Euskarak Euskal Unibertsitatea behar du

Legearen testuinguruaz aritu ondoren, lege honek euskalduntzearen inguruan aipatzen dituen artikuluak aztertu behar ditugu. Bide batez  euskalduntzearen esanahia definitu beharko genuke. Hizkuntzarekin bakarrik lotzea (euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearekin) erabateko akatsa da. Euskararekin batera, hizkuntzarekin batera, ezinbestekoak dira edukiak, eta bide horretan,  gure ikastetxeetan eta fakultateetan euskal curriculuma irakastea beharrezkoa da

Legearen beste artikulu batean esaten da Jaurlaritzari hizkuntza normalkuntzaren arauketa dagokiola, euskararen aldeko ekimen positiboak indartu behar direlarik. Oso polit idatzita dagoen arren, ez du deus argitzen. Hau da, hizkuntza eskubideak aitortzen diren arren, eskubide honen edozein urraketaren aurrean hartuko diren neurrien inguruan ez da ezer aipatzen.

Beste gauza askotarako eskariaren eta eskaintzaren arteko balantzea mantentzen den arren, unibertsitatean ez da horrela gertatzen. Hau da, Euskal Herri osoan unibertsitatean ikasketak egiten ari diren ikasleen % 51 baino gehiago euskalduna den arren, irakasleriaren seirena soilik da gai dagokion irakasgaia euskaraz emateko. Horietatik askok gaztelaniaz irakasten dute.

Hala ere, egoerarik zailena, bederen, ikerkuntza arloan ematen da. Ikasketa bukaeretan hain entzutetsuak diren tesiak edo proiektuak euskaraz egiteko zailtasun handiak dituzte ikasleek. Beraz, euskaraz egin daitezen, pizgarriak beharrezkoak dira. Honekin batera ikasleari erraztasunak eman behar zaizkio, eta irakasle euskaldun laguntzaileen sostengua behar dute izan.

Legean euskararen inguruko aipamenak eskasak eta, batez ere, eraginkortasunik gabekoak dira. Hau da, legeak jasotako neurriak orokorrak dira, eta horien aplikaziorako araudiak egitea beharrezkoa da. Eta azken hauek unibertsitateak egin beharko ditu. Beraz, euskalduntzearen giltzarria unibertsitatean dago, eta hainbat gorabehera kontuan hartu behar dira

 Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen “Euskal Unibertsitate Sistema” arautzeko legean hizkuntzen inguruan eta bereziki euskararen inguruan artikulu hau idaztea eskatu zidatenean, nik behintzat ez nuen espero hain zaila egingo zitzaidanik euskararen inguruan legeak aipatzen dituen artikuluak hitzez hitz egoki interpretatzea. Hilabeteetan gora eta behera ibili ondoren, hasierako lege proiektuaren itzulketaren ostean, azkenean 2004. urtean “Euskal Unibertsitate Sistema” arautzeko legea bozkatu eta onartu egin zen. Lege horrek, halaber, kritika ugari jaso ditu eta unibertsitate sektore ezberdinenetan gogor kritikatua izan da, ikasleen aldetik, adibidez.

 Lehenik eta behin, zioen adierazpenean aipatzen den bezala, legeak EAEri hezkuntza eta ikerkuntza mailan bere osotasunean aitortu zaizkion eskumen horiek erabiliz, unibertsitate legea aurkezteko zilegitasuna duela dio Hezkuntza  Sailak. Horretarako, Autonomia Estatutua bera oinarri hartzen du. Errealitateak, berriz, alderantzizkoa gertatzen dela baieztatzen digu. Hau da, hezkuntza mailan Arabak, Bizkaiak, eta Gipuzkoak eskumen handiak dituzten arren, oso nabaria da, batetik, Madriletik egiten zaien kontrola eta inposaketa (ikastetxe zein fakultateetan darabilgun curriculumaren bidez, kasu); bestetik, dituzten eskumenak, ez dituzte bideratzen herri honek dituen behar sozial, ekonomiko, kultural eta linguistikoei begira; aitzitik, Madriletik jarritako joko arauen barruan kudeaketa hutsa besterik ez dute egiten.

 Bestalde, eta zioen adierazpenean agertzen den bezala, lege honek Madrilen onartutako LOU legeak inposatzen duen unibertsitate sistemara egokitzeko legea dela onartu egiten du. Legeak egiteko ekimena (izatez dituzten eskumenetatik eta herri honen beharretatik eratorri beharko litzatekeena) zoritxarrez ez dator Gasteiztik, ez bada Madrildik.

 Legearen testuinguruaz aritu ondoren, lege honek euskalduntzearen inguruan aipatzen dituen artikuluak aztertu behar ditugu. Bide batez  euskalduntzearen esanahia definitu beharko genuke. Hizkuntzarekin bakarrik lotzea (euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearekin) erabateko akatsa da. Euskararekin batera, hizkuntzarekin batera, ezinbestekoak dira edukiak, eta bide horretan,  gure ikastetxeetan eta fakultateetan euskal curriculuma irakastea beharrezkoa da. Beraz, irakaskuntza hizkuntzaz eta edukiz euskalduntzeaz ari gara.

 Euskara berezko hizkuntza dela aipatzen du legeak, eta gaztelaniarekin batera ofiziala dela “Euskal Unibertsitate Sisteman”. Beraz, esaldi honen ondorioa euskarari lehentasuna ematea izango litzateke, ezta? Halaber, euskarak unibertsitatean bizi duen egoera ikusita, horrela behar luke izan. Bada, Hezkuntza Saileko unibertsitate arduradunak ez zuen egoki ikusten euskararen lehentasuna aipatzea, nonbait legez kanpokoa izan zitekeelako, edo larriago (behintzat, niretzat), baztertzailea izan zitekeelako! Horrelakoak gertatzen dira, euskarak behar duen konpromezuari askok muzin egiten diotelako; beste batzuk, aldiz, euskararen aurkako militante sutsuak dira, euskara desagertarazi nahi dutenak, eta lehenengoak askotan azken hauek esango dutenaren beldur dira. Euskarak, gaztelaniak baino baliabide, bitarteko, eta oro har, ordu gehiago behar dituela zalantzarik gabea da, ez baitaude inolaz ere egoera berberean. Are eta gehiago, euskara hizkuntza zanpatua da, urteetan zehar jasandako eta egun jasaten dituen erasoak direla eta. Baina benetan mingarriena botere publikoetan lanean dagoen jendeak duen konplexua eta hipokresia da. Esaten dutenaren eta egiten dutenaren arteko kontraesan nabaria dago. Bide horretan, benetan lotsagarriak dira bai Iztuetak eta baita Azkaratek euskara eta inposaketa batu behar ez direla esanez egindakoak bezalako baieztapenak. Euskara inposatu, non baina? Nortzuk dira bere herriko berezko hizkuntzan ikasi ezin dutenak? Horrelako baieztapenak, ez hanka eta ez buru ez dutenak, ahuleziatik eginiko gogoetak dira, eta arestian aipatu bezala, gaur egun guztien ahotan dagoen “herriaren borondatearen” kontra eginikoak.

 Autonomia Estatututik 20 urte baino gehiago igaro diren honetan, oraindik ere, euskaraz ez dakiten euskal herritarrak ditugu. Eta ez naiz helduen inguruan ari, ez; gure ikastetxe eta fakultateetan A edo B ereduan ikasten ari diren horietaz mintzatzen ari naiz. Nola da posible oraindik euskalduntzen ez duten ereduak indarrean egotea? Izatez ilegalak diren ereduek –gogoratu, bere garaian, eta legean bertan aipatzen den moduan edozein ume euskara menperatzeko gai izan behar dela, dagoen eredua gora behera- nola izan dezakete oraindik hainbesteko tokia gure herrietan? Iruzurra da Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako jendarteari egiten zaiona; izan ere, A eta B ereduak euskalduntzen ez duten ereduak dira, eta zonalde jakin batzuetan, D ereduan egoteak ere euskara menperatzea ez du bermatzen. Argudio modura, gurasoek euren seme-alaben hizkuntza eredua  aukeratzeko askatasuna erabiltzen dute. Non gelditzen da haur horrek bere herriko berezko hizkuntza den euskara ezagutzeko eskubidea? Zein dago bestearen gainetik? Gurasoen eskubidea jartzen badugu aurretik, horrek haur horrentzat ondorio lazgarriak izango ditu. Etorkizunean bere herrian kaltetua izango da euskara ez duelako ezagutuko. Bide batez, ikasketen aukeratzeko askatasunaz dihardugunean, ikasleak izan beharko luke horretarako aukera, behintzat bere kabuz arrazoitzeko eta erabakiak hartzeko gai den unetik bertatik aurrera. Baina jar gaitezen A ereduan ikasi duen ikasle baten kasuan, eta demagun Batxilergoa bukatu duela eta Zuzenbidea egin nahi duela. Gaztelaniaz ikastea aukeratuko du, ez euskararen aurka dagoelako, soilik hizkuntza hori menperatzen duelako baizik. Beraz aukeratzeko eskubidea ikaslearentzat bai, baina aukeratzeko -hots, bi edo gauza gehiagoren artean erabakitzea- euskara, gaztelania, edo beste hizkuntza bat menperatu beharko luke aukera hori egin ahal izateko, ezta? 

 Legearen beste artikulu batean esaten da Jaurlaritzari hizkuntza normalkuntzaren arauketa dagokiola, euskararen aldeko ekimen positiboak indartu behar direlarik. Oso polit idatzita dagoen arren, ez du deus argitzen. Hau da, hizkuntza eskubideak aitortzen diren arren, eskubide honen edozein urraketaren aurrean hartuko diren neurrien inguruan ez da ezer aipatzen. Eta fikzioan jarrita, imajinatzen al duzue trafikoko edozein agindu, zigorrik gabe? Eta tributu arau hausterik zehapenik gabe? Izan ere, Jaurlaritzak berak, unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen ez dela eta unibertsitate esparrutik beharrezkoak ez diren bitartekoak jartzen ez direla jakin badaki. Eta hemen bigarren mailako arazo bat agertzen zaigu; hots, unibertsitatearen autonomia eta Jaurlaritzak egin beharreko kontrol lana. Unibertsitateak bere funtzionamendua, araudia, ikasketa planak, etab. erabakitzeko autonomia izan behar du. Baina beti ere, oinarrizko eskubideak aintzat hartuz. Beraz, autonomia bai, nahi beste eta sektore guztien partehartzeaz (ikasleena bereziki), baina hizkuntza eta kultur eskubideak bermatu behar dira. 

 Unibertsitate legeak euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea unibertsitateak bermatu behar duela dio. Oraindik ere, salbuespenen batean edo bestean, betetzen ez den esaldia da. Eta hemen ere, bi erantzule nagusi daude. Alde batetik, unibertsitateak berak 20 urteren buruan euskalduntze plangintza ezberdinak betetzerik ez du lortu. Egin, egin izan dira, bai, baina bitartekorik eta, batez ere, nahikoa borondaterik ez dagoenean ezer gutxi lor daiteke. Eta bide batez, beste lehentasun batzuk aurretik jarriz gero (EHUko kanpusak kamaraz betetzea edo segurtasun indar pribatuen kontratazioa), akabo.

 Bestalde, administrazioaren utzikeria dago. Arazo bat dagoela ikusirik, laissez faire laissez passer, esaldi liberalari kasu egitea besterik ez du egin. Eta guzti hau baieztatzeko honako adibidea dugu: EHUko Zientzia Fakultatea azkenaldi honetan euskalduntze plangintzak betetzen direlako adibidetzat erabilia izan da. Errektoretzatik, askotan, euskalduntze plangintzarik onena zela aipatu izan dute. Eta hona hemen datuak: Hasteko, azken urte hauetan hainbat ikasketa berri jarri dira martxan eta denak gaztelaniaz jarri dira (Ingenieritza Elektronikoa edo Ingurugiro Zientziak, kasu). Biokimikan, 23 derrigorrezko ikasgaietatik 8 besterik ez dira euskaraz. Ingenieritza Kimikoan, berriz, 1. zikloa euskaraz egiteko aukera dagoen arren, 2. zikloan hautazko bakarra dago euskaraz. Jarraian, plan berrietara egokitu diren ikasketan artean, daturik esanguratsuena Geologian ematen da: aurrez 1. zikloa euskaraz egiteko aukera zegoen, eta orain, berriz, 12 ikasgaietatik soilik 3 dira euskaraz. Azkenik, betiko ikasketetan, Fisikan kasu, 2. zikloa bere osotasunean gazteleraz ematen da, eta 1. zikloan, berriz, hautazkoen artean 7 ikasgaietatik 5 gazteleraz dira. Matematiketan, aldiz, 1. zikloan hautazkoen artean 10etik 7 gazteleraz dira (horien artean estatistika dago, lehen euskaraz irakasten zena), eta 2. zikloan hautazko guztiak gazteleraz dira.

 Egiazko datuak dira. Gezurra Errektore-taldetik dator; orain dela hilabete batzuk eginiko prentsaurrekoan euskalduntze plangintza betetzen ari zelako pozik zeudela agertu zuten. Bide batez, txosteneko datuak manipulatu zituzten, eta galdera da, nor engainatzeko? Ikasketa horiek gazteleraz ikasten dituzten ikasleei ziria sartzeko? Eta hau guztia gutxi izango balitz, EHUn Ipar Euskal Herriko ikasleek pairatzen duten egoera lazgarria aipatu behar dugu. Izan ere, Euskal Herrian euskaraz ikasi nahi, eta unibertsitatera heldu eta klasean sartu bezain pronto konturatzen dira ikasgai hori gazteleraz dela.

 Bestalde, hurrengo asteetan Errektore hauteskundeak daude EHUn. Zazpi zerrenda aurkezten dira eta horietatik bakarrak jartzen du euskalduntzea lehentasun bezala (Iñaki Antiguedadek ordezkatutakoak). Beste zerrenda batean Iñaki Perez katedraduna aurkezten da, Salabururekin Errektoreorde izandakoa Miren Azkaraterekin batera (egun Kultura Sailburua dena) eta  orain dela urte batzuk euskalduntze plangintza bat abian jarri zuen berbera. Orain dio, euskalduntzea bere lehentasunen artean dagoela, baina emaitzak ikusita bi ondorio atera genitzake: edo bere garaian egin zutena gustu txarreko txantxa izan zen, edo Iñaki Perezen hitza ahuntzaren gauerdiko eztula bezain ahula da.  Dena den, ez dezagun ahaztu Montero jaunaren agintaldia euskararen alorrean eta beste hainbat alorretan, bederen, atzerapausua izan dela. Hau da, Errektore erdaldun izateari (zer gertatuko litzateke Bartzelonako Unibertsitateko Errektorea katalaneraz mintzatzeko gai izango ez balitz?) euskararen aurka izan duen etengabeko jarduna gehitu behar diogu.

 Jarraian, irakasleen hizkuntz eskakizunei buruz aipamen bi datoz. Funtsean ezer gutxi diote; soilik, Euskal Funtzio Publikoko legera eta Euskararen Normalkuntzaren legera egiten dela igorpena. Irakasleen afera oso gai mamitsua da, baina garrantzitsua era berean. Izan ere, ez dago euskalduntzerik irakasle euskaldunik gabe. Historikoki saihestua izan den gaia da. Hala ere, zezenari adarretatik heltzeko garaia heldu zaigu. Lehenbiziko neurria irakasle berrien kontratazioa egiterakoan euskara ezinbesteko eskakizuna izatea litzateke. Gaur egun, irakasle erdaldunen kontratazioak ez dauka zentzurik. Bide horretan, bai bekadunen zein plaza finkorik ez duten irakasleen lan baldintzak hobetu beharko lirateke. Askotan, horrelako neurriak aplikatzerakoan  zenbait irakasle erdaldun erasotuak sentitzen dira. Neurriok ikasle euskaldunen aldekoak dira, behingoz, euskaraz ikasteko eskubidea izan dezaten. Nork jartzen du zalantzan gaztelaniaz ikastea aukeratu duen ikaslearen eskubidea? Ez dago inondik inora irakasle erdaldunen bereizkeriarik irakasle euskaldunen alde. Eta bide beretik, bai irakasleen birziklapen planak zein eszedentzia planteamenduak eraginkorragoak izan beharko lirateke.

 Beste gauza askotarako eskariaren eta eskaintzaren arteko balantzea mantentzen den arren, unibertsitatean ez da horrela gertatzen. Hau da, Euskal Herri osoan unibertsitatean ikasketak egiten ari diren ikasleen % 51 baino gehiago euskalduna den arren, irakasleriaren seirena soilik da gai dagokion irakasgaia euskaraz emateko. Horietatik askok gaztelaniaz irakasten dute. Beraz, irakasle euskaldun prestuak ditugun arren, gaztelaniaz edo frantsesez irakasten dute.  

 Orain arte esandakoak unibertsitatean lan egiten duen ororentzat balio du. Oraindik ere, atezain, administrazioko langile, kafetegietako zerbitzari, liburutegiko arduradun edo fotokopistegietako langile askorekin harremana izateko gaztelania erabili beharrean gaude. Langile hauetako batzuen izaera dela eta, oinarrizko hiztegi zein esaldi batzuk ikastea ez da asko.  

 Bestalde, izatez, materialgintza euskaldunaren gabezia ikasgaien euskalduntzerako traba handia izan ohi da. Baina praktikan, azkeneko urte hauetan irakasle, bekadun, ikasle, UEU, edo Elhuyar bezalako eragileei esker aurrerapauso handiak eman dira. Lan handia gelditzen da egiteke, baina bitartekoak jarriz eta, batez ere, borondateari esker euskara alor guztietara zabaltzeko aukera dago. Horretarako lehentasunak finkatu beharko dira, irakasleen liberazioa indartu, lan-baldintzak hobetu, hitzarmenak sinatu, dirua inbertitu. Eta azken honetan, administrazioak berak erantzukizun handia dauka. 

 Hala ere, egoerarik zailena, bederen, ikerkuntza arloan ematen da. Ikasketa bukaeretan hain entzutetsuak diren tesiak edo proiektuak euskaraz egiteko zailtasun handiak dituzte ikasleek. Beraz, euskaraz egin daitezen, pizgarriak beharrezkoak dira. Honekin batera ikasleari erraztasunak eman behar zaizkio, eta irakasle euskaldun laguntzaileen sostengua behar dute izan. Gauza berdina egin beharko litzateke praktiken kasuan. Hauetan hainbat enpresekin hitzarmenak egitea nahitaezkoa da. 

 Legearekin jarraituz, eta azkenaldi honetan gure gizartean indartu den joerarekin bat eginez, beste hizkuntzen erabilera zein irakaskuntza bultzatuko dela aipatzen da. Eta honekin ados gaude, baina ñabardura batzuk eginez. Izan ere, Euskal Herriko hainbat tokitan ingelesa edo alemana ezarri da. Orain arte, zenbait ikastetxetan soilik jarri da indarrean. Baina unibertsitate ezberdinetan ere, abian dira mota horretako proiektuak. Hala ere, zoritxarrez euskararen kalterako hartzen dira neurriok, hots, euskarari orduak kentzen zaizkio, alegia. Euskara hizkuntza modernoa dela ez dago zalantzan. Gaur egun gure artean komunikatzeko erabiltzen dugu eta arlo tekniko zein zientifiko askotarako badago euskarazko hiztegia. Batzuentzat, aldiz, euskara ez da baliagarria zenbait egoeretan, eta hauek beste hizkuntzen aldeko apustua egiten dute. Herri honetan behingoz behar dugun hizkuntz eredua definitu behar dugu. Ikasleok irakaskuntzan euskara nagusi izan behar dela askotan esan dugu, baina beste hizkuntzek tokia izan behar dute gure ikastetxeetan zein fakultateetan. Argi esateko, herri honek eredu euskaldun eleanitza behar du. Eredu horren baitan gure herrian erabiltzen diren beste hizkuntzek tokia izan beharko lukete. Dena den kanpoko hizkuntzen artetik zein aukeratzen dugu? Printzipioz askatasuna egon beharko litzateke, baina ohitura europar hizkuntzetara jotzea da, batez ere, ingelesera. Baina zergatik ez da sustatzen arabiera, jakinik gure inguruan gero eta gehiago entzuten dela?  

 Aipamen gutxi, beraz, euskararen inguruan Unibertsitate Legean. Hainbat artikulu eztabaidagarri badago; tartean, Euskal Herria hitza gaztelaniaz dagoen testuan ez agertzeko saiakerak (Del Burgok berak onartu egiten duen hitza). Lege ahula, hankamotza, konplexuz betea, txikia, herri honek unibertsitate mailan dituen beharrak inondik inora asetzen ez dituena.

 Bukatzeko, eta amaiera moduan, hainbat gogoeta egin behar ditugu. Legean euskararen inguruko aipamenak eskasak eta, batez ere, eraginkortasunik gabekoak dira. Hau da, legeak jasotako neurriak orokorrak dira, eta horien aplikaziorako araudiak egitea beharrezkoa da. Eta azken hauek unibertsitateak egin beharko ditu. Beraz, euskalduntzearen giltzarria unibertsitatean dago, eta hainbat gorabehera kontuan hartu behar dira: Errektore berria eta bere taldearen jarrera, ikasleen etengabeko mobilizazioen jarraipena, irakasleen konpromezua handitzea, administraziotik baliabideak eskaintzea,.... Baina guztietan garrantzitsuena borondatea da. Zoritxarrez ez dut ikusten EHUtik etorriko denik Euskal Unibertsitatea. Are gehiago, ez dut uste hortik etorri denik ere. Euskal Unibertsitatea behingoz sortzeko herri proiektua abian da. Euskaraz eta Euskal Herriak dituen beharrak oinarri izango dituena. Gu guztion esku dago etorkizuneko ingeniariek, abokatuek, medikuek, kazetariek beraien jarduna euskaraz egiteko gaitasuna izatea Euskal Herri euskaldun batean. Gure herritarrek merezi dutelako, euskarak merezi duelako eta gure eskubidea delako Euskal Unibertsitatea eraiki dezagun!

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Alex Marañon
Urtea: 
2004