Euskaltzaleok indarrak batzeko garaia

Euskararen zapalkuntzaren prozesu luzeak arrazoi politikoetan izan du bere oinarria, eta neurri politikoetan sustengatu da.

egun irauten duten egiturazko oztopoak ugariak eta larriak dira, denetan dramatikoena Euskal Herriak jasaten duen lurralde zatiketa delarik

Euskarak marko berri bat behar du, eta ez Nafarroak eta Iparraldek behar dutelako, Euskal Herria osoak behar duelako.

euskararen normalkuntzarako zutabe nagusi diren zenbait arlotan herri mugimendutik indarrak batu beharko ditu, batik bat, EKB-k utzi dugun hutsuneetako bat euskal eskolan matrikulatzeko kanpainak inoiz baino sendoago eta eraginkorrago izan daitezen, eta batez ere, behingoz, Euskal Herri osora irits daitezen. Administrazio guztietan (justizia, osasungintza, udal, ...) euskaldunen eskubideak aldarrikatzeko saio berriak egongo dira, eta komunikabideetan euskaldunon eskubideak onartzen eta errespetatzen has daitezen lehennego urratsak eman behar ditugu euskaltzaleok.

Indarrak batzeko garaia da, euskaltzaleok konplejurik gabe dagokiguna aldarrikatzeko. Arazoen konponketa beste batzuengan delegatu gabe, eta jakinik euskaltzaleon presiorik gabe gure hizkuntzaren etorkizuna ez dela ziur izanen.

EKBren desagerpena dut abiapuntu honako hau idazteko garaiean. Euskaltzaleok ez ditugu inoiz tresnak soberan izan, eta gutxiago esparru ezberdinak jorratzen ditugun elkarteak batzeko baliagarriak izan direnak. Arrazoiak arrazoi, EKBren desagerpena deliberatu dugu, eta paradojikoa bada ere abiapuntu horretatik indarrak batzeko mezuaz natorkizue.

Euskaltzaleon aldetik lan eskerga egin da urte hauetan guztietan, eta Kontseiluaren sorrerak kontrako irudia eman badezake ere, lan horren garapenerako bizi izan ditugun baldintzak eta egoerak sakabanaketara bultzatu dute euskararen aldeko mugimendua, nork berea atera behar izatera. Egoera politikoak testuinguru berri bat ireki du, euskaltzaleontzat interesgarria den eskenatokia, eta elkarrekinlan egitera eta euskararen aldeko jarrera berpiztera behartzen gaituena.

Esan bezala, egoera politikoak eta batez ere abertzaleen arteko kolaborazioak indarrean dugun marko juridiko-politikoa gainditzeko zabal dezakeen bideak, itxaropen izpi bat ekarri du estatuetatik erasoak pairatzeaz gogaituta gauden euskaldunengana. Euskal Herria herri bezala eraikitzeko hartu den bide horretan, zeresan haundia beharko genuke izan. Eta zergatik? Euskara eta politika aldentzeko zabaltzen ari den jarrera purista hori nagusitzen denean horrelako planteamendu batekin gatoz? Euskararen zapalkuntzaren prozesu luzeak arrazoi politikoetan izan du bere oinarria, eta neurri politikoetan sustengatu da. Euskaldunon eskubidez ekiten diogu berreuskalduntze prozesuari, eta ez uzten digutelako edo konbentzitu ditugulako. Euskal Herriak herri bezala, eta euskaldunok norbanako bezala euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako. Euskaldunoi erreparazio historiko bat zor zaigu, eta hori neurri eta erabaki politikoen bidez artikulatu beharrra dago. Herritarrok behin eta berriz aldarrikatu dugu hori, eta euskararen aldeko lanaren sustengu soziala masiboki ikusi izan dugu maiz.

Prozesu hori behar bezala garatu ahal izateko egun irauten duten egiturazko oztopoak ugariak eta larriak dira, denetan dramatikoena Euskal Herriak jasaten duen lurralde zatiketa delarik. Hiru administrazioen pean, eta euskararentzat bost egoera legal ezberdinekin. Ez gara nekatuko honek suposatzen duen odolhustutzea salatzeaz. Euskaldunok, gure herrian, bigarren mailako herritar gisa bizi gara, eta jada normaltzat jotzen da gainera, piskanaka eta inertzia hutsez aldatuko den egoera bailitzan. Euskarak marko berri bat behar du, eta ez Nafarroak eta Iparraldek behar dutelako, Euskal Herria osoak behar duelako. Alderdi politikoen esku uztea honen inguruko kezkaren soluziobidea beldurrez betetzen nauen aukera bezala ikusten dut. Urtetako esperientziak erakusten digu euskararen garrantzia herri mugimendutik aldarrikatu dela, eta herritik sortutako ekimenak izan dira euskalduntze prozesuan eman diren urratsen artean garrantzitsuenak. Marko politko berri bateruntz bagoaz, eta euskaltzaleoi inori baino gehiago ajola digu horrek, euskaltzeon ahotsak eta presioak mahai gainean egon behar dute.

Eztabaida politikoa nahaspilatsua eta gatazkatsua izango dela ezin dezakegu izkutatu. Alderdi abertzaleen aldetik jarrera baikor hori somatzen dugun bezala (euskararen eremuan ekintzek lagundu ez badute ere), erasotzaileek erne daudela ere argi dago. Eraso mediatiko izan zena duela urte bi, eraso politiko instituzionala bilakatuko da hemendik aurrera. Erasoaldiaren alde beltzena ikusteko dugu oraindik, eta harrigarria bada ere, euskalgintzan justu kontrako mezua zabltzen ari da.

Euskalgintza politikoki lerratzea, euskararen defentsa egitearekin nahastu nahi izan da maltzurki, eta horren ondorio dugu, deus ez dela gertatzen euskarak beste eraso politiko bat jasaten duenean, nahiz eta pribatuan denak aztoratuta izan. Euskarak behar dituen minimoen aldarrikapenari eutsi behr diogu, eta horrek markoaren aldaketa, orain dauden hizkuntza politika desegoki edota kaltegari horien guztien desaktibazioa eta hizkuntza politika nazional eraginkor bat garatzeko aukerak ematen dituen marko berri baten sorrera eskatzen du derrigorrez. Erronka horren aurrean euskaltzaleok batera ekin behar dugu, norberak bere aldetik baina helburu eta norabide berdinarekin.

Borroka hau zerbait urruna bezala ulertu eta horrela saihesteko tentaldi zentzugabea egon daiteke. Ez gaitezen berriz ere horretan erori. Euskaldunok bizi dugun bigarren mailako status horrek denongan du eragina, eta erantzunkizuna zabala da, beraz, gurea izango den herria eraikitzkeo garaiean.Euskararen aldeko ezein egotasmok topo egingo du ofizialtasun oso ezarekin, administraziotik eta alderdi politikoetatik ezartzen diren gaindiezinezko harresiekin. Esfortzu horiek erraldoiak badira, eta ilusio pizgarriak, egoera hori gogoan izan behar dute, eta konfrontazio horretan era batetako edo besteko jarrera eta diskurtsoa erabili beharko duela.

Erronka haundiak ditugu begibistan. Euskalgintzak plan estrategiko baten diseinuari ekin dio eta honek euskalduntze prozesuan urrats haundia behar du izan. Era berean, euskararen normalkuntzarako zutabe nagusi diren zenbait arlotan herri mugimendutik indarrak batu beharko ditu, batik bat, EKB-k utzi dugun hutsuneetako bat euskal eskolan matrikulatzeko kanpainak inoiz baino sendoago eta eraginkorrago izan daitezen, eta batez ere, behingoz, Euskal Herri osora irits daitezen. Administrazio guztietan (justizia, osasungintza, udal, ...) euskaldunen eskubideak aldarrikatzeko saio berriak egongo dira, eta komunikabideetan euskaldunon eskubideak onartzen eta errespetatzen has daitezen lehennego urratsak eman behar ditugu euskaltzaleok. Eta azken pasarte honetan aipatu ditudan gai eta erronka hauek bete betean egiten dute bat aitzinean aipatutakoarekin: borroka txikiak (edo ez hain txikiak) ditugu irabazteko, baina euskararentzat marko berri baten prespektiban kokatzen baditugu eta marko horren lorpenean urratsak ematen ditugun heinean soilik bihur ditzakegu itzuliezin pausu horiek.

Indarrak batzeko garaia da, euskaltzaleok konplejurik gabe dagokiguna aldarrikatzeko. Arazoen konponketa beste batzuengan delegatu gabe, eta jakinik euskaltzaleon presiorik gabe gure hizkuntzaren etorkizuna ez dela ziur izanen.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Egilea(k): 
Jagoba Zulueta
Urtea: 
1999