Lanbide Heziketa euskaratzeko borroka

Ikastetxeen planifikazioari begira:

euskarazko eskaintza eskualde guztietan, hizkuntza bietan egindako kasuetan euskarazko taldea ziurtatuta, ikasle euskaldunen gutxienezko kopurua lortuz gero. Era berean, ikastetxeen lanpostu zerrendetan beharrezko egokitzapenak aldarrikatzen genituen, irakasle euskaldunen presentzia ziurtatzeko.

Ikasleen joera produkzio arloko zikloak eskaintzen dituzten lanbide heziketako ikastetxe tradizionaletan matrikulatzeko gero eta nabariagoa da. Publikoarekin harremana duten arloetako zikloen euskalduntzea ahaztu gabe, ikasleentzat erakargarriak diren zikloek eta ikastetxeek lehentasuna izan behar dute euskarazko eskaintza garatzeko irizpideak zehazteko unean.

Ikasturte honetan Lanbide Heziketako irakasleei eskaini zaizkien 54 ikastaroetatik soilik 3 (%5,6) izan dira euskaraz, nahiz eta 2002an sinatutako Lan Hitzarmenean ikastaro guztien %40 gutxienez euskaraz izan behar direla adierazi. Gutxienezko hau %50koa izan beharko litzateke 2004-2005 ikasturterako. Oso urrun gaude maila horretatik eta ez dugu hori betetzeko jarrera berezia ikusten administrazioan.

Administrazioak arazoa gainditzeko neurri zehatzak hartu behar ditu gaurdanik. Bidea erakutsi egin zaio. Aurreko ikasturtean landutako plana egokitu eta gauzatzeko pausuak egin behar ditu: sarri ikusten ditugun promozio kanpaina instituzional horietan euskarari ere tokia egin; euskarazko prestakuntza zikloen jarraipena ziurtatzeko sustatze-neurriak hartu; ziklo horien eskaintza ikasle eta familiengan hurbildu; erakarpen handiko zikloak euskaraz ere eskaini

 

LAB sindikatuak “Lanbide Heziketa euskaraz” lelopean jardunaldi bat burutu zuen 2002ko apirilaren 27an. Horren asmoa zen arlo horretan egiten ari ziren esperientziak aztertzea eta Lanbide Heziketaren euskalduntzeak zituen argiak eta itzalak azaltzea. Zoritxarrez, Euskal Herriko lurralde guztietako egoeraren larritasuna berrestea besterik ez zen egin. Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntza ez da existitzen etapa honetan, baina Hegoaldean ere eskaintza ia hutsaren hurrengoa da, Araban, Bizkaian eta Nafarroan, bereziki.

2002KO EGOERA

 Jardunaldian azaldutako datuetan ikusi zenez, Araban lanbide ikasketetan ziren 4.528 ikasletik, 69 baino ez ziren euskaraz ikasten ari, hots, %1,5a; Bizkaian, 15.251tik 1.678, %11; Gipuzkoan zegoen egoerarik onena, 3.722 ikasle baitziren euskaraz ikasten, 10.544 ikasletik %35,3; Nafarroan, ikastetxe bakar batean ikas zitekeen euskaraz, Donapea Institutuan, non 20 ikasle baitziren, eta Baztan-Bidasoako  bi institutuetan aukera zegoen gazteleraz eta euskaraz eredu mistoan ikasteko.

 Jardunaldi horietan, lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko Lanbide Heziketak duen garrantzia aldarrikatu zen eta hezkuntzako etapa hau euskalduntzeko kontuan hartu beharreko hiru ildo azpimarratu genituen:

 -          Prestakuntza Zikloen euskara-maparen planifikazioa.Planifikazio baterako proposamena luzatu genuen, eskaintza orekatua bilatzeko. Proposamen horretan lurralde bakoitzeko egoera aztertu genuen eta euskararen eskaintza ziurtatu behar zen eskualdeak azaldu genituen: Aiara eta Gasteiz, Araban; Sakana eta Iruñea, Nafarroan; Bilbo, Ezkerraldea, Hego eta Ipar Uribe, Bizkaian; Gipuzkoan, ere, Donostialdea eta Oarso-Bidasoa eskualdeetan egoerari buelta eman beharra azpimarratu genuen.

 -          Irakasleen gaitasun linguistikoaren egoera eta berau garatzeko neurriak. Irakasleria, prozesu honetan protagonista nagusienetarikoa dugula adierazi genuen, Hizkuntza Eskakizunik gabeko irakasleak ezin baitira oztopoa izan euskarazko eskaintza garatuz joateko. Arlo honetan baliabide gehiago jartzeko beharra gailendu zen.

 -          Ikasmaterialak eta prestakuntza euskaraz. Ikasmaterialei dagokienez, ongi ikusten zen Lanbide-Ekimenarekin hasitako prozesua, baina kezka agertu zen hainbat espezialitatetan gerta zitekeen atzerapenagatik, jarritako lehentasunak zirela eta, osasun arloa kasu. Beste bi ekimenen (IRALE R400 eta EIMA deialdien) eragozpenak aipatu ziren. Prestakuntza arloan nabaritu ziren gabezi nagusienak, euskaraz eskaintzen diren ikastaroei erreparatuko bagenie, “gureak egin du” esan beharko baikenuke. 

 URTE HAUETAKO GARAPENA

LABek azterketa honen ondorioak zehaztu eta hezkuntza administrazioekin aurrera eraman beharreko estrategiak definitu zituen. Zoritxarrez, nafar administrazioarekin gai honetaz ezer egiterik ez dagoenez, EAEko administrazioari luzatu zitzaion lanbide heziketa euskaraz sustatzeko plangintzaren beharra. Gaiari 2002-2003 ikasturtean zehar heldu zitzaion, Planifikazio Batzordearen bilerak hasi zirenean. Bertan, LABek azaldu zuen euskarazko eskaintzaren urritasuna onartuta, berariazko batzordea sortzea erabaki zen, non eskaintzaren azterketa lurraldeka egin eta maparen aldaketa batzuk proposatu baitziren.

 LABek, 2003ko maiatzean EAEko administrazioari proposamena luzatu zion, batzordean landu zen plana gauzatzeko ezarri behar ziren neurriak behin aurkezturik. LABen helburua, 2003-2004 ikasturterako lehenengo pausuak egitea zen. Hiru mailatako neurriok aurreikusten genituen:

 -          Jendarteari begira: EAEko Hezkuntza Sailak kanpaina bereziak egitea, jendarteak euskarazko lanbide heziketaren garrantzi estrategikoa bereganatzeko.

 -          Ikastetxeen planifikazioari begira: euskarazko eskaintza eskualde guztietan, hizkuntza bietan egindako kasuetan euskarazko taldea ziurtatuta, ikasle euskaldunen gutxienezko kopurua lortuz gero. Era berean, ikastetxeen lanpostu zerrendetan beharrezko egokitzapenak aldarrikatzen genituen, irakasle euskaldunen presentzia ziurtatzeko. Erran nahi baita, lanpostu zerrendek definitzen dituztela ikastetxeen arteko leku-aldaketak eta oposizioetan eskaintzen diren lanpostuak, 2003. urtean gauzatutako oposizioan gertatu bezala, non 349 lanpostuetatik 129 (%37a) baino ez ziren 2. hizkuntza eskakizuna zutenak.

 -          Irakasleen beharrei begira: aurretik esan bezala, hizkuntza eskakizunik gabeko irakasleak egoteak ezin du euskarazko eskaintza garatzea oztopatu. Neurri bereziak hartu beharko dira irakasle horiek egokitzeko, beste etapetan egin den bezala.

EGUNGO EGOERA

Salatu beharra dago EAEko administrazioaren utzikeria, inoiz ez baititu gauzatu planak ezartzen zituen aldaketak, ezta egindako proposamenei erantzun ere. Bi urte beranduago, 2002. urtean azaltzen genuen egoera larriagotu da, euskaraz ikasten duten lanbide heziketako ikasleen portzentaia %18tik %16,3ra jausi baita EAEn, eta Bizkaian %8,9ra besterik ez da iristen. Datuok ikusita, euskarazko lanbide heziketa Bizkaian hiltzorian dagoela esan daiteke.

 Aipatzekoa da, era berean, Gipuzkoan ziren D ereduko bi eskolen itxiera: Oreretako Zamalbide eta Donostiako Martutene. Honek Donostialdea eta Oarso-Bidasoako eskualdeak ia euskarazko eskaintzarik gabe utzi ditu.

 Azterketa sakona eskatzen du euskara hutsaren aldeko apustua egin duten horrelako ikastetxeen ikasle faltak. Izan ere, ziklo eskaintza murritza duten ikastetxeetan eta industria arloko ez diren zikloetan ikasleak erakartzeko arazoak badira. Ikasleen joera produkzio arloko zikloak eskaintzen dituzten lanbide heziketako ikastetxe tradizionaletan matrikulatzeko gero eta nabariagoa da. Publikoarekin harremana duten arloetako zikloen euskalduntzea ahaztu gabe, ikasleentzat erakargarriak diren zikloek eta ikastetxeek lehentasuna izan behar dute euskarazko eskaintza garatzeko irizpideak zehazteko unean.

 Norabide honetan, LABek urgentziazko neurriak hartzeko eskaera egin dio EAEko administrazioari, hain larria den egoerari buelta ematen hasteko. Lanbide Heziketako Zuzendaritzak ezer gutxi egin du egoera aldatzeko. Ereduen inguruan ikerketa soziologikoa egiten ari den aitzakiaz, neurriak atzeratzen ari dira eta hiru hizkuntzatako balizko ereduan oinarritzen du irtenbidea. Posible ote da hori? Ikasturte honetan egin duten gauza bakarra, ikasleentzat oso erakargarriak diren hainbat ikastetxeetako zuzendariei zikloren bat euskaraz eskaintzeko aukera azter dezaten eskatzea izan da. Jai dugu ikastetxe horietako zuzendariengan utzi behar badugu euskararen garapena. Orain arte, guztiz kontrakoak izan ez direnak oso jarrera motela izan dute borroka honen inguruan. Noiztik uzten du Hezkuntza Sailak zuzendarien esku hezkuntza eskaintza orokorra planifikatzeko ardura?

 LABen ustez, administrazioaren betekizuna da planifikazio hau eta bere ardura betetzea exijitzen dio. Horrelako plan bat gauzatzeko baliabideak (irakasleak eta abar) administrazioak berak inplementatu behar baitu eta ez eskoletako zuzendariek. Jarrera honek itxurakeria besterik ez du adierazten eta ez egoera aldatzeko behar duen ardura.

 EUSKARAZKO IKASMATERIALAK ETA PRESTAKUNTZA

Euskarazko ikasmaterialen atalean aurrerapausoak egin dira urte hauetan, Lanbide Ekimena proiektuaren esker. Hala ere, hedatuenak diren zikloetako ikasmaterialen itzulpena (Fabrikazio Mekanikoa eta Elektrizitate eta Elektronika) nahiko aurreratua badago ere, oraindik gabeziak daude hedapen txikiagoko zikloetan.

 Prestakuntza atalean ez da gauza bera gertatu eta oraindik egoera oso desorekatua da. Ikasturte honetan Lanbide Heziketako irakasleei eskaini zaizkien 54 ikastaroetatik soilik 3 (%5,6) izan dira euskaraz, nahiz eta 2002an sinatutako Lan Hitzarmenean ikastaro guztien %40 gutxienez euskaraz izan behar direla adierazi. Gutxienezko hau %50koa izan beharko litzateke 2004-2005 ikasturterako. Oso urrun gaude maila horretatik eta ez dugu hori betetzeko jarrera berezia ikusten administrazioan. Administrazioaren arabera, arazoak daude euskaraz irakatsiko duten entitateak lortzeko. LABek neurriak eskatu ditu arlo honetan, deialdietan euskarazko ikastaroak eskainiko dituzten entitateei lehentasuna ematea, adibidez.

HIRU HIZKUNTZATAKO EREDUA

Lehen aipatu bezala, EAEko hezkuntza administrazioak eredu berri honetan ikusten omen du euskarazko lanbide heziketa garatzeko bidea. Kezkagarria da eredu honi buruz debate seriorik egin gabe, irtenbide gisa aurkeztea, Iztueta Sailburuak apirilaren 5ean egindako adierazpenetan agertu duen bezala. Benetako plangintza eta baliabide faltan, hirueledun proiektu miresgarria da euren ateraldia: lanbide heziketaren euskalduntzea ingelesezko eta gaztelerazko eskolen bidez egingo dugu. Hau marka!

Sinesten al du inork A ereduan ikasi duen ikasle batek gaitasunik izango duela klaseak euskaraz jasotzeko? Bizi dugun errealitateak ez du hori adierazten, A ereduak, eta askotan B eredu berak ere, ez baitute euskararen gaitasun nahikorik ematen. Eredu horiek, askotan salatu bezala, porrot egiten dute legeak definitzen dituen helburu horietan. Finean, euskaraz izan behar diren zikloetan gaztelera sartzeko bidea irekiko luke eredu berri horrek. Borroka beste bat da, egun bizi den egoera kaxkarra gainditzeko neurri ausartak hartzea alegia. LABek ez du arazorik jarriko ingelesez emandako irakasgaiak sartzeko, ikasleen mailak eta irakasleen gaitasunak hori ahalbideratzen badute, baina hain eskasa den euskararen presentzia murrizteko pausurik ez, mesedez!

 ONDORIOAK

Egindako argazki honetan argi ikusten da urte hauetan euskarazko eskaintzak izan duen garapena. 2002. urtean bizi genuen errealitate gordina gainditu beharrean, atzera pausuak izan direla esan dezakegu. Nafarroan, orduko egoerak bere horretan jarraitzen du. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ezer gutxi aurreratu da, ez bada atzera egin. Aipatu Zamalbide eta Martutene ikastetxeak ixteak eta Bizkaian sakabanatuak ziren hainbat ziklo minoritarioak desagertzeak euskararen presentzia are gehiago murriztu dute etapa honetan.

 LABen ustez, ez da garaia arazoaren irtenbidea ikerketa eta saiakuntzetan bilatzeko edo ziklo eskaintza ugaria duten ikastetxeetako zuzendariei eskaerak egiteko, irtenbidea beren esku egongo balitz bezala. Administrazioak arazoa gainditzeko neurri zehatzak hartu behar ditu gaurdanik. Bidea erakutsi egin zaio. Aurreko ikasturtean landutako plana egokitu eta gauzatzeko pausuak egin behar ditu: sarri ikusten ditugun promozio kanpaina instituzional horietan euskarari ere tokia egin; euskarazko prestakuntza zikloen jarraipena ziurtatzeko sustatze-neurriak hartu; ziklo horien eskaintza ikasle eta familiengan hurbildu; erakarpen handiko zikloak euskaraz ere eskaini, euskararen presentzia indartzeko helburuaz…

 Finean, euskarak etapa honetan behar duen presentzia bermatzeko neurriak hartu behar dira, euskara normalizatzeko bidean estrategikoa baita. Euskara etapa honetan normalizatzen lortuko denean, izango da garaia hizkuntza desberdinetako ereduak ezartzen hasteko. Administrazioak, ere, lan handia badu borroka honetan ekiteko.

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Esteban Agirre
Urtea: 
2004