Euskara Nafarroako Unibertsitatean

1994-1995 ikasturtean Euskal Ikasketen Diploma sortu zen. Nafarroako Unibertsitateak bakarrik eskaintzen du titulu hau eta 45 kreditu ditu. Diploma hau euren hautazko eta aukera askeko kredituak Euskal Herria ezagutzeko baliatu nahi dituztenei zuzendua dago. Euskal Herriko historia, hizkuntza, kultura, eskubideak eta beste hainbat gai lantzen dituzte

Euskarazko irakaskuntza hobetzen jarraitzea da asmoa, geroz eta eskaera handiagoa dagoelako eta irakasleen prestakuntzak geroz eta aukera gehiago eskaintzen dituelako. Ez dago datu zehatzik, baina gutxi gorabehera 1500 pertsona izango gara euskaraz hitz egiten dugunak eta euskalduntzat jo gabe euskara ikasten ari direnak batuz gero.

 

Nafarroako Unibertsitateak beti erakutsi izan du euskararekiko interesa. 1963an Euskal Hizkuntzaren eta Kulturaren Katedra sortu zen eta On Jose Miguel Barandiaranek zuzendu zuen 16 urtez baino gehiagoz.

 1964tik euskara ikastaroak eskaintzen dira unibertsitatean. Hispaniar Filologiako ikasketetan, 1970az geroztik, bi ikasgai eman izan dira euskaraz. Gainera, 1996az geroztik, zenbait ikasgai euskaraz eman izan dira, Euskal Ikasketak eta Euskararen Hizkuntzalaritza bezalako mintegiak, adibidez. Edozein lizentziaturatako ikasleek hautatu ditzakete ikasgai horiek aukera askeko kredituen artean.

 1994-1995 ikasturtean Euskal Ikasketen Diploma sortu zen. Nafarroako Unibertsitateak bakarrik eskaintzen du titulu hau eta 45 kreditu ditu. Diploma hau euren hautazko eta aukera askeko kredituak Euskal Herria ezagutzeko baliatu nahi dituztenei zuzendua dago. Euskal Herriko historia, hizkuntza, kultura, eskubideak eta beste hainbat gai lantzen dituzte eta ikasketak hasi aurretik ez da ezinbesteko baldintza euskaraz jakitea. Hauek dira ikasgaietako batzuk: Euskal Hizkuntza (8 kreditu), Euskal Hizkuntza I (4), Euskal Hizkuntza II (4), Nafarroako Foru Zuzenbidearen Historia, Euskal Historia eta Kultura, Nafarroako Artearen  Mintegia, Nafarroako Geografia, eta abar. Titulua eskuratzeko, ikasleek memoria bat egin behar dute.

 Halaber, Abarrots ikasle taldeak urtero euskal kulturaren astea antolatzen du gure campuseko Kultura- eta Gizarte-Ekintzen Zerbitzuaren laguntzarekin. Udako Euskal Unibertsitatearen eta Iruñeko Udalaren  laguntzarekin hainbat hitzaldi ere antolatu izan dira azken urteetan. Gainera, Filosofia eta Letren Fakultateak urtero antolatzen duen Poesia Lehiaketan dagoeneko euskarazko modalitatea gehitu dute.

 Iruñeko eta Donostiako campusetako jarduerak

 1999-2000 ikasturtean Euskal Kazetaritza: hiru ikuspegi ikastaroa egin zen. Joseba Iriondok (ETB) “Erreportarigintza telebistan” izeneko hitzaldia eman zuen; Asier Arangurenek (ETB), berriz, “Euskal kazetagintza idatzia: abantailak eta trabak”. 2000-2001 ikasturtean Euskal Ikasketen Mintegia burutu zen ahozko literatura gaitzat hartuta. Honako hauek izan ziren hizlarietako batzuk: Juan Mari Lekuona, Jon Kortazar, Joxerra Garzia Garmendia, Andoni Egaña eta Mikel Urdangarin. Hurrengo ikasturtean (2001-2002) Nafarroako Unibertsitateko Irratian euskarazko programa bat egiten hasi ziren euskal kulturako gaiei buruz: Kultura Lapiko.

 Egoitza Donostian duen Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan, ikasleen eta irakasleen EKT taldeak (Euskal Kultur Taldea) euskara eta euskal kultura bultzatzen ditu. Euskaraz idatzitako aldizkari bat argitaratzen dute eta Donostiako campusean banatzen dute. Era berean, Komunikazio Sailak ikasleei, irakasleei eta langileei zuzenduta bi hilean behin ateratzen duen argitalpena elebiduna da. Bestalde, Euskara Zientifikoa ikasgaia aukera askekoa da, 4,5 kreditu ditu, eta hizkuntza honetan bakarrik eskaintzen da. Elebietan eskaintzen da Metalurgia eta Metalezko Materialak.

 Halaber, egoitza Donostian duen ISSAn (Instituto Superior de Secretariado Administración) hautazko hainbat ikasgai euskaraz ematen dira, Enpresako Euskara I eta II, edo Administrazio Publikoa Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako.

 2003ko apirilean, Historia Sailak, historia-kontakizunen bigarren lehiaketa antolatu zuen Nafarroako batxilergo ikastetxeen artean, euskarazko modalitate batean. Izenburua “Kontaketa historiko bat idatz ezazu” II. Lehiaketa da. Urrian, Alaitz eta Maider taldearen eskutik, euskarazko kontzertu bat egon zen Zientzien eraikinean.

 Abenduan, Karmele Artetxe historialariak (UEU) Inguma datu-basea aurkeztu zuen Euskal Hizkuntzako (8 kreditu) eta Euskal Hizkuntza I-eko (4) ikasleen aurrean. Bertso-saio bat ere burutu zen eta Andoni Egañak, Igor Elortzak, eta Oihane Enbeitak parte hartu zuten.

 1500 pertsona euskararen inguruan

Joan den urtarrilean, Labayru Institutuko eta Etniker-Bizkaia ikerkuntza taldeko sortzailea den Ander Manterolak hitzaldi bat eman zuen “Jose Migel Barandiaranen egitasmo bat gaur egunerako” izenburuarekin. Egun batzuk geroago, Unai Elorriaga idazleak bere literaturaren gainean “Neure literaturaren ikuspegia” hitzaldia eman zuen.

 Hil honetan, otsailean, mahai-inguru bat egingo da euskaraz zinemak Euskal Herrian duen zeresanaz; martxorako, kirolarien mahai-inguru bat dago aurreikusita. Apirilerako Euskarazko Kazetaritzaren III. Jardunaldiak daude antolatuta.

 Urtero bezala, Filosofia eta Letren Fakultateak poesia lehiaketa antolatuko du unibertsitateko ikasle guztien artean San Isidoro de Sevilla zaindariaren festa ospatzeko (apirilak 26). 1996-1997 ikasturtetik hona euskarazko modalitate bat ere bada hiru sarirekin (gaztelaniaz bezala).

 Euskarazko irakaskuntza hobetzen jarraitzea da asmoa, geroz eta eskaera handiagoa dagoelako eta irakasleen prestakuntzak geroz eta aukera gehiago eskaintzen dituelako. Ez dago datu zehatzik, baina gutxi gorabehera 1500 pertsona izango gara euskaraz hitz egiten dugunak eta euskalduntzat jo gabe euskara ikasten ari direnak batuz gero.

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Nafarroa
Egilea(k): 
Jose Maria Bastero
Urtea: 
2004