Bergarako Goi Berariazko Miguel Altuna Institutua hizkuntza normalkuntzan

Egungo Lanbide Heziketaren berariazko ezaugarriak, besteak beste, hauek dira: eskaintza anitza familia desberdinetan eta Heziketa Ziklo ugarietan izateak, eskaintzen diren edukien zehaztasun eta aldakortasun etengabea dakar berarekin. Inguruan dugun teknologiari erantzun beharrak, berriz, heziketa maila hauetarako material eza dakarkigu; eta ez bakarrik euskaraz, gazteleraz eta ingelesez ere askotan materiala izatea kostatzen zaigularik.

Lehenik, ofizialki onarturik dagoen Ulibarri egitasmoan parte hartzera bultzatu gintuen. Egitasmo horren laguntzaz ikastetxearen diagnosia egin genuen, eta orain urtez urteko planak burutzen ditugu gure egoera hobetzeko asmoz. Hor kokatu behar dugu gure Antolaketa eta Jarduera Araudian Hizkuntza Normalkuntza Batzordea osatzea: bertan ikastetxeko estamentu desberdinak ordezkaturik egongo dira eta bera izango da Klaustroan eta Eskola Kontseiluan aurkeztuko den urteko egitasmoa prestatzearen arduraduna

GLHBI Miguel Altunaren ZEREGINA zera da:

Ikasleei, beraien gaitasunaren eta beharren araberakoa,  konpromezu pertsonala eta autonomia bultzatuz.

Entrepresei eta inguruari, Bergarako zein inguruko langileen eta langabetuen kualifikazioa gehituz.

IKASTETXEKO HIZKUNTZA ESPARRUAK:

Euskara: ikastetxeko hizkuntza ofiziala, irakaskuntza eta harreman hizkuntza.

Gaztelera: ikastetxeko irakaskuntza eta harreman hizkuntza (euskarazkoa ezin denean). Kanpo harremanetarako hizkuntza ofiziala ere bai.

Ingelesa: irakaskuntza hizkuntza eta atzerriko harremanetarako hizkuntza.

A ereduan matrikulatzen bada, eta berak euskaraz jaso nahi badu irakaskuntza, irakasleak azalpen orokorrak gazteleraz egingo ditu eta bakarkako argibideak euskaraz eman ahal izango dio. Berak eskuartean erabil dezakeen materiala euskaraz nahi badu irakasleak ahaleginak egingo ditu hori lortzeko. Azterketa euskaraz egin nahi badu ere aukera izango du.

NON GAUDE

Gure ikastetxea Gipuzkoan Deba Goiena bailaran kokaturik dago ingurune ia guztiz euskaldun batean. Bergarako Goi Berariazko Miguel Altuna Institutua Hizkuntza Normalkuntza egitasmoan hasiera-hasieratik dago. Hastapenean lanbide heziketaz gain beste ikasketak ere batxilergoa, IEE, bagenituen, baina, gaur egun lanbide heziketa bakarrik irakasten dugu; hori bai, Goi Berariazko Lanbide Heziketa Orotariko garen aldetik, hiru heziketa motak irakasten ditugu: hau da, Hasierako Prestakuntza, Etengabeko eta Hastapeneko Prestakuntza.

ZER ESKAINTZEN DUGU

Egun Heziketa Zikloetan dugun eskaintza hau da:

  • Fabrikazio Mekanikoan: Goi Mailako Proiektu Mekanikoen Garapena eta Mekanizazio Bidezko Ekoizpena; Erdi mailan, Mekanizazioa.
  • Administraritzan: Goi Mailako Administrazio eta Finantzak. Erdi Mailan Administraritza Kudeaketa.
  • Elektrizitatean: Goi  Mailan Erregulazio eta Kontrol Sistema Automatikoak. Erdi mailan Ekipo eta Instalazio Elektroteknikoak.
  • Kimikan: Goi Mailakoa Plastikoak eta Kautxugintza. Erdi Mailakoa Plastiko eta Kautxoaren Transformaziorako Operazioak.

 Guztira 14 Heziketa Ziklo dira. Hauetatik 12 D ereduan eta 3 A ereduan ditugu.

 Honez gain Etengabeko eta Hastapeneko Prestakuntza dugu. Hauetan helburu nagusia taldeak osatzea dugu, askotan, nahi ditugun taldeak aurrera ateratzeak nahikoa lan ematen baitigu. Behin taldea sortuz gero, hizkuntzaren gaia datorkigu; horretan, hizkuntza ezagutzaz gain, gure prestakuntza zein hizkuntzatan jaso nahi dugun dago. Hori zeharo baldintzaturik daukagu beraiek bere garaian jaso zuten prestakuntzarekin, nahiz eta, ahozko komunikazio hizkuntza euskarazkoa izan nagusiki.

LANBIDE HEZIKETAREN EZAUGARRI OROKORRAK

Egungo Lanbide Heziketaren berariazko ezaugarriak, besteak beste, hauek dira: eskaintza anitza familia desberdinetan eta Heziketa Ziklo ugarietan izateak, eskaintzen diren edukien zehaztasun eta aldakortasun etengabea dakar berarekin. Inguruan dugun teknologiari erantzun beharrak, berriz, heziketa maila hauetarako material eza dakarkigu; eta ez bakarrik euskaraz, gazteleraz eta ingelesez ere askotan materiala izatea kostatzen zaigularik.

 Ikasleei dagokienez, ikastetxean egoten diren denbora kontuan hartu behar dugu. Hasierako Prestakuntzakoak gehienez bi ikasturte egingo dituzte gure ikastetxean, hauetako azken hiruhilabetea enpresan burutzen dutelarik. Hasierako eta Etengabeko Prestakuntzakoentzat, aldiz, prestakuntza ordukakoa izango da; epe jakin batean ikastetxean egongo dira,a nahiz eta ondoren, aldika, denbora gehiagoan ere  gure artean izan.

 Eskertzeko da HETEL, IKASLAN, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, eta ELHUYARren artean euskarazko materialak izan ditzagun egiten ari den ahalegina. Horri esker, badugu webgune bat hainbat euskarazko material aurkitu ahal izateko.

LANBIDE HEZIKETAKO IKASLEAK ETA HIZKUNTZA

Hasierako Prestakuntzako ikasleek gure ikastetxera iristean duten hizkuntza maila begiratzen badugu, hor dugu kakoa: derrigorrezkoan nahiz batxilergoan A, B, eta D ereduan ikasi duten ikasleak ditugu. Teorian behintzat, euskara zein gaztelera ongi menperatzen dutenak eta, hori gutxi balitz, hirugarren atzerriko hizkuntzan ere hainbat urtez ikasketak jasoak direnak.

 Etengabeko eta Hastapeneko Prestakuntza egitera datozkigun ikasleei dagokionez, askoz ere aukera anitzagoa dugu, bai hizkuntza ezagutzari eta bai gaitasun berariazkoari dagokionean. Kontuan hartzekoa da beraietako asko eta asko ikasketak aspaldi utziak direla, eta hizkuntzaren zein matematikaren alorrean oinarrizko prestakuntza jaso beharrean aurkitzen direnak ditugula.

 Egoera honek guztiak Lanbide Heziketa oso esparru berezia bilakatzen du; berezitasun hori, beste batzuekin batera, oso erakargarria da, eta erantzun desberdinak eskatzen dituzten egoeren aurrean aurkitzera garamatza. Bertan gaudenok egoera hau kanpokoei ulertarazten saiatu behar gara, zeren eta, hau ongi egiten ez badugu, hainbat ekintza orokortzean, ez da ulertzen Lanbide Heziketan erantzun desberdina izatea.

ZER EGIN DUGU ORAIN ARTE?

Arestian aipatu dugun bezala, badago ikastetxean euskararen inguruko kontzientziazio positiboa, eta horrek ikastetxeko estamentu desberdinak zerbait egitera eramaten gaitu.

 Lehenik, ofizialki onarturik dagoen Ulibarri egitasmoan parte hartzera bultzatu gintuen. Egitasmo horren laguntzaz ikastetxearen diagnosia egin genuen, eta orain urtez urteko planak burutzen ditugu gure egoera hobetzeko asmoz. Hor kokatu behar dugu gure Antolaketa eta Jarduera Araudian Hizkuntza Normalkuntza Batzordea osatzea: bertan ikastetxeko estamentu desberdinak ordezkaturik egongo dira eta bera izango da Klaustroan eta Eskola Kontseiluan aurkeztuko den urteko egitasmoa prestatzearen arduraduna eta ikastetxean dinamika berria bultzatzeaz arduratuko dena.

 Herri eta bailara mailan, hasiera hasieratik, Udalaren eta Eibarko Berritzegunearen laguntzaz koordinazio bilerak burutu ditugu. Pixkanaka, ordea, bakoitzak dituen irakaskuntza eskaintza desberdinetarako bilerak egin ditugu. Gaur, azkenean, Lanbide Heziketako foro berri bat osatu dugu: IKASLAN elkartearen barneko partaideen arteko foroa.

ZEIN DA GURE EPE MOTZERAKO ERRONKA?

Une honetan, gure erronka nagusia Lanbide Heziketako ikastetxe orok gure ustez izan behar duena da; hau da, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektu bat izatearena. Gure ustez honek izan behar dituen atalak zein diren azalduko dizuegu:

1.- Lehenengoz ikastetxeak duen azken xedea aztertu eta bertan hizkuntzarekin duena kontuan izan behar du. Adibidez, gurea:

BERGARAKO GBLHI MIGUEL ALTUNA INSTITUTUKO MISIOA. HELBURU OROKORRA:

 

 

ZEREGINA

GLHBI Miguel Altunaren ZEREGINA zera da:

  • Irakaskuntza komunitatean adostutako ideietan oinarritutako, euskaldun eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzea, erantzuna emanez:
  • Ikasleei, beraien gaitasunaren eta beharren araberakoa,  konpromezu pertsonala eta autonomia bultzatuz.
  • Entrepresei eta inguruari, Bergarako zein inguruko langileen eta langabetuen kualifikazioa gehituz.

 2.- Honek hizkuntza helburua zehaztuko digu. Gurean, adibidez :

 

IKASTETXEKO HIZKUNTZA HELBURUA : Irakaskuntza komunitatean adostutako ideien oinarritutako, euskaldun... irakaskuntza eskaintzea.

 3.- Helburu honi hainbat zehaztapen erants geniezaioke, hala nola, guk ditugunak:

IRAKASLE GUZTIOK HIZKUNTZA IRAKASLE ERE bagaren aldetik, hizkuntzaren kalitatea gure irakas-jardueran bultzatzen dugu, bai euskara, gaztelera eta ahal den neurrian hirugarren hizkuntzan. Horretarako beharrezko diren sakontze ikastaroak ikastetxeak berak bultzatzen ditu; hala nola, IRALE, GARATU, ikastetxeko prestakuntza egitasmo bereziak, e-learning, etab.

 Irakasle eta ikasle artean, gure ikastetxean harremanetarako hizkuntza euskalkiaren ezagutzaren araberakoa izaten saiatzen gara.

Ikastetxeak egun ofizialki dituen hizkuntza ereduetan eskaintzen ditu Heziketa Zikloak, ahal duen neurrian dagoen inguruari eta datozen ikasleen hizkuntza beharrei erantzunez. Ahal duen neurrian euskarazko ereduen alde egiten du apustua.

 Ikastetxeko irakasleak elebiduna eta eleanitza izateko ahalegina ere egiten du. Horretarako, dauden hizkuntza prestakuntza saioetan parte hartzeko erraztasunak ematen ditu eta bultzatzen ditu.

 Ikastetxeko hizkuntza-paisaia egun ofizialak diren bi hizkuntzatan dago. Ulermena galarazten ez duten horietan euskara soilean ere badago.

 Ikastetxearen barnean ofizialki erabiltzen den hizkuntza, aktak, klaustroa, alor bilerak, eskola kontseilua... euskaraz egiten ditu. Ofizialki A eredua eskaintzen duenez, kasuan kasuko behar berariazkoei erantzuteko itzulpenak ahalbideratzen ditu.

 Ikastetxeak dituen kanpo harremanetarako hizkuntzaren erabilerari dagokionez, Erkidegoko erakundeekin edo entitate pribatuekin egun ofizialki diren bi hizkuntzetan egiten du, euskaraz soilik eskatzen dutenekin berau bakarrik erabiliz.

 Gurasoekin harremana kasuan kasuko beharren araberakoa izaten da. Gurasoei egin beharreko azalpenak dena ikusteko moduan bi hizkuntzetan izaten da, eta ahozko azalpena txandaka denean bi hizkuntzak erabiltzen dira. Ondorengo galderen erantzuna egindako hizkuntzaren araberakoa izaten da.

 Etengabeko eta Hastapeneko ikastaroen lehen helburua berauek martxan jartzea izanik, bertan parte hartzen duten ikasleak gizartean eragile ere badirenez eta langilego horrek gero eta hizkuntza ezagutza maila handiagoa duenez, funtzionatzeko erabiliko dugun hizkuntza euskara izan daitekeen galdetzen dugu, eta bestalde, ematen den informazioa bi hizkuntzatan egon dadin saiatzen gara.

 Heziketa Zikloetako Lantokietako Prestakuntza moduluei dagokionez, ikasleak hori burutzeko lekua duela baieztatuta, ikaslea matrikulaturik dagoen hizkuntza ereduan egiteko aukera hobesten da, horrela izateko aukera dagoen neurrian.

 Ikastetxean burutu daitekeen lan lagungarriarentzako baliabideak euskarazkoak ere izan daitezen ahalegina egiten da, hala nola, informatika aplikazioak, liburua, entziklopediak, e-learnig, materialak...

 Hizkuntza Normalkuntza Batzordetik irakasleei/ikasleei/pertsonalari, eta ez-irakasleei/interesaturiko gurasoei, garaian garaiko euskarazko materialen berri jasotakoan, informazioa banatzen zaie.

 IKASTETXEKO HIZKUNTZA ESPARRUAK:

Euskara: ikastetxeko hizkuntza ofiziala, irakaskuntza eta harreman hizkuntza.

Gaztelera: ikastetxeko irakaskuntza eta harreman hizkuntza (euskarazkoa ezin denean). Kanpo harremanetarako hizkuntza ofiziala ere bai.

Ingelesa: irakaskuntza hizkuntza eta atzerriko harremanetarako hizkuntza.

4.- Ondoren, urte bakoitzerako helburu zehatzak jarriko genituzke. Adibidez:

 Ikastetxeak egun onarturik dituen Heziketa Zikloak aurrera ateratzen ahalegin guztiak egingo ditu, horretarako hizkuntza egokitzapenak egin behar baditu eginez.

 Ikasleak jaso nahi duen hizkuntza eredua honela zehaztuko da:

A ereduan matrikulatzen bada, eta berak euskaraz jaso nahi badu irakaskuntza, irakasleak azalpen orokorrak gazteleraz egingo ditu eta bakarkako argibideak euskaraz eman ahal izango dio. Berak eskuartean erabil dezakeen materiala euskaraz nahi badu irakasleak ahaleginak egingo ditu hori lortzeko. Azterketa euskaraz egin nahi badu ere aukera izango du.

 D ereduan matrikulatzen bada, eta berak gazteleraz jaso nahi badu irakaskuntza, irakasleak azalpen orokorrak euskaraz egingo ditu eta bakarkako argibideak gazteleraz eman ahal izango dio. Berak eskuartean  erabil dezakeen materiala gazteleraz nahi badu irakaslea lortzen saiatuko da. Azterketa gazteleraz  egin nahi badu ere aukera izango du.

 Taldearen hizkuntza maila eta irakaslearen hizkuntza maila, ingelesa edo frantsesa, horretarako egokia bada, modulu batzuetan irakaste/ikaste prozesua hirugarren hizkuntza horretan egin ahal izango da. Taldearen ama hizkuntza portzentai nagusiarena izango da; gero, egun ofiziala duena, eta azkenik, hirugarren hizkuntza izango da. Garbi zehaztuko da moduluaren barnean zein eremutan landuko den hizkuntza bakoitza. Era berean, Heziketa Zikloan modulu osoa jarri behar bada, hori ere hasieratik garbi jarriko da. Ildo honi jarraiki, modulu desberdinak hizkuntza desberdinetan emateko aukera eskaintzen saiatuko gara.

 Ikastetxeak eskaintzen duen ereduari dagokionez, A zein D horietan aritzeko hizkuntza aldetik beharrezko den baliabidea ikaslearen esku jarriko du, honek bere behar edo/eta nahien arabera aukera dezan. Egungo D ereduan dugun euskarazko material urriaren inguruan ahalegin berezia egingo da euskarazko materialak izan ditzagun.

 Ikastetxeko programazio, memoria, eta kalitate prozedurak euskaraz izan daitezen saiatuko gara, urtez urteko bilakaera baikorra izan dezagun datuak bilduz.

 Etengabeko eta Hastapeneko ikastaroen lehen helburua berauek martxan jartzea izanik, jarraian bertan parte hartzen duten ikasleak gizartean eragileak ere badirenez, eta langilego horrek gero eta hizkuntza ezagutza maila handiagoa duenez, funtzionatzeko erabiliko dugun hizkuntza euskara izan daitekeen galdetuko diegu; eta bestalde, ematen den informazioa bi hizkuntzatan egon dadin saiatuko gara.

Heziketa Zikloetako Lantokietako Prestakuntza moduluan, lehen helburua ikasleak hori burutzeko lekua duela kontuan izanik, ikaslea matrikulaturik dagoen hizkuntza ereduan egiteko aukera hobetsiko da, horrela izateko aukera dagoen neurrian.

 Ikastetxean burutu daitekeen lan lagungarriarentzako baliabideak euskarazkoak izan daitezen ere ahalegina egingo da, hala nola, informatika aplikazioak, liburua, entziklopediak, e-learnig, materialak...

 Hizkuntza Normalkuntza Batzordetik irakasleei/ikasleei/pertsonalari, eta ez-irakasleei/interesaturiko gurasoei, garaian garaiko euskarazko materialen berri jasotakoan, informazioa banatuko zaie.   

                       

 

 

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Pello Arrondo
Urtea: 
2004