Ikerketaren baliagarritasuna

Etorkizunean tresna honen garapenean eman beharreko urratsak azaltzen saiatu dira egileak, eta hiru norabide eduki beharko lituzkete, beraien iritziz:

  1. Euskal hizkuntza komunitatea osatzen duten osagaietan sakondu behar dugu, komunitate horretan eragiten duten faktoreak hobeto identifikatuz. Hau da erantzun beharreko galdera: zeintzuk diren nagusiki euskal komunitatearen bizindar etnolinguistikoa -edo osasuna- ahalbideratzen eta bermatzen duten faktoreak, bai euskal hizkuntza komunitatearen barrukoak eta baita euskal hizkuntza komunitatea kokatzen deneko gizartekoak ere.
  2. Bestetik, euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren faktoreak identifikatzeaz gain, faktore horien pisu erlatiboa zehazten eta fintzen jarraitu beharra dago.
  3. Azkenik, eta amaitzeko, horrelako ahalegin baten beharra azpimarratu nahi izan dute euskararen normalizazioaren mesedetan. Izan ere, euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren osagaiak hobeto identifikatuz eta horien pisu erlatiboa zer nolakoa behar duen zehatzago zedarrituz, euskararen erabileran, eta beraz, euskararen normalizazioan aurrerapauso eraginkorrak eta arrakastatsuak emateko aukerak sortuko baitira.