Quebec-en ingelesez hitz egiten duen hiztun taldearen eta ingelesaren beraren egungo egoerari nahiz etorkizunari buruzko kezkak

Alliance Québec-ek eskatzen duena zera da: hiztun ingelesei Québec-en geratzea eta ekonomikoki nahiz sozialki aurrera egitea ahalbidetuko dieten politikak jarrai daitezela.

Onartzen dugu hizkuntza frantsesa quebectar gehienen hizkuntza dela eta hizkuntza hori testuinguru iparramerikarrean babestu beharra dagoela.

Bestalde, gobernuko lanpostu guztiei dagokienez, izangaiei eskatutako frantsesaren ezaguera eskakizunak ez lituzke gainditu behar lanpostua beraren eskakizunak eta enplegurako behar duen terminologia eskuratzeko aukera eman behar luke prozesuak.

Probintziako gobernuak osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez ere ematen direla zaindu behar luke, osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez izateko aukera bermatzen duten planak Québec-en ongi gauzatzen diren ala ez jakiteko.

Gaixo batek osasun eta gizarte zerbitzuak bere hizkuntzan jasotzeko duen eskubideak, hizkuntz politiken eta langile baten frantsesez lan egiteko eskubidearen aurrean lehentasuna izan behar du.

Oharra: Alliance Québec Quebec-en anglofonoen hizkuntza eskubideen alde lanean diharduen erakundea da. Hemen jasotakoa, berriz, Quebec-eko legebiltzarrari zuzendutako txostenaren bi zati besterik ez dira, egoeraren kokapena eta ondorioak biltzen dituena hain zuzen. Txosten osoa ezagutu nahi duenak jo beza honako helbide honetara: http://www.etatsgeneraux.gouv.qc.ca

Quebec-en hizkuntza frantsesak gaur egun bizi duen egoerari buruzko kontsulta dokumentuak zera egiaztatzen du: frantses hiztunen komunitateak gorakada izan du Quebec-en. Frantsesa hitz egiten duten quebectarren kopurua (%94) inoiz baino handiagoa da eta Quebec-en bizi eta, ondorioz, hizkuntza frantsesekoak diren pertsonen portzentajea %82ra iristen da gaur egun. Quebec-eko hiztun ingelesen komunitateak, betidanik Quebec-en hazkundearen eta historiaren parte izan dena, arriskuan ikusten du gaur egun dituen hiztun kopurua nahiz Quebec-eko gizartean duen lekua babesteko gaitasuna. Guk zera eskatzen diogu Batzordeari: gure beharrak kontuan izan ditzala, XXI. mendean zehar indartzeko eta hedatzeko aukera izan dezagun.

Txostenaren zati honetan, sarreran aurkeztutako lau gai nagusiak aztertzen dira.

  • Udal erakundeen eta eskuratutako eskubideen babesa Enplegua lortzeko aukerak eta gazteen prestakuntza Osasun zaintza eta gizarte zerbitzuak ingelesez izateko aukera Eskola ingelesa izateko aukera

Ondorioak

Hiztun ingelesen komunitatea Quebec-eko gizartearen zati bat da, eta funtsezkoa, gainera. Gure komunitateak, probintzian burutzen diren gizarte ekimenen esparru guztietan parte hartu izan du, horien artean Ipar Amerikan hizkuntza frantsesaren egoera berezia babesteko legediaren eta legearen nahiz pertsonaren eskubide unibertsalen araberako bere definizioaren zirriborroa.

Testuinguru honetan eta, beti ere, elkarrizketa irekia izateko eta lankidetzarako borondatea izanik, Alliance Quebec-ek bere kezkak Batzordeari azaltzea erabaki du, “Parti québécois» izeneko indarraren gobernuak hizkuntza frantsesaren Gutunari dagokionez egin dituen aldaketak hor egon arren, Batzorde goren honek bere agintea amaitu eta bere gomendioak aurkeztu aurretik.

“Alliance Québec» erakundeak ekimen honetan parte hartzea erabaki du, gure ustez argi baitago oraindik ere Quebec-eko biztanle gehienek, beren ama hizkuntza edozein izanik ere, gure probintzian hiztun ingelesen komunitate dinamiko bat behar duela usten dutela.

Duela 30 urte inguru, Québec-en hizkuntzari buruzko lehen legeak onetsi zirenean gure komunitateko ehunka mila kidek, pertsona argi eta eraginkorrek probintzia utzi egin zuten, eta horrek eskolatutako gazte dinamikoen belaunaldi ia oso baten galera eragin zuen.

Probintzian geratzea erabaki zuten Québec-eko hiztun ingelesek irmo egin behar izan zioten aurre hizkuntza frantsesa bultzatu eta indartzea helburu zuen plangintza legislatibo eta administratibo gogor bati, nahiz legearen araberako salaketa anonimoetan, hizkuntzari buruzko arau hausteak zigortzeko bide elektronikoz bidalitako isunetan eta hizkuntzari buruzko araudiak aplikatzeko itxuraz arbitrarioa den arau batean oinarrituriko kexa sistema baten onarpenari aurre egin behar izan diote gogor.

Alliance Québec-ek eskatzen duena zera da: hiztun ingelesei Québec-en geratzea eta ekonomikoki nahiz sozialki aurrera egitea ahalbidetuko dieten politikak jarrai daitezela. Guk pentsatzen dugu hiztun ingelesen komunitatea Québec-eko gizartearen aktibo bat dela, eta munduarekiko nolabaiteko zabaltasuna eskaintzen diola gizarte horri. Québec-eko biztanle guztien interes ekonomiko, sozial eta kulturalen onerako da hiztun ingelesen komunitateak dinamiko jarraitzea.

Québec-eko hiztun ingelesen gutxiengoko kideek erakunde publikoekin lankidetza estuan edo haietan bertan lan egiten dute, enplegua lortzerakoan nahiz osasun edo gizarte zerbitzuak jasotzerakoan eman daitezkeen legez kanpoko egoerak zuzentzeko. Ekimen horiek probintzia osoaren onerako ekintzatzat jo behar dira eta ez hizkuntza frantsesaren etorkizuna arriskuan jartzen duten ekintzatzat. Hiztun ingelesen komunitate sendo eta aurrerakoia, bere kideei hemen bizitzen jarraitzen badute probintziaren hazkunde ekonomikoa, soziala nahiz kulturala bultzatuko dutela sinestarazteko gaitasuna duen komunitatea lorpen handia da hizkuntza frantsesarentzat, epe luzean, hiztun ingelesak Québec uztera bultzatzen dituzten hizkuntz politikak baino onuragarriagoa. Onartzen dugu hizkuntza frantsesa quebectar gehienen hizkuntza dela eta hizkuntza hori testuinguru iparramerikarrean babestu beharra dagoela. Hala ere, gobernuak nahiz hiztun frantsesen komunitateak ingelesa erabilera arrunt eta publikoa duen hizkuntza dela eta Québec-eko gizartearen zati garrantzitsua dela onartzen dutenean soilik finkatu ahal izango dugu hiztun frantsesak nahiz ingelesak asebeteko dituen gizarte kontratua.

Faktore hauek kontuan izanik, Batzordearengan presio gogorra egiten dugu probintziako hizkuntz legeetan egiten diren aldaketen inguruko eztabaida guztiak oinarri positiboa duten neurrien testuinguruan garatzen direla ziurtatu dezan.Hiztun ingelesen komunitatea Québec-eko gizartearen ehunduraren parte da eta, berdintasunean Québec-eko gizartearen kide bat gehiago dela aitortzen den neurrian, hazteko eta hedatzeko aukera guztiak izan behar lituzke. Testuinguru honetan formulatzen ditugu ondorengo gomendioak.

Gomendioak

Udal erakundeen eta eskuratutako eskubideen babesa

Alliance Québec-ek Québec-eko gobernuari eskatzen diona da hizkuntza frantsesaren Gutuna zuzentzeko, biztanleen %10 hiztun ingelesak diren udaletan eta erakundeetan estatutu elebiduna onartzeko eta %10 baino hiztun ingeles gutxiago dituzten udaletan beren udal kontseiluak edo administrazio kontseiluak estatutu elebidunaren aldeko erabakia hartzen badute hura jaso ahal izan dezaten. Era berean, Alliance Québec erakundeak gomendatzen dio Batzordeari presioa egin dezan gobernuan ondorengo gaietan:

  1. Udalei elkartzera eta mega-hiri frantses bihurtzera bultzatzeko ekimenak etetea. Hiztun ingelesen komunitatearen definizioa ama hizkuntza ingelesa dutenetara soilik mugatzen ez dela, baizik komunitate honen parte gisa identifikatzea erabakitzen duen edonor barne hartzen duela ziurtatzea. Hiztun ingelesen komunitateek hazteko eta hedatzeko duten eskubidea eta haien udal erakundeekiko atxikimendua errespetatzea.

Enplegua izateko aukera eta gazteriaren garapena

1. Enplegua izateko aukerarengan eta gazteriaren garapenarengan eragina izan dezakeen edozein legek Québec-eko hiztun ingelesen beharrak eta kezkak identifikatu eta kontuan izan beharko lituzke.

2. Québec-en funtzio publikoa berak zerbitzatzen duen komunitatearen adierazgarriagoa dela eta Québec-eko hiztun ingelesek gobernuko maila guztietan enplegua izateko aukera dutela ziurtatzeko, hiztun ingelesen artean langileak bilatzeko ahalegin handienak egin behar dira.

Neurri hauen esparruan, enplegu eskaintzak eta informazioa egunkari ingelesetan, unibertsitate ingelesetan eta hiztun ingelesek erabiltzen dituzten enplegu bulegoetan iragarri behar lirateke. Bestalde, langileak bilatzeko dokumentazioa ingelesez ere idatzi behar litzake, frantsesez bezala, hiztun ingelesak ere ongietorriak senti daitezen. Funtzio publikoko lanpostuetarako hizkuntza frantsesaren ezaguera ona eskatzearen aurka ez gaude inolaz, baina langileak bilatzeko materialak ahal bezain atsegin bezain posiblea izan beharko luke, eta dokumentu horiek ingelesez ere argitaratzea adierazgarria izan daiteke. Horrez gain, xede komunitateetan langileak bilatuko dituzten hainbat pertsona kontratatzea gomendatzen dugu.

3. Québec-eko gobernuak neurriak hartu behar lituzke Québec-eko probintzia osoko hiztun ingelesei prestakuntza frantsesez eskaintzeko, enplegua bilatzeko beharrezkoa den neurrian. Jendeak lan merkatura iritsi aurretik ikasketen garaian frantsesez prestakuntza egokia jaso ala ez, eskumen hau hobetzeko aukera guztiek izan behar lukete eta horretarako gobernuaren laguntza osoa izan behar lukete. Erakunde ingelesetan Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan (cégep) eta unibertsitatean frantsesez prestakuntza eskaintzeko programak indarrean jarri behar lirateke. Giza baliabideen Garapenerako bitartekarien aldetik frantsesez doako prestakuntza eskaintzeko beharra larria da eta probintziako zenbait eskualde izan daitezke xede oraintxe bertatik.

Bestalde, gobernuko lanpostu guztiei dagokienez, izangaiei eskatutako frantsesaren ezaguera eskakizunak ez lituzke gainditu behar lanpostua beraren eskakizunak eta enplegurako behar duen terminologia eskuratzeko aukera eman behar luke prozesuak. Zarritan hiztun ingelesak elebidunak izan ohi dira baina ez dute enpleguari dagokion terminologia frantsesa menperatzen. Izangaiek frogarako denboraldi bat izan behar lukete lanean behar duten hiztegia menperatzeko.

4. Probintzia osoan ingelesez prestakuntza tekniko eta profesionala eskaintzeko neurriak hartu behar dira. Gobernuak berrikusi egin behar lituzke aurrekontu arazoak direla eta oso kaltetuak gertatu diren prestakuntza tekniko eta profesionalerako programak. Sistema honen barruan eskaintzen diren ikastaroak berrikusi behar dira eta osotasun bat eman behar zaie. Ikastaro hauek eskualdeen eta hizkuntzen mugak kontuan izan gabe eskaini behar lirateke.

5. Hiztun ingelesen komunitateak gazteak Québec-en gera daitezen eta enplegua aurki dezaten sortutako erakundeek laguntza ekonomikoak jaso behar lukete.

6. Enplegua bilatzeko probak lanbide desberdinetako erakunde ofizialek administratu behar lituzkete, adibidez, Québec-eko Medikuen Elkargoak edo Abokatuen Elkargoak. Horrez gain, proba horien beharra Elkargo horietako bakoitzak finkatu behar luke eta ez hizkuntza frantsesaren Bulegoak.

7. Sektore pribatuko lanpostuei loturiko hizkuntz eskakizunei buruzko erabaki guztiak dagokion enpresa pribatuak hartu behar lituzke eta ez gobernuak. Zentzugabea da nazioarte mailako ekonomia baten esparruan gobernuak enpresa pribatuei lanpostuen eskakizunei buruzko arauak ezartzea, bereziki gobernuak lanpostuaren edukiak ezagutzen ez baditu.

8. Kanadako beste probintzia batzuetako ikasleek hona etorri eta hemen beren unibertsitate ikasketak egin ahal izan ditzaten, ordain ditzaketen gastuekin, eta ondoren hemen geratzeko aukera izan dezaten, modu horretan hiztun ingelesen komunitateari nahiz Québec-eko gizarteari beren ekarpena eginez. Zentzugabea da beste herrialde batzuetatik etortzen diren ikasleek ordaintzen dituzten eskola gastuak Kanadako beste probintzia batzuetatik etorritakoek ordaintzen dituztenak baino baxuagoak izatea.

Osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez izateko aukera

  1. Probintziako gobernuak osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez ere ematen direla zaindu behar luke, osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez izateko aukera bermatzen duten planak Québec-en ongi gauzatzen diren ala ez jakiteko. Osasun arloko profesionalei egiten zaizkien hizkuntz probak berrikusi behar dira eta horrez gain, horiei egiten zaizkien probetan beraiek osatzen duten biztanle-multzoaren konposaketa islatzen duten probak egiten direla bermatzen duen formula bat sortu behar da. Baina ez hori bakarrik; proba guztiak medikuen elkargoak edo dagokion osasun erakundeak berak administratu behar lituzke. Proba horiek arrakastarik izango ez balute horien ordez gobernuak eskainitako hizkuntz prestakuntza jarraitzeko beharra ezarri behar litzake. Gobernuak osasun arloko profesional guztiei lantokian hizkuntz prestakuntza eskaini behar lieke, beharra baldin badute. Hizkuntza frantsesaren Gutuna aldatu egin behar litzake ondorengo puntuetan:
    1. Gaixo batek osasun eta gizarte zerbitzuak bere hizkuntzan jasotzeko duen eskubideak, hizkuntz politiken eta langile baten frantsesez lan egiteko eskubidearen aurrean lehentasuna izan behar du. Hiztun ingelesen komunitatearen beharrei hobeto erantzuteko bere zerbitzura dauden erakundeek elebidunak izan behar dute, haien bezeroen %10 baino gehiago ez baitira frankofonoak.
    Hiztun ingelesen komunitatearentzat osasun zerbitzuen koordinatzaile zerbitzuak ziurtatu behar dira, Kanada-Québec hitzarmenean aurreikusitakoari jarraituz. Osasun zerbitzuak ingelesez ematen direla ziurtatzen duten koordinatzaileen zeregina ezinbestekoa da hiztun ingelesen komunitateak osasun eta gizarte zerbitzuak ingelesez behar bezala jasotzen dituela ziurtatzeko eta aldi berean komunitatearen eta hura zerbitzatzen duten erakundeen arteko lotura-agentearen zeregina betetzen du. CLSC direlakoek ekipamendu hobeak izan ditzaten beharrezko dirulaguntzak ematea, zahartzen ari den hiztun ingelesen komunitatearen zerbitzu eskaera gero eta ugariagoei erantzun ahal izateko etxean arreta emanez.

Heziketa ingelesez jasotzeko aukera

  1. Québec-eko Batzar Nazionalak, Kanadako konstituzioaren 59(2) artikuluan xedatutako obligazioen arabera jardun dezala eta indarrean jar dezala aipatu konstituzioko 59(1) artikulua baliogabetzeko Kanadako gobernuari baimena emango dion legeria, hain zuzen ere aipatutako Batzar Nazionalak, hizkuntza frantsesaren Gutunaren sarrerako klausularekin bat eginik duen artikulua, horrek justiziaren eta irekitasunaren izpiritu eta letrari lotzen baitio. 73.5 artikulua, zera dioena: «1977. urteko abuztuaren 26an Québec-en bizi zen ama edo aita duten haurrek, ingelesezko lehen mailako heziketa Québec-etik kanpo jaso badute, baldin eta ikaskuntza horiek Québec-etik kanpo jasotako lehen mailako ikaskuntzen zatirik handiena badira» beste testu honekin aldatua izan dadila:
    «Québec-en bizi zen ama edo aita duten haurrek, ingelesezko lehen mailako heziketa Québec-etik kanpo jaso badute». Hizkuntza frantsesaren Gutunean hezkuntzari dagokionez xedatutakoa ez dela batxilergoan (“cégeps» delakoetan) betetzen. Alliance Québec erakundeak zera gomendatzen du: Hezkuntza ministerioak eskola frantsesa egitera behartuta dauden hiztun ingelesek bi hizkuntzen (frantsesaren nahiz ingelesaren) ikaskuntza hobetu dezaten beharrezko baliabide finantzarioak eman ditzala eta beharrezko neurriak har ditzala.
    Azkenik, azpimarratzea merezi du hizkuntza frantsesa garatu eta hedatu egin dela 101. Legea onetsi zenetik. Etorkizunera begiratzeko ordua da, Québec-eko biztanle guztien oparotasun ekonomiko, sozial eta kulturala ziurtatzeko lanean hasteko ordua.
    Amaitzeko, Batzordeko kideei eskerrak eman nahi dizkiegu eskaini diguten denbora eta arretagatik.
BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Alliance Québec
Urtea: 
2001