Begira aplikazioa

Begira aplikazio informatikoak ezagutzaren eta erabileraren prospekzioak egiten lagunduko dizu

Auzo, herri edo eskualde bateko bi urte ezberdinetako euskaldunen proportzioa ezagututa, aplikazioan datuak sartu eta Begirak dagokion prospekzioa automatikoki kalkulatuko dizue (kopurutan eta iruditan)

BEGIRA: Euskararen bilakaeran prospekzioak egiteko tresna.

Zenbat euskaldun izango da zure herrian hogei urte barru? Eta zenbatean mintzatuko da euskaraz? Zenbat denbora beharko da zure herria euskalduntzeko?... Hori ezagutzea lehen mailako garrantzia duen informazioa da euskalgintzan diharduen ororentzat.

Zuen esku jartzen dugu tresna honek prospekzioak egiten lagunduko dizue.

Zuen herriaren berreuskalduntze erritmoaren etorkizuna aurrez ikusi ahal izango duzue, eta horren laguntzaz errazagoa izango zaizue plangintzak egitea.

Klikatu irudiaren gainean fitxategia jaisteko

Zer den

Tresna hau Excel 97 programa informatikoan eratutako kalkulu liburua da. Bertan eskatutako informazioa sartu eta automatikoki zuk hautatutako denbora epeetan euskararen ezagutzak eta erabilerak izango duten bilakaera kalkulatzen du. Bilakaera hori zenbaki bidez nahiz grafikoki adierazten du.

Zein oinarri duen

Liburuan egiten diren kalkuluak bi motatakoak dira, batetik, euskaldunak eta biztanleriaren hazkuntza geometrikoa, ezagutza aztertzeko eta, bestetik, Txillardegik sortutako eredu matematikoa erabilera estimatzeko. Eredu matematikoaren fidagarritasuna dagoeneko lautan egin den Euskararen Kale Erabileraren Neurketak eta herriz-herri egindako hamaika neurketek babesten dute.

Teoriaren oinarria oso erraza da. Jakina denez, bi hizkuntza ukipenean dauden gizarte honetan hiztun guztiak ez dira bi hizkuntzak mintzatzeko gai. Horrela, euskaldunen artean, eta soilki euren artean, euskaraz hitz egin daitekeelarik, euskararen erabilera %-ko zenbatean den posible kalkula daiteke. Hau da, elebidun eta elebakar kopuruaren arabera, euskaraz mintzatzeko zenbat aukera dagoen aztertuz, erabileraren proportzioa ezagutu daiteke (Honi buruz azalpen gehiago jaso nahi duenak jo beza BAT aldizkariaren 28. alera).

Zertarako den

Arestian esan dugun bezala, tresna honen laguntzaz euskararen jakite mailak -euskaldunen kopurua-, eta erabilerak zein bilakaera izango duten ezagutuko dugu (beti ere probabilitate kalkuluaren arabera). Esaterako, orain arteko erritmoan jarraituz zenbat urte beharko diren gure herria edo eskualdea erabat berreuskalduntzeko; hogei urtetan noraino iritsiko garen...

Informazio hori ezinbestekoa da herriz-herri euskalgintzan lanean dihardutenentzat. Izan ere, kalkulu liburu honen bidez eskuratzen diren indizeak zehatzak dira eta gaur egun arlo honetan dagoen oinarririk zorrotzena dute. Honek eskaintzen diguna, beraz, goren mailako informazioa da, paregabeko abiapuntua euskararen normalkuntzan eragile direnen artean hausnarketa egin eta osagarritasunean eraginkorragoak izateko.

Azalpen teknikoak

Kalkulu orria erabiltzeko Excel 97 bertsioa edo berriagoa behar duzu (Windows 95 edo maila goragoko plataforman). Programa hori gabe, edo bere aurreko beste bertsioren batekin ezin erabil daiteke.

Bestalde, kalkulu liburua erabiltzeko behar duzun informazioa honakoa da: zure herri / auzoko aurreko urteetako datu demografikoak eta euskararen jakite mailaren datuak. Hau da, biztanle eta euskaldun (euskaraz hitz egiten dakitena) kopuruak hurrenez hurren. Hortik aurrera programak egiten ditu gainontzeko kalkuluak.

Nola erabiltzen den.

Kalkulua edozein biztanleria multzoei aplika dakioke. Hau da, auzategia, udalerria, hiria, eskualdea, herrialdea, eta abar izan daitezke kalkuluetarako eremuak. Beti ere, bi urte diferenteetako biztanle eta euskaldun kopuruak ezagutzen ditugula jakina. Darabilgun oinarri matematikoa dela eta, estimazio estatistikoa zorrotzagoa da zenbaki handiekin txikiekin baino. Udalerri, auzo edo unitate txikietan emaitza zentzu gabekoak agertzea ez litzateke gertaera arraroa izango.

Hiru dira BEGIRAk kalkulu liburuak dituen orriak: Jakite mailarena, erabilerarena eta irudi grafikoarena. Erabilera errazekoak dira jarraian ikus daitekeenez,

Behar diren datu bakarrak biztanle kopurua eta euskaldunen kopurua -jakite maila-, eta, jakina, datuak zein urtekoak diren. Bi urte diferenteetako datu sortak behar ditugu. Datu horiek estatistika institutuetan (EUSTAT,...) edo udaletan aurki daitezke.

Hortik aurrera, Excellek berak automatikoki kalkulatuko ditu bilakaera erritmoak eta etorkizunean indize honek izango duen bilakaeraren emaitzak emango dizkigu. Guk nahi ditugun denbora tarteak jar ditzakegu (kontutan har bedi zenbat eta denbora tarte handiagoa jarri orduan eta handiagoa dela errore maila) eta nahi izanez geroz, auzoz auzo nahiz adin taldekako bilakaeraren emaitzak ere eskuratu ditzakegu hala nahi izanez gero.

Goiko taula horretan programak kalkulatuko dizkizu datu guztiak ezagutza mailarenak, erabilerarenak zein adierazpide grafikoak. Esandako datuak nahikoak dira.

Azpiko taulan ez duzu daturik sartu behar. Ezagutza mailaren arabera bertan ageriko dira kalkulaturiko Erabilera Isotropiakoaren kopuruak estimazio urte bakoitzerako.

Ondoren estimazioak grafiko bidez irudikatzen ditu:

Kontutan hartu beharrekoa

Programaren oinarri matematikoa oso sinplea da. Horrela, joerak antzemateko baliagarria delakoan gaude baina ez ordea, datu zehatzak eskuratzeko.

Hemen neurtzen dena erabilera isotropiakoa da, alegia, jakite maila ezagutuz erabiltzeko zenbat aukera dagoen. Egun jakin badakigu, euskaldunon erabilera maila horren gainetik dagoela. Beraz, tresna honek orain arteko ibilbidea abiapuntutzat hartuz espero daitekeenaren prospekzioa egiten du. Norantz goazen alegia.

Jakin badakigu honelako prozesuak ez direla linealak eta hizkuntzaren ezagutza eta erabileran hamaika aldaketak eragingo duela. Beraz, hemen agertzen dena ez da era profetikoan ulertu behar, inola ere ez. Ez da hori bere xedea.

Euskalgintza diharduzuenontzat lagungarria izango delakoan, hona, bada, gure eskaintza.