Baiona-Donostia Eurohiria eta euskara

Azken urteetan, eurohiriaz barra-barra ari gara Euskal Herriaren herrialde desberdinetan ditugun erakunde unibertsitario eta ikerketa jakintsuen kolektiboek eratutako hainbat batzarretan. Baina, hain erabilia delako, hain zuzen, beharrezko deritzot kontzeptu horrekin zer ulertzen den galdetzea edo hori darabilgunok esanahai bera adierazteko darabilgun jakitea

Euskaldunok hainbat okupazio eraiki dugu gure lurraldean, baina alor orokorra frantsesarena eta gaztelerarena da. Eurohiriaren eragileei, bada, hasteko eta behin, estatuek izan duten jokabide horren ageriko gaitzespen zehatza eskatu beharko litzaieke. Baita erreparo historikoaren aldeko plangintza bat ere

Baiona-Donostia eurohiria proiektuak hizkuntzen sostengu plan bat bideratu beharko du. Eurohiri horretako hiritarrak elehirudun formatu beharko ditugula kontuan hartuz, zer elehiruduntasun izanen da? Ez dut ezbairik! Baiona-Donostia eurohirian, gaur egun, eguneroko bizitzan, komunikazio arruntean komunitate bat duten hizkuntzez ari naiz. Hizkuntza horiek euskara, gaztelera eta frantsesa dira

Eusko Jaurlaritzaren Hekuntza Sailetik hain zuzen ere, elehirudun formazio zentruak hedatzeko proiektuak aurrera doazela. Poza eragiten dit ikuspegi hori bideratzen ari dela ikusteak. Baina, zer elehirudun proposatzen da? Irakurri dudanez, euskara, gaztelera eta ingelesa. Penagarria deritzot ingelesari toki hori ematea gure hizkuntza komunitate bat ahantziz

Azken urteetan, eurohiriaz barra-barra ari gara Euskal Herriaren herrialde desberdinetan ditugun erakunde unibertsitario eta ikerketa jakintsuen kolektiboek eratutako hainbat batzarretan. Baina, hain erabilia delako, hain zuzen, beharrezko deritzot kontzeptu horrekin zer ulertzen den galdetzea edo hori darabilgunok esanahai bera adierazteko darabilgun jakitea. Gure “herritar ulermenean», hurbileko herriarenean, euskaldunok bere baitan atxikitzen gaituzten estatuen barnean, alegia, hiria, hasteko eta behin, tokiaren adierazle gertatzen da, geofisiko izenda dezakegun gune jakin bat. Are toki jakin horretan bizi den jendetza bezala ere konpreni liteke, luzamenez. Eta honela ari garenean, berehala, hiritar kontzeptua jaurtitzen dugu toki jakin horretan bizi den norbanakoa seinalatuz. Baina ulermen modu hau erreferentzia egiten badugu, zertara dator eurohiriaren aipamena? Orain arte toki desberdin zirenak, nola hedaduran geofisikoki hala jendetzan toki unitate erraldoiago bat eraikiz, bateratzen ditugula esanahi al da? Hori bada guztia, ez luke merezi hainbat batzar gai horren inguruan egiteak!

EUROPAR HIRIAREN LEHEN KULTURA

Grezian, urrezko aroan sortuko den hiri kultura aztertzera igarotzen bagara, aipatu dugun “herritar ulermenetik» at dagoen, eta zeharo bestelakoa den, hiri kontzeptuaren erabilpen batekin aurkituko gara. Eta apika, eurohiria antolatu nahi dutenek greziar ikuspegi honetatik hurbilago egon beharko dute, gure gaur egungo “herritar ulemenetik» baino. Zer da hiria urrezko aroko grekoarentzat? Ezeren gainetik erakunde bat. Ordu arteko komunitate sistema ordezkatzera datorren erakunde konplexu eta aberastu bat, alegia. Lan sozialaren zatiketa planteatu zitzaion gizarteak norabide horretan aitzina joaz eraiki zuen erakunde berria. Platonek Errepublikan honela aurkezten digu gaia:

  • “–"Pentsamenduz bada ere, eraiki dezagun Hiria. Gure beharrak izanen dira, inondik ere, bere oinarri. Honela bada, gure beharrik lehenena eta handiena, ez al da janariarena, zeinen mende baitago gure izatea eta gure bizitza?
  • –Bai.
  • –Bigarren beharra, berriz, ez al da bizitokiarena; eta hirugarrena janztearena?
  • –Hala da.
  • –Eta bere beharrak nola beteko ditu gure Hiriak? Horretarako nahitaezko gertatuko al da norbait laborari, beste bat arkitekto eta hirugarren bat ehule izatea? Gehituko al dugu zapatagile bat ere, edo gisa horretako beste edozein artisau?
  • –Ordu egokian.
  • –Hiri oro, bada, lau edo bost pertsonaz osatzen da.
  • –Hala dirudi.
  • –Baina, horietako bakoitzari berezko zaion lanbidea besteen onuran erabiltzea beharrezko izanen al da? Laborariak, adibidez, janaria laurentzat prestatzea, eta horretarako lau aldiz gehiago denbora eta lan xedatzea? Edo eta hobe litzateke, besteetaz arduratu gabe, bere janaria prestatzen erabil dezan bere denboraren lautatik bat, eta beste hirurak bere etxea eraikitzen, eta beharrezko dituen jantziak eta oinetakoak egiten erabil ditzan?
  • –Lehen aukera egokiagoa izanen dela berarentzat, deritzot, Sokrates.
  • –Ez da harritzekoa diozuna, zeren gisa horretan esplikatzen zinen une berean, ene gogoa denok talentu berarekin ez garela sortzen jazoeran finkatu da, eta batak gauza bat egiteko gertutasun hobea duenean besteak beste gauza baterako daukala, alegia. Zer diozu hontaz?
  • –Zure erabaki berekoa nauzula.
  • –Gauzak nola joanen dira hobekien, norbanako bakoitzak lanbide desberdinak eginaz, edo eta norbanako bakoitza bere propiora mugatuz?
  • –Bakoitza bere propiora mugatzen bada askozaz hobeto joanen dira.
  • –Nabariko da, ene aburuan, gauza bat usteltzen dela, mugonez egina ez denean. –Argi dago horrela dela.
  • –Zeren obraren erosotasuna ez baitago langilearen baitan, alderantziz, langilea baita bere obraren eskakizunetara makurtu behar dena.
  • –Kontraesanik gabe.
  • –Ondorioztatzen dena hau da: ziurki, gauza gehiago, hobeto eta erraztasun handiagoz egiten direla, norbanako bakoitzak berea duena denbora jakinean, eta gainerakoez arduraduratu gabe egiten duenean.
  • –Ziurki."

Lan sozialaren zatiketa hau gaur ez da arazo, gehiagoz. Bi mila eta bostehun urte geroago, ordea, Platonen planteamenduaren zuzentasuna ezbairik gabeko agertzen zaigu. Etxea entrepresa unitate zuen sendi erakundeak ez bezalako arazoei konponbidea eta norabidea eman beharko baitzien hiriak. Lehen aldiz, jatorri desberdinetatik heldutako jendeak toki berean bizimodua egiten jartzeak gainditu egin zuen sendi erakundea. Eta zeintzu dira hiritarrak?galdera egin behar izan zuen grekoak. Denak ala batzuk? Erantzuna ezagutzen dugu: eskubideen agiria definitu eta horietan parte hartzeko kriterioak kodifikatu zituen. Eskubideen agiria oso-osorik beregana dezaketenak bakarrik deituko ditu hiritar. Aitonen seme jatorrizko gutxiengo bat, alegia. Gainerakoak, izan liberto, izan meteko, izan esklabu edo izan atzerritar arrunt, zein gehiago zein gutxiago, eskubideen agiriak dakarren babesetik at utziko ditu. Honela bada, klase gizarte finko eta anker bati bultzada emanen zaio.

HIRIAREN BIGARREN KULTURA

Erdi Aroko laborari kulturak hiri erakundea apurtuz feudal erakundea gauzatu zuen. Mila urteko aroa beteko zuen erakundea bidaiako jendeen ugaritzearekin eta bere sormen sozial eta teknikoaren ondorioz hiri kultura berri batean sartu zen. Gaur egun, gure lurraldeak hiri kultura berri horrek eraginda bizi dira. Erakunde berriaren nortasuna demokrazia inerklasistaren proiektuak mamitzen du. Zer ikusteko du, ordea, grekoen hiritar kulturarekin? Orain eskubideen agiria estatuka definitzen da. Bakoitzak berea du. Europar lurraldean bertan diferentzia aski larriak aurki ditzakegu, bereziki, hiritar zeintzuk diren erabakitzeko orduan. Alemaniar kriterioak leinua eta odoltasuna oinarrizko dituenean, aldiz, frantziar kriterioak sortze-tokikotasuna eta elkarkide borondatea azpimarratzen ditu. Gainerako europar estatuak aipaturiko lehen bien hibrido dira. Honela, munduko bigarren gerratearen ondotik Europan barna migrazio ekonomikoen uholdeak abiadan jarri izan zirenean, milioika europar heldutako lurralde berrietan hiritar eskubideen agiriak erdizka bakarrik estaltzen zituela aurkitzen joan dira. Eta hori aski arazo ez bazen, Europar Batasunaren proiektuak barne-migrazio uholdeekin barreiatuentzat lasaitasun pixka bat zekarrenean, ezberdintasuna, kanpotar migrazio uholde berri bat piztu da, berriro puri-purian jarriz eskubideen agiriaren hedapena. Zeintzu dira hiritar?

EUROHIRIA ETA HIZKUNTZAK

Hiriaren bigarren kultura honi atxikirik beste arazo larri bat ere nabarmentzekoa da, eta are gehiago, guk gaurko lan honetan euskaren eskubidea gogoeta puntu dugunean. Estatuen nazio proiektuekin, oro har, hizkuntzen diskriminazioa eta jazarpena etorri ziren. Hizkuntza bat izan ezik, pribilejiatuz sakralizatzen zena, estatu nazioak bere erraietan zeramatzan hizkuntza guztiak inkisiziopean jarri zituen, hiltzera kondenatuz. Euskara azken hauetarik bat dugu. Gogora ekar ditzagun zenbait aipamen. Frantziar iraultzaren abiadan hizkuntzei buruzko txosten batek honela zion: “le fédéralisme et la superstition parlen bas-breton; l’émigratrionet la haine de la République parlent allemand; la contrerévolution parle l’italien, et le fanatisme parle le basque. Cassons ces instruments de dommage et d’erreur» (Rapport Barère,1794). Eta esandakoaren adierazgarri da bigarren aipamen hauere: “je crois avoir établi que l’unité de l’idiome est une partie intégrante de la révolution» (Rapport Gregoire, 1794). Espainiar nazioaren prozesuan anarkikoago eta gorabehera mamitsuekin historia ezagutzen duenarentzat hizkuntza bakarraren apustua nabarmena da: “la Academia, pues, suplica a V.E. que teniendo presente la Ley de 8 de septiembre de 1857, vigente en esta parte, el decreto del 26 de febrero de 1875, y otras muchas disposiciones emanadas del Ministerio de V.E. urgente, ordene a todos los encargados de la dirección y enseñanza del idioma, como rectores y decanos de las Universidades, directores de Institutos, directores de Escuelas Superiores que sin contemplación ni disculpa de ningún género, que no puede haberlas, vigilen y hagan que se cumplan los referidos preceptos legales, único medio de fomentar y unificar el provecho del cultivo de nuestro idioma castellano» (Solicitud de la Real Academia Española al Ministerio de Instrucción Pública, 1916). Urte berean, Madrilgo Diputatuen Kongresuan gizarte bizitzako alor guztietara gaztelera zabaltzeko eskatzen da, Nazioaren gurtza ospatua izan dadin: “con la lengua de Cervantes, que lo mismo puede llamarse castellano que española, debemos celebrar el culto de la Nación en todas las expansiones de la vida» (Diputado Doval, 1916).

Zer aldatu da eta zer ez geroztik? Euskaldunok hainbat okupazio eraiki dugu gure lurraldean, baina alor orokorra frantsesarena eta gaztelerarena da. Eurohiriaren eragileei, bada, hasteko eta behin, estatuek izan duten jokabide horren ageriko gaitzespen zehatza eskatu beharko litzaieke. Baita erreparo historikoaren aldeko plangintza bat ere.

Baiona-Donostia eurohiria proiektuak hizkuntzen sostengu plan bat bideratu beharko du. Eurohiri horretako hiritarrak elehirudun formatu beharko ditugula kontuan hartuz, zer elehiruduntasun izanen da? Ez dut ezbairik! Baiona-Donostia eurohirian, gaur egun, eguneroko bizitzan, komunikazio arruntean komunitate bat duten hizkuntzez ari naiz. Hizkuntza horiek euskara, gaztelera eta frantsesa dira. Eta esperientzia honetan eginen denak Euskal Herri osorako eredu bat ekar lezake. Izan ere, Euskal Herrietako biztanleok osatzen dugun Herri proiektuan inor axolagabe ezin baitute utz hizkuntza hauek. Batetik, euskara, lehena eta identitarioa delako. Guretzat, eta europarrentzat ere bai, ondare altxorra da. Hizkuntza kohesio sozialaren lokarri denez, euskara elkartasun sakonenen adierazle dugu gainera. Eta eurohiriak ezer landu beharko badu, beste guztien gainetik, elkartasun berrien sare fina izan beharko da. Bestetik, gaztelera eta frantsesa, mundializazio aroan milioika jenderekin komunikatzeko aukera ematen digutelako. Eurei esker mundu zabalean sortu izan den eta sortzen jarraitzen duen kultur produkzioaz elikatzen ahal baikara. Honekin ahantzi gabe, euskarak jasandako egoeragatik, kultura alorrean ukan duen atzerapena gaindi dezan eginbide beharrezkoa dugula. Azken hamarkadetan garbi gelditu da euskarak baliabide guztiak dituela modernitatea eskuratzeko. Jakin nahi nuke hogeigarren mendean mundu mailan beste hizkuntzarik egon den euskara bezain berritua eta modernizatua izan denik!

Badirudi, gure artean, Eusko Jaurlaritzaren Hekuntza Sailetik hain zuzen ere, elehirudun formazio zentruak hedatzeko proiektuak aurrera doazela. Poza eragiten dit ikuspegi hori bideratzen ari dela ikusteak. Baina, zer elehirudun proposatzen da? Irakurri dudanez, euskara, gaztelera eta ingelesa. Penagarria deritzot ingelesari toki hori ematea gure hizkuntza komunitate bat ahantziz. Zeren ingelesa, gaurko munduan, hizkuntz funtzional edo instrumental bezala lehena bada ere, ez da izan behar hizkuntz komunitate bati bizkar emanaz erakutsia. Ingelesa funtzionala denez, merkantilizatzen ari den mundu irekian, geroz eta gehiagok bere lanbidean beharko duela jakinda, lanbide batzuei atxikia joan behar du. Gure hizkuntz komunitateak ez dira hala-hola aldatuko, zorionez.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Jokin Apalategi
Urtea: 
2003