Hizkuntza politika Eslovenia independientean

Aro komunistan Esloveniarren hizkuntza politikaren ardura nagusia eslovenierak zituen erabilera esparruei eustea izan zen, Gobernua eta Justiziaz gain, hezkuntzako ziklo guztietan, hedabideetan eta bertako jarduera ekonomikoan. Bere burua babesteko Esloveniak indarrean jarritako politikak eslovenieraz gain gutxiengo italiarra eta hungariarra ere babestu zituen.

Esloveniako estatu berriarentzat arazo nagusia ez da eslovenieraren biziraupena hizkuntza honek Europan izango duen lekua baizik. Alegia, eslovenierak etorkizunean funtzio gehiago berriak hartzen joango da ala alemaniera zein ingelesak hartuko dute eslovenierari legozkiokeen funtzio berri horiek?

Alemaniera ez da ingelesa bezain ohikoa herritarren erabilera ohituretan. Hizkuntza honen zabalkunde lana egin dezaketen indarrak, ordea, itzelak dira, besteak beste Austria eta Alemaniatik geroz eta gehiago datozen inbertsioen eraginez edo turismoa nahiz lanpostu berriak eskuratzeko eskaintzen duen abantailagatik.

 

Artikulu hau gai beraren inguruan James W. Tollefson jaunak argitaraturiko “Language policy in independent Slovenia» ( International Journal of Sociology of Language, 124 (1997), 29-40. or) artikuluaren laburbilduma da.

1991ko ekainaren 25ean Sloveniako legebiltzarrak Esloveniaren independentzia aldarrikatu zuen. Erabaki hau hartu eta bi egunen buruan Serbiarrek zuzenduriko Jugoslaviako armada Esloveniako muga erasotzen hasi zen. Hamar egun iraun zituen gatazkak, eta Jugoslaviako armadak atzera egin zuenean amaitu zen.

1918an sortu zen Jugoslaviako erreinua (Serbia, Kroazia eta Esloveniako Erreinua) eta independentzia aldarrikatu bitartean esloveniarrak serbiarren dominazio ekonomiko eta politikoaren arriskupean bizi izan ziren. Jugoslaviatik askatzeak, ordea, errotik aldatu zituen hizkuntza politika kontuak Eslovenian.

Aro komunistan Esloveniarren hizkuntza politikaren ardura nagusia eslovenierak zituen erabilera esparruei eustea izan zen, Gobernua eta Justiziaz gain, hezkuntzako ziklo guztietan, hedabideetan eta bertako jarduera ekonomikoan. Bere burua babesteko Esloveniak indarrean jarritako politikak eslovenieraz gain gutxiengo italiarra eta hungariarra ere babestu zituen. Orain, eta beren buruaren jabe direlarik, ez dute bere baitan esloveniera ez den beste hizkuntza batetako hiztunen multzo handirik eta sortzez eslovenieradunak biztanleen % 88 dira.

Gaur egun, serbo-kroazierak menpean hartzearen arriskua iraganeko kontua bada ere, eslovenierak Europan duen estatus eta erabilera da kezka iturri nagusia.

Egungo politikaren aurrekariak

Jugoslavia desagertu aurretik, abertzaletasun esloveniarra indarrean zeuden komunisten kontra jardun zen. Esloveniar abertzaletasuna aldaketa ekonomiko eta politikoari loturik zihoan.

Herri honen autonomiaren arazoa larriagotu egin zen 80ko hamarkadaren erdi aldera, hain zuzen Belgradoko aginteak Jugoslavia osoko eskoletarako curriculum batua proposatu zuenean. Esloveniar asko ikusten zuen asmo hori gauzatuz gero serbiarren hizkuntzari askoz arreta handiagoa eskainiko zitzaiola bertakoari baino. Bertako kultura eta hezkuntzaren aurkako erasotzat hartu zuten.

Liskar honen eraginez bertako hizkuntza eta kulturaren aldeko hainbat herri-talde sortu zen eta oinarrizko giza eskubideen kontrako erasoen mailan jarri zuten asmo hori. Giza Eskubideen Babeserako Batzordea izan zen lan honetan jardun zen indartsuena.

Garai beretsuan (1988), Jugoslaviako ejertzitoan espiotza lanak egin izanagatik ofizial esloveniar bat epaitu zuten. Epaiketako hizkuntza serbo-kroaziera izan zen eta itzulpen zerbitzua, berriz, oso kaskarra izan zen. Hori zen Jugoslaviako armadak Esloveniako gizartearen eskaerei eman zien erantzuna, eta horrek berorrek gizarte mailan mobilizazio eta protesta ugari eragin zuen.

1988an Kosovo eta Voivodinan eskubide nazionalak indarrik gabe uzteari ekin zioten Federazioaren zentralismoari eustearren. Gertakariek antzekoak iragartzen zituzten Esloveniarentzat. Beraz, autonomia eta burujabetzaren defentsa eztabaidagai bihurtu zen Esloveniako idazle eta intelektualen artean. 1989an ildo horretan zihoan hainbat erabaki hartu zuen Esloveniako legebiltzarrak, baita 1990ean ere. Erabaki horiek esloveniarrak nahiz gutxiengo italiar eta hungariarren eskubideen defentsa maila berean jarri zituzten. 1991an Independentzia aldarrikatu zutenean ildo horretan zihoazen xedapenak onartu zituzten bertako Konstituzio berrian (1991ko abenduaren 23an). Bosgarren artikuluak honela dio: Esloveniak “bertako italiar eta hungariar komunitate etnikoen eskubideak babestu eta ziurtatzen ditu». Hizkuntzaren ofialtasunaz ari delarik, berriz, honela dio: “Esloveniera da Esloveniako hizkuntza ofiziala. Italiar edo hungariar komunitate nazionalak bizi diren eremuetan, berriz, Italiera eta Hungariera ere ofizialak dira» (11. artikulua). Ardatz hau sendotzera dator 64. artikulua: “Italiar eta hungariar komunitate nazionalek eskubide bereziak izango dituzte». Onartutako eskubideen artean honakoak daude, besteak beste: (1) Oinarrizko heziketa dagokion komunitatearen hizkuntzan jasotzeko eskubidea; (2) Komunitate bakoitzak bere eremuan ematen den hezkuntza eskaintza kontrolatzeko eskubidea. Legediak, halaber, esloveniarrak gutxiengon hizkuntza ikastetxean bertan ikastera behartzen ditu gutxiengo nazional sendoak dauden eskualdeetan.

Konstituzioaren beste atal batek bi komunitate hauek beren estatu senidearekin (Hungaria eta Italia) dituzten harremanak estutzeko eskubidea onartzen du. Eskubide honek komunitate horren kulturu elikadura sustatzen du.

Hizkuntza gaiei Konstituzioan eman zaien garrantzia hizkuntza eta nazio identitateak Eslovenian oraindik-orain duen garrantziaren erakusle da.

Hizkuntza auzia egungo ikuspegitik

Esloveniako estatu berriarentzat arazo nagusia ez da eslovenieraren biziraupena hizkuntza honek Europan izango duen lekua baizik. Alegia, eslovenierak etorkizunean funtzio gehiago berriak hartzen joango da ala alemaniera zein ingelesak hartuko dute eslovenierari legozkiokeen funtzio berri horiek?

Jugoslavia oiharen garaian esloveniarrentzat nahikoa erraza zen serbo-kroazierak eslovenierari zegozkion funtzioak har zitzan eragoztea. Egun, ordea, ingelesarekin loturiko botere ekonomiko eta kulturala oso da handia eta horrek erakargarri egiten du hizkuntza hau hainbat esloveniarren begientzat. Ingelesarena, ordea, ez da arazo bat bailitzan ikusten, hizkuntza honek nazioartean duen indarraren adierazpen moduan baizik.

Ingelesak, dagoeneko leku nabarmena hartu du Esloveniako bizitzako hainbat arlotan, esaterako publizitatean, paisaia linguistikoan edo gazteen hizkera eta kulturan.

Alemaniera ez da ingelesa bezain ohikoa herritarren erabilera ohituretan. Hizkuntza honen zabalkunde lana egin dezaketen indarrak, ordea, itzelak dira, besteak beste Austria eta Alemaniatik geroz eta gehiago datozen inbertsioen eraginez edo turismoa nahiz lanpostu berriak eskuratzeko eskaintzen duen abantailagatik.

Bi hizkuntza hauen bultzadak epe luzera eslovenieraren erabilera folklore mailako esparruetara murrizteko arriskua dakar. Gobernua eta gizarteak, beraz, prozesu hau nolakoa izango den erabaki beharko dute eta horretarako bide egokiak zehaztu.

Aro berri honetan atzerriko hizkuntzekin sortutako hirugarren arazoa serbo-kroazierarekin loturik dago. Izan ere, federazioa desagertzeak hizkuntza honen irakaskuntza eta ospea hutsaren parean utzi ditu. Etorkizunari begira, ordea, bistakoa da bi komunitateen artean handiak izango direla harremanak, ekonomia alorrean batez ere, eta beraz, ezin gal dezakete aurreko hamarkadetan egindako lanaren emaitza.

Bestalde, handia da serbo-kroaziera etxeko hizkuntza duten esloveniarren kopurua. Federazioaren garaian bertakotuak dira batzuk, besteak Balkanetan azken hamarkadan izandako gerrate eta liskarretatik ihesi joandakoak. Independentziaren garaian bertan bizi eta esloveniera ezagutzen zuten 170.000 serbo-kroazieradunek hiritartasun esloveniarra eskuratu zuten. Talde honek oinarrizko hizkuntza eta kultura eskubideak izan arren Konstituzio berriak ez du xedapen berezirik italieradun edo hungarieradunekin parekatzeko. Badirudi egun doazen bidetik komunitate hau bertako kulturak asimilatuko duela hurrengo belaunaldian. Ihesi etorritakoek, berriz, ez dute hiritartasun eskubiderik eskuratu eta asimilazio prozesuak eragin bera du.

Jugoslavia ohiaren inguruan piztutako gatazkak gutxiengoen eskubideen auzia oinarrizko eskubideen gaiarekin lotzen lagundu du. Eslovenia eredugarri bilakatu da ahalegin horretan komunitate nazionalen babesa berdina baita kasu guztietan, nagusi izan nahiz ez. Euskal Herriaren neurria duen herri honek hartu duen bideak etorkizunean gatazka etnikorik ez izateko oinarri sendoak jarri ditu.

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001