Donostia-Baiona Eurohiria eta euskara

Hainbat lankidetza alor izendatuak izan dira, hala nola, garraioak eta ingurugiroa, baina euskara ez da agertzen nahiz eta bi herrialdeen arteko osagai amankomuna izan. Geroantzean pentsa daiteke hizkuntzek, eta bereziki euskarak, arreta berezia ukango dutela

premiazkoa dirudi, alde batetik, prozedura administratiboak erraztea euskarazko ikasketa unibertsitarioak jarraitu nahi dituzten ikasleek aukera hori ukan dezaten burokrazia administratiboan galdu gabe eta, beste aldetik, eskola eta unibertsitateen artean hitzarmenak izenpetuak izan daitezen Lapurdiko gazte batek bere ikasketak Donostian egin ahal ditzan eta gipuzkoar batek euskarari buruzko postdoktoradu bat egin ahal dezan Baionako ikerketa zentro publiko batean

Beraz, esango nuke Donostia-Baiona eurohiriak erronka berriak sortzen dituela, nahiz eta errealitate izateko hainbat neurri hartu behar diren: legediak hurbiltzetik eta hizkuntza politikak integratzetik, salgaiak eta lan merkatua amankomun bihurtzera eta prozedura administratiboak erraztera, azpiegiturak egokitzetik igaroz

Donostia-Baiona eurohiriaren eraikuntza progresiboak, nahiz eta une honetan nahiko birtuala izaten jarraitzen duen, erronka berri batzuk sortzen ditu euskararen berreskurapen eta ondoren normalizazioan, bai Gipuzkoan, bai Lapurdin. Izan ere, Donostia eta Baiona arteko megalopoliaren eraikuntzak 50 kilometro ingurutan zeharkatuko litzatekeen 600.000 biztanleko hiri bat sortuko luke. Gaur egun, Gipuzkoako Diputazioa eta Baiona-Angelu-Biarritze Hiri Elkargoa lanean dabiltza egitasmo hau errealitate bilaka dadin, eta proiektua gauzatzen laguntzeko mugaz gaindiko agentzia bat sortu dute. Hainbat lankidetza alor izendatuak izan dira, hala nola, garraioak eta ingurugiroa, baina euskara ez da agertzen nahiz eta bi herrialdeen arteko osagai amankomuna izan. Geroantzean pentsa daiteke hizkuntzek, eta bereziki euskarak, arreta berezia ukango dutela. Perspektiba horretan komeni da euro-hiri horrek dakartzan erronkak izendatzen joatea.

EUSKARAREN EGOERA DESBERDINA: LEGEDIAK HURBILDU

Donostia-Baiona eurohiriak errealitate soziolinguistiko desberdinak gordetzen ditu, izan dadila euskararen ezagutza ala erabilera mailan. Hain zuzen ere, Euskal Soziolinguistika Institutuak egindako IV. Kale Neurketaren arabera, Gipuzkoan erabilera %30 bada, Ipar Euskal Herrian %6 da. Eta alde hau handitzen joango da belaunaldi berriekin, zeren Gipuzkoako haurren %44k euskara baliatzen badu, umeen %5ak soilik erabiltzen du hizkuntza bera Lapurdin, Baxe-Nafarroan eta Xiberoan.

Diferentzia hauen jatorrietariko bat euskararen estatutu desberdina da. Izan ere, Gipuzkoan, eta oro har Euskal Autonomi Erkidegoan, euskara hizkuntza koofiziala baldin bada espainolarekin batera –esan nahi baita hezkuntza, komunikabide eta zerbitzu publikoek elebidunak izan behar dutela edo eskaintza elebiduna proposatu behar dutela–, bestela gertatzen da Ipar Euskal Herrian, euskarak ez baitu ezagupen ofizialik. Hain justu, frantziar Konstituzioaren 2. artikuluak dioen moduan, “frantsesa da Errepublikaren hizkuntza».

Ondorioz, Donostia-Baiona eurohiriaren eraikuntzak, batik bat euskara sustatu nahi bada, hizkuntza gutxituekiko legediak hurbiltzea eskatzen du. Zeren, epe motzean, euskara hizkuntza ofizial gisa Frantzian ezagutua izateak zaila dirudienez, deszentralizazioaren bigarren faseak eskaintzen dituen aukerak aprobetxa daitezke, alegia, gaitasun batzuen transferentzia eta esperimentatzeko ahalmena. Zentzu horretan, Konstituzioaren 2. artikulua molda liteke frantsesa ez diren beste hizkuntzek estatutu bat eduki dezaten.

HIZKUNTZA POLITIKEN DESOREKA: POLITIKA HORIEK INTEGRATU

Antzeko diferentziak agertzen dira hizkuntza politikari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko eta aurrerarazteko hizkuntza politika bat zehazteko eta ondoren gauzatzeko ahalmena badauka; hor da froga gisa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza ala Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Ez da horrela gertatzen Ipar Euskal Herrian, nahiz eta azken bolada honetan aurrerapenak izan diren. Izan ere, 2000. urtean izenpetu zen Euskal Herria 2001-2006 Hitzarmen Bereziak bi tresna sortu ditu, hots: Hizkuntza Politikarako Obragintza Publikoa eta Hizkuntza Kontseilua. Batak erabakiak hartu ahal izateko bestearen aholkularitza kontuan hartzen du. Horrez gain, lankidetza bilera batzuetara eta elkarlan puntualetara mugatzen da askotan.

Ondorioz, aurrera begira, ezinbestekoa dirudi hizkuntza politika integratuagoa izatea, bai Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Estatua, Eskualdea eta Departamentua batzen dituen Obragintza Publikoaren mailan, bai Gipuzkoako Diputazio eta Baiona-Angelu-Biarritze Hiri Elkargoaren mailan. Zentzu horretan, gaur egun, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Obragintza Publikoaren artean negoziatzen ari den akordio orokorra izenpetzea eta ondoren gauzatzea premiazkoa da. Era berean, BAB Hiri Elkargoak hizkuntza politika bere gain hartzeaz gain, gutxienez esparru batzuetan, egitasmo komunak batuko lituzkeen akordio bat izenpetu beharko luke.

ELKARLAN GUTXI: SALGAI ETA LAN MERKATUA AMANKOMUN BIHURTU

 

Euskararen berreskurapena, Gipuzkoan eta batez ere Lapurdin, elkarlan urriak oztopatzen du, izan dadila lan munduan ala salgaien merkatuan. Izan ere, hein handi batean, merkatu horiek banatuak daude, zeren Donostiako enpresek Espainiako bezeroekin lan egiten duten bitartean, mugaz gaindiko merkatariek hainbat egiten dute Frantziako bezeroekin. Aldiz, Hego eta Ipar Euskal Herriko enpresen arteko kontratuak, lankidetzak eta elkarlanak, puntualak izateaz gain, gune geografiko batzuetara mugatzen dira, Txingudi zonaldera besteak beste. Gauza bera gertatzen da lan munduan: Baionan bizi eta Donostian lan egiten dutenak –eta alderantziz– nahiko gutxi dira, nahiz eta geroz eta gehiago izan.

Zentzu horretan, salgai eta lan merkatu amankomun bat eraikitzen joatea ezinbestekoa da. Izan ere, arrunta bilakatu behar da herrialde batean bizi eta beste batean lan egitea, edo batean kokatua izan eta bestearekin kontratuak izenpetzea. Hala izan dadin, bi neurri har daitezke: batetik, Merkatal eta Industria Ganbaren arteko harremanak estutzea, hitzarmen baten izenpetzearen bidez, egitasmo, eskaera eta egitura amankomunak aurrera ateratzeko; eta bestetik, INEMen eta ANPEren arteko loturak indartzea Donostia-Baiona eurohirian dauden lan eskaintza guztiak eskuragarri izan daitezen eta horrela lan merkatu propioa sor dadin, maila handi batean informala izan arren.

MUGIKORTASUN MUGATUA: PROZEDURA ADMINISTRATIBOAK ERRAZTU

Era berean, mugikortasunak mugatua izaten jarraitzen du, nahiz eta duela urte batzuk baino oparoagoa izan. Hain zuzen ere, mugaz gaindiko eskolen eta unibertsitateen arteko harremanak oso urriak dira eta, une batekoak izateaz gain, irakasleen elkarrezagutzari lotuak daude. Esan nahi baita, egitasmo zehatz bat ala laguntasun berezi bat amaitzen delarik ez dagoela jarraipenik. Era berean, Baionako ikasle batek Donostiako Unibertsitatera joan nahi badu bere ikasketak euskaraz egitera zailtasun dezente aurkitzen ditu bere tituluak homologatu ala ezagutu arazteko.

Egoera honen aurrean, premiazkoa dirudi, alde batetik, prozedura administratiboak erraztea euskarazko ikasketa unibertsitarioak jarraitu nahi dituzten ikasleek aukera hori ukan dezaten burokrazia administratiboan galdu gabe eta, beste aldetik, eskola eta unibertsitateen artean hitzarmenak izenpetuak izan daitezen Lapurdiko gazte batek bere ikasketak Donostian egin ahal ditzan eta gipuzkoar batek euskarari buruzko postdoktoradu bat egin ahal dezan Baionako ikerketa zentro publiko batean. Zentzu horretan, euskara erabiltzeko aukerak emendatzeaz gain, hizkuntza hori menperatzea errekurtso bat bilakatuko da ikasketa zein lan munduan.

BIZILEKU DESBERDINAK: AZPIEGITURAK EGOKITU

Nahiz eta azken urteetan bizilekuak amankomun bihurtzen joan, maila handi batean banatuak izaten jarraitzen dute; esan nahi baita, donostiar bat Gipuzkoan dabilela bai bizitzeko, lanerako ala aisialdiendako eta Biarritzeko batek antzekoa egiten duela Lapurdin oro har, eta kostaldean bereziki. Hain zuzen ere, garraio publikoak desegokiak dira. Esaterako, Donostiatik Baionara trenez joateko bi tren desberdin hartu behar dira, eta konbinazioak beti erosoenak ez izateaz gain, denbora galtzea eragiten dute. Antzekoa gertatzen da autobusen mailan, non Gipuzkoako eta Lapurdiko hiriburuen arteko lineak urriak diren eta herri txiki askotatik igarotzen diren. Ondorioak zein dira: euskarazko kultur eskaintza zein komertzio eskaintza oparoa dagoen guneetara joatea –Gipuzkoara alegia– ez dela batere erraza, batik bat ikasleentzat. Hori dela eta, garraio publikoak egokitzea edo berriak sortzea komeni litzateke Donostiatik Baionara doan zonaldea bizileku amankomuna izan dadin, euskara erabiltzeko eta entzuteko aukerak emendatuz. Hala izateko, autobus eta tren linea erregularrak, azkarrak eta merkeak sortzea garrantzitsua da.

Beraz, esango nuke Donostia-Baiona eurohiriak erronka berriak sortzen dituela, nahiz eta errealitate izateko hainbat neurri hartu behar diren: legediak hurbiltzetik eta hizkuntza politikak integratzetik, salgaiak eta lan merkatua amankomun bihurtzera eta prozedura administratiboak erraztera, azpiegiturak egokitzetik igaroz. Esan nahi baita, eurohiria errealitate izan dadin, jakinik estatuek oztopatuko badute Europak lagunduko duela, ezinbestekoa da gaur egundik hainbat neurri hartzea Gipuzkoa eta Lapurdiren artean dauden desorekak ez daitezen emendatu. Baina argi dago Lapurdik oro har, eta Baionako aglomerazioak beriziki, onurak soilik atera ditzakeela hurbiltze horretarik, Gipuzkoak dauzkan baliabide ekonomiko, egitura instituzional eta egoera soziolinguistikoak askoz hobeak baitira.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Eguzki Urteaga
Urtea: 
2003