Hizkuntzaren erabilerak filosofian

Honako honetan hizkuntz erabilerei buruz filosofiaren ikuspegitik egindako ohar laburrak jasoko ditugu. Ez dugu aztertuko filosofoek hizkuntzaz egin duten erabilera, filosofoek aztertu dituzten hizkuntz erabilerak baizik.

Egiarekiko konpromisoak darama Platon egiaren kontzeptua baztertzen duen erretorika oro arbuiatzera eta hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremana zertan den arakatzera.

Berdintasunak, berarekin erlazionatuta dauden eta erantzuten guztiz errazak ez diren galderetatik bideratzen du gogoeta. Erlazio bat al da? Objektuen arteko erlazioa al da? Ala objektuen izen edo zeinuen artekoa? (Frege, 1892, 1. or.)

‘Esanahia’ hitza, erabiltzen dugun kasu klase zabal baterako –baina ez guztietarako- honela defini daiteke: hitz baten esanahia hizkuntzan duen erabilpena da. (Wittgenstein 1953, 43.)

gehiago ere bada hizketa-ekintza. Baieztatu, informatu, iradoki, hitz eman, promes egin, agindu, aholkatu, eskatu, erregutu, bataiatu, jakinarazi, kondenatu, eta abar egin dezakegu geure esaldiaren bidez. Hizketa-ekintza maila honetan ekintza ilokutibo deritza Austinek.

Ekintzaren kausa asmoa da, eta hizketa-ekintzak euren kausa den gutxieneko asmoaren arabera sailkatzen ditu. Ekintza ilokutibo orotan aurki daitekeen oinarrizko asmo horiei xede ilokutibo esaten die eta bost bereizi

Hizketa-ekintzen taxonomiak horixe erakusten digu: erabilerak asko izanda ere, multzo gutxi batzuetan sailka daitezke horien oinarrizko ezaugarriei erreparatuz gero. Horregatik, hizketa-ekintzen teoriak filosofian esaldi apofantikoei eta egiari lotutako erabilera esklusiboarekin apurtzen duela esan daiteke, gainerako erabilera guztien azterketa sistematikorako bideak irekiz.

Komunikazioa, ordea, ezin da, informazio edo "“komunikazioaren teoria matematikoak" dioenaren arabera

, mezuen transmisio-fluxu eta kodifikazio-dekodifikazio prozesu huts gisa esplikatu

Komunikazioa gizakion ekintza edo jarduera arrazionala da eta giza arrazionalitatearen printzipio orokorretatik eratortzen diren printzipioen arabera esplikatzen da.

gaur egun hizkuntzalaritzaz baino, hizkuntz zientzietaz, pluralean, hitz egiteak dirudi egokiena. Eta horien artean informatika, psikologia, antropologia, soziologia, politika eta etikak berak ere badute zer esanik.

Hizkuntza da, askoren ustez, gizakia gizaki egiten duena. Beste animali-espezie batzuk hizkuntza ere badutela pentsatzen hasita, hizkuntza zer den eta giza-hizkuntzaren berezitasunak zeintzuk diren bihurtzen da orduan argitu beharreko gaia. Horiek alde batera utzita, gizakiok geure hizkuntzari ematen dizkiogun erabilerei buruz arituko gara hemen. Hizkuntzak zertarako balio duen, zertarako darabilgun, galdetzen hasita ugariak dira bururatzen zaizkigun erantzunak[1]:

  1. Beharrezkoa ez den nerbio energia eragozgarria botatzeko
  2. besteren (pertsona nahiz animalien) mugimendua zuzentzeko
  3. ideien komunikaziorako
  4. adierazpide gisa
  5. erregistro xedeetarako
  6. materia mugimenduan jartzeko (magia)
  7. pentsamenduaren tresna gisa
  8. soinu huts gisa gozatzeko
  9. filologoei lana emateko

Bederatzi hauetaz gain beste asko sar ditzakegu zerrendan baina daudenak ere denak maila berekoak ez direla ohartzen gara berehala. Honako honetan hizkuntz erabilerei buruz filosofiaren ikuspegitik egindako ohar laburrak jasoko ditugu. Ez dugu aztertuko filosofoek hizkuntzaz egin duten erabilera, filosofoek aztertu dituzten hizkuntz erabilerak baizik. Eta, noski, ez dugu filosofiaren historia osoa aintzat hartuko, hori ezinezkoa baita. Egia esan, filosofiaren historiako zati txiki bat baino ez dugu hartuko, XX. mendekoa. Eta ez bakarrik lanaren luzerari buruzko arrazoizko mugengatik. Izan ere, hizkuntzaren filosofia, hizkuntza aztergai propiotzat duen filosofiaren alorra, XX. mendearekin batera jaiotzen da eta ordutik aurrerakoak dira filosofoek hizkuntzari buruz esaten dituzten gauza zentzudun eta sistematikoenak.

Gottlob Frege eta Bertrand Russellen logikari buruzko lanekin batera jaiotzen den hizkuntzaren filosofia muga garbi batekin jaiotzen da. Baierako perpausen analisira mugatzen da; pentsamendu osoak edo proposizioak, egiazko ala faltsu diren zera horiek adieraztera mugatzen diren perpausen analisia bakarrik egiten dute. XX. mendeko erdialdera pasa arte, horiek dira filosofoen arreta merezi duten perpaus bakarrak. Eta filosofoez gain, hizkuntzalaritzaren atal gehienetan egiazko ala faltsuak diren gauzak esatea bihurtzen da, inplizituki ala esplizituki, hizkuntzaren erabilera nagusia. Gainontzeko erabileren azterketa modu eratorrian egin daitekeela asumitzen da gehienetan. Baieztapenak (edo ukapenak) egitea, galderak egin, aginduak eman edo bataiatzea baino erabilera oinarrizkoagoa litzateke. Azkenekoen azterketak lehenengoaren argitzea eskatuko luke lehendabizi; edo lehenengoaren azterketa bera azkenekoen azterketa lekarke berarekin.

Tesi hori zuzena ala okerra den eztabaidatu baino, tesi horren jatorria argitzen saiatuko gara hemen. Zergatik hartu du filosofian perpaus apofantikoak pribilejiozko toki hori? Honi erantzuteko ezingo gara XX. mendera mugatu. Kontua, nola ez, lehenagotik dator, mendebaldeko pentsamenduaren filosofiaren hasieratik beretik. Horregatik Platon eta Aristotelesen hizkuntzari buruzkoak ekarriko ditugu hona, hasteko. Gero, bigarren atalean, esan bezala, hizkuntzaren filosofia inauguratzen duten Frege eta Russellen lanak ekarriko ditugu gogora, beraien kasuan arazoak zein justifikazio duen ikusteko. Hirugarren atalean, berriz, aldaketaren oinarriak jarri zituen ‘Bigarren’ Wittgensteinen kasua aztertuko dugu, lehenik, eta John Austin, John Searle, eta Paul Griceren lanak, gero.

Interesgarria, litzateke, gaiak filosofoen artean duen garapena eta gramatika, psikologia, soziologia edo hizkuntzalaritzan izan dituena erkatzea. Beste baterako utzi beharko dugu hori, luzerari dagokionez behintzat, lana irakurgarritasunaren muga arrazoizkoen barruan egingo badugu.

1. HIZKUNTZA ETA EGIA: PLATON ETA ARISTOTELES

Perpaus apofantikoak gainerakoekin daukan harremanaren antzekoa dauka izenak bestelako adierazpenekin: izenak objektuarekin daukan harremana da hitz batek errealitatearekin duen harremanaren paradigma, nolabait esatearren. Hori suposatu zuen Platonek bere Kratilo elkarrizketa ezagunean. Hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremanaren izaeraz eztabaidatzeko, izenen kasua hartzen dute Hermogenes, Kratilo eta Sokratesek. Izenek konbentzioz ala naturaz izendatzen duten da auzia, hizkuntza ezagutza lortzeko tresna egokia ote den erabakitzeko. Platonek bazekien noski, hizkuntzan badirela izenak ez diren adierazpenak (berea da onoma eta rhema, izen eta aditz, subjektu eta predikatuaren arteko bereizketa), baina izenak hartzen ditu kasu orokorra, nagusia, izenena balitz bezala. Eta zergatik hori? Erantzuna nahikoa argia da: Egiagatik. Ez da ahaztu behar Platonen eta (Sokratesen) arerio nagusiak sofistak zirela, egia eta ezagutza gutxietsiz, hizkuntza zernahi defenditzeko nolanahi erabiltzen adituak zirenak, hain zuzen ere. Egiarekiko konpromisoak darama Platon egiaren kontzeptua baztertzen duen erretorika oro arbuiatzera eta hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremana zertan den arakatzera. Egiaren kontzeptua estudiatzeko izenen kasua hartzea naturala dirudi ‘perpaus’ kontzeptu argi baten faltan.

Aristotelesek egiten du izenak eta aditzak, biak aztertzeko urratsa. Perpausak eta perpausen arteko harremanak estudiatuko ditu bere Logikan. Baina ez edozein perpaus. Egiaz edo faltsutasunaz esan daitekeena bakarrik, hau da, perpaus deklaratiboa, baierakoa edo apofantikoa. Peri Hermeneias-en dioenez, bestelako perpaus motak Erretorika edota Poetikaren aztergaiak dira. Aginduez edo galderetaz egiten duen analisia entzulearengan izan ohi dituzten efektuei buruzkoa da. Erabilerari buruzko jarraibideak ematera mugatzen da eta, beraz, hauei buruz egiten duen azterketak ez du inondik ere perpaus apofantikoetarako egiten duen silogistikaren mailarik. Honek eta Erretorika-ren ezaguera berantiarrak bigarren mailan utzi du beti Aristotelesek perpaus ez-apofantikoei buruz egindako estudioa[2].

Filosofiaren zutabeak eta erretorika, logika eta gramatikarenak jarri zizkiguten grekoengandik datorkigu izenei eta perpaus apofantikoei eskainitako arreta pribilejiatu hau.

2. PERPAUSA ETA EGIA: FREGE ETA RUSSELL

Hogeitalau mende pasata, Gottlob Frege eta Bertrand Russellekin hizkuntzaren filosofia modernoa jaiotzen denean, ia bere horretantxe diraute bi oinarrizko suposizio hauek:

  1. hizkuntzan dauzkagun adierazpenen artean termino singularrak, hots, objektu partikularrak designatzeko darabiltzagunak dira garrantzitsuenak, eta
  2. hizkuntzan dauzkagun perpaus klaseen artean, baierakoak, egiazko ala faltsu izan daitezkeenak dira garrantzitsuenak.

Eta zergatik hori? Erantzuna argia da oraingoan ere. Frege eta Russell logikariak dira beste ezeren gainetik. Lehen mailako logika eraikitzen ari dira eta matematikaren oinarrien krisiak bultzatzen ditu eraikitze lan horretara. Logika horretan, jakina, ez dago apofantikoa ez den perpausik, egia ala faltsutasuna adierazten ez duenik. Hizkuntza naturalaz egiten duten azterketa matematikaren oinarri gisa ikusten duten logika horren eraikuntzari begira egiten dute. Ez zaie, esate baterako, hizkuntza naturalaren erabilera komunikatiboa interesatzen, hizkuntza logikoak ez baitu halako erabilerarik. Gogoratu Fregeren ‘Zentzu eta erreferentziaz’ saioaren lehen lerroak:

Berdintasunak, berarekin erlazionatuta dauden eta erantzuten guztiz errazak ez diren galderetatik bideratzen du gogoeta. Erlazio bat al da? Objektuen arteko erlazioa al da? Ala objektuen izen edo zeinuen artekoa? (Frege, 1892, 1. or.)

Oin-oharrean argitzen digun bezala, matematikako berdintasunaz ari zaigu Frege; identitateaz, alegia, ‘a=b’, eta ‘a eta b identikoak dira’ adierazpideek esanahi berdina (hots, bera) dute. Ez da hizkuntza naturalean darabilgun esapideei buruz ari, matematikaren oinarrian dagoen erlazio baten esanahiari buruz baizik. Identitate baiezpenen semantikaren azterketak termino singularren zentzua eta erreferentzia bereiztera darama, lehendabizi, eta baierako perpaus osoen zentzua eta erreferentzia bereiztera, gero, baina argi dago berdintasunari buruzko azterketak ez duela zertan baierako perpausetatik haratago eraman. Hizkuntza naturalari begiratzean topatzen ditu erreferentziarik gabeko termino singularrak eta, hortaz, ez egiazko ez faltsu ez diren perpausak. Hizkuntza naturaleko izenen zentzua aldakorra dela ere aurkitzen du. Hizkuntza naturalen inperfekzio logikoen seinale jotzen ditu hauek, eraiki beharreko hizkuntza logikoan baztertu beharrekoak.

Russellen lanaren atzean dauden motiboak Fregerenak dira (Russell 1905). Matematikaren oinarritzat hartzen duen logika eraikitzeko egin ditu hizkuntzari buruzko estudioak orohar eta deskribapenen teoria zehazki. Termino singularrei eta baierako perpausei eskainitako arreta esklusiboa da berea ere. Tractatus Logico-Philosophicus (Wittgenstein 1921) idatzi zuen Wittgensteinek ere horietxei eman zien erabateko lehentasuna. Bigarren Wittgensteinek eragin zuen lehen aldiz ikuspegi aldaketa sakona XX. mendeko filosofian.

3. WITTGENSTEIN ERREFERENTZIALISMOAREN KONTRA

Wittgensteinen Ikerketa Filosofikoak lana Tractatus-ean esandakoen arbuio zuzentzat hartu ohi dira eta neurri batean hala da. Esanahiaren Tractatus-eko teoria piktorikoan izendatzearen, hau da, proposizio bakunetan izenak objektuen ordez egotearen antzeko funtzioa betetzen dute proposizio-zeinuek: pentsamenduan proposizioa, errealitatean gauza-egoera errepresentatzen dute. Wittgensteinek Ikerketetan ikuspegi hau irauli egiten duela esaten da:

‘Esanahia’ hitza, erabiltzen dugun kasu klase zabal baterako –baina ez guztietarako- honela defini daiteke: hitz baten esanahia hizkuntzan duen erabilpena da. (Wittgenstein 1953, 43.)

Hitzaren esanahia erreferentzia gisa bakarrik ikusten duen ikuspegiaren kontra egiten du garbi asko. Hitz baten esanahia ez genuke errealitatean designatzen duen objektuarekin identifikatu behar. Edo ez beti behintzat. Eta azken ohar hau garrantzitsua da. ‘Bigarren Wittgenstein’-en lanetaz hitzegitean ahaztu egiten da marratxoen artean doan ‘baina ez guztietarako‘ esapidea eta 43. paragrafoa osatzen duen hurrengo eta azken perpausa:

Eta izen baten esanahia bere jabea seinalatuz esplikatzen da batzuetan. (Ibidem.)

Esan nahi baita, Wittgensteinek ez du ukatzen batzuetan erreferentzia denik hitz baten esanahia; hori beti horrela izatea da ukatzen duena. Eta hitzari ematen zaion erabilpena dela askotan esanahi hori. Hauxe da, erabilpen edo erabileren garrantzian jartzen duen enfasia filosofiak hizkuntzarekiko izan duen ikuspegiaren aldaketa dakarrena. Gauzak izendatzeko eta mundua deskribatzeko erabilerez gain, beste erabilera mota anitz daudela azpimarratzen du Wittgensteinek eta esanahia hizkuntz jokoetan duten erabilera horietan guztietan datzala, hain zuzen ere.

Wittgensteinek ez zuen, ordea, esanahiaren, hots, erabileren teoriarik proposatu. Alderantziz, Ikerketetan halako teoriarik erakitzearen ezintasuna da argudiatzen dena, ezer argudiatzen bada. Horregatik, ez da oso zuzena Bigarren Wittgenstein kokatzea Oxforden sortuko den ‘hizkuntza arruntaren filosofiaren eskola’ delakoaren aitzindaritzat; halako eskolarik izan ote zen ere zalantzazkoa bada, garbi dago hizkuntz erabilerei buruzko teoria proposatu zuen Austinek behintzat ez zuela haren lana askorik estimatu. Eta Austin da XX. mendeko filosofoak erreferentzia eta egiaren kontsiderazioetatik erabilera eta ekintzari buruzkoetara, hau da, semantikatik pragmatikara bultzatu zituen filosofoa.

4. AUSTIN: PERFORMATIBOAK ETA EKINTZAK.

Garbi asko aitortzen du Austinek filosofian perpausak egiazko ala faltsu izatearen ikuspegitik bereziki aztertu izanak ekarri dituen onurak (Austin 1961, 1962). Aitortzen ditu baita ere ikuspegi horri Wittgenstein zaleek erabileren ikuspegiaren aldetik egindako kritiken arrazoiak. Baina ez zaio konponbide egokia iruditzen erabilera infinituak aipatu eta beste inolako azterketa sistematikorik gabe arazoa bere horretan uztea. Egiazko ala faltsu izan gabe, horregatik zentzugabeak ez diren perpaus deklaratibo batzuen kasua aztertzea proposatzen digu, hasteko: “Bihar etorriko naizela hitz ematen dizut, “Honen bitartez, martxoaren 19a jai-eguna dela jakinarazten da eta halako esaldietan honako ezaugarri hauek topatzen ditugu:

  1. ez dira ez egiazko ez faltsu;
  2. forma tipikoan aditz berezi bat daukate edo ‘honen bitartez’ bezalako esapideak;
  3. zerbait esan edo baieztatu baino gehiago, esaldi hauen bidez beste zerbait egiten dugu, hitza eman eta jakinarazi, jarritako adibideotan.

Hiru ezaugarri hauek dituzten esaldiei “esaldi performatibo deritze eta egiazko ala faltsu diren esaldi “konstatiboez bereizi egiten ditu. Baina auzia poliki aztertu ondoren, bereizketa hori ezabatu egingo du, hirugarren ezaugarria besteei gailentzen zaiela iritzita. Egiazko edo faltsu den esaldia egiten dugunean ere ez gara horretara mugatzen; beste zerbait ere egiten dugu, informatu, iradoki, baieztatzea ekintzak dira; ez da nahitanahiez aditz berezirik edo esapide berezirik erabili beharrik; esaldi guztiak dira ekintza; guztiekin egiten dugu zerbait. Horregatik, esaldietan darabiltzagun perpausen esanahiez harago, esaldiek ekintza gisa duten indarren azterketa proposatzen du Austinek, bere hizketa-ekintzen teoriaren bidez.

Hizketa-ekintza ekintza konplexua da eta maila ezberdinetatik azter daiteke, Austinen arabera:

  1. Esanahi jakin batekin hizkuntza jakin bateko perpausak ahoskatzea da, hasteko, hizketa-ekintza. Maila hauetaz aritzen dira fonologia eta fonetika, sintaxia eta semantika. Ekintza lokutiboa esaten dio Austinek hizketa-ekintza ikuspegi honetatik ikusita.
  2. Baina, esan bezala, aurreko hori baino gehiago ere bada hizketa-ekintza. Baieztatu, informatu, iradoki, hitz eman, promes egin, agindu, aholkatu, eskatu, erregutu, bataiatu, jakinarazi, kondenatu, eta abar egin dezakegu geure esaldiaren bidez. Hizketa-ekintza maila honetan ekintza ilokutibo deritza Austinek.
  3. Eta, azkenik, eragindako ondorioen mailan azter daiteke hizketa-ekintza, entzulearengan eragindako ondorioen mailan. Ekintza perlokutibo gisa aztertzen da maila honetan hizketa-ekintza.

“"Zureak egin du" esanez, esanahi bat duen euskarazko perpaus bati dagozkion hotsak produzitzen ditut maila lokutiboan. Maila ilokutiboan, berriz, mehatxu bat izan daiteke egindako ekintza. Entzulea beldurtu badut, beldurtzeko ekintza gisa deskribatzean, ekintza perlokutiboaz ariko ginateke.

Austinek berak egin bezala, hizketa-ekintzen teoriak ekintza ilokutiboen azterketara bildu ditu indar guztiak. Guk nahita ala nahi gabe entzulearengan eragin ditzakegunak alde batera utzita beraz, zer gauza mota egin dezakegu hizkuntzaren bidez? Zerrendak luzea dirudi, oso luzea; baina infinitua dela esanda, arazoa aztertzeari utzi gabe hizketa-ekintzak horiek guztiak aztertzen saiatu da hizketa-ekintzen teoria, Austin hil ondoren, batez ere Searlek egindako lanari esker.

5. SEARLEREN TAXONOMIA

Austinek berak proposatu zuen ekintza ilokutiboen lehen sailkapen bat. Searlek (1965, 1969, 1975) dioenez, ordea, ez da egokia. Hasteko, ekintzetan oinarritu beharrean aditzetan oinarritzen delako; baina, batez ere, ez dagoelako sailkapena egiteko oinarrizko irizpideen berri jakiterik. Proposatzen dituen bost sailak hiru edo hamalau zergatik ez diren erabakitzeko arrazoirik ez digu ematen, beraz. Gainera, proposatzen dituen multzoak ez dira disjunktuak –aditz batzuk multzo batean baino gehiagotan azaltzen dira- eta sailkapena exhaustiboa pentsatzeko arrazoirik ere ez dugu. Hortaz, Searlek egiten duen lehen gauzetako bat hizketa-ekintzen (ekintza ilokutiboen) taxonomia berria proposatzea da.

Searleren hizketa-ekintzaren teoriaren oinarrian ekintzari buruzko teoria dago halabeharrez. Ekintzaren kausa asmoa da, eta hizketa-ekintzak euren kausa den gutxieneko asmoaren arabera sailkatzen ditu. Ekintza ilokutibo orotan aurki daitekeen oinarrizko asmo horiei xede ilokutibo esaten die eta bost bereizi:

  1. Baierako xedea. Gauza-egoera bat erreal gisa errepresentatzean datza hiztunaren oinarrizko asmoa. ‘Baieztatu’, ‘deskribatu’, ‘sailkatu’, ‘identifikatu’, ‘onartu’, ‘iradoki’, ‘kexatu’… dira xede hau duten hizketa-ekintzak izendatzeko dauzkagun aditzetako batzuk.
  2. Konpromiso xedea. Geroko ekintza batekiko hiztuna konprometitzea da asmoa. ‘Hitz eman’, ‘promes egin’, ‘zin egin’… dira ekintza hauetarako dauzkagun aditzetako batzuk.
  3. Zuzentzeko xedea. Entzuleak zerbait egin dezan saiatzen da hiztuna. ‘Eskatu’, ‘galdetu’, ‘erregutu’, ‘agindu’, ‘debekatu’… dira honelako ekintzen adibide batzuk.
  4. Agerbidezko xedea. Norbera ekintza bat eginez errepresentatuz ekintza burutzeko asmoa du hiztunak. ‘Deklaratu’, ‘izendatu’, ‘gaitzetsi’… dira hauetako batzuk.
  5. Adierazteko xedea. Gauza-egoera bati buruzko bere gogo-egoera adieraztea da oinarrizko asmoa. ‘Poztu’, ‘estimatu’, ‘eskertu’… dira xede hau duten ekintzetarako dauzkagun aditz batzuk.

Xede ilokutiboa ez da hizketa-ekintza egitean hiztunak duen asmo bakarra, baina bai egiten duen ekintzaren izaera mugatzen duena. Hizketa-ekintza literal oro xedearen arabera sailka daiteke eta honela lortzen duguna sailkapen exhaustibo eta esklusiboa da, Searleren arabera.

Hizketa-ekintzen teoriari egin zaizkion kanpo eta barne kritikak alde batera utzita, onartu beharra dago teoria honek bi ekarpen nagusi egiten dizkiola filosofiari hizkuntz erabileren analisiari dagokionean. Alde batetik, perpaus apofantikoak perpaus mota bat gehiago dira eta errealitatearekiko hauen harremana –hots, egia ala faltsutasuna- perpausen eta errealitatearen artean gerta daitezkeen harremanetako bat. Egiazko ala faltsu diren proposizioak adieraztea, baierako xedea duten ekintzak burutzea da, ez gutxiago baina ezta gehiago ere; ez dago zertan ekintza nagusitzat hartu beharrik. Egiazko ala faltsu izatea baierako ekintzetan bereiz daitekeen propietatea da, baina horrek ez du balio promesak, aginduak edo bataioak bezalako hizketa-ekintzen kasurako. Hauek ez dira egiazko ala faltsu baina horregatik ez dira bigarren mailako hizkuntz erabilerak. Beste alde batetik, hizkuntz erabilerak asko direla onartzeak ez du esan nahi horien teoria sistematikorik egin ezin denik. Hizketa-ekintzen taxonomiak horixe erakusten digu: erabilerak asko izanda ere, multzo gutxi batzuetan sailka daitezke horien oinarrizko ezaugarriei erreparatuz gero. Horregatik, hizketa-ekintzen teoriak filosofian esaldi apofantikoei eta egiari lotutako erabilera esklusiboarekin apurtzen duela esan daiteke, gainerako erabilera guztien azterketa sistematikorako bideak irekiz.

Orain arte hizketa-ekintza literalak soilik hartu ditugu aintzat. Hizketa-ekintza literalen kasuan hiztunaren asmoa eta erabilitako hizketa forman islatutako asmoa bat datozela esan genezake. Baina hizketa-ekintzen teoria ez da horietara mugatzen. Maiz ez baitatoz bat erabilitako perpausaren esanahia eta hiztunaren esan nahia. Fenomeno arrunta da hiztunak beste zerbait ere komunikatzea. Demagun autobusean zutik goazela ondokoak oina zapaltzen digula: “"Oina zapaltzen ari zatzaizkit" esaten badiogu, maila literalean baierako xedea duen hizketa-ekintza egiten ari gara, gauza-egoera bat erreal gisa errepresentatzen, egiazkoa den proposizio bat adierazten. Horrekin batera, ordea, eskaera bat ere egiten diogu ondokoari, oina erretiratzeko eskaera, hain zuzen ere. Eta eskaera ez da baierako hizketa-ekintza, zuzentzekoa baizik. Baieztapen bat eginez, eskaera egin dezakegu. Edo galdera bat eginda, erregu bat, gonbidapen bat, agindu bat, eta abar. Zeharkako hizketa-ekintza hauek nola ulertzen ditugun azaltzeko, Griceren elkarrizketaren teoriara (Grice 1967) jotzen du Searlek. Elkarrizketa eta komunikazio printzipioek gidatzen dute, horren arabera, hizketa-ekintza literaletik zeharkako hizketa-ekintza eta, oro har, hizketa ez-literalen interpretaziorako inferentzia.

6. KOMUNIKAZIOA, ARRAZIONALTASUNA ETA PRAGMATIKA

Perpaus apofantiko, erreferentzia eta egiaren azterketatik gainerako perpaus mota eta hizketa-ekintzen azterketarako jauzia aipatu dugu XX. mendeko filosofian gertatutako aldaketa nabarmen gisa. Aldaketa horrek beste bat ere islatzen du, eta ez garrantzi gutxiagokoa esku artean darabilgun gaiari dagokionez. Frege, Russell eta euren jarraitzaileek egindako azterketan hizkuntzaren funtzio nagusia pentsamenduaren eta errealitatearen errepresentazio tresna izatea da. Funtzio komunikatiboa baduenik ez dute ukatzen, baina ez da hori euren aztergaia. Austinek, Searlek eta, bereziki, Gricek egindako azterketan, berriz, pertsonen arteko komunikazioa da esplikatu beharreko giza hizkuntzaren funtzioa:

“Hitzak tresnak izan daitezke, baina, hala badira, erabilpen eremu jakin batera, esentzialki mugatuta daudela dirudi, komunikazio tresna gisara. Eremu horretatik kanpo erabiltzen saiatzea kontzeptualki ezinezkoan saiatzea da. Horrelako fenomenoek azalpen sistematikoa behar dute. (Grice 1989, 367 or.)

Komunikazioa, ordea, ezin da, informazio edo "“komunikazioaren teoria matematikoak" dioenaren arabera (eta gutxi gora behera, aurreko filosofia guztiak ere onartzen zuen moduan), mezuen transmisio-fluxu eta kodifikazio-dekodifikazio prozesu huts gisa esplikatu (Jakobson 1961). Komunikazioa gizakion ekintza edo jarduera arrazionala da eta giza arrazionalitatearen printzipio orokorretatik eratortzen diren printzipioen arabera esplikatzen da. Edo zehatzago esanda, komunikazio linguistikoaren interpretazioa mota ezberdinetako informazioa erabiliz egiten dugun prozesu inferentziala da. Hiztunak erabiltzen dituen hitzek inferentzia horretan darabilgun informazio garrantzitsua eskaintzen digute. Baina badaude informazio mota gehiago. Testuinguru linguistikoa, testuinguru extralinguistikoa eta, oro har, hiztunaren komunikazio asmoari buruzko berririk eman diezagukeen informazio guztia darabilgu esaldiak interpretatzean. Horixe esaten digu gaur egungo pragmatikak[3].

Hasteko, komunikazio prozesuaren abiapuntuan berean solaskidearen arrazionaltasun presuntzio oinarrizko bat dago. Inori ezer komunikatzen saiatzen bagara, arrazionala dela aurresuposatzen dugulako da. Inork komunikatutakoa interpretatzeko ahalegina egiten badugu, komunikatzailea arrazionala dela aurresuposatzen dugulako da. Hortik aurrera, hiztunak esandakoa testuinguruarekin, elkarrizketaren helburuekin, elkarrizketa printzipio eta maximekin eta bestelako informazioarekin koherentea egiten duen interpretazioa (komunikazio asmoa) inferitzen dugu. Hauxe da Griceren ondotik pragmatika linguistikoa deritzan arloan xehetasunez aztertzen den inferentzi prozesua. Arrazionaltasunaren eta komunikazio koherentziaren arteko lotura estuak, nolanahi ere, funtsezkoa dirudi: interpretazio koherentearen bila arrazionaltsunaren presuntzioan soilik abiatuko gara eta interpretazio koherenterik ez aurkitzea izango da arrazionaltasun ezaren lehen susmo garrantzitsua. Bistan da Griceren bidetik ekintzaren teorian eta psikologian errotzen dela nagusiki hizkuntz erabileren azterketa pragmatikoa.

7. FILOSOFIA, ERRETORIKA ETA GRAMATIKA.

Grezia klasikoaren garaietatik bereizi zizkiguten –ordena kronologikoan- Filosofia, Erretorika, Logika eta Gramatika. Denak hizkuntzari buruzko azterketan, baina bakoitza bere kabuz, ondoko diziplinak ekar lezakeenari arreta gehiegi jarri gabe. Diziplina hauen garapena ez da sarritan harmoniotsua izan. Gogoratu filosofia eta erretorikaren arteko liskarrak, ez bakarrik sofisten kasuan, baita Isokrates beraren kasuan ere. Gogoratu Platonen jarrera, lehenbizi Gorgiasen eta, geroago, Fedron. Gogoratu Aristotelesen Erretorika, eta bereziki lehen liburuaren hasieran nola erretorika dialektikarekiko mugaezinik dabilen. Kontuan izan baita ere logikaren garapena Grezia klasikoan (Kneale eta Kneale 1962) eta gramatika eta erretorikaren arteko erlazioa Grezia eta Erroma klasikoan.[4]

Ordutik ugaritu egin zaizkigu hizkuntzari buruzko kezka duten diziplinak: gaur egun hizkuntzalaritzaz baino, hizkuntz zientzietaz, pluralean, hitz egiteak dirudi egokiena. Eta horien artean informatika, psikologia, antropologia, soziologia, politika eta etikak berak ere badute zer esanik. Diziplinartekotasuna hitzetik hortzera darabilgun garaiotan, elkarlana ez doa maiz diziplina aniztasunaren aitortze orokor batetik askoz urrunago. Ez baita erraza azalekoa ez den ikuspegi orokorrik lortzea espezializazioa nagusi denean. Horretarako funtsezko lana egin dezake filosofiak jaio eta bi milurte t’erdi geroago.

ERREFERENTZIAK

Aristoteles, Peri Hermeneias.
Aristoteles, Erretorika.
Austin, J. L. (1961), Performative Utterances, in J. O. Urmson eta G. J. Warnock (arg.) Philosophical Papers, Oxford: Clarendon, 1961. (Euskarazko bertsioa, Esaldi performatiboak, in K. Korta (arg.) (2002), Hizkuntzaren Filosofiako Irakurgaiak. Bilbo: UPV-EHU.)
Austin, J. L. (1962), How to Do Things with Words. Oxford: Clarendon.
Frege, G. (1892), Ueber Sinn und Bedeutung, in I. Angelelli & G. Olms (eds.), Gottlob Frege - Kleine Schriften, Hilldesheim: Wissenschaftliche Buchgesellschaft, 1967. (Euskarazko bertsioa, Miguel Morik alemanetik itzulia, Zentzu eta erreferentziaz, in K. Korta (arg.) (2002), Hizkuntzaren Filosofiako Irakurgaiak. Bilbo: UPV-EHU.)
Grice, H. P. (1967), Logic and Conversation. In P. Cole eta J. L. Morgan (arg.), Syntax and Semantics, vol. 3: Speech Acts. New York: Academic Press, 1975, 41-58 or. Grice 1989-n berrargitaratua, 22-40 or.
Grice, H. P. (1989), Studies in the Way of Words. Cambridge, MA: Harvard University Press.
Isokrates, Diskurtsoak.
Jakobson, R. (1961), Linguistics and Communication Theory. In R. Jakobson (arg.), Proceedings of the Twelfth Symposium in Applied Mathematics. Providence, RI: AMS, 245-252 or.
Kneale, W. eta M. Kneale (1962), The development of logic. Oxford: Clarendon.
Korta, K. (2001), Begiratu zabala gaur egungo pragmatikari. Gogoa I (2), 195-224.
Lopetegi, G. (2002), Gramatika eta Erretorika Erroma Klasikoan. Gogoa II (1), (prentsan).
Ogden , C.K. eta I.A. Richards (1923), The meaning of meaning. London: Routledge & Kegan Paul.
Platon, Gorgias.
Platon, Fedro.
Platon, Kratilo.
Russell, B. (1905), On Denoting, Mind 14. (Euskarazko bertsioa, Denotatzeaz, in K. Korta (arg.) (2002), Hizkuntzaren Filosofiako Irakurgaiak. Bilbo: UPV-EHU.)
Searle, J. (1965), What is a speech act?. In M. Black (arg.), Philosophy in America. Ithaca: Cornell University Press.
Searle, J. (1969), Speech Acts: An essay in the philosophy of language. Cambridge: Cambridge University Press.
Searle, J. (1975), A taxonomy of illocutionary acts. In K. Gunderson (ed.), Language. Mind and Knowledge, Minnesota Studies in the Philosophy of Science, vol. VII, Univ. of Minnesota Press, 344-69. Reprinted in J. Searle, Expression and Meaning. Studies in the Theory of Speech Acts. Cambridge: Cambridge University Press, 1979, 1-29.
Wittgenstein, L (1921), Logisch-Philosophische, Annalen der Naturphilosophie. Tractatus Logico-Philosophicus, London: Routledge & Kegan Paul, 1922.
Wittgenstein, L. (1953), Philosophische Untersuchungen / Philosophical Investigations. Oxford: Blackwell.

 


 

* Lan hau egiteko Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate-Enpresa proiektu baten diru-laguntza izan dugu (UE01/A10). Eskerrak baita ere ILCLIko Semantika eta Pragmatikari buruzko mintegiko lankideei.

[1] A. Ingraham, Swain School Lectures (1903), 121-182 or. Ogden eta Richardsengandik jaso dut nik zerrenda.

[2] Estoikoek landu zituzten beste perpaus mota horiek baina, jakina denez, beren lanak beste inorenak baino zatika eta beranduago iritsi zaizkigu.

[3] Gaur egungo pragmatikaren ikuspegi zabal baterako, ikus Korta 2001.

[4] Erroma klasikoko gramatika eta erretorika aztertzen dira Lopetegi 2002 artikuluan.

BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Egilea(k): 
Kepa Korta
Urtea: 
2002