Euskararen historia soziala. Gogoeta

paper zaharrak irakurtzerakoan, herri batean euskaldun elebakarrak edota erdaldun elebakarrak zirenentz nahaste-borraste bilakatzen da, denek benetako hizkuntz egoera zena haien interesen arabera bortxatzen zutelakotz.

1645. urteko bertze auzi batean, Iruñeko alkatea zen Mikel Iturbidek argi erran zuen: "la lengua matriz del Reino, en todo lo que toca en las Montañas, desde la Ciudad de Tafalla hacia los Pirineos, y en particular esta Ciudad de Pamplona, es la bascónica o bascongada, como lo dicen muchos ystoriadores".

Mendialdea euskaldun elebakarra, lurralde elebidunak eta erabat erdaldundu berri ziren (XVII. mendean) muga batzuetako herriak. Gauzak argitzen hasi direla dirudi.

1623an, Erriberrin, euskaldun elebakar multzo handia zegoen. Haueki baterat, handiagoa izan behar zuen elebidunen kopuruak eta erdaldun elebakarren multzoak. Zein zen banaketa horren funtsa? Euskara hilzorian zegoen, sartu berria eta herria euskalduntzen, mendetako egoera iraunkorra?

erdara ez zen Erriberriko hizkuntza bakarra, bertako hizkuntza bakarra, baina erdaraz landa bizirik zegoena, euskara, gibelerat ari zen. XVII. mendean zehar euskara Erriberrin nagusitzen ari zela uste izateak ez du zentzu handirik.

"pueden hallarse entre dos grupos de población de una región unos desniveles sociales tan fuertes que la capa inferior no aporta nada a la toponimia común ni transmite ninguna lápida funeraria ni ningún testimonio duradero de nombres personales".

Alesbesen ehundaka lagun batzuk bakarrik bizi zirela azpimarragarria da, zeren eta zortziehun biztanle zuen herri batean euskal elebakartasuna apaiz euskalduna eskatzeko horren bizirik baldin bazegoen, herriko hizkuntz egoeran, oro har, euskara ez zen batere arrotza izanen.

Kasa de Mennosa Meizones, Casa de Manxo Blascones, Kasa de Fortunio Sanciones, Kasa de Sancio presbiter maiore, Casa de Xiemen Zieco, Casa de Fortunio Mequilla...". Bada, duela 1000 urteko izenak dira, eta oraindik ere euskaldunak gelditzen dira horietako etxe batzuetan, guzietan duela mende bat. Izenak irakurririk, berriz, hausnartzen ahal dugun Zaraitzuko irudia ez da hagitz euskalduna, ez horixe... Zuberoan berdin gertatzen zen, eta Biarnon, gaskoin izeneki,...

Lizarra, 1607: "Un vecino lamentaba que algunos forasteros le hablaran en castellano, "sin embargo que sabían ellos que es bascongado, en Estella ay muchísimos bascongados en todas las parrochias, muchos bascongados que bivian en la Ciudad acudian a los conventos a buscar confesores bascongados, muchos bascongados pastores, criados y criadas, que no entienden ni ablan el romance". Pobreek, euskaraz.

Edo bertze era baterat erran dezagun: aspaldiko suaren txingarra, erromatar aldiaren ondoren erdietsi genuen askatasun handiaren hondar mixerablea. Hau da Euskararen Historia Soziala, genozidio baten albistea. Ongi izorratu gaituzte.

"Euskararen historia soziala. Hausnarketa". Honelako zerbait da Imanol Esnaolak eskatu didana "BAT" izeneko aldizkari honetan argitaratzeko. Nik, erran beharrik ez dago, euskaraz guti dakit, iruinsemeoi aspaldi desagertarazi baitziguten nafarron ama hizkuntza. Izan ere, hor dira Pablo Fermin Irigarai Goizuetaren hitzak, "Larreko"renak. Bere irudiz, 1936ko uztailaren 18an euskara hil zen Iruñean, hau da, euskal kontzientzia zuten eta elebidunak ziren lagunek errepresio bortitzaren ondorioz mintzatzeari utzi zioten. Hitz batez, egungook ez dugu bertako karriketan ikasi, euskaltegietan baizik. Pobreok, jakina.

Hau dela eta, orrialdetxo hauetan ez duzue inongo "klase magistralik" topako, hagitz euskara traketsean isuririko ideia batzuk baizik. Tartea, halere, laburra denez ("ez da komenigarria hamar orrialde baino gehiago izatea, Erlantz"), hona hemen lehendabiziko ideia:

Nafarroako Gobernuak 1993an argitaraturiko "Nafarroako Euskaldunen Mintzoak II" liburuxkan azaltzen den datutxo bat plazaratu nahi dut hemen. Otsagi, Zaraitzu ibarra. Adineko batzuk elkartu eta haiek erranikoa grabatu zuten. Elkarrizketaren une batean, honela galde egin zioten bati: "-Zaraitzuko zein herritan galdu zen euskara lehenbizi?". Hau erantzun zuen: "Nik beti aitu dut Izalzun". Eta galdera, "-Zergatik Izalzun?". Bada, "-Pues, no sé, akaso kontu da baia esaten zien karabinero aniz heldu zela hara bizitzera eta orduan galdu zen euskarara". Karabineroak heldu eta euskara zokoratu. Euskararen historia soziala. Lehendabiziko gogoeta egina dago.

Hango bertze amaborze bati (amatxi, amona), honela galde egin zioten: "-Pena ematen dauzu euskera Otsagin galtzeak?" Eta berak, ihardetsi: "-Aniz pena, aniz, ni near egiten (...), zomat aldiz near egiten, zerendako bear din galdu?". Lagun berak, lehenago, eskolan eta elizan euskaraz aritzen zirenentz erantzutekoan, honakoa jarri zuen mahai gainean: "Ez, ez deus ere, anitz gaixto eskolan. Elizan deus ere. Apezak? Ez, ez". Karriketan ere ez ohi zuten egiten, etxean bakarrik eta han ere guti. Euskaraz, baina, bazekiten, gurasoei entzuna...

Ez gaitezen Zaraitzutik atera.

Pixkat hegoalderantz jo eta Uskartze herrian sartuko gara. Handik beherantz, berez, Zaraitzuk jarraitzen du, baina ofizialki, administratiboki, azken zazpiehun urteotan gutienez, "Almiradío de Navascués" deitu zaio eskualde hari. Eta, erran beharrik ez dago, Zaraitzuri, "el valle de Salazar". Zerbaitetarako espetxeratu zuten Itzaltzuko bardoa karabineroak iritsi baino mila urte lehenago. Lana egiten bada, etekina ateratzeko izanen da, ezta? Bada, ea ikasten dugun.

Bueno, "Valle de Salazar" eta "Almiradío de Navascués" arteko muga ofiziala Uskartze eta Ustaitze herrien artekoa omen da. Hots, Uscarrés eta Ustés herrien artekoa. Kasu honetan, 1900. urte alderat jo beharrean, goazen 1600 arte edo. Urrun, bai, baina merezi du.

Zehatz dezagun: 1605. urtean auzi bat gertatu zen, Uskartzen apaiz euskalduna behar zenentz jakitekotz. Bi hautagai inguratu eta liskarra hasi zen. Epaiketan Uskartze eta Ustaitzeko zenbait herritarrek parte hartu zuen, lekukor lanetan. Agerian gelditzen dena da, doike, hautagai bakoitzak nola erabiltzen zuen balizko hizkuntz egoera oposaketan garailea izaitekotz. Horregatik, paper zaharrak irakurtzerakoan, herri batean euskaldun elebakarrak edota erdaldun elebakarrak zirenentz nahaste-borraste bilakatzen da, denek benetako hizkuntz egoera zena haien interesen arabera bortxatzen zutelakotz.

Edonola ere, gauza argigarriak egon badaude. Erraite baterako, lekukoen artean, emakumeek ez zekiten, oro har, sinatzen. Gizonek, berriz, bai. Sinatzen zekiena eskolatua zen, ikasia, irakurtzen eta idazten bazekiena. Hemen bi ondorio dugu. Batetik sexuen artekoa, ezaguna, emakumearen bazterketa sozialarena. Deus berririk ez, hortaz. Bertze aldetik zerbait interesgarriagoa. 1605. urteaz ari garela oroitaraz dezagun. Gizon batzuek bazekiten sinatzen. Data hartan, euskaldunak ziren Nafarroako hamaika herritan inork ez zekien sinatzen, apaizek salbu (Orbaibarra, Lizarrerria, Iruñerria,...). Beraz, herri horietan, eskola maila ohikoa baino handiagoa zela dirudi. Eta horrek erran nahi du erdaraz bazekitela, nolabaiteko elebitasuna indarrean zegoela bi herrietan. Diglosia. Iruñetik urrun, euskal herri nahiz hiriz inguraturik (Erronkaribarra, Irunberri, Urraul...) goitik zabalduriko erdarak klase sozialak gehiago bereizten zituen.

Auzi horretan hamaika pasadizu aipagarri dugu, ondorengoa kasu: Zaraitzuko Uskartzeko hiru lekukoen testigantza. Hirurak kanpoan jaioak ziren, bata Nafarroako Zubietan eta bertze biak, antza denez, Baztango Elizondon. Hau da haien gainean egin zen hausnarketa: "naturales bascongados de su nación, por lo cual no saben si no es la lengoa bascongada, ni ablan si no es la dicha lengoa. Son de su nacion de tierra bascongada y no hablan sino el bascuence, por ser, como son, de la Montaña, de los lugares de Elizondo y Zubieta".

Uskartzen bizi ziren hiru lagun horiek euskaldun elebakarrak ziren, Elizondo eta Zubieta haien sorterriak zirelakotz, "por ser, como son, de la Montaña". Kontuz. Geografia fisikoa aztertuz gero, agerian da Elizondo eta Zubietan lautada zabalak ez daudela eta, hortaz, toki horiek Mendialdean direla pentsatzen ahal dugu, inguru hartako mendiak tiki samarrak izan arren. Baina Pirinioan, Orhipean, 1605eko Irati Oihanaren ondoan bizi ziren balizko "romanzados" omen zirenak ez ziren menditarrak? Izan ere, batzuk "de nación natural bascongada" ziren haien jaioterriak Mendialdean omen zeudelakotz kokaturik. Eta Pirinioan bizi zirenak, euskaldun elebakarrak ez baziren jada ez ziren menditarrak? Zein lotura gelditzen zaigu, hor, biluzik? Zein harreman zegoen "menditar" eta "euskaldun" kontzeptuen artean?

Mia dezagun, bada ezbada ere, paper zaharren artean, ea garai hartako datu gehiago topatzen ahal dugun... Eta, ai ene! Bigarren hausnarketa hau Zaraitzutik atera beharrik izan gabe luzatzen ari zaigula beldur naiz. Zinez.

1645. urteko bertze auzi batean, Iruñeko alkatea zen Mikel Iturbidek argi erran zuen: "la lengua matriz del Reino, en todo lo que toca en las Montañas, desde la Ciudad de Tafalla hacia los Pirineos, y en particular esta Ciudad de Pamplona, es la bascónica o bascongada, como lo dicen muchos ystoriadores". Garai berean, Juan Arregik, Iruñeko apaiz batek, gauza bera adierazi zuen: "la lengua bascongada es la natural y materna de esta Ciudad de Pamplona y toda su Montaña, y la accidental y adbenediza es la castellana". Iruñeko apezpikua ere, 1609. urtean, honela mintzatu zen: "es la lengua matriz del Reino". Eta Iruñeko hautetsiek ziotenez, "el lenguaje primero y natural de la Ciudad y sus Montañas". Denek lotzen zuten, antza, Mendialdea eta Euskara.

Baina bada bertze testigantza bat, apika ikaragarria. 1677. urtea, Jose Moret apaizak idatzi zuenez, "La lengua nativa vascónica, la cual en lo antiguo fue común de todos los pueblos vascones, en nuestros tiempos algunos pueblos, con el largo comercio con los fronterizos, la han perdido; otros la hablan promiscuamente con la común de España; todas las regiones montuosas la retienen como única". Mendialdea euskaldun elebakarra, lurralde elebidunak eta erabat erdaldundu berri ziren (XVII. mendean) muga batzuetako herriak. Gauzak argitzen hasi direla dirudi. Jarrai dezagun.

Egun, eta XX. mendetik gutienez, honela azaltzen ohi da Nafarroako geografia fisikoa: "Montaña, Zona Media, Ribera". XVII. mendearen hasieran bakarrik "Montaña" eta "Tierra Baja, Tierra Llana, Ribera" aipatzen ziren. Jose Moret apaizaren aurreko testua da hiru eremuak bereizten dituen lehena (guk ezagutzen dugun lehena, behintzat, eta barkatu). Hurrengo mendean, XVIII. mendean alegia, Mendialdea eta Erriberaz landa, bertze izen hau azaltzen da behin eta berriz, "los paises medios", hots, "Zona Media", Moreten "otros la hablan promiscuamente con la común de España" esaldiari dagokion lurraldea. Geografia fisikoaren aldaketa bortitza ordezkapen linguistiko-kulturalak eragina. Zer da egun "Zona Media"? Jendeak, oro har, hau erantzunen dizu: "Lizarra, Iruñea, Irunberri, Tafalla eta bertze". Hau da, Erribera geografikoak iparralderantz eskualdeak irabazi ditu eta "Zona Media" delakoak azken mendeotan erdaldunduriko Mendialdeko eskualdeak ere bai. Zer da Mendialdea? Eta jendeak: "Sakana, Belate, Baztan, Pirinioa (eskiak)". Baina, historikoki, Iruñea "es la capital de la Montaña" eta Mendialdea "se inicia en Tafalla". Beraz, zerbait gertatu da hor. Geografia fisikoa ez da esistitzen. Errealitate fisikoa ere, agintariek biziki desiratzen duten lurralde baten erdalduntze asmoarekin bat ez datorrenean, aldatzen da eta kito.

XVII. mendean jarrai dezagun, ia benetan zer zegoen ulertzen dugun. Iruñean euskal elebakartasuna nagusi. Irati Oihana alderat, berriz, hainbat herriska "romanzados" omen ziren. Bitxia, ezta? Bueno, goazen hegoalderantz.

XVII. mendean bertan: Tafalla, Mendialdea eta Erribera arteko ataria, historikoa nahiz geografikoa. 1693: "Da Tafalla, in qua comincia il linguagio biscaglino". 1627: "Fray Juan de Echaberri, comendador de la Merced, reconocía que solía confesar en su idioma a "muchos bascongados" de la entonces villa, por no haber en ninguna de las tres parroquias cura que la hablase". Eta bertze hau: "hay muchos bascongados, particularmente pastores y criados y criadas; muchos de ellos van al convento a confesarse con los frailes bascongados que suele haber ordinariamente, en particular, la mitad de la parroquia de San Pedro de la villa de Tafalla, y más, es de bascongados". Hots, erdaraz ez zekitenak, aberatsak ez zirenak. Baina Tafallan ez dago euskal toki izenik...

Laburbilduz, XVII. mendean Tafallan euskara ez ezik, euskaldun elebakartasuna ere bizi-bizirik zegoen. Hau da, nolabaiteko elebitasun zabala ere bazegoen. Hauek dira Tafallako mugak: Puiu eta Orbaibarra oro har, Artaxoa, Larraga, Berbintzana, Miranda, Faltzes, Erriberri eta San Martin Unx. Puiu, Orbaibarra eta Artaxoan euskal elebakartasuna bizirik zegoen. Larragan elebitasun zabala, gutienez, bazegoen. Bertze herriek, Berbintzana, Miranda, Faltzes, Erriberri eta San Martin Unx, horren ondorioz, Tafallako mugetan euskal elebakartasuna zer zen ezagutzen zuten, hots euskara ez zitzaien arrotza

Horietako bat aukera dezagun, baita urte bereko agiri bat ere: Erriberri eta 1623. Honela dio: "Avida causa los muchos vascongados que ai en la dicha villa y pastores della están muy desconsolados y se ban a otros lugares haciendo mucha falta en sus casas y ganados; y por ebitar este daño los vicarios, y la villa y sus bezinos desean que el suplicante saque y tenga la dicha licencia. Don Melchor de Suspiron, presbitero de la villa de Olite, dice que él desea tener licencia para confesar y administrar sacramentos y predicar sin perjuicio de los curas, porque el suplicante sabe la lengua bas-cuez y los clérigos de aquella villa no saben".

Eta baimena eman zioten. Erriberri hagitz handia ez zela aipa dezagun. 1.000 lagun inguru hain zuzen, Tafalla baino tikiagoa. Bertzalde, Erriberrin euskaldun elebakarrak bizi baziren, zein zen iparraldeko mugetan dagoen Tafallako hizkuntz egoera? Testu horren arabera Erriberrin artzainak ez ezik, bertze jende anitz ere euskaldun elebakarra baitzen. Batzuetan, Nafarroako historia aztertzerakoan, herri bati apaiz erdaldun elebakarra agintzen ziotenez, bertako aitatxi-amatxi euskaldun elebakarrek bertze herrietarat jotzen zuten aitortzerat, beren herrian jende gazteagoa elebiduna baitzen. Bertze batzuetan, berriz, adin ezberdineko jendea bertze herrietarat joaten zen, hau da, herria euskaldunagoa zen eta, kasu hauetan, apaizaren inguruan sorturiko auzia handiago bilakatzen zen. Testuan honela diote: "él desea tener licencia para confesar y administrar sacramentos y predicar". Alta, ez gara aitatxi-amatxi batzuez ari. Arazoa ez da aitortzea. Euskaraz predikatzeko beharra ere bazegoen. Eta ez dugu uste lau lagunendako predikatu beharra zegoenik. Izan ere, berehala eman omen zioten baimena apaiz horri. Euskaldun elebakar horiek langileak ziren, gazteak, "se ban a otros lugares haciendo mucha falta en sus casas y ganados".

Hemen dagoena garrantzi handikoa da. Erriberrin euskaldun elebakar anitz zegoen 1623. urtean. Ondorioz, elebidun franko ere bazegoela uste izatea zilegi zaigu. Hots, 1623an, Erriberrin, euskaldun elebakar multzo handia zegoen. Haueki baterat, handiagoa izan behar zuen elebidunen kopuruak eta erdaldun elebakarren multzoak. Zein zen banaketa horren funtsa? Euskara hilzorian zegoen, sartu berria eta herria euskalduntzen, mendetako egoera iraunkorra? Banan banan azter ditzagun aukera hauek.

Hauek dira Erriberriko mugak: Tafalla, San Martin Unx, Beire, Pitillas, Murillo el Cuende, Kaparroso, Martzilla, Faltzes. Azkoien eta Miranda ere ondoan dira. Herri hauetan, 1623. urtean, euskaldun elebakar anitz bizi zen? Tafallan, bai. Bertzeetan... Une honetan esku artean dauzkagun datuen arabera, 1623an herri hauen eraginez, Tafalla izan ezik, Erriberri euskalduntzen ari zela uste izatea ez dirudi zuzena denik. Ondorioz, euskaldun elebakarrak Erriberrirat nonbaitetik joanak baziren, urrutiagotik zen: Artaxoa, Orba, Nafarroako Bizkaia eskualdea... Edonola ere, euskaldun elebakarrek osatzen zuten multzoa handia zela oroitaraz dezagun, hau da, kanpotik joanak baziren, anitz joaten zen Erriberrirat bizitzerat. Urte horietan, berriz, XVI. mendearen erdi aldeko hazkundea amaiturik zegoen eta Nafarroako populazioak gibelerakada handia jasan zuen.

Bertze aukera bat Erriberri mendeetako hizkuntz muga iraunkorra izatea da. Gaztelania arrunt nagusi den erdara eta euskararen arteko topagunea, alegia. Hemen, berriz, nolabaiteko elebitasuna bizirik zegoela iruditzen zaigu. Hau da, herria erdalduna bazen eta kanpotik euskaldun elebakar batzuk heltzen baziren, elebidun bilakaturen ziren Erriberriko balizko giro erdaldunean txertatuz. Horrela gertatzen ohi da, soziolinguistikoki. Helduriko euskaldun elebakarrek giro arrotza topatu eta ahalik eta azkarren erdara ikasi, haien seme-alabak, oro har, erdaldun elebakarrak izateko. Erdara karriketan ikasi eta euskara, bakarrik, gurasoekin mintzatzeko erabiliko baitzuten. Hots, euskal elebakartasuna heldu berri den kanpotar baten ezaugarria litzateke, hagitz urte gutitan desagertuz. Elebidun guti hauek, bertzalde, beranduago helduren ziren balizko etorkinen itzultzaile bilakatuko ziren ziurrenik, haien artean nolabaiteko behin-behineko konplizitatea sortuz. Halere, honek bertze alde bat ere badu, jakina: arrunt erdalduna den herri baterat joanen zirela jakin bezain laster komunikatzeko ezinbertzekoa izanen zitzaien oinarrizk erdara ikastea. Hau, berez, ez da harritzekoa, Ameriketarat joateko nahikoa arrunta zena baizik (Endrike Knörr, Txomin Peillen).

Testu honetan, berriz, euskaldun elebakar anitz zegoela diote, euskaraz predikatu behar izateko adina, alegia. Hau, argi dagoenez, ez dator bat aurrekoareki. Euskaldun elebakarrak, antza denez, ez ziren elebidun bihurtzen, edo ez hain azkar, bederen. Ondorioz, giroa ez zen arrunt erdalduna, ez zen euskararekiko arrotza. Elebitasuna bizirik zegoela adierazten ahal dugu. Desoreka, halere, bistan da, euskara da diglosian kaltetua dena.

Laburbilduz, ikusi dugunez, erdara ez zen Erriberriko hizkuntza bakarra, bertako hizkuntza bakarra, baina erdaraz landa bizirik zegoena, euskara, gibelerat ari zen. XVII. mendean zehar euskara Erriberrin nagusitzen ari zela uste izateak ez du zentzu handirik. Eta bere karriketan elebitasun zabala baldin bazegoen, lehenago euskararen egoerak hobea behar zuen izan, zeren eta honelako elebitasunak hizkuntz egoera zehatz bati ihardesten baitio, eta inoiz ez iraunkorra den bati, hondarrean hizkuntz menperatzaileak (erdara) bertzea (euskara) baztertzen baitu. Funtsean, Erriberrin 1623. urtean erdara nagusitzen ari zen, euskara oraindik bizi-bizirik zelarik.

Hala eta guziz ere, bertze datu bat ere mahaigaineratu nahi dugu: XVII. mendean Faltzes, Martzilla, Kaparroso, Murillo el Cuende edo Pitillas bezalako herrietako mugetan, Erriberriko mugetan, euskal elebakartasuna bizirik zegoen, hau da, Erriberako alde horretan euskara ez zen arrotza.

Eta bertze bat, azkena baina ez garrantzi gutien duena: nolakoa zen Erriberriko elebitasuna, irakurle? Hau da, "euskararen historia soziala"z ari bagara, gizarte antolaketa eta hizkuntz egoera harremanetan jartzea zilegi zaigu? Hona hemen, bertzenaz, datu bat: Erdi Aroan Erriberriko agiri idatzietan euskal toki izenik ez dago, edo hagitz guti. Halere, XVII. mendean kontuan hartu beharreko euskaldun elebakarren multzoa azaldu zaigu. Nola batu bi datu hauek? Zaila da. Hona hemen gai honen inguruko bi hausnarketa:

Faust egileak dioenez, eta Gorrotxategi jaunak alemanieratik gaztelaniarat itzuli zuenez, "pueden hallarse entre dos grupos de población de una región unos desniveles sociales tan fuertes que la capa inferior no aporta nada a la toponimia común ni transmite ninguna lápida funeraria ni ningún testimonio duradero de nombres personales".

Eta bi, Guitter ikerlariarena, "la romanización no es un hecho instantáneo. Algunas capas de la población usaban del romance mientras que otras seguían hablando vascuence. Por supuesto se puede prever que la forma usada por la capa romanizada es la que prevalece en los documentos escritos". Gorrotxategi irakasleak berak Ebro aldean duela bi mila urteko euskararen lurraldetasuna, adibidez, era sozialean ulertu behar dugula erran dit behin baino gehiagotan. Hots, ez banaketa territoriala, herri hau euskalduna da eta ondokoa ez, bereizketa soziala nagusi zela baizik: lurralde zabaletan aberats eleanitzak eta, hagitz era aldakorrean, zenbait egoera elebidun kausituko genuke, txiroak euskaldun elebakarrak zirela ohartu arte.

Honelako argudioek, toki izenen eta soziolinguistikaren arteko hutsuneek, datuek erakusten duten balizko desoreka azaltzen ahal digute, apika. Izan ere, Erriberriko testuak garbi uzten du artzainak ez ezik, bertze batzuk ere euskaldun elebakarrak zirela. Giro elebidun batean, bertzalde, artzainak euskaldun elebakarrak izatea arrunta da, eskolatugabeak baitira. Baina bertze euskaldun elebakar batzuk ere bazeuden. Testuaren arabera bertze herrietarat joaten ziren eta hori kaltegarria zen haien etxeetan izatea eta abereeki izatea beharrezkoa baitzen. Abereak artzaineki, baina euskaldun elebakar horiek etxeetan ere behar zituzten: morroiak edota jabe tikiak izan behar zuten eta beren nagusi boteretsuagoak eskolaren bidez elebidunak? Jauntxo handienak nahiz apaizak bertako erdaldunduagoak eta erdaldun elebakarrak? Euskara mendez-mende eta diglosikoki etengabe gibelerat ari zenez, hizkuntzak txiroen artean edireten zuen desagertu aurretiko azken txokoa, beranduagoko Lizarran, Iruñean, Elon edo Irunberrin bezala?

Dena den, testu hau idatzi izan ez balute, eta agiri idatzietan agertzen diren toki izenek eskaintzen digutena ikusirik, Erriberrin XVII. mendean euskaldun elebakar franko bizi zela erratea ere tokiz kanpo legoke. Baina horrela zen, eta testu hau Erriberrirako ez ezik, bertze hainbat tokitarako ere argigarria izaten ahal zaigu: Tafalla, Larraga, Urantzia-Arkueta, Kaseda, Zangoza...

Honaino, Erriberri. Halere, ez dugu amaitu. Urte beretsuetan, 1627an, bertze paper zahar batek honela dio: "El franciscano fray Pedro de Pinedo afirmaba que la misma situación se daba en Olite, Villafranca y la villa de Sos que es en el reyno de Aragón".

"Villafranca", hots, Alesbes. Hau da, antza denez, Alesbesen ere euskal elebakartasuna bizirik zegoen eta horregatik biztanle batzuek erlijioa euskaraz bizitzeko beharra zuten. Erriberrireki eginiko hausnarketa soziolinguistikoak Alesbesen ere balio du. Edo hobe erran, motz gelditzen zaigu. Izan ere, Alesbesen ehundaka lagun batzuk bakarrik bizi zirela azpimarragarria da, zeren eta zortziehun biztanle zuen herri batean euskal elebakartasuna apaiz euskalduna eskatzeko horren bizirik baldin bazegoen, herriko hizkuntz egoeran, oro har, euskara ez zen batere arrotza izanen. Alesbes non dagoen kokaturik ohartuz gero, halaber, balizko "Mendialdeko euskal eremua" urrutiago zuen, inguruko herrietatik euskaldun elebakarrak harat bizitzerat joatea, teorian, Erriberrin baino zailagoa zen. Eta, Erriberrin bezala, ez dirudi euskaldun elebakarrak berehala erdalduntzen zirenik, apaiz euskaldunaren beharra baitzuten. Kontuan hartzeko bertze datu bat: 1616ko agiri baten arabera, Zaraitzuko artzainek beraien herrietan egiten zuten aitortza udan, euskaraz egiteko. Erriberan apaiz euskaldunik ez zutelakotz edireten. Horrela, ez dirudi Alesbesko euskaldun elebakarrak Bardenan aritzen ziren Mendialdeko artzainak zirenik, Alesbesen bizi ziren lagunak baizik.

Ildo beretik, 1627. urtean Alesbesen lagun guti bizi zen XVI. mendeareki alderatuz, hau da, Berri Aroan Alesbesek pairatu zuen une txarrenaren aitzinean gaude. Mendialdetik joaniko jendea? Ez. Datuek agintzen dutena da XVI. mendearen amaieratik aitzinerat Alesbesek gero eta populazio urriagoa zuela. Ez zen hazten ari etorkinei esker. Izan ere, ez zion aurreko mendeko populazioari eusten. Floristan Imizcoz egileak dioenez: "Las cifras de Caparroso-Villafranca apuntan a que en toda esta comarca el fondo de la crisis se centraría en los años 1630-1649, con una pérdida de más de un tercio del número de bautizados".

Orduan behar zuten apaiz euskalduna Alesbesen. Eta hau da egile horrek egiten duen krisialdi horren gaineko hausnarketa: "La tradicional corriente migratoria, que vinculaba las montañas periféricas y el fondo de la depresión, estaría, pues, sujeta a distintas intensidades: se frenaría en los años de dificultades para la economía en las villas ribereñas, y se aceleraba en las coyunturas expansivas".

Hots, Mendialdeko etorkinen gaineko berri handirik ez Alesbesen XVII. mendearen haiseran, apaiz euskalduna behar zutenean, hain zuzen.

Baina Alesbes Tutera merinerriko eta epaile barrutiko hiria da eta zen, Arga eta Aragoi ibaien urgurutzean kokaturik dagoena. Honako hauek dira bere mugak: Martzilla, Kaparroso, Bardena, Kadreita, Milagro eta Funes. Azken hiru hauek Ebron bertan daude. Hitz batez, Alesbesko hegoaldeko mugatik Ebroraino bortz kilometro ere ez dago. Eta hor, Errioxako Alfaro herri handia kausituko dugu, Kastejon eta Korella ondoan. Erriberan ez ezik, Ebro gainean eta Bardenan ere bagaude, alegia. Bertze datu bat, Erriberri eta Alesbes herrietan euskaldun elebakarrak bizi ziren eta bi herri hauen mugetan Martzilla eta Kaparroso daude. Bertze era baterat erran dezagun: Kaparroso eta Martzillako ipar zein hegoaldeko mugetan euskaldun elebakarrak bizi ziren. Honek, soziolinguistikoki, eragina du, jakina. Nolabaiteko elebitasuna Erriberrin nahiz Alesbesen eta, apika, Erriberri eta Alesbes arteko herrietan ere bai.

Beharbada hau guzia bere horretan utzi beharko genuke jadanik. Falta dugun gogoeta bakarra da ea nork azaltzen digun nolatan Bardenan bizi zen herri batean, Alesbesen, apaiz euskaldunaren premia zutelarik, Pirinio betean, Irati Oihanean aritzen zirenak "romanzados" ziren eta ez zuten horrelako beharrik. Badakizu, irakurle, "Euskararen historia soziala", karabineroak, aberatsak eta txiroak, euskaldun elebakarrak eta elebitasun egoera korapilatsuak...

Baina hori ez da dena. Hauek baitira Zaraitzuko bizilagunen izen ofizialak X-XI. mendeetan, Itzaltzuko Bardoaren garaian edo, Leireko agiritegian direnak: "Kasa de Sancho Ortolano, Casa de Blasco Latinato, Casa de Fortunio Galindones, Casa de Sancho Gomiciz, Casa de Cardiel Gomiciz, Kasa de Bello Lopeiz, Kasa de Blasco Adebante, Casa de Sancio Kardiele, Kasa de Garsia Auriol, Casa de Fuertes Tornero, Casa de Xemeno Latinato, Kasa de Mennosa Meizones, Casa de Manxo Blascones, Kasa de Fortunio Sanciones, Kasa de Sancio presbiter maiore, Casa de Xiemen Zieco, Casa de Fortunio Mequilla...". Bada, duela 1000 urteko izenak dira, eta oraindik ere euskaldunak gelditzen dira horietako etxe batzuetan, guzietan duela mende bat. Izenak irakurririk, berriz, hausnartzen ahal dugun Zaraitzuko irudia ez da hagitz euskalduna, ez horixe... Zuberoan berdin gertatzen zen, eta Biarnon, gaskoin izeneki,...

Eta are gehiago, Valentziako unibertsitatean irakaslea zen Fermin Ultzurrun doktore jaunaren hitzak dira, 1662. urtean: "Que por ser el lenguaje vascongado el natural de Navarra, y por ver que se pierde, se establezca que se conserve siquiera en los lugares a donde hasta ahora se habla". Epaitegietan euskara erabiltzeko eskatu zuen, baita unibertsitate batean ere bai. Honela zioen, eta garai hartako Iruñea, Erriberri, Tafalla, Irunberri, Lizarra edota Alesbesko datuak gogoan izan ditzagun: "por ver que se pierde". Euskararen galera nabarmena iruditzen zitzaion Bardenako herri batean euskal apaiza behar zutenean. "Por ver que se pierde", bai? non? Lurralde batzuetan edota, eskualde batzuetan ez ezik, jendearen artean ere bai, erdarak goitik beherat euskal kultura zokoratuz? Bide batez, XVII. mendearen hasieran "sorginak" bizirik erretzen zituzten Logroñon. Zergatik aipatu dudan hori orain eta hemen? Nola? Baina azaldu beharra al dago? Eta Ultzurrun jaunaren eskaerareki baterat Matalaz hil zuten Zuberoan, ezta? Pirinioetako Bakea, Gatzaren matxinadak, Katalunia eta Portugaleko gerrak, Araba nahiz Bizkaiko Batzar Nagusietan euskaraz ez aritzeko aginduak,...

Izan ere, XVI. mendean euskal elebakartasun nahiz elebitasunaren inguruko datu hauek Tuteran bertan ematen dira. Hor dago koxka. Honelako datuekin hamar orri baino, hamaika liburu idazten ahal da. Beraz, bigarren gogoeta egina dago.

Bada, eta tarte tikia gelditzen zaigunez, ez gaitezen Zaraitzutik atera. Tartetxoa ene amatxiri, aitaren ama zenari. Nabaskozekoa, zaraitzuarra. Jaiotzean bere ama hil egin zen (XX. mendearen hasieran) eta bertze herri baterat eraman zuten, Espartzarat. Gero, bortz urte zuela, Nabaskozerat itzularazi zuten, bertan eta ondoko Aizpurgin bizitzeko. Ez zekien erdaraz, tutik ez, Espartzan euskaraz hazi baitzuten. Bada, eta berak errana, Nabaskozen eta Aizpurgin negar egiten zuen, erdara ulertzen ez zuelakotz. Eta jendeak ez zuen euskaraz egiten. Aitatxi-amatxieki, baina, konpontzen omen zen, eta herrietako adinekoek erakutsi zioten nola zen euskaraz eta nola erdaraz. Hau da, zaharrak azken elebidunak ziren, eta transmisio etena erabatekoa zen aurreko belaunaldietan. Baina kontua da adinekoak elebidunak zirela. Herri horietan Bonapartek ez zuen kolorerik margotu, euskaldunik ez zegoelakoan. Baina baziren. Erdi Aroko agirietan ia dena erdaraz dago, 1605ean "romanzados" eta 1863an "castellanos". Baina euskaldunak ziren! Hori bai, azken elebidunak bizi zirelarik goardia zibila eta karabineroen koartel bana zuten herrian, eta eskolak, dirudienez, aspaldidanik.

Bada, horietako herri batean, Aizpurgin, ez dago euskal toki izenik eta Bonapartek ez zuen margotu, erdaldun hutsa zelakoan. Hori 1863an. Aizpurgiko auzo bat margotu zuen, hori bai, kolore ahulean, euskara adinekoen, lagun gutien kontua zela medio. Bada, auzo horretan ez dago euskal toki izenik historia osoan. Baina 1936an, lekukoen arabera, bertakoak euskaraz bizi ziren. Zaraitzuarrek, auzo horri, euskaraz, "Arrakasgoiti" deitu ohi diote. Bertakoei, egun, erdaraz egiterakoan, "Racasalto" aditu diet (baterat). Enfin. Duela denbora luze-luzea erdara sartu eta, ofizialki, inoiz ez ziren euskaldunak izan. Baina baziren. Galileok zioen: "Lurra ez da mogitzen, baina mogitzen da".

Eta Araban bide beretik, eta Enkarterrian, Aragoen, Burgosen, Errioxan, Iparralde zabalean... Tira, honeki hirugarren gogoeta egina dago.

Lizarra, 1607: "Un vecino lamentaba que algunos forasteros le hablaran en castellano, "sin embargo que sabían ellos que es bascongado, en Estella ay muchísimos bascongados en todas las parrochias, muchos bascongados que bivian en la Ciudad acudian a los conventos a buscar confesores bascongados, muchos bascongados pastores, criados y criadas, que no entienden ni ablan el romance". Pobreek, euskaraz.

Gares, 1788: "el mismo nombre Gares con que siempre ha sido y es denominada en su natiba lengua bascongada, con el cual unicamente en el dia es conocida por todos los muchos tragineros de vino que alli concurren". Baina hori ez zen "Puente la Reina" Erdi Arotik? Non dago idatzirik hori Gares zela eta ez Puente la Reina? Agiri zaharretan, inon ez. Eta bertakoek, ingurukoek, duela berrehun urte, Gares zer zen bazekiten, "Puente la Reina" ez, donejakueren bideak omen zuen gunerik garrantzitsuenerikoan bizi arren.

Eta hau da azken gogoeta, edo dena bat da, agi denez. Ai, ene irakurle, zein sofrimendua hau irakurri ahal izateko, ezta? "Euskararen historia soziala" dela eta, ederra egin dut. Historia soziala? Klandestinitatea. Iruñeko mugan Ezkabarte dugu, 1773ko udal akta bat euskaraz duen udalerria. Baina, eta duela ehun urte Urabaien antropologoak bertako euskaldunen artean jaso zuenez, hangoek ez zuten "Ezkabarte" kontuan hartzen, edo ez gehiegi, hori zen zergak ordaintzeko erabiltzen zen izena, Erdi Aroan jadanik horrela baitzen. Baina bertakoek Ezkabarteko herrixkak Lanerri eta Baserri artean bereizten zituzten, haien batzarre eta auzolaneki. Eta berdin gertatzen zen Iruñerriko hainbat tokitan, eta Orbaibarran, Lizarrerrian, Zaraitzun, bertako antolaketa zaharra hizkuntzari eta bertakoen nahiari lotua, Nafar Erresumako instituzioeki edo beranduagoko administrazio ofizialareki deus ikusirik ez zuena.

Edo bertze era baterat erran dezagun: aspaldiko suaren txingarra, erromatar aldiaren ondoren erdietsi genuen askatasun handiaren hondar mixerablea. Hau da Euskararen Historia Soziala, genozidio baten albistea. Ongi izorratu gaituzte.

Eta euskarak ez du zentzurik hau dena ulertu gabe. Ez euskarak ez Euskal Herriak. Hizkuntzaren edukinak herrikoiak dira, edo ez dago hizkuntzarik, eta honela izanen da egun eta etorkizunean ere bai. Xalbadorrek zioenez, "gorputz bat ezin da osatu hezur hutsez". Herria eta Hizkuntza, gorputza eta bihotza. Zergatik? Hizkuntza "objeto de estudio"? Europako zaharrena? Altxor kulturala? Kanpion? Ez, Xalbadorrek, artzainak, frantses agintariek eta euskal jaunttoek sozioekonomikoki zokoraturiko menditik errana: "Euskara maite dut, ez ederra izateagatik, gurea delakotz baizik". Jende xehea, xumearena. Hau da benetako historia. Gure arbasoek idatzi zutena, guk bizi duguna. Gure seme-alabei erakutsiko dieguna.

Ireki begiak. Ideia zabaldu.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Erlantz Urtasun
Urtea: 
2001