Galderen gurpilean

Hizkuntza batek bestea jango du uzten bazaio; eta jaten ez duenean, diglosiaren infernura bidaliko du. Bat soberan dago beraz, nahiz eta soberan egoteko moduak eta moduak egon.

Elkarbizitzaren kontu honetan, oinarrizko simetriarik ez baldin badago, orain arteko euskaldungoaren historia bera daukazu begien aurrean: batzuk nagusi eta besteak morroi.

Diglosia-bideak, beraz, ez luke baldintza soziolinguistiko simetrikorik eskainiko euskalduna euskaldun ez-diglosiko gisan garatzeko. Ez euskaldun elebakar moduan ez euskaldun elebidun moduan

Egoera hau, elebitasun sozialari begira, euskaldungoarentzat diglosikoa baldin bada, euskaldunaren hizkuntza-izaera diglosikoa izango da ezinbestez.

euskalduna euskaldun gisa diglosikoa izango ez bada, euskarak orain arteko mendeko estatus diglosikoari gain hartu beharko diola egitura soziolinguistikoaren eremuan, hizkuntza nagusi-hegemonikoa bilakatzeko. Gainerako irtenbide oro, nahitaez, mendeko izatearen diglosiak jota egongo da.

Euskal Herria herritar euskaldun eleanitzez osaturik egongo delako, hain zuzen, sozialki

(elebitasun sozialari dagokionez) euskalduna izango da, UEMAn elkartzen diren udalerriak euskaldunak diren bezalaxe, nahiz eta bertako herritarrak eleanitzak edo elebidunak izan.

oinarrizko irakaskuntzan euskal ereduen bidez mamitzen den euskalduntzeak ez du euskal hiztun gaztetxoen komunikazio kognitiboa baizik garatzen euskaraz, gainerako sozializazio nagusi guztia erdararen eskutik burutzen duenez.

kohesioaren ikuspegia, euskaldungoaren gizarte-taldea azpi-sistematzat harturik, bere baitan bakartzeko estrategiatzat jota, ez zait oso egokia iruditzen.

Ene iritzia kalitatearen zera honetan, honelatsu adieraz dezaket: ezin liteke, gure arteko hizkuntzalari eta filologoen ametsak gorabehera, garai bateko euskara-eredu jatorrera itzuli, hura ondo-ondo ikasi, eta ondoren egungo euskara-korpusean txertatu.

asmo on honek ez dauka oinarririk: hizkuntzaren berritze-eredua ez delako hiztun-eredu batzuen esku dagoen dohaina, hizkuntzaren izaera soziolinguistikoaren esku bakarrik dagoen ahalmena baizik.

Buruan ditudan galdera horietako batzuk botako ditut; nik ez dut erantzun ziurrik, eta zuetako inork ere ez beharbada, baina denon artean komeniko da gogoeta egitea. Xabier Mendiguren Elizegiren hitzak dira “Jakin aldizkarian (1998, 109. zenbakia) Euskalgintzaren inguruan dauden kezken harian egindako galderak dira. Eta honela amaitzen du bere proposamena: Kontseilua sortu da 98 honetan, euskararen gizarte erakundeen bilgunea, eta topaleku hori leku interesgarria izan daiteke halako kezkak plazaratzeko.

Oraingoz, kezka hauek plazaratzeko lekurik egokiena aldizkari hauxe bera izan liteke. Nik ere ez daukat erabateko erantzunik ondoren datozen galderentzat; ezta hurrik eman ere. Baina aspaldi honetan denbora dexente sartu dudanez gogoeta-mota honetan, bihoaz hemen erantzun batzuk beren motzean eta murritzean.

a) Adibidez, zer leku opa diogu euskarari etorkizunean, edo, bestela esanda, zer leku opa diogu erdarari, gure bi erderei, Euskal Herriaren osotasuna hartuta eta fantasiak alde batera utzita?

Galdera honek hizkuntzen gizarte-estatus eta erabilera-eremuetara garamatza zuzen-zuzenean. Galderaren jakin-minak hizkuntzei opa diezaiekegun delako leku hori baitu xede. Eta, egia da, hizkuntza bati opa diezaiokegun lekuaren arabera eratuko da bestearena ere. Ezin baitira biak aldi eta alde berean funtzio komunikatibo berbera burutzeko erabili. Ez elebitasun sozialaren mailan, ez gizabanakoaren elebitasun kontuetan. Horregatik, galdera honek elebitasun sozialaren auzira garamatzala esan dugu arestian. Eta hona oinarrizko iritzi batzuk maila honekikoan. Lehen-lehenik, mundu osoak dakien eta sarriegi estaltazen den datu enpiriko-historiko bat: elebitasun sozialaren kontu honetan ez dagoela alegia denok amestu bide dugun elebitasun sozial orekatu egokirik. Hizkuntza batek bestea jango du uzten bazaio; eta jaten ez duenean, diglosiaren infernura bidaliko du. Bat soberan dago beraz, nahiz eta soberan egoteko moduak eta moduak egon. Bigarrenik, besteak beste, zera zehaztu beharko genuke: hizkuntzak ezinbestez gainjartzen baldin badira euren egitekoan, bietako bati opa beharko diogula lekurik desiragarriena. Eta gure artean etxekalterik egon behar ez lukeenez, eta erdara horiek bestela ere, gurean muturra sartu gabe, Estatu-etxeak euren esku dituztelako, jatorrizko hizkuntzari opa beharko genioke lekurik nagusiena. Oraingoz, beraz, opa diezaiogun euskarari hizkuntza hegemonikoari dagokion estatus sozial erreala, eta ez soil-soilik estatus ofizial formala (honek ezer gutxi balio baitu gurean). Fantasiara lerratu ote naiz oharkabean? Bai, agian horixe gertatu zait. Hegoaldean euskara gizarteko komunikazio-jardunetan txertatzea, ez halamoduzko elebidun gehiago sortzea, oraingoz nekez antzematen den gertaera baldin bada, Iparraldeko egoera, Allende Sokarrosen hitzetan esanda, are makurragoa da: Peko errekarat goaz guztiak (Jakin-109).

b) Elebitasuna beti ote da diglosiarako bidea eta, hortaz, desagerpenerako atari, ala posible da hizkuntza biren elkarbizitza?Kasu honetan, nola banatu bien eremuak: zonaka, arloka, uneka, beti nahasian...?

Elkarbizitzaren kontu honetan, oinarrizko simetriarik ez baldin badago, orain arteko euskaldungoaren historia bera daukazu begien aurrean: batzuk nagusi eta besteak morroi. Morroiak ezin du bere hizkuntza-identitaterik behar bezala garatu, bere sozializazioaren esparrurik eraginkorrenak erdaraz hezur-mamitu dituelako. Baina, jakina, erdal nagusiak halere elkarbizitzaren apologia egingo dio: bizi gaitezen bakean, gatazka-bide horiek ez daramate inora eta. Honako hau ere egia da, bestale: diglosia-motak egon daitezkeela alegia. Alabaina, diglosia-erarik orekatuenak ere euskaldungoa erdaldungoaren mendeko bihurtzen du halabeharrez. Ezingo luke bere komunikazio-jardunaren prozesuan euskaldun izateko sozializazio-gune askirik garatu. Eta hori bi zentzutan: maila kuantitatiboan (hizkuntza-erabilera estrategikoak erdararen eskuko) eta maila kualitatiboan (sozializazio-gune estrategikoak orobat euskalduntzearen kalterako). Diglosia-bideak, beraz, ez luke baldintza soziolinguistiko simetrikorik eskainiko euskalduna euskaldun ez-diglosiko gisan garatzeko. Ez euskaldun elebakar moduan ez euskaldun elebidun moduan: ez bata ez bestea izateko aukerarik ez bailuke izango erdal elebitasun sozial diglosikoan biziko litzatekeen hiztun euskaldunak. Erdaldunak, aldiz, bai, nahiz eta euskara hizkuntza nagusia bihurtu: hain zuen ere, jadanik eraikiak baitauzka hizkuntza gizarteratuaren eskakizunak oro.

Zer egin orduan? Deus baino lehen gertatzen zaigunaren berri izan. Eta arazoaren planteamendu sinple eta errazak alde batera utzi. Oker ez banago, arazoa ez baita batere gainazalekoa. Zertan egon liteke gakoa? Hona ene hausnarketa: (euskal) hiztunaren subjektibizazio linguistikoa taxutzen eta moldatzen duen egoera soziolinguistikoan dago gakoa, inondik ere. Egoera hau, elebitasun sozialari begira, euskaldungoarentzat diglosikoa baldin bada, euskaldunaren hizkuntza-izaera diglosikoa izango da ezinbestez. Halaxe izan da gurean, gauza jakina denez, ahozko kultura kultura idatziaren eskutik ordezkatua izaten hasi zenetik. Eta euskaldunaren izaera diglosikoa areagotu egin du modernitatearen zurrunbiloak.

Auzo-Estatuen mendeko izanarazi gaituen izaera diglosiko hori behingoz gainditu nahi baldin badugu, aterabide bakar-bakarra daukagu. Alegia, izaera diglosiko horretara makurtarazi gaituen egoera soziolinguistiko diglosikoa desegin behar dugu, mendekotasunik gabe euskaldun izateko. Hau, esan bezala, elebitasun sozialari dagokion auzia dugu: beraz, elebitasunaren maila honetan erabakiko da euskararen eta euskaldungoaren etorkizuna, ez hiztunen elebitasun edo eleaniztasun kontuetan. Honenbestez, zera galdetuko nuke, etorkizunaren gakoa dela eta: (euskal) hiztunaren subjektibizazioa taxutzen eta moldatzen duen egoera soziolinguistiko horretan bi hizkuntza baldin badaude, zein hizkuntzaren arabera moldatzen da hizkuntza-identitate nagusia hiztunaren baitan? Beste modu batean esateko: euskalduna euskaldun legez diglosikoa izango ez bada, orain arte bezala, nolakoa izan beharko luke hemengo egoera soziolinguistikoak? Erantzun honen esku dago euskararen eta euskaldungoaren etorkizuna. Eta euskal etxearen alde baldin bagaude, zalantzarik gabeko erantzun bakarrak zera eskatzen du: euskalduna euskaldun gisa diglosikoa izango ez bada, euskarak orain arteko mendeko estatus diglosikoari gain hartu beharko diola egitura soziolinguistikoaren eremuan, hizkuntza nagusi-hegemonikoa bilakatzeko. Gainerako irtenbide oro, nahitaez, mendeko izatearen diglosiak jota egongo da.

c) Eleaniztasuna, amets polita izatez gainera, gauzatu ote dezakegu gure lurrean?

Galdera honi erantzuteko orduan oraindik orain Joseba Alvarez-ek idatzi dituen hitzok datozkit gogora. Diglosiaren iturri den elebitasun soziala txarretsi ondoren, honela darraio eleaniztasunaren kontu honi: “Euskal Herria herritar euskaldun eleanitzez osaturik egongo delako, hain zuzen, sozialki (elebitasun sozialari dagokionez) euskalduna izango da, UEMAn elkartzen diren udalerriak euskaldunak diren bezalaxe, nahiz eta bertako herritarrak eleanitzak edo elebidunak izan. Elebitasunak edo eleaniztasunak, dirudienez, ez du gaindiezineko trabarik erakusten, hizkuntza-politika hau elebitasun indibidualaren eremuan planteatzen denean. Besterik da, noski, gurean indarrean dagoen hizkuntza-politikaren filosofia kontuan hartzen badugu: aldi eta alde berean, eta elebitasunaren bi dimentsioetan, elebitasunaren oinarriak proposatzen zaizkigu hizkuntza-politikaren gidaritzat. Jokabide honek helburu jakin bat du: demagogia egitea, batetik, eta erdal tesi eta jarrera inperialisten aurrean men egitea, bestetik. Ez dauka beste esplikaziorik. Ez baita egungo egoerari dagokion hizkuntza-politika bezala behin-behinekotzat aurkezten; aitzitik, printzipio mailako elebitasun sozialaren eredutzat zuritzen da inolako oinarri enpirikorik eta teorikorik ez daukan politika-eredua. Formalismoaren morroi zuzena izateak dakarren makurra: mami-edukirik gabeko euskalgintza formala dela esanez, sentiera-nortasunik gabekoa alegia, ez genuke gaizki definituko euskararen aldeko egungo politika ofizila.

d) Zer da premiazkoena: euskaldunen kopurua eta portzentaia handitzea, gure arteko kohesioa indartzea, hizkuntzaren kalitatea gehiago zaintzea...?

Goazen lehenbizikoa hartuta: hizkuntza-politika kuantitatiboak beti eta non-nahi hizkuntzaren egoera orokorra normaliza ote dezake? Erantzuna begien bistan dago itsua ez denarentzat: ez. Euskararen egoera soziokulturalean, gainera, egoera hori azkengabeki lardaskatzen da. Abian daukagun euskara-politikak, euskara, bigarren hizkuntza gisa, sozializazio eremu-estrategikoetan mintzaira artifizialtzat (komunikazio-ahalmenik gabea) garatzen du haur-gaztetxo berrien artean. Are gehiago: oinarrizko irakaskuntzan euskal ereduen bidez mamitzen den euskalduntzeak ez du euskal hiztun gaztetxoen komunikazio kognitiboa baizik garatzen euskaraz, gainerako sozializazio nagusi guztia erdararen eskutik burutzen duenez. Eta euskalduntze honek, jakina, ez du inoiz euskalduna gizarteratzeko balio izango. Horretarako ezinbesteko baldintza da euskal haurra eta gaztetxoaren sozializazioan alderdirik funtsezkoenak euskaratik hezur-mamitzea: hots, beraien subjektibizazio-prozesuaren eraikuntzan eragileenak diren komunikazio-jardunak euskaratik jorratzea. Baina, jakina, betiko “baina datorkigu hemen ere: hiztunaren sozializazioan beronen nortasun linguistiko nagusia sistema soziolinguistikoan hegemonikoa den hizkuntzaren eskutik taxutzen bada, nola arraio sor ditzake euskal irakaskuntzak euskal hiztun osatuak? Eta hau ez da hezkuntzaren munduan soilik gertatzen den ezintasuna; hau euskalgintzaren sail guzti-guztietan islatzen den gabezia da.

Kohesioaren auzia da bigarren puntua. Kohesioa euskaldungoaren barne-harremanak sendotzeko baliagarria den neurrian, dudarik gabe, onuragarria izango da. Aldiz, kohesioaren ikuspegia, euskaldungoaren gizarte-taldea azpi-sistematzat harturik, bere baitan bakartzeko estrategiatzat jota, ez zait oso egokia iruditzen. Nolanahi ere, kohesioaren inguruan gure artean nagusitu den ikuspegiak oinarri idealistak eta esentzialistak izan ditu: horrela, pentsatu izan dugu euskaldun osoen zorioneko gunea zela euskalduntze-estrategia egokienaren eredua, hizkuntza-normalizazioaren alderdi linguistikoa nabarmenduz, eta dimentsio soziala estaliz. Nolabait esateko, euskaldungoaren gune sinbolikoa halakoxe esentzia-metaforatzat hartu izan duzugu, eta gune horren proiekzioan marraztu izan dugu euskararen berreskurapen-prozesua. Gerora ohartu gara hizkuntza-normalizazioa batez ere fenomeno soziala dela, eta ez hiztunleriaren gune sinbolikoaren esentziari darion halako energia metafisikoren bat. Eta azkenik, hizkuntzaren kalitatearen kontua aipatzen digu Xabierrek. Auzi honi dagozkion zenbait gauzatan bat nator Ibon Sarasolarekin. Euskara, kanpoko diglosiak ez ezik, barrukoak ere bihotz-bihotzean jo du: “Bi chicano moduko, autonomiarik gabeko bi nahaste, bat frantsesaren gainean eratua eta bestea espainolaren gainean eraikitzen ari gara (Administrazioa Euskaraz-23,1999). Ene iritzia kalitatearen zera honetan, honelatsu adieraz dezaket: ezin liteke, gure arteko hizkuntzalari eta filologoen ametsak gorabehera, garai bateko euskara-eredu jatorrera itzuli, hura ondo-ondo ikasi, eta ondoren egungo euskara-korpusean txertatu. Ideia hau gero eta maizago ikusten dut hor barrena. Eta hizkuntzaren zer-nolakoaz ikuspegi idealista duenak bakarrik proposa dezake halakorik: hots, hizkuntzaren esentzia eta existentzia hizketaren bidezko prozesuan sortzen eta mamitzen dela ahaztuta, hizkuntza funtsean aldian aldiko komunikazio sozialaren pragmatikan bakarrik hezur-mamitzen dela kontuan hartu gabe, inoizko hizkuntza-baliabide jatorrak orain irakasle eta esatarien aho-lumetan txertatuz konpondu nahi da barne-diglosiaren azpi-jana. Esan bezala, asmo on honek ez dauka oinarririk: hizkuntzaren berritze-eredua ez delako hiztun-eredu batzuen esku dagoen dohaina, hizkuntzaren izaera soziolinguistikoaren esku bakarrik dagoen ahalmena baizik. Hizkuntza, berriro diot, testuinguruak damaion izari pragmatikoaren arragoan sortuz eta sortuz bizi den komunikazio-bidea da, ez hiztegietan gorderik dagoen altxor metafisikoa.

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joxe Manuel Odriozola
Urtea: 
1999