Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertzeko eredu orokorraren proposamena

gabezi horiei neurri apaleko erantzuna eman nahi die gure eredu honek, bai informazioa ulerkorragoa eta erabilgarriagoa izatearen aldetik, baita hurbilpen metodologiko ezberdinen artean luturalotura bat ezartzeko eta ezkongarriagoak bihurtzeko ere.

Olasok euskararen erabileraren gainean osatzen duen azalpen-ereduak hiru dimentsio hartzen ditu bere baitan: norbanakoa, hiztun komunitatearen harreman sareak eta gizartearen egitura. Odriozolaren hitzetan hiru dimentsiook maila subjektiboa (psikolinguistika), maila funtzionala (erabilera-esparruak) eta maila estrukturala (botere-mekanismoen alorra) bezala agertzen dira, hurrenez hurren.

lurraldeen arteko euskarazko gaitasun maila ezberdinak familia eta irakaskuntzaren bidezko ondorengotaratzean ondo islatzen dira, ezin bestez.

Pentsatzekoa da, herriko aldakia ez dakitenek zaila izango dutela bertako euskara dakitenekin eguneroko harremanetan euskarara jotzea, solaskideek aldaki ezberdinak erabiltzean egoera komunikatiboa artifizial samarra gerta dakielako

‘erdara denek jakitean, ez dagoela euskara jakin beharrik’

baieztapenaren aurrean aurkako jarrerak nagusitzen dira hiru lurraldeetan: Iparraldean ehun gazteetatik 48 ez daude ados, Nafarroan %51 eta EAEn %68.

kontuan hartu behar da euskararekiko motibazio sinboliko edo izanarazleek sortutako atxikimendu horrek gizartean eragin dezan, errealitatearen galbahetik igaro behar duela. Eta eguneroko esparru eta egoeretan hizkuntz horren presentzia mugatua da

Ezin dugu ahaztu, alabaina, egungo beste ahulezia bat: Nafarroan eta Iparraldean euskararekiko gaztetxoek adierazten duten interés eskasarena

hizkuntza erabil dadin gizabanako horien arteko harremanetan beste baldintza batzuk ere bete beharko dira: gure kasuan eta besteak beste, euskaldunek haien arteko harremanak izatea; euskaldunek beste solaskideak ere euskara badakiela jakitea; taldeka egonez gero taldekide gehienek euskaldunak izatea.

ingurune soziolinguistiko orokor eta amankomun baten barruan (hiri batean, demagun) hartu-eman ezberdin ugari ager daitezkeela ezin dugu ahaztu.

Ikuspuntu horretatik begiratuta Euskal Herriko gaztetxo euskaldunek oztopo nabarmenak aurkitzen dituzte harreman sare euskaldunetako partaideak izateko

Begi bistakoa da gaztetxo euskaldunak, batetik, nahikoa sakabanatuta daudela euskarazko harreman-sareak osa ditzaten, eta, ondorioz, euskarazko harremanak izatea zaila zaiela. Jakina da, bestalde, egoera horretan familiako eta hezkuntza sistemako baldintzek eragin handia dute

Euskal Herriko gaztetxo euskaldunen kopuruak oro har gora egin arren, datu hauek ikusita, zenbateraino hitz egin daiteke gaztetxoen euskal hiztunen komunitateaz? Hori da une honen mehatxu nagusia EAEn eta Nafarroan: euskal hiztunen kopuruetan gora egin arren, euskaldun horiek hiztun komunitatean ez txertatzea.

Euskara familia eta ikasketen bidez ondorengotaratzea bai, baina euskaldun horiek euskaraz bilduko dituzten guneak (egoerak) zonalde euskaldunenetan bakarrik sortzea.

euskarak ez du erdarak duen onarpen ofizialik, eta bakoitzak duen estatus juridiko-politiko horien arabera euskara erdararen menpe gelditzen da; hau da, koofizialtasun osorik eza dela medio, oro har, estatus juridiko-politikoa oztopo bihurtzen da euskararen normalkuntzarako.

Neska-mutilek bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen dute euskara. Eta ez da, ez, oro har hizkuntz horrekiko atxikimendurik ez dutelako, ezta beraiek euskararentzat egoera hori nahiko luketelako ere; euren euskararekiko interesa eta aldeko jarreraren gainetik, nerabeek beraien ingurune sozialetik jasotzen dutena besterik ez dute islatzen

Erakundetze-maila eta horri darion irudia alde batera utzita, gizartean dagoen gazte euskaldunaren irudia hiru multzotan bereizten ditu Hernándezek: caseroak, borrokak eta jatorrak. Casero irudia iragana eta atzerapenari lotzen zaio; bigarrena, borroka, politikari; jatorra irudia, aldiz, hiri-giroan sortzen ari den hainbat zerbitzuen inguruan antzematen da

nerabeak euskalduntzeko irakaskuntzan egin diren ahaleginek jarraipena izan behar dute, bereziki, gizarte egitura euskaldunduz. Horrela egin ezean, gizartearen egitura erdaldunek oztopatu eta galaraziko dute euskaldunek euren arteko harremanak euskaraz burutzea; hau da, euskarazko hiztunen komunitatea osatzea, euskara hizkuntza bizia izatea.

Gizarte egitura:

Euskara aintzakotzat hartzeko eta erabilera normaltzeko konpromisoa erakunde mota guztietara hedatzea. Gizarte ospea: Hiriko gazte euskaldun eta jator irudi hori hedatu.

1. Sarrera

Euskal herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertu eta balorapen hauek osatzeko ondoren aipatzen diren hiru lan izan ditugu zutabe. Batetik, Euskal Herriko 13-14 urteko nerabeei buruz egindako eta argitaratu den ikerlan bat dugu informazio iturri[1]; bestetik, informazio hori aztertzen laguntzeko V. Euskal Soziologia Kongresuko Hizkuntzaren Soziologia azpitaldean aurkeztutako gogoeta-lanaren eskemari (Olaso et al. 2001) jarraitu diogu; azkenik, Joxe Manuel Odriozolak egindako proposamen metodologikoaz (Odriozola 1995) baliatuko gara, gure eredua osatzeko.[2] Material horiek erabili ez ezik, zeregin honetan AMIA aztertze-eskema[3] ezagunaz baliatuko gara.

Azalpen-eredu horren zioak zeintzuk diren argitu behar ditugulakoan, hona hemen gure azalpenak, Odriozolak ematen dituenak ere barne; bertan, arrazoi pragmatikoak zein metodologikoak biltzen dira:

1. Ereduak errealitate soziolinguistikoa aztertzen lagun dezake: euskalgintzan eta soziolinguistikan, oro har, erabili ohi den informazioa hain ugaria izanik, berau ordenatuko duen eskema baten premia nabarmentzen da. Informazioa ugaria izateaz gain, maila eta alor ezberdinei dagokie, eta barietate horrek nahasmena sortarazten du sarri askotan.

Beraz, soziolinguistikan erabili ohi den informazioa era sailkatuan eskaintzea bilatzen da eredu honen bitartez.

2. Hainbat hurbilpen metodologiko erabili ohi da soziolinguistikan; alabaina, ikerketak gidatzen dituzten irizpide horiek, banan bana hartuta, mugatuak izan daitezke errealitate soziolinguistikoa bere osotasunean islatu ahal izateko.

Adibidez, Odriozolak azaltzen duen maila subjektiboko elementuez (hizkuntza ezagutza, atxikimendua, kontzientzia, jarrerak...) hitz egitean, horrela dio:

“...beldur naiz ez ote diren sarriegi tokiz kanpoko balorazioz hornitzen elementu psikolinguistiko hauek euskararen erabilera mintzagai dugunean. (...) Hizkuntz erabileraren mekanismoak begiz jotzekoan, mekanismook beren ihardueran duten efikazi-maila faktore psikologikoetara murriztea, ezin makurrago datorkio euskalgintzaren estrategiari. Era horretara, izan ere, hizkuntz erabilerak dituen inplikazio soziopolitikoak, neurri batean edo bestean, estalirik geratzen dira.» (Odriozola 1995: 70-71)

Halere, oinarri metodologiko bakoitza emankorra gerta daitezkeenez, irtenbidea ez da azalpen mota batzuk ala besteak hobestea, baizik eta, ahal den neurrian bederen, denak ikuspuntu orokor baten pean antolatzea.

Era horretan, Odriozolak bereziki azpimarratu nahi duena osagarri ezberdinek eratzen duten barrutiaren batasun dialektikoa da:

“Gure iritziz behintzat harreman soziolinguistikoen barruti osoak (faktore-eragile ororen artean taxutzen duten batasun dialektikoa) determinatzen du hiztun-esatariaren iharduera. (...) ...dialektikaren kontzeptupean eredu teoriko bat eskaini nahi izan dugu hemen.» (Odriozola 1995: 75, 76)

Handikerietan erortzeko batere gogorik gabe, gabezi horiei neurri apaleko erantzuna eman nahi die gure eredu honek, bai informazioa ulerkorragoa eta erabilgarriagoa izatearen aldetik, baita hurbilpen metodologiko ezberdinen artean luturalotura bat ezartzeko eta ezkongarriagoak bihurtzeko ere.

Has gaitezen, bada, ereduaren azalpenarekin, eskema hori tarteka gaztetxoen ikerlanetik ateratako informazioaz hezurmamituz. Horrela, frogatu ahal izango dugu gure azalpen-ereduak zenbateko gaitasuna duen euskalgintza eta soziolinguistikan erabili ohi den informazio mota bat laburbiltzeko eta aurkezteko.

2. Ereduaren nondik-norakoak


Olasok euskararen erabileraren gainean osatzen duen azalpen-ereduak hiru dimentsio hartzen ditu bere baitan: norbanakoa, hiztun komunitatearen harreman sareak eta gizartearen egitura. Odriozolaren hitzetan hiru dimentsiook maila subjektiboa (psikolinguistika), maila funtzionala (erabilera-esparruak) eta maila estrukturala (botere-mekanismoen alorra) bezala agertzen dira, hurrenez hurren.

 

Dimentsio hauek ez daude isolaturik eta hizkuntz gertakarien konplexutasunaren arabera, elkarri eragiten diote. Ildo honetatik, Odriozolak elementuon arteko autonomiaz hitz egiten badu ere, beraien arteko elkarrekintza kontuan hartzen du. (Odriozola 1995: 70)

Has gaitezen, bada, ereduaren ezaugarriak aurkezten eta horren eskutik gaztetxoen hizkuntz egoera jorratzen.

3.Norbanako ezaugarriak

Hizkuntz erabilerari begira, hizkuntz gaitasuna eta hizkuntz(ar)ekiko motibazioak dira norbanako mailan mugatzen ditugun osagai garrantzitsuenak[4].

3.1. Hizkuntz gaitasuna

Hizkuntz gaitasuna da gizabanakoak hizkuntz baten hiztuna izan ahal izateko bete behar duen lehenengo baldintza; eta pertsona batek dagoeneko hizkuntza hori badaki, orduan hizkuntza horretan duen gaitasun erlatiboa da garrantzitsua. Hau da, pertsona elebidun edo eleanizdunak euskara daki(zki)en beste hizkuntza(k) bezain ondo edo hobeto menperatzea da norbanako mailan bete beharreko ezaugarria, aukeran, euskararen erabilera errazteko eta areagotzeko.

Gaitasun eta transmisioaren indarguneak eta ahuleziak (1. Taula): Euskarazko gaitasunaren ikuspuntutik gaztetxoen egoerak eskaintzen digun indargunea, Berrio-Otxoak azaltzen duen bezala, hauxe da: EAEn (Euskadiko Autonomia Erkidegoan) eta Nafarroan 13-14 urteko gaztetxo euskaldunen proportzioak handiagoak dira (%62 eta %20, hurrenez hurren) 16 urte eta gehiagoko beste biztanleenak baino. Edo, bestela esanda, euskarazko gaitasuna gero eta hedatuagoa dago Hego Euskal Herriko nerabeen artean. Aldiz, Hegoaldean indargunea dena Iparraldean ahulezi bihurtzen zaigu, nerabeen artean agertzen den euskaldunen proportzioak (%9) gainbehera handia adierazten du aurreko belaunaldiek zuten euskarazko gaitasunari erreparatuta. (Hainbat egile 2000: 113)

Gaitasunaren joera hain ezberdin hauek euskararen ondorengotaratzean dautza. Belaunaldi berriei euskara helarazteko bide nagusi bi izan ohi ditugu: familia eta irakaskuntza (arautua, gehien bat, gaztetxoen artean euskara euskaltegian ikastea ohikoena ez delako).

Argi uzten du Berrio-Otxoak familia bidez euskara ondorengotaratzeak (euskara soilik edo erdararekin batera) emaitza altuak lortzen dituela EAEn guraso biak euskaldunak direnean (%87) eta zertxobait apalagoak Nafarroan (%73) eta Iparraldean (%67). Baina, gurasoetako bat bakarrik euskalduna denean lortzen den euskararen transmisioa askoz eskasagoa da: EAEn %43, Nafarroan %29 eta Iparraldean %21. Hau da, gaitasunean antzematen diren joera eta kemen ezberdinak bat datoz, oro har, lurralde bakoitzeko familiek seme-alabei euskara irakasteari eskaintzen dion arduraren hedapenarekin: guraso euskaldunengandik euskara gehien jasotzen den lurraldeetan gaztetxoak euskaraz gaituak izatea ohikoagoa da.

Halere, euskara ondorengotaratzeko bidea den beste agentearengan daude lurraldeen arteko ezberdintasunik nabarmenenak; irakaskuntzan, hain zuzen. Etxetik erdaldun petoak diren Iparraldeko neska-mutil euskaldunetik D edo B ereduetan ikasten duenik ia ez dago (%2), eta Nafarroan ere ez dira asko (%9); EAEn, berriz, heren bat pasea da (%36). Hau da, etxean euskara jaso ezean, Iparraldean eta –neurri txikiagoan- Nafarroan ere ikasketen bidezko euskararen transmisioa baxua da, baina EAEn nahikoa garrantzitsua.

Beraz, lurraldeen arteko euskarazko gaitasun maila ezberdinak familia eta irakaskuntzaren bidezko ondorengotaratzean ondo islatzen dira, ezin bestez.

Gaitasun erlatibo ahularen mehatxua (1. Taula): Euskal Herriko gaztetxo askok duten euskarazko gaitasunak, baina, badu bere alde iluna: euskaldun horiek duten euskara eta erdaren arteko gaitasun erlatiboa, hain zuzen. Izan ere, sarri ahazten zaigu euskaldun gehienek erdara ere badakitela, eta, kasu askotan, euskara bera baino hobeto (%44 Nafarroan, %49 EAEn, eta Iparraldean %46), Berrio-Otxoak dioskun bezala.

Gauzak horrela, jakina da nerabe elebidun askok errazen edo bat-batean ateratzen zaien hizkuntzara joko dutela, kasu askotan. Beraz, euskaraz lortutako gaitasuna hanka-motz gelditzen da hizkuntz horren egungo edo geroko erabilerari begira; baina portaera hori balizkoa da, ez derrigorrezkoa. Euskaldun horiek aurrerantzean izango dituzten bizipenen baitan gelditzen delako euren gaitasun eta portaeren bilakaera: nolako egoerak eta bizipenak aurkituko dituzten, halako aurrerakada edo atzerapausoa gertatuko zaie. Gauzak horrela, egoera hori une honetako ahulezia baino, geroari begira gerta litekeen mehatxutzat har daiteke.

Aldaki-ezjakintasunaren ahulezia (1. Taula): Gaztetxo euskaldun horien egungo ahulezia da, aldiz, euren euskarari buruz aitortzen duten gaitasun mugatua: ehun nerabe euskaldunetatik 54k ez dakite etxeko/herriko euskalki edo hizkuntz aldakia; bestalde, euskara batua beste %19k ez daki.

Pentsatzekoa da, herriko aldakia ez dakitenek zaila izango dutela bertako euskara dakitenekin eguneroko harremanetan euskarara jotzea, solaskideek aldaki ezberdinak erabiltzean egoera komunikatiboa artifizial samarra gerta dakielako(Hala ere, egun, leku batzuetako “euskalkia» batua dela esan daiteke). Bestalde, euskara batua ez dakitenek ere lurralde ezberdineko euskaldunen arteko euskarazko komunikazioa neurri handian oztopatzen dute. Bi gertaera hauen ondorioz eta Moreno Fernández-en kontzeptuak[5] erabilita, gaztetxo euskaldun horiek guztiek euskararen hizkuntz komunitatea osatzen badute ere, ezin daiteke esan hiztun komunitatea osatzen dutenik (Moreno Fernández 1998: 18-19); hau da, denek hizkuntza bera -euskara- badakite ere (hizkuntz komunitatea), batzuek eta besteek ez dute hiztun komunitatea eratzeko beharrezkoak diren arau eta balio soziolinguistiko berdinik, eta, horrela, eguneroko euskarazko komunikazioa ezinezkoa zaie (ikus 4.2 azpiatala).

3.2. Hizkuntzarekiko motibazioak

Norbanako ezaugarrien artean, hizkuntz gaitasunarekin batera, hizkuntz komunitateko kideen aldetik hizkuntz hori erabiltzeko dauden motibazioak kokatzen ditugu.

Hasteko esan dezagun euskararekiko interesak, oro har, intentsitate oso ezberdinak dituela Euskal Herriko lurraldeetako neska-mutilen artean, Berrio-Otxoak azaltzen digun bezala: EAEko ehun gaztetxotik 68k interes handia edo nahikoa adierazten duten bitartean, Nafarroan %39k dute interes maila berbera eta Iparraldean %25ek. Interes hori leku batzuetan besteetan baina baino apalagoa bada ere, ‘erdara denek jakitean, ez dagoela euskara jakin beharrik’ baieztapenaren aurrean aurkako jarrerak nagusitzen dira hiru lurraldeetan: Iparraldean ehun gazteetatik 48 ez daude ados, Nafarroan %51 eta EAEn %68. (Hainbat egile 2000: 176, 183).

Neska-mutikoengan euskarak pizten duen estima ondo islatzen du ‘euskara hurrengo urteetan indartu eta zabaltzea nahi nuke’ baieztapenak, eta honen aldeko jarrera nagusitzen da EAEn (%54) eta Nafarroan (%36); baina, Iparraldean beste jarrera hotzago bat da nagusi: ‘euskara gaur dagoen bezala jarraitzea nahi nuke’ (%44).
Halere, beste muturretik begiratuta, euskararen kontrako sentimendua islatzen duen ‘euskara galduz joatea nahi nuke’ esaldiaren aurrean adostasuna benetan txikia da hiru lurraldeetan (%6 Iparraldean, %8 EAEn eta %7 Nafarroan). (Hainbat egile 2000: 176, 178, 183 eta 201).

Bestalde, hizkuntzarekiko interesa denean, horren azpian motibazio mota ezberdinak ager daitezke eta aukera horiek egile askok aztertu eta sailkatu dituzte[6]. Nekane Larrañagaren terminologia erabilita motibazio izanarazleak eta trukeordainekoak bereiz ditzakegu (Hainbat egile 2000: 251), beste egileengan motibazio sinboliko eta pragmatiko bezala izendatzen direnak, hurrenez hurren. Kontzeptu horien pean sartzen ez diren beste motibazio motak, arrakasta motibazioak lirateke (Martínez de Luna eta Jausoro 1998). Batzuk eta besteak aipatuko ditugu ondorengo lerroetan.

Motibazioen mailan euskararen indargune bat motibazio izanarazleetan datza; Hegoaldeko gaztetxoez Jone M. Hernándezek dioen bezala: “...gazteek (euskara) euren ingurunearen eta komunitatearen hizkuntza dela onartzen dute orokorrean, eta diskurtso gehienen oinarri dela esan daiteke.» Funtsa bereko ideia jasotzen du Berrio-Otxoak Iparraldean eta EAEn nagusitzen den ’ez dago euskal kulturarik euskararik gabe’ baieztapenean (%63 eta % 56, hurrenez hurren), baina ikuspuntu hori Nafarroan ahulagoa da (%39). (Hainbat egile 2000: 78 eta 179).

Euskararekiko interesa piztu lezakeen beste motibazio mota trukeordainekoa dela aipatzen genuen. Zentsu horretan, lanerako euskarak izan dezakeen garrantzia da ikuspuntu pragmatiko horren adierazlerik hoberena: EAEn oso hedatua dago ‘etorkizunean lana egiteko euskara beharrezkoa’ izatearen ideia (%77) eta Nafarroan ere pisu nahikoa hartzen duen pentsaera da (%46); alabaina, Iparraldean datu horietatik urrun daude (%22). (Hainbat egile 2000: 202).

Arrakasta motibazioak dira arestian aipatu ditugun hirugarren motibazio-mota; motibaziook gaztetxoei horren erakargarri gertatzen zaizkien modernotasunean eta aitzindari-kutsua duen elementuetan kokatzen dira. Neurri batean, bederen, ideia hori islatzen duen hitz-bikote bat jasoa dugu: ‘iragana versus etorkizuna’. EAEn (%57) eta Nafarroan (%42) gehiago dira euskara etorkizunari lotzen dutenak iraganari baino; Iparraldean, aldiz, euskara iraganarekin parekatzen dutenak nagusitzen dira (%39). (Hainbat egile 2000: 178).

Bestalde, motibazio motetatik harago gaztetxo euskaldunek geroari begira duten euskararekiko interesa zeharka azter daiteke, euren familia propioarekiko antzematen edo aurreikusten duten asmoa kontuan hartuta. Horrela, ‘hemendik urte batzuetara seme-alabarik bazenu, zuk euskaraz egingo zenieke etxean?’ galderaren aurrean gaztetxo euskaldunen hiru laurdenek (%74) seme-alabei euskaraz egiteko jarrera azaltzen dute; lurraldeka bildutako proportzioek batetik bestera aldea dagoela adierazten dute: Iparraldean %87, EAEn %74 eta Nafarroan %65. Lurraldeen gainetik ere badaude zenbait multzo, non familia bidezko euskararen transmisioa ahul xamar agertzen baita etorkizunerako: orain euskaldunak izan arren, ama hizkuntza erdara soilik dutenen artean euren seme-alabei euskaraz egitearen aldeko jarrera baretzen da, %69ra jaitsiz. (Hainbat egile 2000: 107-108).

Motibazioak indargune, ahulezi, aukera eta mehatxu bezala (1. Taula): Aurreko lerroetatik ondoriozta daiteke gaur egun gaztetxoen artean euskararen euskarritzat, edo indargunetzat, har daitezkeen motibazio motak, hauek direla: motibazio izanarazleak, EAEn eta Iparraldean. Eta eragin mugatuagorekin ditugu trukeordaineko motibazioak eta arrakasta motibazioak, EAEn eta Nafarroan.

Halere, kontuan hartu behar da euskararekiko motibazio sinboliko edo izanarazleek sortutako atxikimendu horrek gizartean eragin dezan, errealitatearen galbahetik igaro behar duela. Eta eguneroko esparru eta egoeretan hizkuntz horren presentzia mugatua da (ikus 5.2 azpiatala):

“...euskararekiko motibazio motak eta mailak murriztuak izango dira: (...) euskararen atxekimendu-komunitateak motibazio sinbolikoei lotzen die euskararen ikasketa/erabilera, ez duelako gizarte mailan bestelako motibazio eragilerik ikusten. Inguruneak (orokorrean), motibazio pragmatiko-integratzailerik bultzatzen (...) ez duenez, euskararen suspertze prozesua motibazio sinbolikoei bakarrik doa loturik; eta euskarri bakar hori berreskuratu nahi den hizkuntzarentzat eskasa da.» (Martínez de Luna eta Jausoro 1998: 132)

Hori da ahuleziarik nabarmenena, hain zuzen: motibazio izanarazleek soilik ez dutela indar nahikorik errealitatea iraularazteko.

Euskararen aldeko trukeordaineko eta arrakasta motibazioak, bestalde, areagotuko eta hedatuko badira, hizkuntz horri lan, modernotasun eta arlo aitzindarien ateak zabaldu behar zaizkio (ikus 5.2 azpiatala). Hori da EAEn, neurri apalean bada ere, gertatzen ari dena, eta horregatik lurralde horretan gailentzen dira zertxobait motibazio mota horiek. Horiexek dira, hain zuzen ere, motibazio mailan euskarak dituen aukerak.

Aldiz, euskararentzat gaur egun ahulezia dena eta, aurrerantzean, mehatxutzat har daitekeena hauxe da: hizkuntz hori Nafarroan euskal kulturaren euskarri gisa esleitzen zaion pisu txikia.

Baina oraindik mehatxu larriagoa dirudi euskara familiaren bidez ondorengotaratzeari begira, euskaldunak diren neska-mutil batzuek, balizko egoera familiar batean jarrita, euren seme-alabei euskaraz egiteko asmorik ez adieraztea.

Ezin dugu ahaztu, alabaina, egungo beste ahulezia bat: Nafarroan eta Iparraldean euskararekiko gaztetxoek adierazten duten interés eskasarena; izan ere, lurralde horietako euskararen egoera kontuan izanik, axolagabekeri hori luze gabe mehatxu larri bihur daiteke euskararen biziraupenerako.

 

1. Taula: NORBANAKO MAILAN GAILENTZEN DIREN EUSKARAREN INDARGUNEAK, AHULEZIAK, AUKERAK ETA MEHATXUAK EUSKAL HERRIKO GAZTETXOENGAN
INDARGUNEAK AHULEZIAK
Gaitasuna: EAE –gehien bat- eta Nafarroako euskarazko gaitasunaren gorakada. EAEko euskararen ondorengotaratze sendoa irakaskuntzan. Motibazioa: EAEn euskararekiko interes handia. Euskara euskal kulturaren muina izatearen sinismen hedatua Iparraldean eta EAEn. Gaitasuna: Iparraldeko euskarazko gaitasunaren gainbehera. Guraso euskaldun guztiek ez diete euren seme-alabei euskara irakasten eta gurasoetako bat soilik euskalduna denean euskararen ondorengotaratzea oso ahula. Irakaskuntzaren bidezko euskararen ondorengotaratzea Nafarroan eta Iparraldean. Askok etxeko/herriko aldakiak edo euskara batua ez jakitea. Motibazioa: Nafarroan eta Iparraldean euskararekiko interes apala. Motibazio izanarazleen ahulezia, Nafarroan. Ez da agertzen euskararen aldeko arrakasta motibaziorik. Motibazio sinbolikoak soilik ez du indar nahikorik errealitatea iraularazteko.
AUKERAK MEHATXUAK
Motibazioa: EAE eta Nafarroan antzematen den euskararen premia. Euskara gehienbat etorkizunari lotzen zaio EAEn eta Nafarroan. Euskal Herri osoan dagoen euskara baztertzearen kontrako jarrera. Lehen-hizkuntza euskara soilik dutenek euren seme-alabei hizkuntza horretan egiteko adierazten duten jarrera. Gaitasuna: Euskaldunen hizkuntz gaitasun desorekatua (erdiak hobeto daki erdara euskara baino). (ahulezia ere izan liteke) Motibazioa: Iparraldean ez da euskararekiko trukeordaineko motibaziorik antzematen. Iparraldean euskararen irudia iraganari dago lotua gehienbat. Lehen-hizkuntza erdara duten euskaldunen heren batek euren seme-alabei euskaraz egiteari uko egiten diote.

4. Hiztun komunitatearen harreman sareak

4.1. Gizarte sareak eta hizkuntza

Planteamendu teorikoen bidez eta euskalgintzak azken urteotan izandako eskarmentuari esker, jakina da hizkuntz gaitasunak soilik eta berez ez duela komunikaziorako hizkuntz horren hautua eta erabilera ziurtatzen. Izan ere, hizkuntz gaitasuna banakakoaren ezaugarria da, eta erabilera, berriz, pertsonen arteko harremanei dagokie:

“Gure eguneroko bizitzan gizarte sareak sortzen eta osatzen ari gara eten gabe. (...) Harreman horiek hizkuntza baten bidez burutzen direnez, uste dugu gizarte sareak aztertzea ezinbestekoa dela hizkuntzaren erabilpena era osatuan ulertu nahi bada. (...) Gizarte sareen metodologia ez da banakako ikuspegian kokatzen... (...) Azken finean, analisiaren oinarrizko unitatea ez da banakako aktorea eta bere ezaugarriak, aktoreen arteko harremanen loturak baizik» (Martínez de Luna et al. 1996: 60-61).

Eta aktore horien arteko harremanak gizarte egoera (Fishman 1079: 69-73) jakin batzuen baitan sortuko dira: familian; ikaskide, lankide edo lagunartekoan; aisialdian, e.a., leku eta denbora mugatu eta zehatz batzuetan; hau da, gizartearen maila mikroan. Beraz, banako mailako eskakizunak asebete ondoren, hau da, hizkuntz gaitasuna izan eta hizkuntz horren aldeko interesa adierazi ondoren, hizkuntza erabil dadin gizabanako horien arteko harremanetan beste baldintza batzuk ere bete beharko dira: gure kasuan eta besteak beste, euskaldunek haien arteko harremanak izatea; euskaldunek beste solaskideak ere euskara badakiela jakitea; taldeka egonez gero taldekide gehienek euskaldunak izatea. (Amonarriz, 1991: 40-41)

Azken finean, eguneroko egoera horien azpian komunitatea dago, eta hizkuntza aztertzean komunitatearen ideia hainbat egilek azpimarratzen dute: Txepetxek, Fishmanek, Erizek e.a.. Azken egile honek, Erizek, adibidez, Nafarroako euskararen egoera aztertzen duenean horrela dio:

“euskarak iraun du azpian gizarte edo komunitate egituratu bat izan duelako; bertan euskalduna izatea balore bat zen, prestigioa zuen, eta, oro har, hizkuntz portaera euskalduna garatzen eta transmititzen zen. Isolamendua eta inertzia baztertu beharreko sasiazalpenak dira nire ustez.» (Erize 1998:24)

Komunitatearen aldeko interes bizi horren arrazoiak, labur aipatuta, ondorengoak dira:

  1. Hizkuntz batek bizirik iraungo badu komunitate baten premia du; hau da, komunitate baten ohiko hizkuntza behar du izan. Komunitatearen pisu demografikoa garrantzitsua izanik ere, hizkuntz horren hiztunen arteko harremanen trinkotasuna are garrantzitsuagoa da.

Komunitate kontzeptuak ikuspegi berria eskaintzen digu, izan ere, hiztun komunitatea gizarte harreman-sarean datza eta harremanen maila hori gizabanakoen eta gizartearen artekoa da:

“Hizkuntzaren erabilera gizarte harremanetan gauzatzen denez, gizarte sarearen metodologia interesgarria da harreman horiek aztertzeko. Juan Andrés Villena-k, esaterako, garrantzi handia ematen dio sarearen kontzeptuari, bere ustetan, hizkuntza eta gizartearen arteko zubia delako (Villena, 1992). Autore honen hitzetan ‘el concepto de RED es hoy el concepto de mediación por excelencia (...); pone en relación las esferas institucionales (...) y las pautas de comportamiento individual y de micronivel y constituye un medio natural de penetración en la estructura lingüística comunitaria.’ (Villena 1992:44)» (Martínez de Luna et al. 1996: 65-66).

Emandako azalpenek argi uzten dute jorratzen ari diren hiru mailatatik (norbanako, hiztun komunitatearen harreman sare eta gizarte egituratik) bigarren hori bizirik diraun hizkuntzaren muina dela, erabilera hemen gauzatzen delako.

Azter dezagun, bada, Euskal Herriko gaztetxoek euren harreman sareetako hizkuntzez azaltzen digutena.

4.2. Baldintza demolinguistikoak, harreman sareak eta hizkuntz erabilera

Baldintza demolinguistikoak ditugu, batetik, eta, bestetik, harreman sareak. Bigarrenak baldintza demolinguistiko egokien premia du, baina azken hauek ez dakarte harreman sarerik, ezinbestez.

Hizkuntzaren erabilera hizkuntz horren osasuna hobekien islatzen duena da, hizkuntza batek bizirik iraun dezan erabilia izan behar duelako; eta erabilera hori, ezinbestez, harreman sare batzuetan gauzatzen da. Beraz, erabilera aipatzean harreman sareak ditugu hizpide, hartu-eman horietan egiten den hizkuntz hautua eta gertaerak barne.

Arestian esan bezala, gizarte harreman horiek sor daitezen gizarte egoeretan beste baldintza batzuk ere gertatu behar dira: euskaldunen arteko ezagutza eta lotura, gutxienez. Ezin ditugu ahaztu, alabaina, baldintza domolinguistikoak;demolinguistikoak; gehien bat, hiztunen arteko trinkotasuna. Izan ere, egungo gizarte modernoetako ingurune soziolinguistiko orokor eta amankomun baten barruan (hiri batean, demagun) hartu-eman ezberdin ugari ager daitezkeela ezin dugu ahaztu. Oso gizarte egoera ezberdinak osa daitezke hiri baten barruan: egoera horietako partaide guztiak euskaldunak izatetik erdaldun petoak izateraino, adibidez. Edo, bestela esanda, euskaldunak harreman estuetan bildurik izatetik erdaldunen artean guztiz sakabanatuak edo barreiatuak izateraino.

Ikuspuntu horretatik begiratuta Euskal Herriko gaztetxo euskaldunek oztopo nabarmenak aurkitzen dituzte harreman sare euskaldunetako partaideak izateko; azken finean, euskaldunen hiztun komunitatea[7] osatzeko.

Euskal hiztun komunitatearen ahulezia (2. taula): Gaztetxo euskaldunen hiztun komunitateak behar dituen baldintza egokietatik urruti daude, Berrio-Otxoak azaltzen duen bezala: neska-mutiko elebidunen %32k soilik ditu etxeko kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak; %42k soilik auzoko neska-mutil guztiak edo ia guztiak euskaldunak. Alta, koadrilan eta ikaskideen artean lortzen da euskaldunen trinkotasun handiagoa, egoera horietan %69k eta %74k (hurrenez hurren) kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak dituelako (Hainbat egile 2000: 122-124). Halere, baldintza horietan, eta erdaldunen bat tartean denean erdaraz egin ohi denez, kide guztiak euskaldunak ez dituztenei harremanak euskaraz izatea ezinezkoa zaie. Ahulezi nabarmena da hizkuntz komunitateko kide askoren arteko dagoen trinkotasunik eza.

Bigarrenik, euskarazko sare harremanak azter ditzakegu:

“Euskararen erabileraren neurketa gauzatzean bi aukera ezberdin landu dira. Lehenengoa, oso malgua; (...) nagusiki euskaraz erabiltzen duten edozein egoera kontuan hartu da: ama, anai-arreba, aisialdiko edo parrokiako monitore, lagun, ikaskide, auzoko neska-mutil eta eskola partikularrak kontuan hartu dira, eta horietako bakan batean euskara erabiltzen duen oro aintzat hartu da. Harreman euskaldunak horrela neurtuta (...) gaztetxo euskaldunen heren batek (%31) ez du inolako girorik nagusiki euskaraz egiteko.»

Eta beste muturrean, euskarazko harremanak era zorrotzean neurtuta, berriz, familia, lagun, ikaskide eta auzoko neska-mutilekin, gehien bat harremanak euskaraz burutzen dituenak Euskal Herriko %15 baino ez dira.

Begi bistakoa da gaztetxo euskaldunak, batetik, nahikoa sakabanatuta daudela euskarazko harreman-sareak osa ditzaten, eta, ondorioz, euskarazko harremanak izatea zaila zaiela. Jakina da, bestalde, egoera horretan familiako eta hezkuntza sistemako baldintzek eragin handia dutelarik:

“...familia eta hezkuntza sistemako agenteen euskalduntasun mailak neurri handian baldintzatzen ditu gaztetxoen euskarazko gaitasuna, harreman sareen trinkotasuna eta, baita, euskararekiko interesa eta jarrerak ere.» (Hainbat egile 2000: 266-267, 270)

Baina, harreman-sare funtsezkoenak sortzeko agentea den familiari erreparatuz, gaztetxo euskaldunen harreman baldintzak nahikoa erdaldunak dira, arrazoi ezberdinak direla medio: Hegoaldean, egungo gaztetxoen gurasoen belaunaldia erdaldunenetakoa delako eta Iparraldean guraso asko seme-alabei erdaraz mintzatzen zaielako. Horren ondorioz, gaztetxo euskaldunen familia hizkuntza erdara dugu nagusiki: %45ek beti erdaraz egiten dute familian eta %21ek erdaraz gehiago. (Hainbat egile 2000:138)

Eta kalean ere beste horrenbeste gertatzen da: zehatzago esanda eta D ereduan ikasten duten gaztetxo euskaldunek adierazten dutenez, ikastetxez kanpoko kiroleko[8] monitorearekin beti euskaraz egiten dutenak %40 dira eta beste %12k euskaraz erdaraz baino gehiagotan (Hainbat egile 2000:157).

Kontuan izanda monitore eta gaztetxoen arteko harreman desorekatuan lehenengoak ezarriko duela erabili beharreko hizkuntza, batetik, eta, bestetik, aipatutakoa eskolaz kanpoko jarduera dela (eskolak duen eragin zuzenetik at gelditzen diren gizarte-giroa), datu hori kalean edo gizarte ingurunean gaztetxo euskaldunek aurki dezaketen hizkuntz giroaren lagin ona dugu.[9] Egindako erreferentzia D ereduko neska-mutiletara mugatu arren, hau da, nerabeen artean ikasketa-ildo euskaldunenean biltzen direnak izan arren, bistan da neska-mutil euskaldunak eskolaz kanpoko giro erdaldunean ibiltzen direla hein handi batean; zeresanik ez B edo A ereduan ikasten duten neska mutil euskaldunak.

Euskal hiztun komunitatearen indargunea, aukera eta mehatxua (2. taula): Egoera hori iraultzeko ahaleginak eta aukerak gero eta ugariagoak badira Euskal Herriko hainbat lekutan, EAEko datuak adierazten duten bezala[10]: 1993tik 1999ra bitartean, euskararen erabilerak gora egin du 3 puntuz anai-arreba euskaldunen artean eta 8 puntuz lagun zein ikaskideekin. Hori dugu harreman sareen indargunea.

Halere, ahalegin horiek ez dira nahikoak egoera horietan gutxiengo batek baino (%21tik %28ra bitartekoa) ez baitu beti euskaraz egiten, Berrio-Otxoak dioskun bezala (Hainbat egile 2000:170, 172). Gainera, hirietako gizartearen pisu demografikoak zonalde euskalduneko herri eta hirixken garrantzia baino askoz handiagoa denez, gizarte giroa, oro har, erdalduna da nagusiki. Halere, ahalegin horietan tinko jarraitzean datza hiztun euskaldunen komunitatearen aukera.

Biztanle gutxiko herrien garrantzi demolinguistikoa, baina, ez da inolaz ere gutxietsi behar, zeren euskararen hiztun komunitaterik sendoenak eta jatorrenak giro horretan aurkitzen baitira. Hiztun komunitate horiek indartzean eta hedatzean datza ere euskararen aukera.

Dena dela, Euskal Herrian, oro har, euskararen erabilera bultzatzeko nerabe euskaldunek gizartean topatzen dituzten baldintzak oso eskasak dira. Gauzak horrela, kezka hau sortzen da: Euskal Herriko gaztetxo euskaldunen kopuruak oro har gora egin arren, datu hauek ikusita, zenbateraino hitz egin daiteke gaztetxoen euskal hiztunen komunitateaz? Hori da une honen mehatxu nagusia EAEn eta Nafarroan: euskal hiztunen kopuruetan gora egin arren, euskaldun horiek hiztun komunitatean ez txertatzea.

 

2. Taula: HIZTUN KOMUNITATEAN GAILENTZEN DIREN EUSKARAREN INDARGUNEAK, AHULEZIAK, AUKERAK ETA MEHATXUAK EUSKAL HERRIKO GAZTETXOENGAN
INDARGUNEAK AHULEZIAK
Harreman sareak: EAEko gaztetxo euskaldunen anai-arrebekiko, ikaskideekiko eta lagunarteko euskarazko harreman-sareak hedatu dira 1993tik 1999ra bitartean (gainontzeko lurraldeez halako informaziorik ez dugu). Baldintza demolinguistikoak: Gaztetxo euskaldun askok familiako eta kaleko giroak erdaldunak dituzte nagusiki, zonalde euskaldun petokoek salbu. Harreman sareak: Gaztetxo euskaldunen heren batek ez du inongo harreman-sare euskaldunik eguneroko harremanetan. Eguneroko harreman sare euskaldunak soilik dituzten gazteak oso gutxi dira.
AUKERAK MEHATXUAK
Baldintza demolinguistikoak: Gune (egoera) euskaldunak sortzeko ahaleginak eta ekimenak eraginkorrak direla frogatu da. Harreman sareak: Euskara familia eta ikasketen bidez ondorengotaratzea bai, baina euskaldun horiek euskaraz bilduko dituzten guneak (egoerak) zonalde euskaldunenetan bakarrik sortzea.

 

5. Gizarte egitura

5.1. Hizkuntza erakundetua edo instituzionalizatua

Euskararen erabileran eragina duten faktoreen azterketan, hirugarren mailan kokatzen gara orain, gizarte egituraren mailari dagozkion eragileak aztertzeko.

Harreman sareak deskribatzen genituenean Fishman-en gizarte egoeretan kokatzen genituen aktoreen arteko lotura horiek, gizartearen maila mikroan, hain zuzen. Egile horren kontzeptuez baliatuta, berriz ere, hemen aipatzen diren gizarte egiturak Fishman-en gizarte esparruetan koka ditzakegu, gizartearen maila makroan; eta gizarte esparru hauen baitan gizarte egoerak garatzen dira (Fishman 1979: 73-76). Adibidez, gure eguneroko lan-harremanak (egoera) lan-munduaren (esparruaren) baitan kokatzen dira, eta berdin gertatzen da beste edozein eguneroko egoerarekin: egoera horietako bakoitza esparru zabal bateko osagarri bat dela, hain zuzen.

Gizarte egiturako esparru horietan dauden erakunde mota guztiak (pribatuak zein publikoak; ofizialak alaedo herritarrak; ekonomikoak eta kulturalak...) egoeraren sorleku dira, eta erakunde horiek euskarari eskaintzen dioten estatusaren arabera lagundu edo oztopatuko dute hizkuntza horren erabilera. Adibidez, ikus dezagun Nafarroako hizkuntz egoerari buruz Erizek aipatzen duena:

“Nafarroako euskal hizkuntz komunitateari ez zaio bere gainean eta bere hizkuntzan eratutako egituraketa politiko edo sozialik egokitu.» (Erize 1997: 36)

Egoera horri Erizek ‘Nafarroako hizkuntz desoreka estrukturala’ esaten dio eta kontzeptu hori, zoritxarrez, ez da Nafarroarako soilik erabilgarria.

Esparru juridiko-politikoa esku artean dauzkagun datuetatik at gelditu arren, ikuspuntu hori ezin dugu ahaztu gogoeta honetan, gizarte eleanitz batean ukipen egoeran dauden hizkuntzen estatus juridiko-politikoa garrantzitsua baita oso; labur bada ere gogora dezagun euskarak erdarekiko (frantsesa eta gaztelaniarekiko) duen menpeko egoera: Hego Euskal Herrian Konstituzioak gaztelania jakitera behartzen gaituen bitartean, euskarak EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan koofizialtasun mugatua du; are gehiago, azken lurralde honetako hainbat esparrutan legediak zeharo murrizten du hizkuntza horren erabilera. Iparraldean egoera oraindik eskasagoa da, duela gutxi arte frantsesa jotzen baitzen Frantziako hizkuntza bakartzat; duela aste gutxi soilik onartu da irakaskuntza publikoa euskaraz izatea. Beraz, euskarak ez du erdarak duen onarpen ofizialik, eta bakoitzak duen estatus juridiko-politiko horien arabera euskara erdararen menpe gelditzen da; hau da, koofizialtasun osorik eza dela medio, oro har, estatus juridiko-politikoa oztopo bihurtzen da euskararen normalkuntzarako. Baita gainontzeko erakundeek euskara aintzakotzat hartzeko ere.

Baina, esparru juridiko-politikoa ez ezik gizartearen maila makro honetan bestelako esparruek ere eragin handia izan dezakete hizkuntz egoeran; hala nola lan-munduak, aisialdiak, erlijioak, kulturak, komunikabideek... Hartara, eguneroko funtzionamenduari begira, zenbat lantegik, aisialdi-taldek, kultur elkartek edo komunikabidek hartu du euskara kontuan hizkuntz horri eskaini behar dion lekua definitzeko? Ondorioz, eremu bateko edozein erakundek euskara kontuan hartzen ez duen bitartean, hizkuntz horrek erakundearen baitan izan dezakeen erabilerak (egoerak) hiru ezaugarri izango ditu: a) estatus mugatua, ez-normaldua, hizkuntza gutxitua izanik erdarak gune eta une formal guztiak beteko dituelako; b) egoeraren batean euskara erabiliko bada hiztunen boluntarismo eta hautu hutsean oinarritu beharko da; c) euskararen erabilera toleratua bada ere, gaitzetsia izango da erakundearen funtzionamendurako kostu edo zailtasunen bat dakarren neurrian. Beraz, praktikan oso esparru txikia geldituko zaio hizkuntz gutxituari.

Adibidez, EAEn normalizatuen dagoen eremua irakaskuntzarena dugu; hortik kanpo oso kasu gutxi dira euskararen edo elebitasunaren alde apusturik egin dutenik, gizarte zilegitasuna erdararen alde eroriz.

Gure gizarteko esparru gehienetan euskarak dituen bizi-baldintzak nolakoak diren ikusteko, gaztetxoen bidez jasotako informazioa aztertuko dugu ondorengo lerroetan. Hau da, baldintza horien neurketa zuzena eta objektiboa egin partez, gaztetxoek errealitate horretaz duten iritziez baliatuko gara.

5.2.- Hizkuntzaren erakundetze-maila eta gizarte irudia

Gaztetxoen artean euskarak duen gizarte irudia mugatua da, Hernándezen ustez, eta hizkuntz horren aldekoak direnek ere egoera eta funtzio batzuei soilik lotzen diete. Bestalde, euskararen kontrako diskurtsoetan funtzio gutxiko hizkuntzatzat hartzen da, eta erabiltzen ez dela esaten da ere:

“...gaztelera edo ingelesari atxikitzen zaizkion funtzio eta balio komunikatiboak eta praktikoak –erabilerari zeharo lotuta dauden dimentsioak- azpimarratu beharko lirateke, euskarari atxikitzen zaizkion balio eta dimentsio mitikoekin, politikoekin edo identitate emaileekin –hau da hizkuntz erabilerari baino motibazio edo sentimenduei lotuak- ezberdinduz.» (Hainbat egile 2000: 66-67).

Neska-mutilek bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen dute euskara. Eta ez da, ez, oro har hizkuntz horrekiko atxikimendurik ez dutelako, ezta beraiek euskararentzat egoera hori nahiko luketelako ere; euren euskararekiko interesa eta aldeko jarreraren gainetik, nerabeek beraien ingurune sozialetik jasotzen dutena besterik ez dute islatzen: komunikazio hizkuntza bezala, euskara gizarte esparru gehienetatik at gelditzen deneko adierazle.

Esparruz-esparru aztertuta menpeko izate hori oraindik gordinago agertzen zaigu Euskal Herriari erreparatuta, Berrio-Otxoaren esanetan:

“...’baserria’ da euskararekin lotzen duten egoera, gainontzeko egoera gehienek (...) erdararekin lotzen dituzte. Datu hauek agerian uzten dute gaztetxoek pentsatzen dutela baserri-giroko komunikazio hizkuntza euskara dela.

‘Baserri’ giroa ez ezik, beste hainbat esparru aztertzen ditu aipatutako egileak, egoera jakin batzuen bitartez: familia (ama-haurra, aiton-amonak, familia batera), hezkuntza (ikasgela, kanpalekuak), jendaurreko jardunak (errezoak, futbola, bikote-harremanak, irrati-saioak, jendaurreko hitzaldiak), egungo lan-munduak eta modernotasunak (osasun zerbitzuak, lantegiak, ordenagailu aurreko lana, musika-talde eta kontzertuak, telekomunikazioak). Hona hemen Berrio-Otxoak ondorioztatzen duena:

“Aurkeztutakoaren arabera, baserriaren mundutik modernitatearen eta egungo lan-eretara doan bidean, tartean familia eta hezkuntza harremanetatik eta bestelako jendeaurreko harremanetatik igaroz, euskara protagonismoa galduz doala da gaztetxoek duten irudia. Euskara gizarteko esparru batzuekin eta ez besteekin erlazionatzen dute gaztetxoek eta, jakina denez, beraiek ere irudi edo gizarte arau horren arabera arituko dira ziurrenik esparru edo jardun horietan.»

Egia da hizkuntza egoeraren pertzepzio horretan aldeak daudela lurraldez lurralde aztertuz gero, eta EAEko gaztetxoek familia eta hezkuntza esparruetan euskara erabiltzea hobesten dute; baina, oro har, ez da zeharo iraultzen euskarari buruz nagusitzen den pertzepzioa (Hainbat egile 2000: 195-201). Laburbilduz, eta Erizeren desoreka estrukturala kontzeptuaren eskutik Olasok dioenez:

“Euskarak aurrera egin ez badu, erdal komunitatearen presiopean egon delako izan da. Euskara egiturazko desoreka batean aurkitzen da eta horrek euskararen erabileran eragin zuzena dauka, azken batean.» (Olaso et al.: 2001)

Erakundetze-maila eta horri darion irudia alde batera utzita, gizartean dagoen gazte euskaldunaren irudia hiru multzotan bereizten ditu Hernándezek: caseroak, borrokak eta jatorrak. Casero irudia iragana eta atzerapenari lotzen zaio; bigarrena, borroka, politikari; jatorra irudia, aldiz, hiri-giroan sortzen ari den hainbat zerbitzuen inguruan antzematen da (Hainbat egile 2000: 80-81).

Kasu batzuetan, gazte euskaldunen gaineko irudikapen iluna oso markatua dago; horren adibidea Hernándezek dakarkigu Hegoaldeko erdaldun petoek marrazten duten irudia aipatuz:

“Gaztetxo hauentzat euskaldunek orokorrean itxura berezia dute, askotan ezaugarri negatiboei loturik: gazte euskaldunak lotsagabeak, borrokak, heavy-ak... itxura zikina edo txarra dute. (...) ...modu agresiboak izango lituzkete eta mota guztietako ekintza bortitzekin erlazionatuta agertzen dira (bandera espainiarrak eta edukiontziak erretzen dituzte, harriak botatzen dizkiete besteei...). Beraz, euskal gazteen mundua, mundu iluna eta arriskutsua litzateke.» (Hainbat egile 2000: 46)

Azken irudi hau gizarte osoak duena ez izan arren, gune erdaldunetan nahikoa hedatua egon daiteke.

Erakundetze-maila eta irudiaren ahulezia eta aukerak (3. Taula): Euskararen balio pragmatikorik ezaz 13-14 urteko neska-mutilek adierazten dutena, esparru bakoitzeko erakundeek hizkuntz horri lekurik eskaintzen ez dioten lekuari dario;diotela da; ez da beraiek sortutako edo garatutako irudikapena. Beraz, zuzenean edo zeharka ezagutzen dituzten esparru ezberdinetako erakundeetan ikusi eta antzematen duten errealitatean, oro har, erdara da nagusi eta euskararen elebakartasunak edo euskara/erdararen erabilera orekatuak lekurik ez du. Horra hor euskarak duen ahulezi potolo eta larrienetarikoa.

EAEko salbuespenak oso ulergarria dirudi; izan ere, lurralde horretan irakaskuntza esparruaren euskalduntasuna beste bi lurraldeen errealitateetatik nabarmen gailentzen da, eta, ondorioz, gaztetxoek euskarari mundu horretan eskaintzen dioten lekua ere bai. EAEko esperientzia hori indartzean eta beste bi lurraldetara zein eremuetara hedatzean datza aurrera begirako aukera[11].

Bestalde, gazte euskaldunarengan dagoen irudikapenak baditu indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak. Ahulezia casero irudi zaharkituan datza; egia izan ala ez, gazte euskaldunari buruz dagoen uste hau ez zaie batere erakargarri egingo egungo neska-mutikoei. Indargunea da gazte euskaldun batzuengan ezartzen den jartortasuna: nortasun propiodunak, kirolzaleak, hirikoak...; eta horren bitartez ere sortzen da euskararentzako aukera: euskaldun horiei atxikitzen zaien irudia erakargarria da, eta horrek euskarari ospea emango dio. Mehatxua da euskararentzat, dudarik gabe, ideologia politiko batzuekin identifikatu edo, are mehatxagarriagoa, gazte marjinatuekin nahastu. Euskara irudi horiei lotuz gero ezinezkoa izango da mundu horrekin bat ez datozenak -gehiengoa- euskaraneuskarara biltzea.

Hemen ixten zaigu gure azalpen-ereduaren zirkulua; hau da, gizartearen maila makroari dagozkion hizkuntzaren erakundetze-mailak eta hizkuntz horrek gizartean duen gizarte irudiak, beste bi mailetan izango dute eragina: batetik, maila mikroko komunitate hurbilean eta horko hizkuntz erabileran; eta bestetik, norbanako mailan gizabanakoak euskara ikasteko eta erabiltzeko dituen motibazioetan:

“Honek guztiak ondorio batetara garamatza: hizkuntza bat bizi-berritu nahi badugu gizarte mailako sostengua behar du, maila indibidualean eta gizarte sareetan lan ugari eginda egon arren.» (Olaso et al. 2001)

Halere, eta hasieran aipatu bezala, ezin da ahaztu hiru maila horiek elkarri eragiten diotela, eta horietako batean gertatzen diren aldaketek besteetan ere neurri batean islatzen direla.

Eta, horregatik, nerabeak euskalduntzeko irakaskuntzan egin diren ahaleginek jarraipena izan behar dute, bereziki, gizarte egitura euskaldunduz. Horrela egin ezean, gizartearen egitura erdaldunek oztopatu eta galaraziko dute euskaldunek euren arteko harremanak euskaraz burutzea; hau da, euskarazko hiztunen komunitatea osatzea, euskara hizkuntza bizia izatea.

 

3. Taula: GIZARTE EGITURAN GAILENTZEN DIREN EUSKARAREN INDARGUNEAK, AHULEZIAK, AUKERAK ETA MEHATXUAK EUSKAL HERRIKO GAZTETXOENGAN
INDARGUNEAK AHULEZIAK
Gizarte egitura: EAEn, gehien bat, irakaskuntzako hainbat egoeratan euskara erakundetuta dago. Gizarte ospea: Hiriko gazte euskaldun mota bati atxikitzen zaion irudi jatorra. Gizarte egitura: Esparru gehienetan euskara ez dago erakundetuta eta ‘normaltzat’ erdara bakarrik jotzen da. Gizarte ospea: Euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen da. Aitzindariak diren jardueretan gaztetxoek ez dituzte euskararen lekutzat jotzen. Gazte euskaldunari caseroen irudi zaharkituari lotzen zaio.
AUKERAK MEHATXUAK
Gizarte egitura: Euskara aintzakotzat hartzeko eta erabilera normaltzeko konpromisoa erakunde mota guztietara hedatzea. Gizarte ospea: Hiriko gazte euskaldun eta jator irudi hori hedatu. Gizarte egitura: Gizarte egitura erdalduna euskaldundu ezean, euskararen berreskurapena eragotz daiteke. Gizarte ospea: Euskara politizatu edo marjinaltasunarekin nahastu.

6. Azken hitzak

Etorkizuna Aurreikusten 2001: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara izeneko lanak eskaintzen duen informaziotik hainbat datu eta erreferentzi kontuan hartu dira, lan horretaz zertzelada batzuk eskaintzeko asmoz. Baina ez edozein modutan.

Azterketa horretan, hizkuntz biziaren egoera –edo erabilera- ulertzen lagungarri gerta daitekeen Hizkuntz Biziaren Euskarriak izeneko eredua azaldu dugu, azalpen horietan Olaso eta beste egileek landutako ideia eta Odriozolaren proposamena uztartuz. Hartara, hizkuntzaren egoeran eragina duen arlo oro kontuan hartzeko asmoz, hiru mailak bereizten ditu ereduak, era berean informazioa hiru sail horietan bilduz eta elkarrekiko harremanetan jarriz.

Eta, gure ustez, Euskal Herriko gaztetxoekin egindako ikerlanak eskaintzen duen informazio ugaria balorapen batean laburbiltzeko gaitasuna erakutsi digu ereduak, AMIA eskemak lagundurik, eta burututako azalpenak zentsuazentzua duela argi utzi du. Eta uste dugu hizkuntz errealitatea aztertzeko asmotan, eredu hau are emankorragoa izan daitekeela; hemen kontuan hartutako informaziotik haratago joan daitekeela, hain zuzen, informazio iturri ezberdinek eskainitakoa ordenatuz eta laburbilduz; baita hizkuntz gertakizun korapilatsuen dimentsio ezberdinez ohartarazteko.

Bestalde, eta gaztetxoek emandako informazioa banan-bana jasoa bada ere, horren ale batzuk maila estrukturalean kokatzeko gaitasuna baduela erakusten du ereduak. Zentsu horretan Odriozolak salatzen zuen metodologia batzuen hertsikeria saihesten edo baretzen da, ikerketaren emariei ikuspuntu orokorrago bat eskainita.

Erabilitako Bibliografia:

AMONARRIZ, Kike (1991) “Euskararen erabilpenaren kale neurketen inguruko gogoetak». Bat Soziolinguistika aldizkaria, 3-4. zk.

ARRATIBEL INSAUSTI, Nekane (!999) Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioen errola. Leioa, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea (Doktorego Tesiak).

ERIZE, Xabier (1997) Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa 1863-1936. Soziolinguistika historikoa eta hizkuntza gutxituen bizitza. Iruña, Nafarroako Gobernua.

FISHMAN, Joshua A. (1979) Sociología del lenguaje. Madrid, Cátedra.

FISHMAN Joshua A. (1991) Reversing language shift. Theoretical and empirical foundations of assistance to threatened languages. Clevedon, Multilingual Masters 76.

HAINBAT EGILE (2000) Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara. Martínez de Luna argitaratzailea.

LARRAÑAGA, Nekane (1996) Euskararekiko jarrerak eta jokabideak. Euskalerriko gaztetxoek euskararekiko dituzten jarrerak eta beren eragina euskara ikasi eta erabiltzean. Bilbo, Deustuko Unibertsitatea (Doktorego Tesia, Zk.: 328).

MARTÍNEZ DE LUNA, Iñaki eta Nekane JAUSORO (1998) Euskararekiko motibazio sinbolikoak, in Joseba Intxausti (bilduma-egilea) Euskararen aldeko motibazioak (Donostiako Udako XIII. Ikastaroak, 1994 uztaila). Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea (69-136).

MARTÍNEZ DE LUNA, Iñaki, Nekane JAUSORO, Kontxesi BERRIO-OTXOA eta Ibon IDIRIN (1998) Gizarte sareak eta hizkuntzaren erabilera: euskarari eta gaztelaniari egokitutako hurbilketa. Bat Soziolinguistika Aldizkaria 26.

MORENO FERNÁNDEZ, Francisco (1998) Principios de sociolingüística y sociología del lenguaje. Madrid, Ariel.

ODRIOZOLA, Joxe Manuel (1995) Hizkuntz erabileraren eredu dialektikoa. Hizkuntz harremanen barruti dialektikoa. Bat Soziolinguistika Aldizkaria 17(?).

OLASO, Olatz, Iñaki MARTÍNEZ DE LUNA, Kontxesi BERRIO-OTXOA eta Estepan PLAZAOLA (2001) Ezagutza eta erabileraren arteko jauziaren azalpen teorikoa. Hizkuntzaren Soziologia lantaldea in V. Euskal Soziologia Kongresua, Bilbo, 2001eko martxoak 1-3.

SÁNCHEZ CARRIÓN, Jose María (Txepetx) (1991) Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del euskera y teoría social de las lenguas. Donostia-San Sebastián, José María Sánchez Carrión argitaratzailea.

 


 

[1] Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara (Hainbat egile 2000). Liburu horrek informazio oparoa eskaintzen duenez, datu aipagarrienak soilik erabiliko dira hemen.

[2] Ezagutza eta erabileraren arteko jauziaren azalpen teorikoa (Olaso et al. 2001) lanetik hartu da erabilitako azterketa-eskema. Bestalde, idazti hau burutu bitartean Odriozolaren lanarekin egin genuen topo: Hizkuntz erabileraren eredu dialektikoa (Odriozola 1995); funtsean lan hau eta Olasorena bat datoz, bakoitzak bere berezitasunak baditu ere.

[3] Aztergaiaren indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak kontuan hartzen dituena.

[4] Bistan da hiru elementuok –gaitasuna, motibazioa eta erabilera- Txepetxek hizkuntz prozesuan bereizten eta harremanetan jartzen dituenak direla (Sánchez Carrión “Txepetx» 1991: 35-64).

[5] Hiztun komunitate eta hizkuntz komunitate kontzeptuak bereiztu eta zehaztu beharra dago. Hona hemen lan honetan esleitzen zaien edukia:

§ Hizkuntz komunitatea: hizkuntz baten hiztun guztiek osatutakoa, denbora eta distantziaren gainetik.
§ Hiztun komunitatea: hizkuntza hori erabiliz eguneroko bizitzan harremanetan dauden hiztunek osatutakoa da, non hizkuntz amankomuna izateaz gain hizkuntz horren erabilerarako arau eta kode berdinak ere behar dituzte.

[6] Besteak beste Nekane Larrañaga (1996), Nekane Arratibel (1999) eta Martínez de Luna eta Jausoro (1998).

[7] Gogoratu 3.1 azpiataleko 5. oin-oharrean kontzeptu horien gainean egindako zehaztapenak.

[8] Kirola hautatu da nerabe gehiagok burutzen duten jarduera delako.

[9] Egoera hau lotuta dago 5. atalean lantzen den gizarte egituraren egoerari.

[10] Beste lurraldeetako daturik ez dago, bilakaeraren berri jaso ahal izateko.

[11] Ikuspuntu horretatik begiratuta, oso egokiak dirudite euskalgintzak eta erakunde publiko batzuek hainbat gizarte agenterekin bultzatzen dituzten euskara normaltzeko hitzarmenak, inplikatutako erakundeen aldeko jarrera eta konpromiso zehatza harrarazten dituztelako.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Martínez de Luna
Urtea: 
2001