Esloveniako egitura etnikoa eta gutxiengoen babesa

XVIII. mendeko pizkundeak nazio kontzientzia akuilatu zuen. Kontzientzia hori 1848. urtean zabalki agertu zen Esloveniako lurralde guztien batasunaren aldarrikapenaren bitartez, Eslovenia Batuaren kontzeptua sortu zen.

80. hamarkadan Serbiako zentralismo unionista indarberriturik nabaritzen hasi zen Jugoslavia osoan eta ordura arteko zentralismoa baino modu gogorragoan. Estatu nazio-anitza dudan jartzen zuten ahotsak ere entzun ziren garai hartan eta Jugoslaviak bizi zuen krisi ekonomikoak lagunduta, emaitzak ezin zuen beste bat izan: etnien arteko gatazkak sortu ziren.

germanizazio maila handia gertatu zen. Alemaniera izan zen garai hartan hirietako eta mehategien inguruan eraikitako herrien hizkuntza. Alemaniera izan zen, halaber, militar graduaziodunen eta kultura maila altuko biztanleen hizkuntza.

1991ko erroldaren arabera 8.503 hungariar zegoen Eslovenian. Eremu mistoan, alegia, antzinatik hungariarrenak izan diren lurraldean gehiengoa dira, % 49. Gehienak, % 85a, Prekmurje hiriaren inguruan bizi dira, mugan kokaturiko lurraldean.

1991ko erroldaren arabera 2.575 italiar dago Eslovenian eta 4.009 dira italiera izan dutenak etxeko hizkuntza. Hungariarren antzera, italiarrena oso populazio heldua da eta jaiotze tasa, aldiz, txikia.

1991ko erroldaren arabera, 2.293 romani daude Eslovenian eta 2.847rentzat romania etxeko hizkuntza da. Dena den, erroldan agertutakoaz landa, ongizate zerbitzuek eginiko kalkuluen arabera, 6.500 inguru dira romaniak

Eslovenian nortasun etnikoa nortasun estatala baino askoz ere indartsuagoa da. Bere bizilagunekiko elkarrizketetan bakoitzak bere nortsun etnikoa adierazten du eta horrela ezagutuak dira beraien artean, bata esloveniarra, bestea hungariarra, bestea italiarra... Kanpora begira, ordea, nazioartean nahiz Esloveniaz kanpokoekiko harremanetan, denek jotzen dute bere burua esloveniartzat, ohituraz beti Esloveniakoak direla esan arren, eta ez, ordea, esloveniarrak.

Hiritarrak elebidunak diren guneetan, eremu mistoan alegia, langile orok izan behar du hizkuntza bietan jarduteko gai. Hala ere, ez dute gure hizkuntza eskakizunen parekorik, beraiena ere baden hizkuntzaren ezagutza praktikoa eskatzen zaie zerbitzu publikoan jardun nahi badute. Ondorioz, eta gutxiengo nazionaletako partaide guztiak direnez elebidun, hauek dute zerbitzu publikoetan sartzeko aukera gehien.

Gutxiengoentzat hezkuntza sistemak hiru helburu nagusi ditu: gutxiengoetako partaideen jakintza orokorra bermatzea; jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta bere komunitatearen historia, kultura eta geografiari buruzko ezagutza trasmititzea, talde nortasuna bermatzeko, alegia; eta hezkuntzaren bitartez giza balore egokiak jasotzea

Hiru dira hizkuntza politikak bermatu nahi dituen eskubideak: batetik, direna eta izan nahi dutena adierazteko gutxiengoen eskubidea, alegia, beraien irudia sortu eta zabaltzeko eskubidea; bestetik, gutxiengoen arazoak Estatuko zein nazioarteko hedabideetan lekua izateko eskubidea; azkenik, gutxiengoen eskubidea beraien nazio senidearekin (Italia eta Hungariarekin) harremanak eta informazio trukaketa inongo oztoporik gabe egiteko eskubidea.

Esloveniak sinaturiko eta berretsitako nazioarteko hitzarmenek, hizkuntza gutxituei buruzko euroituna barne dela, gutxiengoei sustengu ekonomikoa eman eta hauen garapen ekonomikoa laguntzera behartzen dute. Hala, arlo honetan Eslovenian diskriminazio positiboa deituriko printzipioa indarrean dago eta gutxiengoek laguntza bereziak jasotzen dituzte kultura arloan nahiz arlo sozialean

SARRERA: HURBILPEN HISTORIKO-GEOGRAFIKOA

Aniztasun kulturala eta historian jasandako gora-beheren ondorioz, Eslovenia Europako “Lorategi Kulturala» deitu izan da maiz. 20.000 km2 besterik ez dituen lurralde hau, Europako lau eskualde zabalen bidegurutzean dago kokaturik: Eremu Alpinoa, Pannoniar lurraldeak, gune Dinarikoa eta Mediterranioko kostaldea. Bestalde, lau nazio, kultur eta hizkuntzen topagunea ere bada: italiarrak mendebaldean, austriarrak iparraldean, fino-ugriar hungariarrak ekialdean eta eslaviar-kroaziarrak hegoaldean.

Eslovenia garraioen ikuspuntutik oso gune aproposa da, izan ere, europako hiru errepide nagusik zeharkatzen dute: Bartzelonatik Kievera doana, Munichetik Estambulera doana eta Pragatik Ipar-Adriatikorakoa doana.

XX. mendeko azken lau hamarkadetan Estatu sozialisten eta kapitalisten arteko muga eta bi alderdi militar kontrajarrien topagunea ere izan zen. Hots, garrantzia estrategiko handiko lurraldea da. Garrantzia horren erakusle da bertako agintearen historia, XX. mendean bertan Esloveniako lurraldea hamabi aginte desberdinen menpe egon da.

Eslovenia interes estrategikoen helburu izan da urteetan, inguruko nazioentzat batez ere. Maiz saiatu izan dira menderatzen militarki, ekonomikoki, politikoki eta baita etnikoki ere. Lehenen esloveniar Estatutzat jo daitekeena Carantania izan zen, VII. mendean sortua eta berehala Frankoen erresumaren menpean geratu zena, ondoren Habsburgotarren erreinuaren parte izatera pasatu zena.

Erdi Aroaren amaieran Esloveniako lurraldeak turkiarren etengabeko erasoen arriskupean bizi izan ziren, Europa kristauaren lubaki eta muga lana egitea egokitu zitzaien. Laborarien bizi baldintza txarren ondorioz XVI. mendean protestaldi eta iraultza odoltsuak izan ziren. Garai berean, esloveniar protestanteek, buru zutela, idatzizko lehen liburuak eman zizkioten esloveniar kulturari.

XVIII. mendeko pizkundeak nazio kontzientzia akuilatu zuen. Kontzientzia hori 1848. urtean zabalki agertu zen Esloveniako lurralde guztien batasunaren aldarrikapenaren bitartez, Eslovenia Batuaren kontzeptua sortu zen.

Lehen mundu gerratearen amaieran, erreinu austro-hungariarra erortzearekin batera, esloveniarrek, kroaziar eta serbiarrekin batera, Estatu bakarra osatu zuten, “Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erreinua» izenez ezagun egin zena eta beranduago Jugoslavia izenarekin bataiatu zutena. Garai hartan esloveniarrek beraien lehen unibertsitatea sortu zuten eta baita beste hainbat nazio erakunde garrantzitsu ere.

Hala ere, Estatu sortu berriaren mugetatik kanpo utzi zituzte esloveniar komunitate handiak. Komunitate horiek inguruko Estatuen menpe gelditu ziren. Halaber, gutxiengo germaniar handia gelditu zen esloveniako lurraldearen baitan.

20 urte beraduago, II. Mundu Gerrateak gogor jo zuen Eslovenia. Indar zapaltzaileek esloveniar lurraldea hirutan zatitu zuten: atal germaniarra, atal italiarra eta atal hungariarra. Gerratearen hasieratik erresistentziarako mugimendu “Partisano» indartsua sortu zen Eslovenian, komunistez osaturikoa batez ere. Honek gerrate zibil odoltsua ekarri zuen esloveniako lurraldera, komunisten eta indar okupatzaileen zein kolaboratzaileen arteko gerrate bortitza.

Gerratea amaitu zenean, Eslovenia Jugoslaviako Errepublika osatu zuten sei errepubliketariko bat izatera pasa zen. Jugoslaviako errepublikak hasieratik jasan behar izan zituen indar aliatuen presioak, Triesteko Krisialdiako garaietan batez ere. 1948. urtean sobiet moduko sozialismotik aldendu eta Sobiet Batasunaren hegalpetik atera bezain pronto, altzairuzko-harresia eraiki eta Esloveniako mugak itxi egin zituzten. Hurrengo hiru hamarkadetan alderdi politiko bakarreko eta ekonomia gidatua zuen sistema sozialista ezarri zen Jugoslaviako errepublikan, produkzio handiko industria astunari berebiziko garrantzia eman ziona.

Eslovenia, nekazal lurraldea izan zena, lurralde industriala bilakatu zen urte horietan. Nekazaritza guztiz alde batera utzi zen, izan ere, Esloveniako nekazal lurren % 90a esku pribatuetan bait zeuden. Garapen polizentrikoaren sistema jarraituz eskualde eta herri txikien garapena lortu zen. Horren kariaz, Esloveniako lurralde garatuenak bilakatu ziren lehen nekazal gune txikiak izandakoak. Industrizalizazioaren ondorioz Esloveniako gizartea nekazal gizartea izatetik gizarte industriala izatera pasa zen eta horrekin batera bizimolde urbanoa Eslovenia osora barreiatu zen, baita nekazal gune txikienetara ere.

Hala ere, hirigintza prozesua ez zen industrializazioaren parekoa izan. Gaur egungo Eslovenia Europan gutxien urbanizaturiko lurraldeetariko bat da, biztanlegoaren % 50a soilik jo daiteke biztanlego kaletartzat.

Erregimenaren lehentasuna produkzio handiko industria astuna izan bazen ere, urraska zerbitzu entrepresak, konpainia txikiak eta garapen teknologiko handiko zenbait entrepresa txiki sortu zen.

80. hamarkadan Serbiako zentralismo unionista indarberriturik nabaritzen hasi zen Jugoslavia osoan eta ordura arteko zentralismoa baino modu gogorragoan. Estatu nazio-anitza dudan jartzen zuten ahotsak ere entzun ziren garai hartan eta Jugoslaviak bizi zuen krisi ekonomikoak lagunduta, emaitzak ezin zuen beste bat izan: etnien arteko gatazkak sortu ziren.

Indar zentralistak Esloveniako garapen ekonomiko eta soziala gero eta gehiago oztopatzen hasi ziren. Bergauza egin zuten Eslovenian garai hartan lehen urratsak ematen ari zen demokratizazio prozesuarekin. Altzairuzko harresia erori zenez geroztik, Jugoslavian etnien arteko gatazkak asko hedatu ziren, eta errepublikaren egituraketa berria beharrezkoa zela nabaritu zen. Serbiako botereek, ordea, ez zuten horrela ulertu eta desintegrazioaren eta demokratizazioaren kontrako indarrak biderkatu zituzten, horretan aldaketa suposatzen zuen edozeren aurkako errepresio bortitza erabiliz.

1990. urten lehen erreferenduma antolatu zuen Esloveniako behin-behineko gobernuak eta erreferendumean, esloveniarren % 88ak independentziaren aldeko hautua egin zuen. 1991ko ekainaren 25ean esloveniaren independentzia ofizialki aldarrikatu zen. Egun horretan bertan Jugoslaviako armada Eslovenian sartu zen. Hamar egunetako gudu motz baina odoltsuaren ondoren, Jugoslaviako indarrek etsi egin zuten eta hiru hilabetetako epean Esloveniako lurrak utzi behar izan zituzten. Hilabete horietan hasi ziren Esloveniako Estatu berriari aitortza egiteko mugimenduak eta Esloveniako legebiltzarrak Europako nazioarteko erakundeetan parte hartzeko erabakia hartu zuen. Gaur egun Eslovenia Europako Batasunari asoziatutako Estatua da.

ESLOVENIAKO EGITURAKETA ETNIKOA

Gaur egungo egituraketa etnikoa mende luzetako historiaren ondorena da. Gerrateek, garapen ekonomikoak, lurralde garapenak, inmigrazioak eta izan dituen aldaketa politiko guztiek osatu dute gaur egungo Eslovenia, ezagutzen dugun mugekin eta azaltzera goazen egituraketa etniko-kulturalarekin.

esloveniar lurraldeak Habsburgotarren erreinuan integratu zirenean, germaniarren presentzia eta pisu ekonomiko-politikoa asko indartu ziren. Alemaniera hiztunen kopuruak nabarmen egin zuen gora garai hartan, administrazioan, noblezian, armadan eta mehategietako langile koalifikatuen artean batez ere. Ondorioz, germanizazio maila handia gertatu zen. Alemaniera izan zen garai hartan hirietako eta mehategien inguruan eraikitako herrien hizkuntza. Alemaniera izan zen, halaber, militar graduaziodunen eta kultura maila altuko biztanleen hizkuntza. Bide batez, eta mehategietako lanak erakarrita, germaniar lurraldeetatik etorkin ugari etorri zen, milaka izan ziren atzerritik joandako mehatzariak. Hala, germaniarrez osatutako komunitateak sortu ziren Esloveniako lurraldean.

Istriako penintsulan, Adriatiko itsasoaren kostaldean, erromatarren garaiko asentamenduak egon ziren eta beraz aspaldikoak ziren italo-erromatarrez osatutako herriak. Herri hauetan erromatarren kultura eta bizi-modua mantendu ziren, eta Veneziako errepublikaren parte izan zirenez, haiekin zituzten harreman ekonomiko eta kultural nagusiak. Garapen ekonomiko nahikoa altua zuten eremuak izanik, inguruko esloveniarrak bildu zituzten, eta horrek asko erraztu zuen bertako kultura eta hizkuntzaren hedapena.

Bi talde historiko hauez gain, beti izan dira presentzia urriagoko taldeak Eslovenian, hala nola, juduak, txekiarrak, turkiarrak, grekoak eta abar.

Lehen mundu gerratea amaitu zenean, germaniarren eta hungariarren egoera guztiz aldatu zen. Galtzaile izan zirenez, gutxiengo bilakatu ziren beraien lurralde historikoetan. Garai hartan egin ohi zen moduan, eta oraindaino Carintiako lurraldean Austriar gobernuak eslovenierarekin egiten duen moduan, garaileek galtzaileen hizkuntzak, alemaniera eta hungarierra, debekatu egin zituzten, administrazioan hizkuntza bakarra ezarri, eta eskolak zein elkarte kulturalak itxiarazi.

Hurrengo hamarkadan Italiako faxismoa ezarri zen Eslovenia mendebaldeko lurraldeetan eta honek esloveniarren ekialderako barne emigrazioa bultzatu zuen. Garai berean Jugoslaviako beste herrialdeetako biztanlegoa ere Esloveniako lurraldeetara gerturatzen hasi zen bertako garapen ekonomikoak deituta. Eslovenian inoiz izan ez ziren serbiar eta kroaziar gutxiengoak sortu ziren.

II. Mundu Gerratearen amaieran, alemaniako gudalosteekin batera, hiritar asko joan egin zen partisanoen errepresalien beldur. Garai hartan, eta oso epe motzean, 20.000 esloveniar, 25.000 italiar eta alemaniar biztanleen ia multzo osoa, 30.000 inguru, joan egin ziren.

Esloveniarrak arrazoi politiko zein ekonomikoak bultzatuta joan ziren beste lurraldeetara. Arrazoi ekonomikoak bultzatuta joaten zirenak denboraldiko lanetara joaten ziren eta lanak amaitutakoan itzultzen ziren, orduan sortu zen gastarbeiter izenekoen taldea, eta hori da egun eslovenian dagoen emigrazio modu nagusia.

Azken urteotan Eslovenia inmigrazio lurralde bihurtu da. Jugoslavia zeneko beste nazioetako herritarren emigrazioa hartzen du.

GUTXIENGOAK GAUR EGUNGO ESLOVENIAN

Azaldutako bilakaera historikoak gaur egungo esloveniaren egituraketa etnikoa osatu du. Gaur egungo Eslovenian hiru dira gutxiengo nagusiak: Hungriarrak, Italiarrak eta Romaniak (ijituak).

Esloveniako gutxiengoak hiru badira ere, 25-30 naziotako biztanleak daude zentsaturik 1991ko azken erroldaren arabera. Hauek dira azken 5 hamarkadetako datu demografiko esanguratsuenak:

Esloveniako giza-egitura 1951, 1961, 1971, 1981 eta 1991ko errolden arabera.

Naziotasuna 1951
Kopurua
1951
ehunekoa
1961
Kopurua
1961
ehunekoa
1971
Kopurua
1971
ehunekoa
1981
Kopurua
1981
ehunekoa
1991
kopurua
1991
ehunekoa
Guztira 1.466.425 100 1.591.523 100 1.727.137 100 1.891.864 100 1.965.986 100
Esloveniarrak 1.415.448 96,52 1.522.248 95,65 1624029 94,03 1.712.445 90,52 1.727.018 87,84
Italiarrak 854 0,06 3.072 0,19 3.001 0,17 2.187 0,12 3.064 0,16
Hungariarrak 11.019 0,75 10.498 0,66 9785 0,57 9496 0,50 8503 0,43
Romaniak 1.663 0,12 158 0,01 977 0,06 1435 0,08 2293 0,12
Albaniarrak 169 0,01 282 0,02 1281 0,07 1985 0,10 3629 0,18
Austriarrak 289 0,02 254 0,02 278 0,02 180 0,01 199 0,01
Bulgariarrak 49 0,00 180 0,01 139 0,01 105 0,01 169 0,01
Txekiarrak 807 0,06 584 0,04 445 0,03 433 0,02 323 0,02
Montenegriarrak 1.356 0,09 1.384 0,09 1.978 0,11 3.217 0,17 4.396 0,22
Grekoak 24 0,00 50 0,00 24 0,00 18 0,00 23 0,00
Kroaziarrak 17.978 1,23 31.429 1,97 42.657 2,47 55.625 2,94 54.212 2,76
Juduak 15 0,00 21 0,00 72 0,00 9 0,00 37 0,00
Mazedoniarrak 640 0,04 1009 0,06 1.613 0,09 3.288 0,17 4.432 0,22
Bosniar Musulmanak 1.617 0,11 465 0,03 3.231 0,19 13.425 0,71 26.842 1,36
Germaniarrak 1.617 0,11 732 0,05 422 0,02 380 0,02 546 0,03
Poloniarrak 275 0,02 222 0,01 194 0,01 204 0,01 204 0,01
Errumaniarrak 41 0,00 48 0,00 43 0,00 94 0,01 116 0,01
Errusiarrak 593 0,04 295 0,02 302 0,02 194 0,01 170 0,01
Rusiniarrak 46 0,00 384 0,02 66 0,00 54 0,00 57 0,00
Eslovakiarrak 60 0,01 71 0,00 85 0,01 144 0,01 141 0,01
Serbiarrak 11.225 0,77 13.609 0,86 20.521 1,19 42.182 2,23 47.911 2,44
Turkiarrak 68 0,01 135 0,01 53 0,00 87 0,00 155 0,01
Ukraniarrak         143 0,01 192 0,01 213 0,01
Balkaniarrak 9 0,00 6 0,00 5 0,00 17 0,00 38 0,00
Besterik 352 0,02 449 0,03 307 0,02 577 0,03 1.178 0,06
Erantzun ez dutenak         3.073 0,18 2.975 0,16 9.011 0,46
Jugoslaviarrak     2.784 0,18 6.744 0,39 26.263 1,39 12.307 0,63
Eskualde bat aipatuz erantzun dutenak         2.705 0,16 4.018 0,21 5.254 0,27
Ezezagunak 211 0,01 1.154 0,07 2.964 0,17 10.635 0,56 53.545 2,72

Iturria: Statistic Yearbook of Eslovenia, 1997. Kontuan izan naziotasuna azaltzeko galderak ez dituela erantzun finkoak eta biztanlegoak nahi duen erantzuna eman dezakeela, horregatik aukeratzn dute batzuk Kroazia edo Bosnia eta beste batzuk Jugoslavia, nahiz eta kroaziar edo bosniarrak izan.

Hungariarrak:

Hungariar komunitatearen lehen kokalekua 195 km2ko gune bat izan da Eslovenia eta Hungriako mugaren ondoan. Altzairuzko harresiak berebiziko eragina izan zuen mugako biztanlegoaren artean eta bere bizimodua erabat markatu zuen.

1949. urtean muga erabat itxi zen eta honek harreman ekonomiko, politiko eta kulturalak galerazteaz gain, lurraldearen dinamika ekonomikoa geldiarazi zuen, horixe adierazten dute garaiko datu sozioekonomiko eta demografikoek. Itxiera horrek hungariar gutxiengoaren modernizazioa zeharo oztopatu zuen.

1991ko erroldaren arabera 8.503 hungariar zegoen Eslovenian. Eremu mistoan, alegia, antzinatik hungariarrenak izan diren lurraldean gehiengoa dira, % 49. Gehienak, % 85a, Prekmurje hiriaren inguruan bizi dira, mugan kokaturiko lurraldean. Hizkuntzaren ikuspuntutik, 1991ko erroldaren ama hizkuntza arabera hungariera zutenak 9.240 ziren. Gaur egun hungariar biztanleria gero eta urriagoa da Eslovenian, jaiotze tasa oso baxua baitute eta horietako asko hungariara itzuli baitira.

Italiarrak

Italiar gutxiengoa Istria penintsulan kokaturik dago, Adriatiko itsasoaren kostaldean, Venezia parean duela. Lurralde hau ekonomikoki eta estrategikoki oso lurralde garrantzitsua izan da. Azpimarratzekoa da, halaber, garraio kontuetan duen garrantzia. Azpiegiturak, biztanlegoa eta aktibitate ekonomiko nagusiak zehatz kokaturik daude kostaldeko gune estu horretan. Inguruko lurraldeetan, aldiz, biztanlegoaren sakabanaketa askoz handiagoa da.

Italiarrak gune urbano eta ingurukoetan bizi izan dira betidanik. Ondorioz, bizimolde urbanoa izan da beraien bizimolde tradizionala. 80. hamarkadan Eslovenia eta Italiaren arteko mugaren hegoaldea Europako mugarik irekiena zela jo izan da. Bertan egiten zen, eta bertan egiten da oraindik ere, kapital eta zerbitzuen trukea bertan dauden jario handiko garraiobideen eraginez. Gune hori bera izan da historian agintari eta erregimenez gehien aldatu den gunea Eslovenia osoan. Hala ere, adierazle kultural esanguratsuenak Veneziar errepublikaen menpe zeudeneko garaietatik datozenak dira, gaur arte mantentzen direlarik garai hartako bizitza urbanoko ohiturak.

II. Mundu Gerratea hasi aurretik, Istriako penintsulako herri handietan italiarrak ziren gehiengoa, ez ordea gutxi populaturiko inguruko lurraldeetan. Gerratea amaitu eta hurrengo hamarkadan gauzak guztiz aldatu ziren, italiar gehienek alde egin baitzuten. Hala, gaur egun % 5a besterik ez da italiarra eta proportzioa txikitze ari da lurralde horrek hartu duen barne emigrazioaren ondorioz.

1991ko erroldaren arabera 2.575 italiar dago Eslovenian eta 4.009 dira italiera izan dutenak etxeko hizkuntza. Hungariarren antzera, italiarrena oso populazio heldua da eta jaiotze tasa, aldiz, txikia. Gehienak familia mistoak dira, italiar-esloveniarrez osaturikoak. Egitura sozio-ekonomikoa begiratuz, hirugarren sektorea da nagusi italiarren artean, izan ere, Istriako kostaldea oso gune turistiko ezaguna da.

Gutxiengo italiarrak, hungariarrak ez bezala, oso presentzia altua du hezkuntza eta kultura arloetan, oso gutxiengo eraginkorra osatzen dute eta beraien kultura zein hizkuntzaren babeserako neurri sendoak dituzte. Era berean, beraien ondasun kulturalarekiko kontzientzia maila oso altua dute. Egoera eroso hau italiaren gertutasunak eragin du. Italiako gobernuak etenikgabeko sustengu eta babesa eman die eta muga irekia izan dute. Italiako gutxiengoak ez du historian zehar asimilazio presio handiegirik jasan beharrik izan.

Romaniak (Ijituak)

Romaniak ere talde etniko autoktono eta historikoa dira. Beraien izaera nomadak, ordea, lurraldetasun printzipioan oinarrituriko gutxiengoen babeserako neurriak aplikaezinak egiten ditu. 1991ko erroldaren arabera, 2.293 romani daude Eslovenian eta 2.847rentzat romania etxeko hizkuntza da. Dena den, erroldan agertutakoaz landa, ongizate zerbitzuek eginiko kalkuluen arabera, 6.500 inguru dira romaniak

Gehiengoa kanpamendu sakabanatu eta mugikorretan bizi da. Ongizate zerbitzuak asentamendu finkoak, eskolak eta bizitzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ezartzen saiatzen badira ere, romaniak ez daude beraien bizimodu nomada eta beraien kulturako atal garrantzitsua diren askatasun baloreei uko egiteko prest, nahiz eta horrek inguruko biztanleekiko harremanetan zailtasunak sortzen dituen.

Romaniek lan disziplina, derrigorrezko hezkuntza eta beste zenbait bizi arau ez dituzte beste esloveniarren antzera ulertzen eta horrek asentamenduak eta lan kontratuak asko zailtzen ditu, bai eta gutxiengoen babeserako neurriak ere. Talde honen babeserako neurriek beraien sozializazioa, lanerako prestakuntza eta hezkuntza dituzte helburu nagusi. Kultura berezi honen portaerak direla eta, ordea, oso eraginkortasun gutxiko neurriak gertatu dira.

GUTXIENGOEN BABESA ESLOVENIAN: TEORIA ETA PRAKTIKA

Esloveniako gutxiengoen babes neurriak ulertzeko ikuspuntu juridiko-politikotik Esloveniako antolakuntzaren inguruan zenbait azalpen eman behar da lehenik eta behin.

Zertzeladak:

Eslovenia etnikoki nahiko homogeneoa bada ere, %88a esloveniarrak dira, 1991ko erroldak 30 nazio zein talde etnikoetako biztanleak badirela adierazi du. Erroldak berak ere baditu berezitasunak, izan ere, erroldan bere naziotasuna eta jatorrizko hizkuntza zein den galdetzen zaie. Ondorioz, datuak ez dira beti berdinak izaten lehen ikusi dugun moduan. Bestalde, esloveniarren % 20 esloveniatik kanpo bizi da, gutxiengo bezala inguruko lurraldeetan (Austria, Italia eta Hungarian) edo etorkin moduan munduan zehar.

Eslovenia gutxiengoen babeserako neurri eta praktika aldetik Europako Estatu garatuenetakoa da. Izan ere, herri honen ibilbide historikoak nazio-aniztasuna eta gutxiengo kultural eta etnikoen babesa barneratzen lagundu duenez, horren kontzientzia oso errotua dago beraien kulturan.

Historikoki gutxiengoen asentamendu lurraldeak izan direnak kultura eta hizkuntza kontuetarako eremu misto izendatu zituzten. Bertan toponimia, iragarki publiko zein pribatuak, eskolak eta abar elebitan daude, eslovenieraz eta bertako gutxiengoaren hizkuntzan. Udalerri mailako administrazioan ere erabiltzen dira hizkuntza gutxituak. Eremu hauek ez dute autoritate propiorik, ez dute gobernu propiorik. Eskola, kultura eta gutxiengoaren bizitza politikoa udalerri mailan antolatzen da, baina ez besteekiko modu desberdinduan edo autoritate propioen bitartez, oso barneratua duten printzipio baten bitartez baizik. Estatu mailan oso barneraturik dute esloveniaren izaera eleanitza eta ondorioz ondasun kultural hori denen artean babesten saiatzen dira, eskolak sortuz, elkarte kulturalak sortuz, eta abar. Gutxiengoek gehiengo nazionalarekin elkarlanean dihardute maila guztietan, eta batzuk zein besteek ondasun kulturalaren babeserako garrantzistsuak diren erabakietan iritziak elkar trukatzen dituzte azken erabakia hartu aurretik. Gutxiengoek lan eraginkorra egiten dute eremu mistoan. Dena den, Estatuaren filosofia da denak direla gutxiengo eta ez dutela erabakigune bereizturik behar.

Eslovenian nortasun etnikoa nortasun estatala baino askoz ere indartsuagoa da. Bere bizilagunekiko elkarrizketetan bakoitzak bere nortsun etnikoa adierazten du eta horrela ezagutuak dira beraien artean, bata esloveniarra, bestea hungariarra, bestea italiarra... Kanpora begira, ordea, nazioartean nahiz Esloveniaz kanpokoekiko harremanetan, denek jotzen dute bere burua esloveniartzat, ohituraz beti Esloveniakoak direla esan arren, eta ez, ordea, esloveniarrak.

Eslovenian, gainerako Estatu eleanitzetan ez bezala, ez dago gutxiengoen alderdi politiko berezirik, hiritar guztiak dute bozka emateko zein aukeratuak izateko eskubidea beraien hautu ideologikoaren arabera. Hala ere, gutxiengo bakoitzak bermaturik du leku bat eremu mistoko udaletxeetan eta Estatuko parlamentuan. Bestela esanda, hungariarrek, italiarrek eta, zailtasunak zailtasun, romaniek birritan bozkatzen dute: lehen aldian, Estatuko gainerako hiritar guztiek bezala, ordezkari arruntak hautu ideologikoaren arabera aukeratzeko, eta bigarrenean, udal eta Estatu mailako erakundeetan gutxiengoen ordezkari izango direnak. Bigarren bozketa honetan erroldan gutxiengoren bateko partaide izatea aitortu dutenek soilik har dezakete parte.

Oro har, Administrazioan, epaitegietan eta eskolan ariko diren langileei bertako hizkuntza gutxituak jakitea gomendatzen zaie. Horretarako, hizkuntza ikastaroak antolatzen dira eta gehienek gainditzen dute hizkuntza azterketa. Hiritarrak elebidunak diren guneetan, eremu mistoan alegia, langile orok izan behar du hizkuntza bietan jarduteko gai. Hala ere, ez dute gure hizkuntza eskakizunen parekorik, beraiena ere baden hizkuntzaren ezagutza praktikoa eskatzen zaie zerbitzu publikoan jardun nahi badute. Ondorioz, eta gutxiengo nazionaletako partaide guztiak direnez elebidun, hauek dute zerbitzu publikoetan sartzeko aukera gehien.

Hizkuntza gutxituek presentzia bermatua dute Estatuko parlamentuan, bai eta Auzitegi Gorenean ere. Hasieran erabilera bermatzeko Estatuak ordainduriko itzultzaileak ezarri baziren ere, gaurdaino ez da itzultzaileen beharrik izan inoiz.

Aurrera jo aurretik esan beharrekoa da, aipatutako gutxiengoez landa, gainerako gutxiengoak, Esloveniara “iritsi berriak» izanik, ez dutela talde mailako babesik, ezta serbiar edo kroaziarrek ere (nahiz eta federazio berean egon izan hainbat urtez). Etorkin multzo hauei ez zaizkie gutxiengo historikoek dituzten hizkuntza eskubideak edo lurraldetasun eskubidea aitortzen.

Hizkuntza gutxituen erabilera

Hizkuntza naziotasunaren ikur esanguratsuena da eta identitate etnikoaren funtsa. Ondorioz, hizkuntzaren babesa gutxiengoen biziraupenerako garrantzia handieneko neurria da.

Gutxiengoen hizkuntza eskubideen babeserako neurri garrantzitsua eta begibistan lehen lehen agertzen zaiguna errotulazioa da. Toponimia, iragarkiak, mapak, hitz batean, paisaia linguistikoa ardura handiz zaintzen da Eslovenian, kanpotarrentzat, zein bertakoentzat Estatuaren eleaniztasunaren lekuko izan dadin. Eremu mistoetan edonon agertzen dira inskripzio elebidunak, baita Estatuak hiriburuetan dituen egoitzetan ere.

Hiritarrek, Estatuko administrazioarekiko harremanetan, beraien berezko hizkuntza, ahoz zein idatziz, erabiltzeko eskubidea dute, baita erantzuna hizkuntza horretan jasotzekoa ere. Eskubide hori gutxiengoen ordezkariek ere badute Estatuko legebiltzarrean. Hala, legebiltzarrean beraien hizkuntzan erabiliz iradokizunak, emendakinak nahiz galderak egin ditzakete, ahoz zein idatziz. Hiritar orok du bere izen-deiturak jatorrizko moduan idazteko eskubidea. Nortasun agiria, pasaportea nahiz erregistroko agiri oro ere bere hizkuntzan idatzita eskura dezakete. Eremu mistoan, berriz, biztanle orok nortasun agiria eta pasaportea elebitan idatziak ditu, beraien jatorri etnikoa edozein dela ere.

Epaitegietan prozedura elebitan izango da baldin eta alderdietariko bat gutxiengo batekoa bada eta hizkuntza horretan aritzea erabaki badu. Prozedura garatzeko hizkuntza edozein dela ere, epaia elebitan ematen da alderdietariko bat gutxiengo bateko kide baldin bada.

Hezkuntza

Gutxiengoen sozializazio gune garrantzitsuena familia bada ere, bigarrena eskola da. Gutxiengoentzat hezkuntza sistemak hiru helburu nagusi ditu: gutxiengoetako partaideen jakintza orokorra bermatzea; jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta bere komunitatearen historia, kultura eta geografiari buruzko ezagutza trasmititzea, talde nortasuna bermatzeko, alegia; eta hezkuntzaren bitartez giza balore egokiak jasotzea, izan ere, eremu mistoan tolerantzia eta desberdintasunaren garrantzia jorratzen dira batik bat.

Garapen historikoa eta batetik bestera dauden gora-beheren ondorioz bi hezkuntza sistema desberdin sortu dira gutxiengoen artean: Bata Istria lurraldeko italiar eskola eta bestea Prekmurjeko esloveniar-hungariar eskola elebiduna. Bi hezkuntza sistema hauekin batera, Esloveniar Eskola Bateratua dago, eta eskola honek eremu mistoan dituen ikastetxeetan derrigorrezkoa da gutxiengoaren hizkuntza ikastea.

Italiar eskolan heziketa italieraz jasotzen da eta Esloveniera ikasteko eskolak derrigorrezkoa dira. Eskola honek lehen hezkuntzako bederatzi ikastetxe ditu eta hiru bigarren hezkuntzakoak. Liublianako unibertsitatean italiar hizkuntza eta literatura irakasten dira eta bertan prestatzen dira italiar gutxiengoa hezitzeko irakasleak.

Esloveniar-hungariar eskola elebidunean eskolak elebitan ematen dira. Bost dira lehen hezkuntzako ikastetxeak eta bakarra bigarren hezkuntzakoa. Kulturaniztasuna eta tolerantzia dira eskola sistema honen printzipio nagusiak eta gurasoekiko zein bertako langileekiko harremanak ere elebitan egiten dira. Liublianako eta Mariboreko unibertsitateetan hungariera ere irakasten da eta bertan prestatzen dira ere hungariar gutxiengoaren irakasle izango direnak.

Hiru Estatuek sinaturiko agirien homologazio hitzarmenari esker bi eskola hauek banatutako ziurtagiriak ontzat ematen dira Italian eta Hungarian. Era berean, Eslovenian homologaturik daude Italia zein Hungariakoak.

Hedabideak

Prentsa idatziak eta hedabide elektronikoak duten eragin handia ikusirik, informazio eskubideak gero eta leku garrantzitsuagoa hartu du Esloveniako hizkuntza politikan.

Hiru dira hizkuntza politikak bermatu nahi dituen eskubideak: batetik, direna eta izan nahi dutena adierazteko gutxiengoen eskubidea, alegia, beraien irudia sortu eta zabaltzeko eskubidea; bestetik, gutxiengoen arazoak Estatuko zein nazioarteko hedabideetan lekua izateko eskubidea; azkenik, gutxiengoen eskubidea beraien nazio senidearekin (Italia eta Hungariarekin) harremanak eta informazio trukaketa inongo oztoporik gabe egiteko eskubidea.

Azken hiru hamarkadotan izaniko harreman estuei esker, muga oso zabalik izan baitute, italiar gutxiengoak hungariarrak baino erraztasun handiagoak izan ditu gainerako italieradun komunitateekin eta italiar Estatuarekin harremanak sakontzeko. Esloveniak eta Kroaziak independentzia lortu zutenetik ordea, italiarrek zailtasun handiagoa izan dute, aldaketa horrek sortutako bi Estatuon arteko mugak ezartzea ekarri baitzuen. Muga hauek hasieran oso zorrotzak izan ziren. Jugoslaviaren garaian zein errepublikatan bizi ziren kontuan izan gabe, italiarrek talde harreman estuak izan dituzte betidanik.

Gaur egun, Esloveniako telebista eta irrati publikoetan egunean 14 orduko progranazioa ematen da italieraz. Argitalpenei dagokienez, berriz, Kroazian egiten dira argitalpen gehientsuenak eta Eslovenian zabaldu. Hala, italieraz kaleratzen den egunkari bat badute “Voce del popolo», “Panorama» izeneko astekari bat, haurrei zuzenduriko “Arcobaleno» astekaria bat eta hiru hilabetero argitaratzen den “la Battana» aldizkari kulturala. Bestalde, gertutasunaren ondorioz, Esloveniako Istria eskualdean Italiako irrati zein telebista saio ugari jaso daiteke.

Hungariarrek eskura dutena askoz ere gutxiago da. Informazio orokorra zabaltzen duen astekari bakar bat dute “Nepujsag», “Murataj» izeneko kultur aldizkari bat, egunean zortzi orduko emisioa duen “Lendava» irratia eta telebista publikoan astean bitan ordu erdiko albistegi bana. Hala ere, Esloveniako Irrati-Telebistaren baitan Estatuko irrati zein telebistetan gutxiengoentzat ematen diren emanaldien edukiak finkatzeko lana gutxiengoen ordezkariz eta Estatuaren ordezkariz osaturiko batzorde bati dagokio.

Kultura

Eslovenian, gutxiengoen ondasun kulturalaren babesa eta garapena aberri mailako ondasun kulturalaren garapen eta babesaren mailan dago. Horretarako, hungariarrek Hungariar Kulturaren Institutua sortu zuten eta baita bi liburutegi zabaldu ere. Italiarrek, berriz, sei elkarte sortu zituzten Eslovenian, elkarte hauen erakunde nagusiak, ordea, Kroazian daude. Ikerketa historikorako zentroa Rovinj-en dago eta italiar antzokia, berriz, Rijekan.

Garapen ekonomikoa

Esloveniak sinaturiko eta berretsitako nazioarteko hitzarmenek, hizkuntza gutxituei buruzko euroituna barne dela, gutxiengoei sustengu ekonomikoa eman eta hauen garapen ekonomikoa laguntzera behartzen dute. Hala, arlo honetan Eslovenian diskriminazio positiboa deituriko printzipioa indarrean dago eta gutxiengoek laguntza bereziak jasotzen dituzte kultura arloan nahiz arlo sozialean (bizi baldintzak hobetzea gutxiengoen babeserako neurri eraginkorra delakoan).

Azken finean, gutxiengoen eta beraien kulturaren babesa ez baita kultura eta hizkuntza politiken bitartez soilik bermatzen, gutxiengoaren partaide diren gizakien bizi baldintzak hobetzen ere helburu bera lortzen baita, eta hori da Esloveniak ulertu duena eta indarrean jarri nahi izan duena laguntza berezi hauen bitartez.

Gutxiengoen parte hartzea politikan

Erabat bermaturik dago gutxiengoen parte hartzea nazioarteko, Estatuko zein udaletako politikan. Izan ere, gutxiengo nazionalen babeserako hitzarmenak ezarritako minimoen gainetik dago parte hartze hau. Eslovenian, arestian esan dugu, bozka bikoitzaren sistema erabiltzen da; Gutxiengoetako partaideak bozka eskubide arruntaren jabe dira, beraien aukera ideologikoen arabera Estatuko legebiltzarkideak hautatzeko, eta horrezaz gain, beste bozka bat emateko eskubidea dute, alegia, Estatuko parlamentuan gutxiengoen ordezkariak izango direnak hautatzeko bozka.

Hautagaien zerrendak osatzeko lana Gutxiengoen Kontseiluek egiten dute eta Esloveniako hiritarra ez den inor zerrenda horietan sartzeko eskubidea ere badute. Horrezaz gain, gutxiengoetako ordezkariak beto-eskubideaz balia daitezke gutxiengoentzat garrantzia berezia duten gaietan.

Konstituzioak Gutxiengoen Kontseiluak sortzeko eskubidea bermatzen du. Kontseilu horiek Estatuaren eta gutxiengoen arteko eztabaida eta negoziazioetan ordezkari izango den gutxiengoen ordezkaritza osatzen dute. Kontseilu hauek dagokien jatorrizko herriarekin (Estatuarekin) harremanetan jarri eta hitzarmenak sinatzeko eskubidea dute, baldin eta urrats hori esloveniaren lehentasunen kontrakoa ez bada. Bestalde, beregaintasunez nazioarteko erakundeekin harremanetan jartzeko eskubidea ere badute. Horrezaz gain, gutxiengoen interesak ukitzen dituzten nazioarteko hitzarmenak sinatu aurretik aztertu eta iritzia emateko eskubidea ere badute. Bestela esanda, Esloveniako gutxiengoek nazioarteko harremanak eraiki ditzakete eta eskubide hori Estatuek beren gutxiengoei ukatzen dieten eskubidea da.

Bibliografia:

  • Bocic B., 1980, Oris zgodovine Eslovencev, DZS, Ljubljana Enciklopedija Eslovenije, 1990, 4, MK, Ljubljana (geslo; Istra) Enciklopedija Eslovenije, 1997, 11, MK, Ljubljana (geslo: Eslovenci) Ferenc T., 1968, Nacisticna raznarodovalna politika v Esloveniji 1941-1945, Zalocba Obzorja, Maribor Genorio R., 1989, Eslovenci v Kanadi, Geographica Eslovenica 19, IGU, Ljubljana Genorio R., 1993, Geographical Dimensions of Eslovene emigration around teh World, Geojournal, 30.3., Kluwer Academic Publishers, Dordrecht / Boston / London, 225-230 Geographica Eslovenica 16, Narodnostno mešana obmocja v Esloveniji. Prekmurje in Eslovenska Istra, IGU, Ljubljana Gosar A., 1993, Nationalities in Eslovenia – Changing ethnic Structures in Central Europa, GeoJournal, 30.3. Dordrecht/Boston/London, Kluwewr Academic Publishers Klemencic V., Genorio R., Stergar A., 1983, Vprašanja okrog interpretacije rezultatov jugoslovanskega popisa prebivalstva po narodnosti leta 1981, Razprave in gradivo, 16, 147-156 Klemencic V., 1986, Nemci v statistiki v jugoslovanski Esloveniji med obema vojnama, Zgodovinski casopis, 40, 4 Ljubljana, 465-470 Klemencic V., 1986, Italijansko prebivalstvo na narodnostno mešanem ozemlju na Koprskem, Geografski obzornik, 33, 2-3, Ljubljana, 96-100 Klemencic V., 1990, Koprsko kot obmejno, narodnostno mešano in terciarizirano obmocje, Primorje, zbornik, Portoroc - Ljubljana, 99-105 Klemencic V., 1991, Spreminjanje nacionalne strukture prebivalstva Jugoslavije v novejšem razdobju, Geografija v šoli 1, Ljubljana, 7-22 Klemencic V., Zupancic J., 1997, O današnjem polocaju “nemške manjšine» v Esloveniji, Kaernten Dokumentation, Band 14-15, Klagenfurt, 165-183 Komac M. Zupancic J., Winkler P., 1999, Protection of ethnic minorities in Eslovenia:Vademecum, INV, Ljubljana Kos F., 1990, Srednjeveška zgodovina Eslovencev, Eslovenska matica, Ljubljana (ur. B. Grafenauer) Madcari in Eslovenci. Sodelovanje in socitje ob meji, 1987, Ljubljana Necak D., 1994, Nekaj osnovnih podatkov o usodi nemške narodnostne skupnosti v Esloveniji, Zgodovinski casopis, 47, 3, Ljubljana, 439-451 Romi na Eslovenskem, 1991, Razprave in gradivo, 25, INV Siencnik L, 1987, Koroški plebiscit, 1920, Zalocba Obzorja, Maribor Ude L., 1976, Koroško vprašanje, DZS, Ljubljana Zgodovina Eslovencev, 1979, Cankarjeva zalocba, Ljubljana Zupancic J., 1991, Etnicnoregionalni problemi madcarske manjšine v Prekmurju, Geografija v šoli, 1, Ljubljana Zwitter F., Šidak, Bogdanov, 1962, nacionalni problemi v habsburški monarhiji, Eslovenska matica, Ljubljana Zwitter F., 1990, O slovenskem narodnem vprašanju, Eslovenska matica



[1] Jernej Zupancic Doktorea Geografia Irakaslea da Ljubljanako Unibertsitatean eta Xaber Iriondo Aholkulari Juridikoa Eusko Jaurlaritzan.

 

BAT aldizkaria: 
39. 2001eko ekaina. Eslovenia
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Jernej Zupancic; Xabier Iriondo
Urtea: 
2001