Hezkuntza soziolinguistikorako materialen bilduma

Hezkuntza-baliabide gisa erabil daitezkeen euskararen soziolinguistikaren eremuko askotariko materialak biltzen dira web-atal honetan. Soziolinguistika, munduko hizkuntzak, hizkuntza ekologia eta euskararen biziberritzearen inguruko eduki teorikoak eta ezagutza praktikoak lantzeko materialen erreferentziak eta estekak formatuaren, modalitatearen eta gaien arabera sailkatuta aurkezten dira. Bildumak bilaketak egiteko aukera eskaintzen du. Proiektu honen jatorrian funtsezko ideia bat dago: bere burua eraldatu nahi badu, hizkuntza gutxituaren komunitateak ezagutza soziolinguistikora sarrera bermatu behar die bere kideei.

Soziolinguistika gizartea eta hizkuntzaren arteko elkarreraginak aztertzen dituen diziplina zientifikoa da.

Hizkuntza-ekologiak hizkuntza baten eta bere inguruko (eko)sistema soziologiko eta psikologikoaren arteko harremanak aztertzen ditu.

Ezagutza soziolinguistikoaren hedapena estrategikoa da euskararen biziberritzearen ikuspegitik. Bere burua eraldatu eta bere inguruan eragin nahi duen komunitateak hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana ulertzen lagunduko dioten tresnak behar ditu. Hezkuntza norbanakoak gizarte bizitzarako prestatzeko mekanismoa den heinean, hizkuntza gutxitu baten komunitateko kideok hezkuntza soziolinguistikoa jasotzea funtsezko beharra da.

Euskararen soziolinguistikari dagokionez, hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko materialak asko eta askotarikoak dira. Pertsona eta erakunde askok sortu izan dituzte testuak, argitalpenak, hitzaldiak… Bakoitzak bere testuinguruari eta bere beharrei egokituta eman die forma aipatutako materialei.

Proiektu honek sakabanatuta dauden baliabide guzti horien bilduma du oinarri. Izaro Arruti eta Sandra Prietok Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterrean egindako Master Amaierako Lanerako osatu zuten bilduma eta honen azterketa. Gainera, lanaren egokitzapenarekin 2021eko Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan lehen saria jaso zuten. Bat soziolinguistika aldizkarian ere argitaratua da aipatutako lanetik eratorritako artikulu zientifikoa:

ARRUTI Izaro eta PRIETO Sandra (2022). “Hezkuntza soziolinguistikoa. Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena” in BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 122-123. zenbakia (1), 11-38 or. https://bat.soziolinguistika.eus/eu/produktua/hezkuntza-soziolinguistikoa-euskal-herrian-han-eta-hemen-dauden-material-eta-baliabideen-bilketa-azterketa-eta-sailkapena/

Web atal honen oinarrian dagoen ikerketa-lanak, hezkuntzan soziolinguistika edukiak transmititzeko baliagarriak diren materialak katalogatzeaz gain, bildutakoaren azterketa egiten du. Bildutako material horien ikuspegi orokorra ematen du eta biltze-prozesuan ikusitakoetatik, entzundakoetatik eta hausnartutakoetatik  ondorioak ateratzen deira. Honakoak dira ondorio horietako batzuk:

1

EAEko curriculumaren eta testuliburuen artean desoreka dago. Heziberri 2020 Planak hizkuntzaren alderdi sozialaren lanketarako ezarritako helburua ezagutza hutsetik haratago doa, ikasleen hizkuntza-jarreretan eragitea, euskararen erabilera sustatzea, ere lortu behar dela ezartzen baitu, eta horiek lortzeko eduki-zerrenda oso garatua dela esan daiteke. Hori jakinik, testuliburuek biltzen dituzten edukiak aztertzerakoan, oro har, ez dago alerik curriculumak ezarritako eduki guztiak lantzen dituenik; hizkuntza-ekologiaren gaia, adibidez, ez da kasik agertzen. Testuliburuen artean aldeak daude edukiei dagokienez; badira soziolinguistikaren inguruko lanketa nahiko sakona egiten dutenak eta Hizkuntza eta gizartea, Hizkuntza gizartean, Euskara gizartean, Munduko hizkuntzak eta antzeko atalak dituztenak, baina badira eranskinetan soilik edo Kultura atalean soziolinguistikari ez dagozkion gaiekin batera gaiaren inguruko edukiak biltzen dituztenak, soziolinguistika lantzea oinarrizkotzat joko ez balute bezala. Kontuan harturik irakasle askok curriculumeko edukiei baino, testuliburuen edukiei erreparatzen dietela, arazo bat izan daiteke hori.

2

Kanpo-eragileek hezkuntza-komunitatean duten presentziak argi uzten du, batetik, euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntza-jarreretan eragiteko eta hizkuntza-aniztasunarekiko jarrera positiboak sustatzeko ikastetxeetan egiten den ahalegina. Lan honen garapenean aholkularitza-taldeek eskaintzen dituzten saioak, tailerrak eta formakuntzak identifikatu dira, hezkuntzan dagoen hutsune baten erakusgarri. Irakasleen formakuntza faltarekin lotzen da, ikasleekin lanketa hori irakasleak egin behar duela interpretatzen baita. Hutsune hori erreala bada ere, ezinbestekotzat jotzen da kanpo-eragileen lana ere, “freskotasuna” eramaten baitute geletara; beti ere, irakasleek egiten duten lanketa osatzeko bada eta ez lan hori ordezkatzeko. Bestalde, kanpo-eragileen eta irakasleen artean lankidetza falta sumatu da;  soziolinguistika eta hizkuntza-ekologiaren lanketa ahalik eta eraginkorren izan dadin hezkuntza-komunitateko eragileen arteko saretzea ezinbestekoa da.

3

Irakasleen formakuntzan hutsunea nabarmendu da. Materialen bildumak irakasleen lana erraztu dezaketela uste dugu. Lan hau abiapuntua besterik ez da; etorkizunean hainbat lan-ildo jarraitu beharko liratekeela hau osatzeko. Lehenik, bilketa honek ez du jasotzen soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia lantzeko dagoen material guztia, eta, beraz, bilketa horrekin jarraitzea komeniko litzateke. Bigarrenik, etengabe material berria sortzen denez, bilketa euskarri kolaboratibo batean jarraitzea aproposa izango litzateke, material, baliabide, formazio, etab. sortzen dutenak osatzen joan daitezen. Hirugarrenik, irakasleen beharrak, materialari dagokionez, gertuagotik ezagutu beharko liratekeela uste dugu. Bestalde, soziolinguistika eta hizkuntza-ekologiaren inguruko lanketa egiterakoan, irakasleen formazioa eta ahalduntzerako “babes-guneak” (“safe spaces”) sortu eta bermatzea garrantzitsutzat jotzen da: iritziak ez epaitzea; errespetuz entzutea; elkar ahalduntzea eta, funtsean, lasaitasunez, askatasunez eta arduraz jokatzeko aukera ematen duten espazioak.

Bildumaren prestaketa

Izaro Arruti Agirreurreta

Inplementazio informatikoa

Iametza Interaktiboa

Proiektuaren koordinazioa

Asier Basurto Arruti (Soziolinguistika Klusterra)

Sustatzaileak:

Soziolinguistika Klusterra logoa

Bilduma hau 2021eko udazkenean eguneratutakoa da. Hurrengo urteetan, material berriak sortu eta identifikatu ahala, eguneratu egingo da urtean behineko maiztasunaz. Ez da uneoro eguneratuko, barkatu eragozpenak. Bilduman akatsen bat aurkituz gero edo bertan txertatzeko moduko materialak proposatu nahi izanez gero, jar zaitez harremanetan Soziolinguistika Klusterrarekin (kluster@soziolinguistika.eus). Materialak proposatzeko lagungarri izango da fitxa hau baliatzea.