Frantsesaren lege-babesa Quebec-en, aurrerabideak

Hizkuntza eskubideek garrantzia handia dute Quebec-en eta ez dute konstituzio mailako babesik jasotzen, horregatik Turp jaunak batzorde horri gobernuak izaera hori eman diezaion ahalegintzeko eskatzen dio.

Turp jaunak, hori guztia jasotzen duen Quebec-eko Konstituzioa zirriborroa prestatu du (ikus II. eranskina). Horren arabera, frantsesa da Quebec-eko estatuaren hizkuntza ofizial eta komuna.

Bere kezka nagusia ordea nazioartean frantsesa babesteko hitzarmenik ez egotea da. Bere ustez beharrezkoa da horrelakorik izatea Quebec-ek bere hizkuntzari eutsiko badio.

1. Frantsesa da Quebec-eko estatuaren hizkuntza ofiziala.

2. Ingelesak eta hizkuntza autoktonoek frantsesarekin batera Quebec-en hizkuntza aberastasuna osatzen dute eta babes eta errespetu berezia behar duten kultur ondarea osatzen dute.

Pertsona orok du Administrazioarekin, osasun eta gizarte zerbitzuekin, izaera publikoko entrepresekin, gremio profesionalekin, lagile elkarteekin eta Quebec-en diharduten enpresekin frantsesa erabiltzeko eskubidea.

Nazio autoktonoen gobernu autonomiak, Quebec-eko gobernuarekin hitzartutakoaren baitan, kultura, hezkuntza, hizkuntza, gizarte zerbitzuak eta ekonomia garapenean dituzten premiak asetzeko eskubidea onartzen die.

Oharra: Daniel Turp abokatu eta unibertsitateko irakaslea da. Frantses hizkuntza eta hiztunen eskubideen alde jardun da azken urteotan eta ekarpen ugari egin ditu. Hemen jasotakoa iaz Quebec-eko legebiltzarrari zuzendutako bi txostenen laburpena da. Txostenak eskuratu nahi dituenak jo beza honako helbide honetara: http://www.etatsgeneraux.gouv.qc.ca

“

"Hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak dira eta lege babes gorena behar dute". Honela laburbil liteke ondorengo lerroetan jasotzen denak. Daniel Turp abokatu eta unibertsitateko irakasleak aurten bi txosten igorri dizkio Quebec-eko legebiltzarrak gai hauek jorratzeko duen batzordeari. Oraingo honetan bi txosten horien edukia laburbiltzen ahaleginduko gara. Lehena Quebec-en hizkuntza eskubideek behar duten lege-babesari buruzkoa da, bigarrena, berriz, nazioarteko legedien aldetik behar duenari buruzkoa.

Oinarrizko eskubideak Konstituzioan jaso behar dira

Daniel Turp-ek Quebec-en onartzen diren oinarrizko hizkuntza eskubideei Konstituzioak ematen dien babesa jorratu nahi du. Eskubide horiek Charte de la langue francaise delakoak biltzen dituenak dira. Turp jaunaren aburuz hizkuntza eskubideen babesa Konstituzio mailara igotzea beharrezkoa da horrek unean uneko aldaketa politikoetatik babesten baititu, horrela ez baitira ausaz legebiltzarrean gerta daitezkeen gehiengoen menpe gelditzen.

Kanadako Konstituzioak hizkuntza eskubideak onartzen ditu, Quebec-en, ordea, indarreango hizkuntza eskubideak (Charte de la langue francaisen aipatzen direnak) ez dira bertako Konstituzioan jasotzen.

Egileak bi bide ikusten ditu Quebec-en onartutako hizkuntza eskubideei konstituzio izaera emateko: Lehena Quebec-en oinarrizkoak diren hizkuntza eskubide batzuk Canadako Konstituzioan txertatxea (badirudi, orain arte Quebec-ek hizkuntza kontuetan izan duen autonomiak horren kontra egin izan duela). Bigarren aukera, berriz, Quebec-ek bere kabuz hizkuntza eskubideak konstituzio mailara jasotzeko lanari ekitea. Urrats hau era desberdinetara egin daiteke: 1.- Charte de la langue francaise-n jasotzen diren eskubideetako zenbait Quebec-eko Charte des droits et libertés de la personne du Quebec delakoan txertatuz. Horrek maila ia-Konstituzionala emango lioke, edo; 2.- eskubide horiek Quebec-eko benetako Konstituzio batean txertatuz.

2001. urteko otsailaren 28an jarri zen indarrean Loi sur les droits fundamentaux et les prérogatives du peuple québecois et de l´État du Québec. Turp jaunaren iritziz lege horrek ez du Konstituzioaren pareko maila eta ez ditu ziurtatzen hizkuntza eskubideak (besteak beste, ez duelako zehazten zein betebehar dituen Québec-eko estatuak Charte de la langue francaisen jasotzen diren eskubideekiko eta aldiz, anglofonoen eskubideak berariaz aipatzen dituelako, nahiz eta hauek ere jasota egon Charte-an).

Turp jaunarentzat hizkuntza eskubideei Konstituzio mailako izaera ematea funtsezkoa da. Izan ere, Kanadako Charte canadienne des droits et libertés delakoan jasotzen diren eskubideak ukiezinak direnez, (baita Quebec-eko epaileentzat ere) Charte de la langue francaise-n hezkuntzako hizkuntzaz xedatzen direnak indarrik gabe gelditzea ahalbideratu du.

Hizkuntza eskubideek garrantzia handia dute Quebec-en eta ez dute konstituzio mailako babesik jasotzen, horregatik Turp jaunak batzorde horri gobernuak izaera hori eman diezaion ahalegintzeko eskatzen dio. Abokatuaren iritziz, zenbait hizkuntza eskubide oinarrizkoak baldin badira, Charte de la langue francaise-ren II atalean jasotzen diren horiek esaterako (Ikus I. eranskina), egokiena Charte des droits et libertés de la personne du Québec-en baitan txertatu beharrekoak dira. Hori egiteak, berehala, izaera ia-konstituzionala emango lioke eta horrekin ez litzateke beharrezkoa izango erabaki “bereziak» hartzea. Erabaki berezia da, esaterako, Charte de la langue francaise, hutsune konstituzionala betetzeko sortutakoa.

Bere proposamena Charte quebécois horretan Charte de la langue francaise delakoak II atalean jasotzen dituenak txertatzea da. Bere aburuz, urrats hori emanda babes konstituzionala ez litzatzeke frantsesa erabiltzeko eskubidearentzat soilik izango, Quebec-eko anglofono eta bertako herrietako komunitateen eskubideen babesa ere ekarriko luke.

Urrats hori emanez, bigarren hutsune bat ere konpon zitekeelakoan dago. Egun Charte de la langue francaise-n anglofono eta bertako herrietako hiztunen eskubideak jasotzen dira. Aldaketa honek gauzak bere bidera ekar litzake, hots, Charte de la langue francaise-n frantsesa erabiltzeko eskubideetara mugatzea eta horren ondoan gutxiengoen babeserako beste Charte bat indarrean jartzea, xeheago jorratuko dituena komunitate horien eskubideak.

Turp-ek, beraz, Quebec-eko Charte des droits et libertés de la personne du Québec delakoak dituen mugak ikusita, Quebec-ek benetako Konstituzio baten jabe egin beharra aldarrikatzen du, eta Konstituzio horren baitan jasotzea oinarrizko eskubide horiek. Quebec-eko Konstituzio horrek oinarrizko eskubideen Charte bat izan beharko luke eta hor jaso beharko lirateke egungo Charte des droits et libertés de la personne eta Charte de la langue francaise delakoetan jasotzen direnak (komunitate frankofono, anglofono eta bertako herrien hizkuntza eskubideak alegia).

Turp jaunak, hori guztia jasotzen duen Quebec-eko Konstituzioa zirriborroa prestatu du (ikus II. eranskina). Horren arabera, frantsesa da Quebec-eko estatuaren hizkuntza ofizial eta komuna. Ingelesa nahiz hizkuntza autoktonoak, berriz, bertako kulturaren aberasgarri diren neurrian, bi komunitate horietako hiztunei hizkuntza eskubide berezien jabetza aitortzen die.

Frantsesaren etorkizuna, hizkuntza eskubideak eta Quebec-en nazioarteko betebeharrak

Turp jaunak hizkuntza eskubideak Konstituzio mailara igotzeari premiazkoa irizten dio eta era berean oinarrizko eskubide horien babesan nazioartekotzeak duen garrantziari errepara dakion eskatzen du. Izan ere, bere aburuz, nazioarteko hitzarmenetan ez dago frantsesa babesten lagunduko duen xedapen berezirik.

Babes berezi hori gauzatzeko aukera eskaintzen duten eskubideen artean herriek beren buruaren jabe izanik estatutu politikoa zehaztu eta beren kultur garapena askatasunez ziurtatzeko duten eskubidea dago. Eskubide hori Gizakiaren eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak jasotzen du. Quebec-ek sinatu eta bere egina du hitzarmen horren mamia.

Hizkuntza eskubideei dagokienez, egun nazioartean indarrean dauden zenbait hitzarmenek ziurtatzen dituzte gutxiengoetako kide diren pertsonen eskubideak. Quebec-ek berak hitzarmen horiek sinatu ez baditu ere, Kanadak sinatu dituenez, Quebec bera ere horiei loturik dago. Horien artean dago Eskubide zibil eta politikoei buruzko nazioarteko hitzarmena. Horren arabera, gutxiengo orori kultur bizitza propioa garatu, erlijioari eutsi eta hizkuntzan mintzatzeko eskubidea onartzen zaio. Eskubide hori adin txikiko pertsonen kasuan ukaezina dela azpimarratzen da.

Nazio Batuek 1992an gutxiengo nazional, etniko, erlijioso edo linguistikoetako kide dire pertsonen eskubideen deklarazioa onartu zuten. Aldarrikapen hori betetzea ez da derrigorrezkoa eta Quebec ez zaio atxiki. Gutxiengoetako kide diren pertsonek bere hizkuntzaz baliatzeko duten eskubidearen jarraipena Giza eskubideen Batzordeak egiten du. 18 lagunez osatutako aditu-batzordea da. Batzorde honen aurrean 1993an Quebec-eko gutxiengo anglofonoak eskubide zibilen hitzarmena bortxatu izana salatu zuen, Charte de la langue française bera auzitan jarriaz. Batzordeak ez zuen onartu, ordea, salaketa komunitate anglofonoa Kanadan gutxiengoa ez dela argudiatu. Irakurketa horrek, ordea, ez dio Quebec-en izaera beregainari erreparatzen. Frankofonoak nagusi dira Quebec-en eta anglofonoak, berriz, gutxiengo, Nazio Batuen batzorde horrek ez zuen hori aintzat hartu.

Daniel Turp-en aburuz, egungo egoera arras nahasia da eta ez da behar bezainbeste sakontzen Quebec-ek dituen nazioarteko betebeharretan. Bere aburuz, nazioarteko hitzarmenen inguruko gogoetak komunitate anglofonoaren estatusa argitzen lagun dezake. Halaber Euroitunari erreparatzea ere eskatzen du bertan zer ikasia badelakoan.

Bere kezka nagusia ordea nazioartean frantsesa babesteko hitzarmenik ez egotea da. Bere ustez beharrezkoa da horrelakorik izatea Quebec-ek bere hizkuntzari eutsiko badio. Batzordeari Frankofoniaren erakundeak horretan ahalegin daitezen eskatzen dio.

I. eranskina: Charte de la langue francaise delakoan, 2. Atalean jasotzen direnak:

  1. Pertsona orok du Administrazioarekin, osasun eta gizarte zerbitzuekin, izaera publikoko entrepresekin, gremio profesionalekin, lagile elkarteekin eta Quebec-en diharduten enpresekin frantsesa erabiltzeko eskubidea. Batzar erabakitzaileetan pertsona orok du frantsesez mintzatzeko eskubidea. Langileek bere eginkizunak frantsesez garatzeko eskubidea dute. Ondasun edo zerbitzuen kontsumitzaileek frantsesez informatu edo zerbitzatuak izateko eskubidea dute. Quebec-en heziketa jaso dezakeen pertsona orok du hezikera hori frantsesez jasotzeko eskubidea.

II. eranskina: Quebec-eko konstituzio egitasmoa, Daniel Turp-en proposamena. (osorik ikusi nahi izanez gero jo www.danielturp.org helbidera.

Quebec-eko konstituzio egitasmoa

Atarikoa

Kontuan izanik zeinen garrantzitsua den frantsesaren kalitatea eta hedapena ziurtatu eta berau Quebectarren hizkuntza komuna egitea;

Kontuan izanik Quebec-ek helburu hori erdiestea justizia eta zabaltasun izpiritu batez egitea esan nahi duela, Quebec-eko komunitate anglofonoaren eskubideak eta erakundeak errespetatuz;

Kontuan izanik Quebec-ek aintzat hartzen duela komunitate autoktonoek bere burua gobernatzeko, beren identitatea eta kultura garatzeko eta beren herrien garapena ziurtatzeko duten eskubidea;

Kontuan izanik Quebec-ek komunitate etnokulturalek funtsezko egitekoa dutela Quebec-en garapenean;

Ondorioz, aipatutako xedapenak Quebec-eko konstituzioan txertatzea ontzat ematen da.

LEHEN ATALA

ESTATUAZ ETA SUBIRAUTZAZ

3. Atala – Estatuaren hizkuntzak

1. Frantsesa da Quebec-eko estatuaren hizkuntza ofiziala.

2. Ingelesak eta hizkuntza autoktonoek frantsesarekin batera Quebec-en hizkuntza aberastasuna osatzen dute eta babes eta errespetu berezia behar duten kultur ondarea osatzen dute.

BIGARREN ATALA

PERTSONEN ESKUBIDE, ASKATASUN ETA BETEBEHARRAK

1. Pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean eta legearen aurrean diskriminaziorik gabe babes bera jasotzeko eskubidea dute. Horren kariaz, legeak diskriminazio oro galerazten du, batik bat adina, kolorea, egoera zibila, gizentasuna, elbarritasuna, hizkuntza, jaiotza, iritzi politikoa edo bestalako iritzia, jatorri nazional edo soziala, joera sexuala, arraza, erlijioa, sexua edo beste edozein egoera dela medio.

2. Aurreko paragrafoak ez ditu legez eragotzi nahi egoera txarrean dauden pertsona edo taldeen egoera hobetzeko xedea duten programa edo ekimenak, batik bat adina, kolorea, egoera zibila, gizentasuna, elbarritasuna, hizkuntza, jaiotza, iritzi politikoa edo bestalako iritzia, jatorri nazional edo soziala, joera sexuala, arraza, erlijioa, sexua edo beste edozein egoera dela medio.

3. Inor ez da baztertu behar 1. paragrafoan aipatutako arrazoiengatik, eta ezin da diskriminazioa sustatzen duen ikur edo jarrerarik agertu, ez eta hori egiteko baimenik eman ere.

16.1 atala – Hizkuntza eskubideak

1. Pertsona orok du Administrazioarekin, osasun eta gizarte zerbitzuekin, izaera publikoko entrepresekin, gremio profesionalekin, lagile elkarteekin eta Quebec-en diharduten enpresekin frantsesa erabiltzeko eskubidea.

2. Batzar erabakitzaileetan pertsona orok du frantsesez mintzatzeko eskubidea.

3. Langileek bere eginkizunak frantsesez garatzeko eskubidea dute.

4. Ondasun edo zerbitzuen kontsumitzaileek frantsesez informatu edo zerbitzatuak izateko eskubidea dute.

5. Quebec-en heziketa jaso dezakeen pertsona orok du hezikera hori frantsesez jasotzeko eskubidea.

 

3. atala

KOLEKTIBITATEEN ESKUBIDEAK, ASKATASUNA ETA BETEBEHARRAK

23. atala – Nazio autoktonoak

1. Quebec-eko nazio autoktonoak dira Abenakiak, Algonkinak, Attikameks-ak, Kriak, Huroiak, Inuitak, Malezitak, Mikmak-ak, Mohawkak, Montagnais-ak eta Naskapiak. Quebec-ek onartzen du herri autoktonoak herri desberdinak direla eta garrantzitsua dela hauen identitatea eta partehartzea gordetzea Quebec-en garapenerako.

2. Herri hauen eskubideak, antzinakoak izan nahiz hitzartutakoak, indarrean jarraituko dute Konstituzio hau indarrean jarri ondoren ere, babes berarekin jarrai dezaten.

3. Nazio autoktonoek euren ahozko, erlijiozko nahiz kulturazko tradizioa erabili, garatu, biziberritu eta belaunaldi berriei transmitzeko eskubidea dute.

4. Nazio autoktonoen gobernu autonomiak, Quebec-eko gobernuarekin hitzartutakoaren baitan, kultura, hezkuntza, hizkuntza, gizarte zerbitzuak eta ekonomia garapenean dituzten premiak asetzeko eskubidea onartzen die.

24. atala – Komunitate anglofonoa

1. Komunitate anglofonoak bere identitate historikoa, hizkuntzazkoa, kulturala eta bere identitatea gorde eta askatasunez garatzeko eskubidea du.

2. Komunitate anglofonoko kide den pertsona orok bere eskubide zibil eta politiko guztietan ingelesaz baliatzeko aukera izan behar du.

3. Quebec nahiz Kanadan lehen nahiz bigarren hezkuntza ingelesa jaso duten gurasoen seme-alabek lehen nahiz bigarren hezkuntza ingelesez jasotzeko eskubidea dute.

4. Komunitate anglofonoa osatzen duten pertsonek lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza ingelesez eskaintzen duten ikastetxeen kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute, bai eta heziketa, osasun, erlijio nahiz kultura mailan zerbitzua eskaintzen duten zerbitzuetan parte hartzeko ere.

25. atala – Komunitate etnokulturalak

1. Quebec-ek onartzen du komunitate etnokulturalek Quebec-eko aniztasunari ekarpena egiten diotela eta Quebec-en garapenean parte hartzen dutela.

2. Komunitate etnokulturaletako kide diren pertsonei ezin zaie ukatu bere komunitateko kideekin batera, kultur bizitza izan, beren erjilioan bizi eta beren hizkuntzaz baliatzea.

7. ATALA. KONSTITUZIOA INDARREAN JARTZEAZ

60. atala – Argitalpena, hedapena eta heziketa

2. Konstituzio honen frantsesezko testua ofiziala da. Konstituzio hau, halaber, ingelesez nahiz hizkuntza autoktonoetan argitaratuko da.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001