Ondorio nagusiak

Ikerketaren emaitza orokorrak honako grafikoan bildu ditugu:

Itxuraz, neurtu ditugun bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren artean badago nolabaiteko loturaren bat. Bi aldagaiek grafikoan marrazten duten ibilbidea antzekoa da: herri batean bizindar etnolinguistikoak gora eginez gero, euskararen erabilerak ere gora egiten du. Herri guztietan hori gertatzeak gure ikerketaren oinarrian egon den hipotesia neurri batean baieztatzeko nahikoa arrazoi ematen digula deritzogu: “euskal hizkuntz komunitatearen bizindar etnolinguistikoa nolakoa, euskararen erabilera halakoa”.

Salbuespenak salbuespen, beraz, ikerketaren azalpen logika honako bi esaldi hauetan laburtu daiteke:

  1. Bizindar etnolinguistiko gero eta handiagoa, orduan eta euskararen erabilera altuagoa. Bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.
  2. Bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko erlazioa ez da herri guztietan intentsitate berekoa. Bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko duen distantzia handiagoa da; aldiz, bizindar etnolinguistikoa altua denean, euskararen erabilerarekiko distantzia estuagoa da. Beste modu batera esanda, bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko lotura zehazten duen ratioa handiagoa da. Eta bizindar etnolinguistiko gero eta altuagoa izan, euskararen erabilerarekiko loturaren intentsitatea adierazten duten ratioa gero eta txikiagoa da. Edo, bestela esanda, bizindarra neurri batean sendotzen denean, erabilera are nabarmenago igotzen da.