Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketa. Euskal Herria, 2016

 

Atal honetan aurkezten dira Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren emaitza nagusiak. 2016an egindakoa ikerketa honen zazpigarren edizioa da. Kale-Neurketak hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz. Datu-bilketa zabalak aukera ematen du Euskal Herri mailako, lurraldeetako eta hiriburuetako emaitzak ezagutzeko; baita adinaren, sexuaren eta haurren presentziaren eragina aztertzeko ere.

 

Lan-taldea:

ZUZENDARIA: Olatz Altuna Zumeta, Soziolinguistika Klusterra

LANDA-LANAREN ARDURADUNA: Maialen Iñarra Arregi, Soziolinguistika Klusterra

DATU-BASEAREN KUDEATZAILEA: Nestor Urrestaratzu Ramos, Datu Tailerra

BATZORDE ZIENTIFIKOA:

  • Eneko Anduaga Insausti
  • Eneko Gorri
  • Iñaki Iurrebaso Biteri
  • Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba
  • Paula Kasares Corrales
  • Xabier Isasi Balantzategi

 

Ikerketaren ibilbidea

Hizkuntzen erabileraren Kale-Neurketa ibilbide luzeko ikerketa-lan zabala da, Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen –EKB- eskutik 1989an abiatu, eta 2001etik Soziolinguistika Klusterrak egiten duena. Ikerketak hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du, kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz. “Zenbat erabiltzen da euskara kalean?”, galdera horri erantzuten dio ikerketak. Neurketaren I. edizioa 1989an egin zen, eta azkena, VII.a, 2016an burutu da. Hogeita zazpi urtetan zazpi argazki atera zaizkio euskararen erabilerari Euskal Herri osoan.

Neurtzaileek ez dute interferentziarik eragiten, alegia, hiztunari ezer galdetu gabe, norbanakoaren subjektibotasuna albo batera utziz, entzun eta elkarrizketaren hizkuntza jasotzen da, solaskideen adina, sexua eta haurren parte-hartzearen informazioarekin batera. Euskal Herrian bertan sortua da metodologia eta zazpi edizioetako eskarmentuak teknikoki aski kontsolidatzea ahalbidetu du. Gaur egun, ezinbesteko erreferentzia da euskararen bizi-indarra ebaluatzeko.

 

Landa-lana

VII. Neurketa honetan Euskal Herri osoko 144 udalerri neurtu dira, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estatistikorako baldintzak.

Udalerriez haragoko emaitzak lortzeko (lurraldeka, Euskal Herria…) hainbat kalkulu estatistiko egin dira. Lagin-akatsa % 95eko konfiantza-mailarekin, p=q (% 50/% 50) dela, + 0,3koa da.

 

Laguntzak

Ikerketa honek erakunde hauek izan ditu finantzatzaile: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafar Institutua – Euskarabidea, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Iruñeko Udala, Gasteizko Udala eta beste 36 udal.

 

Emaitzak

 

2016ko Neurketaren emaitza guztiak, Neurketaren aurreko edizioetakoak eta euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko beste hainbat aldagairi buruzkoak Euskararen Datu Basean (EDB) daude eskuragarri.