Akulturazio estrategiak: Espainiatik etorritako etorkinen estrategiak harrera-gizartera egokitzeko hainbat autonomi elebidunet

Lan honetan, talde arteko harremanetan testuinguru aldaketa baten aurrean (kultura batetik bestera igarotzean) etorkinen egokitzapena harrera-gizartera nola gertatzen den azaltzen duen eredu teorikoa aztertzen da: akulturazio eredua hain zuzen ere (Berry, 1980, 1989). Akulturazioaren fenomenoa norabide bikoitzekoa bada ere, hau da etorkin nahiz harrera-gizartearen aldetik eskatzen ditu egokitzapenak, lan honetan etorkinek harrera-gizartera egokitzeko abian jartzen dituzten estrategiak aztertzen ditugu soilik.

Horrela, gizabanako batzuek edo gizabanako talde batek bere testuinguru kulturala beste batera joateko uzten duenean, harrera-gizarteko kideekin ukipen egoeran jartzen da, eta kulturarteko ukipen honek talde eta gizabanakoengan aldaketak eta egokitzapenak sortaraziko dituen akulturazio-prozesua abiarazten du. Aldaketa hauek maila askotan dute eragina: jarreretan, identitatean, taldearteko jokabideetan, hizkuntza portaeretan eta abar.

Redfield, Linton eta Herskovits-en (1936) arabera akulturazioa bi kultur talde ezberdin eta autonomoren arteko ukipenaren ondorioz sortzen den aldaketa besterik ez da. Beste autore batzuek (Azurmendi, Romay eta Valencia, 1996), berriz, akulturazio hitzari har dakiokeen zentzu negatiboa saihestearren kulturazio hitza erabiltzen dute fenomeno bera adierazteko.

Akulturazioaren gaiari buruzko interesa ez da gaurkoa. Schumann-ek (1978) "akulturazio eredua" planteatzen du bigarren hizkuntzaren jabekuntza "naturalean" eragiten duten aldagai kausalak identifikatzerakoan: sozialak eta afektuzkoak. Autore honen ustez, akulturazioa beste hizkuntza taldean ikasten duenaren integrazio sozial eta psikologikoa da. Bi akulturazio mota bereizten ditu:

  1. gizabanakoa sozialki beste komunitatean integratua dago eta beste hizkuntzarekiko psikologikoki irekia, eta
  2. gizabanakoak beste komunitatea erreferentzia talde modura ikusten du eta talde horren bizimodu eta baloreak kontziente nahiz inkontzienteki hartzeko desioa du. Bestalde hiru integrazio estrategia aipatzen ditu:

a) asimilazioa: exotaldean (norberarena ez den taldea) integratzea endotaldea (norberaren jatorrizko taldea) erreferentzia izateari utzita;

b) adaptazioa: exotaldean integrazio ona lortu baina endotaldearen ezaugarri eta baloreak gordeta eta

c) preserbazioa: endotaldearen arauak eta baloreak mantendu eta exotaldea baztertu.

Clément-ek (1980) ere garrantzi handia ematen dio ingurune kulturalari eta hizkuntza-komunitateen bizitasun erlatiboari "kontestu sozialaren ereduan". Bigarren hizkuntzaren jabekuntzan hizkuntza ikasteaz gain hizkuntza-komunitatearekiko jokabide ereduak garrantzitsuak dira. Horrela, interdependentzia kulturalaren hipotesiaren arabera endotaldean integrazio ona eta taldearen balorazio positiboa izateak, exotaldearen hizkuntzara hurbiltzeko egoera psikologiko egokia baldintzatzen du, norberaren identitate kulturalean mehatxurik gertatu gabe.

Akulturazioak eguneroko giza harremanetan portaera berriak dakartza, eta "akulturazio psikologikoak" egokitzapen horretarako portaera eta estrategia berriei egiten die erreferentzia (Graves, 1967). Berryren ustez (1989) estrategia hauek hiru elementuz osatuak daude: akulturazio jarrerak, portaera aldaketak eta akulturazio estresa (norbanakoak egoera berriei aurre egiteko dituen zailtasunak). Akulturazioa egokitzapen progresibo modura ulertzen du: norbanakoak jatorriko taldetik bereizten dira harrera-gizartera hurbiltzeko. Horrela, jatorrizko taldea eta harrera-gizartea continuum batetako bi muturrak lirateke, eta egokitzapena neurtzeko kontuan hartzen diren adierazleetako batzuk harrera-gizartearekiko harremana edota talde horren baloreak hartzea dira.

Norbanakoaren posizioa zein den jakiteko modurik pragmatikoena bi aspektu hauek kontuan hartzea da (Sabatier eta Berry, 1996): 1) norbanako eta taldeek erabakitzea beraien identitate kulturala eta ohiturak mantentzea balore garrantzitsua den ala ez, eta zein neurritan mantendu behar diren eta 2) norbanako eta taldeentzat beste taldeekiko harremanak garrantzitsuak diren ala ez eta zenbateraino bultzatu behar diren. Ondorioz Berryk (1980, 1989) lau akulturazio estrategia bereizten du:

  • Integrazioa: jatorrizko zein harrera-taldearen kulturarekin identifikatzen direnak.
  • Asimilazioa: jatorrizko kultura harrera-taldearen kulturarekin ordezkatzen dutenak.
  • Banantzea edo segregazioa: beren kulturari eusten diotenak, segregazioaren kasuan talde menperatzailearen kontrolak bultzatuta eta banatzearen kasuan menpeko taldearen borondatez
  • Dekulturazioa: identifikazio kulturalik egiten ez dutenak.

1. Taula: Akulturazio estrategiak (Berry eta laguntzaileak, 1989)

 

Akulturazio jarrera hauek akulturazio portaerekin koerlazionatzen dira hainbat ikerketetan (Berry eta laguntzaileak, 1989), hizkuntza portaera ezberdinak edota talde etniko bateko kide sentitzean islatzen direlarik portaera hauek. Dena den, ez dugu ahaztu behar jarrera eta portaeraren arteko koerlazioa ez dela beti lineala, arazo zaharra dugu portaera eta jarreraren arteko inkonsistentzia (Fishbein eta Ajzen, 1975).

Akulturazio estrategia ezberdinen arteko inkonsistentzia eta gatazkek zailtasunak dakartzate askotan banakoentzat. Sarritan, akulturazio egoerari atxikirik estres egoerak agertzen dira, akulturazio estresa deitu izan dena. Hasiera batean kulturen arteko kontaktuak nahitaez estres egoera zekarrela pentsatu izan bazen ere, gaur egun arrisku faktore modura hartzen da soilik. Akulturazio estresa hiru faktoreren menpe dago: 1) Testuinguruaren efektua, harrera taldearen estrategia (aurreiritziak), etorkin taldearen izaera (estatus altua/baxua) eta une historikoaren ezaugarriak. 2) Egoerarekin lotutako faktorea, nola hautematen den egoera berria (batzuentzako egoera traumatikoa da, beste batzuentzako aukera ona bizi-kalitatea eta beste arlo batzuetan hobetzeko). 3) Estresa toleratzeko gaitasuna eta ezaugarri pertsonalak, norbanakoek honen arabera estres maila ezberdina izango dute.

Testuinguru ezberdinetan egindako ikerketetan frogatu da integrazio estrategia hartzen dutenek estres maila baxuagoa dutela (Berry, 1992).

Berryren akulturazio-eredua beste autore batzuek birmoldatu egin dute (Bourhis, Moïse, Perreault eta Senecal, 1995), kontzeptualizazio berri hauetan harrera taldearen aldaketak kontuan hartzen direlarik. Lan honetan Berryren akulturazio-eredua erabiltzen dugu, gure interesgunea etorkinak direlako eta beste ereduak baino ulerterrazagoa iruditzen zaigulako.

Ikerketa honetan bost erkidego autonomo elebidunetan Espainiatik etorritako etorkinen seme-alabek (bigarren belaunaldiko etorkinak gaizki deituak) abian jartzen dituzten akulturazio estrategiak aztertzen dira eta hauen eragina subjektuek lortzen duten tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza eta erabilpen mailan.

METODOA

Lagina

Datu bilketa bost erkidego autonomo elebidunetan egin zen. Lagina 2.446 subjektu unibertsitarik osatzen dute, era honetara banaturik: Katalunian 500, Euskal Autonomi Erkidegoan 500, Galizian 480, Nafarroan 471 eta Valentzian 495. Subjektuen adinaren batez bestekoa 20,8 urtekoa da. Laginaren % 69.3 emakumezkoak dira eta gainontzeko % 30.7 gizonezkoak. Subjektu guztiek gazteleraz erantzun dute.

Prozedura

Jatorrizko laginetik bi gurasoak autonomia erkidegotik kanpo jaioak dituzten subjektuak aukeratu dira, subjektu hauen akulturazio estrategiak aztertzeko. Garatzen diren estrategi ezberdinak identifikatzeko bi item erabili dira, hauetan zera galdetzen zaielarik: 1)"Globalmente hasta que punto se identifica usted como vasco" eta 2) "Globalmente hasta que punto se identifica usted como español", beste erkidegoetan prozedura bera erabili da, catalan/español Katalunian, valenciano/español Valentzian, gallego/español Galizian eta vasco/español Nafarroan (aipatu behar da kasu honetan nafar identifikazioaz galdetu beharrean euskal identifikazioaz galdetzen dela). Subjektuen erantzuna neurtzeko bost puntuko Likert eskalak erabili dira (1 nada, 2 un poco, 3 moderadamente, 4 muy, 5 completamente). Horrela, lau akulturazio estrategia bereiztu dira: banantzea, "vasco/catalan/gallego/valenciano" itemean 4 baino gutxiago eta "español" itemean 4 edo gehiago puntuatzen dutenak; integrazioa bi itemetan 4 edo gehiago puntuatzen dutenak; asimilizazioa "español" itemean 4 baino gutxiago eta "vasco/catalan/gallego/valenciano" itemean 4 edo gehiago puntuatzen dutenak, eta dekulturazioa bi itemetan 4 baino gutxiago puntuatzen dutenak.

2. Taula: Akulturazio estrategiak

EMAITZAK

Immigrazioa erkidego autonomo ezberdinetan:

Immigrazio tasa neurtzeko lagineko subjektuen gurasoen jatorri geografikoa neurtu da. 3. taulan ikusten denez, Katalunia da immigrazio-tasa altuen daukan erkidego autonomoa, eta EAEn ere subjektuen % 50ek baino gehiagok gutxienez gurasoetako bat kanpotarra du. Bestalde, Galizia da etorkin gutxien duen erkidegoa, eta kopurua hain txikia izanik datu-analisietarako arazoak sortzen dizkigunez, alde batera uztea erabaki dugu. Beraz, ondorengo analisietan Katalunia, EAE, Nafarroa, eta Valentzia bakarrik erabiliko dira.

3 Taula: Gurasoen jatorri geografikoa komunitateen arabera (portzentaiak).

  Biak bertakoak Bata bertakoa bestea kanpokoa Biak kanpokoak
Katalunia 30.5 24 45.5
Euskal A. E. 43.3 24 32.7
Galizia 85.7 9.4 4.9
Nafarroa 63.9 18.4 17.7
Valentzia 55.6 19.2 24.6

 

1. Irudia: Gurasoen jatorri geografikoa komunitateen arabera (portzentaiak).

 

Akulturazio estrategiak erkidego autonomoetan

Erkidego autonomoen arabera akulturazio estrategien banaketa aldatu egiten da. Katalunian gehien ematen den estrategia bi kulturekiko identifikazioa da, hau da, integrazioarena (subjektuen % 36,4); bigarrenik, subjektuen % 28 espainol kulturarekin identifikatzen da (banantze estrategia), eta neurri txikiagoan hautatzen dituzte subjektuek asimilazio eta dekulturazio estrategiak, identitate katalanarekiko identifikazioa eta identifikaziorik eza (% 16,9k bi kasuetan), alegia.

4 Taula: Akulturazio estrategiak (portzentaiak)

  Dekulturazioa Banantzea Asimilazioa Integrazioa
Katalunia 16.9 28 16.9 36.4
Euskal A. E. 22.7 25.2 23.3 27.0
Nafarroa 30.1 47.0 13.3 2.4
Valentzia 5.0 50.4 5.0 35.5

EAEn oso parekatuta daude estrategia ezberdinak: subjektuen laurdena baino gehiago ukipen egoeran dauden bi kulturekin (integrazioa) identifikatzen bada ere (% 27), % 25,2 kultura espainolarekin identifikatzen da (banantzea), % 23,3 euskaldunarekin (asimilazioa) eta, azkenik, % 22,7k dekulturazio estrategia garatzen du (identifikazio eza).

Nafarroako Erkidegoan gehiengoa (% 47) kultura espainolarekin identifikatzen da (banantzea), eta beste portzentaia altu batek dekulturazio estrategia garatzen du (% 30,1). Euskal kulturarekin (asimilazioa) eta bi kulturekin identifikatzen direnak (integrazioa) % 15 inguru besterik ez dira guztira (% 13,3 eta % 2,4, hurrenez hurren).

2. Irudia: Akulturazio estrategiak (portzentaiak)

Valentzian banantzea da gehien erabiltzen den estrategia (% 50,4, subjektuen erdia baino gehiago), bi kulturekiko identifikazioak (integrazioa) jarraitzen dio (% 35,5), eta dekulturazio- eta asimilazio-estrategiak oso subjektu gutxik garatzen dituzte.

Laburbilduz, erkidego autonomo ezberdinetan nagusitzen diren estrategiak ondorengoak dira: Katalunian integrazioa eta banatzea batik bat, EAEn guztiak nahiko parekaturik, Nafarroan banantzea eta neurri txikiagoan dekulturazioa eta Valentzian banantzea eta integrazioa.

Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza

Erkidego autonomo guztietan antzeko emaitzak jaso ditugu. Honela, asimilazio- eta integrazio-estrategiak erabiltzen dituztenek tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza mailarik altuena izaten dute. Erkidego autonomo guztietan egindako bariantza analisiak esanguratsuak izan ziren: Katalunian F (3,215) = 7.975; p<0.01, EAEn F (3,155) = 8.617; p<0.01, Nafarroan F (3,69) = 20.506; p<0.01 eta Valentzian F (3,110) = 4.315; p<0.01.

Kataluniari dagokionean, taldearteko ezberdintasun esanguratsuak aurkitzen ditugu. Horrela, integrazio eta asimilazio estrategiak garatzen dituztenak, dekulturazio eta banantze estrategiak hautatzen dituztenetatik ezberdintzen dira, lehenengoek katalana hobeto baitakite.

5 Taula: Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza

 

Dekulturazioa

1

Banantzea

2

Asimilazioa

3

Integrazioa

4

Katalunia

4.363,4

4.353,4 4.691,2 4.661,2
EAE 2.874 2.563,4 3.312 3.341,2

Nafarroa

1.473 1.273 3.5612 2.75
Valentzia 3.50 3.274 3.87 3.962

1234 Indizeek taldearteko ezberdintasuna esanguratsua dela adierazten dute.

3. Irudia: Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza.

EAEn, integrazioa garatzen dutenak dekulturazio eta banantze estrategiak hautatzen dituztenetatik bereizten dira; asimilazio estrategiakoak, era berean, banantzea garatzen dutenetatik; banantzea egiten dutenak asimilazioa eta integrazioa garatzen dituztenetatik; eta, azkenik, dekulturazioa hautatzen dutenek integrazioa egiten dutenetatik. Kasu honetan ere euskararen ezagutza mailarik altuena integrazio eta asimilazio estrategiakoek lortzen dute.

Nafarroan, dekulturazio eta banantze estrategiak garatzen dituztenak asimilazio estrategia hautatzen dutenetatik ezberdintzen dira. Asimilazioaren bideari heltzen diotenak dira euskara mailarik altuena lortzen dutenak.

Valentzian, bukatzeko, banantze eta integrazio estrategiak garatzen dituztenen artean daude ezberdintasun esanguratsuak; azken hauek lortzen dute, berriro ere, tokian tokiko hizkuntzaren mailarik altuena.

Aipatzekoa da asimilazio eta integrazio estrategiak garatzen dituztenen artean ezberdintasun esanguratsurik ez dagoela.

Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren erabilera

Erkidego autonomo guztietan antzeko emaitzak aurkitzen ditugu. Hau da, asimilazio estrategia garatzen dutenek tokian tokiko hizkuntzaren erabilera mailarik altuena azaltzen dute. Erkidego autonomo guztietan egindako bariantza analisiak esanguratsuak izan ziren: Katalunian F (3,208) = 27.976; p<0.01, EAEn F (3,153) = 11.857; p<0.01, Nafarroan F (3,65) = 19.417; p<0.01 eta Valentzian F (3,110) = 2.310; p>0.05.

6 Taula: Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren erabilera

Akulturazio estrategiak

 

Dekulturazioa

1

Banantzea

2

Asimilazioa

3

Integrazioa

4

Katalunia 2.622,3 2.191,3,4 3.261,2,4 2.872,3
EAE 1.393,4 1.213,4 1.881,2 1.781,2
Nafarroa 1.173 1.033 2.461,2,4 1.253
Valentzia 1.56 1.484 1.85 1.752

1234 Indizeek taldearteko ezberdintasuna esanguratsua dela adierazten dute.

4. Irudia: Akulturazioa eta tokian tokiko hizkuntzaren erabilera

Katalunian hiru erabilera maila bereizten dira: dekulturazioa eta banantzea (mailarik baxuena), integrazioa (ertainekoa) eta asimilazioa (altua). Hiru erabilera maila hauen arteko ezberdintasuna esanguratsua da.

EAEn erabilera oso eskasa izan arren talde guztietan, bi erabilera maila antzeman daitezke: batetik, dekulturazioa edo banantze estrategiak garatzen dituzten pertsonena, eta, bestetik, asimilazioaren eta integrazioaren bidetik doazenak.

Nafarroan bi erabilera maila aurkitzen ditugu: batetik, asimilazio estrategia garatzen dutenena, eta, bestetik, gainontzeko taldeena.

Valentzian ezberdintasun esanguratsuak aurkitzen ditugu banantze eta integrazio estrategiak garatzen dituztenen artean; izan ere, azken hauek dira tokian tokiko hizkuntza gehien erabiltzen dutenak.

Ondorioak

Emaitzetan ikusten denez, erkidego autonomo gehienetan nagusi da integrazio estrategia. Hau da, etorkinen seme-alabak integratuta sentitzen dira beraien autonomi erkidegoan eta aldi berean gurasoen kultura edo kultura horrekiko identifikazioa izaten jarraitzen dute. Hala eta guztiz ere, erkidego autonomo guztietan ez da fenomeno bera ematen, Nafarroaren kasuan dekulturazio- eta banantze-estrategiak dira maizen agertzen direnak -gertaera hau azaltzeko gogoratu behar dugu erkidego autonomo honetan akulturazio estrategiak neurtzeko erabilitako galderetan nafar identifikazioaz galdetu beharrean euskal identifikazioaz galdetzen zela. Hori hala izateak, zalantzarik gabe, emaitzak baldintzatu egiten ditu.

Valentziaren kasua ere berezia da. Erkidego honetan subjektuen erdia ez da harrera-gizarteko kulturarekin identifikatzen. Badirudi Valentzian etorkinen seme-alabek integratzeko beharrik ez dutela eta nahikoa dela espainola izatearekin, behar bada valentziar eta espainiar kultura oso antzekoak ikusten dituztelako.

Tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza mailari dagokionez, asimilazio eta integrazio estrategiak garatzen dituztenak lortzen dute ezagutza mailarik altuena. Bi talde hauen artean, ezagutza mailan ezberdintasun esanguratsurik ez dago. Bai, ordea, erabileran: Nafarroan eta Katalunian, asimilazio estrategia garatzen dutenak, hau da, harrera-gizarteko kulturarekin soilik identifikatzen direnak dira euskara eta katalana gehien erabiltzen dutenak. Beraz, bi erkidego hauetan tokian tokiko hizkuntzaren erabilera nahikoa ziurtatzen duen estrategia bakarra asimilazioa da; izan ere, integrazio estrategia garatzen dutenek nahiz eta tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza ona izan, ez dute joerarik ahal beste erabiltzeko.

Laburbilduz, akulturazio estrategiak hizkuntza portaerekin nola erlazionatzen direnaren arabera bi multzotan sailka daitezke bi perfil desberdinduz: asimilazio edo/eta integrazio estrategiak garatzen dituztenak batetik, eta bestetik, banatze eta dekulturazio estrategiak garatzen dituztenak. Berryren continuum ideia berrartuz, akulturazio estrategiak modu estatikoan ezin dira ulertu, izan ere, akulturazio prozesua dinamikoa da eta norbanakoak harrera-gizartearekin izandako harreman mota, kantitate, kalitate eta abarren arabera intentsitate handiagoz edo txikiagoz garatuko ditu estrategia ezberdinak. Bestalde ezin dugu ahaztu, akulturazio prozesu honetan garrantzia handia dutela harrera-gizartearen hainbat elementuk: besteak beste, erakundeetatik bultzatutako politikak, tolerantzi mailak, gizartearen jarrerek, egoera ekonomikoak eta abar.

Bukatzeko, ikerketa honen muga batzuk ere aipatu nahiko genituzke: batetik, erabili den lagina ez da zoriz hautatua izan; beraz, ezin dugu honen adierazgarritasuna ziurtatu. Hala eta guztiz ere, ikerketa honetan jasotako emaitzak joera nagusien nondik norakoak argitzen joateko informazioa ematen digutelakoan gaude. Bestetik datuak biltzeko autoinforme-galdesorta erabili izanak subjektuen erantzunak baldintzatzen ditu, hainbat galderatan, adibidez hizkuntzen ezagutza neurtzen denean, subjektu guztiek agian ez dute gauza bera ulertzen, subjektu batentzat "yo puedo hablar en euskara" hitz bakar batzuk ezagutzea izan daiteke eta beste batentzako berriz hizkuntza menperatzea, arrazoi honengatik gure ustez etorkizunari begira hizkuntzen ezagutza eta erabilera neurtzeko beste prozedura batzuk erabiltzea komenigarria izan daiteke (behaketa zuzena, adibidez). Azkenik, ikerketa honetan gurasoen jatorria kontuan hartu bada ere, ez da erarik egokienean egin. Izan ere, datuetan gurasoak erkidego autonomoan edo erkidego autonomotik kanpo jaioak diren jaso da, baina ez jatorri zehatza, hau da, non jaio diren. Informazio hori ere oso interesgarria izan daiteke emaitzak interpretatzeko.

AIPAMEN BIBLIOGRAFIKOAK

Azurmendi, M.J., Romay, J. eta Valencia, J.F. (1996). Identidad étnica y relaciones intergrupales en el mundo hispanohablante. In R. Y. Bourhis & J. P. Leyens (ed.), Estereotipos, discriminación y relaciones intergrupales. Madrid: McGraw Hill (241-284 or).

Berry, J. (1980). Acculturation as varieties of adaptation. In P.M. Padilla (ed.), Acculturation: Theory, models and some findings. Boulder, Col.: Westview.

Berry, J. (1989). Acculturation eta adaptation psychologique. In J. Retschitzky, M. Bossel-Lagos eta P. Dasen (ed.), La recherche interculturelle. Paris: L´Harmattan.

Berry, J. (1992). Acculturation and addaptation in a new society. International Migration, 30, 69-85.

Berry, J., Kim, U., Power, S., Joung, M. eta Bujaki, M. (1989). Acculturation attitudes in plural societies. Applied psychology, 38, 185-206.

Bourhis, R. Y., Moïse, C. L., Perreault, S. eta Senecal, S. (1997). Towards an Interactive Acculturation Model: A Social Psychological Approach. In A. Mummendey eta B. Simon (ed.), Identity and Diversity. Universitat Munster: Munster.

Clément, R. (1980). Ethnicity, contact and communicative competence in a second language. In H. Giles, W.P. Robinson & P.M. Smith (ed.), Language: Social psychological perspectives. Oxford: Pergamon.

Fishbein, M. eta Ajzen, I. (1975) Belief, Attitude, Intention and Behavior. An Introduction to Theory and Research. Rearding, MA: Addison-Wesley.

Graves, T. (1967). Psychological acculturation in a tri-ethnic community. South-western Journal of Anthropology, 23, 337-350.

Redfield, R., Linton, R. eta Herskovits, M.J. (1936). Memorandum on the study of acculturation. American Anthropologist, 38, 149-152.

Sabatier, C. eta Berry, J. (1996). Inmigración y aculturación. In R. Y. Bourhis eta J. P. Leyens (ed.), Estereotipos, discriminación y relaciones intergrupales. Madrid: McGraw Hill (217-239 or).

Schumann, J.H. (1978). The acculturation model for second language acquisition. In R.C. Gingras (ed.), Second language acquisition and foreign language teaching. Arlington: Center for Applied Linguistics.

BAT aldizkaria: 
52. 2004ko iraila. Euskara eta etorkinak
Kokapen geografikoa: 
EAE
Nafarroa
Katalunia
Egilea(k): 
Iñaki Garcia, Nekane Arratibel
Urtea: 
2004