Joxe Manuel Odriozolarekin elkarrizketa

Izan ere, zertarako behar du euskara, baldin eta hizkuntza honen bidez euskal komunitatearen kulturarik, erreferentzia-baliorik eta unibertso sinbolikorik bereganatzen ez badu euskaldun berriak?

euskal identitate etnolinguistikoaren eta kulturalaren prozesua burutik burura ordezkatu digutela modernitatearen eta Estatu-nazioaren kudeaketaz arduratu diren espainolek eta frantsesek. Eta horren guztiaren ondorioz, gelditu zaigun bizi-indar etnolinguistikoa bizimodu tradizionalaren eskutik bakarrik iritsi zaigula bere azken hondarrean.

ez daukagu indar sozialik eta botere politikorik, ez daukagu legitimazio ideologikorik alegia euskararen aldeko plangintza euskaltasunaren, euskal identitate orobatzailearen, ezinbesteko estrategiaren gaineran eraikitzeko.

Euskarak, bere bakardadean, ezin du euskaltasunik sortu, euskara beste edozein hizkuntza bezala, testuinguru sozial eta kultural jakin batzuetan erabiltzen delako.

Nazio-identitateaz frantsesa edo espainola den hiztunaren ahotan euskaltasun linguistiko hutsak ez du ezertarako balio, geure buruak engainatzeko ez baldin bada behintzat.

egia da egungo hezkuntza-curriculumean, nola formalean hala informalean, euskaltasunaren dimentsio ugaritasunak ez daukala behar bezalako tratamendu kulturalik. Gure hezkuntza sistemak ez du garatzen euskaltasunak ezinbesteko duen herri-sentierarik, eta, era horretan, euskararen erabilera eta gaitasun komunikatiboaren arazoak ez dauka aterabiderik.

Kulturartekotasuna desberdintasunean, hau da, mendekotasunean, oinarritzen denean, kulturartekotasunaz hitz egitea irrigarria izango litzateke negargarria ez balitz. Kultura eta hizkuntza ugaritasunaren diskurtsoa, funtsean, diskurtso dominantearen eskutik ondutako ideologia zapaltzailea besterik ez da.

Helduen Euskalduntze Alfabetatzean irakasle

“Orain sortzen ari den euskal kultura modernoaren esparrua mundu murritza da guztiz, eta ez dauka inolako loturarik euskaldungoaren oinarri sozialarekin»

Hizkuntza normalkuntza eta berreskurapenari geroz eta sarriago agertzen da loturik kulturaren atala. Kultura, hizkuntza, hezkuntza, hedabideak, kulturartekotasuna... Saltsa-maltsa berean aipatzen dira egun. Gai horri buruz kezkaturik eta ekarpen mamitsuak egiten ari direnen artean Joxe Manuel Odriozola dugu. Beregana jo dugu oraingoan hizkuntza eta kulturaren artekoak gurean egun zertan diren aztertzeko.

Hizkuntza, kultura eta gizartea izeneko zure liburuan atal batek “Elebitasuna, kulturbitasuna eta gizarte-ahalmena» izena du. Bertan azken urteotan zure idazki eta hitzetatik jaso izan dugun hainbat kontzeptu agertzen da, horien artean kulturbitasuna.

Bai, halaxe da. Zergatik azpimarratu nahi dut horrenbeste hizkuntzaren izaera soziala eta kulturala? Arrazoia oso sinplea da. Hizkuntz liberalismoa ez da bakarrik hizkuntza ahaltsuak eta ahulak gizarte-indar boteretsuen esku uztea, hizkuntza merkatuaren arauetara makurtzea eta botere publikoen aldetik mintzaira ahularen aldeko neurririk ez hartzea. Horretaz jabeturik gaude ia denok, Joseba Arregi eta honen ezpaleko beste batzuk kenduta. Baina kontua zera da: hizkuntz liberalismoaren agerpena ez dela aurreko jarrera eta jokabide lotsagarri horretara soilik makurtzen, eta hori bezain arriskutsua dela, are arriskutsuago ez baldin bada bederen, bigarren agerpen mozorrotu hau. Alegia, hizkuntzari bere oinarri eta testuinguru soziala eta kulturala esleitzen ez dion ikuspegia eta estrategia. Ia-ia ezerezaren gainean eraikitako euskararen normalizazio soziala.

Bestela esanda, utz ditzagun hizkuntzaren euskarri kulturala eta soziala (hona euskararen aldeko ideologia nagusiaren estrategia gaur ia maila guztietan) eta goazen, gauzak dauden daudenean, euskara normalizatzera. Bide hau, ordea, oinarrizko baldintza soziokulturalak betetzen ez dituen bidea da, inoz inon mamitu ez den bidea. Eta izan ere, hiztuna, edozein hiztun, honako edo harako edo besteko hizkuntz komunitate baten baitako da ezinbestez, eta komunitate horietako bakoitza kultura-identitate eta atxikimendu sozialaren gainean eraikia dago halabeharrez. Hori eta horrenbestez, kulturbitasunik gabeko elebitasuna zer da azken buruan? Honezkero, nik uste, ageri-agerian dago: komunitate egituratu eta uztartu gabeko hiztunaren bigarren hizkuntza, beharrezkoa ez den eta alferrikakoa den mintzaira.

Izan ere, zertarako behar du euskara, baldin eta hizkuntza honen bidez euskal komunitatearen kulturarik, erreferentzia-baliorik eta unibertso sinbolikorik bereganatzen ez badu euskaldun berriak? Ezagun denez, ezertarako ez. Edo agian bai, oker nenbilen: borondate oneko euskaltzale franko engainatzeko eta euskaldun berrien artean sentimendu zapuztuak sortarazteko. Inor ez dugu euskaldungoaren kide egingo, zinez eta benetan, inor hori daukagun euskal mundu apalean txertazen ez badugu. Eta atxikimendu-lan hori, hizkuntza-pedagogiaren oinarrizko axioma hori, euskal komunitateari darion kultura, pentsaera eta sentiera ikusaraziz eta horretan heziaraziz bakarrik lor dezakegu.

Arazo teoriko bat aipatzen duzu, hitz gutxitan esanda, izari sozio-kulturalaren hustutze eta murriztea. Benetan uste al duzu euskaldunon izari sozio-kulturalari hori gertatzen ari zaionik?

Euskaldungoaren izari edo dimentsio soziokulturala zertan den nik bezain ongi dakizu zuk zeuk. Irakurleak ere badaki zertan den euskal komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoa. Denok dakigu, eta gure artean ez dakienik baldin bada auzi honetaz berehala jabetu behar luke. Jabetu behar luke, hain zuzen, delako bizi-indar etnolinguistiko hori gurean ez dela batere ahaltsua eta trinkoa. Euskaldungoaren dimentsio soziokulturalak ikaragarrizko ordezkapena izan duela azken mendeotan. Ordezkapen anitza izan da gurea, batean (Hegoaldean) eta bestean (Iparraldean): erdarek ordezkatu dute gure berezko hizkuntza, baina hori ordezkapen historikoaren atal bat besterik ez da izan, zeren horrekin batera eta horren oinarrian zegoen euskal mundu oso-bete bat ordezkatu baitute han eta hemen. Beraz, eraitsi digutena euskal etxea bere osotasunean izan da: hizkuntza, kultura, identitatea, historia, lurraldea... Eta larrugorritan geratu gara, argi eta garbi esateko.

Eta honetara helduta, ez ditzagun oinarrizko kontzeptuak nahaspilatu. Alegia, gure artean gaur egun daukagun “kontzientzia politikoa» gauza bat da eta beste bat aipatu berri dudan bizi-indar etnolinguistikoa. Aurrenekoa edozein erdaldun abertzaleren esku dagoen gaitasun ideologikoa da. Bigarrena, aldiz, oso gutxiren esku dagoen gaitasuna da, ez delako koiuntura historiko jakin bati dagokion jarrera politiko hutsa, euskal historian barrena gure herriaren ardatza izan den euskal identitate kulturalaren prozesua baizik. Eta oinarrizko bigarren soka hau aspaldi eten zen eskualde gehienetan. Eta eten gabeko guneak euskal mundu tradizionalaren eremuan bakarrik ageri zaizkigu, euskal mundu horretako herri txikietan.

Orain sortzen ari den euskal kultura modernoaren esparrua mundu murritza da guztiz, eta ez dauka inolako loturarik euskaldungoaren oinarri sozialarekin. Nolabaiteko elite bat, euskal kultur produktuak kontsumitzen dituen dozena bat mila pertsonako aitzindari multzo bat. Bere baitan bizi den eta bere baitarako ekoizten eta kontsumitzen duen euskaltzale eta euskal inteligentsiaren taldea. Baina, esan bezala, euskaldungo zabalarekin loturarik ez duenez, euskaltasunaren dimentsio soziokulturala aitzindari-talde horretara murrizturik dagoen izari bazter-urria da.

Gogoeta horretan oinarrituz zalantzan jartzen duzu Quebec edo Katalunian sortutako planek gurean duten egokitasuna. Non ikusten duzu, bada, arazoa?

Ondo diozu. Gogoeta zabal horretan kokatu behar da nire liburu batean (“Hizkuntza, kultura eta gizartea») aipaten den auzi hori. Han, aldez edo moldez, euskararen normalizazio soziala bideratzeko plangintza estandarrak auzipean ipini nituen. Eta ereduen jatorria ere aipatu nuen: Quebec eta Katalunia herriak. Zergatik ez zaizkit, bada, irizpide tekniko estandar horietan egindako planak gogobetekoak egiten? Hona nire erantzunaren muina xehetasunetan sartu gabe. Horretarako, ordea, aurreko galderaren erantzunean oinarrituko naiz batez ere. Eta han euskal izatearen ordezkapen integrala neukan gogoan: euskal izaeraren hizkuntza, kultura, identitatea eta herritasunaren gainerako osagarri guztiak. Eta han esan nahi izan dut euskal identitate etnolinguistikoaren eta kulturalaren prozesua burutik burura ordezkatu digutela modernitatearen eta Estatu-nazioaren kudeaketaz arduratu diren espainolek eta frantsesek. Eta horren guztiaren ondorioz, gelditu zaigun bizi-indar etnolinguistikoa bizimodu tradizionalaren eskutik bakarrik iritsi zaigula bere azken hondarrean.

Orain, hori horrela izan dela ontzat emango bagenu, zera galdetu beharko genioke geure buruari: beste horrenbeste gertatu al da Quebecen eta Katalunian? Inondik ere ez. Ez batean eta ez bestean. Lehenengoan bigarrengoan baino hobeto mantendu baldin bada ere herri-identitatearen oinarri historiko hori. Bigarren hipotesi hau ere onartuko bagenu, hurrengo galdera berez datorkigu burura: orduan, zergatik pentsatzen da hango baldintzetan baliagarriak diren normalizazio-planek gurean ere balio dezaketenik? Edota ondo jabeturik gaude guztiok diferentzia hauetaz eta zera gerta liteke auzi honetan: bai, badakigu hango eta hemengoaren aldea zertan den, baina ez daukagu beste modurik euskararen arazo honi ekiteko; edota, bestela, federik onenaz eta erabat sinesturik ari gara egiten duguna egiten. Nik neuk lehenengo aukera jakinaren gainean egin delakoan nago, besterik ezean eta hobebeharrez edo.

Esan dezagun argi eta garbi honetaraz gero: ez daukagu indar sozialik eta botere politikorik, ez daukagu legitimazio ideologikorik alegia euskararen aldeko plangintza euskaltasunaren, euskal identitate orobatzailearen, ezinbesteko estrategiaren gaineran eraikitzeko. Nik hori uler dezaket noski. Egia baita neurri batean. Nolanahi ere, onartezina honakoa iruditzen zait gai honetan: aldez aurretik jakin era horrelako normalizazio-plangintzek ezin dutela euskara bere zori baztertutik atera, eta hala eta guztiz ere, iruzur soziolinguistiko hori zenbaterainokoa izan daitekeen jakin arren, isilean gordetzea. Hau ez da etikoa, etikaz hainbeste hitz egiten den herri honetan.

Hizkuntza plangintzak erro kulturalak behar dituela esan izan duzu. Argitu iezaguzu zer den zure ikuspegi horretan kultura.

Kultura kontzeptua, soziolinguistikaren eremu honetan, erabili behar baldin bada, sentidu eta esanahi jakin batean erabili behar dela uste dut. Eta kulturararen definizio hori behinola Koldo Mitxelenak dotore asko definitu zuenez gero, eta orain eskura daukadanez, hona hitzez hitz aldatuta: “Naturazkoak, geuregan eta ingurunean ditugun zerak, kenduz gero, ez ote da kultura herriaren nortasuna bera? Kultura ez da, bestetan ere esan dudanez, axaleko lorea eta bitsa, gaina eta pikaina. Kultura moldetan mamitua dugu eguneroko bizimodua. Horixe baita hain zuzen: arbasoengandik ikasi ditugun erak eta moldeak, egunero darabilzkigunak. Ez haiengandik jaiotzez, kromosomak direla medio edo, jaso ditugunak».

Ez didazu ukatuko definizio egokia ez denik. Are gehiago: kultura kontzeptua era horretan ez erabiltzekotan hobe genuke ez erabiltzea soziolinguistikaren alor honetan. Izan ere, eguneroko hizkeran kultura-kontuak ez baitira era horretan hartzen, beste honetan baizik: halako ikuskizun edo jaialdi, bateko literatura eta besteko artea, eta orohar ekoizpen sinboliko-artistikoaren esparrua dugu gogoan kultura hitza aipatu orduko. Baina, oraintxe esan dudan moduan, azken definizio honek ez digu balio gure problematika soziolinguistikoaren barruti honetan. Begien bistan baitago sormenezko prozesu artistikoek ez dutela gure bizimoduaren zer-nolakoa molde eta era jakin batzuetara behartzen.. Sentimenduak, ideologiak, asmoak eta interesak ditugu lan horretan nagusi. Eta hemen azken hauxe dugu erabakigarria: gure bizimoduaren ildoa markatzen digula delako kultura kontzeptu horrek, kultura hori gure eguneroko bizimoduaren sentidua eta esanahia bere baitan daraman kontzientziazko eta inkontzientziazko dimentsioa delako. Marxismoaren tradizioan ideologia terminoa erabili izan da kontzeptu hau bera izendatzeko, baina ideologiak ere baditu, kulturak bezalaxe, hainbat eta hainbat erabilera-adar eta konnotazio zehazgabetuen eremuan galtzeko modukoak.

Zergatik diozu osagai kultural hori (euskal osagaia) ezinbestekoa dela hizkuntzazko euskaltasuna eraikitzeko?

Horrekin zer esan nahi dudana adierazteko adibide bat jarriko dizut. Gaur egun euskaldun berriak erruz sortu zaizkigu han eta hemen. Eta euskaldun berri hauetako askoren euskal izaera zalantzan jarrri izan dugu askotan. Alde batetik, euskararen senarik eza nabarmendu izan dugu horiengan, darabilten euskañol horren baitan dagoen euskaltasuna oso zalantzazkoa dela uste izateraino. Bestetik, berriz, euskal berri horiek ez dute gehienetan aukerarik eta baldintzarik izan euskaltasunaren unibertsoa atzemateko. Euskal komunitatearen unibertso koskor eta kaskar hori, bere txikian, herri-identitate baten jabe da dagokion kultura-garapen eskasarekin bada ere. Euskal unibertso koskor honetan ikuspegi eta sentiera batzuk badaude, balio eta jarrera batzuk ere bai, azken batean, talde-ideologia jakin bat dago, eta ideologia honek kohesionatzen du euskaltasunaren izaera komunitarioa. Euskaltasuna, beraz, elkarrekin konpartitzen ditugun balio kultural horien multzoa da. Eta hor euskara osagarri bat besterik ez da; funtsezkoa noski, baina bat. Honek zer esan nahi du? Honek, besteak beste, esan nahi du euskaltasuna ez dela euskaratasuna, ez dela mintzaira-auzi hutsa, askoz zabalagoa den identitate-unibertsoa baizik.

Euskarak, bere bakardadean, ezin du euskaltasunik sortu, euskara beste edozein hizkuntza bezala, testuinguru sozial eta kultural jakin batzuetan erabiltzen delako. Hizkuntza bere bakardadean ez da ezer, sistema abstraktu hutsal bat besterik ez, eta guri ez zaigu hizkuntzalaritza formalari interesatzen zaion sentiduan batere axola. Guk hizkuntza beti kontestu historiko eta soziokultural jakin batean hauteman behar genuke, kontestu horretan zer-nolako papera betetzen duen jakiteko. Hizkuntza botere-interesei loturik dago erro-errotik, hizkuntza manipulatu egiten dute erakunde ideologiko eta kultural nagusien esanetara, hizkuntza herri-identitate baten edo besten aldera lerratzeko nazioanalismo hegemonikoak dauzkagu bazter guztietan.

Gatozen harira, ordea. Zertarako balio du Iparraldeko edo Nafarroako edo edonongo euskaltasunak gaur egun kulturaz, ideologiaz eta sentieraz frantsesak edo espainolak direnen ahotan? Gure hizkuntzari heriotzaren amildegia prestatzeko. Ikusi ahal izan dugunez, hori Iparraldean gertatu da eta hemen ere bai beste neurri txikiago batean. Nazio-identitateaz frantsesa edo espainola den hiztunaren ahotan euskaltasun linguistiko hutsak ez du ezertarako balio, geure buruak engainatzeko ez baldin bada behintzat. Beste kontu bat litzateke noski, sentimendu nazionalak gorabehera, Euskal Herrian euskararen estatus soziala eta politikoa espainolaren edo frantsesaren pare balego edo horien gainetik egon izan balitz. Naziotasunaren arazo hauek, azken batean, talde-identitate kolektikoen botere-alorrean gauzatzen diren gorabeherak baititugu. Nolanahi ere, esana dugun bezala, hizkuntza erabiltzen deneko testuinguru soziokulturala hartu behar dugu kontuan auzi hauetan, eta hortik kanpo hizkuntzaren kontu hauek ez dute balio metafisikoa baizik izaten. Hizkuntzaren pragmatika ez da alferrik garatu gainera, gauzok beste modu batean pentsatzen hasteko.

Helduen euskalduntzean diharduzu lanean. Zer-nolakoa da jasotzen den heziketa alderdi honetatik erreparatuz gero? Guraso zaren neurrian, ezin ote daiteke antzekorik esan gure seme-alabek oro har jasotzen duten heziketari buruz?

Bi gauza aipatzen dituzu hor. Batetik Euskaltegien kontua dago, eta bestetik Eskolaren egitekoa. Zertan den alegia bi erakunde-sare hauen lana euskalgintzaren alorrean.

Has gaitezen Euskaltegien gaia hartuta. Lehen-lehenik zera gogoratu nahi nuke helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez. Ez baldin badakizu, orain gabiltza Curriculum berriaren moldaera ontzen euskaltegiz euskaltegi HABEtik eskaini zaigun oinarrizko curriculuma gidari dugula. Berrikuntza nabarmenak dakartza honek hizkuntzaren eta didaktikaren inguruko ikuspegietan, baina, hara bada, euskal kulturaren edukirik eta atalik ez dakar bere osaeran. Nonbait, euskararen irakaskuntzak, ikaskuntzak eta erabilerak dimentsio didaktikoan hasi eta hor amaitzen den gauza izan behar dute gure buruentzat. Hutsa litzateke, jakina, ikasketaren xedea helburutzat harturik erabilera aipatuko ez balute. Baina, ez. Erabilera gora era erabilera behera ari zaizkigu orientazio didaktiko berrion arduradunak. Hamaika ikusteko jaioak gara nonbait gu ere.

Horrela, ikaslearen jarrera eta balioak, euskararekikoak esan nahi dut, dauden daudenean utzi eta euskara erabil dezaten nahi dute gure pedagogo adituek. Euskararen erabileraz planteamendu metafisioak egiten direnean, horrelako gauzak egiten dira. Eta ez da falta metafisika horren izpirituan sinesten ez duenik gure artean. Ondo dago, jakina, profesionaltasunaren dohaiak goraipatzea izan ditugun gabeziak izan ondoren. Hala ere, ez da zilegi profesionaltasunaren mozorroa erabiltzea euskarazko ikaskuntzaren kalitatea irizpide didaktiko hutsaletara murrizteko. Izan ere, horrenbetez, nire galdera zera baita: euskaltegietatik pasa diren milaka eta milaka euskaldun berrien artean zenbatek darabil euskara bere eguneroko bizimoduak hizkuntza hori erabiltzeko eskaintzen dizkion aukeren arabera? Horra inork ez dakiena, eta, dirudienez, inork jakin nahi ez duen errealitatea. Espainolismoari zaion beldurragatik bakarrik ote da uzta beldurgarri hori ezagutu nahi ez izatea?

Bigarren puntu bat ere badago zure galderan. Eskolaren euskalduntzea dago hor. Irakaskuntza arautuaren mundu hau ezagunagoa da onerako edo txarrerako. Aspaldi honetan are ezagunagoa bihurtu da gainera: nork ez dauka, izan ere, gure artean espainolismoaren aldetik jaso berri dituen eraso eta irainen berri? Nazionalismo espainolaren asimilazio-gosea ez dago asetzerik, eta aski da halamoduzko euskal eskolaren eredu autonomiko bat abian jartzea gosetia zaunka hasteko. Dena dela, ez gaitezen engaina: zaunka egiteak ez baitu esan nahi etxea zaintzen duen zakurraren sena oso zorrotza denik. Agian etxe-eskola horretan gertatzen ari denak ez baitu zer ikusi handirik izango atean dagoenak egin ditzakeen zaunken kexuekin. Eta ni horretan nago: alegia, zakurrak aseezinezko gosea daukala baina euskal hezkuntzaren izaera larrugorritan dagoela, zaunkak gorabehera.

Honezkero inork ezin du ukatu gure hezkuntza sistemaren hizkuntza-emaitzak, euskarari dagokionez, oso kaskarrak direla. Eta eskastasun hori ez zaio zor, erabat eta osoki, arazo honen estaldura gisa arrazoi hau baldin badarabilgu ere, alegia eskolak bere inguruan daukan erdal giro itogarriari. Testuinguru zabal eta makro horren eragin itogarria egia garratza da. Alabaina, hori bezain egia da egungo hezkuntza-curriculumean, nola formalean hala informalean, euskaltasunaren dimentsio ugaritasunak ez daukala behar bezalako tratamendu kulturalik. Gure hezkuntza sistemak ez du garatzen euskaltasunak ezinbesteko duen herri-sentierarik, eta, era horretan, euskararen erabilera eta gaitasun komunikatiboaren arazoak ez dauka aterabiderik.

Eskola-umeak euskara modu berezian sentitu behar du, horretarako berariazko heziera txertatuz. Hizkuntza minorizatua baldin bada gurea, eta hau ez dago gogoratu beharrik, nola arraio ez zaio neurri bereko erantzunik ematen hizkuntzaren arazoari? Hizkuntza minorizatua, erabiltzen ez den hizkuntza da berez eta definizioz. Erabiltzaileak, beraz, hizkuntza hori erabiltzekotan kontrako giroan erabili beharra dauka, eta egoera horrek hiztunaren aldetik jarrera militantea eskatzen du. Jarrera hau, gainera, bi sentidutan garatu behar da: euskara erabiltzeko ahaleginari dagokionez, eta hiztunak bere mundua euskaraz pentsatzeko eta adierazteko behar duen hizkuntza kalitatea onduz. Zenbat euskararen militante sortzen ditu, zentzu bikoitz horretan, egungo Euskal Eskolak? Gauden isilik!

Kulturartekotasunaren garaian gaudelarik, ez ote da murritzegia kultura bakarraren ikusmira ezartzea gizarte bati? Errealitatea ez ote doa beste bide batetik?

Kulturartekotasuna desberdintasunean, hau da, mendekotasunean, oinarritzen denean, kulturartekotasunaz hitz egitea irrigarria izango litzateke negargarria ez balitz. Kultura eta hizkuntza ugaritasunaren diskurtsoa, funtsean, diskurtso dominantearen eskutik ondutako ideologia zapaltzailea besterik ez da. Horrelakoa ez denean, eta asmoz eta helburuz giza talde eta herri guztien identitatea berdintasunean garatzeko estrategiak bilatu nahi direnean, izugarrizko zuhurtasunez eta argitasunez jokatzera beharturik gaude. Gainerakoan, ergelarena egingo dugu oharkabean, eta, hori gutxi ez balitz, globalizazioaren eta Estatu-nazioaren atzean dauden interes eta estrategiei jokoa egin.

Nik neuk ez daukat batere arazorik identitate pluralaren inguruan herrien elkartasunezko harremanak ontzeko. Izan, horixe baitugu biderik egokiena, demokratikoena eta zuzenena gurea bezalako herri menderatu eta txiki baten ikuspegitik. Baina, zinez eta benetan, Estatu-nazioaren (Espainia eta Frantzia guri dagokigunez) aldetik jasan dugun “unibertsaltasuna» jasan ondoren, orain inperialismo gordina besterik ez den globalizazioaren aurrean amore eman behar al dugu kulturartekotasun-kontzeptua tartean dagoelako? Edota globalizazioaren harian datozkigun informazio-tegnologia berrien balizko alde onuragarriak guk geuk ere erabil omen ditzakegulako geure etxea eraikitzeko? Ez gaitezen izan modernotasunak liluratutako koitaduak!

Ez dago pluraltasunaren aldeko diskurtsoa baino gauza nazkagarriagorik diskurtso hori hegemoniaren eskutik zilegiztatu nahi denean. Ideologia dominantearen oinarrizko elementua bihurtu zaigu, hortaz, kulturartekotasunaren auzia hau. Baina, orain, askoz hobeto mozorroturik dago bere jazkera. Orain ez baita Estatu-nazioaren izenean datorren mezu gordin gisa hautematen, gizateria mailako unibertsaltasunaren itzala daukalako aterpetzat. Eta, jakina, askotan ez da erraza izaten unibertsaltasun abstraktu horren atzean dagoen errealitate ankerra atzematea begiak eta belarriak oso erne ez baldin badauzkagu. Kulturartekotasuna, gaur indarrean dagoen eredua behintzat, ez baita munduko herri-identitateak modu osagarrian egituratzeko joera, globalizazioaren interesen pean datozen pentsamedu, kultura eta ideologia hegemoniko suntsitzailearen estrategia baizik.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001