Etorkinak euskal hezkuntzan: sindikatu baten ikuspegia

Arrazoi ezberdinengatik (ekonomikoak, gerrak, jazarpen politikoak eta erlijiosoak...) gero eta nabarmenagoa da etorkinen presentzia Euskal Herrian. Hezkuntzak ere, beste sektoreekin batera, modu egokian erantzun behar dio gizatalde honek eskatzen duen aniztasun egoerari. Baina etorkinen integrazioa egiteke dugun gaietako bat da, nahiz eta hainbat urrats eman direla aitortu behar den.

DATU OROKORRAK

Euskal Herrian hiru administraziopean dauden etorkinen egoera ezberdina da, bai kopuruei dagokionean, lan-baldintzetan, zein babes sozialari dagokionean. Hegoaldean, datu zehatzagoen zain, hamar milatik gora izan daitezke eskolatuta dauden ikasle etorkinak. Gehienak Donostia, Gasteiz, eta Bilbo hiruburuetan biltzen dira (% 65). Nafarroan, Iruñean, Tuteran, eta Lizarran biltzen da gehiengoa. Ipar Euskal Herrian etorkinen fenomenoa zaharragoa da eta denboraren poderioz gatazka sozialak sortzen ari dira, batik bat hiriburuetako institutu handietan eta auzo marjinaletan.

Etorkinen ikasketa-mailari dagokionez, erdiak edo gehiagok bigarren mailako edo goi mailako ikasketak egin dituztela ondorioztatzen da.

Ikasle etorkin hauen jatorriari dagokionez, Hego Amerikatik eta Ertamerikatik heltzen da kopururik handiena, erdia baino gehiago hain zuzen. Afrikarrek osatzen dute bigarren talderik zabalena eta hauen artean magrebiarrak dira gehiengoa. Europa ekialdetik eta Asiatik etorritako ikasle kopurua ere nabarmena da. Europar Batasunetik eta Ipar Amerikatik etorritako ikasleak ere badaude, baina kopuruz gutxiago dira eta, agian, beste era batera onartzen ditugu.

Ikastetxe sareen arteko banaketari dagokionez, gehiengoa ikastetxe publikoetan matrikulatzen da: batez beste, % 70 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan zertxobait altuagoa da portzentaia.

Hizkuntza ereduei dagokionez, adierazgarria da nola bideratzen duten A edo G ereduetara ikasleriaren gehiengoa. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, % 65 A ereduan matrikulatzen da eta gutxiengoa D ereduan. Nafarroari dagokionez, gehiengoa A edo G ereduetan matrikulatzen da. Joera honen atzean dauden arrazoiez eta sortzen diren arazoez eta kezkez geroxeago hitz egingo dugu.

DATUEN IRAKURKETA

Aipaturiko datuei erreparatuta, ondorio batzuk agerian gelditzen dira eta horien inguruan hausnarketa egitea ezinbestekoa dugu.

Etorkinez hitz egiten denean, herrialde pobreetatik datozenez eta maila sozioekonomiko baxua dutenez hitz egiten dela ondorioztatzen da. Herrialde pobreetatik datorkigu gizatalde zabalena, eta lanik txarrenetan eta egoera prekarioenetan beraiek aritzen dira. Aldiz, eta datuei erreparatuz maila sozio-kultural ertaina duena da gehien bat, berdin onartzen al dugu Ipar Amerikatik, Marokotik, Madriletik, edo Senegaletik datorkigun jendea?

Aurreikusten denaren arabera, urtero % 40 bat igo daiteke matrikulaturiko ikasle etorkinen kopurua eta egoera honek garbi erakusten digu erronka berri baten aurrean gaudela. Egin dezagun hausnarketa serioa eta har ditzagun hartu beharreko neurriak erronka hau arazo bihur ez dadin.

Hezkuntza-sistema eta hizkuntza ereduak

Hezkuntza sistemari dagokionez, elkartasun sozialik eza nabarmentzen da pribatuaren aldetik, ez baitute bereganatu nahi, salbuespenak salbuespen, etorkinei dagokien kuota; ondorioz, hezkuntza publikoari zuzentzen zaizkio etorkinen matrikulazio gehienak. Joera honi ez dio arretarik jartzen hezkuntza administrazioak, eta beraz, egoeraren konplize bilakatzen da ghetizazio prozesu honetan.

Hizkuntza ereduei erreparatuz, datuok garbi asko adierazten dute ikastetxeetan matrikulatzeko garaian ikasle etorkinek eta "bertakoek" oso era ezberdinean jokatzen dutela. Ikasle etorkinak eskola jakin batzuetara eta A edo G ereduetara bideratzen jarraitzen dute, nahiz eta azken urtean joera hori zertxobait aldatu den Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Modu honetako hautaketek etorkizunean izan ditzaketen ondorio kaltegarriak begi-bistakoak dira, joera aldatu ezean ikasle hauek ez baitira euskal hiztunak izango.

Egoera honek plangintza bat osatzera eta konpromezuak hartzera behartzen gaitu. Ikastetxea bera baldin bada hezkuntza sistemaren oinarria, konpromezu honetan eskola-komunitate osoa inplikatu behar da. Baina helburua euskal jendartean integratzea bada, elkarlana beharrezkoa izango dugu: udalek, etorkinen elkarteek, sindikatuek, hezkuntza arduradunek, euskalgintzako taldeek... plangintza horretan murgildurik egon behar dute. Jendarteari eta bereziki eskola komunitate osoari (guraso, irakasle, ikasle, langile ez-dozente...) helburuak eta hartu beharreko neurriak ongi azaltzea derrigorrezkoa da. Hasieratik sor daitezkeen kezkak, estereotipoak, eta aurreiritziak argitzea zein gainditzea komenigarria da, eta horretan guztiok dugu erantzukizuna.

Integrazioa konpartitzea da helburua, inolaz ere ez inposatzea. Kultura anitzen ezagutzak eta elkarbizitzak aberastu egiten gaitu eta hauxe da, besteak beste, etorkinek eskaintzen digutena. Baina gure herria, Euskal Herria, ez dago egoera soziolinguistiko eta kultural aldetik trinkotua, zatitua baizik, eta euskal kulturaren trataerak eta babesak zein hizkuntzaren eskubideak eta betebeharrak oso argazki zatitua erakusten dute. Zoritxarrez, gehienetan asimilazio eredua da ezagutzen duguna; estatus handiko hizkuntzek eta kulturek, beren curriculumaren bidez, hizkuntza eta kultura gutxiagotuak irensteko joera erakusten dute. Euskaldunok ongi ezagutzen dugu jazarpen egoera hau eta duela gutxi arte espainol eta frantses estatuek erabakitako hizkuntza eta kultura izan dira bertoko ikastetxeetan transmititu diren bakarrak. Gaur egun ere jarraitzen du inposaketa horrek, nahiz eta hezkuntza arautzeko sasi-autonomia eta curriculumaren portzentai bat garatzeko aukera izan.

Euskarazko irakaskuntza da etorkizuneko apustua, benetan euskalduntzen duen sistema modura ulertuta. Euskal Eskolaren ikuspegitik, euskara eta euskal kultura da guztiok konpartitu behar duguna, baina inork bere hizkuntzari eta kulturari uko egin gabe. Beste era batera esanda, Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan planteamendu pedagogiko egokiak plazaratu behar ditugu, etorkin orok aukera izan dezan euskal lurralde guztietan bere izaera bilakatu eta geure euskal izaerarekin batera bidea jorratu ahal izateko.

Euskaraz ikasteko eskubidea eta abantaila euskal herritar guztiontzat aldarrikatzen dugun bezala, etorkinen seme-alabentzat ere, euskal herritarrak diren heinean, aldarrikapen bera egiten dugu. Gero eta nabariagoa da hizkuntza ereduen politika agortua dagoela. A, G, edo B ereduek ez dutela euskalduntzen frogatua geratu da, eta tokian tokiko euskalduntze planteamendu egokiak egitean (murgiltze eta mantentze ereduetan) datza alternatiba. Etorkinen seme-alabak A, G, edo B ereduetan eskolatzen badira, urteotako lana alferrik egina izango dugu. Etorkizunean, euskal jendartean integratzeko aukerak murriztuak izango dituzte, ez baitira euskal hiztunak izango.

Kultur aniztasunaren aberastasunaz jabetzeko beharrezkoa da etorkinek beren jatorrizko lurraldeak atzean utzi eta Euskal Herrira etortzeko izan dituzten arrazoiak aipatzea eta ulertzea. Era berean, etorkinari jakinarazi behar zaio hau Euskal Herria dela eta berezko ohitura, kultura, hizkuntza, eta abar dituela. Hau guztia jakin ezean, etorkinak beren seme-alabak euskaraz ikastea garrantzitsua dela ohartaraztea zaila litzateke. Horregatik, hain zuzen, sentsibilizazio eta matrikulazio kanpaina bateratuak (arestian aipatu ditugun erakunde zein taldez osatuta) egitea ezinbestekoa dugu, orain arteko joerak aldatu nahi baditugu bederen.

Egoera horrela izanik, zergatik bideratzen dituzte etorkinen seme-alabak A edo G ereduetara? Jasotzen al dute guraso etorkinek behar duten informazioa? Eragile bat baino gehiago izango dira hautu horren atzean, eta interesgarria litzateke horien arrazoiak aztertzea. Ulergarria izan daiteke kultura bereko ikasleak dauden eskoletan matrikulatu nahi izatea seme-alabak, baina komeniko litzateke jakitea nondik jasotzen duten informazioa eta aholkua. Gogoratu behar dugu, interes politiko konkretu batzuen eraginez, euskara eta euskal izaera existitzen denik ere onartu nahi ez dutenen jarrera aktiboa, eta euskalduntzen ez duten ereduei eusteko zein indartzeko egiten dituzten ahaleginak, jokabide hauek asko zailtzen baitute benetako integrazioa euskal jendartean.

Ghetizazioa

Bestalde, bada beste egoera esanguratsu bat: ikastetxe konkretu batzuetan gertatzen den pilaketa edo ghetizazioa. Egoera hori ekiditera eta gainditzera bideratutako neurriak hartzea ezinbestekoa dugu. Arestian aipatutako elkartasun sozialik eza gainditu eta egoera orekatuago batera eramango gaituzten bideak jorratu beharko ditugu. Aztertzekoa litzateke marginazio arriskuan dauden ikastetxeak nolabait prestigiatzeko eta berrikuntza pedagogikoan aitzindari izateko neurri egokienak zeintzuk diren. Ikastetxeko hezkuntza-proiektu erakargarriak bultzatu beharko ditugu, eskola komunitate osoaren inplikazioa lortu, beldurrak eta aurreiritziak gainditu, eta abar. Baina hau guztia ez da boluntarismo hutsarekin lortzen, eta oinarrizkoa da beharrezkoak ditugun formazioa zein baliabideak ikastetxeetan garatzea.

HEZKUNTZA PROIEKTUAK, AURRERA BEGIRA

Edozein hezkuntza-proiektu modu egokian aurrera eraman ahal izateko gutxieneko baldintza langileen inplikazioa bada, are gehiago oraindik aipatzen ari garen egoera honetan. Irakasleen inplikazioa lortzeko, beraien prestakuntza bermatzeko, eta proiektuak jarraipena izan dezan beharrezkoa da lanean modu egonkorrean arituko den langileria izatea ikastetxean. Horrela lortuko baitugu hain beharrezkoak diren jarrera aktiboak eta ikastetxeetan erreferente iraunkorrak izatea.

Ildo beretik, etorkinen azpisail propioa eratu beharko genuke. Bertan, hizkuntza ezberdinak menperatzen dituzten hezitzaile / irakasle eleanitzak arituko lirateke, horretarako behar dituzten hizkuntza zein pedagogi gaitasunak eskura jarriz. Talde hauek ibiltariak izango lirateke eta Berrikuntza Pedagogikoarekin batera plangintza osatu eta aurrera eramango lukete. Etorkinen jatorrizko hizkuntzarekiko hartu-emanak, zein gurasoekiko harremanak bideratzea litzateke hauen zeregin nagusia.

Era berean, irakasleentzako prestakuntza iraunkorra bermatzea oinarrizko abiapuntua izango da. Besteak beste, gaitasun metodologikoak eta didaktikoak eguneratu eta jorratu, bazterkeriari aurre egiteko eta integrazioa bultzatzeko estrategiak landu, hizkuntzaren ikaskuntzarako metodologian prestatu; horiek izango lirateke garatu beharreko formazioko ildo nagusiak. Prestakuntza honetan ikastetxeko langile guztiek, eta ahal den neurrian estamentu guztiek, hartu behar dute parte; guztion inplikazioa lortzea beharrezkoa da. Ildo nagusi hauek garatu eta jorratzeko erakunde ezberdinen elkarlana beharrezkoa izango da, horretarako unibertsitate, aditu, zein berritzeguneetako aholkularien esku hartzea eta plangintza osatzeko administrazio ezberdinen laguntza ekonomikoak ezinbestekoak izango dira.

Ezaguna da, zoritxarrez, materialgintzan dagoen hutsunea ere. Egokiak al dira gaur egun erabiltzen ditugun hainbat testuliburu eta baliabide pedagogiko? Ikasle hauen jatorrizko hizkuntzak, eta munduko beste hainbat, gutxieneko maila batean ezagutzeko materiala esku artean al dugu? Eta horrela bada, erabiltzen al dugu? Arlo honetan ere urrats bereziak egin beharko ditugu, hiztegietan, testuliburuetan, eta abar, beti ere euskararen ikaskuntza abiapuntu modura hartuta, eta lehenetsiz.

Etorkin hauen seme-alabentzat, txikitatik eskolatzen direnean batik bat, murgiltze ereduak bultzatu beharko ditugu, euskalduntze prozesuan aurrerapen naturalak eman ditzaten. Erantzun ezberdina eskatzen dute ikasturte erdian edo adin jakin batekin Euskal Herrira iristen diren ikasleek. Hauentzat "harrera-gelak" edo "trantsizio-gelak" lirateke egokienak. Bertan, euskalduntzean, edukien garapenean, eta integrazio sozialean urratsak eman ditzaten baina beti ere bere adineko/mailako gainontzeko ikasleekin epe ertainera integratzeko helburuarekin. Garapen honetan interesgarria litzateke, beste estrategia askoren artean, "ikaskide tutorearen" zeregina bultzatzea, ikasleen arteko elkarbizitza, elkarlana, eta benetako integrazioa lortzeko asmoarekin.

INTEGRAZIOA LAN-MERKATUAN

Erantzun berezia behar izango dute lan-merkatuan integratzera datozenak, askoz baldintzatuagoak daudelako bai adinez, hizkuntzaz, zein kulturaz. Etorkin multzo honi erantzuteko HHIaren egituraz baliatzea proposatzen dugu, baina jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emanez, bai prestakuntzaren euskalduntzea bultzatuz zein ikasle kupoa handituz. Horretarako HHIaren Lanpostu Zerrendetan aldaketa sakonak eman beharko lirateke, irakasle euskaldunak ziurtatuz eta beraien formazio berezia bultzatuz.

Sistema honek oinarrizko formazioa eskainiko lieke etorkinei; baina bigarren zatia falta zaio, hots, nola integratu formazio minimo batekin lan merkatuan? Ezaguna da, beste balorazio sakonagoetan sartu gabe, etorkin hauek erdi mailako lanpostuak betetzeko aukera izango dutela gehienez jota. Egoera hori bideratzeko edo gainditzeko ezinbestekoa da langile horientzat erdi edo goi mailako formazio-zikloen eskaintza zabaltzea eta euskalduntzea. Horrela, gizatalde honek gutxieneko duintasunarekin lan merkatuan integratzeko aukera izan lezake.

LABURBILDUZ

Laburbilduz, ikasle etorkinen kopurua eta bilakaera ikusita, argi ikusten da erronka baten aurrean gaudela. Euskal jendartean integratzea helburu izanik, euskal jendarteari dagokio urratsak ematea, eta horretan guztion inplikazioa beharrezkoa izango dugu. Hau guztia bideratzeko bitarteko ugari izan beharko genituzke, baina administrazio ezberdinek egingo al lukete zerbait etorkinengatik, gainontzekoentzat egitera ausartzen ez badira?

Urratsak eman direla egia da, baina gehiegi planifikatu gabeak eta oso era desorekatuan Euskal Herriko herrialde ezberdinetan. Honen inguruan ere planifikazio nazionala beharko genuke, estrategiak konpartituz, eta lekuan lekurako erantzun egokiak bideratuz. Oraindik ere gai honen inguruan ezjakintasun handia dago. Gurera iristean, informazio eza handia daukate etorkinek hemengo egoeraz, eta informazio hori behar bezala eman beharko lieketenek, hau da, administrazio ezberdinek, egiten ez dutena herri mugimenduek eta eragileek burutu beharko dugu.

 

BAT aldizkaria: 
52. 2004ko iraila. Euskara eta etorkinak
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Agirre
Urtea: 
2004