Hizkuntza eskubideen behatokia

Behatokiak hizkuntz eskubideen egoerari buruzko txostena prestatuko du urtero. Txostenean, gainera, hizkuntz eskubideak errespetatzeko neurri jakinak hartzeko gomendioa egingo die erakunde publikoei, alderdi politikoei eta erakunde sozialei.

Bere eginkizunerako egokitzat jotzen diren bestelako ekintzak ere egingo ditu Behatokiak. Hona hemen batzuk: hizkuntz eskubideen dibulgazioa egitea, hizkuntz eskubideen arazo orokorra edo gai zehatzak aztertzeko jardunaldiak antolatzea, arazo jakinei buruzko ikerketak bideratzea, nazioarteko eragileei informazioa helaraztea, besteak beste.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia ekainaren 26an aurkeztu zen publikoki Iruñean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ekimenez sortu da Behatokia, hainbat erakunde eta eragileren onespena eta babesa jaso dituelarik hasiera-hasieratik.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia, hizkuntz eskubideen egoerari eta kasu askotan gertatzen diren eskubide urraketei buruzko kezkak bultzatuta sortu da. Izan ere, azken aldian euskaldunon eskubideak jasaten ari diren erasoen aurrean Kontseiluak hizkuntz eskubideak bermatzeko lan egitea garrantzi handikotzat du. Behatokiaren eginkizuna arlo publiko eta pribatuan hizkuntz eskubideak errespetarazteko ekimenak garatzea izango da.

Behatokiak, hasieran, lan alor nagusi hauek izango ditu:

1) Herritarren eta entitateen salaketak jasotzea eta bideratzea.
2) Hizkuntz eskubideen egoerari buruzko txostenak prestatzea eta bideratzea.
3) Prebentzio lana egitea.

I. Behatokiaren lan alorrak

I. 1. Salaketak jasotzea eta bideratzea:

Datozen hilabeteetan Euskararen Telefonoa jarriko du abian Behatokiak. Herritarrek eta elkarteek beren kexuak eta salaketak telefono horretara deituz bideratuko dituzte. Gaia garrantzitsua denean bilera egingo du Behatokiak kaltetuekin.

Behatokiak prozedura ezberdinak jarriko ditu abian kexuaren sortzailea erakunde publikoa denean edota pribatua denean.

Bestalde, lehen salaketa gertatzen denean idatziz zuzenduko zaio erakundeari, hizkuntz eskubideak errespetatzea eskatuz. Salaketa gehiago jasotzen direnean, erakundearekin bilera eskatuko da. Gertatutakoa larria denean, salaketa publikoa egingo da eta erakundearen kontra legez jotzeko aukera baldin badago, halaxe egingo da.

Nolanahi ere, Behatokiak, herritarren edota elkarteen salaketen zain egon gabe, sistematikoki aztertuko du erakunde publikoek hizkuntz eskubideak errespetatzen dituzten, eta urraketak dauden kasuetan, judizialki jo dezake erakundearen aurka.

Behatokiaren lehenengo ekintza hain zuzen ere arlo honetan egin da: ekainaren 26an jende aurrean agertu bezala, Behatokiak Nafarroako Gobernuaren hainbat lan deialdiren aurkako helegiteak aurkeztea bideratu du, bertan egiten den euskararen balorazioa baztertzailea dela argudiatuz. Lan deialdi hauek Nafarroako Gobernuak, administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzeko egindako Dekretuan oinarritzen dira.

I. 2. Hizkuntz eskubideen egoeraz txostenak prestatzea eta bideratzea:

Behatokiak hizkuntz eskubideen egoerari buruzko txostena prestatuko du urtero. Txostenean, gainera, hizkuntz eskubideak errespetatzeko neurri jakinak hartzeko gomendioa egingo die erakunde publikoei, alderdi politikoei eta erakunde sozialei.

Urteko txostenaz gain, erasoen aurrean edota arazo garrantzitsuen aurrean txosten bereziak prestatu eta nazioarteko instantzietara joko du Behatokiak. Hizkuntz eskubideen alde diharduten nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeetara ere joko da, euskal herritarrei eta euskalgintzari babesa erakuts diezaieten eta beren presio ahalmena erabil dezaten.

I. 3. Prebentzio lana egitea:

Behatokiak harremanak izango ditu oraindik zabaldu ez diren gune handiekin (merkataritza-zentroak, museoak, aireportuak, kirol instalazio handiak...), hizkuntz eskubideak errespeta ditzaten.

Bide beretik, erakunde publiko edo pribatu batek, legez behartuta egon gabe, hizkuntz normalkuntzaren aldeko urrats garrantzitsu bat egiten duenean Behatokia zuzendu egingo zaio egindakoa nabarmenduz. Egindako urratsa bereziki azpimarratzekoa denean, lanaren txalotze hori publikoki ere egingo da.
I. 4. Ekintza osagarriak:

Bere eginkizunerako egokitzat jotzen diren bestelako ekintzak ere egingo ditu Behatokiak. Hona hemen batzuk: hizkuntz eskubideen dibulgazioa egitea, hizkuntz eskubideen arazo orokorra edo gai zehatzak aztertzeko jardunaldiak antolatzea, arazo jakinei buruzko ikerketak bideratzea, nazioarteko eragileei informazioa helaraztea, besteak beste.

II. Behatokiaren bitartekoak eta finantzazioa

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Iruñean du egoitza, Marcelo Zelaieta kalean. Hasieran, Zuzendaria eta Kudeatzailea izango ditu Behatokiak, eta txosten juridikoak enkargatu eta salaketa garrantzitsuenak epaitegietan bideratzeko baliabide ekonomikoak esleituko dira. Aurrerago, teknikari batzuk izatea ere aurreikusi da. Izendapenak ere egin dira dagoeneko: Paula Kasares izango da Behatokiko Zuzendaria eta Paul Bilbao Kudeatzailea.

Paula Kasares iruindarra izango da beraz Behatokiaren lanen arduradun eta egiteko horretarako oso ongi prestatutako pertsona dela esan behar da. Euskal Filologia eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua izateaz gain, hainbat ikasketa eta ikerketa egin ditu hizkuntzalaritza eta soziolinguistika arloan eta euskalduntze-alfabetatzean eta hizkuntz normalkuntza teknikari gisa lanean aritua da.

Behatokia finantzatzeko instituzio publiko eta pribatuei dirulaguntzak eskatuko zaizkie. Kopuru txikiak subentzio erara besterik gabe onartuko dira, eta kopuru handiak hitzarmen bitartez jaso ahal izango dira, dagokion instituzioak hala nahi balu. Hitzarmen horietan Behatokiaren eginkizuna eta lan alorrak zeintzuk izango diren agertuko da eta jasotako diru laguntzak egitasmo horietan erabiliko direla bermatuko da. Behatokiak eta Udalbiltzak sinatu dute jada Behatokiaren aurrekontuaren zati bat finantzatzeko hitzarmena eta aurrerantzean beste hainbat erakunderekin ere antzerako akordioak lortzea espero da.

Horrelako hitzarmenen bitartez laguntzen duten instituzio edota enpresei Behatokiaren jarraipen batzorde kontsultibo batean parte hartzeko aukera eskaintzen zaie.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Larraitz Mendizabal
Urtea: 
2001