Eslovenieraren kodifikazioaren historia sozialari hurbilpena

Mugimendu nazionala indartsuena den eskualdeetako formak erabiltzeko joera: oldartze nazionalaren garaietan kultura –alegia, kultur kontsumoa- eta mugimendu politikoa organikoki elkarrekin harremanduta daude.

Geroago segida izango bazuten ere, lehen ahalegin normalizatzaileak Erreformaren garaian egin ziren.

Nahiz eta Esloveniako lurretan Erreformak huts egin, mugimendu honek argitaraturiko liburuak ondoren egindako kodifikazio ahalegin guztien erreferentzia nagusia izan dira

Alemanieraren aurrean zuten gutxiagotasun konplexua gainditu eta joera zatikatzaileak bateratzeko landsmaal moduko araudia indarrean jartzera iritsi beharra zegoen. Alegia, hizkuntza literario bateratzaile baten alde egin beharra zegoen, dialektoen arteko eta hauez gaindiko oinarri baten gainean adostutako eredu batua.

Erdi aroan goi mailako klaserik egon ez zenez, hizkuntzaren aldaera jasoa gutxi garatu zen. Modernotasunaren atarian gabezia hori nabarmen agertu zen, izan ere, premia intelektualak ezin ase zitzakeen.

Ondorengo hamarkadetan hizkuntza literarioak kezka iturri izateari utzi dio eta estandarizazioari ekin diote. Serbo-kroaziarrekin izan dituzten harreman politikoen arabera estandarizazio prozesua garatu edo atzendu egin da.

Hedabideen agerpenak, aldiz, arretagunea aldatzea ekarri du. Ospea hizkuntza idatzitik mintzatura aldatu da. Ahozko estandar baten sorrera eragitearekin batera zenbait aldaera funtzional birmoldatu ditu.

Azpimarragarria da, bestalde, eslovenierak, aro honetan dialektoen arteko aldaera kolokial nagusi bat gorpuztu duela, funtzio sinboliko eta komunikatibo multzo zorrotz bat duena eta egungo esloveniarren premia komunikatiboei erantzuten diena.

Artikulu hau gai beraren inguruan Jordi Bañeres (Institut de Sociolingüística Catalana) jaunak argitaraturiko “Aproximació a la historia social de la codificació de l´eslovè» (Revista de Llengua i Dret, 10(1987), 187-199 or.) artikuluaren laburbilduma da.

Kodifikazioaren teoria soziologikoa egiteko aipamen laburra

Hizkuntza baten kodifikazioa eta honen oinarrian dagoen araudia zehazteak oinarri ideologikoak izaten ditu. Hizkuntza baten kodifikazioa egiteko proposamenak eraikitzeak, ahalegin horien arteko lehia eragiten du. Nagusitzen den araudiaren arrakasta harreman sozial multzo zabal batek arautzen du. Alderdi filologikoak alde batera utzita, hemen ez baitagokigu hori argitzea, hizkuntza baten kodifikazioan nagusitzen den eredua zehazterakoan honako eragile hauek har ditzakegu aintzat:

a.- Ekonomikoren eragina

  • Erabiltzaile-hiztun gehien duten formen aldeko joera: luzera begira balizko kontsumitzaile gehien izango dutenak baitira. Ekonomikoki indartsuena den eskualdean erabiltzen diren formen aldeko joera: (1) une horretan forma horiek baitira kontsumitzaile gehien dituztenak; (2) konnotazio sozioekonomiko ospetsuak dituelako. Talde sozialek aberatsenek erabiltzen dituzten formen aldeko joera: (1) epe laburrean horiek darabiltzaten formak nagusituko baitira; (2) konnotazio sozioekonomiko ospetsuak baitituzte. Sektore intelektualek erabilitako formen aldeko joera, hauek baitute: (1) zabalkudea egiteko aukera gehien; (2) bere hizkuntza ondareari etekina ateratzeko kontzientzia gehien.

b.- Naziotasunaren eragina

  • Hizkuntza nagusiaren (alegia, zapaltzailearen) antzekoak diren formekiko uzkurtasuna. Desberdintasuna eraikiz hizkuntza eta kultur merkatu identitarioa eraikitzen baita. Mugimendu nazionala indartsuena den eskualdeetako formak erabiltzeko joera: oldartze nazionalaren garaietan kultura –alegia, kultur kontsumoa- eta mugimendu politikoa organikoki elkarrekin harremanduta daude.

c.- Kultur eragileak

  • Hizkuntza klasikoek erabilitako formetara hurbiltzeko joera: (1) hizkuntzak hartu behar duen zama intelektuala hartzeko konponbiderik errazena baita; (2) intelektualek hizkuntza kapitalizazio gorena egin dezaten, horiek baitira hizkuntza eredu horren ekoizle eta zabaltzaile nagusiak. (Eslovenieraren kasuan, bai eta beste zenbait hizkuntza eslaviarrenean ere, hiru dira hizkuntza aintzat hartutako hizkuntza klasikoak: latina, grekera, eta eslavonikera batez ere.

 

d.- Literaturaren eragina

  • Idazle klasikoek erabilitako formetara hurbiltzen dira (salmenta gehien duten edo ospetsuenak diren autoreetara): literatura klasiko horrek sustatzen dituen formen mimesia eginez gizarteratzen dute haien hizkuntza eredua.

e.- Eragile pertsonalak

  • Autorearentzat ziurrenak diren formetara hurbiltzea: egileak horietan du gaitasun handiena eta ahalegin hori da ekonomikoena.

    Aipatutako ideiek polinomio bat osatzen dute. Eta polinomio honetako elementu bakoitzaren koefizientea bere baitako eragileetan dago –haien artean elkar eragiten dutelarik-, baita kanpoko eragileen baitan ere –adibide agusia: kontraerreferentzia egiten duen hizkuntzaren egoera-.

1.- Aurrekariak Berpizkundean

XIV. mendean , T. Prelokar humanistak eslovenieraren gramatika deskriptiboa eta hiztegia egin zituen Habsburgo familiak erabil zitzan. Lehen lan hau, zoritxarrez, ez dugu ezagutzen. Geroago segida izango bazuten ere, lehen ahalegin normalizatzaileak Erreformaren garaian egin ziren. Protestanteek populazioaren ahalik eta multzorik handienera iristeko idatzi nahi zuten, baina ahalegin horretan argitasuna eta mezu salbatzailearen zehaztasuna galdu gabe. Primoz Trubar (1508-1586), sortzez Behe Carniolakoa, berezkoa zuen dialektoa Ljubljanako eliztarrei egokituz idatzi zuen. Sebastian Krelj-ek (1538-1567) bere eskualdeko dialektoa hartu zuen abiapuntutarako (Vipava Dolina eskualdekoa). J. Dalmatin (c. 1547-1589), sortzez Krsko-a, Behe Carniola eta Estiriaren arteko mugakoa, Biblia eslovenierara itzultzeko aurreko egile protestanteen hizkuntza aldaerak konbinatzen ahalegindu zen. Alta, Dalmatin-en Bibliak dialektoen gaineko sintesia egiten lagundu du, Goi eta Behe Carniolako ekarpenekin eta, hein berean, kostaldeko dialektoaren ukitu arinez osatua.

Nahiz eta Esloveniako lurretan Erreformak huts egin, mugimendu honek argitaraturiko liburuak ondoren egindako kodifikazio ahalegin guztien erreferentzia nagusia izan dira, Dalmatian-ek egin bertsioa batez ere. Hala ere, idazle horien artean gehienak sortzez Behe Carniolakoak izateak eslovenieraren aldaera guztientzat baliagarria izango zen araudi batua eragozten zuen, eta horrek hizkuntza auzia azaleratu zuen. A. Bohoric-ek, hau ere Carniolarra, idatzitako gramatikak, Articae horulae succisivae, de latino carnioliana literatura al latinae lingua analogiam acomodata... (Wittenberg 1584), eslovenierari alfabeto propioa inposatu ziona denbora luzez, ez zuen auzia argitu.

Kontraerreforma garaian, argitaratu ziren lan apurrek –denak erlijio gaiei buruzkoak- zalantza egiten dute protestanteen tradizioa ontzat eman eta tokiko hizkuntzari lotzearen artean. 1715ean Bohoric-en gramatika egokituta berrargitaratu baldin bazen ere, horrek ez zuen eragotzi Carniolako eredutik kanpo eskualdeetako araudi bat baino gehiago sortzea: (1) karintiarra (A. Drabosnjak-Schuster); (2) Behe Estiriakoa (Hasl, F.K. Gorjup, G. Rupnik); (3) ekialdeko Estiriakoa (I. Parhamer, F. Temlin); (4) Prekmurjekoa (S. Küzmic).

2.- Araudi protestantera itzuli

Egungo araudia osatzeko historia lau arotan bereiz daiteke. Lehena 1750ean hasi zen eslovenierazko literaturaren berpizkundearekin eta hizkuntza honi buruzko lehen gramatika modernoarekin amaitu zen, Grammtik der Slawischen Sprache in Krain, Kärnten und Steyermark (1808), Jernej Kopitar-i zor diogu lana (1780-1844).

Administrazio publikoak eskumenak bere gain hartzeko zeraman abiadura eta populazioaren alfabetatze prozesuak zeramanaren artean alde handia zegoen, askoz ere abiadura makalagoan zihoan. Oztopo hori gainditzeko administrazio publikoak eta hezkuntza sistemak tokiko hizkuntza aldaerez baliatu ziren eredu batua saihestuz.

Alemaniera zen garai hartan Europako eremu hartan administrazioa eta boterean erabiltzen zen hizkuntza. Esloveniak, ordea, historian ez zuen izan klase zuzendari indartsurik eta alemanierak sarbide ahula izan zuen bertako botere eremuetan. Hiritar gehienek alemaniera ezagutzen ez zutenez, ezta eskolan zituzten euren seme-alabek ere, administrazioan eta eskolan esloveniera sartzera behartu zuen. Berezko hizkuntza estatuko aparatuetan agertzeak hizkuntza kodifikazioaren arazoa larritu egin zuen. Hori konpontzeko herrialde edo eliz-barruti mailako ahalegin arau-emaileak ekarri zituen, horiek, ordea, bistan denez, ezin ziren egonkortu: “scribamus more gentis, loquamor more regionis» dioen arau zaharra eta J.L. Schoenleben-ek (1672) formulatua, ez zen eslovenierarentzat egokiena, alemanieraren presentzia handia eta dialektoen zatiketa dela eta.

Alemanieraren aurrean zuten gutxiagotasun konplexua gainditu eta joera zatikatzaileak bateratzeko landsmaal moduko araudia indarrean jartzera iritsi beharra zegoen. Alegia, hizkuntza literario bateratzaile baten alde egin beharra zegoen, dialektoen arteko eta hauez gaindiko oinarri baten gainean adostutako eredu batua. Izaera geografikoa duten dialektoen zatiketa handiagatik, eta beste aukerarik ez zegoenez, XIV. mendeko literatura erreformatua hartu zen oinarritzat, horixe baitzen ondoren etorritako proposamen guztiak elkarrekin lotzen zituen haria, eta beraz, denek batera zuten erreferentzia elementu bakarra. Esloveniar luteranoek kodifikatzeko egindako hautua erabat babestu zuen Vienan bizi zen J. Kopitar eslavista ezagunak, dialekto ugaritasunaren arazoari aurre egiteko, protestanteen eredentzia gramatikala bere egin zuenean 1809an argitaratu zuen gramatika famatuan. XVI. mendeko tradiziora itzultzeak behin betiko finkatu zituen idazkera –ahozkoari kontrajarria-, historizismoa –uneko hizkuntzari kontrajarria- eta etimologia –fonetikari kontrajarria-.

Eslovenierak, Dalmatin-ek idatzitako Bibliaren bertsiora eta XVI. mendeko idazle erreformatuen idazkietara jo zuen oinarri batuaren bila. Bistan denez, aukera honen ondorio guztiak ez dira onak izan. Egungo eslovenierak oraindik nahaste handiak eragiten dituen ortografia zaharkitua gordetzen du. Egun idatzirako indarrean dagoen ereduak ezin izan du garapen fonologikoa jarritu, eta ez du arretarik jarri denborarekin gertaturiko hamaika ordezkapen lexikotan.

J. Kopitar-ek, ordea, idazle protestanteek egindako ekarpenak azpimarratu arren, berezko hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen zuen. Bide horretan, aldiz, ez ziren sakontzen hasi beste mende bat pasa zen arte, Jugoslaviako Erresuma sortu arte (1918). Kopitar, Esloveniako eskualdeetako hizkerak kode bakar batean batzeko ahalegin horretan, aldaera guztien egiturazko ezaugarriez baliatzen zen. Zientziaren izena aipatuz, eslovenieraren batasuna zilegiztatzen zuen eta ondorengo bilakaerak egiteko oinarriak jartzen zituen.

Horrekin batera, Ilustrazio garaiko lehen egile belaunaldian gehienak goi-carniolarrak izateak idazteko indarrean zegoen ereduaren oinarri dialektala gora-behera handirik gabe zabaltzeko aukera eman zuen. Araudi protestantearen oinarriari, XVI. mendeko behe-carnioleraren eredua nagusi zuena, XVIII eta XIX. mendeetako goi-carnioleraren eragina gainjartzen zitzaion. Erreforma garaiko idazleek forma zaharkituen erabilera egiteko zuten joerari XVIII. mendeko goi-carniolako egileek ekarritako indar zabaltzailea erantsi behar zaio.

XVIII. mendearen bukaera eta XIX.aren hasieran esloveniera “ Carniolako hizkuntza» deitzen zuten. Hala eta guztiz ere, goi eta behe Carniolako aldaeren arteko harremanari esker, erdialdeko dialektoen mugak gainditzen zituen koine bat sortzea lortu zuten. Eredu hau gainerako aldaera geografikoei zabalik zegoen. Geroko bilakaerak prozesu honetatik etorritako aldaera babestu zuen.

3.- Alfabetoari buruzko auzia eta eslavotzea

Normatibizazioaren bigarren aroa Societas Slovenica (1810) delakoa sortzearekin batera hasi zen. Bi urte beranduago Graz-eko unibertsitatean eslovenierari buruzko katedra sortu zuten. 1917an, berriz, eslovenierari buruzko beste katedra bat sortu zuen Ljubljanan. Aro honetan alfabetoa egonkortu eta kodifikazio fonologiko eta morfologikoa erabat zehazteko urratsak eman ziren.

Alfabeto baten aldeko aukera ez zen azaleko erabakia izan, eztabaida ugariren ondorio baizik. Alfabeto germanikoaz gain, eta tarteka latina, Bohoric-ek XVI. mendean sortutako alfabetoa ere erabiltzen zen. J. Kopitar Austriako eslaviarrentzat bakarra izango zen alfabeto baten alde zegoen, beste batzuk, aldiz, eslovenierak berezko alfabetoa izatea nahi zuten. Azken hauen xedea hizkuntza bereizketa idazkeraraino eramatea zen. Ahalegin horretan hainbat esperimentu egin ziren berezko alfabetoa eraiki nahian. Azkenean hautatu zutenak latinaren alfabetoa zuen oinarri eta J. Gaj kroaziarrak proposatutako ikur diakritikoekin osatu zuten. Konponbide honen aldeko motibazioak elkarren osagarri ziren:

  1. Illirismoak[1] alfabeto bakarra nahi zuen eslovenierarentzat, serbo-kroazierak zerabilen horretatik ahalik eta hurbilen. Austro-eslavismoak[2] Austriako eslaviar katolikoen batasuna proposatzen zuen eta beraz, alfabeto txekiarra egokitzeari ongi zeritzon. Oinarri latinoa zuen alfabetoak mendebaldeari zabaldu eta berritzeko bidea eskaintzen zuen. Alfabeto gotikoa eta zirilikoa baztertzeak (lehena germaniar kutsua zuelako eta bigarrenak ortodoxo kutsua zuelako) modernitateari ateak zabaltzeko jarrera adierazten du. Jarrera hau uneko hizkuntza nagusiari, Frantsesari, loturik zetorren.

Hiru ikuspegi horiek garaiko astekari batean bildu ziren eta bultzada ederra eman zioten aukera horri. 1848an ministerioak Gaj-en alfabetoaren (alfabeto latinoa eta jatorri kroaziarreko ikur diakritikoak batzen zituena) aldeko aukera egin eta ofizialki baimendu zuen.

Illiristen presioek serbo-kroazierarekiko berdintasunak sustatzea ekarri zuen eta horren eraginez Karintia eta Estiriako aldaeren ekarpenei atea gehiago zabaldu zitzaien, eta horrek hizkuntza batasuna bultzatu zuen. Eredu eslavistari ekiteak, ordea, hainbat aldaketa ekarri zituen. Mendetan goi-alemaniarekin izan zuten harremanaren eraginez, ahozko hizkuntzan pilatzen joandako elementu ugari baztertzea ekarri zuen. Erdi aroan goi mailako klaserik egon ez zenez, hizkuntzaren aldaera jasoa gutxi garatu zen. Modernotasunaren atarian gabezia hori nabarmen agertu zen, izan ere, premia intelektualak ezin ase zitzakeen. Nahi eta ezin horretan, hizkuntza jazteko errazagoa zitzaien inguruko hizkuntza eslavoen tradiziotik (Serbo-kroaziera edo eslavonikeratik esaterako) mailegatzea hizkuntzaren beraren aberastasuna aztertu eta jorratzea baino. Estrategia honek berarekin hainbat ondorio zekarren:

  1. Hizkuntzaren intelektualtze eta modernotzea bizkortzea, gizarte industrial batean ezinbestekoa. Eginbehar horrek lexikografian jantzi eta prestatu zuen hainbat ikerlari. Joera illiristak neutralizatzea. Intelektualdu beharrak eraginda XIX. mendean hamaika hitz mailegatu ziren errusiera, txekiera eta serbo-serbo-kroazieratik. Horren eraginez, ahozko hizkuntza eta idatzizkoaren arteko amildegia handitu egin zen. Zeharka bada ere, eslovenieraren aldaeren arteko batasuna sendotu. Izan ere, aldaera bat edo bestearen arteko hautua egin beharra saihesten zuen atzerriko konponbideetara jotzen baitzuen.

4.- Teoria Panonikoa

Hirugarren aroa XIX. mendeko bigarren erdiari dagokio. Bertako hiri nagusiak (Maribor eta Ljublana) Viena eta Triesterekin lotzen zituzten trenbideak zabaldu zirenean Carniola eta Estiriako goi-mailen interes ekonomikoek bat egin zuten. Eskualde hauen garrantzia ekonomikoa handitu zen neurrian, hizkuntza alorrean ordura arte aintzat hartu gabeko eskualde horietako hizkeraren izen ona bultzatu zuen. Aldaera horietan eslovenieradun hiztunen laurden bat mintzo zen.

Bide hau babestera etorri zen Teoria Panonikoa. Pannoniaren kokapena kontuan izanik (ekialdeko muturrean) eta eskualde horren hizkuntzazko bilakaeran, J. Kopitarren arabera, esloveniera eta eslavonikoa elkarren ondoko hizkuntzak izan ziren garai batean. Teoria horrek, beraz, esloveniera eta hizkuntza eslavo zaharra senidetzen zituen. Alegia eslovenieraren kodifikazioan iturri horretatik etorritako ekarpenek atea zabalik zuten. Horrek, hiztegian nahiz morfologia mailan egonkortasuna eta aberastasuna ekarri zituen. Baina antzinako ezaugarriak txertatzea ere eragin zuen. Eslovenieradunek beren hizkuntzaren gramatika kode arrotz batena bailitzan ikasi behar izan zuten. Eredu honek proposatzen zuen eredua denboran eta espazioan herritarren ahoan zebilen eslovenieratik urrun zegoen. Dena den, eslovenierak historikoki izan zituen gabeziak kontuan izanik, teoria panonikoak aberasteko bidea zabaldu zuen.

5.- Ljudskost

Laugarren aroa abagune politikoaren aldaketarekin batera hasi zen. Eslovenia 1918an Erreinu Serbio, Kroata eta Esloveniarrean murgildu zelarik, serbo-serbo-kroazieraren erreferentzialtasuna apaldu egin zen. Ordurako, ordea, araudia sendo ezarrita zegoen eta zuzeketak maila apalagokoak izan ziren. Ondorengo hamarkadetan hizkuntza literarioak kezka iturri izateari utzi dio eta estandarizazioari ekin diote. Serbo-kroaziarrekin izan dituzten harreman politikoen arabera estandarizazio prozesua garatu edo atzendu egin da.

Hegoaldeko eslaviarrek Jugoslavian bat egin ondoren hizkuntzaren hobekuntza prozesuak norabidea aldatu egin zuen. Slovenian eragin serbo-kroaziarrari indarrez aurre egiten hasi ziren, garbizaletasun esloveniarra piztu egin zen eta mailegu zahar nahiz berrien kontra bezalaxe jardun ziren hiztegi eta gramatiketan txertatutako maileguen kontra.

Ahalegin garbizale horretan jatorri eslaviarra eta serbo-kroaziarra bereiztea zaila gertatu zaienez, mailegu eslaviar oro baztertzeari ekin diote eta ljudskost era jo dute. Alegia, bertako aldaeren baliabideak jorratzera. Era berean, eta 50. hamarkadatik aurrera, ingelesetiko mailegu lexiko eta semantikoak izugarri ugaritu dira. Bi gerrate handien arteko sasoian joera honek indarra hartu zuen Goi-Carniolan, garai berean, berriz, Maribor eta bere inguruak eragin germanikoari eutsi zion.

Ljudskost joerak lehenaldia eta geroa lotzen lagundu du. Lehenaldia denboraz kanpo hartu eta berregokitu egiten da hizkuntzaren eta komunitatearen izaera batua, “gutasuna» azpimarratuz. Proiektu horren subjektua gizartearen baitan dago eta gizarte mailako batasun intelektuala formulatzen du.

XX. mendeak aurrera egin ahala arautzeak aurrera egin du nahiz eta bide honetan baliabide arras ahulek izan. 1921ean Esloveniako Arte eta Zientzien Akademia sortu zen, erakunde horri zegokion corpusaren planifikazioa egitea. Geroago Slovenieraren Institutua sortu zen (1949) eta hortik Terminologia Batzordea, beti ere Akademiaren barruan.

1945az geroztik hizkuntza literarioak hainbat tentsio nozitu du, hasieran beregainak ziruditenak baina denborarekin bat egitera iritsi direnak. Ekialdeko potentziak ahultzearekin mendebaldearekin mugan zeuden eskualdeak indartu egin ziren eta horrekin Litoral izeneko eskualdeko hizkera (Esloveniako demografiaren bostena biltzen duen eskualdea) araudian aintzatesteko eskabidea etorri zen. Joera hori, ordea, era bateko zein besteko presioek ezerezean utzi zuten. Hala nola:

  1. Barne migrazioek. Laurogeiko hamarkadaren hasieran populazioaren % 41,4-ari eragiten zion mugikortasun geografikoak. Iraultza sozialistak klase kapitalistak desagertarazi eta jerarkia sozial berria sortzea ekarri zuen. Teknoburokrazia nagusi eta klasearteko mugikortasun handiagoa zuen jerarkia. Sistema berriak gizarte mailan parte hartzea handiagoa ekarri zuen, eta horrekin aldaera literarioa erabiltzeko premia gizarte osora zabaldu. Maila sozio-politikoan funtzio komunikatiboak izugarri ugaldu ziren (funtzio administratiboak, ekonomikoak... eta abar), hori, ordea, maila funtzionalean gertatu zen, eta araudiaren inguruko eztabaida bigarren mailan gelditu zen. Horrekin hizkuntza literarioaren demokratizazio prozesua bizkortu egin zen. Adierazpide hiperzainduak behera egin zuen neurri berean egin zuen gora erdi mailako formen estatusak.

Hedabideen agerpenak, aldiz, arretagunea aldatzea ekarri du. Ospea hizkuntza idatzitik mintzatura aldatu da. Ahozko estandar baten sorrera eragitearekin batera zenbait aldaera funtzional birmoldatu ditu. Berezko hizkuntza eta idatzitakoaren artean harremana diglosikoa da. Egun onartzen da hizkera estandarra eta idatzitakoaren arteko bereizketa. Azpimarragarria da, bestalde, eslovenierak, aro honetan dialektoen arteko aldaera kolokial nagusi bat gorpuztu duela, funtzio sinboliko eta komunikatibo multzo zorrotz bat duena eta egungo esloveniarren premia komunikatiboei erantzuten diena.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, hizkuntza errazte bidean sartuta zegoen: laburdura bokalak, genero neutroa eta dualaren galera, infinitibo eta supinoen arteko bateratzea, eta abar. Serbo-kroazieradun hiztunak zorroka etortzearekin, eta berorrek dakarren estratifikazio etnolinguistikoarekin, garbizaletasuna ezaugarri bereizle nazionala bihurtu da (eta beraz, marka soziala). Garbizaletasuna, egoera honetan, kanpoko eraginen kontrako autobabes modua da, eta hizkuntzaren duintasun nazionala handitzen du.

 


 

[1] Illirismoa serbiar eta kroaziarrei komeni zitzaien ikuspegia zen. Joera honek, erromatarren garaian mendebaldeko Balkanetan bizi izan zen herriari erreferentzia eginez, eremu horretako herrien “batasuna» eta “anaitasuna» aldarrikatzen zuen. Funtzio politikoz erabiltzen zen termino aski anbiguoa da baina funtsean, eremu horretako batasun politiko-kulturalaren aldeko jarrera izendatzeko erabiltzen zen. Illirismoa geroago “Jugoslavismoa» bilakatu zen.

[2] Joera honek Austria zuen erreferentzia gunetzat. Honen sustatzaileek Austriaren izaera eslavoa aldarrikatzearekin batera bere izaera katolikoa azpimarratzen zuten, eta beraz, Austriako koroa katolikoaren morroi egiten zuten burua. Bestela esanda, Errusia edo Serbiaren eslavismoarekiko edozein hurbilpen indargabetu nahi zuten.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001