Ikerketaren zergatiak

Ikerketa honen abiapuntuan hausnarketa, kezka, edo ezinegon batzuk aurkitu daitezke. Hausnarketa guztien oinarrian bat: erabilera dela euskararen normalizazioaren adierazle adierazgarriena eta erabileran zeresana duten faktoreak identifikatu, bakoitzaren garrantzia zehaztu, eta neurtu beharra dagoela eskuartze ekimen eraginkorrak bideratu nahi badira.

Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta erabileraren artean zulo handia dago; gero eta jauzi handiagoa, hain zuzen: oro har, euskarazko gaitasuna lortzen duten gizabanakoen kopurua azkarrago hazten da, euskaraz hitz egiten duten gizabanakoen kopuruarena baino; joera nagusi hori, alabaina, ez da kasu guztietan betetzen.

Hori horrela izanik, kezka eta helburu nagusia hau izan da: zergatik dakienak ez du erabiltzen? Ikerketa hau galdera horri erantzuteko ahaleginean koka dezakegu. Egileak faktore edo elementu batzuetara mugatu dira, eta ezin, beraz, aipaturiko galdera horri erantzun erabateko bat eman. Aitzitik, partzialki bada ere, ahalik eta erantzun osoena ematen saiatu dira.