mintzatzeko etorri, trebetasun eta erraztasun handiagoa gaztelaniaz hitz egiteko baino. Beraz, euskararen erabilera esparru akademikotik harantzago zabaltzeko eta gazte elebidun horiek eskolan eskuratutako hizkuntza-gaitasuna adiskidetasun eta laguntasun-erlazio informaletan sendotzeko programa bereziak abian jartzea lehentasun osokoa da, behin ikastetxea utziz gero gaitasun hori galtzeko arriskurik izan ez dezaten. Zentzu horretan, beharrezkoa da sentimenduei eta afektibitateari loturiko gizarte-indargarriak edota erabilgarritasunari loturikoak areagotzea, lortutako trebetasunak sendo errotu eta berez erabil ditzaten.

Erabilerari gagozkiola, euskararen erabilera handitzen ari da, batez ere, erabilera formaleko esparruetan, baina baita erabilera informalekoetan ere. Egia bada ere, gaitasunaren atzetik doala, bai denboran −hamar bat urte beranduago− bai hazkunde-tasan, eta oraindik urrun dagoela gaztelaniarekin arrakastaz lehiatzetik.

Erabilera areagotzerik nahi badugu lan-lerro bat baino gehiago eta denak batera landu behar ditugu: oraindik orain elebidunak EAEko populazioaren herena gara, kopuru hori hazteko orain artean erabili ditugun estrategiekin jarraitu beharko dugu, behar diren moldaketak eginda; erabilera soziala areagotzeko eskaintza handitu beharko dugu eta hizkuntzaren prestigioa landu; eta horrek lagun dezake egun euskaldun berri direnak etxean transmititzea euskara euren seme-alabei eta hurrengo belaunaldia aurrekoa baino egoera hobeagotik abiatzea.

BAT aldizkaria: 
53. 2004ko abendua. Euskararen erabileraren bilakaera azken...
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Jon Aizpurua, Miren Mateo
Urtea: 
2004