Ikerketaren eredu teorikoa

Bizindar etnolinguistikoa izeneko eredu teorikoaren baitan hizkuntza portaeran eragiten duten faktore guztiak bilduz gero, emaitza neurri bereko euskararen erabilera litzateke: gizarte baldintzak zelakoak, bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.

Zergati, helburu eta lan-hipotesi horiei ahalik eta modu osoenean erantzun nahian, ikerketa oinarritu eta koherente bihurtuko zuen eredu teoriko bat aurkitzea beharrezkoa zen. Eredu teorikoak ikerketaren ezaugarrietara egokitu behar zuen; besteak beste, euskal hizkuntza komunitatearen barne nahiz kanpo osagai guztiak barneratu eta horiek ulergarri bihurtzeko modukoa izan behar zuen. Horrela, Ikerketa “bizindar etnolinguistikoa” kontzeptuaren atzean dagoen eredu teorikoan oinarritzea egokia izan zitekeela erabaki zuten ikertzaileek, eta, beraz, kontzeptu honen atzean dagoen eredu teorikoa da ikerketaren euskarri.

Atal oso bat eskaini zaio liburuaren eredu teorikoaren gaiari, eta bertan, kontzeptua bera modu argigarri batez azaltzeaz gain, bizindar etnolinguistikoaren jatorrizko formulazioa gauzatu zutenetik hasi eta denborarekin batera irabazi dituen ñabarduren berri ematen zaigu