Euskara eta hezkuntza

Instituzio autonomiko berriak antolatzen joan ziren heinean, eta honekin batera alderdi politikoen parte hartzearen garrantzia handituz joan zen heinean, azken hauek mota honetako herri aldarrikapen eta proposamen ugari bereganatu zituzten beste batzuk baztertzen zituzten bitartean. Zoritxarrez, euskara identifikazio politikorako eta bereizketarako elementu gisa erabili zen. Euskal gizartearen zati handi batek horrela ulertu zuen gertaera hau, eta gaur egun, oraindik, euskararentzat oztopo bat da.

60ko hamarkadatik zetozen ikastolek argi utzi zuten hezkuntza eredu euskalduna egingarria izango zela baldin eta gutxieneko baldintzak baldin bazeuden, hezkuntzaren kalitatean eta mailan murrizketarik izan gabe.

Irakasleen gaitasun linguistikoa gaitasun profesional espezifikoa ziurtatuko duten bestelako neurriekin lagundu behar da. Hainbat profesional euskaldundu zen, baina lana ikasgelatan burutzeko garaian benetako arazoak aurkitzen ziren hainbat faktorek eraginda: irakaskuntza maila, ikastetxeen inguruko errealitate linguistikoa,...

 

Hezkuntza Sistema horrek euskararen normalizazioaren ibilbidean prozesuak eta denbora errespetatzen jakin du. Emaitzak hor daude. Eredu euskaldunak zabalduz joan dira, astiro baina sendotasunez, gaur egungo mailara heldu arte. Bilakaera hau erdietsitako lorpenetan eta ikastetxeetako normaltasun giroan oinarritzen zen

Guraso gehienok euskara berreskuratzeko ahaleginetan gaitasunik ez genuen, eta kasu askotan ondoren ezertarako balio izan ez duten praktikak burutu ditugu

Horien artean, normalizazioa lortzeko edozein ekimen baliagarria dela ikusten dugu; ez da horrela, ordea, hizkuntzaren kalitatea oso elementu garrantzitsua baita horretan arretarik ez jartzeko.

Proposamen hau beste faktore batean oinarritzen da: hirugarren hizkuntza baten ezarpenean, normalean ingelesa izango dena. Baina ez ikasgai gisa, zenbait ikasgaietarako transmisio hizkuntza bezala baizik. Esperientzia hau hainbat ikastetxetan garatzen ari da jadanik. Paradoxikoki, kasu honek ez du eztabaidarik sortu gizartean

Zaila egiten da gai honen inguruan lasaitasunez idaztea, euskararen berreskurapenean eta normalizazioan ari diren kultur, hezkuntza, gizarte, eta enpresen esparruetako erakundeak behin eta berriz jasaten ari direna kontuan izanik.

 Halere, lasaitasuna beharrezkoa da. Idazten duen honek gure hizkuntzaren egoera ona dela uste du; hori bai, asko hobe daitekeena. Eta baieztapen hau ondo ulertzeko idazkian azaltzen diren balorazioak bizipen zehatz batzuetan oinarritzen direla argitu behar da, euskara ia desagerturik egon den herrialde batean gertatutakoak, Araban hain zuzen ere. Eta esparru zehatz batetik egiten dira, euskararen berreskurapenaren alde ahalegin handia egin duen Euskal Eskola Publikotik.

 Egia esan, iritzi, inpresio, eta bizipenen bilketa bat da lan hau; objektiboa izan nahi du, baina kontrako iritzia ere onartzen du. Edozein modutan, helburua egindako lan osoaren balorazioa egitea da, jarraitzeko oztopo baino izango ez litzatekeen ezkortasunean erori gabe.

 Artikulu honek azkeneko bi hamarkadetan zehar euskararen berreskurapenaren eta normalizazioaren prozesuak izandako bilakaera, Euskal Eskola Publikoak jokatutako papera, gaur egungo egoera, eta erronken eta etorkizuneko proposamenen errepasoa egiten du. 

DUELA 25 URTEKO EGOERA

Erregimen Frankistaren ondoren euskararen egoera oso larria zen Euskal Herriaren zati handi batean, lurraldearen hainbat lekutan desagertzeko joera nabaria izanik. Errealitate hau larria zen Araba osoan, Iparraldean ere bai, eta Nafarroaren zati handi batean eragiten zuen. Gipuzkoan eta Bizkaian, zenbait eskualdetan euskara gaztelaniaren gainetik nabarmentzen zen, baina populazio gehiagoko hiriguneetan errealitatea ez zen hain baikorra.

 Erregimen aldaketaren ondoren, diktaduraren garaitik euskararen alde lanean zebiltzan hainbat kultura, hezkuntza, eta gizarte mailako erakundeek premiazko neurriak hartu beharra ikusi zuten, hasiera batean joera negatiboa gelditzeko eta ondoren Euskal Herriko hizkuntza den euskara berreskuratzeko.

 Garai hartan, euskararen kasua bezalako bestelako kultur eta gizarte auziak biztanleen zati handi batek bereganatzen zituen, alderdi politikoak oraindik antolatze fasean baitzeuden.

 Instituzio autonomiko berriak antolatzen joan ziren heinean, eta honekin batera alderdi politikoen parte hartzearen garrantzia handituz joan zen heinean, azken hauek mota honetako herri aldarrikapen eta proposamen ugari bereganatu zituzten beste batzuk baztertzen zituzten bitartean. Zoritxarrez, euskara identifikazio politikorako eta bereizketarako elementu gisa erabili zen. Euskal gizartearen zati handi batek horrela ulertu zuen gertaera hau, eta gaur egun, oraindik, euskararentzat oztopo bat da.

Euskararen aldeko zein aurkako diskurtso gehienetan argudio historikoak erabiltzen ziren haren antzinakotasuna edo zenbait eskualdetako desagerpena azalduz. Zentzu bietan ematen ziren argudioak benetakoak eta kontrastatuak baziren ere, azken helburuak kontrakoak ziren.

 Hori gertatzen zen bitartean, herritar askorentzat argudio historikoak ez ziren garrantzitsuenak, hizkuntza kultur ondare eta identitatearen bereizgarri gisa berreskuratzea baizik. Eta atal honetan, identitatearen gaian, interpretazio ezberdinak onartzen ziren: Euskadi, Euskal Herria, eta abar. Herri jakituriak gure hizkuntzaren berreskurapenaren garrantzia sumatzen zuen, bestelako balorazioetan sartu gabe.

 Baina azkenean ez zen lortu (agian planteatu ez zelako) ez kontsensurik ez akordiorik euskaldunen sentsibilitate guztientzat euskara elementu eta ondare komun bihur zedin.  Hortik dator lehen aipatutako oztopoa.

EUSKARAREN OFIZIALTASUNA

1982. urteko Euskararen Erabilpenaren Normalizaziorako Oinarrizko Legeak, alde batetik, euskararen ofizialtasuna ezartzen zuen eta “euskal herriaren berezko hizkuntza eta hizkuntza ofiziala gaztelaniarekin batera” definizioa ematen zion; bestetik, erabileraren berreskurapena eta normalizazioa lortzeko hainbat neurri artikulatzen zituen.

 Neurri hauen artean hezkuntza sisteman eragiten zutenak zeuden, hezkuntza edozein hizkuntza ofizialetan jasotzea aukeratzeko eskubidea onartzen zutenak. Eskubide hori bideratzeko, gaur egungo hizkuntza ereduak (A, B, eta D) ezarri ziren ikastetxeetako hizkuntza bakoitzaren erabileraren pisu espezifikoaren arabera. Adostasunetik sortutako konponbidea izatea baino, guztiak pozik izatea erabaki zen. Agian aukera bakarra zen orduan.

 Berreskurapenerako eta normalizaziorako eredu baten diseinua planteatzen zenean, hainbat hutsune, galdera, eta antzeko eredu eta erreferentzia falta agerian gelditzen ziren. Baina premiazkoa zen erabakiak hartzea prozesua abian jartzeko, eta, gainera, prozesuak malgua izan behar zuen bere garapenean etengabeko hobekuntzak jasotzen joan ahal izateko.

 Edozein modutan ere, garrantzitsuena abiatzea zen. Argi zegoen hezkuntza sistemak egiteko garrantzitsua bete behar zuela, ezinbestekoa eta eraginkorra, azkenean argi gelditu den bezala. Gogoan izan behar da ez zela hutsetik hasten; 60ko hamarkadatik zetozen ikastolek argi utzi zuten hezkuntza eredu euskalduna egingarria izango zela baldin eta gutxieneko baldintzak baldin bazeuden, hezkuntzaren kalitatean eta mailan murrizketarik izan gabe.    

HEZKUNTZA SISTEMAREN EZARPENA

Irakasleria:

Aurkezpen teorikoa egina zegoen, baina arazoak izan ziren hezkuntzan ezartzerakoan. Irakasle euskaldunen falta nabaria zen, herrialde batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Ez zen, ordea, hizkuntzaren arazoa soilik; prestaketa profesionala ere falta zen. Zeregin profesional egokia lortu ahal izateko, euskara ala erdara jakitearekin ez da nahikoa; prestaketa eta baliabide egokiak behar dira. Eta kasu bietan defizita nabaria zen.

 Politikaren zenbait alderdietatik, orduan gehiengoa ziren euskaldundu gabeko irakasleentzat etorkizun iluna eta kezkagarria iragartzen aritu ziren, euskara elementu oldarkor gisa aurkeztuz. Langabeziak biztanleria gogor erasotzen zuen garai hartan, lanpostua galtzeko beldurrak negatiboki eragin zuen.

 Beste sektore batzuetatik ez zen hezkuntza sistemaren abiapuntua kontuan hartzen, Euskal Autonomia Erkidego osoaren egoeraren analisi partzialak eta homogeneoak eginez. Akats handia zen hori konponbideak aurkitu nahi ziren garairako.

 Bitartean, ikastetxeetako irakasleak kezkatzen zituzten eztabaida foroetara hurbiltzen ziren;  irakasle eskoletatik irteten ziren hainbat gaztek, aukera pertsonal edo profesional modura, euskalduntzeari ekiten zion, lanpostu bat lortzeko aukerak handitzeko esperantzaz.

 Garai berean, hezkuntza administrazioak eskola mapa berria diseinatu zuen hizkuntza eskaerak kontuan izanik; eta bestalde, irakasleak errealitate berrira egokitzeko neurriak artikulatu zituen, gaur egun IRALE den irakasleak euskalduntzeko programa martxan jarriz.

 Irakasleen euskalduntze prozesuaren inguruan zenbait ohar egin nahi nituzke. Guztien adostasuna jasoko ez badute ere, egin beharrekoak iruditzen zaizkit:

  • Irakasleen gaitasun linguistikoa gaitasun profesional espezifikoa ziurtatuko duten bestelako neurriekin lagundu behar da. Hainbat profesional euskaldundu zen, baina lana ikasgelatan burutzeko garaian benetako arazoak aurkitzen ziren hainbat faktorek eraginda: irakaskuntza maila, ikastetxeen inguruko errealitate linguistikoa,... Egoera horrek frustrazio ugari eragin zituen, nire ustez ulergarriak. Euskalduntze prozesuan sortutako itxaropenak eta lortutako emaitzak ez zetozen bat.
  • Baina justifikaziorik ez duen biktimismoa ere ikusi da irakasle batzuen partetik; gutxi izanda ere, pisu espezifiko handia izan dute hauek. Euskara mehatxu gisa, haien profesionaltasunaren aurkako eraso gisa, ulertu dute. Aspaldi honetan askotan (agian gehiegitan) entzun ahal izan dugu komentario hau: “Euskarazko gaitasun linguistikoa kreditatu ezin izan duten irakasle ezin hobeak baztertuak ikastetxeetan”.  Baieztapen horrek zer esan nahi du, irakasle euskaldunek ezin dutela ezin hobeak kalifikatzailea jaso?
  •  Lanpostua galtzeko mehatxua etengabea izan da urte askoan zehar. Egia da langile zerrendak momentu bakoitzeko beharretara egokitu izan direla, baina egokitzapen horiek lanpostuaren galera eragin duten kasurik nik ez dut ezagutzen. Gainera, egokitze eta moldaketa hauek ohikoak dira eskoletako langileen zerrendetan eta bestelako edozein sektore profesionaletan, benetako beharrei erantzuna ematen baitiete.
  •  Azkenean, gizarteak markatu ditu pausuak eta beharrak; ez hezkuntza administrazioak. Irakasleak ezin ditu eskaera horiek baldintzatu; horietara moldatu behar da, aspektu linguistikoetan zein bestelakoetan.

        Gizartea

Eztabaida politiko eta profesional horiek zirauten bitartean, gizartea, berriz ere, aurretik zihoan. Hezkuntzan euskal ereduen aldeko apustua Euskal Herri osoan agertzen hasi zen, erritmo ezberdinekin baina norabide berberean.

 Asko ziren zalantzak eta mehatxuak. Hasierako momentuetan, agian, sentimenduak eta ideologia utilitarismoaren irizpideen gainetik zeuden. Eta, agian, hori dela eta hainbat zerga ordaindu da. Baina sistema poliki-poliki hobetuz eta akatsak zuzenduz joan zen, normalizazioa eta bestelako hezkuntza sistema elebakarretako kalitate maila bera edo hobeagoa lortu arte.

 Gaur egun, euskara ez da hezkuntza sistemaren kalitatea gutxiesteko edo gehiegi baloratzeko argudioa; beste batzuk dira balorazio horretan pisu espezifikoa duten faktoreak.

  Euskal Eskola Publikoa

 Horren inguruan hausnarketa egin behar da, eta Euskal Hezkuntza Sistema Publikoak euskararen berreskurapenean eta erabileraren normalizazioan egindako lana onartu behar da. Onartze hau eskola elkarte osora zabaldu behar da: ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta administrazioa.

 Euskal Hezkuntza Sistema Publikoak, frankismoaren garaian hain eztabaidatua izan zen hezkuntza publikoaren irudia duin bihurtzearen erronka izateaz gain, euskal gizartean gertatzen ari ziren aldaketetara eta honen eskaeretara moldatu behar izan zuen; azken horien artean zegoen euskararen ofizialtasuna hezkuntza sisteman txertatzea.

 Hezkuntza Sistema horrek euskararen normalizazioaren ibilbidean prozesuak eta denbora errespetatzen jakin du. Emaitzak hor daude. Eredu euskaldunak zabalduz joan dira, astiro baina sendotasunez, gaur egungo mailara heldu arte. Bilakaera hau erdietsitako lorpenetan eta ikastetxeetako normaltasun giroan oinarritzen zen; ez da ahaztu behar, ordea, beste faktore batzuek ere eragin dutela gaur egungo puntura heltzeko, baina horien inguruan geroago arituko gara.    

 EUSKARA XXI. MENDEAN

Orain galdera bat datorkigu burura: zein puntutan aurkitzen gara gaur prozesu honetan? Noraino heldu gara eta zer gelditzen zaigu egiteko? Errealitate osoa islatuko duen erantzuna ematea oso zaila da, baina ausartak izan behar dugu eta proposamenak egin.

 Euskal Eskola Publikoak bere betebeharra bete du. Horren gaineko datu objektiboak daude. Ikasle gehienek bi hizkuntza ofizialetan lortzen du gaitasuna. Horrek euskaldun potentzialen handitzea dakar, guztiz beharrezkoa dena normalizazioa lortu ahal izateko.

 Baina azkeneko ikerketen arabera hiritar elebidunen kopurua handitzeak ez du erabileran islarik izan; erabilera kasurik hoberenetan mantendu egin da, eta beste batzuetan gutxitu.

 Honek izango du bere logika, agian. Eskolak euskararen normalizazioa lortzen duen bitartean, gizartean, kalean,... ez da pareko prozesurik abian jartzen. Horrela, Euskal Herriko leku askotan, euskara ez da ikasgelako hizkuntza izatetik atera. Kasu askotan, ez da jolastokietara ere atera.

 Eta gizarte mailako normalizazioa gertatu ez bada,  baldintza egokiak falta zirelako izan da. Arabako kasuan, adibidez, ez zegoen gutxieneko biztanle euskaldunik prozesua hasi ahal izateko.

 Horrela, gure seme-alabek naturaltasunez bizi duten ordu batzuetako elebitasun hau guk ikasgeletatik kanpo erabil dezaten nahi dugu. Baina norekin? zergatik? Haiek ez dute euskara ideologiaren edo kulturaren ikuspegitik bizitzen, haiek modu naturalean bizi dute. Askotan, euskaldun aldarrikatzen diren giroak artifizialegiak dira, eta egunerokotasunetik oso urruti daude.

 Guraso gehienok euskara berreskuratzeko ahaleginetan gaitasunik ez genuen, eta kasu askotan ondoren ezertarako balio izan ez duten praktikak burutu ditugu; beste batzuetan, nahi zenaren kontrako ondorioak ere lortu dira. Garai batean egokiena zirudiena ondoren desegokiena zen. Eta kontuan hartzekoa da puntu honetan adituek diotena: hizkuntzaren normalizazioan hainbat topiko erabiltzen dira, eta horiek gainditu egin behar dira. Horien artean, normalizazioa lortzeko edozein ekimen baliagarria dela ikusten dugu; ez da horrela, ordea, hizkuntzaren kalitatea oso elementu garrantzitsua baita horretan arretarik ez jartzeko.

 Zorionez, belaunaldi gazteek euskara formazio prozesuaren berezko elementu gisa bizi dute. Zenbait egoera naturaletan erabiltzen dute, eta ekimen artifizialek ez dituzte motibatzen. Hori leku askotan ez zen aspaldian gertatzen.

IZAN GAITEZEN BAIKORRAK

Ez daukagu beste erremediorik. Uzkurdurarentzat ez da lekurik utzi behar, eta orain arte egindakoak inongo baliorik ez duenik ere ez da pentsatu behar. Oinarri egokiak eta sendoak jarri dira, eta benetako normalizazioa diseinatzeko garaia da.

 Nire ustez, gaur egungo geldialdia prozesuaren berezko parte da. Aipatu dugu duela 20 urte zein abiapuntua genuen: irakasle prestatuen falta, euskararen erabileraren gizarte mailako normalizazioaren falta, baliabideen falta, erraztasun falta medioan...

 Horietako zailtasun batzuk baditugu gaur egun ere, baina fenomeno berri eta pozgarri baten atarian gaudela uste dut: benetako belaunaldi elebidunaren agerpena, hain zuzen ere. Belaunaldi hau, ikastetxe euskaldunetan ikasi zuten eta maila oneko euskara duten gurasoen seme-alaba elebidunek osatzen dute. Seme-alaba hauek euskaraz zein erdaraz gaitasun maila altua daukate. Epe ertainean, beraz, elementu honek ikuspegia alda dezake.

 Paraleloki, irakasleen artean aldaketa naturala emango da eta ez dira duela 20 urteko baldintzen menpe egongo. Gaur egun, irakaskuntzako profesional gehienak elebidunak dira eta hau oso garrantzitsua da.

 Are gehiago, normalizazioak hasi du bere prozesua bestelako esparruetan: gizartean, kulturan, ekonomia mailan,... pixkanaka-pixkanaka bere garaian eskolak egin zuen antzera. Gazteak produkzio sektore ezberdinetara heltzen dira, eta haiekin euskara modu naturalean sartzen da.

 Badira esparru horretan lanean ari diren erakundeak, Kontseilua adibidez, eta emaitzak epe ertainera ikusiko ditugulakoan gaude.

GIZARTE TESTUINGURU BERRIA

Egoera honetan, baikorrak izateko elementuak agertzen badira ere, badira kontuan hartu beharreko beste batzuk. Horien artean, gizartean gertatzen ari den fenomeno bat aipatu nahi dut; inmigrazioa.

 Inmigrazioa beti gertatu da, baina azken urteotako hazkundeak lekuz kanpo harrapatu ditu gure gizartea eta gure eskola. Eskolan premiazko konponbideak bilatu dira, erantzun azkarrak beharrezkoak baitira. Lehenengo denboraldi honen ondoren neurri berriak proposatzen ari dira, hausnartutakoak, baliabide gehiagorekin, eta inplikazio pertsonal altua duten hezkuntzako profesionalen lanarekin.

 Araban, eta hizkuntzaren aldetik antzekoak diren eskualdeetan, ikasle etorkinen eskolatzea eredu ez euskaldunetan gertatu da nagusiki. Eta hau horrela gertatu da ez zegoelako ez baldintzarik ez baliabiderik beste modu batean egiteko. Kontrakoa esatea diskurtso demagogikoan erortzea litzateke.

 Baina gai honetan, inmigrazioan, ezin dugu utzi eskolak pisurik handiena har dezan. Gizarte mailako sektoreen eta instituzioen parte-hartzea beharrezkoa da, askok dioten moduan inmigrazioa “arazo” bihur ez dadin.

 Aldagai berri hau euskarak gure eskoletan egoera ona bizi duen momentuan heldu da, eta itxaropena izateko arrazoia da.  Egoera hau duela 20 urte izan balitz, beste modu batera hitz egingo genukeen orain.

PROPOSAMENA ESKOLARENTZAT: EREDU BAKARRERANTZ

Bada garaia gaur egungo eredu linguistikoen sistema eta honek Euskal Eskola Publikoan izan duen aplikazioa birplanteatzeko. Jadanik ez du balio gaur egungo ereduak, eta egoera kezkagarriak eragiten ditu. Begiak zabaldu behar ditugu eta antzinako motibazio ideologiko, politiko, zein kulturalek protagonismo ezberdina dutela onartu behar da. Gaur egun, eskola aukeratzeko garaian familiek beste mota bateko irizpideak erabiltzen dituzte; askotan ikastetxearen kalitatea eta prestigioa baloratzen dituzte, eta beste askotan ikastetxearen gizarte giroa.

 Etorkinen pisua garrantzitsua den ikastetxeetan, edo etorkinak gehiengoa diren ikastetxeetan ihesaldi efektu bat gertatzen ari da. Eta “kasualitatez” ikastetxe hauek, gehienetan, A eredukoak dira. Halere, onartu behar dut ikastetxe hauek egiten ari diren integrazio lana, inoiz zalantzan jarriko ez nukeena.

 Baina konturatu behar gara ikastetxe euskaldunetan gertatu den matrikularen igoeran aldagai honek baduela eragina. Nire ustez, gure Eskola Publikoak euskaraz gain bestelako giza aspektuak ere aztertu behar ditu. Zentzu honetan, eskoletan ghettoak sortzea eta hizkuntzarekiko diskriminazioa ekidin behar dira.

 Jakin badakit eredu bakarraren inguruan aritzeak mesfidantza, beldurra, eta haserrea sor ditzakeela, eta gainera, egia da agian ez dela momenturik hoberena horrelako eztabaida eta aldaketak proposatzeko ere.

 Eredu bakarrak, batzuek proposatzen duten B eredua izango ez litzatekeenak, ez luke hizkuntz ofizialengan kalterik eragingo. Ez da mehatxu erreal eta objektiboa. Baldintza bakarra, eredu hau gizartean gertatu behar den euskararen normalizazio prozesuarekin batera etorri behar dela da. Ikastetxe bakoitzak bere normalizazio prozesua programatzeko ahalmena izan behar du. Ezin da lanean jarraitu eredu uniformatzaileetatik.

 Euskal Eskola Publikoaren formulazio berri honetatik guztiok jokatu behar dugu irabazteko. Eta guztiok irabaz dezakegu; baina gure taktika besteak galtzea bada energiak alferrik gastatuko ditugu.

 Proposamen hau beste faktore batean oinarritzen da: hirugarren hizkuntza baten ezarpenean, normalean ingelesa izango dena. Baina ez ikasgai gisa, zenbait ikasgaietarako transmisio hizkuntza bezala baizik. Esperientzia hau hainbat ikastetxetan garatzen ari da jadanik. Paradoxikoki, kasu honek ez du eztabaidarik sortu gizartean, bere garaian euskararekin sortu zen bezala; konnotazio politiko edo ideologikorik ez daukalako izan liteke. Edozein modutan, eredu eleanitza aprobetxatu beharreko aukera ona da.

 Urte hauetan zehar egindako lanaren fruituak begi bistakoak badira, hau da, belaunaldi elebiduna sortzen bada, emaitzak azkar agertuko dira. Neurri gabeko baikortasuna ote?

BUKATZEKO

Batzuek, artikuluan azaltzen den euskarak eskola munduan eta gizartean orokorrean bizi duen egoeraren ikuspegia idilikotzat edo inozotzat jo dezakete. Ez zen hori nire nahia. Baina zera esan dezaket, duela 20 urte artikulu berbera etorkizunari begira egiteko proposamena jaso izan banu ez nukeela inondik inora nire inguruan euskarak bizi duen gaur egungo egoera iragarriko. Ez nituzkeen ziurrenik lortutako emaitzen adinako helburu handizaleak planteatuko. Hainbat ikerketetan kontrastatutako mendeetako joera ezkorra gelditzea lortu da, eta berez, oso gertakari garrantzitsua da hori.

 Gaur egun, ez da arraroa nagusiki erdaldunak diren giroetan euskara ere entzutea kalean. Duela 20 urte, ordea, ohiz kanpokoa zen. Sektore euskaltzaleetan nabaria den giro ezkorra uler dezaket, batez ere egoera aurreratuagoa bizi zutenen kasuan. Eta aipatu dut, behar bada errealitatearen analisia okerra zen, eta abiapuntua homogeneotzat ematen zuten proiektuetan abiatu ginen. Honek hainbat frustrazio eragin ahal izan du, eta horiek gainditu egin behar dira.

 Euskara, urte hauetan zehar, zabala, integratzailea, eta gure errealitate soziolinguistikoarekin oso errespetutsua izan da. Proposamenik erasokorrenek ez dute eraginkortasunik erakutsi. Egia esan, euskararen zabalkuntza eta normalizazioaren aurka bultzatutako ekintzek eta kanpainek aurkakoa lortu dute, geldiezina den prozesu honen aldeko gizartearen erantzun bateratua.

 Eskola ez dago bakarrik eta erantzukizunak banatzen ari dira. Ahaleginak batu, koordinaturik lan egin, eta baliabide eta metodologia egokiak inplementatu behar dira. Baina, gauza guztien gainetik euskara erabili behar da, gaur egun inoiz baino gehiago. Euskara, beste edozein hizkuntza bezala, ez da gutxi batzuen ondarea; gizateriaren ondarea da.

 Euskarak ospakizun eta ekitaldi berezien beharrik izango ez duen eguna heltzea nahi nuke, gure erabakiz gure bizitzaren esparru guztietan izango genukeela esan nahiko lukeelako. Baliteke gutako askok prozesu hau bukaturik ez ikustea, baina garrantzitsuena abian dela jakitea da. Asko izan dira iraganeko gorabeherak, gehiegizkoa atzerapena, eta, halere, euskarak bizirik dirau.

 

 

 

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Juan Carlos Alonso
Urtea: 
2003