Euskara irakaskuntzan

Euskararen ofizialtasun juridiko-legala lortzea: Iparraldean eta Nafarroan gelditzen den aldean euskarak nahitaezkoa behar du bere garapenerako, eskola orotan, babes juridiko-legala, euskararen alde egun dagoen presio soziala zabaltzeko.

Eskolen euskalduntzea lehentasun finantzieroetan ezartzea: Botere publikoek arrunt kontrolatzen duten gunea izanik, eskolaren euskalduntzea areagotu daiteke, bai ikastetxe ofizialetan, bai erlijiosoetan, politika finantziero diskriminatzaile positiboak baliatuz.

Bai Euskarari-99 Akordioaren berotasunean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak diseinatzen hasiberria duen Plan Estrategikoak nondik nora. joko duen jakin gabe, eta –zehazkiago- horren barruan Hezkuntza arloari dagokion atalak zein urraspide marraztuko dituen ezagutu gabe, hona hemen ene iritzi pertsonalak euskarak irakaskuntzan etorkizunean dituen erronkei buruz.

(1) Kokapena.

Lehenik eta behin, euskararen egoera eskoletan (Unibertsitatea kontuan izan gabe) arrunt heteregeneoa da: Iparraldea eta Hegoaldea konparatuz gero; EAE eta Nafarroa; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; eskola publikoa eta pribatua; eskola publiko batzuk eta besteak; eskola pribatu batzuk eta besteak; Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza …Homogeneitate bakarra ikastolek azaltzen dute euskal lurralde guztietan eta ikasmaila orotan.
Begi bistakoa dugu Euskararen Normalkuntza Plan baten gabezia, Euskal Herriko eskola guztiak hartuko dituena, euskal lurralde eta ikasmaila denak hartuko dituena. Euskaldunok geure hizkuntza nazionalaz heziko duen Eskola Sistema propio baten falta nabariegia dugu.
Aurreko urteei begiratuz gero, ordea, politikaren esparru orokorrean gertatu diren aldaketa positiboekin batera, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren bilakaera baikorra, modu eta intentsitate desberdinez gauzatua, behar dezakegu. Honek itxaropenari leihoa ireki ezezik, ze eragilek –aldeko eta aurkako- jardun duten berezitera garamatza, horien artean sendotu beharreko onurabideak eta gainditu beharreko aurkariak xehetuz.
Artikulu labur honek duen espazio mugatua baliatuz, ondoko aipamenok nagusiki egin nahi nuke:
a.- Ekimen herritar antolatuaren garrantzia: Ikastolak dira Euskal Herriko gizarte sektore kontzientenak eraiki duen tresnarik preziatuena, haien bitartez euskarazko hezkuntza homologatuz, euskal gizartearen beste sektore batzuk erakarriz, pedagogia eta eskola alternatiboak eratuz…
b.- Lege erdalzaleen aldaketa: Euskararen ofizialtasuna, hau da, aterpe juridiko-legala EAE osoan eta Nafarroako alde batean lortzeak lurralde horietako eskolen euskalduntzeko bidea jorratzen nabariki lagundu du.
c.- Gizarte eskariaren presioa: Eskola euskalduntzea aurreikusten zuten legeak izanda, eskola publikoetako irakasle eta guraso askok Botere politikoa presionatu dute, euskara ikastetxe horietara sartzeko.
d.- Eskola arteko lehia: Ikastolen hazkundea eta eskola publiko euskaldun batzuen arrakasta ikusita, eta jaiotza-tasa bajuek eragin duten eskola-ume matrikulazioen murrizketak Botere Publikoak eta Bote erlijiosoa larritu ditu, eragin eta kontrol sozialak galtzeko beldurrez, eta –ondorioz- EAEn, Nafarroako alde batean eta Iparraldeko hainbat gunetan ikastetxeen euskaratze prozesuari ekin diote.

Eragile aipatuok kontuan izanez, bistan da “euskarazko hezkuntza luzaro izango dugula eginkizun, urte askotan eraikia den hezkuntza erdalduna, hizkuntzaz eta balorez, aldatu nahi badugu, geurea eguneroko lanaren eta dinamikaren gainean eraiki beharko dugula, eta –ez bestela- Euskal Herriak irabazten dituen ahalmen politiko-juridikoekin batera, noski.

(2) Estrategiak.

Labur bada ere, ondoko ekintzabideok proposatzen ditut garai berrietarako:
2.1. Ekimen herritar antolatuak indartzea: Botere publiko eta eliztarretik autonomoak diren eskolak eta hauen arteko elkarteak (lehendik eratuak daudenak eta eratuko direnak) bereziki lagundu behar dira, ikastolen eredua erreferentzia gisa hartuz.
2.2. Euskararen ofizialtasun juridiko-legala lortzea: Iparraldean eta Nafarroan gelditzen den aldean euskarak nahitaezkoa behar du bere garapenerako, eskola orotan, babes juridiko-legala, euskararen alde egun dagoen presio soziala zabaltzeko.
2.3. Eskolen euskalduntzea lehentasun finantzieroetan ezartzea: Botere publikoek arrunt kontrolatzen duten gunea izanik, eskolaren euskalduntzea areagotu daiteke, bai ikastetxe ofizialetan, bai erlijiosoetan, politika finantziero diskriminatzaile positiboak baliatuz.
2.4. Batxillerra eta Lanbide Hezkuntzaren ikasmaterialak euskalduntzea: Haur eta Derrigorrezko Hezkuntzan nahikoa sendotzen ari den ikasmaterialgintzak segida behar du ondorengo zikloetan (16-19 urteko ikasleen mailetan).
2.5. Ikastetxeen bizitza euskalduntzea: Eskolak dituen potentzialitateak hobeto baliatu behar dira familien eremuan, ikastetxeak dituen harreman komertzialetan (hornitzaileak eta bezeroak), eskolarteko harremanetan, auzo eta udal mailetan… “euskaraz bizi ahal izateko.
2.6. Irakasle euskaldunen euskara maila sakontzea: Irakasle erdaldunen euskalduntzea ahazteke, euskararen normalkuntzak irakasleen euskara-prestakuntza esijitzen du, hizkuntzaren gaitasun linguistikoak eta honi atxikiriko alde kulturalak barneratuz.
2.7. Euskararen murgiltze ereduak orokortzea: A, B eta D ereduen bereizketatik, ikasleei egokitutako murgiltze ereduak, gaur egun pedagogikoki efizienteenak, martxan jartzera pasatu behar da, I+G prozesuak lagunduta.
Finean, XXI.mendearen hasierako euskal gizarteak “euskara eskolan lortu ahal izango du bere buruaren baitako sena indartuz, taldetan eratuz, sormena erabiliz eta aurreko guztiaren garapena ahalbidetuko duen botere politikoa lortuz.
BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Etxezarreta
Urtea: 
1999