Euskal komunitatearen bizindarra Gipuzkoako bost herritan

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Horrek, berriz, neurketa sistemak hobetu beharra dakar, aurrera ala atzera ari garen jakin nahi badugu.

Arrasaten 1996an 24.571 lagun bizi ziren, urte horretan egindako udal erroldaren arabera. Horietatik erdiak inguru euskaldunak ziren, hirutik bat erdaldun elebakarra eta hamarretik bat elebidun hartzailea.

euskaldunen kopuruak nabarmen gora egin duen arren euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten elebidunen kopurua ez da hainbeste hazi. Gauzak horrela, euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo honek eragin zuzen-zuzena du euskararen erabileran.

D ereduak Arrasateko ikasle guztien erdiak hartzen ditu, 1982-83 ikasturtean lautik bat hartzen zuen bitartean.

gaztelania edo beste erdararen bat ama hizkuntza duten haurren %80,4 eta gazteen %54,9 euskaldunak dira. Helduen eta zaharren kasua ezberdina da: euskara ama hizkuntza ez duten helduen %7,7 eta zaharren %3,6 dira euskaldunak

udal plantila finkoko 153 lanpostuetatik 105ek ezarria dute hizkuntza eskakizuna derrigorrez kreditatu beharra eta horietatik jadanik 77k lortuak dituzte hizkuntza eskakizunen plangintzaren bigarren plangintzaldiak ezarritako helburuak

Arrasateko hizkuntza egoera aztertzeko erabiltzen ditugun adierazleok ematen duten informazioa interesgarria bada ere, ez da nahikoa. Izan ere, gure errealitate soziolinguistikoa oso konplexua da, ñabardura asko ditu eta. Esate baterako, euskararen ezaguera asko zabaldu da, baina erabilera neurri berean handitu da? Ala ezaguera eta erabileraren arteko aldea gero eta handiagoa da?

Bizindar etnolinguistikoak bi osagarri ditu: alde batetik, komunitate linguistiko bateko aldagai sozio-estrukturalek bere hizkuntza egoeran duten eragina eta, bestetik, komunitate horretako kideek haren indarrari buruz duten iritzia eta pertzepzio subjektiboa.

bai bizilagunen kopuruan Arrasaterekin antza duten hainbat udalerri sartu dira ikerketan: Andoain, Bergara eta Hernani, hain zuzen. Lasarte ere sartu da, beste lau udalerrion ezaugarri berekoa ez den arren.

1.- Sarrera

Datorren urtean hogei urte beteko dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zenetik. Lege horrek herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzen dizkie eta, era berean, hizkuntza normalkuntza lortzeko erakunde publikoen betebeharrak ezartzen ditu. Bestelakoak dira Nafarroa eta Iparraldeko marko legalak. Harrez geroztik, erakunde publiko gehienek hizkuntzaren normalkuntzari ekin diote, aurretik ez zuten borondate eta baliabideekin. Gizarte ekimenak, berriz, gogo eta indar berriekin euskararen normalkuntzaren alde jarraitu du.

Zeintzuk dira, baina, egindako lanaren emaitzak? Hori da behin eta berriro hizkuntza normalkuntzan ari garenok geure buruari eta elkarri galdetzen dioguna. Eta ez da erraza izaten horretan ados jartzea. Euskararen egoerak hobera ala txarrera egin du azken berrogei edo hogei urteotan? Hobera egin badu, zertan eta zenbat aurreratu da? Zeintzuk dira euskararen indarguneak eta ahuleziak? Hemen ere, zenbat buru hainbat aburu. Oraintsu arte ez dugu eskuartean izan euskararen egoeraren berri emango zigun ikerketa globalik. Ez zen harritzekoa, beraz, hizkuntza normalkuntzaren prozesuari buruz hain bertsio desberdin eta kontrajarriak izatea, iritzi horiek uste subjektiboetan oinarrituak baitziren.

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Horrek, berriz, neurketa sistemak hobetu beharra dakar, aurrera ala atzera ari garen jakin nahi badugu. Izan ere, goian esandako kudeaketa sistemen arabera, aurrera egiten ez duenak atzera egiten du.

2.- Hizkuntza egoerari buruzko adierazleak.

Handiak dira euskararen erabilera normalizatzeko euskal gizarteak aspaldiko urteotan egin duen lana eta erabili dituen baliabideak. Gaur egun, oraindik ere, ahalegin handia egiten ari dira bai erakunde publikoak bai gizarte ekimenak zein herritar soilak ere, hizkuntza normalizazioa lortze aldera.

Zeintzuk dira, baina, euskararen erabilera normalizatzearen alde egindako lanaren eta erabilitako baliabideen emaitzak? Bi dira emaitzok neurtzeko erabili ohi diren adierazle nagusiak:

  • Euskararen ezaguera.

    Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan egindako azken zentsu eta udal erroldetan euskarari buruzko galderak sartu dira. Horri esker, Hego Euskal Herriko biztanleen hizkuntza gaitasunaren berri jakiteko aukera dugu, besteak beste. Iparraldean, berriz, ez dago euskarari buruzko inolako galderarik zentsuetan.

    1981ean egindako zentsuan jaso ziren lehen aldiz EAEko biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko galderak. Handik hona egindako zentsu eta udal errolden bidez bildutako datuei esker, beraz, badakigu zein bilakaera izan duen biztanleen hizkuntza gaitasunak azken 20 urteotan. Izan ere, dagoeneko lau udal erroldako datuak dauzkagu, adinaren eta sexuaren arabera jasotakoak. Biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko datuez gainera, haien ama hizkuntza eta familiako hizkuntza erabilerari buruzko datuak dauzkagu.

    Euskararen kale erabilera.

    EKBk 1987, 1992 eta 1997an euskararen kale erabilera neurtu zuen. Neurketak 5.000 biztanletik gorako herrietan egin zituen. Horretaz gainera, hainbat euskara elkartek edota udalek ere neurtu izan dute euskararen ahozko kale erabilera. Arrasateko Udalak, kasu, 1998tik hona urtero egin ditu horrelako neurketak.

    Horiek dira adierazle nagusiak eta, ziur aski erabilienak. Bi adierazleok oso baliagarriak dira gure hizkuntza egoera aztertzeko. Alde batetik, une jakin bateko egoeraren berri ematen digute; bestetik, azterketa diakronikoak egiteko aukera ematen dute. Gainera, Euskal Herriko hizkuntza egoerari buruzko informazioa ematen duen bezala herriz herriko informazioa ere ematen digu.

    Euskararen ezaguera eta kale erabileraz aparte, hezkuntza sistemako hizkuntza ereduak ere erabili ohi dira, maiz askotan, hizkuntza egoeraren adierazle moduan. Adierazle horrek Euskal Herriko zein herriz herriko egoeraren berri ematen digu. Hortaz aparte, badira beste adierazle batzuk, beste maila eta izaera batekoak, askoz ere erabilera mugatuagoa dutenak: helduen euskalduntze-alfabetatzeko ikasle kopurua; Indexpla, erakunde jakin bateko hizkuntza egoerari buruzko informazioa ematen duena; inkestak eta ikerketak, herritarrek euskarari buruz duten jarrera eta jokaera aztertzen dutenak.

3.- Arrasateko hizkuntza egoera.

Aspaldikoak dira Arrasateko hizkuntza egoerari buruz egindako lehen azterketak. Horietako lehena, ziur aski, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz 1984 urtean Siadecok egindakoa, Gipuzkoako lurraldean euskararen normalizaziorako plangintzaren lehen urratsak izenekoa. Azterketa horren argitalpenak ez zuen herriz herriko daturik eman eta ezin, beraz, Arrasateren berri jakin. Deba Garaiko daturik, ordea, badago, ugari, gainera. Alabaina, Deba Garaiko eta Arrasateko hizkuntza egoerak desberdinak dira, oso.

Handik urte batzuetara, 1988 urtean, Arrasateko Udalak Euskararen egoera Arrasaten azterketa egin zuen. Gerora, 1994 arte, azterketa hori urtero urtean urteko datuekin osatu eta eguneratu zuen. Hauek dira txosten horietan jorratzen ziren gaiak:

  • Arrasatearren hizkuntza gaitasuna, udal erroldako datuen arabera. Euskararen kale erabilera. Arrasateko eskoletako hizkuntza ereduak. Helduen euskalduntze-alfabetatzea Arrasaten. Udal langileen hizkuntza gaitasuna. Euskararen erabilera udal idatzietan.

3.1.- Hizkuntza gaitasuna.

Arrasaten 1996an 24.571 lagun bizi ziren, urte horretan egindako udal erroldaren arabera. Horietatik erdiak inguru euskaldunak ziren, hirutik bat erdaldun elebakarra eta hamarretik bat elebidun hartzailea.

Arrasateko euskaldunen kopuruak gora egin du eta erdaldun elebakarrenak behera, 1981etik 1996ra bitartean egindako udal erroldetako datuen arabera. Aipatutako hamabost urteotan, Arrasatek 3.111 euskaldun irabazi zituen. Bestalde, 1981ean Arrasateko biztanleen %38 euskaldunak ziren bitartean 1996an %53,4 ziren euskaldunak. Hortaz, bada, hamabost urteotan 15 puntu hazi zen euskaldunen portzentajea Arrasaten (ikusi taula).

Arrasateko euskaldunak adinaren arabera (%tan)

  Haurrak eta gazteak Helduak eta zaharrak Guztira
1981 urtea 36 41 39
1996 urtea 79 44 54

Iturria: EUSTATek egindako erroldak. 2 urtetik gorako biztanleen datuak jasotzen ditu taulak.

Euskaldun berrien ugaltzeari esker, Arrasateko hizkuntza egoera irauli egin da, duela urte batzuk inork ezin espero zuen zabalkundea lortzera iristeraino. Hizkuntza egoeraren aldaketa onerako izan da, jakina: Arrasateko hizkuntza egoera hobea da orain duela urte batzuk baino. Alabaina, euskaldun berrien ugaltzeari esker euskaldunen kopurua hazi izanak beste aldaketa bat eragin du: gero eta gehiago dira gaztelania ama hizkuntza duten euskaldunak eta, beraz, gero eta gehiago dira gaztelaniaz euskaraz baino erraztasun handiagoz hitz egiten duten euskaldunak. Ildo horretatik jarraituz, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egindako Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren arabera, EAEko euskaldunen heren batek baino ez du euskaraz hitz egiten gaztelaniaz baino errazago. Hau da, euskaldunen kopuruak nabarmen gora egin duen arren euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten elebidunen kopurua ez da hainbeste hazi. Gauzak horrela, euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo honek eragin zuzen-zuzena du euskararen erabileran. Izan ere, inkesta soziolinguistikoek eskainitako datuetan oinarriturik egindako azterketen ondorioek argi eta garbi erakutsi dute bi faktore direla, batik bat, pertsona batek euskara edo gaztelania aukeratzeko orduan eragiten dutenak: pertsona horren harreman sareko euskaldunen dentsitatea eta bere hitz egiteko gaitasuna bi hizkuntzotan.

3.2.- Euskararen kale erabilera.

1988tik hona Arrasateko Udalak urtero euskararen kale erabilera neurtu du, hartarako Siadecok asmatutako metodologia erabiliz. Kaleetan dabilen jendeak zein hizkuntza erabiltzen duen jakitea da neurketa horien helburua. Neurketa, beraz, ez da, inkesta edo elkarrizketa bidez, leku publikoetan zein hizkuntza erabiltzen duen galderari jendeak ematen dion erantzuna. Urte guztiotako datuak azterturik, ondorio hauek atera ditugu (ikusi ondoko taula):

  • 1988tik hona urtetik urtera euskararen kale erabilera etengabe hazi da Arrasaten. Gainera, hazkundea handia izan da: 1988ko neurketan kaleko elkarrizketen %11,6 euskaraz ziren; 2000an, berriz, %31,9. Kalean euskaraz gehien egiten dutenak 2-14 urteko haurrak dira. 2000an gazteen erabilera ere oso handia izan zen eta ia haurrenaren parekoa izatera iritsi zen. Halaber, haurrak eta gazteak dira hizkuntza gaitasunik handiena dutenak: 2-24 urteko arrasatearren %79k daki euskaraz. Haurren erabilera haztea espero izatekoa zen bezala, poztekoa da gazteen eta helduen erabilera hazi izana. Zaharren erabilerak beheranzko joera du.

Euskararen kale erabilera adinaren arabera (%tan)

Urtea Haurrak Gazteak Helduak Zaharrak Guztira
1988 24,4 10,3 9,7 28,9 11,6
1992 34,1 21,1 14,4 20,7 18,8
1996 47,3 25,2 20,1 23,6 26,5
2000 40,9 36,6 27,4 25,9 31,9

3.3.- Eskoletako hizkuntza ereduak.

Euskarak arrakasta handia izan du irakaskuntzan. Irakaskuntzan D, B eta A eredua ezarri zirenetik, nabarmena izan da gurasoek egin duten aukera. Arrasaten, EAEko herri gehienetan bezala, D eta B ereduek (azken urteotan murgiltze ereduak ordezkatu du B eredua) oso bilakaera baikorra izan dute (ikusi ondoko taula). D ereduak Arrasateko ikasle guztien erdiak hartzen ditu, 1982-83 ikasturtean lautik bat hartzen zuen bitartean. A ereduak, berriz, ikasleak galduz joan da: A eredua desagertu egin da Haur Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntzan; Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzan eta Injinerutzan erdira etorri da 1982tik hona. B eta Murgiltze ereduei dagokienez, Arrasateko ikasle guztien %21ek eredu horietan ikasten dute. Azpimarratzekoa da Mondragon Unibertsitateko Injinerutza Eskolan D ereduak lortu duen ezarpena: izan ere, ikasleen erdiak eredu horretan ari dira.

Arrasateko eskoletako ereduak (%tan)

  A eredua B eredua* D eredua
1982-83 ikasturtea 59 16 25
HH+LH+DBH 47 -- 32
IIEE+Batxilergoa+Hezkuntza zikloak 97 -- 3
Injinerutza 100 -- --
1993-94 ikasturtea 32 24 44
HH+LH+DBH 0,5 55,5 44
IIEE+Batxilergoa+Hezkuntza zikloak 50 -- 50
Injinerutza 67 -- 33
2000-01 ikasturtea 25 21 54
HH+LH+DBH -- 46 54
IEE+Batxilergoa+Hezkuntza zikloak 48 -- 52
Injinerutza 46 -- 54
HH: Haur Hezkuntza. LH: Lehen Hezkuntza. DBH: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

IEE: Irakaskuntza Ertainak. *B ereduko eta Murgiltze ereduetako datuak.

Hezkuntza sistemaren euskalduntzeak eragin handia izan du euskaldunen kopuruaren hazkundean. Izan ere, gaztelania edo beste erdararen bat ama hizkuntza duten haurren %80,4 eta gazteen %54,9 euskaldunak dira. Helduen eta zaharren kasua ezberdina da: euskara ama hizkuntza ez duten helduen %7,7 eta zaharren %3,6 dira euskaldunak (ikusi ondoko taula).

Hizkuntza gaitasunaren galera-irabaziak ama hizkuntzaren eta adinaren arabera

Ama hizkuntza Haurrak Gazteak Helduak Zaharrak Guztira
Euskara (*)          
Ama hizkuntza 1.614 1.771 5.681 1.900 10.967
Euskaldunak 1.467 1.730 5.036 1.823 10.056
Galera-irabaziak (%) -9,1 -2,3 -11,3 -4,0 -8,3
Gaztelania (**)          
Ama hizkuntza 1.426 2.178 8.106 1.429 13.252
Euskaldunak 1.141 1.193 626 51 3.011
Galera-irabaziak (%) +80,4 +54,9 +7,7 +3,6 +22,9
(*) Euskara edo euskara eta gaztelania. (**) Gaztelania edo beste hizkuntza bat.
Iturria: EUSTATek 1996an egindako erroldak. 2 urtetik gorako biztanleen datuak jasotzen ditu taulak.

3.4.- Helduen euskalduntze-alfabetatzea.

Helduen euskalduntze-alfabetatzeak garrantzi handia du Arrasaten. Izan ere, aspaldiko urteotan ikasturtero 500 ikasletik gora ibili izan baitira euskara ikastaroetan. Ikuspegi kuantitatibo batetik, gora-beherak izan diren arren, egoera nahiko egonkorra da. Zaila da, ordea, helduen euskalduntze-alfabetatzeak arrasatearren hizkuntza gaitasuna hobetzen izan duen eragina kuantifikatzen. Euskalduntzeari dagokionez, ez dugu datu zehatzik eta ezin, beraz, balorazio zehatzik egin. Bai esan daiteke, hala ere, euskaltegiak eraginkorrak izan direla kolektibo batzuk euskalduntzen, eskoletako irakasleak eta administrazioko langileak euskalduntzen, kasu. Bestaldetik, alfabetatzeari dagokionez, urtean urteko matrikula kopurua txikia bada ere, 1.800 pertsona –gehienak helduak- aritu dira 1982 urtetik hona alfabetatze eta EGA ikastaroetan. Horrek esan nahi du lau heldutik bat alfabetatzen aritu dela azken urteotan.

Euskalduntze-alfabetatzearen bilakaera Arrasaten

Ikasturtea Ikasleak Talde orduak
1983-84
576
---
1986-87
439
---
1991-92
573
13.782
1996-1997
537
11.805
1999-2000
744
13.845

3.5.- Udal langileen hizkuntza gaitasuna.

Arrasateko Udaleko 170 langile finko eta ebentualetatik %83 euskaldunak dira. Gainera, udal langile gehienek dute lana euskaraz egiteko oinarrizko hizkuntza gaitasuna: badakite hitz egiten eta idazten ere poliki moldatzen dira. Eta hori bi bidetatik lortu da: alde batetik, kontratazio politikak berebiziko garrantzia izan du udal plantila euskalduntzeko orduan; bestetik, hizkuntza prestakuntzarako plangintzaren bidez hainbat langile euskalduntzea eta alfabetatzea lortu da.

Beste alde batetik, udal plantila finkoko 153 lanpostuetatik 105ek ezarria dute hizkuntza eskakizuna derrigorrez kreditatu beharra eta horietatik jadanik 77k lortuak dituzte hizkuntza eskakizunen plangintzaren bigarren plangintzaldiak ezarritako helburuak edo, legeak aurreikusitako arrazoiak direla medio, helburu horiek betetzetik salbuetsita daude; beste 12 lanpostu aurten hornitzekoak dira. Gainontzekoek oraindik ez dute dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu.

3.6.- Euskararen erabilera udal idatzietan.

Aspaldiko urteotan Arrasateko Udalak hainbat akordio hartu ditu euskararen erabilera sustatzeko. 1988an Euskal Herriko erakunde publikoekin, Arrasateko kultur eta kirol elkarteekin eta ikastetxeekin harremanak euskaraz izateko akordioa hartu zuen udalak. 1990ean, berriz, Arrasateko hainbat erakundek, enpresak eta elkartek hitzarmen bat sinatu zuten euren arteko harremanak euskaraz izateko. Hitzarmen hori dagoeneko 120 erakundek sinatu dute. Udala ere hitzarmen horretako partaide da. Azkenik, 1994an udal administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plana jarri zuen abian Arrasateko Udalak, bere lan hizkuntza euskara izatea helburu duena.

Arrasateko Udala, ordea, ez da euskararen erabilera areagotzeko akordioak hartzera mugatu: udal administrazioaren antolaketa eta jokaera euskalduntzeko eta normalizatzeko saiorik ere egin du. Esan bezala, udalaren funtzionamendua euskaldundu ahal izateko, ezinbestekoa zen udal langileak euskaraz lan egiteko gaitzea eta euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartzea.

Udalaren funtzionamenduan euskararen erabilera idatzia noraino euskaldundu den neurtzeko, udal organoen aktetako hizkuntza erabilera aztertu dugu: 1987an Arrasateko Udalaren aktetako gaien %8 baino ez zegoen euskaraz;2000, 1999an, berriz, %66.

  1995 URTEA 1999 URTEA
  Kop. % Kop. %
Gobernu Batzordea 1.365 92 822 96
Plenoa 31 47 41 75
Guztira 1.363 88 863 95

Besterik da zein den euskarazko produkzio idatziaren jatorria: euskarazko idazkietatik zenbat diren itzulpen eta zenbat euskaraz sortutakoak, alegia. Gaur egun bakanak dira gaztelaniatik euskarara itzultzen ditugun udal organoen aktetako idatziak. Gero eta ugariagoak dira, ordea, euskaraz sortu eta gaztelaniara itzultzen ditugun idatziak. Udal aurrekontuak, lanpostuak hornitzeko deialdietako oinarriak, esleipenetako baldintza orriak eta horrelako agiriak izan ezik, oso gutxi dira euskarara itzultzen ditugun idatziak.

4.- Arrasateko komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoari buruzko azterketa.

Arrasateko hizkuntza egoera aztertzeko erabiltzen ditugun adierazleok ematen duten informazioa interesgarria bada ere, ez da nahikoa. Izan ere, gure errealitate soziolinguistikoa oso konplexua da, ñabardura asko ditu eta. Esate baterako, euskararen ezaguera asko zabaldu da, baina erabilera neurri berean handitu da? Ala ezaguera eta erabileraren arteko aldea gero eta handiagoa da? Era berean, euskararen ezaguera zabaldu egin da -gaztelania ama hizkuntza duten haur eta gazte gehienek eskolan euskara ikasi dutelako-, baina arrasatearrek lehen baino erraztasun handiagoa dute euskaraz hitz egiteko? Euskaraz ala gaztelaniaz hitz egiten dute errazago gaur egungo euskaldunek? Eremu batzuetan –irakaskuntzan, administrazioan edota komunikabideetan, kasu- euskarak aurrera egin du. Beste eremu batzuetan –familian, lagunartean eta inguru hurbileko komunitatean, esate baterako- aurrera ala atzera egin du? Galdera guzti horiek erantzuteko irizpide garbiak eta datuak behar dira. Hortaz, bada, urte askoan Arrasateko egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertzen aritu ondoren, ondorio honetara iritsi gara: gure errealitate soziolinguistikoa behar bezala antzemateko tresna egokia behar dugu.

Zer nolako tresna behar dugu, ordea?. Erakundeetako eta enpresetako hizkuntza egoera eta haren bilakaera aztertzeko Indexpla erabiltzen dugun bezala, herri bateko hizkuntza egoera aztertzeko zer tresna erabili daiteke? Iñaki Martinez de Luna soziologoak bizindar etnolinguistikoaren kontzeptua erabiliz neurgailu trinko bat sortzea proposatu zigun. Ukipen egoeran dauden hizkuntzen eta komunitate etnolinguistikoen osasuna neurtzen du bizindar etnolinguistikoak. Zehatzago esanda, hizkuntzen osasunean aldagai sozio-estrukturalek duten eragina adierazten du bizindar etnolinguistikoak. Nahikoa adierazle egokia, beraz, udalerri bateko hizkuntza egoera aztertzeko.

Hortaz, bada, iazko urrian Arrasateko komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoari buruzko ikerketa bat egiteari ekin zion Arrasateko Udalak, EHUko Soziologia II Sailarekin elkarlanean.

Ikerketaren diseinua Iñaki Martinez de Luna soziologiako irakasleak eta Ibon Usarralde soziologoak egin dute eta beraiek ari dira ikerketa egiten, atal hauek dituena: bizindar etnolinguistikoaren kontzeptua landu eta zehaztea, bizindar etnolinguistikoan oinarritutako neurgailu trinkoa osatzea, neurgailua elikatzeko datuak biltzea, ondorioak ateratzea eta esku hartzeko proposamenak egitea.

Bizindar etnolinguistikoak bi osagarri ditu: alde batetik, komunitate linguistiko bateko aldagai sozio-estrukturalek bere hizkuntza egoeran duten eragina eta, bestetik, komunitate horretako kideek haren indarrari buruz duten iritzia eta pertzepzio subjektiboa. Ikerketa honetan, hainbat adierazle definitu dira bizindar etnolinguistikoaren neurgailua eratu ahal izateko. Neurgailuak, bestalde, ezaugarri hauek ditu: gure errealitate soziolinguistikoaren berri jasotzen du eta, gainera, erraz elikatzeko modukoa da.

Hasiera batean ikerketaren helburua Arrasateko komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoa aztertzea zen. Lanean hasi eta berehala, ordea, garbi ikusi zen udalerri bakarreko komunitatea aztertu beharrean hobe zela ikerketan hainbat udalerri alderatzea. Horrela, bada, bai euskaldunen portzentajean bai bizilagunen kopuruan Arrasaterekin antza duten hainbat udalerri sartu dira ikerketan: Andoain, Bergara eta Hernani, hain zuzen. Lasarte ere sartu da, beste lau udalerrion ezaugarri berekoa ez den arren. Behin neurgailua bost udalerriotan aplikatu ondoren, herri bakoitzak, bere egoeraren berri jakiteaz gainera, gainontzeko herriekin alderatzeko aukera izango du. Azkenik, 5 urtean behin -udal erroldak egiten diren urteetan- neurgailua aplikatuz gero, herri bakoitzaren egoeraren bilakaera aztertzeko aukera ematen luke neurgailuak.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Jose Felix Diaz de Tuesta
Urtea: 
2001