Euskararen Datu-Basea -EDB 1.0-

Ildo beretik, eta bi errealitate horien arteko harremanetan sakontzeko asmoz, Eraginkortasun Indizeak eraiki ditugu EDB 1.0n. Euskararen kale erabileraren eraginkortasun indizea, behatutako erabileraren eta neurtutako ezagutzaren arteko ratioa da. Indize honek data, eremu eta gizatalde jakin baten ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana laburbiltzen du.

EDB 1.0k hogei pantaila-eredu desberdin biltzen ditu. Lehenengo pantailan lau leiho agertzen zaizkigu. Leiho bakoitzean informazio mota bat dugu: goialdean ezagutza eta erabilera datuak agertzen zaizkigu, eta behealdean eraginkortasun indizea eta matrikulazio datuak.

Informazioa bi modutara ikus dezakegu atal honetan: eremua testuinguruan kokatu, hau da, aukeratutako udalerria bere eskualdeko datuarekin, herrialdekoarekin, eta Euskal Herrikoarekin alderatuko da; eta eremuaren barne osaketa, hau da, Euskal Herria aukeratzerakoan herrialdeetako datuak alderatuko dira, eta herrialde bat aukeratzerakoan bertako eskualdeetako datuak alderatuko dira.

Atal bakoitzean azken datuak edo bilakaera datuak eskaintzen dira. Ezagutzaren bilakaera 1986tik 2001era bitartekoa da; erabileraren eta eraginkortasun indizearen bilakaera 1989tik 2001era bitartekoa; eta hezkuntza datuak 1982/1983 ikasturtetik 2001/2002 ikasturte bitartekoa da.

Eremu bati buruzko informaziorik ez dagoenean, eremu hori kokatua dagoen hurrengo mailako eremuari buruzko datuak erakutsiko ditu EDB 1.0k. Adibidez, udalerri bateko egoera eskaintzen denean, eta erabilerari buruzko datuak udalerrika ez ditugunez, udalerri hori bere baitan biltzen duen eskualdearen erabilera aurkeztuko digu EDB 1.0k. Eskualdeari buruzko informaziorik ere ez badago, herrialdearena aurkeztuko du EDB 1.0k, eta abar.

Eta hirugarrena, tarteko aukera, guk hautatu duguna: haurren ezagutzaren kalkulua egitea, eta emaitza horiek Ipar Euskal Herriko zein Euskal Herriko hiztun guztien ezagutza finkatzerakoan kontuan izatea, baina 'Ipar Euskal Herriko haurren ezagutza datuak' bere horretan aurkezteari muzin egitea.

Azal dezagun, beraz, Ipar Euskal Herriko haurren (2-14 urte) ezagutza nola kalkulatu dugun

Étude de l´histoire famíliale

Hala ere, ez dezagun pentsa aurkeztuko ditugun emaitzetan horrek eragin dezakeen desbideratzea eta desitxuratzea oso handia izango denik. Azken batean, badakigu Ipar Euskal Herriko haurrek Euskal Herri osoko hiztunen %1,3 besterik ez zutela osatzen 1991., 1996. eta 2001. urteetan. Bestalde, Euskal Herri osoko haurren %10 inguru osatzen dute soilik

Bukatzeko, gogoratu nahiko genuke

EDBk euskararen orotariko datu-biltegi demolinguistikoa osatzeko bidean ekarpen bat izan nahi duela. Ekarpenen hori euskararen normalizazioaren arloan dihardugunontzat baliagarria izango delakoan gaude. Beraz, SEIk aurrera begira EDB euskal komunitatearen, erakundeen zein instituzioen esku utziko du, izan ere, gure nahia esku artean dugun tresna hau ahalik eta gehien erabiltzea eta zabaltzea baita.

SARRERA

 Euskararen Datu-Basea 1.0 –EDB 1.0- SEI Elkarteak eta Aztiker Soziologia ikerguneak elkarlanean buruturiko egitasmoa da. Datu-base honek Udalbiltzaren laguntza ekonomikoa jaso du.   EDB 1.0 euskararen datu estatistikoen biltegi bat da. Iturri batetik eta bestetik datu asko jasotzen dira, baina datu horiek sakabanatuta geratu ohi dira. EDBren lehen bertsio honek datu horietako batzuk bildu eta bateratu egin ditu, eta gainera publikoki eskaintzen ditu www.sortu.org/edb web-gunean. Horrez gain, Euskal Herri mailako estimazioak egin dira, besteak beste. Hala, lehen aldiz Euskal Herri osoko hiztun guztien datu estimatuak ditugu, lurraldez lurralde banatuta, adinaren, sexuaren eta bilakaeraren arabera. Informazio hori guztia erraz ikusi eta aztertzeko, batetik, Internet teknologia erabili dugu; eta bestetik, irudi grafiko eta mapei garrantzi berezia eman diegu.

EDBren ezaugarri nagusiak

Hizkuntza biziaren euskarri behinena bere hiztunak dira, pertsonak alegia. Horregatik, hizkuntzaren demografia, edo zehatzago demolinguistika, hizkuntzaren errealitatea ezagutzeko tresna oso garrantzitsua da. Zenbat hiztun diren, zein lurraldetan bizi diren, lurralde horietan nola banatzen diren, zein adinetakoak diren, biztanleriaren zer proportzio diren, elebakarrak ala elebidunak diren... Horrelako kontuak ditu jakingarri demolinguistikak.

 Euskaldunei buruzko datu demolinguistikoak osatu gabe eta sakabanatuak daude. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek, hainbat udalek, mankomunitatek, eta bestelako elkarte eta erakundek aldian aldiro ikerketak eta datu-bilketa lanak egin ohi dituzte. Gaur aurkeztera gatozen Euskararen Datu-Baseak horietako zenbait datu nagusi jaso eta bateratu nahi ditu. Proiektuaren ekarpenak hiru alderditan laburbil ditzakegu: lurraldeen zehaztapena, datuen osotasuna, eta datuak bateratzeko erabili den metodologia.

Lurraldeen zehaztapena

Informazio demolinguistikoa erabilgarria izateko datuen espazioa, beren kokapena, ondo zehaztea behar-beharrezkoa da. EDBk zorrotz eta zabal aztertu du euskaldunen lurraldea. Eraikitako mapak irizpide askotarikoen emaitzak dira. Informazioa ustiatzeko oinarrizko erreferentzia udalerria da, hortik gora eskualde, herrialde, eta Euskal Herri mailako datuak eskaintzen ditu EDBk[1].

Osotasuna

EDBk euskararen orotariko datu-biltegi demolinguistikoa osatzeko bidean beste ekarpen bat izan nahi du. Erabilera publikoko datu biltegia delarik, erakunde guztietarako, publiko zein pribatu, tresna erabilgarria izateaz gainera, alor honetan dauden edo egon daitezkeen gainontzekoekin osagarria eta uztargarria da.

 EDB 1.0k lau sailetan banatzen du informazioa: ezagutza datuak, erabilera datuak, eraginkortasun indizeak eta matrikulazio datuak. Datu horiek adin-taldeka, sexuaren arabera, eta bilakaeraren arabera ikus daitezke esparru ezberdinetan, guztiak geografikoki banatuta, hau da, udalerrika –kasu batzuetan- eta hortik gora eskualdeka, herrialdeka eta Euskal Herri mailan. 

Metodologia

Askotariko datu-iturrietatik jasotzeak kontraesan bat baino gehiago ekarri du. Izan ere, datuak batetik bestera ez baitatoz bat. Horrek metodologia alorrean erabakiak hartzera behartu gaitu. Bestalde, zenbait kasutan, datuen faltagatik, estimazioak egin behar izan ditugu. Egindako eragiketa guztien aurrean gardentasunez jokatu dugu; hala, erabili ditugun formulak eta irizpideak agerian jarri ditugu “metodologia oharrak” atalean, erabiltzaileak ikusi eta epai ditzan.

Gardentasunarekin batera sinpletasuna bilatu nahi izan dugu, informazioa ulerterraza eta erabilgarria izatea, alegia. Horretarako, Interneteko teknologia aurreratuez baliatu gara, eta grafikoei eta mapei garrantzi berezia eman diegu[2].

EDB 1.0ren EDUKIAK

EDBren lehenengo bertsio honetan, hiru informazio mota aurkezten ditugu: euskararen ezagutzari buruzko datuak, erabilerari buruzkoak eta euskarak hezkuntzan duen tokiari buruzkoak. Jakina da lehenengo biak erlazio estua dutena, hizkuntza jakitea ezinbestekoa baita erabili ahal izateko. Bi errealitate horien arteko erlazioa ikergai izan du SEIk kale erabileraren azken neurketaren azterketetan (ikus Bataldizkaria, 43. zenbakia).

Ildo beretik, eta bi errealitate horien arteko harremanetan sakontzeko asmoz, Eraginkortasun Indizeak eraiki ditugu EDB 1.0n. Euskararen kale erabileraren eraginkortasun indizea, behatutako erabileraren eta neurtutako ezagutzaren arteko ratioa da. Indize honek data, eremu eta gizatalde jakin baten ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana laburbiltzen du. Horrela, indizeak ematen duen balioa zenbat eta handiagoa izan, eremu horretako euskaldunek orduan eta gehiago erabili duten seinale. Hau da: demagun egun jakin batean eginiko neurketan, bi eskualdetako erabilera %15 dela. Bietako batean, ordea, ezagutza %20 besterik ez da, eta bestean, berriz, euskaldunak %90 izatera iristen dira. Kasu horretan, lehenengoaren Eraginkortasun Indizea 75 izango da (%15 zati %20 bider 100) eta bigarrengoarena, berriz, 16,7 (%15 zati %90 bider 100). Alde horrek zera adierazten du: erabilera kopuru bera izanda ere, euskaraz dakitenetatik askoz gehiagok erabiltzen dutela lehenengoan, bigarrenean baino. Beraz, eraginkortasun-indizeak 0 eta 100 arteko balioak har ditzake. Indize hau honela formulatu daiteke zehazki:

Eraginkortasun Indizea = 100 * Erabilera (%) / Ezagutza (%).

Ezagutzaren eta erabileraren berri ematen diguten datuen jatorrizko operazioak ez dira beti urte berean egiten. Horrek zenbait moldaketa egitera behartu gaitu. Izan ere, Eraginkortasun Indizeak Erabileraren Kale Neurketak egin diren aldi guztietarako (1989., 1993., 1997. eta 2001. urteetan) kalkulatu ditugu. 2001. urtearen kasuan, urte horretan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko herritarrek zuten euskararen ezagutzaren berri ematen diguten zentsuak egin zirenez, aurreko formula zuzenean aplikatu besterik ez dugu. Gainerako hiru urteetarako, ordea, urte zehatz horietan ezagutzaren berri ematen diguten zentsu edo erroldarik egin ez zutenez, kalkuluak egin behar izan ditugu, urte horiek baino lehenagoko eta ondorengo datuak kontuan izanda. Zehazki, honako formulen bidez atera ditugu zentsu edo erroldak egin ez ziren urteetarako ehunekoak:

  • Euskaldunak1989% = Euskaldunak% 1986 + ((Euskaldunak%1991-Euskaldunak%1986)*(1989-1986)/(1991-1986))
  • Euskaldunak1993% = Euskaldunak% 1991 + ((Euskaldunak%1996-Euskaldunak%1991)*(1993-1991)/(1996-1991))
  • Euskaldunak1997% = Euskaldunak% 1996 + ((Euskaldunak%2001-Euskaldunak%1996)*(1997-1996)/(2001-1996))

 Informazio iturriak

Hona hemen, Euskararen Datu-Basearen 1.0 bertsioak biltzen dituen datuen iturriak:

  •  Biztanleria datuetarako, EUSTAT, INE, IEN eta INSEE: biztanleria zentsuak, biztanle erroldak eta biztanleriaren estatistikak.
  • Euskararen ezagutza datuetarako, EUSTAT eta IEN: biztanleria zentsuak eta biztanleriaren estatistikak (1986, 1991, 1996 eta 2001). Euskal Herri osoko emaitzen kalkulua egiteko, halaber, Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundeak egina, 1991koa, 1996koa eta 2001ekoa) erabili da.
  • Euskararen erabilera datuetarako, EKB eta SEI: Euskararen Kale Erabileraren Neurketak, 1989, 1993, 1997 eta 2001.
  • Eraginkortasun indizea aurreko bi iturrietatik hornitzen da, hain zuzen, ezagutza datuetatik eta euskararen kale erabilera datuetatik.
  • Irakaskuntzari buruzko datuetarako, AZTIKER: Euskal Herria Datuen Talaiatik. Honako datuon jatorrizko iturriaz zera diote liburu horretan: "Hezkuntzan, hizkuntza ereduei buruzko informazioa lortzeko, irakaskuntzaren estatistikez gain, gobernu erakundeetara jo behar izan dugu datuetan zeuden hutsuneak, ahal zen neurrian, osatzeko. Zehazki, Nafarroa Garaiko Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamendura eta Frantziako Estatuko Inspection Académique-ra jo dugu. Horrez gain, hezkuntza alorreko zenbait elkartek emandako informazioa eta gaiaren inguruko bibliografia ere lagungarria gertatu zaigu, denbora serieak egiterakoan eta Unibertsitateaz aritzerakoan gehienbat" (Metodologia oharrak, V).

 WEB-GUNEAREN ANTOLAKETA


EDB 1.0k hogei pantaila-eredu desberdin biltzen ditu. Lehenengo pantailan lau leiho agertzen zaizkigu. Leiho bakoitzean informazio mota bat dugu: goialdean ezagutza eta erabilera datuak agertzen zaizkigu, eta behealdean eraginkortasun indizea eta matrikulazio datuak.Ikus dezagun behean lehenengo pantaila:



Pantailaren goialdean agertzen diren ikonoen edukiak honako hauek dira.

Ikuspegi orokorra

EDB 1.0ren informazioa hiru eratara ikus daiteke atal honetan: emaitza nagusien arabera, adinaren arabera[3] eta sexuaren arabera.

Eremuak alderatu

Informazioa bi modutara ikus dezakegu atal honetan: eremua testuinguruan kokatu, hau da, aukeratutako udalerria bere eskualdeko datuarekin, herrialdekoarekin, eta Euskal Herrikoarekin alderatuko da; eta eremuaren barne osaketa, hau da, Euskal Herria aukeratzerakoan herrialdeetako datuak alderatuko dira, eta herrialde bat aukeratzerakoan bertako eskualdeetako datuak alderatuko dira. Adibide gisa, beheko pantailan Altsasuko datuak ikus ditzakegu bere testuinguruarekin alderatuta:


 

Mapak

EDB 1.0k hiru mapa mota erakusten ditu: herrialdeen mapak, eskualdeen mapak eta udalerrien mapa (ikus behean).


 

Gaika

Hiru gaien arabera erakusten digu informazioa: ezagutza, erabilera eta hezkuntza.

Atal bakoitzean azken datuak edo bilakaera datuak eskaintzen dira. Ezagutzaren bilakaera 1986tik 2001era bitartekoa da; erabileraren eta eraginkortasun indizearen bilakaera 1989tik 2001era bitartekoa; eta hezkuntza datuak 1982/1983 ikasturtetik 2001/2002 ikasturte bitartekoa da.

Ikus dezagun, beraz, eduki horien eskema, EDBn web-gunearen mapa izendatu duguna:


Datu guztiak tauletan ikusi ditzakegu, bertan emaitzak datu absolututan eta ehunekotan jasotzen dira.

 Bestalde, irudiak esportatzeko aukera ere ematen du EDBk. Hala, datuen taulak, irudi grafikoak eta mapak beste aplikazio batean, word, excel, edo antzekoetan, itsatsi ditzakegu.

 LURRALDEEN BANAKETA

Herrialdeak

Tamalez, eta erabili ditugun jatorrizko iturriek ezarritako mugak direla-eta, Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako ez dugu emaitzarik lortu ez udalerrietarako, ez eskualdeetarako, ezta herrialdeetarako ere. Hiru lurralde horietarako orotariko emaitzak besterik ez ditugu lortu, eta horrela eskaintzen ditugu EDBren lehenengo bertsio honetan.

Eskualdeak

"Euskal Herria datuen talaiatik" lanean erabiltzen den eskualdekatze bera hartu dugu oinarritzat. Bertan azaltzen denez, "erabilitako irizpidea honakoa izan da: Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako, EUSTATek erabiltzen duen eskualdekatzea oinarritzat hartu dugu, eta honako bi moldaketak egin dizkiogu: Arabako eskualde gisa hartu dugu Trebiñoko konderria, eta eskualde berezi batean bildu ditugu Trebiño eta Argantzun; Villaverde Turtziozko udalerria, berriz, Enkarterriko eskualdean (eta Bizkaian) sartu dugu. Nafarroa Garairako, IENek erabiltzen duen eskualdekatzea bere horretan hartu dugu, eta Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako Euskaltzaindiak erabiltzen duena."

 Esan bezala, ezagutza datuak, erabilera datuak eta hezkuntza datuak biltzen ditu EDB 1.0-k. Datu horiek Euskal Herri mailan eta herrialde mailan ikus daitezke, bai eta, kasu batzuetan, eskualde mailan eta udalerri mailan ere. Ezin izan dugu eskualde eta udalerri guztietarako datu fidagarririk eskuratu. Izan ere, batzuetan ez baitira datu horiek jaso, eta bestetan, datu-bilketa metodoak ez baitu eremu txikietan emaitzen fidagarritasuna ziurtatzen, esate baterako, erabileraren neurketan udalerri mailako datuetan.

Eremu bati buruzko informaziorik ez dagoenean, eremu hori kokatua dagoen hurrengo mailako eremuari buruzko datuak erakutsiko ditu EDB 1.0k. Adibidez, udalerri bateko egoera eskaintzen denean, eta erabilerari buruzko datuak udalerrika ez ditugunez, udalerri hori bere baitan biltzen duen eskualdearen erabilera aurkeztuko digu EDB 1.0k. Eskualdeari buruzko informaziorik ere ez badago, herrialdearena aurkeztuko du EDB 1.0k, eta abar.

 EUSKARAREN EZAGUTZARI BURUZKO DATUEN INGURUAN EGINDAKO ERAGIKETAK

Euskararen ezagutza aztertzeko zentsuetako datuak hartu ditugu. Aukeran, inkesta soziolinguistikoa ere har genezakeen iturritzat, baina horrek dituen mugak ezagututa (16 urtetik gorako biztanleria soilik aintzat hartzea, gehienera ere herrialdekako datuak ematea, eta ez udalerri edo eskualde mailakoak, lagin batean oinarrituta egotea...), zentsuen aldeko hautua egitera eraman gaitu. Horrek, ordea, eragozpen nagusi bat ekarri digu, eremu jakin batzuei buruzko informaziorik ez izatea, alegia. Izan ere, Trebiñon (Araba), Villaverde Turtziozen (Bizkaia) eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan diharduten estatistika institutu ofizialek egiten dituzten zentsuek ez dute jasotzen euskararen ezagutzari buruzko daturik.

 Frantziako Estatuaren administraziopean dauden hiru euskal herrialde horietarako zentsuko daturik ez izateak sortzen duen hutsunea betetzeko asmoz, hiru lurralde horietarako, Soziolinguistikako Inkestatik hartu ditugu euskararen ezagutzaren emaitzak. Badakigu zentsuaren eta Soziolinguistikako Inkestaren (SLI) emaitzak ez direla zuzen-zuzenean alderagarriak, ez hainbeste euskaldunen kopurua zehazterakoan, erdaldunena eta 'ia euskaldunena' finkatzerakoan baizik. SLIk, gainera, ez du biltzen 16 urtetik azpiko herritarrei buruzko informaziorik. Horregatik, SLIn oinarrituta Ipar Euskal Herriko (eta Euskal Herriko) emaitzak ateratzeko, zenbait kalkulu egin behar izan ditugu. Azal dezagun, beraz, kalkulu horiek egiteko zein prozedura jarraitu dugun eta bide horretan zein hautu egin ditugun.

 Lehenik eta behin, Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako, 2 urtetik gorako biztanleriaren datuak (horiek jotzen baititugu hiztuntzat) erroldetatik hartu ditugu. Zehazki, 1986, 1991, 1996 eta 2001 urteetarako, kasu bakoitzean erroldarik hurbilenekotik hartu ditugu: 1990eko erroldatik 1986rako eta 1991rako, 1999kotik 1996ko eta 2001eko datuetarako. Errolda horietatik, hiztun kopurua eta sexuaren eta adinaren araberako banaketa hartu dugu.

 Ondoren, SLIko datuak hartu ditugu 15 urtetik gorako biztanleetan euskararen ezagutza kalkulatzeko. Zentsuek, batetik, eta Soziolinguistikako Inkestek, bestetik, euskararen ezagutza ezberdin neurtzen dutenez, honako oinarrizko baliokidetzak ezarri ditugu:

 

Soziolinguistikazko inkesta (SLI)  

Zentsuak eta biztanleriaren estatistikak

Euskaldun elebakarrak + elebidunak

»

Euskaldunak

Elebidun hartzaileak »

Ia euskaldunak

Erdaldun elebakarrak » Erdaldunak

 

 Baliokidetza horiek adin talde guztiei zein bi sexuei ezarri dizkiegu (gazteetan, 16-24 urte bitartekoen ezagutza maila 15-24 urte bitarteko gazte guztiei ezarri diegu). Honela, biztanle kopuruak erroldatik hartu eta horiei SLIko ehunekoak ezarrita, 1991, 1996 eta 2001 urteetan Ipar Euskal Herriko 15 urtetik gorako herritarrak ezagutzaren arabera nola banatuko liratekeen kalkulatu dugu.

 Euskararen egoeraren berri ematen diguten iturriek, ordea, EZINEZKO egiten dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurren ezagutzaren berri jakitea. Izan ere, SLI berak ere ez du biltzen haurren ezagutzari buruzko informaziorik, eta horregatik, ez dago Ipar Euskal Herriko haurren ezagutzaren berri zuzenean emango digun inolako iturririk. Hutsune horren aurrean, hiru aukera genituen: lehenengoa, aukera errazena, haurrei buruzko informazio fidagarririk ezean, hiztun guztiei buruzko ezagutza daturik ez ematea Ipar Euskal Herrirako eta, beraz, ezta Euskal Herri osorako ere. Bigarrena, aukera ausartena, Ipar Euskal Herriko haurren ezagutza datuak nola edo hala kalkulatzea eta EDBn emaitza horiek zuzenean sartzea. Eta hirugarrena, tarteko aukera, guk hautatu duguna: haurren ezagutzaren kalkulua egitea, eta emaitza horiek Ipar Euskal Herriko zein Euskal Herriko hiztun guztien ezagutza finkatzerakoan kontuan izatea, baina 'Ipar Euskal Herriko haurren ezagutza datuak' bere horretan aurkezteari muzin egitea.

Azal dezagun, beraz, Ipar Euskal Herriko haurren (2-14 urte) ezagutza nola kalkulatu dugun: aukera guztiak aintzat hartu ostean, Ipar Euskal Herriko haurren (2-14 urte) euskararen ezagutza kalkulatzeko, 2001eko SLIn gazteen ezagutzari eman dioten ehunekoa hartu dugu 1991., 1996. eta 2001. urteetarako. Zertan oinarritzen dugu hartutako erabakia? 2001. urtean 16 eta 24 urte zituzten gazteak, 6 eta 14 urte bitarteko haurrak ziren hamar urte lehenago, 1991. urtean, alegia. Horregatik, eta datu sendoagorik ezean, zilegi bekigu 1991. urteko haurren ezagutza 2001eko gazteen maila berean jartzea. Zailagoa zaigu 1996. eta 2001. urteetarako haurren ezagutza finkatzen lagunduko diguten oinarriak ezartzea. Dena den, ditugun datuekin, 1991ko maila bertsuan egongo dela pentsatzeko aski arrazoi badago: batetik, badirudi Ipar Euskal Herrian familiako transmisioan ez zela aldaketa handirik izango 1991tik 2001era (hori adierazten dute INSEEk 1999. urtean egindako Étude de l´histoire famíliale ikerketan hizkuntzaren transmisioaz jasotako datuek). Bestetik, eskolan haurrak euskalduntzea ziurtatzen duen eredu bakarrak (D ereduak alegia) lehen hezkuntzan izandako igoerak (1991ko %3,4tik 1996 eta 2001eko %4,8 eta %5,7ra), erlatiboki oso handia izanda ere, ez dirudi 1991ko ezagutza datuak era nabarmenean aldaraziko zuenik. Horregatik, bada, 1991ko ehuneko berak aplikatu dizkiegu 1996ko eta 2001eko haurrei ere. Horrela bada, azkenean, 1991rako, 1996rako eta 2001erako, 2001eko gazteen ezagutza bera ezarri diegu Ipar Euskal Herriko haurrei. Inolako ezbairik gabe, jatorrizko iturrien hutsuneak gainditzeko bidean egindako ariketen artean honako hau dugu zalantzazkoena.

 Hala ere, ez dezagun pentsa aurkeztuko ditugun emaitzetan horrek eragin dezakeen desbideratzea eta desitxuratzea oso handia izango denik. Azken batean, badakigu Ipar Euskal Herriko haurrek Euskal Herri osoko hiztunen %1,3 besterik ez zutela osatzen 1991., 1996. eta 2001. urteetan. Bestalde, Euskal Herri osoko haurren %10 inguru osatzen dute soilik (%8,3 1991. urtean, %10,5 1996an eta %11,8 2001, urtean), eta Ipar Euskal Herriko hiztunen %15 (%15,1 1990. urtean eta %14,3a 1999an). Horrela, badakigu haurren ezagutzari buruz egindako kalkulu ezinbestez kaskar horrek, Ipar Euskal Herriko ezagutza orokorraren baitan edo Euskal Herri osoko haurren ezagutzaren baitan eragin ahal izango duen distortsioa txikia izango dela, eta hutsaren hurrengoa, berriz, Euskal Herri osoko hiztunen ezagutza kalkulatzerakoan.

 Orain arte azaldu dugun moduan, adinka kalkulatutako kopuruak batuta, Ipar Euskal Herriko hiztunen ezagutza kalkulatu dugu (bai zenbaki absolutuetan bai ehunekoetan) 1991., 1996. eta 2001. urteetarako.

 1986 urtean, baina, ez zen Inkesta Soziolinguistikorik egin. Horregatik, EDBn ez dugu aurkeztu data eta eremu horretarako ezagutza daturik Ipar Euskal Herrirako. Euskal Herri osoko emaitza orokorrak aurkezterakoan, berriz, honela kalkulatu ditugu Ipar Euskal Herriari buruzkoak: 1991-2001 bilakaera erritmoa aintzat hartuz, 1986ko ehunekoak atera ditugu hiztun guztientzat. Erritmo hori bera sexu eta adin tarte guztiei aplikatu diegu, azkenik.

 Era horretan, bada, kalkulatu ditugu Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako emaitzak. Euskal Herri osokoak, noski, datu horiek gainerako herrialdeetarako zuzenean erroldetatik hartutako datuei batuz eskuratu ditugu. Hala, beheko grafiko eta taulan ikus dezakegu Euskal Herri osoko ezagutzaren bilakaera:


 

1986

1991

1996

2001

Araba

6,7

8,6

14,6

16,2

Bizkaia

17,5

18,9

23,7

25

Gipuzkoa

43,5

45,9

49,7

51,5

Ipar EH

-

29,2

24,5

22,8

Nafarroa Garaia

10,2

10,2

10,9

11,8

EUSKAL HERRIA

22,8

23,6

26,7

27,6

 

 

Bukatzeko, gogoratu nahiko genuke EDBk euskararen orotariko datu-biltegi demolinguistikoa osatzeko bidean ekarpen bat izan nahi duela. Ekarpenen hori euskararen normalizazioaren arloan dihardugunontzat baliagarria izango delakoan gaude. Beraz, SEIk aurrera begira EDB euskal komunitatearen, erakundeen zein instituzioen esku utziko du, izan ere, gure nahia esku artean dugun tresna hau ahalik eta gehien erabiltzea eta zabaltzea baita.

 



[1] EDBren lehen bertsio honetan ezagutzari buruzko datuak eremu horietan guztietan eskaintzen dira, udalerritik hasi eta Euskal Herri mailaraino. Aldiz, erabilera datuak, eraginkortasun indizea eta hezkuntza datuak ez dira eremu horietan guztietan eskaintzen, ikus “lurraldeen banaketa” atala.

[2] EDB 1.0 Interneteko teknologiak erabiliaz garatu da. Software librean (php, Apache, MySql...) oinarrituta dago, aplikazioak Flash programazioa du.

[3] Lau adin talde bereizi dira: haurrak (2-14 urte), gazteak (15-24 urte), helduak (25-64 urte), eta adinekoak (65 urtetik gorakoak).

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Olatz Altuna eta Iñaki Iurrebaso
Urtea: 
2004