Euro-hiriak zein erronka dakartza euskararen normalizazioan Lapurdi eta Gipuzkoarentzat?

elkarren arteko gutasuna sortzeko azpiegitura materiala eta funtzionala beharrezkoak dira, baina horrekin batera giza baliabideek hizkuntzaren bidezko komunikazioa ez badute konpartitzen, azpiegitura hori aparatu hutsa besterik ez dela jabetzea ere beharrezkoa da

Ikastolak, hezkuntza eta hizkuntza proiektuaren ardatza euskara izanik, pertsona eleaniztunak formatu nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz

Ikasleari begira, eleaniztasunaren helburua ez da hizkuntza asko elkarrengandik aparte hartuta ikastea, euskara ardatz izanik hizkuntz gaitasun guztiak gauzatuko diren hizkuntz errepertorio-gune bat garatzea baizik

Baiona eta Donostia artean dauden herri, giza- eta hizkuntza-talde hain desberdinak kontuan hartuta, etorkizunari begira gutasun edo komunitate sentimendua izango duen eurohiri bat osatzea nahi bada, horko biztanleriaren arteko harremanak erraztuko dituen komunikazio sare sendoa eraiki beharko da. Era guztietako komunikazio sareaz ari naiz: errepide, garraio, media, industria, merkataritza eta beste hainbat zerbitzuez. Hemen hizkuntzaren bidezko komunikaziora mugatuko gara, baina komeni da era guztietako komunikazio azpiegiturek hizkuntzaren bidezko komunikazioa baldintzatzen dutela jabetzea. Eta beste alde batetik begiratuz, elkarren arteko gutasuna sortzeko azpiegitura materiala eta funtzionala beharrezkoak dira, baina horrekin batera giza baliabideek hizkuntzaren bidezko komunikazioa ez badute konpartitzen, azpiegitura hori aparatu hutsa besterik ez dela jabetzea ere beharrezkoa da.

Euskararen normalizazioa lortzeko aurki daitezkeen erronken neurriaz jabetzeko, kontuan hartzekoak dira, gutxienez, ondorengo hiru erreferentziak: a) Zer ulertzen dugu euskararen normalizazioaz; b) Zein da gaur egungo eurohiria osatzen duten herri eta hirietan bizi diren biztanleen hizkuntz egoera eta nahia?; c) Zein da aurrera begira eurohirian aplikatu nahi den hizkuntza politika? Hiru galdera hauen erantzunaren artean dagoen tarteak emango du euskararen normalizazioa erdiesteko dagoen erronkaren neurria. Nire ekarpena hiru galdera horiei azaleko hurbilpen bat egitera mugatuko da.

Euskararen “normalizazio» kontzeptua hizkuntzalaritzaren ikuspegitik erabiltzen denean, euskararen corpusa, arauen kodifikazioa eta estandarizazioa, bere garaian gaztelaniak eta frantsesak egin zuten antzera, euskarak ere egitea ulertzen da. Ikuspegi horretatik, euskara hizkuntza normalizatua dela esango da komunikazio era guztietarako aipaturiko beste hizkuntza horiek bezain tresna egokia bada. Horra hor lehen erronka. Euskararen “normalizazioaz» ikuspegi sozialetik hitz egiten denean, normalizazioaren erreferentzia aldameneko beste hizkuntzen pareko estatusa edo maila lortzea da ahozko eta idatzizko erabileran. Horra hor bigarren erronka.

Euskararen normalizazioaren prozesua ondo bideratzeko beste erronka bat eurohiria osatuko duten hiri eta herrien egoera politiko-administratiboaren eta linguistikoaren diagnostiko egokia egitea da. Gaur egungo errealitatetik abiatu beharko da amesten den etorkizuneko egoerara pausoak emateko. Bidasoaren iparraldeko hiri eta herriak Frantziako estatuan kokatzen dira eta hegoaldekoak Espainian. Egia da batzuk zein besteak, Akitania, Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoak osatzen duten europar eskualdearen barruan kokatzen direla, baina oraingoz estatuen eta estatu horien administrazio sistemak askoz ere eraginkorragoak dira egitasmotik gehiago duen europar eskualdearenak baino. Bidasoaren alde bateko eta besteko hizkuntz egoera oso desberdina da Espainiaren ala Frantziaren estatuen agindupean egotearen arabera: alde batean frantsesa da hizkuntza ofiziala eta bestean gaztelania eta euskara. Euskara bi aldeetan hizkuntza ofiziala izatea da beste erronka bat. Baina euskara bi aldeetan hizkuntza ofiziala izango balitz ere, bi aldeetan dagoen hizkuntz egoera desberdina kontuan hartzekoa litzateke.

Hirugarren galderari erantzuteko, hau da, zein izan beharko lukeen aurrera begira eurohirian aplikatu beharko litzatekeen hizkuntz politika, zentzuzkoa dirudi eurohiri horretan Europako Batasuna osatzen duten herrialde guztientzat Europako Komisioak aldarrikatzen duen ele askotariko hizkuntz politika egin behar dela esatea. Hori esatea bada zerbait, baina ez da nahikoa. Euskararen normalizazioaren planteamendua aldameneko beste hizkuntzekin batera egin behar dela, eta ez euskara isolatuz, zerbait esatea da, baina ez da nahikoa; izan ere, ugariak dira egin daitezkeen ele askotariko hizkuntz politikak.

Nire proposamena hegoaldeko ikastoletan une hauetan egiten ari garen esperientzian oinarrituz egiten dut. Ikastoletan egiten ari garen planteamendua Euskal Herri osora begiratuz egiten dugu, eta nahiz eta Euskal Herriaren esparrua eurohiriarena baino zabalagoa izan, funtsean baliagarria deritzot, nahiz eta, gero esango dudan moduan, eurohiriari begira moldaketa batzuk egitea komenigarria ikusten dudan. Ikastolak, hezkuntza eta hizkuntza proiektuaren ardatza euskara izanik, pertsona eleaniztunak formatu nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz. “Eleanitz» izena duen proiektu hori jarraitzen duten hegoaldeko ikasleek lau hizkuntza ikasten dituzte: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa/alemana. Euskara da hizkuntza nagusia eta, euskarari eta gaztelaniari dagokionez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan (16 urte) bi hizkuntza ofizial horietarako ezarri diren helburuak lortu behar dituzte. 4 urterekin hasten dira atzerriko lehen hizkuntza (hau da, ingelesa) ikasten, eta helburua da elkarren arteko komunikazio arrunt batean gai izatea ahozko eta idatzizko harremanak ingelesez mantentzeko eta ikasgaiak ingelesez ikasteko. Atzerriko bigarren hizkuntzari (frantsesa/alemana) dagokionez, eta Hego Euskal Herritik begiratuta, 12 urterekin hasten dira ikasten eta hizkuntza horren lehen hurbilpena egitea da helburua. Proiektu honetan hegoaldeko 65 ikastola eta 20.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute (2002-03. ikasturtea). Iparraldeko ikastoletan ez dira oraindik atzerriko hizkuntza irakaskuntza goiztiarraren bidez ikasten hasi, baina planteamendua berdina izango litzateke, gaztelaniaren lekuan frantsesa jarriz. Ikasleari begira, eleaniztasunaren helburua ez da hizkuntza asko elkarrengandik aparte hartuta ikastea, euskara ardatz izanik hizkuntz gaitasun guztiak gauzatuko diren hizkuntz errepertorio-gune bat garatzea baizik.

Eurohiriari begira, eta behar bada Euskal Herri osoari begira, badago ikastoletan egiten ari garen planteamenduan eztabaidagarria den puntu bat, gutxienez: ez al litzateke egokiagoa atzerriko lehen hizkuntza ingelesa izan ordez, hegoaldean frantsesa eta iparraldean gaztelania izatea? “Eleanitz» proiektuaren hasierako lehen hiru urteetan ikastolei aukeran jarri zitzaien ingelesaren ala frantsesaren hautaketa 4 urtetik aurrera. Frantsesaren aldeko arrazoiak ikusten genituen; adibidez: gaztelania eta frantsesa beraien artean hizkuntza hurbilagoak dira ingelesa baino, eta ikasteko errazagoak; gertutasun geografikoak erraztasun handiagoak eskaintzen zituen frantsesa egoera funtzionaletan erabiltzeko eta eskolen arteko harremanak eta trukaketak egiteko; lana aurkitzeko ere gertu egoteak bazituen abantailak, bereziki europar eskualdearen esparru kide izanik; herri planteamenduaren aldetik ere izan zitekeen egokiagoa hegoaldekoak frantsesa eta iparraldekoak gaztelania ikastea, atzerriko lehen hizkuntza moduan ingelesa ikasi ordez. Abantaila horiek saltzen saiatu ginen baina ikastola bakar batek ere ez zuen frantsesaren alde egin; den-denek, mugatik gertu dauden ikastolek barne, ingelesaren aukera egin zuten. Hasierako hiru urte haietan gertatutakoa ikusita, handik aurrera ingelesaren aukera besterik ez dugu eskaini. Kontuan hartzekoa da aurrera begira ingelesaren aldeko joera horrek une hauetan indar handia duela.

Eurohiriari begira, eta batez ere hasieran aipatu dudan elkarren arteko komunikazioa, gutasun sentimendua, eta era berean euskararen normalizazioa sendotu nahi badira, erne egon behar dela iruditzen zait eurohiriaren afera honen ardatz ez bihurtzeko gaztelaniaren aldeko kanpaina iparraldean eta bereziki frantsesaren aldekoa hegoaldean. Kezka hau izan behar dugu: nola lortu eurohiritarren hizkuntza nagusia euskara izatea eta horrekin batera beste hizkuntzak ezagutzea eta erabiltzea?

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Xabier Garagorri
Urtea: 
2003