'MUGAZ GAIN'

TANDEM izenez ezagutzen den metodoak, guztira, 25 ikastetxe eta onarpen publikoa duten elkarteei, eta unibertsitateko 15 proiekturi ematen die izena. Hizkuntzen ikasketan elkartrukea oinarritzat duen metodologia didaktikoa da Tandem.

Ez da, ordea, elkartrukea soilik egiten; ikastaroak antolatzen dira lurralde ezberdinetako bi talde batera bilduz

Hemen aurkezten dugun proposamenak bide bat eskaintzea du helburu, herrialde hau kulturen arteko topaketaren abiapuntu bilaka dadin. Honetarako euskara erabili eta indartu behar da, elkarri begiratu gabe bizi diren bi gizarte hauen arteko komunikabide tresna den neurrian. 2000. urtea igaro ondoren, mugak gainditzeko joera eta xede europazaleak dira nagusi

Ikuspegi zabalago batetik, mendebaldeko zibilizazio deritzogun honetan berdintze edo kultur homogeneitate baterantz goazela ikusirik, kultur ezberdintasun edo, hobeki esan, "kulturak" ez galtzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Ezberdintasun hitzak interpretazio okerretara garamatza batzuetan, baina guk ulertzen dugun eran uler gaitzaten, esan beharra dago kultur ezberdintasun horretan ez dugula balorapenik egiten, ez eta eskubide ezberdintasunik

Egoera honi aurre egiteko hauxe da gure egitasmoa:

Dagoeneko badauden mentalizatze kanpainak osotu

Euskaraz ez dakitenak eta dakitenak ekintza berberetan bateratu

Euskararen estimazio soziala nolabait piztea, bere hizketa eremutik at eramanez

Bai gaztelera eta baita frantsesa ere estatuaren hizkuntzak direnez, nahikoa dute estatu horien bitartez bi hizkuntza horiek atzerrian sustatzeko, ("Instituto Cervantes", eskola frantsesak, "Alliance Française"), eta horrexegatik ez ditugu geuk bultzatuko MUGAZ GAIN proiektu honen barruan

Proiektu honen helburuei atxikiz, eta gazteleraren eta frantsesaren egoera pribilegiatua kontuan hartuta, gaztelera-frantsesa konbinaketarako elkartrukeak edo tandem bereziak bakarrik antolatu ditugu, asmo zehatz edo hizkuntzen ezagutza maila bat egotekotan. Hizkuntza berri bat ikasteko bultzada ematekotan, gure ustez euskara izan beharko litzateke, hizkuntza honek duen desoreka gainditu artean behintzat

MUGAZ GAIN proiektua, "Bidasoa gainditzeko" eta "beste aldea ezagutzeko" mugimendu sozial baten sorreran, eredu edo gida proiektua denez, pausuz pausu eta pixkanaka-pixkanaka jardutea da egokiena.Horregatik eta erakundeen elkarlan mailak gidaturik, hiru alditako hedapena aurreikusi genuen:

1. Baiona eta Donostia

2. BAB barrutia eta Gipuzkoa

3. Akitania eta EKA + Nafarroa

'Mugaz Gain' birrasmatu beharko bagenu, Interneten garapena eta zabalpena aprobetxatuko genuke. Elkartrukearen pausoak banan bana aztertuz, tresna hau kasu gehienetan lagungarri izango litzaigukeela konturatu gara

Aurrez aurre elkartzea elkartruke baten gailurra izan daiteke, eta horregatik, bi enfokeen loturaren alde gaude. 'Mugaz Gain' egitasmoak ez du izango jarraipenik interneten, 'eMugaz Gain' izenpean. Ezinezkoa gertatu zitzaigun Iparraldeko ko-antolatzailerik aurkitzea. Baina edozein kasutan prest gaude egindako esperientziak beste erakundeei pasatzeko

SARRERA

TANDEM izenez ezagutzen den metodoak, guztira, 25 ikastetxe eta onarpen publikoa duten elkarteei, eta unibertsitateko 15 proiekturi ematen die izena. Hizkuntzen ikasketan elkartrukea oinarritzat duen metodologia didaktikoa da Tandem.

Ez da, ordea, elkartrukea soilik egiten; ikastaroak antolatzen dira lurralde ezberdinetako bi talde batera bilduz: esate baterako, Donostian alemaniera ikasi nahi duten euskaldun nahiz erdaldunak, eta gaztelera ikasten ari diren alemanak (tamalez, euskara ikastera bizpahiru aleman besterik ez dira etortzen urtero) egunero 2 orduko jardunaldietan biltzen dira, ordubetez gaztelera eta beste ordubetez alemaniera lantzeko. Ikastaro hauetan ekintza kulturalak nahiz bestelako eztabaidak izan daitezke mintzagai.

Horrez gain, partaide bakoitzak, bere hizkuntza maila eta helburuak galdetegi batean adierazi ondoren, beretzat beste taldetik egokiena den ikaslea tandem-bikote bezala ezagutuko du. Beraz, metodoak bi zutabe dauzka: Tandem ikastaroak eta "Tandem" deritzona, bikoteen bitartekotza. Bitartekotzan, galdetegien azterketa eta konparaketatik sortzen dira bikoteak, eta bikote horren aurrerapenen jarraipena ere egiten da.

Ikastaroetan oinarrizko testu-liburu bat erabiltzen da, eta bikoteentzako bileretan erabil daitekeen gaitegia eta oinarrizko hiztegia ere lantzen dira. Metodo hau lurralde zabalago batean erabil daiteke, leku anitzetako jende multzo ezberdinak aldi berean hartuz, biztanleen arteko harremanak hobetzeko. Horrela, adibidez, Hego Tirolen alemanen eta italiarren artean 'alphabeta' erakundeak gure metodologiarekin eta aholkularitzarekin lan egin du azken urteetan. Alsaziako eta Baden-Württemberg-eko ikastolen arteko elkartrukeetan ere gure material didaktikoa izan zen lagungarri.

TANDEM ikastetxeak eta elkarteak zeintzuk diren eta non aurki daitezkeen jakiteko www.tandemcity.info webgunera jo dezakezue.

'Mugaz Gain' proiektuak tandem metodoa erabiltzen du, Euskal Herrian mugaz gaindiko harremanak bultzatzeko. Proiektu hau 1994-1997 bitartean Tandem Fundazioko Arantxa Alkorta, Jürgen Wolff eta Petra Zimmermann langileek zeramaten, hasierako bi urteetan Euskadi-Akitania Fondoaren laguntza jasoz. 2002an Tandem Fundazioak 'Mugaz Gain - Tandem' liburua eta CDa argitaratu zituen (Wolff 2002), eta material hori erabiliz idatzi dugu txosten hau.

Bidasoaren bi aldeetan hiru edo lau kulturen eta hizkuntzen eragina nabari da: euskalduna, espainola, frantsesa eta gaskoia. Hala ere, egoera honek eskaintzen duen ahalmena garatu beharrean, eta jakinik bai iparraldean eta baita hegoaldean ere hizkuntza bera (euskara) hitz egiten dela, Bidasoa orbain zaharkitu baten oroimena da, oraindik.

Hemen aurkezten dugun proposamenak bide bat eskaintzea du helburu, herrialde hau kulturen arteko topaketaren abiapuntu bilaka dadin. Honetarako euskara erabili eta indartu behar da, elkarri begiratu gabe bizi diren bi gizarte hauen arteko komunikabide tresna den neurrian. 2000. urtea igaro ondoren, mugak gainditzeko joera eta xede europazaleak dira nagusi. Egoera honetan ulertezina da, batetik Donostia eta Madriden artean eta bestetik Baiona eta Parisen artean harreman gehiago egotea, Donostia eta Baiona artean baino.

HELBURUAK

Hegoaldearen eta iparraldearen arteko komunikazio eza eta gizartearen mugaz gaineko geldotasuna benetan zaharkitua gertatzen da, eta are gehiago ezaugarri hauek kontuan harturik:

  • - Lurraldea 'ardatz atlantikoaren' igarobidean zabalik dagoen ate bat da.
  • - Gurearen antzeko lurraldeak dagoeneko "Euregio" izendatzen dira; horretarako aurreikusten diren dirulaguntzen onura dute elkartruke ugari eta lotura hobeagoak garatzeko.
  • - Honi dagokionez, erakundeen adierazpen franko dago; "Declaración de Ainhoa" delakotik hasi, Akitania, Nafarroa eta Euskadi barne sartzen dituena, BAB barrutia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana, "Donostia-Baiona eurohiria" eta "Txingudi", turismoaren sustapenerako erakundeak, eta Baiona eta Donostiako Merkatal Ganbaren arteko harreman aldebikoetaraino.
  • - Mugaz gaineko harremanak sendotzeak ez du eragozpenik jasan behar. Horrela balitz, mugak irekitzeko Europako joeraren aurka geundeke, europar herrialde guztien arteko lankidetza sendoaren aldeko joera denaren aurka, alegia.

Gurearen antzekoak diren zenbait europar lurraldetan dagoenarekin eta asmo politikoen adierazpenekin erkatuz, informazio, harreman eta lankidetza hutsune tamalgarria baiesten dugu gure lurraldean.

Hutsune honek ez gaitu ezezkor izanarazi behar, jardunaldi askotan egoera hau gainditzeko gogo handia azaldu baitzuten iparraldeko eta hegoaldeko erakundeek eta elkarteek.

Hortaz, gure helburua "energia" hau bideratzeko mugaz gaindiko ekintza sozialak sortzea, bultzatzea eta elkarren artean lotzea da. Informazio ugarik eta kontaktu sare sendo batek muga "mentalak" ere desagerraraziko ditu, gizarte poli-kultural bakarra sortuz. Horretarako abantaila bat daukagu: euskararen existentzia, gure proiektuan tresna eta altxor kulturaltzat hartzen duguna.

Oraindaino, eta oraindik ere, euskaraz burutu diren ekitaldi gehienak, denak ez badira, kutsu politikoren bat eduki dutela ezin daiteke uka. Gure proiektu honen helburua eta nondik norakoa argi gera dadin, gure gogoaren eta ahaleginen oinarria euskara bera dela azpimarratu nahi dugu. Euskarak jasaten dituen erasoei aurre egiteko, hizkuntzak, giza-harremanen zutabe den neurrian, berez duen balioa aldarrikatzea bide bat dela iruditzen zaigu. Bide honetan ibiltzeko, euskarak aspaldidanik eragozpen franko ezagutu du eta bere funtzioa bete dezan oztoporik nagusienetako bat ipar eta hegoaldearen arteko muga izan da. Muga honen ondorioz, euskarak eta, noski, euskaraz bete zitezkeen giza-harremanek galera handia jasan dute.

Gaur egun, mugak eta ezberdintasunak baztertzeko joerari eutsiz, euskaldun guztion arteko giza-harremanak sendotu ditzakegu euskara bere osotasunean bizi dadin.

EUSKARAREKIKO JARRERA

Azaldu ditugun helburu horiek, noski, euskara sustatzea eskatzen dute. Euskara sustatzeko arrazoiak begibistakoak direnez, ez deritzogu beharrezko horretan sakontzeari. Baina lehen aipatu bezala, euskarak badu, hizkuntzalari eta ikerlariontzat duen balioa gaitzetsi gabe, beste edozein hizkuntzak duen balioa: komunikabide tresna izatea, alegia.

Nahiz eta batzuetan euskaldun izateko nahikoa izan den abizena, sudur luzea eta belarri handiak edukitzea, gure artean hizkuntza izan da, nolabait esateko, bereizgarri nagusia. Norbait ezagutzerakoan, lagunek eta senitartekoek euskalduna ala erdalduna den galdetzeko joera izatea ez da ez arrazakeriatzat ez harrotasuntzat hartu behar. Euskarak eremu eta hiztun kopuru mugatua duelako gertatzen da hori, eta tamalez, Euskal Herrian bertan euskara gutxiengo baten hizkuntza bilakatu delako.

Ikuspegi zabalago batetik, mendebaldeko zibilizazio deritzogun honetan berdintze edo kultur homogeneitate baterantz goazela ikusirik, kultur ezberdintasun edo, hobeki esan, "kulturak" ez galtzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Ezberdintasun hitzak interpretazio okerretara garamatza batzuetan, baina guk ulertzen dugun eran uler gaitzaten, esan beharra dago kultur ezberdintasun horretan ez dugula balorapenik egiten, ez eta eskubide ezberdintasunik. Hau da, eskubide eta aukera berdinetan oinarritutako kultur ezberdintasunen onarpena eta elkarren arteko errespetua, batik bat komunitateentzat eta giza-banakoentzat aberasgarri delako.

Eskubide berdinetaz ari garenez, euskarak, gaztelerak nahiz frantsesak dituzten aukera berdinak izan ditzan, laguntza behar du, eta guk proiektu honetan laguntza hori eskaintzeko erabaki hauek hartu ditugu:

  • - Euskaraz eginiko eskaerak merkeago jartzea.
  • - Gure iragarkietan eta hiztegitxoetan, euskarazko hitzak nabarmenago eta lehen lekuan azaltzea.
  • - Kultur ekintza guztietan euskara sartzea.
  • - Elkartrukerako egingo dugun prestakuntzan, euskaldunak espainolekin eta frantsesekin batera jartzea, azken hauei euskara ikasteko beharra ikusaraz diezaiegun.
  • - Fundazioko baliabide propioak euskarak zerikusia duen ekintzetan inbertitzea.
  • - Espainolen eta frantsesen arteko elkartrukerako baldintza izango da biek hizkuntza biak (gaztelera eta frantsesa) ondo ezagutzea, ez baitugu bultzatu nahi hegoaldeko eta iparraldeko erdaldunek euskara baino lehen gaztelera edo frantsesa ikas dezaten.

1992ko azaroan Donostian ospatutako IV. Nazioarteko TANDEM Jardunaldietan, SIADECOko Iñaki Larrañagak adierazi zuen bezala (Larrañaga 1992), euskararen arazorik nagusienetarikoak bi hauek dira :

1. Biztanlegoaren zati handi batek badaki baina ez du arlo guztietan erabiltzen.
2. Biztanlegoaren zati handi bat ez dago motibaturik euskara ikasteko.

Beraz, batetik, euskara jakin bai baina erabiltzen ez duen talde bat daukagu; bestetik, elebitasunaren garapena eragozten duen bigarren talde mugikaitza dugu. Egoera honi aurre egiteko hauxe da gure egitasmoa:

  • Dagoeneko badauden mentalizatze kanpainak osotu, euskaraz burutuko diren ekintzak eskainiz, euskara tresna praktiko eta erabilgarritzat hartua izan dadin.
  • Euskaraz ez dakitenak eta dakitenak ekintza berberetan bateratu; imitazio bidezko ikasketa ahalbideratzen duten ekintzak izango dira, eta ekintza komun horiek burutzeko ezagupenen transmisioa euskaraz egingo da. Horrela, TANDEM metodologiari onura aterako diogu, elkartrukeetarako egokiena baita.
  • Euskararen estimazio soziala nolabait piztea, bere hizketa eremutik at eramanez eta euskaraz interesaturik dauden kanpotarrak ekarriz. Estrategia honen eredutzat bi proiektu dauzkagu:

2.1 Hendaiako Nazioarteko Kanpamendua - Asteburu multikulturalerako programaren plangintza

Elkartruke honetan alemaniako 'Falken', Baionako 'Pyrene' eta Donostiako 'Bagera' elkarteetako gazte taldeek parte hartu zuten.

Ostirala

Topaketa: lau eta erdietan Hendaiako hondartzan (ikus mapako gunea; trena 15.55ean iritsiko da; 'Bagera'ko taldearen ekipaia treneko geltokian jasoko dute).

Elkar ezagutzeko ekintzak ordubete edo ordu eta erdiz talde txikitan, eta hizkuntzarik gabekoak: pantomima, hondarrean marraztea eta elkar ezagutzeko beharrezkoak diren galderen zerrenda, aldez aurretik, hiru hizkuntzetan emanez (alemaniera, euskara eta frantsesa); beharbada, hondartzako jendea kexatzen ez bada, talde bakoitzak ekarritako abesti laburrak ikasiko ditugu.

Ondoren kanpinera joango gara eta bisitariei dagozkien lekuak erakutsiko dizkiegu.

19.30: barbakoa, talde bakoitzak nahi duen modura jolastu, musika jo, abestu, dantzatu, akrobaziak egin, edo beste edozer gauza asma daiteke.

Larunbata

Goizean hasi eta arratsaldera arte: olinpiada dibertigarria, talde ezberdinen ekintzak bateratu daitezkeelarik. Denak lirateke partaide, baina kontu handia edukiz talde guztiak beti multinazionalak izan daitezen, elkar ulertzeko aukera berdinak izateko.

Euria ari badu: interesaren edo gogoaren arabera sortutako taldetxoak dendetan bilduko dira (dendek 35 m2 inguru dute).

Beharbada 'Bagera'ko taldeak Euskal Herriko bazkari tipiko erraz bat prestatuko du, Baionako 'Pyrene' taldeak lagundurik.

Iluntzean: talde bakoitzak bere aurkezpena egingo du bere ekintza motak aurkeztuz, edo eta 'Pyrene'-ren kasuan kultur etxeko ekintzak azalduz. Honetarako diapositibak, ahal bada bideofilme bat, musika tipikoko kasetak, eta sorpresatxoren bat ere ekar daitezke. Egunean izandakoari errepaso bat egin dakioke diapositiben bidez. Eta kanpinean bertan diskoteka; nahi izanez gero, Hendaiako diskoteka batera ere joan gaitezke.

Igandea

Goizean: tailerra galdera honen inguruan: Nola bizi dira gazteak nazio ezberdinetan? Arauak, ikuspegi politikoak, drogak, sexualitatea, sendia, lana, lanbidea, eta abar, ideia gisa. Tailerra burutzeko irizpideak Aachengo 'Falken' taldeak zehaztuko ditu. Partehartzaileak nazioarteko talde ezberdinetako 30 edo 40 lagun izango dira guztira.

Arratsaldean: nahi den bezala sortutako taldeak; ikasi/irakatsi nahi diren ekintzak.

Amaiera: 17.00etan. Irteera 17.57an, Hendaiako geltokian, topoz. Iparraldeko taldearen bidaia antolatzeke dago oraindik.

2.2 'Trebeska' eta 'Oraï Bat'-en arteko elkartrukea: helburuak, egitaraua eta emaitzak

'Trebeska' eta 'Oraï Bat' euskal dantzak lantzen dituzten bi talde dira: lehena Donostiakoa eta bigarrena Baionakoa. Hona hemen elkartrukearen berri.

Helburuak:

  • Hegoaldeko eta Iparraldeko dantzak elkarri irakastea.
  • Euskara zubi-hizkuntza gisa erabiltzea.
  • Baionako taldeko dantzariengan euskararekiko interesa sorraraztea, beraien gustuko ekitaldi bat eginez (kasu honetan dantza berriak ikasi eta irakatsi).
  • Hendaiako nazioarteko elkartrukean bururatutako metodologia frogatzea; alegia, ekintza bisualen bidez hizkuntza jakin gabe bi taldeen artean zerbait burutzea eta gutxieneko komunikazioa lortzea.

Partehartzaileak:

Hegoaldetik 14 eta Iparraldetik 18 dantzari inguru.

Egitaraua:

Larunbata :

  • Baionara iritsi 12etan; geltokian harrera, frantsesa/euskara hiztegitxoaren banaketa, 'Oraï Bat'-en egoitzaren aurkezpena, eta logelen banaketa.
  • 1.30ean bazkaria bertako jangelan.
  • 3retan dantza saioak.
  • Iluntzean: ibilaldia Baionan zehar.

Igandea:

  • 10etan dantza saioa.
  • 1.30ean bazkaria.
  • Arratsaldean itzulera, Hendaiaraino 'Oraï Bat'-eko autobusean.

Emaitzak:

'Trebeska'koek Lapurdiko fandangoa eta Jautsi Berriak ikasi dituzte, eta 'Oraï Bat'ekoek Gipuzkoako Aurreskua eta Zinta dantza. Makil handi dantza ere landu dute. Saioak euskaraz burutu dira, eta ulermen arazoak gainditzeko, itzultzaile batek euskaratu edota frantseseratu du une batzuetan. Lehenengo otorduan taldeak nahastea zaila izan da, baina dantza saioaz geroztik elkarren arteko harremana sakontzen hasi da, eta nahiz eta batzuk hizkuntzarekin ez oso ondo moldatu goizaldera arte gelditu dira elkarrekin ('Oraï Bat'eko dantzariek ere egoitzan bertan egin dute lo). Elkarren artean harremanak irautea nahi dutenez, datorren urtean bisitaldi bat izango da Donostian; oraingoz bi aukera bururatu zaizkie: Donostiaren egunean edota sagardotegi garaian etortzea, dantza saioez gain bertako giroa eta ohiturak ezagutu ahal izateko.

 

3- Elkartrukeen antolakuntza

Hizkuntzak kontuan hartuta eta gaskoia alde batera utziz (mugaz alde batera ez delako erabiltzen eta ikasten), teorian ondorengo konbinaketak gerta litezke:

  HEGOALDEA IPARRALDEA

1

Euskara Euskara

2

Euskara Frantsesa

3

Gaztelera Gaztelera

4

Gaztelera Euskara

5

Gaztelera Frantsesa
6 Frantsesa Frantsea

 

Bai gaztelera eta baita frantsesa ere estatuaren hizkuntzak direnez, nahikoa dute estatu horien bitartez bi hizkuntza horiek atzerrian sustatzeko, ("Instituto Cervantes", eskola frantsesak, "Alliance Française"), eta horrexegatik ez ditugu geuk bultzatuko MUGAZ GAIN proiektu honen barruan.

Adinari dagokionez, ez dugu mugarik:

  • umeak
  • batxilergoko ikasleak eta lanbide heziketakoak
  • unibertsitateko ikasleak
  • gazteak beren aisialdietan
  • helduak lan nahiz profesio arloan
  • helduak beren aisialdietan
  • 3. adinekoak

Edozein motatako elkartruke batean parte hartzeko arrazoi nagusien artean adibide batzuk:

TANDEM

hizkuntza baten ezagutza hobetzeko

TANDEM BEREZIA

xede profesionaletarako (komunikazioaren hobekuntza eta hizkuntza baten ulermena lanpostua egokitzearen barnean sar daitezke)

ELKARTRUKEA

ekintza batzuk elkarrekin burutzeko edo beste aldeko informazioa lortzeko, hizkuntza menperatzea da beharrezko tresna.

Modalitate bakoitzeko adibide bat zerrendatzen dizuegu hemen, sor daitekeen aldebiko ekintza sarea imagina dezazuen:

 

-----------------------------------------------------------

Zer egin daiteke MUGAZ GAINen?

Hona hemen adibide batzuk:

  • Bidasoaren alde bietako gazteek akanpada bat antolatzen dute elkarrekin.
  • Kultur etxe bat eta 'Centre Social' bat senidetu, eta beraien marrazkigintza ikastaroak elkarrekin antolatzen dituzte, erakusketa bi egoitzetan aurkezteko.
  • Baionako gaztelerazko ikasle talde batek, denak emakumezkoak, Donostiako auzo bateko emakume talde batek antolaturiko 'Emakumearen Astea'n parte hartzen du.
  • Antzerki talde batek mugaz bestalde beste antzerki talde bat bilatzen du, nazioarteko antzerki topaketa baterako.

 

  • Gazte Asanblada batek rock kontzertu bat antolatzen du, eta parte hartzen duten musika taldeak mugaz aldebikoak dira.
  • Bi elkarte profesionalek beren esperientziak elkartrukatzen dituzte.
  • Bi dantza taldek Iparraldeko eta Hegoaldeko dantzak irakasten dizkiote elkarri, saioak euskara hutsean burutuz.
  • Mugaren bi aldeetako ikastolek, eskolek edo beste edozein hezkuntza erakundek esperientziak elkartrukatzen dituzte eta ikasleentzako ekintza bateratuak antolatzen dituzte.
  • Mugaren bi aldeetako musikariek eta dantzariek Iparraldeko eta Hegoaldeko ihauterietan parte hartzen dute.
  • 'Maison de Culture et Jeunesse et Culture' batek eta kultur etxe batek elkar bisitatzen dute beraien hiriak erakutsiz.
  • Mugaren bi aldeetan euskaraz ikasten ari direnek txangoak egiten dituzte batuaz hitz egiteko.
  • Unibertsitateetako ikasleek ikerlanak burutu ditzakete mugaz bestalde, bertako ikasleen laguntzaz.
  • Kirola, gizartea edo orokorrean edozein kultur ekimenekiko zaletasuna duten talde nahiz elkarteek mugaz bestalde beren parekoa aurki dezakete.

Eta - Zuei bururatzen zaizuen guztia !!!!

------------------------------------------------------

Proiektu honen helburuei atxikiz, eta gazteleraren eta frantsesaren egoera pribilegiatua kontuan hartuta, gaztelera-frantsesa konbinaketarako elkartrukeak edo tandem bereziak bakarrik antolatu ditugu, asmo zehatz edo hizkuntzen ezagutza maila bat egotekotan. Hizkuntza berri bat ikasteko bultzada ematekotan, gure ustez euskara izan beharko litzateke, hizkuntza honek duen desoreka gainditu artean behintzat.

Edozein modutan ere, aurkezpenarekin batera sarrera metodiko bat egin dugu, material lagungarria eta beste iturriei buruzko erreferentzia eman, eta aholkularitza eskaini; azken hau tandem bereziaren kasuan etengabea izan daiteke, eta aldiz, urriagoa, baldin eta elkartrukeen helburua hizkuntza ez bada.

Prestaketarako edo ekintza baten lagungarri bezala, hizkuntza ikastaroak burutuko bagenitu, partehartzaileen eskariari edo ekintza bakoitzaren helburuari zehazki egokiturikoak izan beharko lirateke. Ahal dela, ekintza horiek baino lehenago eta geroxeago, edo aldi berean, motibazioaren hazkuntza aprobetxatu nahi da. Bestalde, horrela, hizkuntzaren ezagutzan interesatzen zaizkien arlo edo gaiak aukera eta landu genitzake. Gainera, ahal den neurrian, tandem ikastaroak binazional moduan egin ditugu, ama hizkuntza ezberdinetako taldeak hartu-emanean jartzeko era egokiena baita.

Proiektu honen eta proiektua proposatzen duen erakundearen lana garapenerako laguntza izan da; kontaktu lekune soil bat. Tandem-ek nazioarteko elkartrukeetan duen esperientziari jarraiki, erakunde honek kontaktu zuzenak ahalbideratu ditu, arduradunak gaitu ondoren, aldenduz.

4- Proiektuaren antolakuntza teknikoa, epeak eta ekintzak

MUGAZ GAIN proiektua, "Bidasoa gainditzeko" eta "beste aldea ezagutzeko" mugimendu sozial baten sorreran, eredu edo gida proiektua denez, pausuz pausu eta pixkanaka-pixkanaka jardutea da egokiena.Horregatik eta erakundeen elkarlan mailak gidaturik, hiru alditako hedapena aurreikusi genuen:

1. Baiona eta Donostia
2. BAB barrutia eta Gipuzkoa
3. Akitania eta EKA + Nafarroa

Honek ez du esan nahi zenbait pertsona, nahiz elkarte, inguru hauetatik at egoteagatik kasu batzuetan kanpoan utziko ditugunik; baina antolaketa eta iragartze lana inguru honetara mugatuko da.

Proiektua guztira hiru urtetan burutu zitekeela uste genuen, gure lan eremua gradualki zabalduko baitzen. Hona hemen epeak:

Lehenengo sei hilabeteak 6/94:

1. Datu bilketa sakona: guk eskaintzen duguna baliagarritzat har dezaketen pertsonei, ikastetxeei, nahiz bestelako erakunde eta elkarteei buruzkoa, iparraldean eta hegoaldean, noski.
2. Beharrezkoak diren akordioekin hasi.
3. Datu bilketa kontuan hartuta antolakuntza egin.

12/94 arte:

1. Elkartrukeetarako oinarriak landu eta hezi, bereziki horretarako antolatutako ikastaroen bitartez.
2. Publizitatea zabaldu.

Azken hiru epeak gure lan eremuaren hedapenarekin bat datoz:

6/95 arte:

  • Elkartrukeak bi hiribururen artean burutu, Baiona + Donostia.

12/95 arte:

  • Elkartrukeak bi lurralderen artean burutu, BAB + Gipuzkoa

6/96arte:

  • Elkartrukeen eremua Euskadi + Akitania lurraldeetara zabaldu

12/96arte:

  • Aurreko epean lortutako eremuari Nafarroa erantsi. Proiektuaren ebaluaketa sakon bat egin, gure helburuak zenbateraino bete diren aztertuz.

Sustapen ezarengatik, ezin genuen hirugarren fasea burutu eta gure lan-eremuak ezin izan zuen BAB/Gipuzkoa gunetik pasa.

5- Partner-ak eta etorkizuna

Sare sozial bat osatzea helburutzat duen horrelako proiektu batek zentzu berean diharduten eragile sozialekin elkarlan hertsian aritu behar du. Aipaturiko hiru gunetako ereduari jarraiki, egokiena kopuru mugatu batekin hastea litzateke; esate baterako:

Hegoaldean: Euskadi-Akitania programa.

Iparraldean: Euskal Kultur Erakundea, Merkatal Ganbarako sustapen saila, eta Baionan Euskaraz Bizi Elkartea.

'Mugaz Gain' birrasmatu beharko bagenu, Interneten garapena eta zabalpena aprobetxatuko genuke. Elkartrukearen pausoak banan bana aztertuz, tresna hau kasu gehienetan lagungarri izango litzaigukeela konturatu gara.

Publizitatea

Orain arte, erabiltzaileak telefono-aurkibideen eta beste gidaliburu batzuen bitartez aurkitu izan dira. Hemendik aurrera, Interneteko bilatzaileen bitartez aurkituko dira, eta posta elektronikoa jasoko dute, proiektu honen berri emanez.

Bitartekaritza

Bitartekari batek egin zuen lan hau, galdetegiak, datu-basea edo bere oroimena erabiliz. Orain badaude datu-base batzuk Interneten, pertsona edo erakunde batek berak bere bikotea bila dezan (ikus www.tandemcity.com , 'Community').

Hala ere, eztabaidagarria da auto-bilaketa hau esperientziadun bitartekari batek egindakoa bezain eraginkorra den ala ez. Horregatik, komeni da web datu-baseari aholku batzuk eranstea, bikoteak nola bilatu eta aukeratu gomendatuz.

Aholkuak

Bitartekaritzaren zati garrantzitsua elkartrukea burutzearen inguruko aholkuak ziren, ahoz zein idatziz.

Ziberproiektu batean, aholku horiez gain, posta elektronikoa eramateko gomendioak ere webgune batean egon beharko dute; adibidez, www.slf.ruhr-uni-bochum.de -an ematen direnak.

Heziketa

Egitasmo zabaletan, elkartrukeen didaktikari buruzko ikastaroa eman genien pertsona klabeei (antolazaileei, irakasleei). Horrelakoren bat interneten jarri ahalko litzateke, baina denbora eta diru asko kostatuko litzateke. Horrez gain, parte-hartzaileen foroa jarriko genuke, esperientziak elkartruka ditzaten, tutoretzapeko programa korreo elektronikoaren bidez egin dezaten, eta tutore eta ikaskideekiko txata izan dezaten.

Zerrenda hau ikusita, badirudi "e-Mugaz Gain" bideragarria dela, baina goizegi da, agian, hori esateko. Horrexegatik:

 

1. Parte hartzen duten pertsonen eta lan eremuen arabera, ordenagailuaren eta Internetaren ezagupen eza oztopo bihur daiteke jendearentzat. Nahiz eta azpiegitura merkea eta erabilerraza izan, kasu batzuetan, eskutitzez, telefonoz eta bisitaz osatutako proiektua beharrezkoa eta eraginkorragoa da.
2. Elkartrukearen esperientziak, aurrez aurrekoak zein modu digitalekoak, elkartrukeak oso 'sentiberak' direla erakutsi digu; hots, interferentzia ‘atmosferiko’ eta teknikoek azkar puskatzen dituztela, eta komunikazio digitala askoz errazago dabilela jendea aurrez aurre ezagutu ondoren.

Aurrez aurre elkartzea elkartruke baten gailurra izan daiteke, eta horregatik, bi enfokeen loturaren alde gaude. 'Mugaz Gain' egitasmoak ez du izango jarraipenik interneten, 'eMugaz Gain' izenpean. Ezinezkoa gertatu zitzaigun Iparraldeko ko-antolatzailerik aurkitzea. Baina edozein kasutan prest gaude egindako esperientziak beste erakundeei pasatzeko.

 

6- Bibliografia

Larrañaga eta Iriziar, Iñaki (1994): Donostia Hirian Euskarari Buruzko Diagnosia, in Wolff, Jürgen + Zimmermann, Petra (1994): Sprachenlernen und soziale Wirklichkeit / Hizkuntz ikasketa eta bere eragina gizartean / Aprendizaje de idiomas y su incidencia social. Donostia, Tandem Fundazioa (70-78. or)

Wolff, Jürgen (arg.) (2002): Mugaz Gain - Tandem, superando las fronteras / über die Grenzen / across the borders / par dessus les frontières. Donostia + Meran(o) + Maastricht, Tandem Fundazioa + alphabeta + CICERO

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Arantxa Alkorta; Jügen Wolff; Petra Zimmermann
Urtea: 
2003