Euskara Lanbide HEziketan: gainditu gabeko irakasgaia

Hedapen zabala duten zikloak euskaraz eskaintzeaz gain, lan esparrua euskaraz duten zikloak euskaraz eskaini beharko lirateke.

 Honi lotuta, bistakoa den kontu bat aipatu behar da: Lanbide Heziketan, gainerako mailetan bezala, irakaskuntza elebiduna (eta eleanitza) eskaintzeko ezinbestekoa da plantilaren egoera aztertzea eta euskalduntze beharrak definitzea.

1993an Euskal Eskola Publikoari buruzko legea onartu zenetik, Lanbide Heziketak ez du jarraitu gainerako heziketa mailetan egindako bidea. Beste mailetan euskal ereduak nagusi diren bitartean, Lanbide Heziketan D ereduaren eskaintza ez da behar bezala zabaldu. Horra hor Euskadiko Eskola Kontseiluak argitaratu berria duen txostenean jasotzen dena: D ereduaren zabaltzeak Lanbide Heziketan oztopoak aurkitu ditu, bai sare publikoan bai kontzertatuan.

 Datorren ikasturteari begira egindako eskaintzari begiratzen badiogu, Arabako eta Bizkaiko egoera penagarria dela esan dezakegu. Araban D ereduan egingo den eskaintza % 6 izango da, Bizkaian % 12 izango den bitartean. Nabarmendu behar dugu Bilboko egoera: 163 zikloetatik 2 bakarrik eskainiko dira D ereduan.

 Gipuzkoako egoera datu orokorrak hartuta pixka bat hobea da; eskainiko diren zikloen % 36 D ereduan izango dira. Hala ere, datuetan sakontzen badugu Donostia inguruko bilguneetan D ereduko eskaintza % 21 baino ez da. Azken apunte bat, orokorrean ez-nahikoa izan arren, publikoan D ereduaren eskaintza handiagoa da.

ZER EGITEN DU HEZKUNTZA SAILAK?

Hezkuntza Sailak ez du betebeharreko ardura bete. Gai honi buruz hitz egiten den bakoitzean heziketako zikloen eskaintza oso zabala eta atomizatua dela dio eta, honen ondorioz, ezinezkoa dela zikloen eskaintza A eta D eredutan egitea. Bestetik, politika bat definitu eta martxan jarri beharrean ikastetxeen esku utzi du presentzia handia duten hainbat zikloen eskaintza egitea.

 Bi hitzetan esanda, Lanbide Heziketa euskalduntzea ez da Hezkuntza Sailaren lehentasuna; derrigorrezko ikaskuntzetan eta batxilergoan egitea oso ongi dago, baina Lanbide Heziketaren lehentasunak beste batzuk omen dira. Lanbide Heziketa diseinuaren oinarriak enpresen nahiak eta eredu enpresarialak dira, eta gaur egun eremu horietan euskalduntzea bigarren mailako beharra da.

 Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan entzun dugu Angeles Iztueta Sailburua gai honi buruz hizketan, eta hona ekarri nahi dugu berak apirilaren 3an esandakoa: euskararen eta gaztelaniaren artean aukeratzeko dinamika hori amaitzeko, ematen diren eskolak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izatea du buruan EAEko Hezkuntza Sailak. D ereduaren aldeko apustu garbia egin beharrean, itxura berritzaile eta europarra duen beste bide bat aldarrikatzen du: eleaniztasuna, baina ez lehen eta bigarren hezkuntzan egiten den eran (D ereduan jakintzagairen bat ingelesez irakatsi) baizik eta oraingo D eredua deskafeinatuz (ikastetxea dagoen ingurua kontuan hartuta hizkuntza bakoitzari portzentaje bat esleituz).

 Hezkuntza eredu propioa aldarrikatzen du, baina ezaugarri nagusienetakoa den hizkuntza hezkuntza maila honetatik kanpo uzten ari da.

ETA GUK ZER DIOGU?

Ezinbestekoa da Lanbide Heziketa euskalduntzeko politikak negoziatzea eta indarrean jartzea bai sare publikoan bai kontzertatuan. Lanbide Heziketa ez da berez euskaldunduko, beraz, aurrerapausoak ezin dira irakasleen eta ikastetxeen boluntarismoaren esku eman.

 Hedapen zabala duten zikloak euskaraz eskaintzeaz gain, lan esparrua euskaraz duten zikloak euskaraz eskaini beharko lirateke.

 Honi lotuta, bistakoa den kontu bat aipatu behar da: Lanbide Heziketan, gainerako mailetan bezala, irakaskuntza elebiduna (eta eleanitza) eskaintzeko ezinbestekoa da plantilaren egoera aztertzea eta euskalduntze beharrak definitzea.

 Lanbide Heziketaren gaur egungo erronka bakarra ez da kalitatearen kudeaketa planak garatzea, badaude gehiago, eta horien artean Lanbide Heziketaren euskalduntzearena dago.

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Koldo Olaskoaga
Urtea: 
2004