Gure gaztetxoen hizkuntza errepertorioa

Oiartzungo Haurtzaro ikastolako irakaslea naiz aspaldiko urteetan, eta egia esan, une honetan edozein herritako irakasle ere izan naitekeela uste dut. Zergatik? Ikasleenarekin batera, geure hizkuntza errepertorioa ere ia-ia batera jaitsi delako. Estandarra edo batua edo deitzen dioten hori dela uste dut gelditzen zaigun bakarra. Horixe dela azkenean denok erabiltzen duguna. Bai, badakigu hori ez zela horretarako sortu, batua idazteko sortu zela, baina azkenean, badakizue, erabilerak agintzen du, amigo!

Agur, oiartzuera ederra eta garbia. Agur, Luis Lucien Bonapartek 1863an egin zuen euskalkien mapa zoragarria. Nola zen? “"Alto navarro septentrional", edo, ez, “"Meridional"? Auskalo! Orain bost axola! Oiartzungo ikastolako irakasleak kanpotarrak dira ia denak. Errezildarrak, beratarrak, urnietarrak, azpeitiarrak, tolosarrak, lezoarrak, errenteriarrak, hondarribiarrak, donostiarrak, hernaniarrak, hendaiarrak... Eta kanpotar guzti horien artean, lotsa-lotsa eginda, gu, lau oiartzuar, gure euskara kaxkarra barkatzeko eskatuz, ahal den guztian geu ere erdi gizpuzkeraz edo jo eta fuego.

Nik zer hasi behar dut? Mesedez ikasleei oiartzueraz hitz egiteko esaten? Hasi nintzen horretan ere, eta normala den bezala, ikasleek baino kasu gutxiago egin zidaten. Haizea hartzera bidali ninduten nire txokokeriekin eta erromantizismoekin. Hala ere ez nintzen gehiegi erre. Irakurketa nahiko positiboa egin nuen harekin guztiarekin. Bai, jauna! Oiartzungo ikastolako ikasleek pribilejiatuak dira. “"Ya lo creo!" Gure ikasleak hamasei urtetarako inguruko euskalki guztien jabe izango dira! “"Alto navarro, bajo navarro, labortano, guipuzcoano, vasco navarro..." Bueno! Hura suertea gurea!

Baina, ez. Ez zen nik uste bezala atera jugada. Ikasle gizajoei oiartzuera ahaztu, ahaztu zitzaien, baina beste euskalkirik ez zuten ikasi. Estandarra ikasi zuten, klasekoa, liburuetakoa, erdi gipuzkera, Goen kalekoa. Batez ere, Goen kalekoa. Telebistan bakarrik existitzen den herri bateko hizkuntza eta azentua. Biak prezio berean. Eta ikasle ez garenoi ere antzeko zerbait gertatu zaigu.

Oiartzunen gure gaztetxoek ez dute aieka honetan esaten, alde honetan baizik. Eta normala ere bada, Euskaltzaindiak ere hitz hau ezabatu du betiko bere hiztegi batutik eta. Oiartzuar gazteek ez dituzte aditz laguntzaileak guk bezala erabiltzen. Egin det, esan dezu, ari gera, ari zera... esaten dute. Hemen ere, tiro batekin bi txori mokoz gora. Dut, duzu, gara, zara... formak desagertu egin dira gure ikastolako paisajetik. Horrekin oiartzuera bazterrera, eta batua ere bai. Eta horien truke zer? Gipuzkera zentrala eta jatorra Oiartzungo gaztetxoen ahoan.

Dela, zela, zen... eta antzeko guztiak, dala, zala, zan... bilakatu dira kalean ere. Deus ez du inork esaten, beno, bai, orain kanpotarrak hasi dira hori erabiltzen oso hitz jasoa delakoan edo, baina Oiartzunen denak ezer esaten dute, eleganteagoa, nonbait. Mino eta minon hilobiratu ditugu,eta baina eta bainok hartu dute horien lekua, nahiz eta biak desegoki erabili biak. Goiti eta beiti? Mesedez, gora eta behera esaten da, besteak txokokeriak dira.

Eta egia esan, Oiartzuna irakasleak ez ezik, biztanleak ere asko etorri dira bizitzera, eta bakoitzak bere hizkuntza ekarri du. Eta normala den bezala, kanpotarrek ez dute galdetzen Oiartzunen nola hitz egiten den, beraiena egin eta aurrera. Eta egiten dutena gaztelera ez bada, kontentu, gainera. Nik askotan pentsatzen dut gauza horietaz eta nire buruari galdetu ere bai. Ni Beasaina joango banintz, hemendio esan beharko nuke, bada. Eta Lesakako ikastolan lan egingo banu, erran esan beharko nuke, bada. Eta Leketiokora joango banintz.... Baina, hori nik bakarrik pentsatzen dut, nonbait. Txokokeriak, erromantizismoak...

Arrazoi batengatik edo bestearengatik, gure gaztetxoen euskara ez dakit nongoa den. Batua, estandarra, gipuzkera, erdi oiartzuera, Goen kalekoa... Baina, hori bai, eh! Bakarra. Klasekoa, liburukoa, irakaslearena, idatzizkoaren berdina, formala... Eta hori da erabiltzen duten bakarra. Berdin zaie non dauden, norekin, zertan, noiz...

Ez dute hizkuntza errepertoriorik. Ahozko jardun gutxi nonbait klasean. Dena idatzizkoa eta dena liburukoa. Kalera atera, lagunartera atera, eta hitzak falta, esaldiak falta, esamoldeak... Hizkuntza bera falta. erregistro kolokialik ez gaztetxoek. Gaztelania, berriz primeran menderatzen dute. Lagunartean gaztelera ederki erabiltzen dute. Erregistro hori ezagutzen dute.

Nola irakatsi lagun arterako balioko lukeen euskara arina bizia eta zuzena? Bertso eskolan? Antzerki eskolan? Jolas garaiko jokoekin? Irratigintzaren bidez?... Hori dena egiten dugu, baina ez da aski. Horrekin ez da nahikoa. Kalean motel sentitzen dira gaztetxoak guk irakatsitako lau esamolde horiekin eta berehala jotzen dute gaztelaniara. Gaztelaniaren pareko zerbait izan behar du. Beharbada, arlo honetako adituek eta teknikariek serio hartu eta epe batean proiekturen bat diseinatu eta aurrera ateratzea ez litzateke txarra izango. Horretarako liberatuak, ikastetxeekin eta elkarte euskaldunekin koordinatu beharko lituzke herriko Euskara Batzordeak.

Nire lagun irakasle batek, oiartzuarra bera, aspalditik esaten dit, eta arrazoi duela uste dut, hikako formak berreskuratu behar ditugula. Hitanoa dela soluzio bakarra. Ikasleak hika jarri behar ditugula hizketan. Hori dela irtenbide bakarra, gaztetxoek erregistro kolokiala errekuperatzeko, gaztelaniara jo gabe. Hikako hizkera dela laguarteko erreferentzia, kalean lagunartean hitz egiteko, nahiz eta tarteka "“¡Qué puto marrón!" eta horrelako makulutxoak ere erabili behar izan.

Seguruenik oiartzuera betiko galduko genuen honez gero, baina, gazteak euskaraz sumatuko genituzke kalean, lagunartean, tabernan, liburutegian, etxean, jolas lekuan, koadrilan, ibilaldietan, oporretan, urtebetetzeetan... erregistro kolokiala ezagutuko eta erabiliko balute. Hizkuntza batek hiztunen funtzio guztiak ez bada ere, gehienak betetzen ez dituen bitartean, jai dauka hizkuntzak horrek. Gure kasuan euskarak.

Beraz, bi gabezia, bi hutsune nabarmen.

  1. Zer gertatzen da gure euskalki edo azpi euskalkiarekin? Oraindik garaiz ote gabiltza Oiartzungo betiko euskara errekuperatzeko, bi aspektuetan? Ezagutza, beharbada, bai, baina erabilera? Zer gertatzen da lagunarteko euskararekin? Nire ustez, modan jartzen ari den euskañola bera ere nahiago dut, trantsizio epe baterako bada, gaztelania bere estadu puru-puruan baino. Goazen lehenbailehen gazteei baliabideak erraztera eta eskuratzera. Eta lagunarteko harreman informaletarako erregistro kolokialean trebatzera.

Diagnosia egina dago. Erremedioak sortu eta martxan jartzea da falta zaigun bakarra. Bestela gure gaztetxoen hizkuntza errepertorioa badakigu zein izango den gerora ere. Erregistro bakarra eta hura etxekoa ez dena gainera. Eta ez dugu ahaztu behar euskarak komunikazio funtzio guztiak bete behar dituela, bizirik irautea nahi baldin badugu. Euskararen erabileraren eremuak zabaldu egin behar ditugu bizitzaren esparru guztietara, komunikazio mota guztietara, funtzio komunikatibo guztiak betetzera heltzeraino. Bestela, latinaren etorkizun berbera ikusten diot nik.

Antton Kazabon

Oiartzunen, 2002-III-14
BAT aldizkaria: 
42. 2002ko martxoa. Hizkuntza normalkuntza hizkuntza errepert...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Antton Kazabon
Urtea: 
2002