Beljika burujabearen hizkuntza politika

Belgikako erreinu berriko legeriak herrialde berri horretako biztanleen %50 bigarren klaseko biztanle bihurtzen zituen bat batean, eurek ezagutzen zuten hizkuntza bakarra ezin baitzuten erabili estatuarekiko harremanetan.

frantsesaren nagusitasunarekin lehiatzeko gutxituta sentitzen ziren flandestarrak. Egoera horren aurrean, mendebaldeko hizkera flandestarretan oinarritutako hizkuntza bat sortzearen alde agertu ziren hainbat idazle eta intelektual

Flandesen elebitasun ofiziala ezarri zen, hau da, probintzia flandestarretan flandeserak frantsesarekin batera bizitzeko zuen eskubidea ziurtatu zuen, hurrengo hamarkadetan bistakoak egin ziren mugekin bazen ere. Edonola ere, lege horien ondorioz, flandesera gehiago erabiltzen hasi zen esparru publiko eta formaletan.

Belgikako unibertsitate bat flandestar bihurtu nahi luketen flandestarrek ez dute behar adina gogoeta egin unibertsitate batek izan behar duen zeregin gorenari buruz. (Instructions Collectives 1906, Beheydt-en aipamena 1995:52)

lehen Belgikako legeriak norbanakoari elebiduna izateko eskatzen bazion, orain administrazioak bete beharko zuen baldintza hori, bereziki, maila gorenetan –eta gizabanakoak, aldiz, elebakarra izateko eskubidea izango du–.

Legeria berriaren ondorioz, erraztasun linguistikoak eskaini zitzaketen udalak zeintzuk ziren ere finkatu zen legez. Hau da, zein udaletan zen legezkoa lurraldekoa ez zen hizkuntza erabiltzea (flandesera, frantsesa nahiz alemanera izan) administrazioarekiko harremanetan eta eskolaratzean.

1962-1963. urteetako legeriak hainbat erakunde instituzionaldu zituen, legezko erreformak zuzen aplikatzen zirela zaintzeaz eta legeak betetzen zirela ziurtatzeko beharrezko neurriak hartzeaz ardura zitezen. Horrez gain, hiru talde linguistikoetako ordezkariek osatzen zuten Hizkuntza Kontrolatzeko Batzorde Iraunkor bat ere sortu zen.

1.- Belgikako Estatuaren lehen etapa: askatasunaren eta hizkuntza gutxituen artean

1.1.- “Hizkuntza askatasuna»ren ezarpena

[...] inoiz ez du herrialde batek iraultzarik egin Belgika Holandatik banandu zuen sentimendua bezain gutxi zabaldutako sentimendu batengatik. Frances Trollope, idazle britainiarra, 1833. (McRae-ren aipamena 1986: 21)

Independentzia lortutakoan, Belgika monarkia konstituzional unitarista bihurtu zen. Udal eta probintziatan antolatu zen eta gobernua Bruselan zentralizatuta zegoen; hain zuzen, sezesioan benetako buru izan zen sektorearen, hau da, burgesia frankofonoaren neurrira egindako eredua. Estatu berriak boto eskubidea zuten 46.000 hautesleko errolda finkatu zuen, nahiz eta hiritarrak 4 milioi inguru ziren. 1830eko azaroan emandako dekretu batek estatuko hizkuntza frantsesa zela ezarri zuen, nahiz eta bertan aurreikusi beharrezkoa zenean dokumentuak flandeseraren eta alemaneraren4 dialektoetara itzuliko zirela. Zertxobait geroago, 1831ko konstituzioak –garai bereko Holandako eta Frantziako konstituzioetan oinarriturikoak– hizkuntzari buruzko artikulu bakarra jaso zuen (23. art.):

Belgikako hizkuntzen erabilpena aukerakoa da. Legez soilik arautu ahal izango da, eta aginte publikoekiko egintzei nahiz arazo judizialei dagokienean besterik ez. (Geure itzulpena).

Hala ere, askatasun hori itxurazkoa zela berehala jarri zen agerian. 1831. urteko irailaren 19an onetsitako lege batek ezarri zuen Belgikako legeen bertsio frantsesa soilik izango zela ofiziala. Bestalde, jadanik aipatu dugun 1830eko hizkuntza dekretuaren 6. artikuluan garbi uzten ziren ustezko “hizkuntza askatasun» horren mugak. Izan ere, hiritarrei frantsesa, flandesera edo alemaniera erabiltzeko baimena ematen zien:

[...] epaitegiekin eta epaitegietako funtzionarioekin zituzten harremanetan, baldin eta erabilitako hizkuntza hori ulertu egiten bazuten gai zibil eta penaleko kasuez arduratzen ziren epaileek eta abokatuek nahiz ministerio publikoko epaileek eta defendatzaileek.

(Du Roy–ren aipamena 35)

Eta talde horien izaera demolinguistikoa kontuan hartuta, oso kasu gutxitan betetzen ziren frantsesa ez zen beste hizkuntza bat erabili ahal izateko baldintzak. Muga hori ez zen inolaz gai hutsala, izan ere, Beheydt-ek dioenez (1995:50) Flandesko biztanleen %97 elebakarra zen, hau da, flandeseraren dialektoren bat soilik ezagutzen zuen. Horrela, bada, Belgikako erreinu berriko legeriak herrialde berri horretako biztanleen %50 bigarren klaseko biztanle bihurtzen zituen bat batean, eurek ezagutzen zuten hizkuntza bakarra ezin baitzuten erabili estatuarekiko harremanetan.

Horrela, hizkuntzari dagokionean, estatu berria itxura pragmatikoko sasi-liberalismoan oinarritzen zen, eta ez hizkuntzak desagerrarazteko politika zorrotzetan. Errealitatean, McRae-k dioenez (1986:22) Belgikako klase dominatzaileak euren hegemoniaz hain ziur zeudenez, oraindik frantsesez ez zekitenekin eskuzabalak ziren; izan ere, argien hizkuntza ez ezagutzea denbora gutxian alda zitekeen egoera zela uste zen. Baina, axolagabekeria horrek ez du esan nahi elite horien azken helburua herrialdea frantsestea ez zenik. Hain zuzen, Kongresu Nazionaleko kide ezagun izandako Rogier-en hitzetan “Belgika latindarra izango da edo ez da ezer izango» (Beheydt 1995:50).

1.2.- Mugimendu Flandestarraren agerpena: literaturaren errenazimendua eta hizkuntza estandarraren aukeraketa.

Flandestarrek 1840 eta 1850 bitartean miseria eta gosea jasan zuten, eta hasiera batean ez zuten egoera horren aurka ezer egin. Baina gertakariak laster hasi ziren mirakulu hori desegiten. Holandarekin izandako batasun laburrak holandarren aurkako mesfidantza indartu egin zuen, baina, aldi berean, batasun horri esker flandestarrak euren hizkuntzaren gaitasunez jabetu ziren berriro: estatu moderno eta garatu batean hizkuntza ofizial eta administratiboa eta kulturala izan zitekeen. Estatuan gehiengoa izanik ere, mendekotasun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean bizi ziren; estatuak bigarren klaseko hiritar gisa tratatzen zituen, eta, beraz, eurek ez zuten beraien estatutzat jotzen. Horrela, bada, Belgikaren independentzia egunaren biharamunean, pixkana, esnatze-prozesu kultural eta linguistikoa gertatu zen, eta horren ondorioz, Mugimendu Flandestarra (Vlaamse Beweging) sortu zen. Mugimendu hori berreraikuntza nazionalerako mugimendu bihurtuko zen, eta, luzera, estatu belgikar berriaren botere-harremanak eta egitura politikoa bera guztiz behekoz gora jarriko zituen.

Mugimendu Flandestarraren hasiera bateko jarrera, batez ere, literarioa eta kulturala izan zen. Anverseko artxibozain ohia, Jan Frans Willems (1793-1846) –Orangetarra izateagatik bere kargutik kendu zutena– hasi zen Erdi Aroko literatura flandestarra berraurkitzen. Bere lanak, hain zuzen, literatura herrikoi erromantikoa garatzeko oinarriak finkatu zituen. Literatura erromantiko horretan azpimarragarria da Hendrik Conscience-ren Flandesko Lehoia nobela historikoa. Nobela horrek, beste gertakari batzuen artean, 1384. urteko urrezko ezproien bataila kontatzen du, eta horretan oinarritu ziren, hain zuzen, flandestarrak beraien iragan loriatsuaren mitifikazioan eginez nortasun komun bat berreraikitzeko.

Aukeraketa zaila egin behar izan zuen lehen etapan Mugimendu Flandestarrak: zein hizkuntza aldaera sustatu. Ikusi dugunez, XIX. mendearen hasieran Flandesko hizkuntzen aniztasuna ez zen hainbestekoa: bertako biztanle gehienek dialektoak erabiltzen zituzten, baina horien artean gero eta handiagoa zen aldea. Ondorioz, frantsesaren nagusitasunarekin lehiatzeko gutxituta sentitzen ziren flandestarrak. Egoera horren aurrean, mendebaldeko hizkera flandestarretan oinarritutako hizkuntza bat sortzearen alde agertu ziren hainbat idazle eta intelektual, hizkera horiek XV eta XVI. mende bitartean hizkuntza literarioaren oinarri izan baitziren. Guido Gezelle poeta (1830-1899), XIX. mendeko flandestar literaturako idazle ospetsuenetako bat izan zen joera lokalista horien abangoardistetako bat. Herri flandestarraren nortasuna –katolikoa nahiz kontserbadorea– ongi bereizitako hizkuntza batek soilik babes zezakeela uste zuen. Gezelle-k ez bezala, beste idazle batzuk, horien artean Mugimendu Flandestarraren “aita» izandako Jan Frans Willem bera (1793-1846), Herbehereetako flandeseraren estandarra erabiltzeko beharra defendatzen zuen joera integrazionistaren buru agertu ziren: hori zen bidea kultura garatua eta prestigiozko corpus literarioa, zientifikoa, teknologikoa, etab. zuen hizkuntza izan ahal izateko.

Bi joera horien arteko polemika luzea izan zen baina, azkenean, joera baten eta bestearen aldekoen arteko eztabaida luzeen ondoren, ikuspegi integrazionista atera zen irabazle. Beste aukera sezesionistagoen aurrean flandesera estandarra aukeratzea izan zen Mugimendu Flandestar jaioberriaren erabaki zailenetako bat. Azken finean, suspertzen ari zen hizkuntzaren erreferentziazko forma gisa aldaera kanpotar bat onartzea zekarren erabaki horrek, eta, gainera, hori defendatzen zutenei jatortasuna –eta sinesgarritasuna– kentzeko arriskua zekarren, eta ondorioz hizkuntza mugimendua ahultzekoa. Baina epe ertain eta luzera, mugakide ziren holandarrekiko komuna zen hizkuntza bat aukeratzea oso eraginkorra izan zen: batetik, flandestarrek beste hizkuntza bat garatzea aukeratu izan balute burutu behar izango zituzten hizkuntzaren aukeraketa, kodifikazio eta lanketa zereginak aurreratu zituztelako; eta, bestetik, bete-betean hizkuntza eta kultur esparru guztiz indartsuan sartu zirelako.

1.3.- Hizkuntza berdintasunaren errebindikazioa: hizkuntzari buruzko lehen legeak.

1860. urteaz geroztik kezka literario eta kulturalak gainditu, eta bigarren etapa batean sartu zen Mugimendu Flandestarra. Hala ere, Flandes zaleak saiatu ziren flandeserak bizitza publikoan presentzia gehiago izan zezan. Hori lortzeko, flandestar ekintzaileek legezko erreformen bidea hartu behar izan zuten eta, ondorioz, hizkuntzari buruzko lehen legeak jaio ziren Belgikan.

Etapa aldaketa horri lotuta, hainbat mobilizazio egin zen gertakari lazgarrien eraginez. Aipa dezagun, esaterako, lapurreta eta hilketaz salatu zituzten bi langile flandestarren aurka egindako epaiketa. Epaiketa frantses hutsean egin zen, haiek flandesera besterik ez bazekiten ere. Bi salatuek ezin izan zuten euren burua behar bezala defendatu. Zigortu eta gillotinan hil zituzten. Hilabete gutxi geroago, errugabeak zirela frogatu zen eta bi langileak flandestarrek frantsesengandik jasandako zapalkuntzaren sinbolo bihurtu ziren.

Flandestarren mobilizazioa hurrengo hamarkadetara ere luzatu zen, eta flandeseraren presentzia gehitzea lortu zuen epaitegietan, estatuko administrazioan, bigarren mailako hezkuntzan eta estatuko sinboloetan. Beste batzuen artean: txanpona, zigiluak, Parlamentua, estatuko aldizkari ofiziala (Staatsblad), etab. Etapa hori 1898ko Vrient-Coremans-en Legearekin amaitu zen. Lege horrek flandeserari frantsesaren status bera eman zion, hizkuntza ofizial bihurtuz. Horrela, Flandesen elebitasun ofiziala ezarri zen, hau da, probintzia flandestarretan flandeserak frantsesarekin batera bizitzeko zuen eskubidea ziurtatu zuen, hurrengo hamarkadetan bistakoak egin ziren mugekin bazen ere. Edonola ere, lege horien ondorioz, flandesera gehiago erabiltzen hasi zen esparru publiko eta formaletan.

2.- Belgikako estatuaren bigarren etapa: elebitasunetik lurralde-elebakartasunera.

2.1.- Belgika bi gatazka artean: lurralde-elebakartasunaren ezarpena.

Belgikako estatuaren aldaketa-prozesuaren bigarren etapa mendearen amaieran hasi zen, frantsesaren eta flandeseraren arteko nolabaiteko “oreka linguistikoa» lortu ondoren. Aldi hori mugimendu flandestarraren hirugarren fasearekin bat dator: elebitasunari zegozkion errebindikazioak gainditu ondoren, elebakartasun printzipioaren alde lanean hasi zen garaia, alegia. 1893. urtean gizonezkoentzako sufragio unibertsala lortu ondoren –boto emailearen status ekonomiko eta sozialaren arabera distortsionatua bazen ere– flandestarrak indarra hartzen joan ziren, eta ordutik aurrera, beraien indar elektorala hizkuntzari zegozkion legeria aldatzeko erabil zezaketen. Aldi horretan hasi zen antolatzen waloien nolabaiteko erantzuna ere, flandestarren eskaerei aurre egiteko, flandestarrak gehiago izateak ematen zien boterea –potentziala, behintzat– agerian jarri zenean batez ere.

XX. mendearen lehen hamarkadetako Flandes zaleen helburu nagusietako bat Ganteko Unibertsitatea flandeseratzea izan zen, ordura arte frankofonoa izandakoa. Horrekin, gizarte flandestarrari, gutxienez, goi mailako hezkuntza zentro bat eman nahi zitzaion, bertan bere elite intelektualak frantsestu gabe hezi ahal izan zitezen. Baina asmo horrek frankofonoen oposizioa izan zuen parlamentuan nahiz gizartean. Eta elite horri sarritan nabaritzen zitzaion “flandestar» zen guztiarekiko mesprezua; adibidez, Belgikako apezpikuak Belgikako unibertsitate bat flandeseratzearen aurka agertu zirenean:

Belgikako unibertsitate bat flandestar bihurtu nahi luketen flandestarrek ez dute behar adina gogoeta egin unibertsitate batek izan behar duen zeregin gorenari buruz. (Instructions Collectives 1906, Beheydt-en aipamena 1995:52)

Lehen Mundu Gerrak ondorio lazgarriak izan zituen Mugimendu Flandestarrean. Belgikaren neutraltasunari jaramonik egin gabe, Kaiserraren armadak Belgika okupatu zuen eta Flandes zaleen lankidetza eskatu zuen. Beste neurri batzuen artean aginte militarrak flandeseraren elebakartasuna ezarri zuen Flandesen, alemanerarena alemaneraz hitz egiten zen lurraldean eta frantsesarena Walonian. Horrek herrialdea bi lurralde linguistikotan banatu zuen. Flandes zale gehienak inbaditzailearen aurka agertu baziren ere, kolaborazionista talde txiki batek Flandesko Kontseilua osatu zuen. Kolaborazionista horien lankidetza gerra bukatu ondoren Flandes zaleak erasotzeko erabili zuten.

Gerra amaitu ondoren, Belgika independentea eremu linguistikotan zatitu zen (1921) flandesera Flandesko administrazioaren hizkuntza gisa onartu baitzen, nahiz eta salbuespen asko izan. Hizkuntzak lurraldeka banatzeko lehen ahalegin horren arabera, probintzietako agintariek elebitasuna aukera zezaketen eta lekuko agintariek berriz bertako hizkuntza aukera zezaketen, errolda osatzen zuten biztanleen hizkuntzaren arabera. Are gehiago; kasu jakinetan hizkuntzaren aukeraketa pertsonala errespetatu egiten zen. Une horretatik aurrera, Flandesk flandeseraren aldeko elebakartasuna aukeratu zuen, eta Brusela flandeseratzeko prozesua utzi, eta hiri elebidun bihurtzen zuen estatutua eskuratu zuen.

20ko hamarkadan aurrerapauso nahiko gutxi egin ziren Flandesen flandeseratze prozesuan, eta Ganteko Unibertsitatearen auziak oraindik konpondu gabe jarraitzen zuen. Baina, hala ere, hamarkadaren amaiera aldera, hizkuntzari buruzko legeria berrikusteko beharra mahai gainean jarri zuten tentsio komunitarioek. Lurraldekako hizkuntz banaketa garbiagoa egiteko beharra nagusitu zen alde bateko nahiz besteko politikarien artean. Beheydt-ek dioen bezala (1995:52) Lieja eta Charleroi hirietako industria zentroetara etorkin erdaldunak joan ziren, eta horren ondorioz aldaketa handiak gertatu ziren waloniarren komunitate politikoan: lurraldearen osotasuna galtzeko arrisku gisa ikusten zuten gertaeraren aurrean, waloniar frankofonoak lurralde elebakartasunaren alde on batzuk ikusten hasi ziren eta, hori dela eta, Flandesko gutxiengo frantsestuen egoeraz kezkatzeari utzi eta beraien lurraldearen osotasuna ziurtatzeaz arduratu ziren.

Aldaketa horien ondorioz, 30eko hamarkadan hizkuntzari buruzko beste lege batzuk sortu ziren. 1930 eta 1938 bitartean, herrialdearen bilakaera linguistikoan eragin handia izango zuten legeak onetsi ziren. Horien bidez hainbat gauza lortu ziren, besteak beste, honakoak: 1930. urtean Ganteko Unibertsitatearen flandeseratze osoa bultzatu zen; 1932. urtean lurralde linguistikoaren arabera zegokion hizkuntzan irakasteko printzipioa berretsi zen (flandesera, frantsesa, alemanera), salbuespen batzuk egon baziren ere; 1932. urtean bertan, estatuko administrazioarentzako lurralde elebakartasunaren printzipioa berretsi zen, eta 1935. urtean sistema judizialari ere printzipio bera aplikatu zitzaion; azkenik, 1938. urtean hizkuntza bakarreko unitate militarren sorrera onetsi zen. Lege hauek guztiek beren hizkuntza aukeratzeko gaitasuna kendu zieten mugako udalei, eta udal bakoitzaren erroldaren emaitzei lotuko zitzaien zuzenean.5

Hizkuntzari buruzko legeen bigarren multzo horrek, Belgikako lege sistemako oinarrizko printzipio batzuk finkatu zituen hizkuntzei zegokionez. Lege horiek lurralde elebakartasunaren printzipioa finkatu zuten, norbanakoari hizkuntza aukeratu eta erabiltzeko nolabaiteko gaitasuna ematen zioten salbuespen bakar batzuekin. Horrek eskualdeaz gaindiko izaera zuten ildo linguistiko desberdinduen sorrera ekarri zuen administrazioan. 30eko hamarkadaz geroztik, hizkuntza jakin batean hasten zen prozesu administratibo edo judiziala hizkuntza berean garatu beharko zen maila gorenenetan ere. Horrela, dokumentazio itzulpenak ekiditen ziren, funtzionarioen mesederako. Ondorioz, lehen Belgikako legeriak norbanakoari elebiduna izateko eskatzen bazion, orain administrazioak bete beharko zuen baldintza hori, bereziki, maila gorenetan –eta gizabanakoak, aldiz, elebakarra izateko eskubidea izango du–. Horren ondorioz, administrazioak goi karguen hizkuntza eskakizunak mailaz asko igo beharko ditu.

Lege multzo horrek arazo ugari utzi zituen konpontzeko, batez ere Bruselari zegokionez eta hizkuntza lurralde horietako bakoitzetik kanpo zeuden gutxiengo linguistikoei zegokienez. Arazo horiek eta beste batzuek Belgikako bizitza politikoa kutsatzen joan ziren hamarkada batzuek beranduago arte.

2.2.- 60ko hamarkadan finkaturiko muga linguistikoak

Bigarren Mundu Gerrako nazien inbasioak, gutxienez, lehenengo Mundu Gerrak eragindakoaren pareko trauma eragin zuen Belgikako gizartean. Okupazioa amaitu ondoren, gerra ondoko Belgikako gizartean tentsioak areagotu egin ziren Flandes sozialdemokrata, katoliko eta monarkikoaren eta Walonia sozialista, laiko eta askoz antimonarkikoagoaren artean.

Hizkuntza gatazka konpondu gabe zegoela ikusi zen. Gerraoste guztian zehar, flandestar askok uste zuen 1932. urteko akordioek erakundeen eta legeen “eraikuntzan» pitzadura handiak utzi zituztela eta, ondorioz, Flandesen frantseste prozesua oraindik indarrean zegoela. Ildo horretatik, ikusi zuten lurralde flandestarrean bizi ziren haur frankofonoen frantsesetik flandeserarako trantsizioa (transmutation) egiteko eskolak sortzeko aurreikusi ziren laguntzak, leku batzuetan lehen eta bigarren hezkuntza osorik frantsesez ematen zuen irakaskuntza sistema posible egiteko erabili zirela. Ondorioz, frantsesak hedatzen jarraitzen zuen, Bruselan batez ere. Izan ere, flandestar inguruetara bizi kalitate hobearen bila joandako frankofonoak ez ziren bertakoen hizkuntzara egokitu. Beraz, hirugarren lege multzoa iritsi zenean, flandestarren asmo sendoa ihesbide horiek ixtea zen:

1960. urteko hizkuntzari buruzko legeen hirugarren multzoa iritsi zenean, flandestarren asmo sendoa salbuespenekin amaitzea eta ihesbide hauek ixtea zen, baina 1960. urteko legediaren azpian zeuden oinarrizko printzipioak, 1929 eta 1932 bitartean izandako alderdi arteko negoziazio kritikoen giroan landuta zeuden [...] (McRae 1986:150)

Hizkuntzari buruzko legeen hirugarren multzoak helburu nagusi bat zuen: Belgikako hizkuntza endogeno desberdinen arteko mugak behin-betiko finkatzea, hizkuntzak lurraldeka banatzeko prozesua amaitu ahal izan zedin6. Legeria horren zatirik garrantzitsuena, 1962. eta 1963. urteetan Belgikako parlamentuak onetsi zituen lau legek osatzen dute. Onespen horien inguruan gizartearen mobilizazioak ugariak izan ziren, tartean Ekintza Flandestarrerako Batzordeak Bruselara antolatutako martxak (1961, 1962) eta horien erantzun gisa frankofonoek Liejan egindakoak. Lege berri horiek garatzeko emandako dekretu eta araudiek ere gatazkak eragin zituzten, eta, ondorioz, hizkuntzen inguruko sumina hamarkada guztira luzatu zen.

1962. eta 1963. urteetako legeriaren arabera, Belgika lau eskualde linguistikotan zatituta geratzen zen:

  • eskualde elebakar flandeseraduna eskualde elebakar frankofonoa eskualde germanofonoa (baina frankofonoentzat erraztasunak ematen zituena; ikus infra), frantses-nederlandar eskualde elebiduna, Brusela hiriburuaren distrituak osaturikoa.

Muga linguistikoen finkatze horren ondorioz, probintzia batzuetako zenbait zonalde beste probintzia batzuetara bildu ziren, banaketa horien homogenotasun linguistikoa ahalik eta gehien bermatzeko. Beste erreforma batzuen artean, honelako aldaketak ekarri zituen: Comines eta Mouscron zonak Hainaut waloniarrak bereganatutu zituen, eta Voer zona, berriz, flandesr Limburg-ek. Aldaketa horiek jarraitasun geografikoa eteten bazuten ere (ikus 59. orrialdeko 4. mapa). Voer-en kasuak hurrengo hamarkadetan zehar zabalik jarraituko zuen zauria eragin zuen lurraldekako banaketa prozesuan, bertako biztanleek flandesera estandarretik oso urrun dagoen dialekto germaniar bat hitz egiten zutenez, Flandesr eremuaren zati bihurtzearen aurka eta berriro Liejan sartzearen aldeko azaldu baitziren.

Legeria berriaren ondorioz, erraztasun linguistikoak eskaini zitzaketen udalak zeintzuk ziren ere finkatu zen legez. Hau da, zein udaletan zen legezkoa lurraldekoa ez zen hizkuntza erabiltzea (flandesera, frantsesa nahiz alemanera izan) administrazioarekiko harremanetan eta eskolaratzean. Gainerako udaletan, berriz, lurralde elebakartasunaren printzipioa gogortu egin zen. Esan beharra dago, Bruselaren kasu berezia alde batera utzita, erraztasun horiek zituzten udalak lurralde elebakartasunaren salbuespen gutxi batzuk besterik ez zirela, edo, beste era batera esanda, estatuko biztanle guztien %3k soilik zituztela erraztasunak.

Hizkuntzen arteko mugak eta erraztasun linguistikoak zituzten udalak zeintzuk izango ziren finkatzea bereziki zaila izan zen Bruselaren kasuan. Flandesko Brabant zonaren erdian egonik, bere gobernuaren tradizio historikoa frankofonoen aldekoa zen, eta Borgoniarren gorteak agindu zuen garaitik zetorren, gutxienez. Hala ere, hiriak nagusiki flandestarra izaten jarraitu zuen independentzia iritsi zen arte. Horrela, Hasquin-ek (1989:19) gogoratzen digunez, frankofonoak ez ziren %15 izatera heldu 1700. urtera arte. XIX. mendean zehar eta XX. mendearen lehen erdian, ordea, etorkin frankofonoak iritsi ziren, batetik; eta bertakoen nahiz etorkinen hizkuntzen arteko ordezkatze linguistikoa gertatu zen, bestetik, Bruselako oreka linguistikoa guztiz alderantzikatuz. Ondorioz, hiria frankofonoa bihurtzen joan zen arian-arian (ikus 3. taula) gizartearen goiko geruzetatik hasi eta biztanle guztietaraino iritsiz.

3. taula. Hizkuntzen jakite-maila Bruselako eremu metropolitarreko udaletan

Urtea Biztanleak Elebakar frankofonoak Elebakar flandestarrak Elebidunak
1866 309.000 19,3 46,2 31,7
1900 626.000 22,3 25,5 42,8
1947 956.000 37,0 9,5 43,9

Iturria: Wetenschappelijk onderzoek, 1974-75, 1:11-20, McRae-ren aipamena (1985:295)

Flandestarrek prozesu horri buruz zuten ikuspegiaren arabera, gelditu beharra zegoen, Bruselako flandestarrak beren hiriburuan gero eta gehiago baztertzeaz gain, fenomeno hau olio tanta frankofono baten moduan (olievlek) zabaltzen ari baitzen gero eta handiagoa zen periferiara. Beraz, prozesua kontrako norabidean jarri ezin zutenez, flandestar liderrek ahalegin guztiak bildu zituzten Bruselako eskualde elebiduna isolatzen saiatzeko. Eta bereziki borrokatu zuten gero eta hurbilago zegoen Brabant zona waloniarrarekin lurralde jarraitasuna izan ez zezan. Hiriburuko frankofonoak beren aldetik, hiriari bere eragin naturaleko arearantz zabaltzen usten ez zion “soka» (carcan) askatzen saiatu ziren. Negoziazioak iraun zuen bitartean, behintzat, lider waloniarrek nahiago izan zuten Bruselako eskualde elebidun zabalago bati uko egitea, bestela ordurako waloniarren lurraldean zeuden periferiako udal batzuetan flandestarrei erraztasun linguistikoak ematea onartu behar baitzuten.

Azkenean, Bruselako distritu zaharra (arrondisement) hiru zonatan banatuz konpondu zen Bruselaren auzia:

  • Hemeretzi udalek (communes) osatuko zuten Brusela hiriburuko distritu berria, eta bertan elkarrekin biziko ziren frantsesaren eta flandeseraren arteko koofizialtasun estatutua egin zen (flandesera sistematikoki mantendu behar baitzen). Periferiako sei udalek –horien artean Brusela eta Walonia arteko korridorea– distritu berri bat osatuko zuten. Bertan, zerbitzuak eta hezkuntza bi hizkuntzetan emango ziren baina administrazioarekiko harremanetarako hizkuntza bakarra flandesera izango zen. Bruselako distrituaren gainerakoak, Halle-Vilvoorde flandestar distritu berria osatuko zuen.

1962-1963. urteetako legeriak hainbat erakunde instituzionaldu zituen, legezko erreformak zuzen aplikatzen zirela zaintzeaz eta legeak betetzen zirela ziurtatzeko beharrezko neurriak hartzeaz ardura zitezen. Horrez gain, hiru talde linguistikoetako ordezkariek osatzen zuten Hizkuntza Kontrolatzeko Batzorde Iraunkor bat ere sortu zen. Batzorde horrek ikerketa nahiz ikuskapen ahalmen handiak zituen, eta horretaz gain aholku-organo garrantzitsua ere bazen.

 


 

OHARRA: Honako lan hau “Polítiques lingüístiques a països plurilingües» izeneko jardunaldietan (1998) Xavier Vila i Moreno irakasle jaunak emandako hitzaldiaren (“La dinàmica glotopolítica a Bèlgica») 3. eta 4. Puntuen itzulpena da.

4 1839. urtera bitartean Luxenburgo estatu belgikarraren zati bat izan zela gogorazi behar da, Gilermo I duke handia agintari zuela Dukerri Handi independentea bereizi zen arte.

5 Horren ondorioz, erroldetako datuak asko politizatu ziren, neurri batean hizkuntzari buruzko erreferendum baten baliokide bihurtu baitziren. Horrek guztiak manipulazio eta iruzur salaketak eragin zituen, eta azkenean erroldatzean egiten ziren hizkuntz galderak kendu egin behar izan ziren.

6 Agian hemen esan beharra dago flandeserak frantsesaren alde galdu zituen lurraldeak batez ere mendebaldekoak zirela, hau da, gaur egun Frantziako estatuarenak diren lurraldeak. Zona horretan frantses hizkerek pixkana aurrera egin dute, eta, ondorioz, Boulogne sur Mer (lehen Bonen zena), Calais (lehen Kales zena) edo Dunquerque (lehen Duinkerke zena) area frankofono bihurtu dira. Gaur egun, muga linguistikoa oso atzera joan da, Frantzia eta Belgikaren arteko muga politikoarekin bat etorri arte, eta aurrez nederlandofonoak ziren Frantziako areetan (“Westhoek» izenez ezagutzen zirenak) –mendebaldeko txokoa– flandesera ordezkatze terminal fasean dago (ikus 56. orrialdeko 2. mapa).

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Xavier Vila i Moreno
Urtea: 
2001