Aitana Guía i Concarekin elkarrizketa

Balearretan edo Kataluniako Printzerrian gaztelera eta katalanera aurrez-aurre jartzea erabaki zen bitartean, Valentzian zeharkako erasoa egitea hautatu zuten: auzi bat sortu zen -ordura arte gizarte mailako auzi politikoa izan ez zena- “valenciano» deitzen duten hori eta katalaneraren artean, bi hizkuntza desberdin eta bereiztu direla esanez.

Zatiketaren aldeko taldea itzal sozial edo historikorik gabeko banako eta erakundeek osatzen dute (Lo Rat Penat izan ezik, erakunde hori XIX. mendekoa da, transizio garaian egin zuten “blavero»). Elkarte horiek, ordea, finantziazio pribatu (Lladró enpresa gizona eta izen ezaguneko beste zenbait izan dira mugimendu honen sustatzaile) nahiz pubiko handia izan dute

Hizkuntzari buruzko gatazka politikoaren eraberritze honetan, PP zatiketaren eta antikatalanismoaren erreferente bakarra bihurtu da eta horrek gehiengo absolutua emandio Valentziako Gorteetan. Beraz, AVL PPri errenta politikoa ematen ari zaio jada.

Hizkuntzaren hiztunak eta bere multzo politizatu eta antolatua orain hasi da ohartzen, zenbait urte beranduago, maskarada honetan, “hizkuntza paktuaren» operazioan, galtzaile nor izan den.

PSOEk bere posizioari zilegitasuna eman nahi zion eta amaieran garaile irten hizkuntza kontuetan hizkuntza katalanaren batasuna ziurtatu eta arau-emaile izango zen erreferente batekin (AVL izan zen emaitza). Baina badirudi ez direla horiek PPren asmoak. Beraz, PSOEk ez zituen bere kartak behar bezala jokatu.

CiU, hizkuntza paktuaren garaian, PPren gobernuaren oinarria zen estatu mailan eta katalaneraren lege berriaren onarpenaren erdian zegoen.

PPk agintea eskuratzearekin batera, “hizkuntzaren etsaien aurkako batasuna» ekarri beharrean hizkuntzaren aldeko gizarte mugimenduaren zatiketa ekarri du. PP suntsitu nahi duen hori babestu nahi duela esanez emaitza politiko oparoa eskuratzen ari da.

Valentzian valentziera hitz egiteak, eta ez,ordea, katalanera, Katalan Herrien ideia bera zapuzten du eta “Valentziako Komunitatea» Espainian hobeto txertatzea ahalbidetzen du.

Historialari valentziarra

“Hizkuntza nazio identifikaziorako osagai oso garrantzitsua da eta, hori dela eta, hizkuntza zatiketak hiztunen nazio identifikazioa higatzea du helburu.»

Kataluniara sarritan begiratzen dugu, zer ikasiko irrikan. Gutxitan erreparatzen diogu, ordea, Katalan Herrietako errealitateari. Izan ere, Printzerrian egindako lanaren gazi-gozoak ezagutzea jakingarri baldin bazaigu ere, gainerako Herri Katalanetan ere badugu zer ikasia. Gaurkoan Valentziako errealitatera hurbildu nahi izan dugu. Bertan hizkuntza batasunaren eztabaida bizi-bizi dago azken urteotan eta gatazka politikoaren muinean jarri dute Euskal Herrian euskararen normalkuntza eta berreskurapena eragozten ari diren horiek. Han zer gertatzen ari den ezagutzeko Aitana Guiá i Conca historialari eta abokatuarengana egin dugu. Azken urteotan sakon aztertu du gaia eta gai hau ikertzen egindako lanagatik saritu ere egin dute.

 

Zure ikerketa lanaren ondorioetan diozunez, PP alderdiak hizkuntza katalanaren batasuna errenta politikoa eskuratzeko erasotu du. Azalduko al zeniguke hitz gutxita nola egin duen?

PP –aurretik Alianza Popular- hizkuntza katalana erasotzen ari da transizioa hasi zenetik, eta baita aurretik ere, frankismoaren oinordeko baitira. Valentziako kasuan jorratu duten estrategia katalanez mintzo diren beste lurraldeetan jorratu dutenaren aldean oso bestelakoa izan da. Balearretan edo Kataluniako Printzerrian gaztelera eta katalanera aurrez-aurre jartzea erabaki zen bitartean, Valentzian zeharkako erasoa egitea hautatu zuten: auzi bat sortu zen -ordura arte gizarte mailako auzi politikoa izan ez zena- “valenciano» deitzen duten hori eta katalaneraren artean, bi hizkuntza desberdin eta bereiztu direla esanez.

Antikatalanismoa, ideologia para-faxista den heinean, eta hizkuntza bereizketa txanpon beraren alde bi dira. Hots “blavera» deitzen den ideologia dira (“Blavero» hitzak ikurrina katalanari eransten zaion marra urdinari –“blau» = “urdin» katalanez- egiten dio aipamena, ezaugarri bereizle moduan hartzen baita). PSOE boterean egon zen urte horietan PPk diskurtso “blaveroa» erabilil zuen boterea higatzeko eta PSOEk makal sustatzen zituen hizkuntza eta kultura berreskurapenaren aurka borrokatzeko. Zehatzagoa da esatea PSOEk ez zuela oztopatzen besteek egiten zutena.

PPk Unión Valencianarekin egindako gobernu hitzamenari esker Valentziako Generalitatea eskuratu eta Valentziako Gorteetan gehiengoa izan zuenean egoera aldatzen hasi zen (Unión Valenciana alderdi erregionalista-espainolista da, bere oinarrizko izatean antikatalanismoa eta hizkuntza bereizketaren aldekoa izatea daude). Aldaketa 1995ean gertatu zen. Autonomia Estatutua onartu zenetik lehen aldiz, hizkuntza bereizketaren aldekoek aparatu instituzionala kontrolatzen zuten, eta hizkuntzaren batasuna desegiteko erabili zuten: Valentzieraz ikastea gatazka iturri bihurtu zuten, beronen izen ona eta beronen erabileran PSOEren 13 urtetako agintaldian egindako politika makalak ekarritako igoera eten zuten. Helburua hizkuntza bera desegitea zen, Valentzian edo Herri Katalanetan edozein aukera abertzalek izan zezakeen aukera zapuzteko.

Nola egin duten? Bada, “hizkuntza hitzarmen» bat asmatu dute mahai berean eserraraziz alderdi politikoetako ordezkariak, batasunaren aldeko eta kontrako elkarteak, unibertsitateak... dena zaku berean eta nahasian. Mahai horren eginbeharra PPren aburuz behar bezala zehaztuta ez zeuden gaiak zehaztea zen (Batetik, valentzieraren jatorria –XIII. mendeko konkista katalaneraren eraginez hizkuntza katalanaren bilakaeratik eratorria den ala erromatarren hizkuntzatik zuzeneko bilakaera beregainaz sortu zen?- eta, bestetik, beronen indentitatea, valentzianoa katalanera da ala errumaniera edo frantsesaren moduan hizkuntza erabat burujabea da?). Zentzugabekeria honetatik autoritate linguistikoa duen beste erakunde bat sortu zen (badirudi Institut d’Estudis Catalans edo univertsitateak ez zirela horretarako aski): “Acadèmia Valenciana de la Llengua» delakoa (aurreantzean AVL). Erakunde honek hizkuntza batasunaren ildoa sustatzeko duen gaitasuna zalantzan jartzeko aski adierazle badago. Ziurrenik, epe ertainera, bereizketaren hasi eta hizkuntza desegiteko balio izango du.

Elkarrizketaren batean hizkutza zatiketa arriskua dagoela adierazi izan duzu. Azalduko al zeniguke zer dakarren honek katalaneraren eremuan?

Valentzian badago hizkuntza zatiketarako arriskua (Kataluniako Printzerrian eta Balearretan bestelako arazoak dituzte) eta horrek, lehen lehenik, 1983an eskoletan hizkuntza berreskuratzeko hasitako prozesua (gora behera handiak izan arren emaitza positiboak eman dituena) zapuztea lekarke. Bigarren, valentzieraz diharduen kultur sare osoa desegitea ekarriko luke (argitaletxeak, hedabideak...) eta, aldi berean, katalanerazko produktuen merkatu txikia bi edo hiru merkatu desberdinetan banatzen du (7 milioi hiztun biltzen dituen merkatu batetik valentziako merkatuak biltzen dituen bi milioiko merkatu batera pasako ginateke). Ondorio nagusia, zatiketa honekin hizkuntza katalana are ahulago dago gaztelera edo ingelesari aurre egiteko. Zazpi milioi hiztunek duten indarra nabarmen murriztuko litzateke. Valentziako hizkuntza zatiketak hizkuntza katalana osorik erasotzen du eta bere biziraupena galarazten du.

Hizkuntza giza ekimenaren ardatza den eremuetan, zein modutan adierazi da politika hau?

Hizkuntza zatiketa ez da serioa hizkuntza ardatz nagusia den eremuei dagokionez. Eskolan ez dago horrelakorik, hedabideetan ere ez (gehienak gaztelerazkoak dira eta katalaneraz direnak katalanera normatiboan dihardute), Valentziako argitaletxeen eremua katalaneraren inguruan normalizaturik dago. Zatiketaren aldeko taldea itzal sozial edo historikorik gabeko banako eta erakundeek osatzen dute (Lo Rat Penat izan ezik, erakunde hori XIX. mendekoa da, transizio garaian egin zuten “blavero»). Elkarte horiek, ordea, finantziazio pribatu (Lladró enpresa gizona eta izen ezaguneko beste zenbait izan dira mugimendu honen sustatzaile) nahiz pubiko handia izan dute (Valentziako udaletik lehen lehenik eta Valentziako Generalitatetik gero, milioi ugari jaso dute. 1995az geroztik 600 milioi baino gehiago). Beraz, horrenbeste dirurekin, erraz uler liteke euren liburuak euren argitaletxeetan kaleratzea, euren antzerki taldeak sortzea eta euren kultur irudia eraikitzea. Ez dute, ordea, inolako garrantzia sozialik ez eta inolako kalitate zientifiko edo artistikorik ere.

Badira bi urte AVL delako erakundea sortzea erabaki zela eta oraindik ez da gauzatu. Zure lanean zehazgabetasun egoera hau PPren helburu politikoetarako egokia dela iradokitzen duzu? Azalduko al zeniguke zehatzago honakoa?

Hori ez da horrela erabat. PPri AVL sortzea interesatzen zaio AVL bere proposamena baita, bere hizkuntza politika baita, bere akademia, bere etorkizuna. Horrek hizkuntza batasunari dagokionez zalantzak dituen akademai bat sortzea esan nahi du, zatiketaren aldeko “izar» guztiak bertan direla. Arazoa, ordea, PSOEren jarreran dago. PSOEk hizkuntza paktuaren karta jokatu nahi izan zuen, batasunaren aldekoak nagusi izango ziren AVL-a sortuko zutelakoan (lAVLren legeak dioena gora-behera, bere xedapenetan ez baita inola ere batasunzalea) eta PPk ezin du hori onartu. Hori dela eta, oraindik ez da akademia sortu. PPri ezer egiten ez duen edo zatiketaren aldekoa izango den AVL anbiguoa ala AVLrik ez izatea interesatzen zaio. Dena den, Valentziako PPk eta Eduardo Zaplanak bereziki, azpijokoren bat hedabideetako kolpe batez eztali beharra izanez gero, ez da baztertzekoa AVL-a eurek bakarrik, adostasunik gabe, sortzeko erabakia hartzea, gehiengo osoa baitute Valentziako Gorteetan.

Zein helburu lortu nahi da AVLrekin?

Helburu sinbolikoa eta aitzakia Valentziako Autonomia Estatutuak duen hutsune bat betetzea da, ez baitu valentzierarentzat inolako erakunde arau-emailerik zehazten. Balearretakoak, esaterako, Balearretako Unibertsitatea izendatzen du, Institut d’Estudis Catalans-ekin elkarlanean beti ere, eta Printzerrikoak, berriz, azken erakunde hau izendatzen du. Valentziako Autonomia Estatutuak, ordea, ez du aitortzen valentziera katalanera denik, hori egingo balu hizkuntza kontuetarako autoritatea izan izango bailitzateke. Horretarako, Universitat de València edo Institut Interuniversitari de Filolgia Valenciana (Valentzian filologia ikasketak dituzte hiru unibertsitateen arteko erakundea) delakoa izenda zitezkeen, ez zen hori egin, ordea, hizkuntza ardatz hartuta dagoen gatazka dela eta.

PPren benetako helburua, proposamenaren lehen sustatzailea, gatazka politikoaren ardatz nagusiak aldatzea zen. 1995arte antikatalanismoaren eta zatiketaren erreferente politikoa Unión Valenciana (UV aurrerantzean) izan zen. Alderdi txikia izan arren, PPren gobernuarentzat garrantzitsua. Hizkuntza paktuaren jukutria horrekin eta AVLrekin, PPk bere gobernu laguna irentsi egin nahi zuen, UV, eta bere hautes eremuaz jabetu. Hori, alderdi horretako kuadroen aurkako OPA erasokor batez egin zuen, egun PPn daudenak, hizkuntza politika kontuetan aintzindaritza ebatsiz, katalanen aurka “valentziartasunaren defentsa»ren diskurtsoa eta valentziarrak omen diren hizkuntza eta identitate sinboloen defentsa bereganatuz. (folklorikoak eta tradizio frankistatik hartutakoak).

Hizkuntzari buruzko gatazka politikoaren eraberritze honetan, PP zatiketaren eta antikatalanismoaren erreferente bakarra bihurtu da eta horrek gehiengo absolutua emandio Valentziako Gorteetan. Beraz, AVL PPri errenta politikoa ematen ari zaio jada. Beste gauza batzuetarako ere balio izan dio, ordea. Hizkuntza katalanaren batasunaren alde daudenen artean batasunaren babes lanetan unibertsitateari dagokion ardurak zatiketa eragin du. Orain multzo horreta ere AVLren aldekoak eta aurkakoak daude.

Oro har, noraeza da nagusi eta geroz eta zalantza gehiago dago AVLk gatazka politikoa konpontzeko duen gaitasunaz. Badirudi, ardatz zenbait aldatuko dizkiola baina funtzio berarekin: Valentzian Katalanera desegitea. AVLren funtzioa, inoiz sortzen baldin bada, hizkuntza batasuna eta valentzieraren normalkuntzan nekez jardungo den erakunde bat izatea da (beharbada bere lehen urratsa valentziako aldaeraren berezko ezaugarriak berreskuratu eta indartzearen aitzakiapean zatiketa “light» bat bultzatzea izango da). Bazterrak nahastu eta benetako eztabaida ezkutatzen lan eraginkorra egingo duena. Izan ere, eztabaida gaia Valentziako gobernuak hizkuntza katalanaren alde egin behar lukeen benetako hizkuntza politika da, ez besterik.

Zein izan da Valentziako gizartearen erantzuna politika honen aurrean?

Onartzea mingarria bada ere, hizkuntza paktuaren politika oso ongi hartu du Valentziako gizarteak. PP, eta Eduardo Zaplana bereziki, ekimendun politiko modura agertu dira, negoziatzaile eskuzabal eta PPren “zentratze ideologikoaren» eredu. PPk egin duen marketing-a ona izan da benetan eta baliogarria izan zaie zenbait urtez: konkurrentzia paretik kendu, oposizioa isildu eta hizkuntzaren alde ezer egin beharrik ez izatea lortu dute. Lehen PSOEk egindako politikari aitzakiak eta oztopoak jartzen aritu dira, eta orain lehen nahi zuten egoeran daude: hizkuntzak lehentasun politikoa galdu du. Valentziako gizarteak, oso gaztelatua eta nazio sentimendu ahulekoa, “hizkuntza babesten dugu eta zure ongizatea bilatzen dugu» lelopean egindako jukutria honen aurrean oso ongi erantzun du.

Erantzun ona izan da, hizkuntza erabili, defendatu edo sentitzen ez duen gizarte zati horrek eman duena batez ere. Hizkuntzaren hiztunak eta bere multzo politizatu eta antolatua orain hasi da ohartzen, zenbait urte beranduago, maskarada honetan, “hizkuntza paktuaren» operazioan, galtzaile nor izan den. Argi eta garbi ikusten da: hizkuntzaren hiztunak eta bere duintasuna, erabilera eta izate katalana defendatzen dutenak.

Eta zein izan da hizkuntzaren alde lanean diharduten erakunde sozialen jarrera?

Tira, hizkuntzaren alde diharduten gizarte erakunde gehienen jarrera, horietariko asko Escola Valenciana-Federació d’Associacions per la Llengua (EV) delakoaren kide direnak, pasiboa izan da. Ez dute “hizkuntza paktuaren» edo AVL sortzeko legearen baloraziorik egin. Hizkuntzaren aldeko gizarte mugimenduak Valentzian politizaturik daude, nahi ez badute ere. EVk hizkuntza paktuaren aurretik egiten zuen gauza bera egiten jarraitzen du. Badirudi bereizketa egin nahi duela. Alde batetik alderdiek hautes eremuak eskuratzeko dituzten interesak eta horretarako erabiltzen dituzten mozorroak eta, bestetik, benetan egiten den hizkuntza eta hezkuntza politika. Honela, EVk valentzieraz irakasteko lerroak sustatzen, zabaltzen eta duintzen jarraitu nahi izan du. Valentzieraren alde urtero 200.000 lagun biltzen jarraitu du. Baina, PPren gobernuak baztertu egin izan du ezinbestean. Hezkuntza sailburuek ez diote biltzeko hitzordurik eman eta arlo horretan instituzioek izan duten utzikeria nozitu du. Egoera horrek bere lana zailtzeaz, gain botere publikoak bere gain hartu behar lituzkeen eginbeharrak hartzea eragozten dio.

Acció Cultural del País Valenci (ACPV) da “kontsentsuarekiko» uzkur agertu den bakarra. ACPVk PPren politika salatu, hizkuntza katalanaren batasunaren alde 30.000 lagun kalera atera eta AVLren kontrako deialdietan parte hartu izan du. Baina gutxiengoa izaten jarraitzen du. Hizkuntzaren aldeko gizarte ekimenak AVL eta bere etorkizuna nahiz hizkuntzaren etorkizunari buruzko eztabaida egiteke du. Gainerako Herri Katalanetan, ez da ia erantzunik izan, ez bizirik dauden plataformen aldetik, ez intelektuak konprometituen aldetik. Badirudi honakoa valentziarren gauza dela eta ez dela ikusten hizkuntza osoaren biziraupenari eragiten dionik.

Zein izan da PSOEren jarrera?

PSOE- PSPVk (Partit Socialista del País Valenci ) jarrera estratejiko negargarria eta taktikoki ezin okerragoa izan du. PSOEk onartu egin du gobernuan zegoen alderdiak erabaki eta zehaztutako negoziazioa, PPk egindakoa alegia, eta hori egiteko PPren ekintzek baieztatzen ez zuten borondatea ontzat eman zuen (ontzat eman zuen Valentziako eskubiak hizkuntzari buruzko gatazka politikoa isteko erabakia hartu zuela). PSOE oso malgua izan da bere aldarrikapen estrategikoetan amore emateko orduan (hizkuntza katalanaren batasunaren onarpena, araudiaren kontrolean unibertsitateak duen garrantzia aintzatestea eta abar) eta oso gogorra, berriz, taktiketan (PPren “hizkuntza paktuaren» markoaren onarpena inoiz zalantzan jarri gabe, ezta PP bere helburu elektoral eta alderdikoietarako erabiltzen ari zela bistakoa zenean ere, azken ondorioa gora-behera). Hori dela eta, PSOEk gehiengo absolutua izanda, agintzen egon den hamahiru urtetan konpondu ezin izan duen gatazka konpontzearen aldeko apustua egin du, eta horretarako bere jarreran atzera egin du, PP-UV gobernuari protagonismoa emanez (irabazi politiko borobila eskainizi).

PSOEk bere posizioari zilegitasuna eman nahi zion eta amaieran garaile irten hizkuntza kontuetan hizkuntza katalanaren batasuna ziurtatu eta arau-emaile izango zen erreferente batekin (AVL izan zen emaitza). Baina badirudi ez direla horiek PPren asmoak. Beraz, PSOEk ez zituen bere kartak behar bezala jokatu. Are gehiago, bidean PSOE bere eskaera estrategikoak apaltzen joan zen, egun benetan zaila gertatuko litzateke hasierako bere helburuak betetzea (hizkuntzari “valenci» deitzea onartzen dute eta ez “llengua catalana», onartzen dute AVLk Institut d’Estudis Catalans-ekin derrigorrezko harremanik ez izatea, onartzen dute unibertsitatea prozesutik erabat kanpo gelditu izana, onartzen dute legeak hizkuntza katalanaren batasuna ez ezagutzea...). Azken batean, PSOE bestek ezarritako arauekin jokatzen aritu da hori egiten ari zela ohartu gabe eta jokatzen jakin gabe. Eta galdu egin du. Dena den, galdera honakoa da: zenbateraino babestu nahi zuen PSOEk hizkuntzaren batasuna? Agintean egon zen garaiko jarduera aztertzen baldin badugu, bere makaltasuna eta hizkutza normalkuntzan izan duen utzikeriak agerian uzten dute PSOErentzat ere hizkuntza ez dela lehentasun, eta, beraz, badirudi osagai negoziagarria dela...

Eta zer diozu CiUren jarreraz?

Valentziako hizkuntza paktuaren gaiarekin CiUk abertzaletasun kontserbadore eta erregionalistaren alde egin hautua baieztatu du. Espainiako autonomien estatuan bete-betean txertatutako logika da CiUrena. Hori dela eta, badirudi PP eta CiUk hizkuntza katalanaren ikuspegi zatikatu bera dutela: valentziera gauza bat da eta katalanera beste bat, haren aldean oso bestelakoa. CiU, hizkuntza paktuaren garaian, PPren gobernuaren oinarria zen estatu mailan eta katalaneraren lege berriaren onarpenaren erdian zegoen. Hori dela eta, valentziako “gaia» bere lehentasunetatik oso urrun zegoen. Ezin zuen esan, ordea, “ez zaigu batere interesatzen Valentzian hizkuntzari dagokion gatazka politikoa». Beraz, bere adierazpenetan eta Avui egunkariak gaiari eskaini zion tartean Valentzian gertatzen ari zenari buruzko ikuspegi eraldatua eman zuten. Eta gauzak horrela egin zirenez, Kataluniako Printzerrian hizkuntzarekin kezkaturik daudenek uste dute Valentzian gauzak konpondu direla eta ez dagoela hizkuntza zatiketarako arriskurik gehiago. Ezin ikuspegi okerragorik izan.

CiUk hedabideetan erabili zuen diskurtsoak honela zioen: Valentziako hizkuntza paktua onuragarria izango da hizkuntza katalanaren batasuna aintzatetsiko duelako eta, gainera, paktu hori estatuko gobernuan CiU eta PPren artean egin paktuari esker sinatu da. CiUk Valentziako PPren “neurritasuna» eta “jarrera zientifikoen tolerantzia» behartu ditu estatuko PPrekin zuen paktuak ematen zion indarraren bitartez. Aldi berean, CiUk behin eta berriro adierazten zuen “hizkuntza paktua valentziarren arteko auzia zela eta kanpotiko edozein eskuhartzek, Kataluniatik, esaterako, gauzak nahastu besterik ez zituela egingo hizkuntzaren batasunaren aldekoak zirenentzat», hori dela eta, CiUk gai honetan “errespetu osoko isilaldia gordetzea erabaki zuen. Isilik dagoenak, bego dio.

Eta Esquerra Unida-rena?

Valentziako Esquerra Unidak (EU) izan du jarrerarik koherenteena auziak iraun duen bitartean. Hasieratik, agertu zen EU Eduardo Zaplanaren asmoen kontra eta unibertsitateak gaiaz jarduteko onartutako autoritateak izatea proposatu zuen. Bere proposamenak ez zuen aurrera egin, bistan denez. Prozesuak iraun duen bitartean EUk etengabe salatu du PPk “hizkuntza paktuaz» baliatu dela, eragile guztiei beren politika eta jarreretan etenaldia eskatzearen hipokresia PP hizkuntza katalanaren batasuna eta bere normalkuntzaren aurkako erabakiak hartzen ari zen bitartean. Beraz, esan daiteke EU izan dela gaia seriotasun handienaz hartu duen eragileetako bat, oposizio politika egin duena (PSOEk ez bezala) eta, bere jarreraren eraginez, prozesuaren amaieran, AVLri buruzko bozketan, legearen kontra bozkatu zuen “ez baitzuen ziurtatzen erakundearen zientifikotasuna eta ez zuelako aintzatesten hizkuntza katalanaren batasuna».

Zein ondorio izan du politika honek eremu soziolinguistiko eta soziopolitikoan?

Hizkuntzaren izen ona une kaskarrean dago. Herri erakundeek eta buruzagi politikoek gutxi erabiltzen dute, valentziako irrati-telebisitak (Canal 9k esaterako) ez dute ia programaziorik valentzieraz, hezkuntzan valentzieraren irakaskuntza sustatzeari utzi egin zaio... hori guztia normalkuntza prozesua gelditzeko izan da, eta hizkuntza bereganatzen ari zen izen ona eten egin da edo atzeraka doa. Eremu soziopolitikoan hizkuntza paktuak hizkuntzaren aldeko gizarte mugimendua geldiarazi egin du, geldialdian utzi du (Godot-en zain edo AVLren zain) eta, halaber, ekarri du hizkuntza ez egotea alderdien lehentasun politikoetan. Oro har hartuta, hizkuntza suntsitu nahi duten horientzat oso mesedegarria izan da eta oso kaltegarria babesten dutenentzat, oraintxe bertan ez baitakite AVLren aurka agertu ala zer gertatzen den ikusi zain gelditu (eta dagoeneko badaramatzagu bi urte). Bien bitartean, gauzak egiten jarraitzen dute baina antolaketarik gabe. Honela, PPk agintea eskuratzearekin batera, “hizkuntzaren etsaien aurkako batasuna» ekarri beharrean hizkuntzaren aldeko gizarte mugimenduaren zatiketa ekarri du. PP suntsitu nahi duen hori babestu nahi duela esanez emaitza politiko oparoa eskuratzen ari da.

Donibane Lohizuneko alkate eta Frantzia mailako politikagintzan ezaguna den Michelle Alliot-Mariek edo Juan José Lizarbek, Nafar Legebiltzarreko kide eta PSNko buruak jendaurrean zalantzan jarri dute euskara batuaren zilegitasuna. Zure ustez PPk Valentzian egin duen jukutria hortik kanpo zabal al daiteke, Euskal Herrira esaterako? Esan al daiteke Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian honelako jukutria bat gauzatzeko baldintza egokiak daudela?

Egitura politiko bereizietan banatutako lurraldeetan, eta kontrol orokorra norberarena ez den estatu baten eskuetan dagoelarik, hizkuntza zatiketarako aukerak egon badaude. Galizian ikusi dugu, Valentzian eta berdin gerta daiteke Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian. Estaturik gabeko hizkuntzen arautze batua gatazkatsua gertatzen da arau mailako nahasteak hizkuntza horren heriotza ekar dezakeenean eta estatuari zatiketa eta ahultzea interesatzen zaionean. Hizkuntza nazio identifikaziorako osagai oso garrantzitsua da eta, hori dela eta, hizkuntza zatiketak hiztunen nazio identifikazioa higatzea du helburu.

Valentzian valentziera hitz egiteak, eta ez,ordea, katalanera, Katalan Herrien ideia bera zapuzten du eta “Valentziako Komunitatea» Espainian hobeto txertatzea ahalbidetzen du. Nafarroan gauza bera gerta zatekeen. Beharbada Nafarroan, ordea, hizkuntza eta nazio identitatearen arteko identifikazioa Valentzian baino zehaztuago dago. Alta, hemen valentziera hitz egiteak ez dakar inolako identifikaziorik Kataluniarekin edo Herri Katalanekin eta hizkuntza hau darabilen multzoa Nafarroan baino handiagoa da. Horrekin adierazi nahi dut ez dakidala alderdi politiko erregionalistek edo espainolistetatik zenbat aukera dagoen euskara “nafartzeko», hiztunen batasunak eragotziko bailuke.

UPNk edo PSNk hartuko duten jarreraren baitan ere badago. Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuak bertako hizkuntzak ez onartzearekin hizkuntzaren egoera kaskarra da eta horrek arauak zalantzan jartzea ekar lezake, hemen ere, ordea, honen alde zein eragile politikok egiten duen, zein interesekin egiten duen eta zein kostu dakartzan ikusi beharra dago. Eta, halaber, hiztunen erantzun antolatua nolakoa den. Valentzian auziak 25 urte ditu eta hiztunek ez diote erantzun antolaturik eman oraindik. Hizkuntza zatiketari eman beharreko konponbidea bere hizkuntzaren jatorri eta identitatea hiztunek bakarrik duten zilegitasuna onartu eta hiztun hauek politika normalizatzaileak bultzatzeko duten gaitasuna, hiztunak ez direnak hizkuntza gorde eta bultzatzeak gizarte batasuna eta kultur nahiz nazio mailako aberastasuna sustatzeko lagungarri izan daitezkeela ikusaraziz.

 

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001