Lanbide Heziketa eta euskara Euskal Autonomia Erkidegoan

Formazio ziklo batzuetan ikasle kopuru interesgarriak ematen du izena, eta beste batzuetan berriz oso gutxik. Erdi Mailako Formazio Zikloetara, orokorrean, dauden  30.000 ikasletik 11.000 etortzen dira eta hauek erkidego osoko ikastetxeen artean 39 ziklo desberdinetan banatzen badira, gehi A eta D ereduetan banatzen baditugu, taldeen osaketa benetan mirari bat izaten da.

Momentu honetan 96 ziklo desberdin eskaintzen ari gara eta horietatik 47 D ereduan gauzatzen dira. Gainera, ikastetxe guztien artean eskaintzen denarekin, 3.000 ikasle postu goitik bete gabe gelditzen dira, eta hauetatik 900 D ereduetako taldeetan. Beraz, momentuz eskaintzen ari garenarekin plazak soberan daude; beharbada, bakoitzak nahi duen tokian ez dituela aurkituko izango da hurrengo arazoa.

Irakasle asko izan dira aurreko

lerroetan adierazi dugunagatik euskalduntzeko prozesua atzeratu zutenak. Behar bada orain, berriro animatu eta lagundu behar genieke. Beste irakasle batzuek aldaketarik ez izateko bere aldera ere bultzatzen dute; ez dute ahalegin hori egin nahi. Ez dute ikusi nahi zenbait lurraldetan eta zonaldetan ikasleen gehiengoa euskaraz ikasten ari dela, eta horiek direla etorkizunean beraiekin egongo direnak, eta lan munduan txertatzen lagundu behar diegula.

3. AURRERA BEGIRA ZER?

Azterketa honen ondoren erabakiak hartu beharko ditugu, baina emaitzek zer esaten duten jakin bitartean, zer eginik badago eta egiten ari garen ekintzen artean aipatzekoak hauek izango lirateke

Aurrera begiratuz eta ikerketak zer esango duenaren zain, irakasleen formaziorekin eta euskalduntzearekin jarraitu eta sakondu behar dugu.

 Materialgintzari bultzada handi bat eman behar diogu, eta lantegiak ere lan honetan murgilarazi behar ditugu, beraien materialak baitira askotan erabiltzen ditugunak eta hauek euskaraz eginez gero, lan erdia izango genuke.

 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan bere ikasketak euskaraz egiten jarraitzen dutenak gehiengoa dira; aldiz, Lanbide Heziketara hurbiltzen direnek, azken urte hauetan, badirudi hizkuntzari lehentasunik ez diotela ematen, edo beste era bateko arazoak daudela, eta horiek galarazten dutela ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituztenei beren aukera aurrera eramatea.

 Hezkuntza sisteman, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan  A–B eta D hizkuntza ereduak bermatuak daude, eta derrigorrezko ondorengo ikasketetan, Batxilergoan eta Formazio Zikloetan, hain zuzen,  A eta D ereduak dira kontuan hartzen direnak. Zenbait ikastetxek Batxilergoan eta gutxi batzuk Formazio zikloetan B ereduko antzeko esperientzi batzuk egiten ari dira, bainan eredu mota hau ez dago arautua maila hauetan.


Hau horrela izanik, aldizkariak hausnarketa txiki bat egiteko aukera eman didanez, saiatuko naiz nire ikuspegitik non aurkitzen diren zailtasunak eta hauek ekiditeko egin beharko liratekeen eta egiten ari garen beharrezko lanak azaltzen.

GAUR EGUNGO EGOERA

 DBH ONDORENGO IRTEERAK. ESKAINTZA

 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza  B edo D ereduan ikasi duen neska-mutil gazte baten azalean jarri nahi nuke bere aukeraketa egiteko unean.

 A ereduan ikasi duenak zalantzarik ez dauka eredu berdinean jarraituko duela eta. Batxilergoa egitea pentsatzen badu, ikastetxe aukera handia aurkituko du, eta beraietan normalean bi batxilergo mota edo gehienez hiru eta hauek A eta D ereduan; B ereduan ari diren ikastetxe gutxi batzuen salbuespena izan ezik. Batxilergoa ikasten duten ikasleen kopurua handia izanik, eta batxilergo mota desberdinak gutxi, ikasgaien materialak argitaletxeek ateratako liburu ederretan aurkituko ditu eta alde horretatik arazo gutxi izango du. Bestalde, irakasle prestatuak eta hizkuntza eskakizunei aurre egiteko formatuak izango ditu normalean.

 Lanbide Heziketako Erdi Mailako Formazio Zikloren bat egin nahi badute, berriz, 39 ziklo desberdinekin aurkituko dira, hauek 21 familia profesionaletan banaturik: Fabrikazio Mekanikoa, Elektrizitate-Elektronika, Mantendua eta Produkzio zerbitzuak, etab. Gainera eskaintza hau erkidegoko 175 ikastetxe desberdinetan aurkituko dute, eta bakoitzean ziklo desberdinak gainera.

 Formazio ziklo batzuetan ikasle kopuru interesgarriak ematen du izena, eta beste batzuetan berriz oso gutxik. Erdi Mailako Formazio Zikloetara, orokorrean, dauden  30.000 ikasletik 11.000 etortzen dira eta hauek erkidego osoko ikastetxeen artean 39 ziklo desberdinetan banatzen badira, gehi A eta D ereduetan banatzen baditugu, taldeen osaketa benetan mirari bat izaten da.

 Gainera, Formazio Ziklo hauek moduluetan banatuta daude, batez besteko 12 moduluetan hain zuzen, eta zeharkako moduluak kentzen baditugu (lau bat), lan profilari loturik dauden modulu profesionalak 8 dira eta hauetako bakoitzak bere ikasmateriala behar du, ikasmaterial tekniko eguneratua (gaurko egunean daraman abiadurarekin), euskaratua (materialak enpresetako liburuetatik edo katalogoetatik ateratzen direlako gehienetan, eta hauek erdaraz edo ingelesez aurkitzen dira). Honek esan nahi du, lanbide heziketako euskarazko materialgintzan lan ikaragarria dagoela egiteko eta 8 modulu bider 39 ziklo desberdin, 312 modulurentzat materialak egin edo euskaratu behar direla, Erdi Mailako Formazio Zikloetan bakarrik.

 Batxilergoa egin ondoren jarriko bagina, gure neska–mutil hauek berriro ere bi aukera dituzte, hau da, Lanbide Heziketako Goi Mailako Formazio Zikloak egin, edo selektibitatea gainditu ondoren unibertsitatera joan. Bigarren kasuan, hiru unibertsitaterekin aurkitzen dira, hau da, eskaintza kontzentratua dagoela, nahiz eta aukerak zabalak izan. Ikasle kopurua fakultate konkretu batzuetan biltzen direnez, taldeak osatzeko aukera gehiago dituzte.

 Lanbide Heziketan, berriz, Goi Mailako Formazio Zikloei, erdikoei gertatzen zaien antzekoa gertatzen zaie, 57 Goi Mailako Formazio Ziklo desberdinetan banatzen direla, 21 famili profesionaletan eta erkidegoko 175 ikastetxetan. Ikasmaterialari dagokionez, ziklo bakoitzeko 8 modulu desberdin bider 57 ziklo, 456 moduluentzat materialak egin edo euskaratu behar direla.

 Momentu honetan 96 ziklo desberdin eskaintzen ari gara eta horietatik 47 D ereduan gauzatzen dira. Gainera, ikastetxe guztien artean eskaintzen denarekin, 3.000 ikasle postu goitik bete gabe gelditzen dira, eta hauetatik 900 D ereduetako taldeetan. Beraz, momentuz eskaintzen ari garenarekin plazak soberan daude; beharbada, bakoitzak nahi duen tokian ez dituela aurkituko izango da hurrengo arazoa. 

IKASLEEN IKUSPEGITIK IKUSITA

 Lanbide Heziketa egin nahi duen ikasle batek erabakia nola hartzen duen pentsatzen jarrita eta hainbat urtetako esperientzia gazte hauekin izanda, burura egoera hauek etortzen zaizkit:          

1. HURBILTASUNA

Etxe inguruan aurkitzen dudan ikastetxearen eskaintza ikusiz, konformatu, eta ez hizkuntzak eta ez zikloak ez du bere erabakia baldintzatzen, lehentasuna, etxetik hurbil egoteak duelako (kirola egiten dutelako, herritik atera nahi ez dutelako, etab.)

 2. ESKAINTZA

Ikasle batzuek garbi daukate beren lanbidea zer izatea nahi duten, eta era horretan garbi daukate, herrian bertan aurkitzen ez badute edo eta orain arteko hizkuntzan eskaintza hori ez badute aurkitzen, inolako eragozpenik gabe, beste herri batera joateko edo beste hizkuntza batean ikasteko arazorik ez dutela. Garbi dute, adibidez, Telekomunikazioak ikasteko, Irunera joan behar dutela  eta eskaintza erdaraz dela (momentuz behintzat).

 3. EREDUA

Beste batzuek, berriz, lehentasuna hizkuntzari emango diete, beraien erraztasuna hori delako eta gainera garbi dutelako hizkuntza horretan jarraitu nahi dutela eta eskubidea dutela. Horretarako, hauek ere ez dute arazorik beste herri batera joateko eta bertan nahi duten zikloa eta gainera erabaki duten hizkuntzan egiteko.

 4. LAGUNAK

Asko dira erabakia “koadrilan” hartzen dutenak, eta horrela denak edo talde batek behintzat eskola bat aukeratzen dute eta hara doaz guztiak, batzuk gauza bat egitera eta besteak beste bat, baina behar bada eskaintza ikusirik, hizkuntzari garrantzia gehiagorik eman gabe.

IKASTETXEEN IKUSPEGITIK IKUSITA

Egia da, eta esan beharrean gaude, aurreko Lanbide Heziketatik LOGSEk ekarri zuenera alde handia dagoela eta aldaketaren momentuan, zegoen irakasleen profilarekin egin zela aldaketa. Geroztik, irakasle askok euskalduntzeko ahalegina egin dute; askok baita lortu ere eta gaur egun euskaraz ematen dituzte bere ikasgaiak. Hala ere, beste mailetako irakasleekin konparatuz, Lanbide Heziketan atzeraxeago gelditu gara, egia da. Arrazoiak ere badaude, eta aitzakia moduan erabiliko ez ditugun  arren, esan beharra dago aldaketaren epe berdinean gure enpresek izugarrizko krisia izan zutela eta bertatik ateratzeko modu bakarra teknologian aurrera egitea besterik ez zegoela. Horrela, gure ikastetxe guztiak langileen etengabeko formazioan buru belarri sartu ziren, eta beste hainbat gauzaren artean, horri eskerrak gure enpresak aurrera atera eta hamarkada lasaiagoa pasatu dute.

 Irakasle asko izan dira aurreko lerroetan adierazi dugunagatik euskalduntzeko prozesua atzeratu zutenak. Behar bada orain, berriro animatu eta lagundu behar genieke. Beste irakasle batzuek aldaketarik ez izateko bere aldera ere bultzatzen dute; ez dute ahalegin hori egin nahi. Ez dute ikusi nahi zenbait lurraldetan eta zonaldetan ikasleen gehiengoa euskaraz ikasten ari dela, eta horiek direla etorkizunean beraiekin egongo direnak, eta lan munduan txertatzen lagundu behar diegula.

 Baldintza hauekin guztiekin, ikasleek nola erabakiko duten jakiterik ez dago, eta planifikazioarekin asmatzea ere oso zaila izango dela deritzogu. Irakasleak moldatu beharrean aurkitzen dira; oraindik batez besteko 47 urteko adinean ditugu, horrela bada, azterketa serio bat egin beharrean aurkitu gara.

IKERKETA

Irailetik otsailera bitartean Planifikaziorako Teknikariak eta unibertsitateko talde batek ikerketa sakon bat egin dute. Aztertuko diren gaiak hauek izanik:

 1. ESKAINTZAREN ANALISIA

 Aurre Diagnosia

Helburua

 Hasierako Lanbide Heziketan (E.M.H.Z. eta G.M.H.Z.) hizkuntza eskaintzaren analisia, neurketa, eta mailaketa.

 Ekintzak

  • Lurralde Historikoen analisia
  • Eskola Barrutiekiko analisia
  • Familia Profesionalen korrelazioa
  • Heziketa moten mailaketa

Eskaintzaren potentzialitateak eta ahultasunak

Helburua

Lanbide Heziketako ikastetxeen indarrak eta ahultasunak, langilegoaren hizkuntza eskakizunei eta heziketarako behar diren materialei buruz.

 Ekintzak

  •  Ikastetxe publiko zein hitzartuetako langilegoaren ikerketa, gai hauei buruz:
    • irakasleen hizkuntza gaitasuna
    • espezialitateekin korrelazioa
    • ingurune geografikoari begiratuz disgregazioa.
  •  Hizkuntza desberdinetan aurkitzen diren material didaktikoaren ezagutza eta mailaketa.

Eskaintzaren ingurunea

Helburua

 Ingurune geografiko bakoitzeko ezaugarri soziolinguistikoaren eta industrialaren identifikazioa.

 Ekintzak

  •  Ezaugarri soziolinguistikoen arabera inguruneen tipologia.
  • Ingurune geografiko bakoitzeko sare industrialen eta bere berezitasunen karakterizazioa

Parte hartzen duten aktoreen ikuspuntua

Helburua

 Lanbide Heziketako ikastetxeekin lotura duten instituzioetako zuzendaritzetatik, zuzendariaren eta irakasleen ekarpenak, balorazioak, eta ikuspuntuak era zuzenean jasotzea.

 Ekintzak

  •  LHko 100 zuzendariri eta 400 bat irakasleri ikastetxean bertan galdeketa zuzena.
  • Instituzioetako 15 arduradunei elkarrizketa sakona.
  • Jasotako informazioaren analisi integrala eta berezitua.

 Kurrikuluen analisia

 Helburua

 Heziketa Ziklo bakoitzean jaso behar diren konpetentzien barruan, hizkuntza konpetentziak identifikatzea.

Ekintzak

  • Behar diren edukiak, konpetentziak, eta egoera ikusirik, Heziketa Zikloak mailakatu.
  • Irakaskuntza-Ikaskuntza prozesuan erabiltzen den modulu desberdinen tipologia ezarri, zailtasun, konplexutasun, abstrakzio, eta esanahi motaren arabera (teknikoa, …)

 

2. ESKAEREN ANALISIA

 Ikasleen eboluzioa

Helburua

DBHko eta Batxilergoko ikasleen eboluzioa epe motzean eta ertainean ezagutzea, hizkuntza ereduen arabera eta beste hizkuntza programen arabera.

 Ekintzak

  • Lurralde Historikoei begiratuz analisia.
  • Eskola Barrutiei begiratuz analisia.
  • Ingurune soziolinguistikoen korrelazioa.

 Ikasleen ikuspegia

Helburua

LHko hizkuntza eskaintzari buruzko ikasleen ekarpena, balorazioa, eta ikuspegia era zuzenean ezagutzea.

 Ekintzak

  •  LHko 1000 ikasleei ikastetxean bertan galdeketa.
  • Jasotako informazioaren analisi integrala eta berezitua.

 Gizarteko agenteen ikuspegia

 Helburua

 LHko hizkuntza eskaintzari buruz, gizarteko zenbait agenteren ekarpena, balorazioa eta ikuspuntua modu zuzenean ezagutzea.

 Ekintzak

  •  Aukeratutako informatzaile estrategikoekin 12 elkarrizketa sakon, gehienbat elkarte hauetakoak: IKASLAN, HETEL, AICE, FERE, IKASTOLAK.
  •  Aukeratutako sindikal arloko informatzaile estrategikoekin 5 elkarrizketa sakon gehienbat: LAB, STEE-EILAS, ELA, UGT-FETE eta CC.OO.
  •  Aukeratutako enpresa arloko informatzaile estrategikoekin 4 elkarrizketa sakon, gehienbat: CEBEK, SEA, ADEGI, CONFEBASK.
  •  Aukeratutako akademiko-hizkuntzetako arloko informatzaile estrategikoekin 4 elkarrizketa sakon. LH eta hezkuntza mundua ezagutu behar dute.
  •  25 enpresetako arduradunei e-posta bidez galdeketa.
  •  Jasotako informazioaren analisi integrala eta berezitua

Lanbideratzeko joerak

Helburua

  •  Famili Profesional eta ingurune geografiko bakoitzeko lanbideratze joerak analizatzea.

 Ekintzak

  •  Gaur egun ditugun datuen azterketa eta korrelazioa.
  • Ingurune soziolinguistikoen eta lanbideratze datuen arteko erlazioa.

 3. AURRERA BEGIRA ZER?

Azterketa honen ondoren erabakiak hartu beharko ditugu, baina emaitzek zer esaten duten jakin bitartean, zer eginik badago eta egiten ari garen ekintzen artean aipatzekoak hauek izango lirateke:

 LANEKI EGITASMOA

 Laneki Ekimenak hiru hanka ditu: lehenik, materialak; bigarrenik, baliabide ekonomikoak; eta hirugarrenik, itzultzaileak. Lehen hanka hau, HETELeko eta IKASLANeko zentroetako irakasleak dira.

 Bigarren hanka osatuko luken baliabide ekonomikoak biltzeko, berriz, EAEko administrazio publikora jo da: Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako Foru Aldundietara eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera, Aurrezki kutxetara, etab.

 Eta azkenik, aipatutako hirugarren hanka osatzeko, hau da material horiek (irakasleen apunteak zein liburuak) euskaratu eta irakasleen esku jartzeko, itzulpen teknikoetan eta Lanbide Heziketarako materialen argitalpenean esperientzia eta ospea dituen ELHUYAR Kultur Elkartearengana jo dugu. Elhuyarrera jotzearekin materialaren bermea eta bateratasuna ziurtatuko ditugulakoan gaude.

 Ekimena konplexua da eta kudeaketa korapilotsua du. Lan-programan bost atal ikusten dira:

 1-       Kudeaketa orokorra

2-       Itzulpena

2.1.             Itzulpen-lana

2.1.1.        Hizkuntza-irizpideak

2.1.2.        Zuzenketa/orrazketa

2.2.             Itzulpenarekin lotutako beste lanak

2.2.1.        Diseinua

2.2.2.        Maketa

2.2.3.        Internet-en jartzea

2.2.4.        Laguntza informatiko orokorra

3-       Gizarteratzea

 Orain arte egindakoa www.jakinbai.com/lanbideki zuzenbidean aurki dezakezue.

  HEZKUNTEK

 “Lanbide Heziketa euskaraz eta Iparraldean bizi” leloarekin bat eginez Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak lanean ari gara Lanbide Heziketa euskaraz beste irtenbide bat bezala hango ikasleek ikus dezaten.

 Horretarako, enpresa gizonak, irakasleak, ikastetxeen elkarteak, eta abar bildu dira eta ekimen hau martxan jarri dute. Iparraldeko ikasle euskaldunek, Hegoaldean Lanbide Heziketa eginez, lana lortzea, beren enpresak sortzen laguntzea, eta behar diren ahaleginak egitea Iparraldea gaztez hustu ez dadin dira helburuak.

4.       LABURPEN MODUAN

 Aurrera begiratuz eta ikerketak zer esango duenaren zain, irakasleen formaziorekin eta euskalduntzearekin jarraitu eta sakondu behar dugu.

 Materialgintzari bultzada handi bat eman behar diogu, eta lantegiak ere lan honetan murgilarazi behar ditugu, beraien materialak baitira askotan erabiltzen ditugunak eta hauek euskaraz eginez gero, lan erdia izango genuke. Material hauek argitaratzerik ez dagoenez, internet irtenbide interesgarria da; denon eskura jarri baititugu materialak, eta munduko edozein lekutatik lor dezakegu beharrezko materiala.

 Ikasleen konfidantza lortu behar dugu, animatu eta etorkizuneko protagonistak beraiek direla ikusarazi. Beraiek eramango dute euskara lantegietara, beraiek normalizatu behar dute euskararen erabilpena gizartean.

 Ikastetxeetako zuzendaritzek, ingurua ongi ezagutu eta beharrei erantzuteko prest, barrura begiratu behar bada begiratu egin behar dute, bainan kanpoan gertatzen denarekin ahaztu gabe.

 Azkenik, arraunean denok egin behar dugu, bakoitzak duen indarrarekin bainan denok batera, hau guztion lana dugula esan beharrik ez dago eta.

 

BAT aldizkaria: 
51. 2004ko ekaina. Lanbide heziketa eta euskara
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Iñaki Mujika
Urtea: 
2004