HIGA2020!: Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen III. Topaketa aurkeztu dute

HIGA 2020, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Hirugarren Topaketa, Gasteizen egingo dute irailaren 6tik 9ra. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute, Oihanederren Euskararen Etxean, ekimena aurkezteko, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezpera dela aprobetxatuz. Mundu osoko hiztun gazteak Gasteizen batuko dira, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko. 2011n eta 2018an ere topaketa egin da hirian. Eta azken edizioan mundu osoko 75 gazte elkartu ziren Gasteizen, 35 hizkuntza gutxitu ezberdin hitz egiten zituen talde aberats eta dinamiko bat osatuz. Topaketan izena emateko epea irekita dago gaurtik eta maiatzaren 21era arte.

Antolatzaileak Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira. Babesleak Vital Fundazioa eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra. GELA ikerguneak, Kontseiluak, MHO Unesco Katedrak Eusko Jaurlaritzako HPSk, Garabidek eta Soziolinguistika Klusterrak osatzen dute Batzorde Akademikoa. Etxepare Institutua, EHUren Uda ikastaroak, Oihaneder Etxea eta Artepan Topaketaren laguntzaile dira.

Gobernuen politikez gain, funtsezkoa da herri ekimenetatik abiatutako lana munduko hizkuntza gutxituen alde. Zentzu horretan, gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea. Globalizazio garai hauetan horrelako erronka bati erantzuteko, hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkartasun eta elkarlana funtsezkoak izango dira etorkizunean.

Gasteizen gazteek izan dute euskararen biziberritzearen ardura. Horiek horrela, gazte planak, lehenik, eta euskara planak, gero, errealitate horri erreparatu diote eta egoki ikusi dute espazio bat sortzea euskara eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan ari diren gazteak biltzeko, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko . Horixe da HIGA: hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa.

Beñat Garaio HIGA-ko zuzendariak zehazten ditu HIGA-k dituen beste helburuak:

  • Hizkuntza gutxituetako mundu osoko hiztun gazteak batu fisikoki, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko
  • Hizkuntza gutxituetako biziberritze prozesuen inguruan oinarri teorikoak eta bizipenezkoak jaso, topaketako parte-hartzaileek euren komunitateetara ezagutza horiek eramateko
  • Hizkuntza lankidetzaren helburuak jarraituz, euskararen biziberritze prozesua ezagutzera eman eta partekatzea, besteenetik ikasten dugun bitartean
  • Gazteriaren parte-hartzea aktibatzea, kasu honetan beraien bizitzaren esparru jakin batean

HIGA ez da ekimen akademiko soila izango, edo ez behintzat, bere osotasunean. Lau egun horietan denetarik antolatuko da parte-hartzaile guztien interesak eta izaerak kontuan hartzeko. HIGA3-ko zuzendariaren esanetan, gidoia hau izango da: goizetan hizkuntzen biziberritzearen inguruko hainbat gai jorratuko dira adituekin; arratsaldean ekintzak antolatuko dira Gasteiz hobeto ezagutzeko eta beraien arteko harremana sendotzeko; eta bukatzeko, gauetan, ekitaldi kulturalak antolatuko dira, izan kontzertuak, antzerkiak, poesia emanaldiak eta abarrekoak. Antolakuntzak matrikula, otorduak eta lo egiteko tokia ordainduko die gazteei, eta gauzak horrela, elkarrekin 24 ordu pasatuko dituzte lau egunez.

 

Izen ematea eta informazio osagarria