Euskara Normalkuntza Zarauzko Antoniano Ikastetxe Politeknikoan

Hurrengo urteari begira, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan normalkuntza plana ezartzeko asmoa dugu. Horretarako ezin bestekoa izango dugu azken hilabete hauetan, Hizkuntza Psikopedagogia ikasle batek gure ikastetxean egiten diharduen “Hizkuntza egoeraren diagnosia eta hezkuntza eleaniztasunerako bideak” proiektua.

Ikastetxe baten lanak bere inguruan duen gizartearengan izan behar duen eragina kontuan harturik, gure ikastetxeak bi modutako ekintzetan parte-hartze zuzena izan nahi du: batetik, Berritzeguneetatik sortu zen “Euskara Lanbide Heziketan” euskal gizartean eztabaidarako langaia dokumentuaren sorreran parte hartuz, eta bestetik, Urola-Kostako eskualdeko mankomunitateak bultzatutako enpresen normalkuntza planean ere parte hartuz.

Gure gaur egungo ikasleak dira etorkizuneko gizartea osatuko dutenak. Hau garbi dugularik gure ikasleekin, arlo honetan egiten dugun lan guztiak izango du etorkizunean bere eragina gizartean. Izanik gure Lanbide Heziketako ikasleak, nagusiki, eskualdeko enpresetan lanean jardungo diren langileak dira eta hauen eskaeragatik bakarrik ikusi daiteke enpresen benetako euskalduntzea eta normalizatzea.

 

SARRERA

Zarauzko Antoniano Ikastetxe Politeknikoa, 90 urte hezkuntzan daraman ikastetxe bat da. Hasiera batean, garaiko “Escuela de Arte y Oficios” bezala hasi zen eta 1954garren urtean “Escuela Profesional Obrera” bihurtu zen. Ordutik hona Lanbide Heziketa ikasketak ez ezik, hezkuntza arloko beste etapak ere lantzen ditu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoak eta erdi eta goi mailako Heziketa Zikloak. Guztira 1100 ikasle eta 100 langile inguru dituen ikastetxe bat gara, gaur egun.

 Antoniano Ikastetxe Politeknikoak duen hezkuntza eskaintza osoa D ereduan egin daiteke, DBH eta Batxilergo batzuetan (Teknologia eta Zientzia arloetan) ikasketak B ereduan ere egin daitezkeelarik.

 Ikastetxeko langileen %94ak euskaldun perfila du, irakasle zein jendearekin harremana duten ez –irakasleen artean (administrazioa, idazkaritza, jangela) kopuru hau %100 delarik. 

IKASTETXEAREN EUSKARATZE UNEAK

Denengatik jakina da Frantziskotarrak, eskola honen titular eta jabeak, euskara eta euskal kulturagatik izan duten kezka eta arreta berezia. Behin trantsizio demokratikoa hasita, beraiek zuten asmo hori eskola honetan gauzatzeko pausuak ematen hasi ziren eta euskarazko ikasketa eskaintza egiten hasi ziren maila desberdinetan.

 Bestalde, testu ingurua aldatzen joan den heinean, ikastetxeak, sortutako erronka desberdinei aurre egin behar izan die. Zarautz zein Urola-Kosta eskualdea ere euskaldundu egin dela esan beharra dago. Era berean, bertakoen betiko euskalduntze saiakerei esker, 60 eta 70 hamarkadan lan bila etorritako etorkin gehienak beren seme-alabak euskarazko hezkuntzan murgiltzera jo dute. Honek eskualdeko jendea hezkuntza ikasketak euskara hutsean eskatzera bideratu ditu eta ikastetxeak, noski, eskaera hori betetzera. Hau horrela, gure ikastetxea DBH, Batxilergoa, eta erdi eta goi mailako Heziketa zikloetan ikasleak hartzen dituen ikastetxe bat izaki, hizkuntza eredu aldaketa hori areagotu egin behar izan dela esan genezake.

 Guzti honengatik, Antoniano Ikastetxe Politeknikoa bere eskaintza euskalduntzen joan da, egungo egoerara iritsi arte. Euskalduntze prozesu hau, Lanbide Heziketan gauzatu da beranduen. Ikastetxearen euskalduntze prozesuarekin batera, LOGSE legearen hezkuntza sistemako erreforma jarri zen martxan. Honek Lanbide Heziketan aldaketa izugarriak ezarri zituen: hiru urteko formazioa bi urtera pasatzen zen, ikasketak erabat espezializatu eta aldatzen joan ziren, goi mailako ikasketa eredua sartzen zen gure ikastetxeetan, eta abar. Beste erremediorik gabe, aldaketa hauek gauzatzeari eman zitzaion lehentasuna eta euskalduntze prozesuak itxaron egin behar izan zuen. Behin erreformak martxa hartu zuenean, eskaintza D eredura pasatzeari ekin genion.

EUSKALDUNTZE BIDEA ETA EGUNGO EGOERA GUREAN

1994 urtean, ordurarte euskalduntze bidean egindakoak kontuan hartu eta analisi sakon bat egin zen. Orduz geroztik, gure eskolako misioan jasotzen da euskara eta euskal kulturaren sustapena eta defentsa, gure egin beharretan garratzitsuenetakoa dela. Hortik aurrerakoan, gure gestio planeko lerro estrategikoen barnean dago eskola euskalduntzea eta, horretarako, urtero ekintza desberdinak planifikatzen dira.

 Ekintza horien barnean daude bai kontratazio politika, non beti irakasle euskaldunen perfila bilatzen den kontratazio berrietan, bai eta formazio planen garapena ere, non bertako irakasleen trebakuntza bultzatzen den.

 Horrez gain, ikastetxeen euskara normalkuntzan aurrera egiteko, Ulibarri programa jartzen da martxan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan hasiera batean. Aurreko urtean, eta ikasleek Eskola Kontseiluan eginiko ekarpen baten ondorioz, programa horren diagnosia ikastetxe osora zabaltzeko erabakia hartu eta aurrera eramaten da. Diagnosi horren emaitzen arabera, gure ikastetxean euskararen agerpena eta ezagutza maila %75,12 da eta erabilpen indizea berriz %67,56.

 Ulibarri programak emandako emaitzak kontuan izanik, lehen etapetan egiten diren planak DBH mailara zabaltzeko erabakia hartu da. Aurtengo ikastetxeko gestio planeko ekintza zerrendan zehazten den bezala, Batxilergoa eta Heziketa Zikloak hurrengo urteetarako utziaz. Ekintza horien emaitza batzuk izan dira: Euskara astea antolatzea edo Zarauzko Udaletxeak antolatzen duen Salbatore Mitxelena sarietan gure ikasleek inoiz baino sari gehiago jasotzea.

 Guzti honez gain, euskarazko materialgintzan eginiko lana ere ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Lanbide Heziketako etapan izan ezik, beste etapetarako materiala lortzea ez da zaila izan, argitaletxeek horretan lan handia egin bai dute. Lanbide Heziketan ordea, errentagarritasunik aurkitzen ez diotela eta, euskarazko materialik apenas existitzen da. Gure ikastetxeak arlo honetan bi apustu egin ditu: Horietan lehena, irakasleak eurak, material itzulpen eta sortze lanetan jartzea izan da eta bigarrena, aliantzak ezartzea izan da, gu kide gaituen HETEL elkarteak eta IKASLAN elkarteak materiala euskalduntzeko martxan jarritako Lanbide Ekimena planean parte hartuz, euskalduntze lan hau, gure irakasleengan bakarrik uztea, lan gehiegizkoa baitzen.

 Hezkuntza Saileko eta Gipuzkoako Foru Aldundiako diru laguntza jaso duen lau urteko plan honi esker, zikloetarako euskarazko materialgintzari aurrerakada nabarmena eman zaio. Funtsean, elkarteetako teknikariak bildu eta materialen selekzioa egin dute, ziklo guztietako moduluak (ikasgaiak) kontuan hartuz. Elhuyarrek itzulpen lanak bere gain hartu ditu eta aukeratutako material hori itzuli du. Euskaratutako material hori sarean kokatu da, eta egun irakasleek eskura dute, bere erara moldatu eta jasotzeko. Era honetara, gure irakasleek izan duten neurriz gaineko lana, erabat erraztu zaie.

 Hurrengo urteari begira, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan normalkuntza plana ezartzeko asmoa dugu. Horretarako ezin bestekoa izango dugu azken hilabete hauetan, Hizkuntza Psikopedagogia ikasle batek gure ikastetxean egiten diharduen “Hizkuntza egoeraren diagnosia eta hezkuntza eleaniztasunerako bideak” proiektua. Ikasle honen lanak lehendik eginiko diagnosia baieztatuko du, gelaz gelako lana eginez eta euskalduntze bideaz gain beste hizkuntzetan (gaztelera, ingelesa) egin dezakegunaren lerro nagusiak markatuko dizkigu.

GURE PARTAIDETZA GIZARTEAREN EUSKALDUNTZEAN

 Ikastetxe baten lanak bere inguruan duen gizartearengan izan behar duen eragina kontuan harturik, gure ikastetxeak bi modutako ekintzetan parte-hartze zuzena izan nahi du: batetik, Berritzeguneetatik sortu zen “Euskara Lanbide Heziketan” euskal gizartean eztabaidarako langaia dokumentuaren sorreran parte hartuz, eta bestetik, Urola-Kostako eskualdeko mankomunitateak bultzatutako enpresen normalkuntza planean ere parte hartuz.

 Lehenengo ekimenetik hausnarketarako eta eztabaidarako langaia sortu zen. Lan hau egin genuenok kontziente ginen gaia ez zela lan honekin agortzen, eta arrasto nagusienen zertzeladak baino ez zituela irudikatzen. Dokumentu horretan, Euskara Biziberritzeko 1998ko Euskal Gobernuaren Plan Nagusia, hizkuntzen trataera Lanbide Heziketan, eta euskaraz ikasteko eskubideetaz hausnartzen zen lehenbizi. Ondoren, zailtasunak eta konponbideak eztabaidatuz, plan estrategiko baten zirriborroa eta hau gauzatzeko prozedurak ezarri ahal izan genituen. Egia esan, dokumentu honi ez zitzaion merezi adina garrantzia eman bere garaian.

 Bestalde,aurretik esan bezala, eskualdean martxan jarritako enpresen normalkuntza planean parte hartu genuen. Plan horren aurre diagnositikoak gure eskualdeko enpresetan euskara ezaguera altua dela esaten badu ere, erabilpen maila minimoetan dabilela agerian uzten du. Lan honetan zera ikusi dugu garbi ikastetxekoen artean: nahiz eta lan munduaren inguruan gauden agente guztiak (sindikatuak, ikastetxeak, udaletxeak) normalkuntza planean parte hartu, enpresek heurek, honen beharra ikusten ez duten bitartean zer egin handirik ez dagoela edo eta pausu txikiak bakarrik eman daitezkeela euskalduntze bidean.

ONDORIOAK

Aurreko guztia kontutan hartuta etorkizunean ere aurrera egin beharra ikusten dugu argi eta garbi eta hori dugu asmoa gainera. Horretarako etorkizunerako bi estrategi lerro garbi ikusten ditugu hurrengo urteetarako:

 1.       Lanbide Heziketako normalkuntza plan sakon bat martxan jartzea. Ditugun eta izango dugun diagnostikoetatik abiatuz hurrengo urteetarako plan bat diseinatu eta martxan jarriko dugu. Hurrengo urteetako gestio planetan, orain dugun eskola euskalduntze lerro estrategiko zabalagoaren barnean kokatua.

 Plan honen barruan kokatu beharko dira gaur egun aurrera daramazkigun langileen formazio eta trebakuntza ekintzak, zein materialgintzan egiten ari garen ahalegin guztia. Azken honetan sartu beharko dira, egun teknologi berrietan sortzen ari garen material pedagogikoak ere, hasieratik, euskaraz eskura egon daitezen.

 2.       Gizartea euskalduntzen jarraitu. Ikastetxean dauden ikasleen bitartez lortu beharreko helburu bat izango da hau. Gure gaur egungo ikasleak dira etorkizuneko gizartea osatuko dutenak. Hau garbi dugularik gure ikasleekin, arlo honetan egiten dugun lan guztiak izango du etorkizunean bere eragina gizartean. Izanik gure Lanbide Heziketako ikasleak, nagusiki, eskualdeko enpresetan lanean jardungo diren langileak dira eta hauen eskaeragatik bakarrik ikusi daiteke enpresen benetako euskalduntzea eta normalizatzea.

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Patxi Ostolaza
Urtea: 
2004