Eurohiria eta euskararen normalizazioa

Hainbat soziologo, ekonomilari eta lurralde antolatzaileentzat bere logika eta arrazoia izango du espazio horrek, baina espazio bat lurralde bilakatzen da soilik bertako biztanleek eremu horren kontzientzia bereganatzen dutelarik eta beren geroa eremu horretan bizi diren beste pertsonekin “naturalki» ikusten hasten direlarik. Oraindik urrun gaude

Liburu zurian ez da euskararen aipamenik ere egiten eta webgunean doi-doia. Euskara ez aipatzeaz gain, ez du hitzik erraiten eremu honen funtzionamenduari begira funtsezkoa den eleaniztasunaren kudeaketaz (egia erran trenek eta kamioiek ez dute hizkuntzarik). Alta, arlo honetan badago zer gogoetatu, mugaz gaindiko beste eurohiri batzuek egin duten bezala

Euskararen normalizazioak, Euskal Herriko hizkuntza lurralde honetako biztanleentzat eguneroko komunikazio tresna bihurtzeko prozesu soziolinguistiko bezala ulerturik, norabide estrategiko batzuk inplikatzen ditu. Hala nola, euskal hiztunak ugaldu, hizkuntzaren funtzio sozialak irabazi, erabilera sustatu, edota lege eta arau juridikoak sortu.

Norabide horiek gauzatzeko hainbat tresna edo baliabide eskuratu eta baldintzak bete behar dira. Horien artean batzuk ezinbestekoak dira: herriaren borondatea eta inplikazioa, botere publikoen engaiamendu irmoa, hizkuntz politika finkatzeko eta eramateko tresna instituzionalak, lurraldeko botere gune identifikatua, dirua, eta abar. Galdera, beraz, hauxe da: eurohiriaren sortzea behar guzti horiei begira lagungarria izan daiteke ala normalizazioari oztopo gehiago sortuko dizkio?

Oro har eurohiria euskararen normalizazioari begira ez dela lagungarria izanen pentsa daiteke, nahiz eta Lapurdirentzat eta Iparraldearentzat aurrerapauso batzuk ekar ditzakeen. Horretarako, aski da begiratzea eurohiria zer den eta zer ez den.

Eurohiria proiektuaren izaera teknokrata nahiko argia da. Arduradun politiko eta aditu batzuen afera da, orain arte behintzat. Eremu zabal horren biztanleek gauza gutxi dakite egitasmoari buruz eta beren parte hartzea ez da konkretuki definitua, jendartean zehar eztabaida publiko baten premia aipatzen bada ere. Egitasmoari buruzko liburu zuri famatua, lurralde-planifikatzaileen hizkeraz idatzia, ez da publiko zabalarentzako dokumentua. Bulgarizazio lana ez da oraindik egin, eta are gutxiago herritarrak informatu eta mobilizatzeko saioak. Horretan datza proiektu honen hutsune handiena: artifiziala da guztiz, bertan bizi diren eta ontsalaz interes gehien izan beharko luketen pertsonentzat. Hainbat soziologo, ekonomilari eta lurralde antolatzaileentzat bere logika eta arrazoia izango du espazio horrek, baina espazio bat lurralde bilakatzen da soilik bertako biztanleek eremu horren kontzientzia bereganatzen dutelarik eta beren geroa eremu horretan bizi diren beste pertsonekin “naturalki» ikusten hasten direlarik. Oraindik urrun gaude.

Egoera hori noiz sortuko den eta noizbait sortuko ote den jakitea ez da batere erraza, holako prozesu psikosozialak ez baitira planifikatzaile batzuen manuz gauzatzen. Adibide bat badugu Iparraldean: aspaldidanik sortu eta antolatu zen BAB izeneko Baiona, Angelu eta Miarritze arteko herri elkargoa, baina sekulan ez du kudeaketa administratiboa gainditu, eta bertako herritarrek baiones, miarriztar ala angeluar sentitzen segitzen dute. Eurohiria oraino birtualago da, botere gunerik ez baitu eta auzo, hiri, probintzia edo herri mailako lurralde kontzientzien ondoan bide zaila izanen du. Hizkuntzaren normalizazio politika bideratzeko, beraz, hutsune nabarmena du hasieratik bertatik.

Halaber, hizkuntzaren normalizazioa bezalako prozesu konplexu batek eskatzen du, ezinbestez, botere gune identifikatua, iraunkorra, bere erabakietan irmo eta jarraikia eta dirua mobilizatzen ahal duena. Gaur egun ditugun antolamendu politiko-administratiboan, lan hori eramateko eurohiria baino askoz egokiago dira (ez baitezpada horretarako prest, halere) herriak, diputazioak, jaurlaritza, Iparraldean sortzekotan den GIP (groupement d’interet public) edo sor litekeen departamendua.

Urrunago joanez, eurohiria proiektua goitik behera ekonomizista dela argi eta garbi gelditzen da. Nahiz eta arlo eta helburu desberdinak aipatzen diren, elementu apaingarriak gelditzen dira eta ez dute estaltzen helburu estrategikoa: merkantzietarako bide espezializatu berria eta horri loturiko azpiegitura guztiak. Horrela egitasmoaren sakoneko filosofia agertzen zaigu. Lehiakortasuna balore nagusitzat duen Europako garapenean kokatu behar dugu eurohiria, eta besteak beste, sistema produktibistarentzat estrategikoak diren garraio-sareen antolaketaren barnean. Zer nolako engaiamendu eta ilusio pizten ahal dituzte herritarrengan holako helburuek?

Egitasmoaren erdi-erdian jendartearen ordez garapen ekonomiko hutsa kokatzeak baditu ondorio zuzenak. Eurohiriaren identitate azkarra aipatzen bada ere, ez da aztertzen zertan gauzatzen den eta zertan garatzen ahal den. Alta, eurohiriak duen defizit handiena, hots, bere biztanleen kontzientzia, borondate eta inplikazio eza, herritar euskaldunek gainditzen lagun lezakete, mugaz bi aldeetan hizkuntza eta nortasun sentimendu amankomuna dutelako. Liburu zurian ez da euskararen aipamenik ere egiten eta webgunean doi-doia. Euskara ez aipatzeaz gain, ez du hitzik erraiten eremu honen funtzionamenduari begira funtsezkoa den eleaniztasunaren kudeaketaz (egia erran trenek eta kamioiek ez dute hizkuntzarik). Alta, arlo honetan badago zer gogoetatu, mugaz gaindiko beste eurohiri batzuek egin duten bezala.

Horrekin lotura zuzena duen beste kontradikzio politikoago batean murgildua da egitasmoa. Nazio-estatu zaharren mugak desagertu eta lurralde antolaketa estatu horien gainetik pentsatu eta antolatzeko Europa osoan garatzen ari den joera segitzen du. Aldiz, zer sinesgarritasun aitortzen ahal zaio, Euskal Herrian dagoen gatazka politikoa eta herri hau beste molde batez antolatzeko herritar borondate zabala “ahanzten» dituelarik?

Iparraldetik ikusita, berriz, eurohiria bezalako elkargune batek interes zerbait izan dezake normalizazioari begira: Hegoaldean dagoen hizkuntz legedia, batzuen iduriko eskasa oraindik, adibide eta erreferentzia konkretua da, Iparraldean koofizialtasunaren aldarrikapena gizarteratzeko. Gisa berean, EAEn eramaten den hizkuntz politika, mugatua izanik ere, eta besteak beste hezkuntza sistemaren emaitzak, argumentu inportanteak dira euskararen irakaskuntza Iparraldeko haur guztiei zabaltzeko borrokan. Bestalde, Iparraldeko hainbat agintarik eurohiriko webgunea euskaraz ere egitea beren borondatearen seinale gisa aipatzen dute. Beste alorretan dituzten hutsune eta borondate eskasa agerian uzteko ere balia lezakete euskaltzaleek.

Duen izaeragatik eta sortzetik dituen hutsuneak direla kausa, eurohiriak nekez lagun lezake euskararen normalizazioan. Honek parean dituen zailtasun eta oztopo guztiez gain beste bat suposatuko duela ez da halere argi oraindik. Joan den 2002ko ekainean Baionako unibertsitatean iragan zen Euskal Herriko foro sozialaren lehenengo topaketetan eurohiria izan zen lan baten aipagaia. Han elkartu zen jendeak lau orduz egitasmoaren informazioa jaso eta eztabaida aberatsa izan zuen. Bi jarrera agertu ziren. Batak, pragmatikoa, eurohiria nahi ala ez eginen dela onarturik, egitasmoa hobetzeko ahaleginak defenditzen zituen. Besteak, berriz, kritikoagoa, eurohiria logika ekonomizista eta produktibistan kokaturiko egitasmoa izanik, errefusatu eta borrokatu behar zela argudiatu zuen. Zalantza berdinarekin egon gaitezke hizkuntzari dagokionez. Dena den, euskararen etorkizuna azkarki baldintzatzen dutenez, bilakaera sozio-ekonomikoen aurrean ez ikusiarena egitea aterabide okerrena litzateke. Alternatiba, eurohiria bezalako egitasmoen logika eta ondorioak aztertu eta eztabaida demokratiko eta zabal baten bitartez bestelako etorkizun bat eraikitzeko helburu eta erabakiak definitzea litzateke.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Jakes Bortairu
Urtea: 
2003