Unibertsitario euskaldunen egoera zaila

Esan beharrik ez dago, antolakuntza unibertsitario horretan Espainiako eta Frantziako unibertsitateen atal autonomoak izatea bilatzen da. Politika unibertsitarioaren eskuduntza ia guztiak Pariseko eta Madrileko gobernuen eskuetan daude. EAEko eta Nafarroa Garaiko gobernuetan geratzen diren apurrak finantza alorrekoak dira eta horiek oso murritz garatu izan dira orain artean.

Unibertsitatearen funtzioak, izaera eta berezitasunagatik, euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorra egin beharko luke barrura zein gizarteari begira. Unibertsitatea berez hizkuntzaren berritzailea eta sortzailea da eta gaitasun horiek dira, hain zuzen ere, euskararen normalkuntza prozesuan behar beharrezkoak direnak.

Irakasle euskaldunak, bada, dezente gutxiago izateaz gainera gazteagoak eta maila akademiko baxuagokoak dira. Ez dezala inork uler eskasagoak edo txarragoak direnik, ezta gutxiago ere! Datuak datu, irakasle doktoreen proportzioa euskaldunen artetik erdaldunena baino hamar puntu beherago dago. Horrek agerian uzten du irakasle euskaldunen kopuru garrantzitsu bat, oraindik orain, formazio prozesuan dagoela.

Unibertsitateak berak sortutako organoek (Euskara Errektoreordea, Euskara Institutua, eta abar) eta irakasleek eurek sortutako sareek (UEU, EIRE) ez dute lortu, oraindik orain, irakasleria euskaldunari kohesio nahikorik emateko. Honek bere garrantzia dauka. Unibertsitarioen jardunaren zati handi bat taldeen baitan gauzatzen da eta.

Proportzio horiek agerian uzten dute doktorego-tesia euskaraz egitea ez dela ohikoa. Auzia gertutik ezagututa zailagoa eta nekosoagoa dela esan dezaket. Ez gaitezen erori argudio merkeetan esateko irakasle euskaldunen jarrera edo motibazioa nolakoa den edo ez den, unibertsitateak euskarazko doktorego-tesiak egitea sustatuko balu emaitzak oso bestelakoak izango bailirateke.

Lehen azaldu dugu irakasleria euskaldunaren egoera zein den. Begien bistakoa da horrek zuzenean eragiten duela irakaskuntzaren kalitatean, ikasle euskaldunen hautuetan eta abarretan. Argi gera bedi ez diogula irakasle euskaldunari egozten unibertsitario euskaldunen gaitz guztiak. Badu eduki bere erantzukizuna, baina benetako erantzulea, gure ustez, erakundea da; unibertsitatea bera, hain zuzen ere.

Euskal Herrian indarrean dagoen ereduetan, ordea, ikasleak zehazten du bere hautuarekin unibertsitateko eskola-hizkuntzak zein behar duen. Legeetan eta araubideetan irakurtzea besterik ez dago. Horrek adierazten du unibertsitateek egokitu behar dutela euren ikasketen eskaintza ikasle guztien hizkuntza eskubideak, aitortzen zaizkienean behintzat, bete ahal izateko.

Artikulua hasi aurretik zenbait iradokizun eta jakinarazpen egin nahi genizkioke irakurleari. Aurrena, artikulu hau ez litzatekeela posible izango UEUko kide eta lagunen ekarpenak eduki gabe. Aipamen berezia egin nahi nioke INGUMA proiektuari. Bigarrena, eta iradokizun gisa har beza irakurleak, bi dokumentu interesgarri aipatu nahiko genituzke. Bat EIREk eginda eta UEUk argitaratutako Euskal Unibertsitatea 2021 liburua eta, bi, UEUren II. kongresuko liburukia. Biak aurki ditzake UEUn; zilegi bekit, bada, irakurleari UEUren erreferentzia ematea: www.ueu.org.

 Datozen urteei begira, unibertsitatea, oro har, eta Euskal Unibertsitatea, bereziki, Euskal Herriak duen erronka handienetakoa da. Herrialde guztietan gai oso garrantzitsua da. Ipar Euskal Herrian Euskal Departamentuarekin batera “Euskal Unibertsitatea” aspaldidaniko eskakizuna da. Nafarroa Garaiak bere unibertsitate publikoa –UPNA/NUP– eta bere unibertsitate konfesionala dauzka –Nafarroako Unibertsitatea–. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, publikoarekin batera –UPV/EHU–, konfesionala –Deustuko Unibertsitatea– eta pribatua –Mondragon Unibertsitatea– daude. Esandakoaz gainera, UNED –Universidad Nacional de Educación a Distancia– eta esparru unibertsitarioan diharduten beste zenbait erakunde aitatu behar ditugu, Eusko Ikaskuntza eta Udako Euskal Unibertsitatea, besteak beste. Unibertsitatea, berez, irakaskuntza eta ikerkuntza gunea izatetik haratago interes politiko ekonomikoen eremua bihurtu da.

 Izandako aldaketa gehienak eta esanguratsuenak XX. gizaldian gertatu ziren, batez ere, Espainiako autonomien eraketa prozesuan. Dagoenekoz, Nafarroako eta EAEko unibertsitate publikoak antolaketa autonomiko foralaren ikurrak bihurtu dira eta, bide beretik, Ipar Euskal Herriko “Euskal Unibertsitatea” Frantziako deszentralizazioaren ikur bihurtu nahi dute. Esan beharrik ez dago, antolakuntza unibertsitario horretan Espainiako eta Frantziako unibertsitateen atal autonomoak izatea bilatzen da. Politika unibertsitarioaren eskuduntza ia guztiak Pariseko eta Madrileko gobernuen eskuetan daude. EAEko eta Nafarroa Garaiko gobernuetan geratzen diren apurrak finantza alorrekoak dira eta horiek oso murritz garatu izan dira orain artean.

 Gauzak horrela, Euskal Herriko gobernu eta administrazio autonomoek ezer gutxi alda dezakete unibertsitate antolakuntza eta garapenean. Printzipioz, lurralde autonomo eta foraletan dauden unibertsitateek indarrean dauden hizkuntza politikarako lege eta araubideak onartu behar dituzte. Printzipioz, diogu, unibertsitateak, publiko zein pribatuak erakunde autonomoak baitira eta erraz saihets baitezakete lege eta araubide horien ezarpena.

 Esandako guztiak zailtasunen eta eragozpenen atalean utz ditzagun. Egoera tamalgarriaren erantzukizuna ezin egotz dakieke erakunde eta araubide politiko juridikoei. Aitor dezagun, Euskal Herriko unibertsitateetan, kasurik onenean euskararenak unibertsitateetan erantsitako arazoak besterik ez direla, horrela ikusten dira eta. Hala ere, unibertsitariook, geuk ere, erantzukizunak badauzkagu. Saiatuko gara esandakoa argiago erakusten.

IRAKASLERIA

Euskal Herriko unibertsitate publikoetako irakasleria bi multzo handitan bana dezakegu, irakasle numerarioak eta irakasle kontratatuak. Aurrenekoak estatuaren funtzionarioak dira eta estatuak ezarritako prozeduraren arabera izendatzen dira. Legeak agintzen du irakasleriaren erdia baino gehiago mota horretako irakasleak izan behar direla. Estatuak ezarritako prozedurak agintzen duen lehiaketa-oposaketak berdintasunean, gaitasunean, eta meritu printzipioetan dauka oinarri. Madrilek erabakitzen du eta, orain arte, Madrilen bertan egin behar dira aurreneko urratsak unibertsitateko irakasle funtzionarioa izateko.

 Funtzionarioak ez diren gainontzeko irakasleen ezaugarriak eta kontratazio prozedurak arautzeko gobernu autonomoek eta tokian tokiko unibertsitate publikoek eskuduntzak badauzkate eduki, baina, tamalez, oraindik orain garatu gabe daude. Unibertsitateko legediaren marko estuan Euskal Herriko erakunde autonomoek eta foralek nekez ezar dezakete hizkuntza politiko eraginkorra irakasleriarekiko.

Aurreko guztia gogoan izan behar da unibertsitateko hizkuntza politikaz hitz egin aurretik. Zeini dagokio hizkuntza politika unibertsitatean? Unibertsitateei eurei? Gobernu autonomo eta foralei? Lehen esan dugunez, unibertsitateen izaera autonomoak nahikoa aukera ematen die unibertsitateei, publiko, konfesional zein pribatuei, hizkuntza politika aurrerakoia ezartzeko. Edo, akaso, kontrakoa egiteko. Kontua da euskararen presio soziolinguistikoa unibertsitateen ateetara iritsi dela eta ez dagoela euren aldetik, oro har, inolako egokitzapen handirik ikasleriaren profil soziolinguistiko berriari moldatzeko. Kasurik onenean, egiten diren normalkuntza planak paper errea bilakatzen dira unibertsitateko etengabeko aldaketa prozesuan.

 Euskal Herrietan indarrean dauden hizkuntza politikak bi multzotara ekar ditzakegu: euskararen aurka Frantzian eta Nafarroa Garaian, eta normalkuntzaren aldekoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Egoera horren aurrean deus gutxi egin daiteke Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko unibertsitateetan.

 Nire ustez, unibertsitatea euskararen normalkuntzarako eragilea izan beharko litzateke. Unibertsitatearen funtzioak, izaera eta berezitasunagatik, euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorra egin beharko luke barrura zein gizarteari begira. Unibertsitatea berez hizkuntzaren berritzailea eta sortzailea da eta gaitasun horiek dira, hain zuzen ere, euskararen normalkuntza prozesuan behar beharrezkoak direnak. Unibertsitateari dagokio hizkuntza komunitatearen goi mailako titulatuak prestatzea. Unibertsitateari zegokiokeen, ez soilik berari, normalkuntza prozesua ikertzea eta eraberritzeko proposamenak egitea. "Zegokiokeen", diot, eginkizun horiek bere gain hartzetik oso urrun baitago. Alderdi horretan askoz gehiago egiten du Eusko Jaurlaritzak edo euskalgintzako zenbait eragilek unibertsitateak baino.

 Unibertsitateko irakasleentzat euskaraz jardutea irakaskuntzan zein ikaskuntzan zama bat da. Irakasleen eta ikertzaileen garabidean euskaraz aritzeak halako ongizate morala edo gizartearen sektore baten esker ona kenduta besterik ez dakar. Euskaraz jardutea gutxietsita dago Euskal Herriko unibertsitatean; hemengo unibertsitateentzat balio handiago du nazioarteko aldizkari batean argitaratutako hamar orrialdetako artikulu batek euskaraz idatzitako bostehun orrialdeko ingeniaritza termikoari buruzko eskuliburuak baino. Euskal Herriko unibertsitateetako irakasleek eta ikertzaileek badakite hori. Badakite euren unibertsitateek lanpostuen hobekuntzarako, ikerketa proiektuak eskuratzeko, eta garapen akademikorako hutsaren hurrena baloratzen dutela euskaraz egindakoa. Euskal Herriko unibertsitateek itxurazko irizpide estandarrak erabiltzen dituzte irakasle-ikertzaileen curriculumak baloratzerakoan. Eta horrek gutxiespena dakar. Euskal Herriko unibertsitateek ikerkuntzaren bikaintasuna sustatu eta bilatu behar dute, bai, baina bere behineneko funtzioak baztertu gabe. Unibertsitate askotarikoa behar dugu; Euskal Herrian euskarak, irakasle euskaldunek, eta ikertzaile euskaldunek berdintasun, gaitasun, eta meritu printzipioei jarraituz bere lekua behar dute.

 Zeharbidez bada ere, datuen argitan jarriko ditugu gure iritziak. Horretarako bi datu iturri erabiltzen ditugu, UEUk sortutako Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea (www.inguma.org) eta UPV/EHUko irakasleriari buruz eskuratutako zenbait datu. Jakina denez, UPV/EHU Euskal Herriko unibertsitateen artean euskararen normalkuntzaren alde gehien egin duen unibertsitatea da, eta ez du gutxi egin. Aurkezten ditugun datuek eta haiei atxiki diegun irakurketak nahikoa argi osatzen dute euskararen normalkuntzaren egoera Euskal Herriko unibertsitateetan. Are gehiago, aurkezten duguna dagoen onena dela aintzat hartzen badugu.

 

IRAKASLE EUSKALDUNAK

IRAKASLE ERDALDUNAK

 

Kopurua

Ehunekotan

Kopurua

Ehunekotan

DOKTOREAK

558

49,51

1685

63,11

EZ DOKTOREAK

569

50,49

985

36,89

Guztira

1127

29,68

2670

70,32

1. taula: UPV/EHUko irakasleria euskalduna/erdalduna eta doktore kategoriaren arabera.

                 (Datu iturria: UPV/EHU,guk egokitua) 

Ikasleria euskalduna guztiaren erdia izatera iristear dagoen honetan irakasleria euskalduna guztiaren herena izatetik urrun dago (%29,7). Berez nahikoa datu adierazgarria. Ikasleriaren garapen soziolinguistikoa abiada handiagokoa da unibertsitatearen egokitzapenarena baino.

 Aurrera jarraitu baino lehenago erabilitako terminologiaz ohar bat egin nahi dugu. “Irakasleria euskalduna” eta “irakasleria erdalduna” hobetsi dugu, irakasleria elebiduna eufemismoa baino. Irakasle elebidun eta eleaniztun asko dago unibertsitatean, eta guztiak ez dira euskaldunak. Egokiago iruditu zaigu izendapen zehatzak erabiltzea; “euskaldun” “erdaldun” adiera zehatzari lotu, alegia.

Irakasle euskaldunak, bada, dezente gutxiago izateaz gainera gazteagoak eta maila akademiko baxuagokoak dira. Ez dezala inork uler eskasagoak edo txarragoak direnik, ezta gutxiago ere! Datuak datu, irakasle doktoreen proportzioa euskaldunen artetik erdaldunena baino hamar puntu beherago dago. Horrek agerian uzten du irakasle euskaldunen kopuru garrantzitsu bat, oraindik orain, formazio prozesuan dagoela. Alegia, irakasle zaildutakoek baino lan gehiago egin behar duela. Lan gehiago, baina besteen baldintza bertsuetan. 

IRAKASLE EUSKALDUNEN ANTZINATASUNA UPV/EHUn

 

Kopurua

Ehunekoak

Ehuneko metatuak

3 urte baino gutxiago

103

10,35

10,35

3 eta 5 urte bitartean

110

11,06

21,41

5 eta 7 urte bitartean

141

14,17

35,58

7 eta 9 urte bitartean

139

13,97

49,55

 9 eta 11 urte bitartean

117

11,76

61,31

11 eta 13 urte bitartean

119

11,96

73,27

13 eta 15 urte bitartean

67

6,73

80,00

15 eta 18 urte bitartean

92

9,25

89,25

18 urte baino gehiago

107

10,75

100,00

Guztira

995

100

 

              2. taula: UPV/EHUko irakasleria euskaldunaren antzinatasuna unibertsitatean.

                                  (Datu iturria: UPV/EHU,guk egokitua)

 

Aurreko taulan ikus daiteke irakasleria euskaldunaren erdiak-edo 9 urte baino gutxiago eman duela unibertsitatean. Datu horiek beste alderditik pentsarazten digute irakasle euskaldun asko lan egoera ez egonkorrean daudela. Informazio zehatzik izan gabe, ausartuko ginateke esaten ez egonkortasun laboralak erlatiboki gehiago eragiten diola irakasleria euskaldunari erdaldunari baino.

 Unibertsitateko estamentuzko egituran esandako arrazoiak bide, irakasleriaren behe mailak dagozkie irakasle euskaldunei. Hau da, irakasle euskaldunek, oro har, estamentuzko egitura horretan ez daukate eragin handirik. Gazteak, formazio prozesuan egonda eta gutxi izanda, ulergarria da ibilbide luzeko egitura hierarkikoan eraginik ez izatea. Baina horrela da.

 Egoera horretan dago irakasleria euskalduna UPV/EHUn eta, seguru asko, okerrago gainontzeko unibertsitateetan. Egoeraren deskribapena osatzeko beste ezaugarri bat erantsi behar diogu esandakoari, irakasle euskaldunak kopuru gordinetan asko izanda ere (1127), barreiaturik daude unibertsitateko egitura askotarikoan, sailetan, fakultateetan, unibertsitate eskolatan, eta campusetan. Elkarren artean ez daukate inolako lotura organikorik, ezta izateko aukerarik ere. Unibertsitateak berak sortutako organoek (Euskara Errektoreordea, Euskara Institutua, eta abar) eta irakasleek eurek sortutako sareek (UEU, EIRE) ez dute lortu, oraindik orain, irakasleria euskaldunari kohesio nahikorik emateko. Honek bere garrantzia dauka. Unibertsitarioen jardunaren zati handi bat taldeen baitan gauzatzen da eta. Ikerketa taldeak direla, jakintza alor komunak direla, edo argitalpenak direla. Irakasleek eta ikertzaileek berez elkarren beharra daukate. Zer esanik ez irakasle euskaldunek irakaskuntzan eta ikerkuntzan lan gehiena egiteke daukatela.

Doktorego-tesiak

Doktorego-tesia izateak formalki ikertzeko gaitasuna dakar. Beraz, unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea izateko ezinbesteko baldintza da. Lehen ikusi dugu (1. taula) irakasle euskaldunen erdiak oraindik ez duela doktorearen izendapena eskuratu. Hala ere, asko dira (558) doktorego-tesia aurkeztu dutenak eta irakasle doktoreak bihurtu direnak.

 Irakurlea ohartarazi nahi dugu, bi ideiekin. Alderdi batetik, erlatiboki, irakasle euskaldunok oso egoera kaskarrean gaudela. Baina, beste alderditik, urteetan egindako lanaren poderioz zenbaki absolutuetan sekulako aurrerakada eman dugu. Unibertsitario euskaldunen komunitatea, bere txikitasunean, oso zabala eta askotarikoa da, gaitasun handikoa berez. Dukeen indarra, berriz, gutxietsita eta sakabanatuta dago.

 Doktorego-tesien azaleko azterketak agerian utziko digu esaten dugun hori. Jakina denez, doktorego-tesiak goren maila akademikoa adierazten du, lizentziatu berri batek gutxienik bost bat urte behar izaten du taxuzko tesia aurkezteko eta defendatzeko. Badira, eta badago, hamar urte baino gehiago eman dutenak tesia egiteko, eta badago ere tesia egin ez eta unibertsitateko irakasle izaten segituko duenik. Unibertsitatea bere osotasunean harturik ondorengo sektore diagraman aurkezten dizuegu Euskal Herriko unibertsitateetan euskaraz egindako tesiek zein proportzio hartzen duten.

 


1.       irudia: Doktorego-tesiak Hego Euskal Herriko unibertsitateetan.

                                        (Karmele Artetxe UEUko kideak egokitua)

 

Irudia osatzeko, jarraian, Euskal Herriko unibertsitate garrantzitsuenetan 1979tik aurrera euskaraz egindako tesien banaketa aurkezten dizuegu.

 

 

UPV/ EHU

UD/DU

UPNA/NUP

UN/UN

1979

0

0

0

1

1980

0

0

0

0

1981

0

0

0

0

1982

0

0

0

0

1983

0

0

0

0

1984

0

0

0

1

1985

0

0

0

0

1986

1

0

0

0

1987

5

1

0

0

1988

5

1

0

0

1989

1

1

0

0

1990

4

1

0

0

1991

5

0

0

0

1992

7

4

0

4

1993

10

2

0

0

1994

11

2

0

3

1995

11

4

0

1

1996

16

1

0

1

1997

20

1

0

0

1998

6

1

0

1

1999

18

0

0

0

2000

13

0

0

0

2001

13

0

1

1

2002

14

2

0

1

 

160

21

1

14

  3. taula: Hego Euskal Herriko unibertsitateetan euskaraz egindako tesiak 1979tik 2002 bitartean.

                    (Datu iturria: Inguma datu-basea, Karmele Artetxe UEUko kideak egokitua)

 

 Begiratzen badugu zenbat UPV/EHUko irakasle doktore dagoen euskaldunen artean (ikus 1. taula) eta zenbat doktorego-tesi egin izan diren euskaraz (ikus 3. taula) unibertsitate horretan, erraz antzeman dezakegu irakasle euskaldun gehien gehienak (%71tik gora) tesia erdararen batean egin dutela, ziur asko gazteleraz. Irakasle doktore euskaldunen artean laurden batek, zertxobait gehiagok, egin izan du bere doktorego-tesia euskaraz. Proportzio horiek agerian uzten dute doktorego-tesia euskaraz egitea ez dela ohikoa. Auzia gertutik ezagututa zailagoa eta nekosoagoa dela esan dezaket. Ez gaitezen erori argudio merkeetan esateko irakasle euskaldunen jarrera edo motibazioa nolakoa den edo ez den, unibertsitateak euskarazko doktorego-tesiak egitea sustatuko balu emaitzak oso bestelakoak izango bailirateke.

 Aurreko hori, doktorego-tesiei dagokienez, irakasle titular edo katedraduna izateko proiektua eta defentsa euskaraz egiten dutenen proportzioa hutsaren hurrena da. Errazagoa da horrelako ekitaldiak entzutea gazteleraz ez den beste edozein erdaratan, euskaraz baino.

 Datuen irakurketak iradokitzen du euskara ez dela unibertsitario eta ikertzaileen garabiderako hizkuntza. Jakina da, zientziaren eta ikerkuntzaren hizkuntza ingelesa dela. Hori horrela izanik, ez du esan nahi gainontzeko hizkuntzak zientziaren eta ikerkuntzaren eremuetatik at daudenik. Hizkuntza guztiek euren iraun bidean garapen osoa eta integrala bilatu behar dute. Ez dago kontraesanik ingelesa munduko zientzia eta ikerkuntza eremuko hizkuntza komuna izan, eta bestelako hizkuntzek bere txokoa izatean. Mundu horretan anglofonoak dira elebakarrak izan ohi direnak, eta ez da gehienen kasua, munduko gainontzeko ikertzaileak elebidun edo eleaniztun izan ohi dira. Euskarak bere lekua bilatu behar du eremu horietan. Praxiaren ikuspegitik, zientzia eta ikerkuntza hizkuntza askotariko jarduera izan ohi da. Nazioartean ingelesez, eta tokian tokiko jardueretan nork bere hizkuntzan. Dagoenekoz, ohikoa da munduko aurrerapen sonatuenak ezagutarazten direnean zortzi edo bederatzi hizkuntzatara aldi berean egitea. Inozokeria da ingelesa euskararekin ordezkatu nahi izatea, bai, baina kamuskeria edo zerbait okerrago, euskarari dagokion lekua ukatu nahi izatea.

 Euskal Herriko unibertsitateei, erakunde gisa, euskararen leku hori bilatzea eta zabaltzea dagokie.

IKASLERIA

Aztertzen ari garen esparru honetan, unibertsitateko ikasleria izan ohi da gehien aipatzen dena. Lehen esan bezala, aurki gure unibertsitarioen erdia euskaldunak izango dira. Bego hor datu demolinguistiko hori. Ez dutela euskara erabiltzen, euren euskara maila oso eskasa dela, ez dutela euskara unibertsitateko hizkuntza hautatzen aukera daukatenean, euskal lerroak hautatzen dituztela errazagoa delakoan, horiek eta okerragoak irakurri izan ditugu unibertsitario euskaldunei buruz idatzi izan denean. Batzuk ageriko problemak dira eta konponbidea bilatu beharko zaie, eta beste batzuk irainak eta aurreiritziak besterik ez dira.

 Egia esan, horiek ez dira gehien kezkatzen gaituztenak. Orokorrean, euskaldunen gizaldi berriak urterik urtera hobetzen ari dira alderdi guztietan, hizkuntza gaitasunean eta formazioan bereziki. Hobekuntza abiada horretan, ostera, unibertsitateak atzera darraie ikasleei. Horrek, bai, kezkatzen gaitu.

 Unibertsitario euskaldunek problema asko dauzkate. Irakasleriarena, beharbada, handienetakoa da. Lehen azaldu dugu irakasleria euskaldunaren egoera zein den. Begien bistakoa da horrek zuzenean eragiten duela irakaskuntzaren kalitatean, ikasle euskaldunen hautuetan eta abarretan. Argi gera bedi ez diogula irakasle euskaldunari egozten unibertsitario euskaldunen gaitz guztiak. Badu eduki bere erantzukizuna, baina benetako erantzulea, gure ustez, erakundea da; unibertsitatea bera, hain zuzen ere.

 Adibide bat edo beste jar dezagun. Jakina denez, unibertsitate mailako ikasketak campus eta ikastetxe bakan batzuetara biltzen dira. Gizarteak, ez hemengoak ez inongoak, ezin zabal dezake azpiegitura unibertsitarioa bere lurraldeko txoko guztietara. Zenbat eta ikasketa espezializatuagoak eta zenbat eta maila altuagokoak, orduan eta ikastetxe bakanagoak izango dira. Alegia, ikasleak, hautatzen dituzten ikasketen arabera, behartuta daude ikastetxe batera edo bestera joaten eta zenbait kasutan kanpoko unibertsitateetara. Hori nekez alda dezakegu. Nafarroa Garaiko ikasle batek soziologia euskaraz ikasi nahi badu aukera bakarra Leioako campusean dauka. Baina hori hautatzerakoan konturatzen da Nafarroako Gobernuak laguntzak ukatzen dizkiola “kanpoko” unibertsitatera joateagatik; ikusiko du Eusko Jaurlaritzak laguntzak ukatzen dizkiola beste administrazioren ardura delakoan; Espainiako Estatuak ematen dituen laguntzak bakarrik geratzen zaizkio, eta horiek ez dira erraz eskuratzen.

 Are zailago daukate Nafarroa Beherako ikasleek; hauentzat laguntzarik bat ere ez eta zailtasun administratibo akademiko asko. Zerbait egin bada ere, unibertsitateen aldetik jarrerarik hedatuena ez-ikusiarena egitea da. Bitxia da ikustea EAEko unibertsitateko euskal lerroetan beste euskal herrietatik etorritako ikasleak arrotz gisa hartzen direla; mingarria da.

 Ikasleria, oro har, unibertsitateetako jasotzailea da; ikasleak, betebeharrak izanagatik, gehienbat eskubide subjektuak dira. Ikasleak dira, hein handienean, hizkuntza eskubideen subjektuak eta urratzekotan, gehienetan haiei urratzen zaizkie aipaturiko eskubide horiek. Honek badu bere garrantzia. Euskarari zerbait aitortzen zaion Euskal Herriko unibertsitateetan ikasleak jartzen dira erdigunean; beraientzat eta beraiengatik egiten omen da. Euskal Herriko unibertsitateetan, jarduera akademikoari dagokionez, hizkuntza eskubideak ez daude jarrita irakasleengan. Irakasleak unibertsitateak eta bere sailak erabakitakoa bete behar du. Unibertsitateko lehenengo eta bigarren zikloetako ikasketetan irakasle bakoitzak iragarritako hizkuntzan jardun behar du, euskaraz bada euskaraz, eta gazteleraz bada gazteleraz. Hau da, ikasleen hizkuntzaren hautura emana behar du irakasleak. Gure antzeko egoeran dauden beste unibertsitateetara begiratzen badugu hori ez da beti horrela izaten. Zenbaitetan irakasleak hautatzen du eskola-hizkuntza eta ikasleak men egin behar du edo beste norabait joan.

 Euskal Herrian indarrean dagoen ereduetan, ordea, ikasleak zehazten du bere hautuarekin unibertsitateko eskola-hizkuntzak zein behar duen. Legeetan eta araubideetan irakurtzea besterik ez dago. Horrek adierazten du unibertsitateek egokitu behar dutela euren ikasketen eskaintza ikasle guztien hizkuntza eskubideak, aitortzen zaizkienean behintzat, bete ahal izateko. Hori horrela ez egiteak iruzurra ekar dezake-eta.

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Xabier Isasi
Urtea: 
2004