Euskalgintza eta euskararen erronkak hurrengo menderako. Hiru bertso nahi den neurria eta doinuan

Gauza bat begi bixtan dugu azken urteetan Ipar-Ekialde huntan: euskara likidazio egoeran dugu. Likidazio egoera gorrian. Euskal sena, izanaren kontzientzia... berdin.

Politiko guziak, salbu bizpahiru kasko gogor, aho beteka ari zaizkigu euskararen salbatzaile labela bildu beharrez, edo gutienez ehorzlearena ez ukan beharrez

Eta gehienentzat (hau azken puñal ukaldia), iraganeko gizarte baserritar orekatu haren errepresentazio mental gibelkoiaz bestalde, zer erran nahi du gaur euskaldun izateak?

Ordu da erakaskuntza eskaintza elebidunak (B eta D ereduek) bazter lanetik gehiengoaren eskolatzera hel daitezen (gaur, %10erat heltzen direa ote?).

Leku publikoetan, eta publikoa den lekuetan, idatziz edo ahozko presentziaren areagotzeko hasi lan saila jarraiki beharko da

Gure burua gaurko eta biharko gizartean euskaldun asumituz lan egin behar dugu, kolonizatuak kolonizatzaileari buruz dituen miresmen eta ahalge pildak fea futro botaz eta euskal nortasuna iragan izoztuetatik ateraz.

Horra nonbait han egiten didaten bete ezinezko enkargua aldizkari honetarako.

Hala ere, nahiz gaiari buruzko ikuspegi argi eta orokorrik ez ukan, saiatuko naiz isopa ukaldi zenbaiten emaitera han hemenka, bizi naizen tokitik ikusten dudanetik emanik, araiz bazterrean diren beste batzuen osagarri izanen direlakoan eta haiei kontra itxura zerbait hartuko dutelakoan. Araiz (nahiz “araiz-en eiherak ez sekulan deus eho izan)!

Erronkak dugun diagnostikatik jalgitzen baitira, noala hortik hastera.

Gauza bat begi bixtan dugu azken urteetan Ipar-Ekialde huntan: euskara likidazio egoeran dugu. Likidazio egoera gorrian. Euskal sena, izanaren kontzientzia... berdin. Inkesta sozio-linguistikoek argi erakutsi digute 25 urtez goitikakoenen bilakaera gai horretan, guhaurrek imaginatzen dugu adin hortaz petik ja peko errenkan gaudela. Transmizio katea etena da. Erakaskuntza elebidunak (denak barne) minoria du hezten eta D ereduak hazteko lanak ditu.

Bizkitartean, ez da sekulan gaur bezainbat euskararen aldeko aipamen baikorrik egin. Atxikimenduak (axalekoa mintzatzen hasten direno) gorenean dirudi gizarte mailan. Eta politikoetan orduan... Politiko guziak, salbu bizpahiru kasko gogor, aho beteka ari zaizkigu euskararen salbatzaile labela bildu beharrez, edo gutienez ehorzlearena ez ukan beharrez (jakin behar den gauza beraiekin mintzatu behar deneko).

Uhain berri hau abiatu zenean, mesfidati pentsatu nuen, baldin bada, euskara hain gibel zelakoan, eta beren ustez salbatzeko xantza izpirik ez zelakoan zirela hain errex agertzen orai euskararen alde. Leher egiten duenean zer gosta da laguntzea... minik gabe leher egin dezan!

Gizartean, berriz, euskararen presentzia hain bakana izanik, norbaitek aldeko joera duela errateak zer salatzen digu, jakinik elebakar frantses batudunak direla gehienak eta ez dutela asmatzen ere urrats konkretuen ematearen beharrordurik badenik iritziarekin koherentzian izateko...

Eta gehienentzat (hau azken puñal ukaldia), iraganeko gizarte baserritar orekatu haren errepresentazio mental gibelkoiaz bestalde, zer erran nahi du gaur euskaldun izateak?

Horral margoaren zola egina! Erronkarik badea hor euskalgintzarentzat eta euskararentzat?

Bai segur! Orai artinokoak. Euskarak, inposatu zaigun frantsesak bezainbat balio du komunikaziorako, eta gure eta guhauren kulturaren bizitzeko ezinbesteko gakoa zaigu.

Ipar-ekialde honetan, hori da gure erronka nagusia: hizkuntzan zentratzea.

Folklorekeria itxurak betidanik kondenatu ditugu. Haatik, 90 hamarkadako gesaltze horren ondotik beste mota bateko konpromisoetan sartuak gaude. Ondarea, harri zaharrak... gure erroetarako bidaientzat jende frango interesatua da (dirua badago hor). Probintzianismo kutsuz muntatu festibal edo ikusgarriak (Erran nahi baita frantses kultur politikei begira kontzebituak), edo idekidura, mestizaia ez bada unibertsaltasunaren izenean, euskara soinu edo apaindura izaiterat kondenatuz (ulermena ez dezan traba), xerbitxatzen zaizkigun kultur ekintzak (hor ere dirua badago), akitu gabe frantses eta uhain azkarrenaren itzalean egoteko estakuru ez ote dira?

Eta horrela, ondarea, kultura lagunduz, euskara hiltzen segitzen da. Ondarea, segur, kultura maiz, euskalgintzari buruzko lobelar gisa baliatzen dira politika egiten den toki horietatik. (Nonbait euskaldun izateko molde berri bat ere homologatzen da, eta hortik kanpo ayatollah edo gisa horretan kondena dezakezu zure buru-hertsikeria, beste keria litania bat gehituz).

Baina gauza bat da besteek nola ikusten gaituzten, edo nola izorratu nahi gaituzten (nahiz haientzat hori ez den izorratzea, bainan normal izatea), eta beste bat guk (euskalgintzakoek) horrekin zer egiten dugun, nola jokatzen dugun errota itzularazteko gure ideiaren alde: euskara, bizi-hizkuntza bezala txertatzea gure ipar-ekialdeko gizarte puta honetan.

Azken aldi honetako axaleko atxikimendua hizkuntzaren aldeko urrats konkretu bilakatzea, bai gizartearen joeretan, bai instituzio eta politikoei harrarazi beharko ditugun deliberoetan, horra hor aitzinean dugun erronka. Hots, ofizialtasuna... eta legez ez bada, de facto. Euskara ez da balio pribatuko hizkuntza gelditu behar. Bizitzekotz, gizartean behar du balio izan.

(Hortara ez bagina datorren hamarkadan heltzen, oraino gaur baino apalagotik abiatu beharko dugu: arrotz herritik, gainetik beheraino euskal gauzari arrotz zaion herri batetik; axaleko atxikimendua, barnagotik hazia ez bada, laster sino ergeletan galduko baita).

Zerrenda labur eta eskas bat egiterakoan, hona gogora heldu zaizkidan gauzak:

-Belaunaldi berriak:

Ez dakit nondik lotu behar den honi, bainan lotu behar zaio. Ordu da erakaskuntza eskaintza elebidunak (B eta D ereduek) bazter lanetik gehiengoaren eskolatzera hel daitezen (gaur, %10erat heltzen direa ote?).

-Presentzia:

Leku publikoetan, eta publikoa den lekuetan, idatziz edo ahozko presentziaren areagotzeko hasi lan saila jarraiki beharko da. EHEren kanpainak (freskotasun ekarle), irratien lana (entzumena lantzeko), gau eskolak (mintza-praktika bultzatzaile) eta euskalgintzako elkarte guziak, eguneroko presentzia horren suspertzaile eta finkatzaile beharrezkoak dira. Dakitenek baliatu behar dute eta hizkuntza heltzen ez den eremuetan sartu behar da.

-Kultur eskaintza:

Euskaraz pentsatu eta bizitu kultur eskaintza bultzatu behar dugu. Hortaz, kultur tradizio handia dugu, belaunaldiz belaunaldi egile berriak beren kultur kreazioaren ekile propio izanez. Arazo handiena, ez dela gehiago euskaraz funtzionatzen duen publikorik edo gizarterik. Beraz, gurea kontsumismoaren bidetik ez doa, aktore/aktibo bilakatzea eskatzen du, ikusleari ere. Gure burua gaurko eta biharko gizartean euskaldun asumituz lan egin behar dugu, kolonizatuak kolonizatzaileari buruz dituen miresmen eta ahalge pildak fea futro botaz eta euskal nortasuna iragan izoztuetatik ateraz.

Baliteke bestalde errateko ere. Mugaz bestealdearekiko harremana, nola ez. Ez gaitezen geldi egiten ari den euskararen unibertsotik kanpo. Guk ere hartzeko bezainbat ekartzeko izaten baitugu agian hor, eta hizkuntza-komisarioez aparte gure ber arrangurak dituzten jendeak aurkitzen baititugu mendiz bestaldeko eremu horietan barna.

Legea ere ez dut aipatu. Frantziako legea. Antolakuntza eskema ere ez, bere hizkuntza-atala ezin erdituz ari dena. Gaiaren beharrorduak ikus eta, hizkuntza-atala ataletan azkena bilakatuko da ekintza konkretuak neurtzerakoan.

Dena den, guretzat bost axola zer moldez etorriko zaizkigun beharrezkotzat ditugun neurriak. Ez gara politikoei lotua (eta “errepublikaz futitzen gira). Badakigu, lortzen duguna indar harremanez lortzen dugula... lortzen dugunean. Oldartu-mintzatu-oldartu bezalako harreman zikloetan gabiltza instituzio eta politikoekin. Guri da jakitea dantzaren gidatzen...

Azkenik, euskalgintzaren munduari sohako bat nola ez egin. Gizarteko gaitz guziak gure baitan dauzkagu. Normal. Gure arrisku handiena, gure buruari gezurka aritzean datza. Ondarea, kultura, hizkuntza... lehentasunen eta lobelarren argitzean interes handia genuke.

Badakigu ere, nolako mundu ttipia garen. Denek elgar ezagutzen, eta nonbait abantail bat izan daitekelarik, elgar errex begitan hartzen, guti eta ahul izanik ere, helburu logiketan baino gure gisako instituzional logiketan sartuak baikara. (Batzutan klanismo kutsuko heinetaraino heltzeko, etsai eskasik ez bagenu bezala...).

Horretan ere, gure erronka, arazoak ahoan bilorik gabe mahai gainerat ezartzean izanen da, interesatuekin eztabaidatzea eta gaia usteltzera utzi gabe, araberako deliberoen hartzea aitzina segitzeko.

Erraitea da errexenik beti ere, bainan agian, erronka hauen haundi eta zabalak ematen digun erantzunkizunak gerorako desafioen hartzen lagunduko gaitu... elkarlanean beti ere, horrela ere ez baikara gauza handirik...

BAT aldizkaria: 
31. 1999ko uztaila. Euskararen aldeko gizarte-mugimendua eta EKB
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Mattin Irigoien
Urtea: 
1999