Etorkizunari begira

Normalizaziotzat nonnahi, noiznahi, nolanahi eta nornahirekin euskaraz komunikatu ahal izatea bada, hau da, euskaraz bizitzea, normalizaziotik oso urrun gaude.

Irakaskuntzan bakarrik oinarrituz normalizazioa, aurreko belaunaldiak erdaldunak izanik bereziki, haustura gertatzen da gizartean, gazte eta helduen artean. Ba al dauka gizarteak aurrera egiterik haustura horrekin?

oraina erdalduna baldin bada, erdaraz funtzionatzen baldin badugu, nola geroa euskaraz?

Batzuetan herritarrok bakarrik ari beharko dugu, beste batzuetan Administrazioarekin batera edo honek bere aldetik egin lezake. Argi baitaukagu zenbait administraziok, Nafarroakoa kasu, ez duela euskararen normalizaziorako pausorik emanen.

Hizkuntza komunikatzeko dugun tresna nagusia izanik, zalantzarik ez, hizkuntza guziak balio dutela edozein arlotan komunikatzeko. Halere, hizkuntza gutxitu asko, askotan, bizimodu berrira, arlo formaletara, arrotz izan zaizkion arloetara egokitu beharrean dago. Euskara, zorionez, ez dut uste oso gaizki dagoenik egokitze honetan, pauso haundiak eta bide onetik eman baitira. Segitu beharko da, baina euskararen arazoak ez datoz alde honetatik.

Hizkuntza bera, esan bezala, normalizatuxea dugu. Arazo nagusia beste nonbaitetlk dator. Normalizaziotzat nonnahi, noiznahi, nolanahi eta nornahirekin euskaraz komunikatu ahal izatea bada, hau da, euskaraz bizitzea, normalizaziotik oso urrun gaude. Eta ez hori bakarrik, une honetan euskarak etorkizuna bera ere ez du segurtatua daramagun bidetik.

Honek ez du inola ere esan nahi ordea, deus egin ez dugunik edo egin duguna gaizki egin dugunik, eginkizun duguna ikaragarria dela baizik, eta bidean ditugun oztopoak dira ez ttikiagoak. Orain dela zenbait urte euskararen egokitzean eta irakaskuntzan eman ziren lehen urratsak, eta ia bakarrak gainera. Euskaltzaindia, ikastolak, helduen alfabetatze-euskaldutze mugimendua, UEU, aldizkari zenbait eta musika-liburugintza. Ez genuen askoz gehiago euskalgintzan, beraz arlo gehientsuenak hortxe ziren ia ukitu ere egin gabe. Geroago etorriko ziren EHE, euskal txokoak, euskara teknikariak, UEMA, irratiak, egunkari-aldizkariak, EKB, Egunkaria, Unibertsitatea...

Apustua, batez ere, haurren euskarazko eskolatzean egin zen horrela gizartea euskaldunduko genuelakoan. Baina oraindik ez dugu lortu ikas-prozesu osoa, haurtzaindegitik unibertsitaterainokoa euskaraz izan dadin. Hori batetik, eta bestetik, derrigorrezko hezkuntza hori euskaraz egiteko aukerarik ez dute Euskal Herriko hainbat tokitan. Eta aukera dutenetan askotan ikaslea euskaratzen ez duen lerroan aritzen da. Honengatik guztiagatik, haur eta gazte asko dugu euskaraz batere ez dakiena.

Euskarazko irakaskuntzan ari diren ikasleek hori beren lantzat hartzen dute eta beraz, euskararenganako motibazio edo jarrera ez da oso positiboa izaten zenbaitetan, beren aisialdia ere euskaraz balitz gertatuko ez litzatekeena aurki ere.

Irakaskuntzan bakarrik oinarrituz normalizazioa, aurreko belaunaldiak erdaldunak izanik bereziki, haustura gertatzen da gizartean, gazte eta helduen artean. Ba al dauka gizarteak aurrera egiterik haustura horrekin? Beraz, aurrera begira egin beharrak: ikas-prozesu osoa Euskal Herri guztian euskaraz egiteko aukera erdiesteko bideari ekitea, eta haur eta gazteendako gustuko arloak ( aisialdia, kirola...) euskalduntzea.

Esan bezala, gizartean belaunaldien arteko haustura linguistikoak ez du laguntzen normalizazioan eta gehiago kontuan hartzen baldin badugu botereguneak erdaldun heldu horien esku daudela. Hortaz, oraina erdalduna baldin bada, erdaraz funtzionatzen baldin badugu, nola geroa euskaraz? Nola liteke oraingo belaunaldiek parte hartu gabe hurrengoen bizkar euskalduntzea? Helduek ere euskara ikasi beharra dute. Inork gutxik eman badio ere garrantzirik helduen euskalduntze alfabetatzeari, lehen aipatu puntuengatik (belaunaldien artean etena, boterea helduen eskuetan egotea, helduak eredu izatea haur eta gazteentzat...) arlo hau bereziki landu eta lagundu beharko lukete, bai administrazioak bai gizarte eragileek.

Bestalde, badakigu helduek duten oztoporik handiena euskaltegira hurbiltzeko horretarako betarik eza izaten dela. Arazo honi nork eta nola aurre egin? Demografiara begiratuz gainera, helduok gara gehiengoa, haur eta gazte gutxi baitugu herri honetan, nola utzi bada, populazioaren parterik haundiena euskaldun pasibo bederen bilakatu gabe? Azken batean heldu hauek oztopo lirateke euskaldun datozen gazte horiek euskaraz bizi daitezen.

Demografiarekin segituz, Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoa hiriguneetan bizi da, eta hor euskaldunek ez dute elkar ezagutzen, eta elkar ez ezagutze honek euskararen erabilpena ahultzen du eta erdararena bultzatu. Horregatik beharrezkoa izanen da aurrerantzean euskal guneak osatzea eta indartzea. Eta horrela gainera, ematen den beste hausturetako bat deuseztuko genuke, jatorrizko hizkuntza euskara dutenen eta euskara ikasi egin dutenen artekoa hain zuzen ere. Uste baitut ez dela aski aprobetxatzen jatorriz euskaldunak direnek eman dezaketen guzia, hizkuntzari dagokionez, ez eta ere euskara ikasten hamaika ahalegin egin dutenek euskaldun zaharroi motibazioa indartzen eta hizkuntza prestigiatzen ematen ahal digutena. Eta bide batez, bai batzuk eta bai besteak besteen euskara maila dela-eta geure hizkera gutxiesteko joera gaindituko genuke.

Orokorrean, aurrera begira, gaur egun irekiak ditugun arlo guztietan ari beharko genuke (irakaskuntza, lan mundua, hedabideak, administrazioa, aisialdia...). Batzuetan herritarrok bakarrik ari beharko dugu, beste batzuetan Administrazioarekin batera edo honek bere aldetik egin lezake. Argi baitaukagu zenbait administraziok, Nafarroakoa kasu, ez duela euskararen normalizaziorako pausorik emanen. Epe motzera behintzat, alferrikakoa izanen da Administrazio honek jarrera alda dezan borrokan aritzea. Parlamentuari berari entzungor egiten dion Gobernuak nola eginen digu guri kasu? Horregatik gure indarrak galtzea litzateke, horma baten kontra hau hautsi nahian burukadak ematea bezalatsukoa, burua hautsiko genuke eta hormak tinko iraunen luke. Hobe hortaz, guk geuk egitea, normalizazioaren bidean gure indarrez egin dezakeguna egin, esparru berriak ireki, eta eginaren aurrean Gobernuak onartu beharra besterik ez luke orain arte gertatu izan den bezala. Iparraldean ere antzera ez ote dabiltzan beldur naiz.

Gainera, beste maila bateko administrazio batzuekin ari gintezke, udalekin, UEMArekin, mankomunitateekin edo baita bestelako zenbait erakunderekin ere. Etorkizunari begira, hor dugu inportantea izan litekeen tresna, Kontseilua hain zuzen ere, eta hau prestatzen ari den plan estrategikoa, arloka eta herrialdeka osatu eta gauzatuko dena. Beldur naiz, hala ere, batzuetan, orain arte normalizazioan motorra izan garen eta nire ustez izan beharko dugun euskalgintzako taldeok ez ote dugun paper hori galduko eta beste inork ez hartu. Egia da, inoiz ez garela euskalgintzako hainbeste talde elkartu, baina denok sinisten ote dugu aski proiektua aurrera eraman dezakegula? Nire ustez eztabaida gehiago beharko genuke eta gure arteko konpaktazioa landu. Egiteko duguna ez da makala, egin dezagun guztiok aurrera gogoz eta gogor.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Sagrario Aleman
Urtea: 
1999