IHM Fundazioaren erabilera-plana: Goazen egitasmoa, lan-mundua berreuskalduntzeko oinarrizko urratsa.

Makina Erreminta sektoreko enpresen %80a Euskadin kokatuta dago, Elgoibarren %30, beraz, 3.000 lanpostu inguru dira sektore horri lotuak, eta IMHk 40.000 bat ordu ematen ditu urtean formazioan eta aholkularitzan enpresa horientzat. 300 enpresa baino gehiagorekin du elkarlana urtero.

Eusko Jaurlaritzak Elgoibarko Udalaren bitartez martxan jarri zuen 2003. urtean Euskara Biziberritzeko Plana, IMHk Aholkularitza Batzordean parte hartuz.

Bestalde, 2000 urtetik aurrera, IMH eta Ahizeren arteko lankidetza estutu egin zen EGALIK[1] tresnaren sorrerarekin. Elkarrekin hasitako ibilbide horren pauso berria izan zen 2003 urtean adostu zen Euskararen erabilera sustatzeko plana

Hasierako Lanbide Heziketari dagokionean, hurrengo atalean datu gehiago emango ditugu, baina hona hemen eskaintzari buruzkoak: 8 ikastalde D ereduan eta 8 An. Ikasle gehiago matrikulatzen da D ereduan: 2000tik hona urtez urte izandako bilakaera ehunekotan: %54; %59; %56 eta %61.

Lanbide Heziketa Iraunkorra: ikastaroak gaztelaniaz ematen dira, baina harreman asko euskaraz egiten dira. 10 arlotatik 7tan euskara dakiten irakasleak daude.

Txandakako Ingeniaritza: eskolak gaztelaniaz ematen dira, baina ikasle gehienak D eredutik datoz eta 32 irakasleetatik 13 euskaldunak dira.

Plan estrategikoak euskararekin zerikusia duen helburu bat du: “Hiru eletan garatuko den formazio eredua garatu [euskara, gaztelania eta ingelesa], horretarako, hasteko D eredua ezarri erdi eta goi mailako Hasierako Lanbide Heziketako zikloetan, eta ondoren, Lanbide Heziketa Iraunkorrera eta Txandakako Ingeniaritzara zabaldu”.

Ahize hizkuntza-aholkularitzak IMHri proposatu zion interbentzioa zazpi zutabe edo programatan oinarritzen da: erabilera, ezagutza, motibazioa, erakundetzea edo instituzionalizazioa, komunikazioa, finantziazioa eta jarraipena.

Erabilera sustatzea da helburu nagusia, baina gainontzekoak ezinbestekoak dira egitasmoak behar den bezala aurrera egingo badu.

Jarraipenari programa izaera eman nahi diogu “neurgarria denari buruz baino ezin baitira hartu erabakiak enpresan”, eta garrantzitsua jotzen baitugu, ebaluazioari eta gogoetari behar duten tartea ematea.

Egindako batzuk

GOAZEN batzordea antolatu eta prozesu bakoitzaren jarraipena bermatu bertatik

Gogoeta estrategikoa

2004 kudeaketa-planean euskarari lotutako ekintzak txertatu prozesu guztiek

Dokumentua bera sortzea urrats kuantitatiboa da, eta adostasunean oinarritzea arrakastarako bermea.

Planaren motorrik garrantzitsuenak kanpokoak dira: demanda eta gizarteari zerbitzua ematea. Ereduen bilakaerak eragin handiagoa du une honetan HLH eta ingeniaritzan gainontzeko prozesuetan baino, eta hein handi batean, ikasleak euskaraz ikasteko gai izango direla aurreikusten da; gizarteari dagokionez, lan-mundua euskalduntzeko IMHk duen eragina aipatzen da.

Misioa [zirriborroa]

Euskara oinarrizko hizkuntza izan dadila lanean, produktuetan, eta barne eta kanpoko harremanetan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, beti ere inguruaren errealitatearekin eta bezero bakoitzaren beharrekin bat datorren eskaintza malgua sustatuz eta erakunde barruko baloreak errespetatuz.

D eredua ezarri zen garaian, askok ezinezkotzat jotzen zuten, baina egungo ikusmiratik, galdetegia erantzun duten guztiak ados dira: IMHk D eredua ezarri ez balu, ez zuen bere misioa beteko, ez zituen bezeroen eta gizartearen igurikimenak edo espektatibak beteko, talde eta irakasle gutxiago izango zituen, irudi txarra izango zuen, eta azken finean, atzean geratuko zen.

SARRERA

Makina Erreminta Institutua [IMH] ez da lanbide heziketa eskola arrunta, izan ere, sektorean aitzindaria eta berritzailea izan da, eta hori baino zerbitzu zabalagoa ematen die enpresei. IMHk berak ere enpresatzat du bere burua, hain zuzen ere, mozkinik banatuko ez duen enpresa, baina zerbitzua egokitu eta hobetzeko irabaziak lortu nahi dituena.

Artikulu honetan, IMHren azken urteetako ibilbidearen azalpena aurkituko duzu, bereziki azken urtekoa, izan ere, 2003ko udan erabaki baitzuen euskararen erabilera sustatuko zuen plan bati ekitea.

Hurrengo lerroetan, erakundearen eta inguruaren deskripzioetatik eta aurrekarietatik hasita, planaren ibilbideari jarraituko diogu, egun darabilzkigun ideietara iritsi arte. Beti ere, esperientzia hau, hutsuneak zein asmatu ditugunak, baten bati lagungarri izango zaizkiolakoan. Ekin diezaiogun, beraz, azalpenari.

MAKINA ERREMINTAREN INSTITUTUA - IMH FUNDAZIOA

Makina Erremintaren Institutua industriaren eta gizartearen zerbitzura dagoen berrikuntza teknologikorako zentroa da, eta bere jarduera prestakuntza teknikoaren eta teknologiaren hedapenaren eremuan kokatzen du.

1986an abiatu zen proiektua. Garai hartan, hezkuntza sistemaren planifikazioaren ondorioz, desagertzear zegoen metalaren adarra Elgoibarko Lanbide Heziketa ikastetxean, nahiz eta eskualde horretan eta inguruan Euskadiko makina erreminta enpresa gehienak kokatuak izan. Gauzak horrela, zuzendaritza aktibatu egin zen eta ezaugarri garrantzitsu bat zuen proiektua landu zuen: inguruko enpresekin alderatu proiektua bera, eta modu horretan egitasmoa aberastu. Horrela lortu zuten herri-administrazioen, enpresen, eta gizarte eragileen laguntza zuten asmo hura gauzatzeko.

 1989an sortu zen IMHren jardueraren bultzatzailea izango den Makina Erreminta arloko Prestakuntza Teknikorako Fundazioa [FFTMH] eta 1991an inauguratu zuten Elgoibarren duen egoitza.

Fundazioaren misioa: inguruko enpresek eskatzen dituzten pertsonen kalitatezko formazioa sustatu ikusmira integral eta berritzailetik, beti ere makina erreminta arloari lotutako jarduerak lehenetsita.

IMHren ezaugarrien artean:

  • Emaitzari erreparatu: eragile guztien asebetetze orekatua lortu, enpresak, ikasleak, irakasleak, gizartea, administrazioa.
  • Bezeroari erreparatu: zerbitzuaren kalitatea neurtuko duen arbitroa. Egungo eta etorkizuneko premiei erreparatu.
  • Gizartearekiko erantzukizuna: ikusmira etikoa. Araudiak dioena eta gizartearen aurreiritziak gainditu.

Egun, IMHk 91 langile ditu, 45ek Hezkuntza Sailarentzat dihardute lanean eta 46k Fundazioaren izenean. 3.000 ikasle ditu heziketaren atal guztiak elkarrekin hartuta. Azken urtean: Hasierako Lanbide Heziketan 244, Okupazionalean (Lan Saila eta INEMentzako ikastaroetan) 124, Lanbide Heziketa Iraunkorrean 2.796, Txandakako Ingeniaritzan 70...

Makina Erreminta sektoreko enpresen %80a Euskadin kokatuta dago, Elgoibarren %30, beraz, 3.000 lanpostu inguru dira sektore horri lotuak, eta IMHk 40.000 bat ordu ematen ditu urtean formazioan eta aholkularitzan enpresa horientzat. 300 enpresa baino gehiagorekin du elkarlana urtero.

Produktuak:

  • Hasierako Lanbide Heziketa: erdi mailako Mekanizazio zikloa eta goi mailako 3, Proiektu Mekanikoen Garapena, Mekanizazio Bidezko Produkzioa eta Industri Ekipoen Mantenamendua. 2004/05 ikasturtean erdi mailako Makineria eta linea-eroanbideen instalazio eta mantenimendu elektro-mekanikoa zikloa gehituko da.
  • Lanbide Heziketa Iraunkorra eta Okupazionala: langabetuentzat eta lanean ari direnak egunean egoteko ikastaroak.
  • Txandakako Enpresa Ingeniaritza: lana eta ikasketa bateratzen duen karrera.
  • ITE: Ikertu eta garatu egiten ditu hezkuntza eredu eta metodología berriak.
  • Nazioarteko proiektuak: Malasia, Txina, Txile...
  •  e-LEARNING: internet bidezko formazio teknikoa.
  • INCRESS: Zerbitzu integrala eman enpresei langileen gaitasunen kudeaketa egokia egiteko.

Kalitatea:

1998an IMHk ISO 9001 ziurtagiria jaso zuen, sare publikoaren Lanbide Heziketako lehenengo ikastetxea izanik.

EFQMren bideari ekin ondoren, 2000 urtean Zilarrezko Q-a jaso zuen.

 ERABILERA-PLANAREN AURREKARIAK

Makina-Erremintaren Institutua sortu zenetik gizarteari eta makina-erremintaren sektoreari formazioa eta zerbitzua emateko xedeaz gain hasieratik izan zuen garbi, kokatuta dagoen ingurunea euskalduna izanik, institutuko giroa ere ahalik eta euskaldunena izan behar zuela. Horretarako, honelako erabakiak hartu ziren:

  • Bulegoetan publikoarekin lan egin behar duten langileek euskara jakitea
  • Eskolako seinale guztiak elebietan idatzita egotea
  • Idazki ofizialak elebietan egitea eta lehentasuna euskarari ematea

1995ean Elgoibarko Udaletxeak bultzatuta “Gurean Bai” hasi zen martxan. “Gurean Bai” Elgoibarko elkarte eta ikastetxeetan euskararen erabilera bultzatzeko sortu zen, eta IMHk parte-hartzeko pausoa eman zuen hitzarmena sinatuz. Honela, IMHn langile-talde bat sortu zen, hitzarmeneko puntuak gauzatzeko: inprimakiak, kontratuak, zigiluak, txartelak euskaratzea, euskara soileko edo ele bietako kopurua handitzeko xedearekin eskutitzen jarraipena egitea, bulegoko euskara idatzizkoan trebatze ikastaroa egitea, besteak beste.

1997an hitzarmen espezifikoa sinatu zuen IMHk “Gurean Bai”-rekin, 3 urterako eta euskararen plana zehaztu. Plan honetako erronka nagusiena Hasierako Lanbide Heziketan klaseak euskaraz ematen hasteko planteamendu serioa egitea izan zen. Ordurako irakasleek ikasgeletako, laborategietako eta lantegiko klase-orduetan euskaraz ematen zituzten azalpenak, taldeko ikasle euskaldunei. Baina berehala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik irakasleak euskalduntzeko planak indartu ziren momentuan, irakasleek borondatezko lana profesionaltasunaren ikuspuntutik hartu zuten, eta beharrezko ikusi zuten euskara ikastea. Bai Jaurlaritzako, bai Elgoibarko “Gurean Bai”-ko eta bai IMHko irizpideek bultzatuta, D Eredua errealitate bihurtu zen 2000 urtean.

Eusko Jaurlaritzak Elgoibarko Udalaren bitartez martxan jarri zuen 2003. urtean Euskara Biziberritzeko Plana, IMHk Aholkularitza Batzordean parte hartuz.

Bestalde, 2000 urtetik aurrera, IMH eta Ahizeren arteko lankidetza estutu egin zen EGALIK[1] tresnaren sorrerarekin. Elkarrekin hasitako ibilbide horren pauso berria izan zen 2003 urtean adostu zen Euskararen erabilera sustatzeko plana, Elgoibarko Udalean EBPNa garatzen hasi zen aldi berean gertatuz.

EGUNGO EGOERA: DIAGNOSTIKOA LABUR

Ingurua:

Besteak beste, ingurunearen datu soziolinguistikoak oso garrantzitsuak dira IMHrentzat bi zentzutan:

  • IMHk bat egin nahi duelako ingurunearen errealitate soziolinguistikoarekin.
  • Etorkizuneko joerak eta beharko diren irtenbideak aurreikusten lagunduko digutelako.

Elgoibarrek 10.219 biztanle ditu, horietatik %61 dira euskaldunak, eskualdeak baino puntu bat gehiago [53.058 biztanle eta 31.933 euskaldun][2]. Gipuzkoako portzentaia baino hamar puntu gorago dago Elgoibar, eta udalerri hori C2 ereduan kokatuta dago Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian, hau da, jorratu beharreko lehentasuneko esparrua du lan-mundua.

Urola-Kosta eskualdea ere IMHren eragin eremuan dago, bereziki Azkoitia eta Azpeitia. Kasu horietan, euskaldunen kopuruak gora egiten du 51.308 dira, hau da, %79 [Azkoitiak 8.007, %80; eta Azpeitiak 11.689, %88][3].

Bi eskualde horietan ez dago A eredurik 16 urte bitarteko ikasleen artean, B eta, bereziki, D ereduak dira nagusi. Horrek ez du baina, kasu guztietan, ikasleen elebitasun-oreka bermatzen, izan ere, alde batetik, gaztelaniaz ondo komunikatzeko gaitasuna nahikoa ez duten ikasle batzuk badira, eta bestetik, gune batzuetara gero eta ugariago datozen etorkinak ditugu.

Euskararen egoera IMHn: erabilera, ezagutza, motibazioa, statusa

2003ko udazkenean egindako diagnostikoan lortutako esanguratsuak izan daitezkeen datu batzuk jarraian azalduko ditugu:

  • Erakunde gaztea da: 40 urtetik beherakoak %83
  • Gazte askok kontratu finkoa dute: 40 urtetik beherakoek dute kontratu finkoen %75
  • Baina bada urtero aldatzen den langile poltsa esanguratsua: %17
  • Erabilerari dagokionez, galdetegi bidez norberak aitortutako erabilera:

Ahoz beti edo gehiago euskaraz: %34

Idatziz beti edo gehiago euskaraz: %18

Jasotako mezu elektronikoak euskaraz: %59

Bidalitako mezu elektronikoak euskaraz [hartzaile euskalduna %72]: %55

Bilerak, bilera-deiak eta aktak gaztelaniaz oro har.

 

  • Ezagutza: %67
    • Ulertzeko gai %74 [+ erdizka %86], eta irakurtzeko %65 [+ erdizka %80].
    • Hitz egiteko gai %60 [+ erdizka %72], eta idazteko %54 [+ erdizka %72].
    • 10 bat lagun ditugu ulertzeko gaitasuna mugatua dutenak eta beste 5 erdizka ulertzeko gai.
    • 34 langilek egin dute euskara ikastaroren bat. Azken hiru urtetan 14 lagunek ikasi dute euskara. Egun 6 ari dira.
  •  Zerbitzu hizkuntzari dagokionez, eskaintzen diren produktuak kontuan hartuta:
    • Hasierako Lanbide Heziketari dagokionean, hurrengo atalean datu gehiago emango ditugu, baina hona hemen eskaintzari buruzkoak: 8 ikastalde D ereduan eta 8 An. Ikasle gehiago matrikulatzen da D ereduan: 2000tik hona urtez urte izandako bilakaera ehunekotan: %54; %59; %56 eta %61.

Datu osoak ikusita:

urtea

DPM

PM

MEI

TM

Guztira

A

D

A

D

A

D

A

D

2000-2001

32

56

22

25

33

50

47

27

292

2001-2002

20

65

22

26

26

42

35

18

254

2002-2003

38

33

15

26

24

39

17

22

214

2003-2004

31

39

22

33

34

40

21

24

244

 

  • Lanbide Heziketa Iraunkorra: ikastaroak gaztelaniaz ematen dira, baina harreman asko euskaraz egiten dira. 10 arlotatik 7tan euskara dakiten irakasleak daude.
  • Txandakako Ingeniaritza: eskolak gaztelaniaz ematen dira, baina ikasle gehienak D eredutik datoz eta 32 irakasleetatik 13 euskaldunak dira.
  • Enpresei eta administrazioari eskaintzen zaizkien proiektuak eta zerbitzuak: gaztelaniaz.
  • Harrerako telefonoa lehen hitza euskaraz, gainontzekoek irizpiderik ez.
  • Bi solaskideak euskaldunak direnean, ahoz behintzat euskaraz egiteko joera dago IMHn; idatziz, berriz, gehienetan ez da horrela izaten.
  •  Ikasle eta gurasoekin diren idatzizko harremanetan zaindu egin da elebitasuna.
  • Publizitatea: Euskarazko komunikabideetan euskaraz egiten da publizitatea, baina publizitate gehiena erdarazko komunikabide handietan egiten da.

Hizkuntza paisaiari dagokionez, zuzeneko behaketa eta lagin batzuk hartuta:

Errotuluak: %93

Zigiluak: %72

Kartelak: %56

Karpetak: %33

Faxak, fakturak...: %29

Kalitateko formatuak: %26

Makinen tiraderak eta inbentarioak: %21

Mantentze parteak: %20

Memoriak hiru eletan.

Web-orria eleanitz, baina hobetzeko atalak ditu.

Nominak: atal batzuk euskaraz.

Makinen pantailarik euskaraz: ez

Informatika parterik euskaraz: ez

Kontraturik euskaraz: ez

  • Jarrerei dagokienez:

Plana beharrezkoa da: %69,23

Planaren egitearen aurka: inor ez.

Planean parte hartzeko prest: %89

Formazioa jasotzeko prest: %83

Helburutzat euskaraz lan egitea: %51

 

  • Euskararen statusari dagokionez:

           Plan estrategikoak euskararekin zerikusia duen helburu bat du: “Hiru eletan garatuko den formazio eredua garatu [euskara, gaztelania eta ingelesa], horretarako, hasteko D eredua ezarri erdi eta goi mailako Hasierako Lanbide Heziketako zikloetan, eta ondoren, Lanbide Heziketa Iraunkorrera eta Txandakako Ingeniaritzara zabaldu”.

           IMHk langile bat du euskararekin zerikusia duten gaietaz arduratzeko: zuzendaritza-idazkaria.

           Euskararen erabilerari buruz ez dago idatziz zehaztuta: politikarik, plangintzarik, irizpiderik, sistematikarik, egiturarik eta aurrekonturik.

           IMHko dokumenturik garrantzitsuenak gaztelaniaz daude.

Euskararen egoera HLHn:

Hasierako Lanbide Heziketan gehiago sakonduz:

  • Aurrerapauso handiak eman dira azken hiru urteetan.
  • Ekipoaren %75k 2. HE edo EGA du [30 lagunek]. Beste 6k 1. HE. 5k ez dute [2 ikasten]. Liberatu 1 Iralen.
  • Material didaktikoa: 10 modulutan materialaren %85etik gora falta da euskaratzeko. Ingelesa kenduta 48 modulu dira guztira.
  • Kanpora begira elebidun: gurasoekin bileran gaztelaniari lehentasuna.
  • Barrura begira gehienbat gaztelaniaz [mezuak...].
  • Irakasle euskaldunen bilerak euskaraz, orokorrak gaztelaniaz.
  • Ez dute Ulibarri programa ezagutzen.
  • Garatu programako formazioa: %10 euskaraz.

GOAZEN EGITASMOA

Proposatutako interbentzio eredua

Ahize hizkuntza-aholkularitzak IMHri proposatu zion interbentzioa zazpi zutabe edo programatan oinarritzen da: erabilera, ezagutza, motibazioa, erakundetzea edo instituzionalizazioa, komunikazioa, finantziazioa eta jarraipena.

Erabilera sustatzea da helburu nagusia, baina gainontzekoak ezinbestekoak dira egitasmoak behar den bezala aurrera egingo badu. Izan ere, proiektuek, gizakiok bezala, bizi-irauteko oinarrizko baldintzak lortu behar dituzte:

  •  IMHko Fundazioaren diru sarrera, enpresetan bezala, bere aktibitatearen fakturaziotik datorrela kontuan izanik, finantziaziorik gabe egun ez dago egiterik. Izan ere, gaur egun, formazioa euskaraz emateak galera ekonomikoak dakarzkie eragileei: materialak sortu edo itzuli, irakasleak formatu, taldeak osatzeko zailtasuna, talde txikiagoak izatera errentagarritasunik ez... Eta herri-administrazioek dute hor eragin eremu nabarmena. HLHren kasuan Ulibarri programa aukera interesgarria da, baina gainontzeko prozesuetarako aukera gutxi daude; izan ere, Fundazioa izanik ez baitute IMH inongo deialditan onartzen, eta era berean, Hezkuntzak bere esparruari baino laguntzen ez baitio.
  •   Erakundetzeak erabateko garrantzia hartu du egitasmoan, lehenbailehen lortu nahi dugun helburu bat baitugu: Fundazioak berak kudea dezala erabilera-plana era autonomoan, kanpoko laguntza ahalik eta txikienarekin. Modu horretan aurrekontua murriztuko dugu, eta proiektuaren iraunkortasuna eta atzeraezintasuna bermatuko. Horretarako, erakundeak bereganatu, txertatu eta normalizatu behar du plana bere ohiko sisteman [Plan Estrategikoa, Kudeaketa Plana, Kalitate Sistema eta Formazio Plana], eta bide horri ekin diogu indartsu aurten:
    • GOAZEN egitasmoa 2004 kudeaketa-planean txertatuta dago sortu zen momentutik.
    • Euskararen gogoeta estrategikoa egin dugu 2004ko maiatzean eta barne zein kanpoko eragileek hartu dute parte bertan: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Hizkuntza Politikarako Sailordetza, Elgoibarko Udala eta Euskalgintza, enpresak, ikasleak, langileak, zuzendaritzako kideak, Gipuzkoako Ganbara, Ezagutzaren Klusterra, eskualdeko Berritzegunea, inguruko ikastetxe batzuk...
  • Komunikazioa eta Motibazioa elkarri lotuta daude nolabait. Dena den, Komunikazioaren kasuan, egiten ari garena eta egin dena jakinarazten dugu, bai erakunde barruan bai kanpoan [artikulu hau horren lekuko]; eta Motibazioaren kasuan, berriz, konpromisoak lortu eta gauzatzeko behar den bultzadaz ari gara. Dena den, batean zein bestean, egungo planen motor garrantzitsua den informazio gardena dugu.
  • Ezagutzak garrantzi handia izan du orain arteko prozesuan. Argi da, euskara ez dakienak ezin duela egin, baina era berean da egia, dakienak egiten ez badu galdu egiten dela trakzioa, indarra galtzen dutela jendearengan sortutako aurreikuspenek... Beraz, IMHk duen egoeran lehentasun handiagoa du dakitenek egitea, ez dakitenek ikasketa prozesu luze batean sartzea baino. Hori dela eta, helburu zehatzen araberako formazio planaren bila gabiltza, beti ere, erabilera sustatzea dugula helburu.
  • Jarraipenari programa izaera eman nahi diogu “neurgarria denari buruz baino ezin baitira hartu erabakiak enpresan”, eta garrantzitsua jotzen baitugu, ebaluazioari eta gogoetari behar duten tartea ematea.


 

Egitasmoaren balioak

Egitasmo hori guztia balore zehatzetan oinarrituta dago eta horiek betetzeko konpromisoa hartu da:

Malgua

Borondatezkoa

Elkarrekiko errespetuan eta adostasunean oinarritua

Gardena

Parte-hartzailea

Zuzendaritzak sustatua

Sistemikoa

Sistematikoa

Mantengarria

Iraunkorra

Atzeraezina

 

 

EGINDAKOA: 2004KO KUDEAKETA-PLANAREN LABURPENA

Filosofiatik praktikotasunera salto eginez, jarraian ikus ditzakegu aurtengorako aurreikusi ditugunak eta zenbat baliabide eskainiko zaizkion.

Helburu nagusia

IMHko langileen %30ak ahoz eta idatziz euskaraz lan egitea ikasle, enpresa eta lankideekin.

Ildo nagusiak

  1. Prozesu bakoitzak helburu bana [116 ekintza adostu dira].
  2. Bisioa eta hizkuntza-politika adostu.
  3. Euskararen prozedurak kalitate sisteman txertatu.
  4. Irizpideak zehaztu eguneroko lanerako.
  5. Paisaia %100 elebidun.
  6. Formazioa: 4 ikastaro antolatu.

 Ekintzak [laburpena]

 

Egindako batzuk

Lortzeko dauden batzuk

GOAZEN batzordea antolatu eta prozesu bakoitzaren jarraipena bermatu bertatik

Gogoeta estrategikoa

2004 kudeaketa-planean euskarari lotutako ekintzak txertatu prozesu guztiek

Finantziazioa: Udalarekin hitzarmena sinatu da, baina ezin gara Jaurlaritzaren deialdira aurkeztu

GARATUn ikastaroak eskaini euskaraz

Administrazioko karpetak euskaratu

Material armairua elebidun

Informatika eskuliburu berriak elebidun

Berba-mintza ekimena: lankideen arteko euskaratratuak

Itzulpenak: memoria, Virtool triptikoa, LH iraunkorreko eskaintza inprimakiak, Txandakako ingeniaritzaren triptikoak...

Aurkezpenak elebidunak: IMH sariak, Doitasun aretoaren inaugurazioa, TKNIKA hitzaldia...

Iragarkiak: Barren, Berria...

Formazioa: 5 ekintza antolatu eta udazkenerako beste bi aurreikusi

Formazioari buruzko hausnarketa egiteko taldea antolatu

Komunikazioari buruzko taldea antolatu

Ingeniaritzako ikasleei euskara-teknikoa modulua eskaini [ez dute aukeratu]

...

Administrazioko inprimaki guztiak euskaratu

Bilera deialdiak elebidun

Kudeaketa-planean bi prozesuren itxierak euskaraz eman

Formatu guztiak elebidun

Lan hitzarmen berria euskaratu

Intraneteko mezu orokorrak elebietan

Edari eta kafe makinak elebidun

Web-orria hobetu

“Lehen hitza euskaraz” kanpaina

Parteak elebidun [mantentze, informatika eta orokorra]

Materialak euskaratu

Maizen erabiltzen diren 25 dokumenturik laburrenak

10 makinetako instrukzioak elebidun

5 armairutako tiraderen inbentarioa elebidun

Motibazio saioak antolatu ikasleentzat

Pater Nosterraren [erreminten biltegia] inbentarioa elebidun

Ekitaldi publikoetan euskara bermatu

Eskaintzari buruzko hausnarketak bezeroekin

Euskal kulturari buruzko gida prestatu atzerritarrentzat

Virtool machine euskaratu

...

 

 

Barne ordu kopurua

Erabilera

1.073

Ezagutza

1.185

Erakundetzea

550

Irudia

158

Komunikazioa

102

Motibazioa

230

Guztira

3.288

 

 

Aurrekontua

Barne orduak

82.200 €

Ahize

12.855 €

Ikastaroak

6.700 €

Bestelakoak

1.220 €

Guztira

103.175 €

 GOGOETA ESTRATEGIKOA

2004ko kudeaketa-planaren barruan, gogoeta estrategikoa da punturik garrantzitsuenetakoa, eta artikulu hau idazten ari garen unean gauzatzen ari gara. Beraz, ezin dugu dokumentu osoa aurkeztu, baina badugu ideia garrantzitsu batzuk plazaratzerik.

Metodologia

Helburua dokumentu bat adostea izan da, eta bertan jaso etorkizunean, 2015 urtean, nolakoa izango den euskararen erabilera eta statusa IMHn, eta ondorioz, emango ditugun hurrengo pausoen norabidea aurreikusi.

Dokumentua bera sortzea urrats kuantitatiboa da, eta adostasunean oinarritzea arrakastarako bermea. Horregatik, IMHren baitako eta inguruko ikusmirak izango ditu kontuan, eta ahalik eta eragile gehienen espektatibak asebetetzen saiatuko da (zuzendaritza, langileak, ikasleak, enpresak, hornitzaileak, administrazioa, gizartea, euskaldunak, erdaldunak, euskaltzaleak...).

Lehenik eta behin, galdetegi bat betetzea eskatu genien aipatutako eragileei, eta 28k erantzun zuten. Hustuketa egin ondoren, ideiak taldekatu genituen motorrak eta balaztak nabarmentzeko, eta horren irakurketa egin ondoren, misio eta ildo batzuk proposatu genituen, eta bilera bat antolatu eragile guztion artean erabakitzeko.

 

Ateratako faktoreak labur

Erantzunak aztertuta hemen ditugu egindako irakurketa kualitatibo batzuk.

  • Erabileran gorako joera antzematen da, baina enpresekiko harremanetan gutxiago administrazioa eta ikastetxeekiko baino, eta gehiago idatziz ahoz baino [ingeniaritzaren kasuan, titulu Frantsesa dela kontutan hartuta, Frantziako administrazioa aipatzen da balaztatzat].
  • Enpresen eskaerak goranzko joera txikia du. Irizpideak zehazten hasi diren neurrian, eta jendearekin harremana duten lanpostuetan eskaerak gora egin dezakeela ikusten bada ere, hausnarketan antzeman den kanpo balaztarik nabarmenena enpresek euskarari ematen dioten garrantzi txikia da. Gainera ez da aldeko testuinguru ekonomikoa aurreikusten.
  • EAEko administrazioaren hainbat atalekiko lotura garrantzitsua da, eta horrek trakzio lana egin dezake.
  • Hiru eletako eskaintzaren inguruan zalantza dago:
  • Ikasleak ez daudelako prestatuta.
  • Ez zaiolako behar besteko garrantzia eman.
  • Eta beste kezka: gaztelaniaz aritzeko zailtasunak dituzten ikasleak ere badira
  • Planaren motorrik garrantzitsuenak kanpokoak dira: demanda eta gizarteari zerbitzua ematea. Ereduen bilakaerak eragin handiagoa du une honetan HLH eta ingeniaritzan gainontzeko prozesuetan baino, eta hein handi batean, ikasleak euskaraz ikasteko gai izango direla aurreikusten da; gizarteari dagokionez, lan-mundua euskalduntzeko IMHk duen eragina aipatzen da.
  • Planaren barne motorretan, emaitzak eta kalitatea aipatzen badira ere, garrantzitsuenak proiektuari berari lotutakoak dira:

          Erritmoa zaindu behar da, helburu lorgarriak eta pauso txikiak emanez, eta zenbat eta beranduago hasi, orduan eta balazta handiagoa.

          Hain aldeko ez direnen espektatibak bete.

          Erdaldunek filosofia ulertu eta oztoporik ez jarri.

          Zerbitzuaren kalitatea eta hizkuntzaren arteko loturaren inguruan bi jarrera azaldu dira: batak lotu egiten ditu biak [bezeroaren gogobetetzea profesionaltasuna, balio erantsia], eta besteak, berriz, bereizi, hau da, garrantzitsuena kalitatea dela eta berdin dela zein hizkuntzatan ematen den.

  • Barne balaztak baliabideen inguruan elkartu ditugu: finantziazio eta aurrekontu arazoak, materialak euskaraz ez, lana bikoiztu, bilera eraginkorrak behar, formaziorako aukera...
  • HLHn Hezkuntza Sailaren trakzioa aipatzen da, eta prozesua dagoeneko abiatuta izatea aldeko faktoretzat jo da.
  •  LHIri dagokionez, finantziazio eredua erabakigarria izan daiteke, baina HLHren eragina aipatzen da, eta eskaintzaren aukeretan sakondu beharra.
  • Ingeniaritzari dagokionez, titulazioa frantsesa dela eta taldeak osatzeko zailtasuna erabakigarriak dira, eta D eredutik etorritako ikasleen eskaera nabarmena eta euskara ez dakitenak uztartzeko zailtasuna.
  • e-LEARNINGen administrazioaren jokaera izango da erabakigarria euskararen erabilera sustatzerako orduan.
  • Proiektuei dagokienez, atzerrikoez gain, administrazioarekiko harremanak garrantzitsuak dira berriro ere, eta langile euskaldunen beharra.
  • Barne funtzionamenduari dagokionez, sentsibilitate handia dago, ondo hartu da, eta bi helburu antzematen dira: poliki ohiturak aldatu eta gaitasun komunikatibo nahikoa ez duten pertsonei begirunea eta bidea eman prozesuan partehartzeko.

Egun aztertzen ari garen hizkuntza politika eta ildo estrategikoak

Misioa [zirriborroa]

Euskara oinarrizko hizkuntza izan dadila lanean, produktuetan, eta barne eta kanpoko harremanetan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, beti ere inguruaren errealitatearekin eta bezero bakoitzaren beharrekin bat datorren eskaintza malgua sustatuz eta erakunde barruko baloreak errespetatuz.

Ildo estrategikoak [zirriborroa]

  • Enpresetara iritsi arte hizkuntza katea gorde dadila bermatu.
  • Euskara teknikoaren erabilera sustatu, formazioan eta zerbitzuetan barneratuz.
  • Erakunde, enpresa, elkarte, eta abarrekin elkarrekin jardun euskararen normalkuntzaren prozesuan.
  • Euskal identitate kulturala indartu eta aniztasuna errespetatu
  • Banakako hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskalduna ez den langilearen integrazioa erraztu.
  • Organizazioak eta inguruak bere gain hartu ahal izango duen erritmoan arituta, misioa betetzeko beharrezkoak diren baliabide eta tresnak bermatu.

LABURBILDUZ

IMH fundazioak argi du, duen eragin esparrua izanda, kalitateko zerbitzua eman nahi badu, ezinbestekoa duela euskaraz ere egitea. Izan ere, D eredua ezarri zen garaian, askok ezinezkotzat jotzen zuten, baina egungo ikusmiratik, galdetegia erantzun duten guztiak ados dira: IMHk D eredua ezarri ez balu, ez zuen bere misioa beteko, ez zituen bezeroen eta gizartearen igurikimenak edo espektatibak beteko, talde eta irakasle gutxiago izango zituen, irudi txarra izango zuen, eta azken finean, atzean geratuko zen.

IMHk badaki 2015 urteko erakundea ez dela gaur dena izango, oraingoa duela hamar urtekoa ez den bezala, eta erakundea osatzen dutenen esku dagoela zer izan nahi duten erabaki eta egitea. Horregatik, garrantzitsua da aldaketak lehenbailehen aurreikustea, eta ahal den neurrian, egoerari aurrea hartzea.

Lanak lan, ez gara bide hori egiteko dugun bakarrak, eta eragile guztien arteko elkarlanak zamak arintzen dituenez, bide horri ekin diogu inguruan ditugun enpresa, elkarte eta herri-administrazioekin komunikazioa landuz. Eta une honetara iritsita, ezin artikulua amaitu Elgoibarko Udalak emandako laguntza eskertu gabe.

 



[1] Euskara Gaitasun Linguistikoaren Kudeaketarako softwarea: langileen hizkuntza-gaitasun eta lan-eginkizunak alderatzen ditu erakundearen beharrak identifikatzeko, eta formazioaren eragina neurtzeko. Interbentzioaren eragina eta atarramentua areagotzen ditu.

[2] Eustat 2001.

[3]Eustat 2001.

 

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joxean Egaña, Edurne Bilbai, Mikel Urdangarin
Urtea: 
2004