HAUSNARTU Sariak

   
   
   

Izaskun Kuartangok irabazi du 2018ko HAUSNARTU saria

  • Herri-administrazioen zerbitzu hizkuntzaren ebaluazioari buruzko ikerketa egin du Kuartangok.
  • Miren Artetxek jaso du bigarren saria eta Irati Lizeagak, hirugarrena.
  • Sari ematea eta saritutako lanen aurkezpena azaroaren 6an izan zen Bilbon, Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren baitan.

HAUSNARTU Soziolinguistika Sarien XI. edizioa izan da 2018koa. Urtero bezala hainbat jakintza arlotatik euskal soziolinguistikari ekarpena egiten dioten lanak jaso dira, eta epaimahaiaren erabakiz lehen saria Izaskun Kuartangorentzat izan da, “Bezero misteriotsuaren teknika herri-administrazioetako zerbitzu-hizkuntzaren ebaluazioan” izeneko lanagatik. Lehiaketaren bigarren saria Miren Artetxerentzat izan da, “Hiztun berriak eta bertso-mundua” lanagatik. Eta hirugarrena, berriz, Irati Lizeagari eman zaio; azken honen lanak “Lintzirin: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan oinarritutako Euskara Sustapen Ekintza Plana (ESEP)” du izenburutzat.

Sari emate ekitaldia Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitarauan txertatu zen lehen aldiz. Azaroaren 6an izan zen, Bilboko Bizkaia-EHU Aretoan eta saria jasotzeaz gain, saridunek beren lanen aurkezpena egingo zuten.

Lanen testuak osotasunean argitaratuko dira BAT soziolinguistika aldizkariaren 2018ko laugarren alean.

SARIDUNAK:

Izaskun Kuartango

 

Izaskun Kuartango Atxak irabazi du lehen saria, Bezero misteriotsuaren teknika herri-administrazioetako zerbitzu-hizkuntzaren ebaluazioan lanarekin.

Herri Administrazioak euskara erabiltzeko aukera bermatu behar dio herritarrari, eskaintzen dion arreta kalitatezkoa izan dadin. Hori du lan honek azterketa-gune: zerbitzu-hizkuntzaren ebaluaziorako gaur egungo teknika batzuk deskribatzen ditu. Horrez gain, bezero misteriotsuaren teknika aztertzen da eta teknika hori EAEko herri-administrazioetan ebaluaziorako erabiltzeko proposamena egiten du.

Epai-mahaiaren hitzetan bereziki interesgarria izan da aztertutako gaia. Kontuan izan da, gainera, gaur artean ikerkuntza arloan behar lukeen leku propioa hartzeko zailtasunak ere izan dituela. Horrez gain, teknikoki erakutsitako zorroztasuna eta idazteko modu atsegina ere azpimarratu ditu epai-mahaiak.

Izaskun Kuartango Atxa Eusko jaurlaritzako Hezkuntzan sailean hizkuntza normalizaziorako teknikaria da. Lehenago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan ere teknikari moduan jardun zuen.

1.500 € eta Jose Luis Zumetaren litografia bat jaso zituen.

Miren Artetxe

 

Bigarren saria Miren Artetxe Sarasolak irabazi du Hiztun berriak eta bertso-mundua lanarekin.

Bertsolaritzan trebatutako hiztun berriek euren burua hiztun legitimo sentitzearen bidean bizi dituzten prozesuak aztertu ditu, Ipar Euskal Herriko testuinguruan.

Bereziki ondo idatzitako lana, epai-mahaiaren ikuspegitik. Gainera, bertso munduaz harago, beste esparru batzuetan ere diskurtsoak berritzeko ikuspegi iradokitzailea eskaintzen da lanean.

Miren Artetxe Sarasola Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan irakasle da.

1.000 euroko saia jaso zuen.

Irati Lizeaga

Eta hirugarren saria Irati Lizeaga Elizaldek egindako Lintzirin: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan oinarritutako Euskara Sustapen Ekintza Plana (ESEP) lanari eman dio epai-mahaiak.

Lan honetan Oiartzun eta Irun artean dagoen gune komertzialean ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) metodologia aplikatzeko ahalegina egin da, datu-bilketa handi batean oinarrituz.

ELE tresna bera hobetzeko oso baliagarria izan daitekeelako hobetsi du bereziki lana epaimahaiak. Izan ere, tresna bera bere bidea egiten ari da, bai esparru administratiboan, sozialean eta ekonomikoan, bai onarpenari eta bai aplikazioari begira. Bereziki interesgarria ikusi da esparru komertzialean aplikatzeko azterketa egin izana.

Irati Lizeaga Elizalde Badihardugu euskara elkarteko teknikaria da.

700 euroko saria jaso zuen.

Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira.

Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Asmoa da euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea, eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea, modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira.

 

Laguntzaileak:

                  

Laburpena esaldi batean: 
Euskal Soziolinguistika arloko ikerketen lehiaketa