Eleaniztasuna Lanbide Heziketan

Lanbide Heziketak erantzukizun eskerga dauka enpresa mundua euskalduntzeko prozesu luzean. Haatik, eman behar diren urratsak ongi pentsatuak izan behar dira eta ene ustetan hiru ardatz nagusiren inguruan eman gainera:

 

Errealitatearen azterketa LHko ikastetxeen aldetik.

Epe erdirako helburu zehatzen eta adostuen finkapena.

Estrategiak eta Ekintza Plan bat bideratzea.

 

Material eza, irakaslego ez euskalduna eta ez alfabetatua, taldeak osatzeko gutxiengo ikaslego kopuru beharra… betiko arazoak azaltzen ziren gure arteko eztabaidetan, eta beti euskara galtzaile. Horregatik, martxan jartzeko erabakia hartu genuen, eta Hetel zein Ikaslan elkar harturik, oinarrietatik abiatu ginen: materiala euskaratzeko plangintzatik, alegia.

 

Etorkizunean heziko ditugun teknikariek guztiek euskaraz jakiteaz gain, terminologia teknologikoa euskaraz erabiltzeko gaitasuna erakutsi behar dute. Dena dela, gaitasun maila hori ez da berdina izango leku guztietan, baina gutxiengo jakin batzuk adostu beharko dira.

 Gazteleraz beste horrenbeste. Ingelesaren inguruan, irakurtze eta idazte mailako konpetentziak azpimarratu beharko lirateke eta gutxieneko ahozko komunikazioa erdietsi.

Eleaniztasunaren kontzeptuak, bestalde, asignaturak edo gaiak hiru hizkuntzetan eman behar direla esan nahi du, eta hemen portzentaien jokoan sartzen gara. Honetan, garbi izan behar dugu erdi epeko jomugan euskaraz emango diren gaiak % 50 edo % 60 inguruan kokatu behar direla minimoki, eta ikastetxe guztietan.

 Azkenaldi honetan Lanbide Heziketaren hizkuntza ereduaren inguruan dezente hitz egin eta idatzi da. Gaia dudarik gabe estrategikoa da euskararen normalkuntza bidean, izan ere enpresa mailan euskarak duen horren presentzia penagarria arintzeko bideetariko bat da eta.

 Teknologia etengabeko aldaketaren eta moldaketaren zurrunbiloan dago murgilduta. Berrikuntzak, produktu berriak, salmentak, erosketak… merkatu zabal eta mugagabean azaltzen dira eta enpresek bertatik edaten dute, eta edan behar!, lehiakortasun maila gorde nahi badute.

 Eguneroko abiada zoro horri, berehalakoan erantzun behar zaio, eta horrelakoetan joera ohikoena merkatuan normaltasunez erabiltzen diren hizkuntzetan aritzea izaten da.

 Guztia dago lotua; kateamendu logikoa da, gaztelera eta ingelesa dira erruz, eta batez ere, erabiltzen diren hizkuntzak Oso herri euskaldunetan ere, enpresa munduko elkarrizketa eta harremanetan  erdal hizkuntzetara jotzen da sarri, elkar hobeto ulertuko dugulakoan edo.

 Euskara larrugorrian dago enpresa munduan eta guztiok dakigu honek zer nolako eragina duen gizarte zabalean. Okerrena baina, egoera honi erantzuteko dugun ahalmen murritza da, guztiok elkarri begiratzen diogu, sorbaldak jaso eta inorengan jartzen ditugu hobenak.

 Gaur egun, bizitza normalean euskaraz aritzen garenok, bakoitza bere lanean, bai taldeetan, bai eztabaidetan edota kanpo zein barne harremanetan, euskal terminologia landugabean aritzen gara, sarritan gainera erdal hizkuntzetara joz. Ia egunero hitz berriak sortzen dira, gehienetan ingelesez, oraindik lehengo hiztegi teknikoa asimilatu gabe dugularik eta honek lan eta produkzio sistemak euskaratzeko eta finean euskaraz erabiltzeko zailtasunak areagotzen ditu.

 Egia da, bestalde, gero eta euskaldun gehiago integratzen ari dela lan mundura, hizkuntza ereduen portzentaien interpretazio hotza egiten badugu, urterik urtera D eta B ereduko ikasle kopurua igoz doa eta. Hau horrela izanik ere, egia da bestalde, euskararen presentzia bultzatzeko enpresan plangintza zabal eta askotarikoa izan behar dela. Bakoitza bere aldetik, adosturiko plangintzarik gabe ezin da gauza handirik egin; dauzkagun indar guztiak norabide berean jarri behar dira.

 Dena dela, Lanbide Heziketak erantzukizun eskerga dauka enpresa mundua euskalduntzeko prozesu luzean. Haatik, eman behar diren urratsak ongi pentsatuak izan behar dira eta ene ustetan hiru ardatz nagusiren inguruan eman gainera:

 1)       Errealitatearen azterketa LHko ikastetxeen aldetik.

2)       Epe erdirako helburu zehatzen eta adostuen finkapena.

3)       Estrategiak eta Ekintza Plan bat bideratzea.

LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXEAK

 Produkzio sektore desberdinen antzera, Lanbide Heziketako ikastetxeak ere oso aldaketa etengabean egon dira eta daude murgilduta, eguneratze teknologikoa eta Hezkuntza Sistema berriaren curriculumak asimilatzen.

 Azken 10 urte hauek erabat interesgarriak izan dira Lanbide Heziketarentzat, izan ere hartu duen prestigioa, maila, eta sona uste baino handiagoa izan baita.

 Ikastetxeek, zuzendaritzek, arduradunek, irakasleek…guztiek lan gogorra egin dute eguneratze prozesu honetan, baina bestalde, eman den transmisioa, asimilazio teknologikoa… hizkuntza menperatzaileetan eman da. Duela 10 urte, Lanbide Heziketaren munduan, euskara ez zen kontuan hartu behar zen gai nagusia, bazelako ase behar zen behar larriagorik.

 Hori horrela izanik ere, azken bost urteotan izan da aipamenik, mugimendurik, eta planteamendurik ere honen inguruan. Eta apurka-apurka bada ere, euskararen presentzia Lanbide Heziketaren munduan hainbat aldiz mahai gaineratu da, bai geure artean eta baita Hezkuntza Sailarekin ere.

 Material eza, irakaslego ez euskalduna eta ez alfabetatua, taldeak osatzeko gutxiengo ikaslego kopuru beharra… betiko arazoak azaltzen ziren gure arteko eztabaidetan, eta beti euskara galtzaile. Horregatik, martxan jartzeko erabakia hartu genuen, eta Hetel zein Ikaslan elkar harturik, oinarrietatik abiatu ginen: materiala euskaratzeko plangintzatik, alegia. Zenbait Foru Diputazio bisitatu, Lanbide Heziketako Sailburuordetza eta Zuzendaritzaren babesa jaso eta materialak euskaratzeari lotu gintzaizkion Elhuyarren eskutik. Urteroko helburuak adostu, Familia Profesionalen araberako taxuketa egin, eta guztiok erabiltzeko materiala ateratzen hasi ginen, sarean kokatuz. Hartu eta eman, hori zen gure leloa. Oraindik asko falta da, hasera eman bazaio ere.

 Irakasleen egoera beste kontu bat da. Irakasle portzentai handia dago euskaraz ez dakiena, bai Ikastetxe Publikoetan eta baita Kontzertatuetan ere, euskalduntze–alfabetatze ikastaro anitz antolatu eta burutu den arren. Hau arazo larria da ez-bairik gabe. Larria izanik ere, konplexua ere bada, hainbat interes pertsonal sartzen delako bitarteko. Hemen ere finean, euskara galtzaile.

 Bestalde, ikasleen joera gero eta euskaldunago izatea den arren, hizkuntza ereduen matrikulazioek erakusten dutenez, Prestakuntza Zikloetako matrikulazioetan ez da horrelakorik islatzen, hain nabarmenki behintzat. Egoera honek ez du laguntzen erabaki sendoak hartzera, eta honen babesean ezkutatzen da asko.

HELBURU ADOSTUEN FINKAPENAZ

 Lehen esan moduan, enpresa erabat erdalduna da bere eguneroko dinamikan eta behar duen egokitzapen guztiak ingelesez eta gazteleraz egiten ditu. Euskaldunak egon arren, enpresetan hizkuntza norabidea beste alde batetik doakigu.

 Horretaz gain, ikastetxeen errealitatea ez da batere egokia egoera honi aurre egiteko, enpresa euskalduntzeko prestakuntza ezinbesteko tresna dela aitortu arren.

 Ikuspegi pertsonala eta bizi dugun gizarte errealitatea ezin ditugu ahaztu. Ikastetxeetatik ateratzen den ikasle formatuak enpresan kokatu behar du bere burua, eta inolako zalantzarik gabe gazteleraz egoki moldatu beharra dauka, eta sektoreari dagokion terminologia teknikoa aski asimilatua izan. Gainera, ingelesaren oinarrizko ezagutza gero eta beharrezkoago zaio guztiok dakizkigun arrazoiengatik.

 Hiru aldagai horiekin batera- enpresaren dinamika, ikastetxeen egoera eta norbanakoaren interesak-, euskararen egoerak eskatzen duen interbentzio maila hartu behar da kontuan eta guztiokin helburu adostuak finkatu.

 Euskararen normalkuntza enpresan euskalduntze mailakatuarekin loturik badago, gaur egungo hizkuntz ereduaren muga itxiak gainditu egin behar dira eta beste eredu egokiago baten arrastoan sartu.

 Hor kokatzen genuen eta dugu eleaniztasunaren eredua. Gure ikastetxeetatik ateratzen diren teknikari guztiak eleanitzak izan behar dira, hots, guztiek hiru hizkuntzak menderatu beharko lituzkete, bakoitzari dagokion hizkuntz komunikazio gaitasun desberdinekin bada ere.

 Etorkizunean heziko ditugun teknikariek guztiek euskaraz jakiteaz gain, terminologia teknologikoa euskaraz erabiltzeko gaitasuna erakutsi behar dute. Dena dela, gaitasun maila hori ez da berdina izango leku guztietan, baina gutxiengo jakin batzuk adostu beharko dira.

 Gazteleraz beste horrenbeste. Ingelesaren inguruan, irakurtze eta idazte mailako konpetentziak azpimarratu beharko lirateke eta gutxieneko ahozko komunikazioa erdietsi.

 Guk proposatzen dugun eleaniztasuna hauxe da, hots, ikasle guztientzakoa. Horretarako, orain arteko hizkuntza ereduak aldatu egin beharko lirateke eta hauxe jarri martxan Lanbide Heziketako ikasle guztientzat, ez baitu logikarik A eta D ereduak kendu gabe beste hau jartzea. Garai honetan ez dauka zentzurik euskaraz ez dakiten teknikariak hezteak, edo lan mundura gazteleraz gaitasun gutxikoak bideratzeak, edo ingelesez usainik ere egiten ez duena prestatzeak. Hau da onartu eta adostu behar dugun lehen oinarria.

ESTRATEGIAK ETA EKINTZA PLANA

Ikastetxe guztiok leku guztietan helburu hau eraman behar badugu, daukagun errealitatearen azterketa egin beharko da, bertatik abiatzeko eta indar guztiak adosturiko estrategien menpe jartzeko.

 Ikasle fluxuaren hizkuntza errealitatea, irakaslegoaren hizkuntza gaitasunak, euskarazko materialaren egoera… dira, besteak beste, aztertu beharrekoak, ondoren egoeraren diagnostikotik estrategiak eta ekintza planak bideratzeko.

 Eleaniztasunaren kontzeptuak, bestalde, asignaturak edo gaiak hiru hizkuntzetan eman behar direla esan nahi du, eta hemen portzentaien jokoan sartzen gara. Honetan, garbi izan behar dugu erdi epeko jomugan euskaraz emango diren gaiak % 50 edo % 60 inguruan kokatu behar direla minimoki, eta ikastetxe guztietan.

 Abiatu, ikuspuntu malgua izanik, daukagun errealitatetik abiatu beharko dugu, baina urtez urteko helburu kuantitatiboak jarriz, portzentaien kopurua igoz. Honek berarekin irakaslegoaren kontratazio politika zehatza dakar, irakasleen hizkuntza birziklatze plana edo aurrejubilazio politika edo…

 Materialaren politika indartu egin beharko litzateke, orain artekoaz gain baliabide ekonomiko gehiago jarriz eta instituzio desberdinak inplikatuz.

 Ikastetxea ardatz delarik, ezinbestekoa litzateke eguneroko bizitzan komunikazio politika egokia eta eraginkorra izatea, euskararen presentzia areagotzea eta bermatzea, eta langilegoaren hizkuntza profila irakaskuntzara ezezik beste kargu eta zereginetara ere luzatzea. Horrez gain, ikastetxe guztien gestio edo kudeaketa autonomia beharko litzateke ideia hau aurrera eramateko.

 Helburuok, estrategiak, eta dena delako planak aurrera eramateko bermea beharko litzateke, eta iraunkorra gainera. Oker ez banago Dekretu edo Agindu berezi eta propio batez ari gara.

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Egilea(k): 
Markel Arizmendi
Urtea: 
2004