Euskal Unibertsitate-Sistemaren Lege-proiektua

proiektua hasieratik mugatuta dagoela, Gorte Nagusiek 2001eko abenduan onartutako Unibertsitate Antolamenduaren Legea dela eta. Lege horrek Estatuko Unibertsitate Sistema arautzeko oinarriak finkatzen ditu. Baina, hala ere, proiektuak baditu balorazio positiboa egiteko beste osagai batzuk, eta gure unibertsitateak trebatzeko eta hobetzeko lagungarriak

Kalitatearen, sustapenaren, eta kontrolaren aldeko apustua egiten du, berariazko finantzaketa finkatzen du Unibertsitate Publikoarentzat eta finantzaketa-bideak zehazten ditu publikoak ez direnentzat. Gainera, Euskal Unibertsitatearen kokagune naturaltzat Goi Hezkuntzaren Europako Eremua ezartzen du.

Esanak esan, orain proiektuaren gabezia bat nahi dut aipatu: unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana funtsezkoa den arren, ez da lankidetza hori bultzatzeko eremurik eta formularik ezartzen. Aipamen hutsa egitea ez da behar den hurbilketa sustatzeko modua. 

Beraz, legezko marko egokia sortzea ekarpen ona da, baina nahikoa ez dela nabarmendu behar da. Izan ere, erakundeen hurbiltasuna behar-beharrezkoa da, hau da, unibertsitateen autonomia errespetatu arren, botere publikoaren eta unibertsitate komunitateen arteko lankidetzak askoz ere estuagoa izan behar du.

Mondragon Unibertsitateko Errektore naizen aldetik, EAEko Unibertsitate Sistema arautzea helburu duen lege-proposamena baloratzen hasi aurretik, nahitaezkoa iruditzen zait argibide batzuk ematea. Dena den, sistemaren antolamenduari lotutako alderdiak baino ez ditut izango hizpide, eta halaber, unibertsitate publikoa ez garenez, gugan eragina dutenak ere aipatuko ditut. Beraz, ez dut legearen oso alderdi garrantzitsu bat epaituko, hau da, Hezkuntza Sailaren eta Unibertsitate Publikoaren arteko harremanak arautzen dituena eta Unibertsitate horren ingurukoak xedatzen dituena.

 

Esandako guztiari beste zerbait gehitu behar zaio, ordea: proiektua hasieratik mugatuta dagoela, Gorte Nagusiek 2001eko abenduan onartutako Unibertsitate Antolamenduaren Legea dela eta. Lege horrek Estatuko Unibertsitate Sistema arautzeko oinarriak finkatzen ditu. Baina, hala ere, proiektuak baditu balorazio positiboa egiteko beste osagai batzuk, eta gure unibertsitateak trebatzeko eta hobetzeko lagungarriak izan daitezkeen elementuak dakarzkigu. 

 

Lehenik eta behin, Euskal Unibertsitate Sistema instituzionalizatea eta gure herrian oinarritutako ikuspegi integrala planteatzen du unibertsitatearen inguruan. Era berean, unibertsitate guztiei, edonolako izaera juridikoa dutela ere, gizartean duten betekizuna aitortzen die eta Goi Hezkuntzaren ezaugarri estrategikoa azpimarratzen du. Litekeena da norbaiti hori guztia formalismo hutsa iruditzea, baina nire ustez, Euskal Unibertsitateari buruzko ikuspegi hori eguneratuagoa dago eta hobeto egokitzen zaie euskal herritarrek Goi Hezkuntzan dituzten premiei. Halaxe gertatu zen unibertsitatez kanpoko hezkuntzarekin ere. 

 

Bestalde, proiektuak ezaugarri dituen bi alderdi lantzen ditu, koordinazio eta plangintza orokorra; oinarrizko antolamendua ezarri ahal izateko moduan landu ere. Kalitatearen, sustapenaren, eta kontrolaren aldeko apustua egiten du, berariazko finantzaketa finkatzen du Unibertsitate Publikoarentzat eta finantzaketa-bideak zehazten ditu publikoak ez direnentzat. Gainera, Euskal Unibertsitatearen kokagune naturaltzat Goi Hezkuntzaren Europako Eremua ezartzen du.

 

Aipatutako lehen alderdiari dagokionez, Unibertsitateen Euskal Kontseilua eratzen du. Kontseilua sistema ordezkatzeko organoa eta botere publikoen eta unibertsitateen arteko topagune izango da, unibertsitate-politika finkatzeko eta unibertsitateen eszenatoki berriak goi-hezkuntzan dituen beharrak zehazteko. Izan ere, eszenatoki berri horretan konfidantzaz, zintzo, eta zorrotz heldu behar zaie sistemaren erronka handiei, eta erakundeek eta unibertsitateek elkarrekin eskaini beharreko erantzunei. UNIBERTSITATE-PLANA helburuak eta lehentasunak finkatzen eta finantza-beharrak balioesten dituen antolamendu tresna denez, gauzatzeko eta mamitzeko bermea behar du izan.

 

Bistakoa da sistema hobetzea, ezagutzaren gizartearen hezkuntza-premietara moldatzea, eta irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta kudeaketa instituzionalaren bidez erantzutea, helburuak ez ezik, jarraipen zorrotza eta zehatza behar duten alorrak ere badirela. Gure Ebaluazio eta Kalitate Agentzia sortuz, hizpide dugun multzo osoa hobetzeko politika trinkoa ahalbideratu behar dugu, ikastetxeen hurbiltasuna, profesionaltasuna, eta independentzia oinarri hartuta.

 

Finantzaketari dagokionez, berariazko finantzaketa ezartzen du unibertsitate publikoarentzat, sarrerak "behar bestekoak eta egonkorrak" izan daitezen. Hiru finantzaketa-iturri finkatzen ditu: ohiko dirulaguntzak, urte anitzeko inbertsio-programa, eta programa-kontratuak. Ereduen balorazio positiboa egiten du, formulena baino gehiago, eta Gobernuaren konpromezua Goi Hezkuntzan aurrekontu-dotazioen araberakoa izango da.

 

Zalantzak legea garatu ahala argituko diren arren, aipatu ditudan hiru alderdiei eta unibertsitate publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuei emango zaien tratamenduari erreparatuta, proiektuak balorazio positiboa merezi duela uste dut. Beraz, onartzea beharrezkoa da unibertsitatearentzat eta gizartearentzat, betiere herri-ordezkaritzaren erabakiak zorrotz betez, jakina. 

 

Esanak esan, orain proiektuaren gabezia bat nahi dut aipatu: unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana funtsezkoa den arren, ez da lankidetza hori bultzatzeko eremurik eta formularik ezartzen. Aipamen hutsa egitea ez da behar den hurbilketa sustatzeko modua. 

 

Azkenik, beste alor bat azpimarratuko dut: proiektua eztabaidatzeari eta gero, espero dugunez, garatzeari ekingo zaion honetan, Europa osoan unibertsitateari buruzko gogoeta sakona ari da gauzatzen. Europar Batasunak helburu jakin bat finkatu du: "Europa ezagutzan oinarritutako munduko ekonomiarik dinamikoena izatea". Eta helburu hori lortzeko funtsezko eragiletzat Goi Hezkuntza, unibertsitatea, hartu du. Goi Hezkuntzaren Europako Eremua taxutzean eta bere alderdiei buruzko gogoeta estrategikoa gauzatzean agerian geratu dira erakunde, unibertsitate eta enpresetako eragileen kezkak: titulazioen diseinua, kalitatearen aldeko apustua, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak, behar besteko finantzaketa, eta Europako unibertsitate-sistemarekin bateratzeko eta homologatzeko bideak ezartzeko arautegia. Izan ere, munduko sistemarik aurreratuenen parean egotea da beraien helburua.

 

Eta gure helburua ere izan behar du horrek. Beraz, legezko marko egokia sortzea ekarpen ona da, baina nahikoa ez dela nabarmendu behar da. Izan ere, erakundeen hurbiltasuna behar-beharrezkoa da, hau da, unibertsitateen autonomia errespetatu arren, botere publikoaren eta unibertsitate komunitateen arteko lankidetzak askoz ere estuagoa izan behar du. Lankidetza horrek, gainera, bi oinarri izan behar ditu: batetik, elkar laguntzan eta konfidantzan oinarritutako harremanak, eta bestetik, finantzaketa, finantzaketaren kudeaketa eraginkorrak, eta gastuaren kontrola. Behar besteko finantzaketa egonkorrak unibertsitate-proiektuak garatzeko aukera emango du, baina unibertsitateei betebeharrak finkatuko dizkie eta aipatutako baliabideak egoki kudeatzeko erantzukizuna sortuko du. Ildo horretan, jakin dakigunez, botere publikoek erantzukizun desberdinak dituzte publikoak diren eta ez diren unibertsitateekiko, eta nahitaezkoa dugu finantzaketa publikoan eta ez-publikoan Europa mailan homogeneizatzea,  Goi Hezkuntzan Europako kalitate-parametroak lortu ahal izateko.

 

Hala ere, unibertsitatearen izaera estrategikoa dela eta, unibertsitatea apustu nazionala da, eta bakoitzak dagokion erantzukizun-mailan heldu eta erantzun behar dio.

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaxio Oliveri
Urtea: 
2004